Oratoria, akatsak, itzulpengintza eta kalkoak
Karlos del Olmo

Besteen mintzoan beti hutsak bilatzen dabiltzan euskaltzaleak kaltegarri dira (L. Mitxelena)
Ustelkeria gehienak hizkuntzarenetik hasten dira (George Orwell)
Inoiz aldatzen ez den hizkuntza, hilerrian baino ez da erabiliko (Lazaro Carreter)

1.- Araua eta erabilera edo "Ez dago akatsik gabeko hiztunik"

Oso ezaguna izan arren, ezer baino lehen gogora dezagun Saussurek esan zuela "ezer ez da hizkuntzara helduko lehendik hizketan saiatu ez bada". Erabateko garbizaletasunetik guztizko utzikeriarako ibilbidean, hamaikatxo urrats eman daitezke eta beste horrenbeste jokabideri eutsi. Garbizaleen aburuz, hizkuntza beti egoten da arriskuan: jakina, eurek ahoz eta gehien bat idatziz darabiltena. Denak-balio-du-tarren iritziz, dena erlatiboa da, erabiltzen den guztia baliagarria, beraz, hizkuntzaren mekanismoak aztertzeak ez du zentzurik. Lehenengoen ustez, beren arauak betetzen ez dituztenak ezjakin hutsak dira; bestetzuen arabera, haien hizkuntz erabilerak aztertzen dituztenak sudurluze eta txirriporroak.

Linguistikaren ikuspegitik, euskara, espainiera edo beste ezein hizkuntza deuseztatzea hutsaren hurrengoa da, baina ez da berdin gertatzen soziolinguistikaren aldetik. Nolanahi ere den, hizkuntzek heltzen zaizkien oldeak bere egiteko ahalmena izan ohi dute eta, normalean, ez dira horregatik hiltzen, aurrera ateratzen baino. Hizkuntza bateko gramatika legeak uste baino indartsuagoak eta aldagaitzagoak dira, baina moldatze indarraren jabe ere badira.

Askotan, kontua hizkuntz intolerantzia izaten da, beste intolerantzia batzuk salatzen dituen aldetik. Jakina, hiztun arruntak ez du jakiterik boladan dauden esamoldeetatik zerk iraungo duen eta zer berez iraungo. Hizkuntza lanbide duenak, komunikatzaileak (oraingo terminologiaren arabera), gogoetak eman behar dituenean, sarri askotan terminoen matazan korapilatzen da eta, azken buruan, hari horiekin mezua jaso behar duena ere lotuko du, azkenik, gauzak argitu beharrean, guztiz iluntzeko.

Garbizaletasuna, erlatibismoa ala artez eta denok ulertzeko moduan berba egin eta idaztea? Euskarari gagozkiola, auzia ez da lirudikeen bezain erraza, ezta hurrik eman ere, garbizale aldiak izaten baitira lantzean behin.

Soziolinguistikak edozein berbaera diasistematzat jotzen du: elkarren artean erlazionaturiko azpisistema batzuk biltzen dituen hizkuntz egitura. Horrela, euskararen diasistemak administrazio hizkera, euskalkiak, komunikabideetako euskara, lagunartekoa eta beste (?) hizkuntz azpisistema batzuk hartuko ditu barne. Azpisistemei erregistro edo arau esanez gero, hizkuntza erregistro edo arau sistema izango da. Ondorioz, hiztun guztiek, benetan, "hizkera" ugari erabiltzen dituzte, baina ez berberak: abokatu bizkaitar "goi mailako" alfabetatua, Zuberoako artzain alfabetatugabea eta arabar maisu euskaldun berria ezaugarri batzuk direla eta baino ez dira kide izango. Soziolinguistikak agerian jartzen duenez, denok hainbat gutxiengoren partaide gara.

Baliteke, beraz, zuzentasuna kontzeptu erlatiboa izatea, zein arau mota darabilgun hizpide. Eta gertatzez hala balitz, ez ote genuke kontu handiagoz ibili beharko, zer gerta ere? Auzia, azken buruan, "akatsa" zein arauren araberakoa den ebaztea litzateke.

Hizkuntza ospetsu eta normaldu guztiek erreferentzi erregistro bat izaten dute, oinarri moduan elkarren antza handia duten hauetariko bat hartuta:

a) Erregistro landua
b) Akademiaren erregistroa
c) Literatur erregistroa
d) Erregistro estandarra
e) Erregistro urrakorra

Arau urratze guztiak ez dira munta berekoak izango, arau mota guztiek indar berdina ez dutenez gero. Erregistro landua hiztun guztiek erreferentzi arautzat izaten dute, a) botere sozial edo politikoa duen gizarte taldearena delako; b) erregistro hori darabilen dialekto gizalde hori bizi den lurraldean hiririk garrantzitsuenak edo botere politikoaren erakundeak daudelako, eta c) literatur ekanduan oinarrituriko idazkera izan ohi duelako. Antza denez, euskarari gagozkiola, den-denak betetzen ote diren zalantza egin daiteke. Maiz arau "landu" horrek desegokitzat jo ditzake lagunarteko arauan ohiko diren esamolde batzuk.

Akademiaren erregistroak berez dakar hizkuntz arautze edo behartze bat, beste erregistro batzuk gaitzesten diren aldetik Ikusi besterik ez dago zer jazo den euskalki batzuekin batua eratu zenean. Baina hizkuntz aldaki batek soziala, euskalkia, lanbidekoa beren beregi ezer ez du besten gainetik jar dezakeenik. Diasistemaren aldetik, akademiak gaitzetsitakoa ez da hobetsia baino hobea. Askotan, kalitatea baino, kantitatea edo maiztasuna hartzen da oinarri erabakitzerakoan. Erregistro mota hau irakaskuntzan derrigorrezkoa izan daiteke.

Literatur arauari "desaraua" ere esan dakioke: literatur idazketaren artifiziotasuna sormenaren ondorioz da eta eguneroko ahozko erabilera arruntaren kontrakarrean dagonetik. Maiz, gainera, idazleak gramatika eta hiztegia hausten ditu. Guztiagaz ere, eredu erregistro honek literatur kanon bat du oinarri, literaturatzat jotako idazlan batez ere klasikoak guztien meta. eta corpus horixe darabil ohiko gramatika adibideak eta ereduak emateko. Ondorioa: ahoz inork erabiltzen ez duen hizkuntza "historiko" bat proposatzen du.

Erregistro estandarra neutroena da. Erregistro bat estandar edo orokor bihurtzen da gizarte itun baten ondorioz eta, ondorioz, hizkuntz gizarteak hizkuntz erabilera batzuk onartzen ditu eta besteak gaitzetsi. Askotan, jakina, erabaki elite batek hartzen du, hiztunak alde batera utzita. Erregistro estandarra halakoa izaten da ia irakaskuntzan baino erabiltzen ez delako. Ikasleei luzaro irakasten zaienez gero, herri alfabetatuetan gehienon erregistro bihurtu ohi da. Elkartzailea da, hizkuntz diasistemaren iraupena segurtatzen duela. Bestalde, zeregin politiko-administratiboa izaten du, hizkuntza ofiziala termino politikoaren zeregina betetzen duenez gero, alegia, politika erakundeek darabilten aldaki soziolinguistikoa. Ez dirudi, alta, erregistro estandar hori denik politikari euskaldunek darabiltena.

Erreferentzi erregistroa urrakorra da. Eredu soziolinguistiko horrekin erkatzen dira gainontzeko guztiak egokitzat zer jotzen den eta zer ez esateko garaian. Erreferentziazko eredu horren arabera, "kogidu", "lanean dabil" edo "gatxaudek" ez dira egokitzat jotzen. Bestela esanda, aldaketa linguistikoak badihardu halako sinkronia jakin batean ospetsu den eredu soziolinguistikoa urratuta, hautsita. Eta hizkuntzaren bizi iraupena, maiz, aldatu eta moldatzeko gaitasunaren menpean izaten da.

Erregistro diatopikoei gagozkiela, normalean hizkuntza bateko aldaki guztiek, batek izan ezik, urratzen dute erreferentzi erregistroa. Zer dela eta? Erreferentzi erregistroa aldaki baten "sublimazioa" dela eta. Ohiz, erreferentzi erregistroak eraikitzen dira politika eta ekonomi boterearen gune diren lurraldeetako aldakiaren gainean. Berdin jokatu da euskararekin? Nork bere erantzuna eman beza!

Saussuren dikotomiei eutsita, zuzentasuna, akatsa, araua eta antzeko kontzeptuak diakronian aldakorrak direla esan behar dugu. Bestalde, erreferentzi araua erregistroen arteko liskar baten ondorioa da, kontrakarrean jardun ohi baitute harreman dialektiko batean ospe soziolinguistikoa duten ereduek eta horiei boterea kendu nahi dieten erregistroek.

Erregistro diastratikoa oinarri, gizarte erregistroek erreferentzi erregistroarekiko izan dezaketen tartea gizarte desberdintasunak, adina, sexua eta antzeko faktoreen araberakoak izango dira. Alegia, erreferentziazkoa egiten dute agintean daudenek eta unibertsitarioek gizonezkoek bereziki eta halako gazte ez direnek onartu ohi dute, nahiz eta beti erabiltzen ez duten. Oro har, agintarien klasekoak ez direnek, unibertsitarioak ez direnek, gazteenek eta emakumeek erreferentzi eredutik urrunduta hitz egiteko isuria dute.

Lanbide edo jakintza alor batekoek darabilten erregistroari diafasiko esaten zaio. Erreferentzi erregistroa, batez ere, intelektualek, idazleek eta funtzionarioek eraiki ohi dute eta beste eremu batean dihardutenek hizkuntz erabilera bereziak (lexikoak gehien bat) sortzen dituzte, estandarretik urrunduta. Zenbaterainoko tartea utzita? Nondik eta datorren, denborak ere garrantzia izango du urruntasun hori mugatzerakoan: erregistro diafasiko juridikoak lexiko eta sintaxi arkaismo ugariak erabiliko ditu, informatikoak neologismoak...

Eta hau dena aztertuta, esan besterik ez dugu eguneroko hizkuntz erabileretan, hiztun guztiek erreferentzi erregistroa urratzen dutela, besteak beste, erregistro hori jomuga, helburu, asmo hutsa delako.

Hiztunak, hala ere, ez dira jabetzen beren arau urratsez, nahiz eta besterenaz ondo baino hobeto konturatu. Nabarmen-nabarmena gertatzen da besteren akatsak zuzentzen dihardutenen hanka sartzeak, munta handiagokoak, "pulpitutik" lau haizetara berri ona aldarrikatzen dutelako. Zertan esanik ez, artikulu honetan adierazi berri dugunaren adibide bat baino gehiago idoroko du langintzari eutsiko dionak. Ajeek, zelan edo alan, denak ajeatzen gaituzte, bestela ezin baitaiteke. Baina aitortzea besterik da!

Hiztun gizalde guztietan hainbat aldaki soziolinguistiko bizi dira elkarrekin eta elkarren aurka, batera. Zein da arazoa? Aniztasuna. Eguneroko bizitzan nonahi eta noiznahi agertzen den aniztasun hori negatibotzat jo ohi da abstraktu, utopiko eta ukroniko den batasun irizpide baten izenean.

Metonimia balitz legez, erreferentzi erregistroa hizkuntza osotzat jotzen da eta, ondorioz, gramatikak, metodoak, hiztegiak, eskuliburuak eta abarrak erreferentzi erregistroan oinarrituriko abstrakzioak baino ez dira. Jakina, erregistro horregaz bat ez datorrena, "ez da" eta kito.

2.- Euskara mordoiloa edo euskara garbia ala "iruzur klasikoa"

Arau urratzearen eta akatsaren harroinean hiru zergatiko topa daitezke: "iruzur klasikoa", gramatika arauemailea eta literatura zein testu idatzia itzal soziolinguistikorik handieneko erregistro bihurtzea.

"Iruzur klasikoa" esaten zaio K. a. III. mendean alexandriar filologoek finkaturiko gramatika joerak: a) idatzia ahozkoa baino goragokoa da eta eredu izan behar du ondo hitz egin eta idazteari dagokienez; b) gramatikak berariaz arautu behar du nola hitz egin eta idatzi egokiro, literatura klasikoaren moldeen arabera; c) hizkuntzaren bilakaerak eta aldakien sorrerak endekatzea dakarte, testu zaharren eredu klasikoetatik aldentzen direnez gero. Askotan, gaur egungo euskaldun arauemaile askoren jokabidearen euskarri aipatu iruzurra dago.

Bestalde, gramatikariak, aurreko iruzurra bereganatuta, zentsuran ari izan dira, gramatika arau eta debeku multzotzat jo baitute. Gramatikak ez du deskribatu edo azaldu jendeak darabilen hizkuntza: jendeari proposatu eta inposatu diote hitz egiteko eredu bat.

Jokabide arau-emaile horri gehitu behar zaio idatzia eredu ospetsu bihurtua. Ondorioz, hiztunek literatura imitatu behar dute. Baina ez da ahaztu behar ahozkoa gizaki guztiek berezko duten gaitasun biologikoa dela. Idatzia ez. Hala ere, mintzamena bigarren mailan utzi nahi dute.

Saussuerek esan zuenez, hizkuntza ahozko ekoizpenean aztertu behar da, baina idatziz sortua ia beti garaitzen da. Ohiko gramatikak idatzikoaren alde bat, literatura, baino ez du aztertzen, baina literatura azpisistema diafasiko bat baino ez da eta, horrelakoa den aldetik, ahozko sistematik beste edozein sistema idatzi baino areago urruntzen da, batez ere poesian.

Ondorioz, kontraesan horiek guztiak bi ikuspegi sortzen dituzte: garbizalea eta errealista. Biek, halaber, bi isuri izan ohi dituzte: akademiaren aldekoa eta akademiaren aurkakoa, jokabide arau-emailea eta jokabide liberala ondorio.

Hiztun askok, eta zoritxarrez euskaltzain ugarik ere, jokabide arauemaileari eusten diote hizkuntzari dagokionez. Batzuen iritziz, "lehena beti onena" da, hirugarren alexandriar arauaren ildotik. Baina pentsamolde horrek, zein erantzun eman diezaioke galdera honi? Garbiagoa omen zen lehenaldi hori, zein lehenaldi da? Noizkoa? Zein aldakirena?

Baina azkenean, beste gertaera bat ere ahazten dute: hizkuntza bizi guztiak aldakorrak dira, hildakoak bat ere aldatzen ez direlarik, lehenaldi ideal batean baitiraute. Erreakzionarismo garbizaleak kontraesan ebazten gaitz bat aldarrikatzen du, hots, hizkuntza defendatzen omen du, baina aldagaitza nahi duenez gero, hizkuntza hila defendatzen du, alegia, maite omen duenaren heriotza.

Zeinen urrun dauden horrelako jarrerak hizkuntza izaki bizitzat jotzen dutenetatik, hizkuntza zuhaitza litzatekeela, eta hitzak hostoak, etengabe hil eta jaiotzen.

Jarrera garbizale horiek ikuspegi arkadikoa dute, hizkuntzaren lehenaldi ideala baserri aldaki kutsatu gabea eta ukronikoa litzatekeelarik. Baserria artzaina eta hiria, kaletarra, kontrakarrean. Baina segur aski ez da halakorik gertatzen, baserritar nekezale onaren hizkuntz erregistro arkaikoa eta kaletarrarena aldiberekoak ez izatea baizik. Artzainaren erregistroa ez da garbiagoa, beste erregistro soziolinguistiko bat baino. Baliteke, hori bai, hasian-hasi elkarri ez ulertzea, baina jazoera noiznahikoa da hizkuntzetan. Hizkuntz aldakien arteko harremanak beti izaten dira dialektikoak. Pentsatzekoa da, guztiarekin ere, benetako artzainen eta balitekeelako artzain bukolikoaren artean ere ederreko tartea dela.

Gainera, hizkuntz fundamentalismo horren beste alde bat jokabide zentsura zalea da. Zer eta nola esan behar den inposatu nahi du, benetan zer erabiltzen den ahaztuta. Bigarren alexandriar aurreiritzia. Zentsoreak kosta ahala kosta emango dio aurpegia hizkuntza biziari, hizkuntz aldaketa eta berearen aurkako jokabideak defendatzen dituztenak gutxiesten ahaleginduko delarik

Akademikoak, hainbat euskaltzale tarte, beti egon ohi da hizkuntzaren lehenaldiari begira: akademiak berak xedaturiko gramatikatik eta lexikotik desbideratzea desegokia da. Eta hara hor kontraesana: lagunarteko hizkerak, aldakiak, lanbide hizketak eta abarrak, berez, beti izaten dira arau-urratzaile samarrak.

Ondorioz, gramatikaria heretikoen mailua izango da.

Eta hortxe letorke hizkuntz sena. Garbizaleen iritziz, akademiaren eta jakintsuen arauez bat egingo luke. Jakina, aldagaitza litzateke ileetatik behatzetaraino. Baina, tamalez, sen horrek tentuz jardun ohi du eta urteak joan urteak etorri, moldatuz eta egokituz doa.

Horrelako jarrerak ondorio bakarrekoak dira: hizkuntza defendatu beharra dago. Nola defendatu, ordea, hizkuntzaren birjintasuna? Borrokak bi erpin kontrako ditu: akatsak zuzendu eta garbitzea, zeregin kualitatiboak dira, nolakotasunen kontua. Aldiz, biziraupena kuantitatiboa da, hizkuntzaren eragin eremuak ahalik eta gehien hedatzea. Baina nekeza da oso kalitateak eta kantitateak elkar hartzea hizkuntz kontuetan. Horren guztiaren ondorioa gordin bezain irensten gaitz gertatzen zaie batzuei, beren sabeletako "txegosketa" delikatuak direla eta: hizkuntza hedatu nahiak berez dakar erantsirik aldaketaren hazia eta, azken buruan, suntsiketa bera.

3.- Arau urratzea, gauzatuz doan hizkuntz aldaketaren ikurra

Egia esan, akatsak arau soziolinguistikoa eta arau landua elkarren aurka daudela erakutsi ez ezik, segur aski oraindik guztiz gauzatu ez den hizkuntz aldaketaren bat gertatzen ari dela agertzen ere du. Aldaketa guztiz sendotzen den arren, arauemaileek desegokitzat joko dituzte, guztiarekin ere. Azken buruan, arkadismo akademizista beti izaten da hizkuntz mudantzaren beldur, hizkuntza birrinduko delakoan.

Baina, senperrenak eta bi eginda ere, ez dago hizkuntza baten esparrua guztiz zedarrituko duenik: hizkuntz aldaketaren indarra handiagoa da hizkuntz garbizaletasunarena baino.

Garbizaleak kexu dira erabilera batzuek hizkuntza jipoitzen dutelako. Baina hizkuntza ezin da jipoitu, eurek uste baino indartsuagoa delako. Ez, zer edo zer zigortzekotan, gramatika arauak jipoitzen dira, ez hizkuntza bera. Eta "izurriterik" izatekotan, aldaketa finkatu den seinale ageri eta : arau urraketa arau bilakatu da.

Ezbairik gabe, pentsamenduzko jarrera bat ezin da defendatu ezjakintasuna eta inkoherentzia oinarri. Baina garbizale batzuek etengabe dihardute mendiratzen eta matxinatzen (to machine, ingelesez), harako apaiz ezagun haren antzera, gurutzada berri bati ekiteko prest. Higikune "santu" horrek eskatzen badu joskera berezi eta mugatu bat orokortzeko edo berba bat inposatzeko, ondo etorri, errealitatea makurrarazita, euren ideala egiaztatutzat joko dute eta.

Guztiz bestaldean, beste jarrera bat, hizkuntza erregistro sorta gisa aztertzen duena, bai zientziaren tresnez aztertzeko, bai hizkuntz laxotasuna aldarrikatzeko. Egiten utzi, hitz egiten utzi.

Zientzi jokamolde horren ondorioz, analisi filologiko eta linguistikoak hizkuntz azpisistemen arteko talka harremana hizkuntz aldaketaren eragiletzat joko du, bestela esanda, hizkuntzaren eragile moduan. Hizkuntza gizartearen ispilua da. Baina batzuei ez ei zaie gustatzen bizi duten gizartea eta hizkuntz ereduaz batera, gizarte eredu bat ere inposatu nahi dute, antza. Gizarte bateko ohiturak aldatzen badira, hitz edo esamolde batzuk bazterrera botako dira eta berriak sortuko. Gizartea bera txikitzen ez bada bideoa asmatu delako, zergatik birrinduko da hizkuntza hitz edo esamolde edo joskera berria datorrenean? Baliteke inork ez jakitea euskararen hizkuntz jatorria non den (axola ote du?), baina erratu gabe esan daiteke hurrengo mendeotako euskarak eta gaurkoak elkarren antza txikia izango dutela, baina euskarak euskara iraungo duela. Biziak herioa zor du, baita hizkuntzak ere. Zibilizazio osoak suntsitu dira, baina gizadia ez da desagertu, bizia etengabe moldatzen delako. Hizkuntzek ezin iraun dezakete moldamena galduz gero.

Polisaren muina aniztasuna da eta hizkuntz aferetan besteon hizkuntz erabilerekiko begirunea ekarri behar luke ondorioz. Hizkuntzaren zaindari peto-petoek hizkuntza endekatze izugarritik babestu nahi dute, baina, maiz, elkarbizitzaren oinarrizko arauak edo besteri zor zaion begirunea ahaztuta.

Gizarte guztiak, berez, jakintsu dira eta larregizko aldaketak horren izatea bera kaltetzen hasten direnean, barne baliabide batzuk abiarazten dituzte dena bere senera itzul dadin. Maiz hizkuntz garbizaletasunak hegoak moztu nahi dizkie gizalderik eragileenei, txukuntasuna, naturaltasuna eta antzeko argudioak baliatuta edo demaseko izugarrikeriak leporatuta, euskalkien edo aldakien gainean pezeta baten iritziak jaurtikitzen ez dituztenean. Nork bere burua ikusten duenean egia absolutuaren jabe, oso erraza da zurrun bihurtzea besterekiko eta gogoeta aldagaitz, agintzaile eta anakronikoen zerrenda botatzen jardutea. Hizkuntza gutxitu edo gutxiaraziei gagozkielarik, errazagoa da hizkuntzaren salbazioa (odol) garbitasunean ikustea.

Jakina, bi pentsamolde horiek garbizalea eta errealista muturreko jarrerak eragiten dituzte: dena arautzearen aldekoa eta dena erlatibotzat jotzen duena. Biak arriskutsuak dira: gehiegizko agintekeriak hizkuntza hiltzorian edo higitu ezinean utziko du, aldaketak zentsuraturik; erlatibismoak hizkuntzaren birrintzea ekarriko du.

Guztiarekin ere, ahaztu ohi baita, garrantzitsuena ez da hizkuntza tresna da eta, komunikazioa baino jomuga. Eta komunikazio zereginetarako, bitarteko jarrera onuragarriagoa da. Bateko, errealismotik ulertzea hizkuntzaren muina iraupena dela, hots, hiztunek hizkuntza errealitate aldakorrera moldatzeko egiten dituzten egokitzapenak. Besteko, garbizaletasunetik balioestea, mitorik gabe, bai tradizioak eraikitako komunikazio esparrua, bai hizkuntz batasunak eraginkor komunikatzeko eskaintzen dituen erraztasunak. Hizkuntz batasuna ezin da lortu eskura arau estandar malgurik, hau da, moldatze jardunbide doiturik izan gabe.

Gaur gramatikariak desegokitzat duena, bihar baliteke erabilera landua eta hiztun guztiek onartua. Ez da ahaztu behar erabilera urratzailea akatsa edo gauzakizun dagoen aldaketa (nondik begiratzen zaion) beti-beti izaten duela jatorritzat banako erabilera arau urratzaileren bat, Saussurek berak esan zuenez, ezer ez da sistemara pasako aurretik hiztunek erabili ezean

4.- Akatsak edo gauzakizun dauden aldaketa batzuk sailka

Arau urragarrien eta arau urratzaileen arteko topaketak etengabe jazotzen dira. Beraz, sailkapenak hizkuntz osagai guztiak hartu behar lituzke. Hala ere, denak ez dira jasoko lerrootan, ezinezkoa baita. Batzuk argigarri izango dira hainbat akats azaltzeko garaian:

4.1.- Semantika antzekotasunagatiko aldaketa

Antza denez, "mantendu" aditzak eta mantenu izenak elikadurarekin zuten zerikusia. Mantenduren bigarren adierak zerbaitek bere izateari edo egoerari eustea da, irauten utzi edo iraunaraztea. Gaur egun, hala ere, erdara dela eta, zaindu aditzaren eremua ere hartu dute eta "kotxe mantenimendua", "mantenimendu enpresa", "hiri mantenimendua" eta abarrak erabiltzen dira.

4.2.- Paradigmaren antzekotasunagatiko aldaketak

Eman zidazun eta antzeko laguntzaile arauz kanpokoak ditugu adibide garbi.

4.3.- Aditz laguntzaileen erregularizazioagatiko aldaketa

Euskaraz, diakronian nor-nori laguntzailea erabiltzen omen zuten aditzak nor-nori-nork bihurtuz doaz.

4.4.- Sintagma gehikuntza errepikakoa

Gero eta gehiago gertatzen ari da gazteleraz eta geuk, euskaraz, antzera errepikatzen: gizarte zibila (gizartea zibila baino ezin da izan), memoria historikoa (jakina, ezin da bestelakoa izan), biktima errugabea (beti!), balio iritzia (iritzia emateak bere du balioztatzea)...

Beste atal batean agertuko den zerrendan horrelako asko eta asko jasoko dira.

4.5.- Paradigmak hanpatzea

Baliteke beste hizkuntzen eraginagatik izatea, baina aitortu beharra dago, euskararen gramatikak ahalbidetzen du-eta, oso gertaera emankorra dela: lehentasuna eman, gaiari eman dioten tratamendua, ondorioetara heldu, balorazio negatiboa egin...

Itxuraz, horrelakoak izango lirateke baztertzen errazenak, baina ez da ahaztu behar erabiltzaileek berek erabakiko dutela zein izango den iraunkor eta zein ez. Badago bat, guztiarekin ere, ingelesetik gaztelerara helduta, gure etxean nolabaiteko tokia egiten ari dena, alegia, baldintza erabiltzea "dirudienez, antza denez, omen..." eta halakoen ordez: "Lehendakaria Kataluniara joango litzateke". Badirudi baldintza dagoela oinarrian, baina esaldiaren balio modala ez da hori, "Lehendakaria Kataluniara joango omen da" baino. Geroak du hitza.

Antzeko zer edo zer jazotzen doa "ahal izan" perifrasiaren edo ahalera bitartezko hainbat esakunetan (gazteleraz ere bai). Horrela:

  • "halako botoia zapalduta, erabiltzaileak demo bat ikus dezake" -> "ikusiko du"
  • "horren bidez erabiltzaileak argazkien diseinua alda dezake" -> "aldatuko ditu"

Zer dago horren ostean, beste hizkuntza baten eraginaz gain? Horror vacui moduko bat.

4.6.- Teknologia berrien ondoriozko batzuk

Aurreko atalean adierazitakoak ez ezik, auzo hizkuntzetan gero eta maizago agertu doazen batzuk ere heltzen zaizkigu:

  • Sintagma aldaketak. Ingelesaren antzera jokatuta, gazteleraz preposizioak kenduta, mota bakarreko sintagmak sortzen dira, bestelako aukerak (ulergarriagoak) albora utzita:
    • 3D simulazioak -> hiru dimentsioko simulazioak.
    • multimedia aurkezpenak -> media (bitarteko) anitzeko aurkezpena.
    • Word dokumentua -> Wordek sortutako dokumentua, Worden dokumentua.
  • Buru anglizismoak eta itzulpenak. Hitzez hitzeko itzulpen gehienak itzulpen txarrak ei dira. Oso ezaguna da kide aizunen kontzeptua, alegia, jatorrizko eta xede hizkuntzetan itxuraz antzekoak izan arren, esangura desberdinak dituzten hitzenak. Oso ezagun dira:
    • silicone -> *silikona -> silizioa,
    • luxury -> *haragikeria -> luxua,
    • to save -> *salbatu -> grabatu (irarri?),
    • acttually -> *oraingoan -> benetan,
    • billion -> *bilioia -> mila milioi.
  • Lexikoa gainjartzea. Hitz berriak lehendik zegoen bat ordezkatzen du eta, ondorioz, termino diafasiko bat, "audioa", "bideoa", mezu estandar batean erabiltzen da teknopedantekeria. Bideoari gagozkiola, bideo berbak erroak ditu videre aditz latindarrean. Izen bihurtu da ingelesez, gazteleraz eta euskaraz ere. Baina ikusirekiko harreman semantikoa galduta dauka, magnetoskopioa izendatzen baitu.
  • Anglizismo lexikoak. Besteak beste, "enter" ingeles aditzaren itzulpena beti ez da "sartu" izango, "gehitu, emendatu, idatzi" eta abar izan daiteke eta.
  • Siglak, akronimoak eta laburtzapenak. Informatika eta antzeko teknologiek horrelako asko eragiten ari da: "PC", "WYSIWYG" (What You See Is What You Get -> zer ikusi, hura lortu), "demoa", "logoa"...

5.- Kirolak eta politika

Kirolak eta politika gero eta jarduera garrantzitsuagoak dira. Eta, ondorioz, gero eta nabarmenagoak eguneroko hizkuntzan izaten duten eragina. Apur-apurka kirola norbanakoen jarduera izatetik, beste alor batzuk ere hartzera igaro da: politika, kirol lehia herri lehia ere bihurtuz doa; gizartea, jendetan biltzeko indarra du eta; ekonomia, kirolek ekonomi ondorio ukaezin handiak dituenez gero; kultura, kirola kultura eredu itzaltsu bilakatu da. Politikaz, beste horrenbeste esan daiteke, zerrendan egokitzapen batzuk eginda.

Ia ezari-ezarian, kiroletan eta politikan erabiltzen diren esamoldeak eguneroko hizkuntza estandarrera igaro dira. Eta bitarikoak ditugu: jatorritzat euskara bera dutenak "hauteskundeetako azken txanpan" oso gutxi, zoritxarrez eta kanpotik ekarritakoak ugariak, aukeran. Bigarrenak dira batez ere aurrerago zerrendan eskainiko ditugunak. Batzuk mailegu gordinak dira: "asumitu", bestetzuk mailegu semantikoak: "kriston gola sartu diete sindikatuei"

Kirolen eta horien araudien jatorria anglosaxoia da eta, ondorioz, ingelesaren eragina nagusituz doa. Betiko legez, denborak esan beharko du azken hitza. Hala ere, itzulpen bidez heldutako kide aizun horietako batzuk izango lirateke larrienak. Euskaraz, guztiarekin ere, ez dira gazteleraz beste topatzen.

Zer dela eta dute politikak eta kirolak horrenbesterainoko eragina eguneroko hizkeran? Segur aski ahozkotik hurbilen daudenak direlako, ikus-entzunezkoen bitartez hedatzen direnetik. Horrela, biek ahozkotasunaren ezaugarririk behinenak izaten dituzte: a) bizitasuna eta malgutasuna; b) lexiko epiko samarra; c) klixeak, topikoak eta estereotipo semantikoak; d) arrunkeriak eta lagunarteko esaera, eta e) neurriz gaineko intonazioa. Beharbada, politikarienari gehitu beharko zaio pedantekeriarako isuria, askotan erregistro nahasketa izugarria sortzen duela: oso esamolde landu, tekniko edo kultisten ostean kale gorrikoak ere botatzen dituzte. Komunikabideetan ikusi besterik ez dago zein alorrek hartzen duen tarterik luzeena. Ondorioz, ez da harritzekoa gero eta maizago entzutea denon ahotan. Beste inon esan bezala, hori berez ez da kaltegarri hizkuntzarentzat. Berriki egindako ikerketa batzuek agertzen dutenez, hizkuntzan errazago aldatzen da lexikoa gramatika baino. Eta gramatikak dirauen bitartean, hizkuntza horren garra pizturik egongo da. Azken buruan, baserritik kalerako ibilbidean, euskaldunik petoenak ere bidean hainbat berba utziko ditu inguru berrian horrelako adierarik ez dagoelako, tresna zaharrak berriek ordezkatu dituztelako.... Baita, baserritik ateratzen ez bada ere. Idiak tiraturiko gurdia hainbat balbulatako motoredun traktoreak edo autoak ordezkatu duenean... Mendirik galduenetan dabilen artzainak berak irratia eroan ohi du! Herioak bizi dakar! Ele batzuk galdu eta berriak bereganatu. Bizi legea!

Bi erregistroetan fraseologiak automatismorantz jotzen du. Bateko, kiroletan narratzen dena ia aldatzen ez delako (liga bera, adibidez); besteko, politikarien artean mimetismo handia dagoelako, partidu bateko politikariek berbaldi bera erabili behar dutelako, legebiltzarrean entzundakoa denon belarrietara heltzen delako. Kiroletako erregistroan maiz jotzen da sinonimoetara: baloia -> larrua, gola -> puntua -> tantoa. Jakina, askotan ondorioa izaten da zorroztasuna galtzea, esaerak lausoago bihurtzea. Baina, beste nonbait esan legez, oraindik guztiz finkatu ez diren aldaketak izan daitezke.

Bi erregistroetan oreka egongaitza izaten da lagunarteko esamoldeen eta txirri-porroen artean. Baina ez modu berean: kirolariak eta enparauak saiatzen dira beren jardueraren gizarte itzala jasotzen eta hizkuntz aukeretan, gehiegizko balioa eman nahi izaten diote, arlote geratzeko edo argot ulergaitza erabiltzeko. Politikariei askotan egokitzen zaie ondo menperatzen ez duten gai baten gainean berba egin beharra. Edo herri xehearen aurrean agertu behar izatea. Edota, kiroletakoen antzera, benetan ez duten maila agertu gura izatea edo atzerriko hizkuntzak dakizkitela erakusteko gogoa sentitzea. Nola ere den, horien guztion esanek oihartzun handia izaten dute hedabideetan.

Nolanahi ere den, erregistro berezi batzuen erabilera ohiz kanpokoek ez gintuzkete eroan beharko polizi jarrera garbizalea hartzera, ez derrigorrez, behintzat. Hizkuntza aldatu egiten da, bateko, eta hizkuntzek elkarrengandik elikatzen dira, besteko. Bai, euskaratik gutxiago edaten dute auzo hizkuntzek, baina ez dugu atzendu behar, hala ere, Euskal Herriko lagunarteko frantsesak eta gaztelerak euskararen usaina eta zaporea dituztela.

6.- Txukuntasunaren izpiritua?

"Txukuntasunaren izpiritua" darabilte argudiotzat garbizale batzuek. Baina zer da txukuntasuna? Kontzeptu estetikoa gehienez ere, zer edo zer izatekotan. "Hiztun garbia" hitzetik hortzera aipatu. Zer da, baina, hiztun garbia? Atzera ere beste atal batean aipatu genuen inongo ez den hiztunak darabilen inoiz ez inoizko araua. Hiztunak akuilatu nahi ditu garbizaleak, nonbait taldearen artzaina omen delakoan. Baina askotan ardiek sen zoliagoa dute artzainak baino. Ardiak badaki zein belar mota behar duen, zein duen gustukoen, zein atseginen eta zeinek ematen dizkion tripako minak, artzainak berak baino askoz ere hobeto. Areago, beren arau eta liburuei herri xeheak behar besteko jaramonik egiten ez dielakoan, horrelako gomendio-beharkizunak "nor denari" plangintza baten barruan jasotzeko eskatzen diote, aginte politikoa dela bitarte. Erabateko dirigismoa hizkuntz kontuetan ere.

Baina baliteke beste ikuspegi bat ere. Zertan zentsuratu jendearen hizkuntz erabilerak? Izan ere, ageri-agerikoa da hizkuntz osagaiek badirautela gizarte gehiengo baten onarpena lortuz gero. Bestela, jai! Denborak beti izango du azken hitza. Euskaraz ertaina ez omen zen ezer, baina nork ez du gaur ia derrigorrezkoa hainbat erregistrotan?

Euskaldunek auzo hizkuntzetatik inportaturiko berrikeriek mugak ezartzen omen dituzte euskaldunon artean, komunikazioa oztopatu edo galarazten dutelako. Baliteke horrela gertatzea, baldin eta euskaldun horiek inolako hizkuntz harremanik ez badute, zeren gauza jakina da bi hiztunek, azkenean, hitz egin ahala eredu iragankor adostua osatzen dutela, direnak direla euren idiolektoak. Azkenena, hizkuntza bera baitarabilte, elkarri ulertuko diote. Beraz, euskaldunek elkarri oztopoak jartzen dizkiotela adierazten dutenean, zer esan nahi dute? Euskaldun horiek ez dutela inongo harremanik elkarrekin edo harreman hori irakurrizkoa baino ez dela. Baina, horrela izanez gero benetan, zein da arazoa? Elkar ikusten ez badute, elkarri berba egiten ez badiote, zein oztopo jarriko diote batak besteari? Bat ere ez. Baina bizimodutzat berba zerrendak, hiztegiak, eleak dituenak horrelakoei ematen die garrantzirik handiena, apika ahazten duela hizkuntzak bestelako osagai batzuk ere dituela eta joskera (gramatika) hiztegia baino iraunkorragoa dela, aldagaitzagoa. Betiko legez, kontua orekan datza. Dena arautu nahi izatetik erabateko utzikeriaraino oso eremu zabala dago. Gainera, hizkuntzalariek maiz esan dute hizkuntza ezin dela oso-osorik deskribatu. Eta idiolekto guztien berri ematea ezinezkoa dela. Eta ez dagoela hizkuntz arauak urratzen ez dituen hiztunik, inoizko onena izanda ere, arau urratzetik bizitasuna eta sormena baitatozkio hizkuntzari. Zer dira, askotan, txisteak eta hitz jokoak? Nahita egindako arau urratze bizi eta sendo hutsak!

Oso erraza da ikerlariak hizkuntza zer edo zer monolitikotzat jotzea, ikergaiari horrela hobeto heltzen bide zaiolako, antza. Ez da horrela gertatzen, barren. Eta ia oharkabean, gainera, hiztun bakoitzak bere idiolektoa (zatia) sistema osotzat (batasuna) hartzen du. Baina derrigorrezkoa dugu ondo begi aurrean izatea hizkuntza gauza bizi eta aldakorra dela eta hiztunek berek ezartzen dizkioten mugak baino ez dituela, arau emaileek esanak esan.

Kontuak kontu, arau ematen hasiz gero, kontuz ibili behar da norberaren gustua, euskalkia edo idiolektoa irizpide ia bakar izan ez dadin. Ezein ikuspuntutatik ere, erabiltzaileek ez darabiltenez landako hizkuntz ereduak arautzat ematea beti arriskutsua da, urte batzuen buruan beste arau-emaileren batek guztiz bestela joka baitezake.

7.- Oratoria, erretorika, dialektika eta demagogia

Eta nola gauzatzen da orain arte esandako guztia ahoz jardun behar denean jendaurrean? Zeren horrela defini daitekeen Oratoria hasian-hasi. Hitzaldiak edo diskurtsoak emateko antzea dela dioskute entziklopediek. Gaur egun, maiz gertatzen da lanbide gehienetan jendaurrean hitz egin beharra. Hots, elitekotasuna galtzen hasita dago. Areago, lanbidetik kanpora ere, nor ez da bateko edo besteko elkarteren batean kide? Beraz, askotan, ahoz eraginkor jardutea ezinbesteko baliabide eta baldintza (mugakizuna) bihurtuko da. Zer da astunago, mamia edo itxura, "zer" esaten den ala "nola"? Inoiz edo behin, mami gutxiko baina azal ederreko hizlariak ateratzen dira gailen ahozko jardunak ondo eratzen badakitelako.

Gero eta beharrezkoagoa izaten ari da lanbide gehienetan komunikazio gaitasunaren jabe izatea. Hasiera batean, edozein hiztun landuren zientzi lanbide gaitasuna eta komunikazio gaitasuna estu-estu loturik leudeke. Ez da horrela jazotzen, aldiz. Hainbatetan, lagun askoren mintzamena oso urrun dago jomuga horretatik. Ikasketa plan gehienetan, komunikaziorako trebakuntza ez da inon lantzen, ezta maisu-maistrak prestatzeko eskoletan ere.

Ez da harritzekoa gero, lanean hasitakoan, hainbat profesionalek erakunde pribaturen batera jo behar izatea jendaurrean hitz egiten ikasteko ikastaroren bat egitera. Administrazio publiko batzuek ahozko adierazpena lantzeko ikastaroak antolatzen hasi dira.

Ukaezina da jendaurrean diharduten lagun batzuk irakasleak, kazetariak, politikariak eredu (nagusia) direla ahozkotasunari dagokionez. Irakasleei bagagozkio, garrantzi hori ez da islatzen gizarte itzalean, gutxitan aitortzen baitzaie irakasleoi beren zereginaren handia. Gizarte onarpen horren ezean, lagun asko apurka bere buruaren prestakuntza utziz doa.

Giza jarduera asko komunikazio ariketa etengabeak dira. Eta komunikazioaren teorilariek betidanik nabarmendu dute atze elikaduraren garrantzia, alegia, ez dagoela komunikaziorik mintzakideari erantzuteko aukerarik eman ezean.

Kontua da oratoria ia lanbidetzat duten horien esanak on izatea, eduki igorle barik, komunikatzaile eraginkor izatea. Auzia, betiko legez, orekan datza: mamiak ez dio azpia jan behar azalari eta azalak ez du axolagabe jokatu behar mamiarekin.

Klasikoen garaia, Oratoria, Erretorika eta Dialektika arte liberalak ziren. Definizio klasikoen arabera, erretorika da hizlariak entzulea erakarri eta hunkitzeko erabiltzen duen antzea. Eskolak ere antolatu zituzten horretan trebatzeko. Dialektika, laburto, eztabaidatzeko antzea genuke. Baina eguneroko bizitzan ez da erretorikaren edo dialektikaren eremuraino joan behar beti: asko da Oratoriaren alorrean geratzea, alegia, ondo hitz eginda, besteak irizkide egiteko antzea. Askotan, horrelako trebetasunen partez, demagogia gailentzen da.

Hizlariak, beraz, hainbat osagai menperatu beharko ditu, trebezia batzuk landu: arnasa ondo hartzea, gorputz hizkuntza (keinuak, begirada, posizioa...) egoki erabiltzea, egokieraren araberako janzkera egokia eramatea, beldur eszenikoa gainditzen jakitea, burua "hutsik" geratzekotan baliabide batzuk izatea eta hitzaldia aurretik prestatu eta antolatzea. Jakina, oinarri-oinarrian bi osagai ezinbesteko egongo dira: zeresanik izatea eta hizkuntz akats nabarmenegirik ez egitea. Bai, begi bistako dirudite bi-biek, baina horiek, gabe, gainontzekoek ez dute ezertxo ere balio.

Zergatik, baina, hizkuntz akats nabarmenegirik ez? Akatsek ezinegona sortzen dutelako entzuleetan. Kontu menperatzen gaitza benetan, areago hizkuntz guztiz estandarizatu gabeetan, euskarari bagagozkio, ahozkoa delarik ia gutxien arautu den alorra. Eta, oro har, entzuleen arrotzarekiko atxikimendua eta onarpena ahozkotasunean oinarritzen delako, Glotodidaktikan egindako hainbat ikerketek egiaztatu duten legez. Tokian tokiko hizkera erabili ezean ia ezinezkoa, estandar "itzaltsua" erabili beharko da, onartuena. Eta horretan akatsak berebiziko zeregina izango du. Akatsak, gutxien-gutxienik, arreta eramango du edukitik azalera, itxurara. Etengabe gertatuz gero, komunikazioa Oratoriaren helburua guztiz galaraziko dute.

Zoritxarrez, idazketarekin gertatu bezala, gero eta txarrago idazten da eta, atrebentzia ez bada, gero eta txarrago berba egiten. Baina txarto hori definitzeko, ez darabilgu irizpide garbizalerik, komunikazioa bera baino. Alegia, komunikazio arrakastatsua. Txarto eratutako idazkiak edo berbaldiak nekez lortuko du helburua. Zenbat eta oztopo gutxiago, eraginkorragoa. Eta horrek balio du berbaldia edozelakoa izanda ere.

Arestian adierazitakoaren ildotik aztertu behar da hurrengo atalean eskainiko den zerrenda. Jasotariko lekukotasun horietako batzuk oso errotuta daude egungo hizkeran, nahiz eta auzo hizkuntzak frantsesa eta espainola jakin gabe ez diren oso ulergarri. Zer dira, baina? Akatsak ala gauzatuz doazen aldaketak?

Adibide bat jartzearren, ulergarria ote da kazetari euskaldun batek idatziriko esaldi hau gaztelera edo frantsesa erreferentzia izan gabe? Hona hemen: "Uda beroa, udazken beroago baten adierazle? Garzon-Mayor Orejaren azken operazioak gradu askotan igo du gatazkaren tenperatura". Artikuluan barra-barra agertzen dira horrelako esakuneak: "apustu politikoa", "mugimendu independentista", "tresneria politiko-juridiko-mediatikoa", "testuinguru politiko", "konponbidea klabe politikoan eman"... Kontua, guztiagaz ere, hauxe litzateke: baztertzekoak dira? Agi denez, denak ez dira munta berekoak, zerrendan bertan egiazta daitekeenez, horietako batzuek euskararen ohiko esamolde batzuk ordezkatu baitituzte. Eta komunikazioari gagozkiola, erraztu ala oztopatzen dute? Lehen esan bezala, auzo hizkuntzak menperatu ezean, ez dira oso ulergarriak. Baina erabiltzearen erabiltzeaz, azkenean, errotu egin ere daitezke.

8.- Bilketa

Segituan agertuko den zerrenda 1998.ean euskarazko irratietan entzundakoen bilduma da. Ez du agortzailea izateko inongo asmorik. Baina, zelan edo alan, komunikabideetara hurbiltzen diren euskal komunikatzaile batzuen erabilera "heterodoxo" batzuen berri ematen du. Esan horietako asko eta asko gramatikari espainiarrek gaitzetsiak dira, baina euskaldunok jaso eta geureganatu ditugu. Akatsak ala gertakizun dauden aldaketak? Hiztunek berek dute hitza. Baina ezin ukatuzkoa da horietako askok eta askok erroak beste hizkuntzetako lur gozoetan dituztela eta euskal esamolde finkatu batzuk ordezkatzera etorri direla.

Letra beltzez eskainitako aukera batzuk nondik nora jo daitekeen adierazteko baliabide xumeak baino ez dira, burura etorri ahala jasotakoak. Ezbairik gabe, beste batzuk izango dira aukeran, hobeak eta argiagoak. Nork bereak eman bitza. 

asumitu  bereganatu, bere egin
Ertzaintzaren aktuazioa jarduna, ekina, ...
berak jokatzen duen papera zeregina...
penalki, politikoki... zigorrei dagokienez, politika kontuetan...
neurriak hartu zerbait/zer edo zer egin, deliberamendua hartu, erabakitzea...
lehentasuna eman lehenetsi 
posible da baliteke...
arropa hobeto geratuko zaizu arropa hobeto edukiko duzu...
merkatal gune denda gune... 
segimendua egin adi egon, bilakaeraren jakitun egon...
baloreak aldatu dira balioak aldatu dira
hilda suertatu da hil dute. hil da
kidegoan sartu kide egin, irakasle egin...
aktiboan dago badihardu, badabil 
gaia, tema mintzagaia, hizpidea, e.a.
testuinguru horretan: gazteleratik jasoa, baina anglizismoa 
normaltasuna da nagusi dena normal, ondo
politkoki, juridikoki gaztelerazko -mente guztiak besterik gabe -ki? 
ideia ezberdinak (galizismoa) hainbat pentsaera, ikuspegi guztiak
legeak aurreikusi  legeak ez du aurreikusten, xedatu, ebatzi egiten du
ministroen mailan ministroen artean
Gobernutik lortu nahi da Gobernuak lortu nahi du (oso zabaldua, gazteleraz ere gaitzetsia)
mentalizatu jabetu, bereganatu, ohitu...
kontzientziatu konturatu, bereganatu, jakinaren gainean egon
zedituta jokatu lagata jokatu?
Gobernuak pozik hartuko luke badirudi, dirudienez, antza denez, omen (ez da benetako baldintza)
ezberdintasun semantikoak hizkera/hizkuntza ezberdintasunak
bilera amaitutakotzat jo bilera amaitu, amaitua zela esan/aldarrikatu
nolabait (de alguna manera) alferreko makulua, gero eta maizago erabilia, auzokoek erabili ez ezik, zer esan pentsatzeko aukera ere ematen omen duela.
joko zikina zikinkeria, azpikeriatan ibili, jokaera txar, jokaldi makur, azpijoko, joko txar
epea moztu epea eten, laburtu
sinesgarritasuna galdu ez da sinestekoa, nekez sinetsi...
horrelako egoera batean horrelako egokieran, egokiera horretan...
ordainketaren zatikapena egin zatika ordaindu (beharrik gabeko abstrakzio ulergaitza)
Lehendakaritzarako proposatu dute -rako aurkeztu/hautatu, agertu, eskaini
enteratu jakin, jantzi
planteatu sortu, asmoa aurkeztu...
prozesua testuinguru guztietan ez: aldia, jardunbidea...
hiriko hondakin solidoak zaborrak, hondakinak
(gerontologi) zentroa (zahar) etxe (ingelesetik gaztelera bitarte dela center gehiegi heldu zaigu aspaldion)
bere sakelatik atera zuen  askotan "bere" eta enparauak Æ
nolako doikuntzak egin behar dituzun nola doitu
argi berdea eman semafororik ez dagoen lekuan?
sorpresa bat izan da harrigarria izan da, horrek harritu nau
arazoa bideratu (reconducir el problema) bestela gauzatu, berriro aztertzea
kolektibo (jendea aipatzeko) jendea, lagunarte, gizalde
ikasleen mailan (a nivel de) ikasleetan, ikasleen artean... (ondo legoke benetan mailak izatekotan, esaterako Administrazioan)
gailurra (bilera, cumbre) oso jende garrantzitsua bilduz gero, bai, ostera, ez.
terroristen santutegia aterpe, babesleku 
gertutik jarraitu jakinaren gainean egon (etengabe)
konfidantza osoa bete-betean fidatu
hiru suspenditu ditut hiru suspenditu dizkidate
atentatua errebindikatu egile aitortu
reintsertzioa (ber)gizarteratzea
ministerioa birmoldatzea aldatu, zaharberritu, egokitu 
une historikoa une gogoangarria
langabezia gerarazi (berba jokoa dirudi) langabezia murriztu
industri birmoldaketa berriro antolatzea / arautzea
Ingalaterrak jokatzen duen rola/papera anglizismo arbuiagarria, zeregina?
positiboki baloratu anglizismo arbuiagarria: ontzat jo, onartu
aldizkarien errepasoa aldizkariei begiratua bota
mantendu  mantener eta mantenimiento guztiak mantenduren bitartez derrigorrean?
ikuspegi horretatik horrela ikusita, horiek horrela
blokeoa partzialki altxatu debekua aldez indargabetu
neutraltzea indargabetzea
ordutegia (bi)tarte, ordu tarte...
oinarrizko (básico, basic) a) garrantzitsua, b) hasi-masiak (basic english)
bizia galdu hil da /hil dute
"halako telefonora deituz alokatu" (gerundioak) deituta (beste hizkuntzetan gazteleraz baino gehiago baliatzen dira eta erabilera okerrak gailenduz doaz. Euskaraz ere aspektu hori emateko hainbat baliabide izanda, ezbeharreko kalkoak egin ohi dira)
balantzea egin balioetsi, balioztatu...
nire kaligrafia txarra da  idazkera
kanpus zertan erabili ia gazteleraz baino ez darabilten izendapen hori, gainera deklinatzeko orduan arazo ugari dituela? zelaia, alorra, esparrua, barrutia...
balorazio positiboa  ontzat jo du, ondo hartu du...
selekzioaren gaia selekzioa hizpide darabilgula
horrelako kasuetan horrelakoetan
kasuan kasu egoeraren arabera...
zozketan sartu zara esku hartuko duzu...
lanaren munduan zer esan nahi du mundu berbak hor? 
gerri politikoa gaztelerarik jakin gabe ulergarri ote?
errepaso txiki erdal pequeño guztiak besterik gabe txikiren bitartez?
ze irakurketa egiten duzu? zer deritzozu? 
berria filtratu kalko nabarmenegia
nekatu bezala dago "como inminente" eta abarrak ez omen dira zuzenak gazteleraz. Euskaraz? 
konpromisoa gazteleraz compromiso eta acuerdo ez dira berdinak, baina nahastu egiten dituzte. Berdin gertatuko ote zaigu?
testuingurua eremu, alor, baldintza, egokiera...
liburuaren kopia /aldaki batzuk anglizismoa: ale 
kulpabilizatu norberaren burua erruduntzat jo
(hitzaldia, ikasgaia) garatu hitzaldia eman, jendaurrean hitz egitea
Gobernutik lortu nahi da Gobernuak lortu nahi du
Gobernua halako legetik desmarkatu da ez duela zerikusirik izango adierazi du
dinamizatu bultzatu, suspertu...
matrikulaziorako prozedura nola matrikulatu...
gaur da eguna gaur egun
gaia/hitzaldia/liburua... landu elaborar gazteleraz ere gehiegi, koadroa pintatu, hitzaldia eman...
jokoan egon ondo interesak, txarto proiektuak 
finantza erakundea ez omen dira berdinak: kutxa, banka erakundea eta finantza erakundea
ekipamendua (hornidura) ez da tresnen edo materialaren sinonimoa
zer aldarrikapen egingo zenuke zer aldarrikatuko (berriro ere ezbeharreko abstrakzioa, ulergaitzagoa).
azken orduko albistea ez da erdararik jakin gabe ulertzen. Labetik harako ogia eta antzeko esamoldeak daude zer gertatu berri den azaltzeko.
hor dago arazoa hortxe dago kakoa, horixe da gakoa
fidagarria # segurua gauza = segurua, pertsona = fidagarria
lege horren filosofia  pedantekeria, legearen oinarriak, hastapenak
finantzatu ez da amortizatzea, gastuak ordaintzea baino
bere momentuan, bere egunean (en su día) inoiz, noizbait, halako garaian... 
hauteskunde prozesuan hauteskundeetan
finantza aparatu gaztelerarik jakin ezean, nekez ulertzekoa
gauza puntualetan, aldaketa puntualak jakinak, zehatzak... (galizismoa)
gehiengo soziala herritar gehienak, ia gizarte osoa...
neurri batean aldez, bateko, zelan edo alan...
irakurleei zuzentzen zaie irakurleei esan, jakinarazi...
adostasunera helduko garela ados jarri, bat etorri, elkar hartu...
kentzea posible izango da ken daiteke / liteke
iraultza handia ekarriko du guztiz irauliko du
diru kopuru, jende kopuru aukeran dirutza, diruak, jendetza, lagunak, gizaldea... eta ere badira.
laguntza horren ordainketa iraungitzea ez ordaintzea laguntza hori
haur bat aurkitzen da kabinan jaso dugu / dute..., dago, da
informazio murritza daukate gutxi dakite
bide onetik joan ondo abiatu da
udal guztien artean banatuko du nori berea (bakoitzari zati bana, bestela?)
metodologia # metodoak metodologia = zientzia, ikerketa bateko metodo multzoa
horrek esan nahi du beraz, ondorioz...
"Gero", Axularren liburu ezagun bat, (anglizismoa) "Gero", Axularren liburu ezaguna,
bere balorazioa eman zuen, iritzia eman zuen (gazteleraz ere delako balorazio hori iritzia baino ez da)
aldeko balorazioa (positiboa) onartu, onetsi...
kontrako balorazioa (negatiboa) gaitzetsi
idatziz zuzentzen natzaizu (gutunean) gerundioa beharrezkoa ote? Zuzendu partez, "gutun honen bitartez adierazi nahi dizut" edo antzekoren bat, 
bere mugak jartzen ditu mugatzen du
politikan parametro berri bat sartu politikarien hizkera kriptikoa
morrontzan erori morroi bihurtu
lan hori aitzina (aurrera) eraman lana bururatu
orkestra gidatu zuzendu, agindu (anglizismoa)
kalitatearen kulturan murgildu hanpatuegia ote?
prozesua gaur egun gauza guztiak prozesu bihurtu dira: jardunbidea, ekinaldia...
talde horren azken arrakastak  plurala ote? Mitxelenaren hiztegian ez. 
arazo horri dagokionez  dena arazo bihurtu da (gazteleraz ere), hori dela eta...
gertaera horren erruagatik gertaeragatik, gertaera dela bitarte...
egia esan antza denez ala benetan? (anglizismoa askotan: really)
gai  gazteleraz tema gehiegi. Ezinago egoki esaten zaio temati beti tema/gai berarekin dabilenari. 
aldez aurretik gehiegi erabiltzen ote?
agente politikoak politikariak, partiduak
alkatea oso itxia zegoen uzkur
jarraitu # iraun iraun eta antzeko aditzak eremu guztietatik desagertzen ari dira jarraitu dela eta
gaiz aldatzeko berbetari utzi, solasa utzi, beste hizpide bat erabili... 
alerta egoeran egon erne, zur egon
tratu gogorrak, txarrak gogor, txarto erabili... 
aurrerapauso handia izan da (anglizismoa) aurreramendu, aurreraka handia...
minutu batean kontatuko dizuegu hemendik minutu batera, minutu garrenean...
maitasuna egin hainbat, erregistro guztietakoak (galizismoa)
ahalegin handia suposatzen dio neke du zeregin hori
ez diot zentzurik ikusten nire urtez ez dauka ez bururik ez hankarik
hilik gertatu da hil da
proposamen bat luzatu zerbait aurreratu, eskaini
azpimarratu nahi dut (ahoz) nabarmendu nahi dut
Euskaltzaindiak egoitza ireki  jarri, kokatu...
ondorioetara heldu ondorioztatu
gaia sakondu  areago, sakonago, hobeto... aztertu
horren funtzioa zer den... zeregina, ...-rako balio du
zentzu horretan,  horretaz, horren gainean...
hamalau gradutan gaude hamalau gradu ditugu
printzipioz hasteko, hasian-hasi
hirugarren adina adinekoak
sistematikoki aukeran, arauz...
alternatiba, hautabidea neurriz erabili (angliz. --> galiz.)
area, alorra (angliz. -> galizismoa) ? beti ez da beharrezkoa Kirol (Alorr)a
datu, odol... banku (angliz. -> galizismoa) datutegia, datu gordailua
aukera ezin hobea da (angliz.-> galiz. oportunidad) egokiera...
irizpide ekonomizista  ekonomi irizpide
egilearen filosofia pentsaera, pentsamoldea, ustea
baldintza fisikoak sasoian egotea
egoera errepasatu egoera aztertu, egoeraz gogoeta egin, zertan den aztertu
lerro nagusiak gaztelerarik jakiteke, iluna.
gonbidatuta geratu zara gonbidatuta zaude
subjektu politikoa zer esan gura du?
hurbildik jarraitu Irlandako egoerari egoeraren jakitun egon erabat
euri arriskua dago euria egin lezake
zerbitzu profesionalak (anglizismoa) askotan ez da batere beharrezkoa: iturginaren zerbitzuak?
arazo zehatzak, jakinak  askotan, arazo hutsak dira. Beraz, zertan esan zehatza (# lausoa)?
askapena exijitu  gazteleraz exigir # instar askatzeko eskatu, galdatu
mediatikoa komunikabide-
erabiltzaile "usuario/a" herritar, irakurle, kirolari... izan daiteke, zergatik beti erabiltzailea?
gainbizitzea lortu du zelan edo alan aurrera atera, nekez bizitzea, bizirik dirau
lau hitzordu nabarmendu !!! (elkargune, ekintza, ospakizun...)
irakurlego zabalarentzat idatziak mota guztietako ,orotariko irakurleentzat
irakurketa itxia gaztelerarik jakin gabe, nekeza.
elebitasunaren istorio hori benetan ote da istorioa horrelako autu bat?
gure lehiatzaileen zerrendara zoaz izena zerrendan jasoko dizugu
plana garatu adituek baino ez dute ulertzen
konpromezua / konpromisoa hartu konprometitu, hitz eman
sakonera kulturaleko proiektua !!!
arazo (anglizismoa) beti ez da txarra. Ikus Erdarakadak. Gehiegi erabiltzen da. Aukeran, beste hitz batzuk: kontua, afera, jazoera, eztabaidagaia, saltsa...
mantenimendu enpresa Kontuz! Beti ez dauka zerikusirik mantentzearen ohiko esangurarekin. 
legalitate minimo bat !!!
Lertxundiren azken nobela nobela berria ote?
eskuhartze hipotetikoa esku har lezakete (antza, dirudienez...)
indar abertzaleak ulergaitza gaztelerarik jakin ezean.
ehun puntutan salgai ehun saltokitan eskuragarri
orrialdea pasatzearen alde !!!
kazetariek ematen dioten tratamendua gaia nola lantzen duten
gizartearen izpiritua, Ermuko izpiritua !!!
sei gol sinatu ditu !!!
hizkera politikoki zuzena ???
arreta deitu arreta hartu, arreta erakarri, 
azkenik esan bi istripu gertatu direla amaitzeko, azkenik... bi istripuren berri emango dugu
horretaz aparte gero eta gehiagotan, gainontzeko baliabideak (ez ezik ... ere) ahaztuta.
kasua (juizioa) auzia, auzigaia
inkesta bat egin da gazteen artean gazteei galde sorta egin diete
polizi operazioa poliziaren ekintza,
unerik goxoena "momento más dulce!"
... ...

Horrelako zerrenda bat eskaintzean, diagnosi moduko bat baino ez da egin gura izan. Behin baino gehiagotan idatzi legez, hiztunek, erabiltzaileek aukeratu beharko dute zerekin geratu. Gauza ondo jakina da egun jator-jatortzat jotako hainbat hizkuntz osagai, garai bateko mailegu irentsiak baino ez direla. Horiek erabiltzen hasi ziren euskaldunok hasieran harrimena ere sortuko zuten, arbuioa ez bazen. Baina dabilen harriari goroldiorik ez zaio batzen, ezta dabilen hizkuntzari ere.

9.- Ondorioak

Kontuak kontu, gehiegi erratzeko beldur handirik gabe esan genezake oso auzi labainaren aurrean gaudela. Baina ez aztertzen dihardugun jazoeragatik beragatik hau da, hizkuntza aldakorra denez gero, etengabe sortuz doazkiola arautik aldentzen diren osagai berriak , jazoera horren aurreko jokabideengatik baino. Aspaldi honetan euskaran halako fundamentalismo garbizale bat dago indarrean. Kontua, berez, ez lihoake urrunegi jarrera horiek erabakimenik izan ezean. Baina, zorigaitzez, horrelako jarrera garbizaleak, lexiko zein joskera aldetikoak, dituztenek akademia ofizialean arauak emateko ahalmena dute. Eta ondorioz, benetan dabilen euskarari mugak jartzekoa.

Bestaldean, gainontzeko berbetetan legez, ia erdi ezkutuan euskara gero eta eremu gehiagotan erabiltzearen ondorioz, usuago gertatzen da arau urradura, inoiz edo behin axolagabekeria hutsagatik edo hizkuntzaren barne ahalbide guztiak ondo ez menperatzearren. Arestian eskainitako zerrendan jasotako esamolde, hitz edo dena delako horietako batzuk erabili izan dira "kolorea" edo "zaporea" ematearren. Baina, zelako zaporea? Horra hor korapiloa! Erdaratik baino dastatzen ez den zaporea. Baina, inondik inora, baliteke zerrenda horretako batzuk urteak joan, urteak etorri gailentzea eta, ondorioz, euskal zapore jator bihurtzea.

Ahozko eta idatzizko erabilerei dagokienez, lasai askoan esan daiteke errugabeak lehenengo harria botatzea daukala, hau da, hitz egiteak berezko duela akatsa. Akats guztiak ez dira, jakina, munta berekoak. Eta akats guztien ondorioak ez dira beti berdinak izaten.

Idaztea edo hitz egitea pentsatzea da, eta gogoeta ez da gramatikalkeriaren edo dena-arautu-nahiaren espetxean giltzaperatu behar. Arauek biziari eusteko balio badute, ezinbesteko direla esan ere liteke. Baina bizirako mugarriak izanez gero, laster batean esan beharko genuke hildakoa osasunez ondo dagoela.

Hizkuntza aldatu egiten da. Norberarena ere ez da beti bera. Non amaitzen da sormenaren eremua eta non hasi akatsaren alorra? Bitxia da nola arau-emailerik petoenak ere hanka sartzen duen egiaztatzea, besterik ezean, ezinezkoa delako euskara guztiak aldaki guztiak ondo menperatzea. Jakina, horrelakoetan ere, astunagoa da guztiz garbia omen denaren hobena.

Aspaldion hitzetik hortzera darabilgu kalitatezko euskararen auzia. Zelako kalitatea, ordea? Gramatikarena eta lexikoarena? Euskalkiena? Estandarrarena? Kalekoarena? Baserrikoarena? Hizkuntza aldakorra bada, kalitate irizpideak ere aldakor behar luke, ezta? Euskara osorik definitzerik ez dago. Kalitatea baino kontzeptu lausoagorik zientzietan! Beraz, zeri ez dakiola geundeke! Aukeraren maukeran dago aberastasuna, baina aukeratzeak beti dakar gaitzetsiaren galera. Gaurko euskara ez da aurreko mendeetakoa, arau-emaile batzuen iritziak iritzi eta apetak apeta. Hizkuntzaren kalitatea eta hizkuntza bera mehatxaturik daudela esatean, zein balizko euskaraz ari gara? Inongoa ez denaz? Inoizkoa ez denaz? Norberarena ez denaz?

Hizkuntza batez ere ahozkoa dela ahaztuta, arauak ematerakoan idazki bitartezko corpusak hautatu ohi dira lekukotasun fidagarriagoak ei direlako. Aurreko mendeei dagokienez, ezbairik ez, hiztun guztiak hilda daudenez gero. Baina gaurko euskara hizpide, zergatik bazter utzi ahoz gailendu den osagai "zikina" erdarakada beste garai bateko forma idatzia "garbiaren" aldean? Bizkaieraz, esate baterako, hiztun askok darabilten otezko "erdarakada" bentan(e)a hori ez da euskara? Zertan dabiltza, orduan, hiztunak? Ez ote dute senik?

Eta lanbide jakinetako euskaldun "landuek" beren eremuetarako aukeraturiko forma okerrek beren laburrean nolabaiteko bidea eginda izan arren egunetik egunera bazter utzi beharko? Zeren izenean uka dakioke hiztun bati, demagun, "motoa" erabiltzea, nahi izanez gero? Beste hiztunek esango dute azken hitza. Besterik ezean, beste inork erabiliko ez duen bitxikeria litzateke. Baina gizakiaren eskubideen artean, adierazpen askatasuna ere ei dago, ala ez?

Sarreran esan bezala, garbizaleen iritziz, hizkuntza beti egoten da arriskuan. Bestekoenez, denak balio du. Ba ote dago erdibiderik erabateko arautzearen eta guztizko askatasunaren artean? Segur aski erdibide hori jomuga, asmo hutsa da, gune ondo mugatu eta definitu baino. Baina denok horra jo gura izanez gero, ez litzateke elkargune txarra, bestalde. Egungo hizkera erabiltzearren, elkargune "birtual" inongoa ez den horrek bi ezaugarri izan beharko ditu: komunikazioa eraginkor eta arrakastatsurako bide izatea. batetik eta, bestetik, euskararen legeak erabiltzea. Eta badirudi hizkuntzaren sena, barne legeak, lexikoaz harantzago doazela, hau da, barne legeak gramatika aldagaitzagoak direla lexikoa bera baino. Barne arauok moldatuz doaz urteak mendeak joan, urteak mendeak etorri. Printzeak sailkaturiko eta definituriko euskalki horiek oso gauza gutxitan datoz bat gaur egungoekin. Artikulu honek ez du helburutzat auzia guztiz garbitzea, oso eremu zabala baita jardunaldi bakarrean agortzeko. Demagun beti izango dela beharrezkoa arauren bat ematea. Zein arau mota. baina? Zorrotzegiak inora joan ezinik utz dezake hizkuntza. Araurik ezak, barren, noraezean! Gehiegi babestu arautu nahi izateak, benetan laguntzen dio hizkuntzari hobeto irauten, edo, haurrekin legez, babesgabeago bihurtzen? Zer jazotzen zaio gehiegi jagondako umeari gurasoak desagertutakoan? Ze euskara mota gura dugu? Indartsua, nahiz ezaina izan, ala ederra baina ahula, babesaren babesez?

BIBLIOGRAFIA

AGENCIA EFE (1991), Manual de español urgente, Madril, Cátedra.

Gaspar GARROTE BERNAL (1995), Ensayos sociolinguísticos, Madril, Ediciones UEM-CEES.

Juan GARZIA GARMENDIA (1997), Joskera lantegi, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz.

Santiago A. LÓPEZ NAVIA (1996), La formación retórica del profesor, Madril, Ediciones UEM-CEES.

Fernándo LÁZARO CARRETER (1997), El dardo en la palabra, Bartzelona, Círculo de lectores.

Miren Lourdes OÑEDERRA (1998), "Ahoskera eta arauak. Arauak eta ahoskera", BAT soziolinguistika aldizkaria, 27. zkia., Donostia.

Ibon SARASOLA (1997), Euskara batuaren ajeak, Irun, Alberdania.

J. R. ZUBIMENDI, P. ESNAL (1993), Idazkera-liburua, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz.