Ekonomia eta itzulpengintza
Oskar Arantzabal

Eskuartean duzun artikulu honek bi helburu ditu: alde batetik, orain arte ekonomia eta enpresaren arloan egindako itzulpenen inbentarioa ezagutaraztea (hiztegiak, unibertsitateko testuak eta argitalpen orokorrak), eta, bestetik, gure bizitzako jakintza-esparru garrantzitsu honetan euskaraz dugun uzta urria adieraztea, dagoentxoa hobetzeko asmoz.

«Die Grenzen meiner Sprache bedeuten die Grenzen meiner Welt».
[Ene hizkuntzaren mugek ene munduaren mugak adierazten dituzte.]

Ludwig Wittgenstein, Tractatus logico-philosophicus, 1921

Aitzinsolasa

Etxea oikos dugu grezieraz. Familiaren edo etxearen kudeaketa adierazteko hasi ziren oiko-nomia hitza erabiltzen. Askoren ustez urrunegi joan diren garai globalizatu hauetan, aurrekoetan bezalaxe, ekonomiako liburuak ez zaizkigu inoiz bestseller moduan agertu, zeinahi delarik ere haien jatorrizko hizkuntza (ohiko-ena, ingelesa).

Beharbada, berriki izandako ez-ohiko salbuespen bat aipatu behar litzateke: Thomas Piketty frantziar ekonomialariaren Le capital au XXI. siècle (2013, Editions du Seuil), zeinak bi milioi eta erdi ale saldu baititu mundu zabalean, berrogei bat hizkuntzatara itzulita. Gogora dezagun Karl Marx alemaniar filosofoaren Das Kapital (1867) liburu- mugarriak —zeina aurrekari gisa har baitaiteke— bi hamarkada behar izan zituela itzulia izateko, garaiak garai. Esan gabe doa euskaraz gaur-gaurkoz ez dugula aurkituko ez bata eta ez bestea bere osotasunean, eta, zoritxarrez ere, nekez zatika.

Ekonomiaren arlo honetan itzulpengintzan dugun uzta urria astintzeko asmoz dator artikulu hau, eta, horrela, gaiaren nondik norakoak zehazte aldera, orain arte euskaratu diren ekonomiako liburuak lau multzotan banatuko ditugu:

  • Hiztegiak eta itzulpengintzari lotutakoak
  • Unibertsitateko eskuliburuak eta bibliografia osagarriak
  • Erabilera zabaleko argitalpenak
  • Azken joerak

Atal bakoitzean, saiatuko gara aletzen zein izan ziren motibazioak, egileen eta itzultzaileen zenbait zertzelada, edukiak eta beste. Azkenik, eskuartean dugun proiektu bat aurreratu nahi genizueke, euskal liburutegian hutsune bat betetzera letorkeena, gure «etxeko ohituren» onerako, ekonomikoak izan zein ez.

Artikulu hau idatzi ahal izateko, batez ere dokumentazio-lan ugariari dagokionez (eta gehiago dagoelakoan), ezinbestean esker on eta beroenak eman nahi genizkieke honako jakinduria-iturri hauei, egunotako urruntasunetik bada ere: Iker Etxebeste (UZEI), Txuss Alfonso (ABB Niessen enpresa), Itziar Navarro (Deusto Business School), Baleren Bakaikoa (EHU), Ines Castiella eta Nekane Intxaurtza (UEU), Ainara Udaondo eta Amaia Torrealday (MU) eta Henrike Galarza (NUP).

Hiztegiak eta itzulpenak

UZEI

Zalantzarik gabe, UZEI izan dugu arlo honetako bultzatzaile nagusia. Kronologikoki aipatu beharrean gaude honako hauek, unibertsitateko ikasle-garaietan erabili eta maiztuak, besterik ezean:

Ekonomia hiztegia (1981)

Hango sarreran esaten zenez: «Gure lan hau behin-behinekoa da, eta premiazkoak izango ditu kritikari eta lankide berriak, gerora maila jasoago eta helduago batetara eraman dezagun». Lehen ekonomia-hiztegi hau egiteko, zortzi bat urte behar izan ziren. Zorionez, baliabide mugatuko garai haietatik urrun gaude orain.

Enpresa hiztegia (1981)

Urte berean egin zen, ULARCOren eta UZEIren arteko lankidetzaz, enpresa-mundua euskalduntzeko bidea ireki nahian.

Finantzak (1983)

Bi urte geroago argitaratu zen, aurrezki- kutxetako beharrak asetzeko xedearekin. Eta horretan geratu ziren ekonomiaren inguruko hiztegiak denboraldi luze batez.

Ekonomia eta finantzak (1998)

Abiatu eta hamazazpi urtera, seiehun definizio eta hiru mila hitz ekarri zizkiguten, lau hizkuntzatan (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa), hogeita bat ekonomialarik; batik bat Deustuko Unibertsitatearen Donostiako ESTE fakultateko irakasle euskaldunak ziren (horietako batzuk ikasle-garaietan sortutako euskara-taldean aritu ziren 1980ko hamarkadaren bukaeran, testuak itzultzen, eta sinadura-bilketetan murgildu ziren modu erreibindikatiboan; adibidez, Gurutz Ansola[1] maisuari eskatu zioten makroekonomiako ikasgaiaren bigarren zatia euskaraz eman zezan, eta lortu zuten), baina baita EHU eta NUPekoak ere. Fitxak osatzean, ahal izan zuten neurrian, alemana ere jaso zuten, nahiz eta liburuan ez argitaratu. Bistan denez, lehengoaren aldean (1981eko aitzindari hura), ekonomialari asko zeuden lantaldea osatzeko.

Hiztegi hark orduko sarreran zioenez: «Esan beharra dago hemen, unibertsitatean eta aurrezki-kutxetan euskara, neurri batean bada ere, sartu den arren, enpresaren mundua atzera geratu dela eta hor landu beharreko alor zabal eta sakona dagoela».

Aldi berean: «Aurrerantzean hiztegi osagarriak, sail espezifikoetakoak (kontabilitatea, merkaturatzea…), ateratzeko asmoa ere badugu».

Esan eta, gerora, egin; horrela izan da argitalpen (gehienbat digital) berrietan: Banka eta Aurrezkia, Herri Ogasuna, Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsa, Merkataritza eta marketina, Negoziazio kolektiboa. Bistan denez, euskararen corpus terminologikoa aberasten ari zaigu.

EHU

Zuzenbideari lotuagoak badira ere, aurrekari gisa har daitezke 2005eko irakasgai hauek: Begoña Montorio Uribarrenen «B/A itzulpengintza berezitua. Justizia eta ekonomia: frantsesa-euskara» (I eta II); Josu Barambones Zubiriaren «B/A itzulpengintza berezitua. Justizia eta ekonomia: ingelesa- euskara» (I eta II); eta Oroitz Jauregi Nazabalen «Berezitua I. Justizia eta ekonomia: alemana-euskara» (kasu guztietarako, ikus Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu-basea)[2].

Berrikiago etorri zaigu honako hau: Ekonomia arloko itzulpengintza. Frantsesa- Euskara (Inmaculada Barrena Gonzalez, Juan Ibeas Altamira eta Lydia Vazquez Jimenez), 2018, 156 orrialde. Gida hori ekonomia arloko itzulpengintzarako hastapen-metodo bat da, B edo C hizkuntza frantsesa daukaten Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasleek alderantzizko itzulpena eta, batik bat, itzulpen zuzena landu ditzaten.

Enpresetako «hiztegitxoak»

Artikulu honen helburu eta mugetatik kanpo geratzen bada ere, guztiz interesgarria deritzogu noizbait ekimen xume eta borondatezkoen inguruko inbentarioa eta balorazioa egiteari. Hainbat enpresa euskararen normalizazio-prozesuaren lekuko aktiboak izan dira, hots, errealitate bakoitzeko barne-erabilerako hiztegigileak, gaztelaniaz maiztu ditugun hitz teknikoak euskaratu dituzten horiek, sarritan gure lan-mundua euskalduntzeko planak gauzatzen lagundu duten aholkulari teknikoei esker (Elhuyar, Emun).

Adibide bat emate aldera, ibilbide profesionalean zorionez gertuko suertatu zaidan ABB Niessen material elektrikoa ekoizten duen enpresaren adibidea dakarkit lerro hauetara.

1998ko Bai Euskarari kanpaina abiapuntua izan zen enpresetan (langile izan zein zuzendari izan) normalizazioaren beharraz jabetzeko. Denboran bat etorri zen enpresako langileen batzordeak idatzitako «Oinarri estrategikoak» dokumentuarekin, zeinean atal bat eskaintzen baitzitzaion Niessenen euskararen erabilera-planari.

Handik sortutako lantaldeak aintzakotzat hartu zuen fabrikan bertan ekoiztutako produktuen euskarazko izendapena, eta, talde txikiago batean, kontsentsu bidez, industria espezifiko horri zegozkion hitzak batzen hasi zen.

Horrela, 2004an, oso modu xumean izan bazen ere (kalkulu-orri bat), bi hizkuntza-norabidetako hiztegi tekniko espezifiko bat diseinatu zen. Haren zabalkundea lantegiko euskara-taldeak sortutako paperezko aldizkarian eta intranet bidezko sarean argitaratuz egin zen. Gerora, hitzak etengabe erantsi ziren; informazio-panelak eta leherketa grafikoak etorri ziren, terminologia gehituz, eta baita berrikuntza bat ere, ingelesa ere sartu baitzen hirugarren hizkuntza modura.

Balio handiko etxeko ekarpenok industria-terminologian ditugun ezagutza- eta erabilera-hutsuneak betetzera letozke.

Unibertsitateko eskuliburuak eta bibliografia osagarriak

Alde batetik, Unibertsitateari lotutako testuliburuak ditugu, gehienbat premiak eraginda sortuak; bestetik, historia ekonomikoarekin zerikusia dutenak eta aurrekoen osagarritzat har daitezkeenak.

EHU

Ekonomia (P. Samuelson eta W. Nordhaus), 1999, 810 orrialde

Liburu hori ia berrogeita hamar urtean erabili da munduko unibertsitate askotan, oinarrizko ekonomia irakasteko ohiko tresna gisa. Haren interesa bi oinarritan finkatzen da: alde batetik, erakusten du zein diren ekonomia modernoaren printzipioak (oinarrizkoak, mikroekonomikoak —eskaintza, eskaria, ekoizkin-merkatuak, faktore-merkatuak, errentaren banaketa, eraginkortasuna, ekitatea, ingurugiroa eta estatua— eta makroekonomikoak —eskaintza agregatua, hazkunde ekonomikoa eta politika makroekonomikoa—), eta, bestetik, zein diren munduko ekonomiaren erakundeak eta haien funtzionamendua. Beraz, tresna aproposa da ekonomia-teoriaren ikuspegi orokor, argi eta zehatz bat lortzeko. Bukaera aldera, terminoen glosategia eta euskara- gaztelania hiztegia dakartza.

Euskal Herriko ekonomi hazkundea eta gizarte-aldaketak (1100-1850) (E. Fernandez de Pinedo), 1999, 498 orrialde

Behe Erdi Arotik Lehen Karlistaldia amaitu arte, aldi luzea dago. Nekazaritza- lanetarako baldintza geografiko eskasek manufaktura-sektore garrantzitsua garatu zuten; inportazio-esportazio trafikoari zerga guztiak kendu zitzaizkion, eta horrek manufakturak ateratzea eta behar ziren aleak sartzea bultzatu zuen; gizarte-klase bakoitzeko herritar kaltetuenen emigrazioak ordainketa-balantza orekatu zuen, eta gizarteko tentsioak baretu egin ziren. Laborariek, olagizonek eta artisauek sortutako soberakina jauntxoen eta merkatarien esku geratu ohi zen, lurraren errentari, merkataritza- zirkuituaren kontrolari (zerealak nahiz produktu manufakturatuak, azken horiek Verlagssystem delakoaren bidez), lukurreriari eta, hein txikiagoan, zergei esker.

XVIII. mendearen amaieran eta, batez ere, Independentzia Gerraren ondoren, gizarte-egitura horrek narriadura latza jasan zuen Argien Mendeko produkzio-indarren hazkundearen eraginez, eta behera etorri zen. Nekazarien zorrek eta gerrek herri-lurrak saltzera behartu zituzten; Amerikako koloniak galtzeak eta Ingalaterrako burdinaren lehiak merkataritza- eta ordainketa-balantzak desorekatu zituen. Ez zegoen sistema protekzionista eraginkorrik, eta horrek industria siderurgiko tradizionalaren porrota eta oreka zaharraren haustura ekarri zituen. XIX. mendearen bigarren herenean, egitura berri baten bilaketa dramatikoa eta bortitza gertatu zen.

Euskal Herriko historiografiaren klasiko baten euskarazko itzulpena dugu liburua. Lehenengo aldiz 1974. urtean argitaratu zen (gaztelaniaz), eta maisuki finkatu zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako feudalismo garatuaren garaiko ekonomia- eta gizarte-historiaren azalpenaren ardatzak. Egilea, 1943an Bilbon jaioa eta Salamancan, Madrilen eta Parisen ikasia, Historia Ekonomikoko irakasle aritu zen EHUn. Berak itzulpen honetarako idatzi zuen hitzaurrean esaten digun bezala: «Liburua duintasunez zahartu dela uste dut, eta han defendatzen nituen eta orduan onartu ez ziren edo harridura sortu zuten tesi batzuk berretsi egin dira: «artoaren iraultza», haur- hilkortasunaren jaitsiera, edo industrializazio prozesua ez zela mearen esportazioaren ondorio izan. Gaur egun ohikoa da entzutea Euskal Herria ustiategi txiki eta ertainetako lurraldea izan zela, eta hau ezin dela nahastu nekazari jabe txiki eta ertainen nagusigoarekin».

Espainiako ekonomiari buruzko ikasgaiak (J.L. Garcia Delgado, J.R. Myro), 1999, 692 orrialde

Idazlan hori hogeita hamar unibertsitate- irakasleren baino gehiagoren lanaren emaitza da. Hala ere, Espainiako ekonomiari buruzko eskuliburu bat da, egitasmo bakar baten erantzuna baita eta atal guztien tratamendu sistematikoa eta bukaera berdinak baitira.

Ekonomia matematikorako sarrera (M.A. San Millán, F. Viejo), 1996, 306 orrialde

Liburu hori unibertsitatean ekonomia eta enpresa ikasketak hasten dituzten ikasleei zuzendua da batik bat. Egileek, Ekonomia Aplikatuko Matematika irakatsiz bildu duten esperientziari esker, alde batera utzi dituzte irakurleentzat interesgarrienak izan daitezkeen demostrazioak, irakurlearen arreta liburuan aurkezten diren oinarrizko kontzeptu eta proposamenetatik ez aldentzearren, eta, testuaren irakurketa erraza eta ulergarria izan dadin, irudi eta errepresentazio grafiko ugari sartu dituzte, bai eta adibide-kopuru aski handia jarri ere.

Lehen zatian, honako arlo hauek jorratzen dira: multzoak eta funtzioak, limiteak eta jarraikitasuna, deribatua eta diferentziala, funtzioen konposaketa eta funtzio inplizituak. Bigarren zatian, funtzio ahur eta ganbilen ezagueran eta funtzioen homogeneotasunean murgiltzen da. Hirugarren zatian, aljebra matriziala eta forma koadratikoak errepasatzen dira. Kapitulu bakoitzaren amaieran, ariketa-sorta bat aurki daiteke, eta, bukaeran, soluzioak.

Itzulpena Jose Mari Zendoia Sainzek egina da[3].

Egungo estrategia-analisia (R. Grant), 2013, 518 orrialde

Enpresa ikasketei lotuago badago ere, etorkizuna iragartzeko zailtasunak, nahasmenak eta lehia gogorrak nagusi dira enpresa-ingurune globalean. Estrategia, bestalde, gero eta garrantzitsuagoa da enpresentzat, erronkaz betetako eta aurrez antzeman ezinezko enpresa-ingurune batean bizi baitira. Horrenbestez, ezinbestekoa zaie arreta irmoa jartzea balioa sortzeko oinarrietan, iraungo badute eta haziko badira.

Estrategiari buruzko liburu ulergarri horretan, azalpen argiak emateaz gain, balioa sortzeko oinarrietan eta erabilgarritasunean jartzen da arreta. Zazpigarren edizioan, indar biziagoa eskaini zitzaion estrategiaren aplikazioari, enpresentzat erronka handia baita bateragarri egitea eskala eta malgutasuna, berrikuntza eta eraginkortasuna, eta globalizazioa eta tokian erantzuteko gaitasuna.

Aintzat hartzen dira estrategia-analisiaren ikuskera berri eta interesgarriak; besteak beste, honako elementu hauek elkarren osagarri izatea: estrategiaren egokitzapenean duen eginkizuna, malgutasunaren azterketan aukera errealek duten erabilera, lidergo estrategikoan konplexutasunak duen zeregina, nork bere burua antolatzeko ahalmena, eta enpresaren gizarte-erantzukizuna akziodunen balio-maximizazioarekin bateragarri egitean lortutako zilegitasuna.

Egungo estrategia-analisia oso ezaguna da MBA mailako eta graduko ikasleen artean. Munduko kontinente guztietako enpresa-zientzien fakultate garrantzitsuenetan erabiltzen da.

R. Grant zuzendaritza-irakaslea da Milango Bocconi Unibertsitatean, eta irakasle bisitaria Georgetowngo, Washingtongo eta Londresko unibertsitateetan.

Ekonomialarientzako matematikako gaiak (F. Valenciano, M. Aramendia), 1995, 288 orrialde

Ekonomialarientzako matematikako es- kolak euskaraz ematen eta hartzen zituztenak arazo baten aurrean aurkitzen ziren: bibliografia gehiena erdaraz idatzita zegoen, eta euskaraz zegoena ez zen egokitzen berek irakasten eta ikasten zutenera. Horregatik erabaki zen liburu hori euskaratzea.

Munduaren historia ekonomikoa, X-XX mendeak (F. Comin, M. Hernandez, E. Llopis), 2013, 484 orrialde

Historia ekonomikoaren arloko ikerkuntzak halako indarra hartu du azken hamarraldiotan, ezen zaila baita azken ikerketa eta ikuspegi guztien berri izatea. Horrez gainera, baldin eta nahi bada mila urte baino gehiagoko denboraldia aztertu —Erdi Arotik gaur egun arte— eta Europaren esparru estua gainditu —orain arteko lanik gehienak eremu horretara mugatu baitira—, eginkizuna pertsona bakar baten helmenetik at dago ia. Hori dela eta, Espainiako zenbait unibertsitatetako irakasle talde baten ahalegin koordinatu gisa planteatu zen, eskarmentu handikoak denak ikerkuntzan, urte asko emanak irakaskuntzan, eta gai izan dira azken hogeita hamar urteotan jakintza-arloan lortutakoen sintesi osatu, ulergarri eta erakargarri bat egiteko.

Ekonomiaren globalizazioa. Sorrera eta arazoak (J. Adda), 2004, 210 orrialde

Jacques Addak Bar-Ilango Unibertsitatean dihardu irakasle lanetan, Israelen, nazioarteko ekonomia politikoaren sailean. 1992. urtera bitartean, ekonomia-aditu gisa aritu zen OFCE bulegoan (Observatoire Français des Conjoctures Économiques). Liburu honetan, globalizazioari buruzko sintesi argi eta zorrotza eskaintzen digu, eta dagoeneko klasiko bihurtu da.

Historia ekonomiko globala. Sarrera labur bat (R. Allen), 2018, 146 orrialde

Zergatik dira herrialde batzuk aberatsak eta beste batzuk pobreak? Historiako adibideak erabiliz, hainbat faktoreren elkarreragina aztertzen da, munduko herrialdeen aberastasuna eta pobrezia nola finkatu diren erakusteko. Elhuyar Fundazioko Maria Arrutiren eta Ane Goenagaren itzulpena eta zuzenketa.

Deusto Business School

Erakundea izen eraberrituarekin badatorkigu ere, UZEIren Ekonomia eta Finantzak hiztegiaren atalean eman ditugu abiapuntuaren zertzelada historiko batzuk. Ordutik hona egindako lana aintzat harturik, modu kronologikoan aurkezten ditugu erakundeak ekonomia eta enpresaren arloan lorturiko emaitza oparoak:

Enpresaren etika (J. Gorosquieta), 1999

Dionisio Aranzadik proposatu zuen, bere eskoletan erabiltzeko.

Erdi-mailako mikroekonomia. Ikuspegi modernoa (H.R. Varian), 1999 (5.argitalpena), 751 orrialde, eta eranskinak

Lantaldean egindako itzulpena, 2000. urtean argitaratua: Mari Jose Aranguren, Iñaki Erauskin, Itziar Navarro eta Arantzazu Olazabal.

Enpresa kasuak: Cegasa (2003), Geyser- Gastech SA (2003), Naipes Heraclio- Fournier (2004), Ulma Packaging (2008), Hine taldea (2011), Abantail, S. Coop. (2012), Ikusi, Angel Iglesias SA (2012)

Denak ere Ezagutzaren Klusterrarekin (oraingo Innobasque) batera lankidetzan.

Aurrekontu politika (A. Garmendia), 2004, Kutxa Fundazioarekin.

Lehiatzeko ingurunearen analisi estrategikoa (O. Ribera, K. Zabala), 2005

Espainiako ingurune ekonomikoa eta lehiakortasuna (M. Navarro), 2006

Enpresen antolaketa (N. Aramburu, O. Rivera), 2007

Makroekonomia (J.B. Delong, M.L. Olney), 2008

Erakundeetan Gizarte Kapitalaren Autoebaluazioa Egiteko Eskuliburua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko urteko txostenak (Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutua, 2010. urtea eta ondorengo beste batzuk)

Marketinaren oinarriak (P. Kotler, G. Armstrong), 2014

Deusto Business School-ek bere garaian UEUk eta Elhuyarrek argitaraturiko materialak erabili bazituen ere, bere bidea egitea erabaki zuen, eta denon eskura jarri, normalizazio-prozesuan laguntze aldera.

Izan ere, Itzulpen Sail propioa du, eta elkarlana izan da beti haren ezaugarri nagusietako bat itzulpengintzari dagokionez. Horrela, hitzarmenak ere sinatu ditu UEUrekin.

Mondragon Unibertsitatea

Enpresagintzako Fakultatean liburu gutxi erabiltzen bada ere, nekez aurkituko dugu atzerriko hizkuntza batean idatzi eta itzulitakorik. Argitalpen gehienak Lanki ikertegitik bideratzen dira; jatorriz euskarazkoak izaten dira gehienetan, eta, gero —edo aldi berean—, elebidun bihurtzen dira. Nola edo hala itzulpengintzarekin lotura duen jarduera, ohikoaren kontrako norabidean: besteen testu ekonomikoen inportazioan bainoago gure testuen esportazioan. Hizkuntza- fluxutzat har daitekeen kasu honetan, kronologiari erreparatu gabe emango dugu lanon berri:

Autoeraketa globalitatean. Autoeraketa ekonomikoaren kokapena egungo munduan / Autogestión y globalidad. Situar la autogestión en el mundo actual (Jon Sarasua eta Ainara Udaondo), 34 orrialde

UEUk antolatutako «Ekonomia sozialaren erronkak kapitalismo globalean» ikastaroaren harira, bi egileek «Etikaren erronka kooperatibismoaren bilakaeran» hitzaldia eskaini zuten, eta hortik sortu zen Lanki ikertegiaren koadernoa, jatorriz euskaraz idatzia, 2004ko maiatzean. Zazpi urte geroago, 2011n, bertsio elebiduna plazaratu zen.

Arrasateko kooperatiba esperientzia. Sintesi orokorra / La experiencia cooperativa de Mondragón. Una síntesis general (Larraitz Altuna), 416 orrialde

2008ko monografiko bat da.

Arrasateko kooperatibagintzaren erronkak. Fagor Etxetresnak kooperatibaren krisiaren ondotik / Retos y dilemas del cooperativismo de Mondragón. Tras la crisis de Fagor Electrodomésticos (Igor Ortega eta Leire Uriarte), 43 orrialde

Hori ere Lanki koadernoetan dago, 2015ekoetan.

Partehartzea enpresan. Begiratu historikoa, begiratu kritikoa eta lankidetzaren begiratua / La participación en la empresa. Perspectiva histórica, perspectiva crítica y perspectiva cooperativa (Oihana Garcia Insausti), 253 orrialde

Kogestioaren inguruko testu bat da, 2003koa.

Arizmendiarrieta. Eraldaketa proiektua, un proyecto de transformación social, a project for social transformation (askoren artean)

Bideo dokumental moduan argitaratua 2011n, hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania eta ingelesa).

Fagor Ederlan, 40 urteko historia / Fagor Ederlan, 40 años de historia (Eunate Elio Cemborain), 237 orrialde

2004ko liburua da.

Arrasate: kooperatiba baten ibilbidea / Trayectoria de una cooperativa (Amaia Irizar Sainz), 391 orrialde

2003ko liburua da.

Erabilera zabaleko argitalpenak

Multzo honetan sailkatu ditugu filologia-lan edota testuliburu moduan sailkatu ezin direnak; edonori zuzenduak direnak, alegia. Bigarren azpisailkapen bat egin liteke, beraz:

Klasikoak bilduma

Klasikoak zeritzon bilduma 1990eko hamarkadan jarri zen abian. Pentsamenduaren klasikoak euskaratzeko proiektu bat zen, eta, horretarako, elkarte berezi bat bultzatu zuten BBV Fundazioak (gerora BBVA), Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Kutxek, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak. Elkarteak 2010ean erabaki zuen helburuak beteak zirela, eta, 130 liburu argitara eman ondoren, urte horretan erabaki zuen proiektua amaitutzat ematea.

Ekonomiari dagokionez, lau izenburu nagusi aurki ditzakegu. Hona hemen, kronologikoki:

Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak (D. Ricardo), 1995, Baleren Bakaikoa Azurmendik itzulia, 205 orrialde

1817an jatorriz ingelesez argitaraturiko lan hori Adam Smithen eta Karl Marxen artean kokatzen da pentsamendu ekonomikoaren historian, kronologikoki eta ideologikoki. Schumpeterrek adierazi zuen Marx ekonomialari klasikoa zela eta, are zehatzago, Ricardoren taldeko kidea. Ricardo da Marxek maisutzat hartzen duen klasiko bakarra. Nekazaritzari zeregin nagusia eman arren (fisiokraten ildotik), haren lehentasuna analitikoa baino ez zen. Hau da, sektore bakar baten analisitik abiatuta ekonomiaren funtzionamendua bere osotasunean ulertzeko.

Enplegu, interes eta diruari buruzko teoria orokorra (J.M. Keynes), 1999, Karmelo Busturia Jimenok itzulia, 398 orrialde

Jatorrizko liburua 1935-1936an agertu zen. Ekonomia politiko garaikidea eta Keynesen izena guztiz lotuta daude liburuan. Bere garaian, benetako iraultza bat izan zen, eta gaurko ekonomialariek ere derrigor ikasi beharra dute ekonomia ulertzeko. Gainera, egileak aurrekontu-politikaz, inflazioaren zioez eta ekonomia-jardueren mailaz egin zituen proposamenak, besteak beste, oraindik ere irakasgai dira gure ekonomia- fakultateetan. Keynesek dioenez, ahalegin guztia egin behar da eskulanaren enplegu betea lortzeko sarreren birbanaketaz baliatuz eta, hala, kontsumitzaileen erosahalmena gehituz.

Kapitalismoa, sozialismoa eta demokrazia (J. Schumpeter), 2002, Xabier Mendiguren Bereziartuk itzulia, 524 orrialde

Egileak berak ohartarazi zuenez, sozialismoaren gaiaz ia berrogei urtez egindako gogoetaren eta ikerketaren emaitza izan zen liburua. Haren mezua honako hau zen, jatorrizko hitzaurrean adierazi zuenez: «gizarte-era sozialista bat sortuko da era berean saihestezina den gizarte kapitalistaren deskonposiziotik». Baina, haren geroagoko artikulu batek («Sozialismorako martxa» izenburua zuena), Schumpeterren liburuaren hirugarren edizioari gehitu zitzaionean, aldatu egin zuen zertxobait iragarpen hain zuzeneko hori. Etorkizuna hain zehatz iragartzeko edozein asmori uko egin zion, eta haren azterketa «joera behagarri»en azterketa gisa definitu zuen. Joera horiek hainbat emaitza mota izan zitzaketen, aurreikusten zailak edo ezinezkoak ziren erresistentzien eta kontrajoeren indarren araberakoak. Zera ondorioztatzen du: «Ordena kapitalistak bere burua deuseztera jotzen du eta sozialismo zentralista da… segur aski haren ustezko oinordekoa».

Idazlan hautatuak (K. Marx), 2004, Xabier Mendiguren Bereziartuk itzulia, 452 orrialde

XIX. mendearen erdialdera alemanez idatzitako testuok honela sailkatzen dira:

- Idazki filosofiko goiztiarrak: Bruno Bauer, juduen auzia; Hegelen zuzenbide-filosofiaren kritika (sarrera), laburpena eta 1844ko oharrak (dirua eta gizaki alienatua, giza produkzio askea), eskuizkribu filosofiko eta ekonomikoak, eta hitzaurrea (lan alienatua, jabetza pribatua eta komunismoa, fenomenologia), Feuerbachi buruzko tesiak (1845).

- Materialismo historikoari buruzko idazkiak: ideologia alemaniarra, I. atala; manifestu komunista (azken bi horiek Engelsekin batera idatziak), Louis Bonaparteren brumarioko hemezortzia (laburbildumak), politika ekonomikoaren kritikarako ekarpen baten hitzaurrea.

- Idazki ekonomikoak: lehen liburukia (Kapitala), aukeraketa.

- Idazki politiko berantiarrak: Frantziako gerra zibila, Gothako programaren kritika, Bakuninen Estatismoa eta anarkia obrari buruzko albo- oharrak.

UEU

Ia guztientzako ekonomi gidaliburua (Salinger-Galbraith), 1988, 200 orrialde

Joseba Felix Tobar Arbuluk itzulia. Elkarrizketa baten emaitza da. Galderak egiten dituena: Nicole Salinger kazetaria; erantzunak ematen dituena: John Kenneth Galbraith ekonomialari ospetsua. Amateur batek egingo lituzkeen galdera zehatzen bidez, ideia ekonomikoak planteatzen ditu. Galbraithek, hizkuntza erraza erabiliz, ekonomiaren zientzia zer den eta zertan datzan ulertzera garamatza. Klasikoetatik Marxenganainoko ekonomiaren funtsezko natura, diruaren eta bankuen eginkizuna, politika fiskala eta moneta-politikaren modus operandia, korporazio handien garapena, zergatik dauzkagun aldi berean inflazioa eta langabezia eta nola hartu aurrea, baita nazioarteko krisiaren kausak ere. Umorerik ez zaie falta, gainera.

Azken joerak

2008ko krisiak ustekabeko eztanda bat ekarri zuen ekonomia dibulgatiboari lotutako argitalpenetan; gure kasuan, batez ere argitaletxe txikien ekimenez. Horren lekuko ditugu honako hauek (kronologikoki):

Ekonomialari harrituen manifestua (Philippe Askenazy eta beste), 2011, 84 orrialde

Manifestuaren sinatzaileek zera aldarrikatzen dute: «Ekonomialariek beren gain hartu behar dituzte gizartearen aurrean dituzten erantzukizunak». Haien ustez, manifestuak krisi ekonomikoari buruzko «zalantzak hitzez eta kontzeptuz hornitzen» laguntzen ahal die herritarrei. Denonartean argitaletxearen eskutik plazaratu zen, Inma Erreak itzulita.

Ekonomia gorbatarik gabe. Alabarekin solasean (Giannis Varufakis), 2015

Ohikoa duen begirada kritikoarekin, ekonomiari buruzko oinarrizko hainbat kontu eta kontzeptu azaltzen ditu Giannis Varufakisek liburu horretan, modu ulerterraz eta hezitzailean: zer den aberastasuna, zer den pobrezia, noiz eta zergatik sortu ziren desberdintasunak, zein diren boterearen eta diruaren arteko harremanak, edota zer diren finantza-merkatuak, besteak beste. Hizkera errazarekin eta edonork ulertzeko hainbat adibiderekin, munduko ekonomiaren ardatzak azaltzen ditu egileak, eta batzuek krisi deitzen dioten lapurretaren nondik norakoak ere erakusten ditu. Kalaportu Sare Bideak argitaletxeak argitaratu zuen (e-book formatuan), Gari Berasaluzek itzulita.

Etorkizun hurbilerako iraganeko proiektu bat

Ekonomiaren historian bada mugarritzat jotzen den liburu bat: Adam Smith eskoziarraren The Wealth of Nations (1776). Izan ere, ekonomia modernoaren aitatzat jo izan den moralista horren lan mardulak zenbatu ezinezko aipamenak (onak zein txarrak) jaso ditu, baina, egiari zor, inork gutxik irakurri du testua bere osotasunean.

2019ko azaroaren 14an Donostian gauzatu genuen Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarrean, liburua itzultzeko asmoa agertu zen, Nazioen aberastasuna izenburupean, eta dagoeneko abian-edo da. Nekez iritsiko da Bilbon 2021ean egiteko asmoa dugun II. Biltzarrera, baina —ondo bidean— UEUren 50. urteurreneko ospakizunetara iritsiko da, 2023an.

Konklusioak

Azkenik, Federico Krutwig eleaniztun (bazekien gutxienez alemanez, euskaraz, grezieraz, gaztelaniaz, frantsesez eta portugesez) eta polifazetikoak (ekonomiarekin lotura zuten hainbat gai landu zituen; besteak beste, gaztelaniaz idatzitako bi liburu ezagun hauetan: Vasconia. Estudio dialéctico de una nacionalidad (1963) —bigarren atalaren izenburua «Oeconomica» da—, eta Computer shock Vasconia Año 2001 (1984) —bosgarren atala iraultza zibernetikoari buruzkoa da—), hainbeste miresten zuen Grezia klasikotik abiatu dugu gure itzulpen ekonomikoen bidaiatxo labur hau.

Berau, Ludwig Wittgensteinen hasierako aipuko urte berean jaio zen, Getxon, duela ia ehun urte (1921), eta gure herriarentzat kultura-maila jasoago bat erdiestearen aldekoa zen. Gure ibilbidean ikusi dugunez, hirurogei urte lehenago (1981ean) itzulpen-aitzindari izandako UZEIren Ekonomia Hiztegiaren sarrerako hitzetan aipatu bezala: «… gerora maila jasoago eta helduago batetara eraman dezagun».

Eta, enegarren halabeharrez, Grezia modernoak eta haren ekonomiaren arazo klasikoek ekarri digute inbentario azkar moduko bat den gure zerrenda honetara azken itzulpenetako baten berri (2015eko Ekonomia gorbatarik gabe. Alabarekin solasean).

Egin dezagun asmo hori geure, eta, ekonomiaren alor honetan —klasikoak izan (Smith, Marx…), zein modernoak izan (Piketty, Varoufakis…)— zein beste edozeinetan, ahalegindu gaitezen gure hizkuntza gorago kokatzen. Krutwigek berak zioenez, pertsona bi hankaren gainean ibiltzen da: bata berezko kulturari dagokio, eta bestea, besteenari. Munduko beste iturrietatik edanez ase dezagun gure euskal egarri mugagabea.

Arestian aipaturiko Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarrean, askoren artean eta behin baino gehiagotan, Wikipedia ekonomikoa euskalduntzeko asmoa azaldu zen. Datuen arabera, aro digital eta lehiakor honetan, euskara 33. hizkuntza erabiliena da ranking horretan; horren aldean, 41 hizkuntzak 100.000 artikulu baino gehiago dituzte.

Bistan denez, artikulu honen xedea ekonomia eta itzulpengintza izanik, paperezko bertsioei dagokienez bederen askoz beherago aurkitzen gara, aintzinsolasean aipaturiko ekonomiako bestseller ezagun bat gaur-gaurkoz euskaratu eta eskuratu ezinik… edo ez?


Oharrak

1. Berari zor diogu 1971n euskaraz argitaratu zen ekonomiako lehenengo liburua: Euskal Herriko ekonomiaz (1955-1967). Haren biografian gehiago sakontzeko, ikus Wikipedia eguneratua.

2. Gaian sakondu nahi duenarentzat, Ingumatik hartutako irakurketa-mailegu erantsi hau aipatuko dugu: Joseba Barandiaran Andueza: «Ekonomia K-z ere idazten da» (2010, Bat soziolinguistika aldizkaria).

3. Berari zor zaizkion beste testu interesgarri batzuk: «Teoria ekonomikoaren ekarpenak soziolinguistika alorrean» (2010, Bat), «Hizkuntza gutxituak, ekonomiaren ikuspegitik begira» (2001, hitzaldia, Sabino Arana Kultur Elkargoa), «Hizkuntza-faktorea analisi ekonomikoan» (2001, Uztaro), «Euskara, sektore ekonomiko gisa… edo euskararen balio ekonomikoa» (2000, Eleria), «Hizkuntza gutxituak eta ekonomia. Euskararen kasua (1996, Enpresen zuzendaritza eta administraziorako aldizkaria, 2000, hitzaldia, UEU; 2000, doktorego-tesia, EHU), Espainiako ekonomiari buruzko ikasgaiak (1999, beste batzuekin batera, EHU), «Kontsumitzailearen teoriaren ekarpenak hizkuntza gutxituen erabilpena aztertzeko» (1998, Enpresen zuzendaritza eta administraziorako aldizkaria), «Euskara eta ekonomia» (1997, hitzaldia, UEU).