Galiziako Itzultzaile Elkartea
Artikulua PDFn
Itzulpena: Josu Zabaleta
Galizian diharduten eta aritu diren argitaletxeek burutu duten itzulpen politika, orain dela urte gutxitara artekoan behintzat, koiunturazkoa eta testimoniala besterik ez da izan: Plutarco, Shakespeare, Heidegger, Sain-Exuperyren obraren bat edo beste argitaratzen da, galegozko itzulpenean, frogatu nahiz bezala hizkuntza galegoa gai dela egoera eta garai oso desberdinetako autoreen pentsakera adierazi eta artea bideratzeko, bertako hizkuntza etsaien eta besteratuen aurrean goratzeko; galegorako itzulpen bat edo beste argitaratuko da, itzultzaileen beraien borondatismo hutsez, edo itzultzaile horiei era horretako omena eman nahi zaielako. Eta apenas besterik. Erakunde eta instituzioak, nahiz publikoak nahiz pribatuak, kultura galegoaren ezein adierazpenen kontra eraso egiten ez badute, agirian nahiz ezkutuan, albo eta bazter egiten diete guzti guztiei modurik nabarienean. Eta guzti horren ondorioz galegorako itzulpenak —orain dela urte gutxira arte, ez bedi ahaztu— oso gutxi dira, aldian behingoak, batek edo bestek gogoa zuelako burutuak...
Larogeigarren hamarkadarekin ordea, gauzak aldatu egiten dira. Aldatzen hasi, alegia. Hizkuntza galegoaren erabilerak batez ere eskolan izan duen aurreramenduak galegozko liburuen eskabidea askoz ugalduko dela ematen du aditzera. Eta bertako sorkuntza aski laburra denez —kultura soilezko bestelako zenbait arrazoiez gainera—, argitaletxeren bat hasia da sistematikoki galegora egindako itzulpenak argitaratzen. Eta liburu itzulpenean esperentziatxo baten jabe badiren pertsona multzo batek Galiziako Itzultzaile Elkartea sortzen du (Asociación de Traductores Galegos).
Elkarte hori de factozko egoera bati erantzunez sortzen da beraz. Horren bidez galegorako itzulpenak zehaztasunez ibiltzeko bide batetik bideratu nahi bait dira.
Alde batetik, Galizian itzulpenerako bideratzen diren ahalegin material eta gizasemezkoak ahalik eta oneneratu egin nahi dira, horretarako ATGren barruan informazio zerbitzu bat antolatuz, nahi ez diren bikoiztasunak gerta ez daitezen, adibidez. Horretarako, elkarteko bazkide diren guztiek obraren bat itzultzen hasiak badira, edo obra jakin bat edo obra mota jakin bat itzultzeko asmoa badute, edo obraren bat itzuli eta argitaratzeko hitz eman gabe baldin badaukate, horren berri eman behar dute; beste itzultzaileren batek, edo argitaldariek itzulpen-argitalpen prozesurik hasi ez dezaten beste norbaitek hasia duela jakin gabe, eta baita itzulpenik, egina dagoela jakin gabez, argitaratu gabe gera ez dadin.
Bestetik, ATGren asmoa da galegorako ahalik eta itzulpen gehiena eginaraztea; zeren Galizian kultura behar bezala zabal dadin eta bertako hizkuntza garatu, arras komenigarri eritzia bait du, eta are gauza guztiz beharrezkotzat hartua, munduko bibliografi produkzioaren zatirik handiena galegorako itzulpenean ahalik eta gehien zabaltzea. Xede horretarako, ATGk urterako plangintza bat burutzen du urte oro argitaldariekin eta Galiziako Administrazio Autonomoarekin batera.
ATGk asmoa du, baita ere, galegorako itzulpenen kalitatea ahaleginetan jasotzeko, kalitatea bi zentzutan hartzen delarik: jatorrizkoarekiko zehaztasuna, eta erabiltzen den hizkuntzaren egiazkotasuna eta egokitasuna. Xede horretarako itzultzaileak baliagarri izango duen tresneria prestatzen du (itzulpen eskuliburua, alorkako hiztegiak, itzulpenen aurkezpenerako arauak...), itzultzaile eta hizkuntzalari galego eta kanpokoen arteko harreman eta topaketak eragiten dira, etab. (horri dagokion bezainbestean derrigor aipatu beharrekoa da Instituto da Lingua Galegak —gaur egun Galiziako hizkuntzaren alde diharduen instituziorik emankorren eta maila altuenekoak— ATGri egin dion abegi ona, elkartearen egoitza izateko bere lokaleak uztetik hasi eta bertan dituen materiale balio handiko eta ugariak haren eskura jartzeraino iritsi dena.
Eta jakina, ATGk bere helburua du, profesionalen elkarte orok bezala, bere bazkideen interesen defentsa ere. Zentzu honetan aipatu gabe ezin utzi liteke argitaletxeek lehen ikusian onartu izana ATGk itzultzaile eta argitaldarien arteko harremanetarako ezarri dituen ordainketa baremoak eta gainerako baldintzak. Etorkizunerako asmoa, kobrantzak eta gainerako ekonomi harremanen ardura bazkideen izenean elkarteak berak hartzea da, itzultzaileak lan horretatik arindu eta beren lanaren kalitateaz gehiago arduratu ahal izan dezaten.
Azkenik, ATGk izan duen harrera bikaina ere ez da aipatu gabe uztekoa. Alde batetik, itzultzaileei dagokienez, urte bete pasatxoan bildu zaizkion larogei bazkideak —guztien artean hartzen diren erabaki eta arauen betetzaile zehatzak direlako alde batetik, eta bestetik hizkuntza galegora garrantzi apur bateko itzulpenak egin dituzten itzultzaile guztiak, esateko, bazkide direlako—, bi milioi eta erdi biztanle dituen herri honetan, ATG derrigor kontutan hartzeko puntua bihurtzen dute hizkuntza galegora itzulpen bat seriotasunez eta zehaztasunez egin asmo denean. Eta itzulpenen bezeriari dagokionez, eginak aski dira eta hitzak sobera: argitaletxcek ia ehunetik ehunean ATGko bazkide diren itzultzaileak kontratatzen dituzte; hor dago Galiziako Xuntako Kultur Kontseilaritzarekin izenpetutako hitzarmena zenbait itzulpen sailean egiteko (lehendabiziko partida, berrogeita gehiago liburuz osatua, argitalpen prozesuan dago dagoeneko).