Ale honetan
.

Zenbaki hau aurkeztean, lehen-lehenik esan behar da doluz plazaratzen dela, Lino Akesolo eta Jose Inazio Berasategiren heriotzengatik. Lehena EIZIE elkartearen ohorezko bazkidea zen, joan den urtetik, eta bigarrena elkartearen beraren sortzaile eta SENEZ aldizkari honetako erredakzio batzordekide eta baita suspertzaile ere. Bataren eta bestearen omenez eta oroimenez, zenbaki honetako lehen lerroak haiei buruzkoak izango dira, eta zenbakia bera haiei eskainia izatea nahi dugu, eskaintza xumea bada ere.

Ondoren, oraingo honetan irakurlearen esku utzi ditugun gaietara igaroz, Joxe Austin Arrieta idazle eta itzultzaile ezagunak 1991ko Euskadi Itzulpen Saria jaso duela eta, hari eginiko elkarrizketa bat dator, zeinetan bere itzulpen lanaz gainera, gure arteko itzulpengintzaz ere halako gogoeta batzuk ezagutzeko aukera izango dugun.

Gero itzulpenari buruzko hausnarketak jarraituko du Xabier Mendigurenek Alemaniako itzulpen tradizioaz eginiko artikuluarekin; izan ere, euskal itzultzaileontzat ere guztiz baliagarria izango da alemaniarrek zientzia honetan jorratutako bidea ezagutzea, eta konparazioak eginez eta haien eskarmentua ezagutuz gure ikaskizunak ateratzea.

Funtsezko asmo berarekin sortuak dira ondorengo bi artikulu nagusiak ere, lehena Duvoisin kapitain euskaltzale eta itzultzaile handiari eskainia, 1991an bere heriotzaren mendeurrena egokitu delako; eta bigarrena, maila pragmatikoago batera jaitsiz, txekieratik euskarara itzultzeko lanaren inguruko zailtasun batzuei buruzko iruzkinak eskaintzen dizkiguna. Aldizkari honen asmo eta helburuetako bat, hain zuzen ere, itzultzaileok geure lanetik ikusi eta ikasitakoaz gogoeta egin eta gainerantzeko lankideei eskaintzea izanik, uste dugu interesgarriak direla era honetako esperientziak erakusten dizkiguten lanak ezagutzera ematea, azken finean itzulpen praktika bera da, nola ez, bide erakuslerik onena.

"Puntuz puntu" sailaren barruan, aldiz, lehen-lehenik bi manifestu agertuko zaizkigu, lehena mansi herri txikiko idazle batek mundu osoari egina, hizkuntza "txiki" edo modan dagoen bezala "hedapen mugatuko"-en egoeraren islagarri; eta bigarrena, itzulpenaren inguruan Itzultzaileen Nazioarteko Federazioak mundu osoko kultura ministroei egina, itzulpenaren aldeko deialdi gisa.

Haiekin batera, euskarazko testu zahar batzuk ere azalduko zaizkigu, biak itzulpengintzarekin oso lotuak, edota itzultzaileoi zer ikasi franko ingura diezaguketenak; eta, baita ere, penitentzia moduan, etorkizunerako eginiko okerrak zuzentzeko burubidearen erakusgarri, eta itzultzaileen bidelagun ez oso atsegin izaten diren akats edo intxisu gaiztoen ispilu, SENEZ aldizkari honen zenbaki batzuetan lerratutako akats handi eta txiki batzuei buruzko aitorpena, argi asko geure burua zuzentzeko ahaleginak erne egon behar duela azaltzen diguna.

Aldizkaria ixten da ohizko atalekin, hau da, itzulpenaren inguruko berri eta albiste batzuk, eta zenbait aldizkariren berri emanez eta bibliografi iruzkin batzuk eskainiz.