Irakurle baten ohar porno batzuk euskarara itzulitako literaturaz
Hedoi Etxarte

Euskarara itzulitako literaturaren gaineko hausnarketa bat dakarkigu egileak orriotara, irakurlearen ikuspegitik egina betiere. Ohar batzuk hartu ditu, eguneroko baten tankeran, itzulpenari eta euskarazko ekoizpenari buruzko gogoeta hari gisa, euskaraz dena sortzeko daukagula jabeturik: azken batean, sistema biderkatu behar dugu, sistemak penetrazioa behar du hedabideetan eta hezkuntza sisteman, irakurleoi muskulua falta zaigu.

Urtarrilak 8

AA andreak proposamen bat egin dit. Ea idatziko ote dudan euskarara itzultzen diren liburuei buruz. Esan diot ezetz, ez daukadala mapa oso bat eta ezin dudala, beste kasu batzuetan bezala, analogia bat egin edo beste literatur sistema edo garai batzuetako errealitate bat ekarri.

AA andreak esan dit esperientzia pertsonala konta dezakedala. Honakoa Katakrakeko irakurle taldearen seigarren ikasturtea dela, urtean bederatzi bat liburu irakurtzen ditugula eta denak izaten direla itzulpenak.

Esan diot hori baliagarria bada egingo dudala. AA andreak liburu bat argitaratu berri du AU andrearekin batera, errusieratik itzulita. Liburua nire narratzaile gogokoenetako batena da, Sergei Dovlatovena, eta erabaki dut ohar batzuk idaztea, eguneroko baten forman, berak eskatzen didanari buruz, esker onez. Eta baita ere AA andrea GE jaunaren laguna delako, eta GE jauna gure kooperatibako burkideetako bat da.

Urtarrilak 9

RA jaunarekin telefonoz hitz egin dut AA andrearen proposamenaz. Esan diot nola idatziko dudan. Zer argudio erabiliko dudan. Argudioa oso axalekoa da. Alegia, antropologoei interesatzen zaizkiela bi ikuspegi tribu bat aztertzean: batetik, antropologoak berak –taldekoa ez den neurrian– tribua nola ikusten duen; bestetik, tribuko kideek barrenetik nola ikusten duten tribua. «Parte-hartzailearen ikuspegitik sortutako deskribapen eta interpretazioei emic esaten zaie»: Marvin Harris antropologoari irakurri nion (gaztelaniaz irakurri nuen Antropología cultural, Alianza, 2007). Harrisen beste sei liburu daude gaztelaniaz. Euskaraz, bakarra dago. Jabetu naiz salbuespena dela autore itzuli baten liburu bat baino gehiago egotea euskaraz eskuragarri. Eta, beraz, inguruko hizkuntzetako jardunbide klasiko bat –autore baten liburu bat irentsi eta beste liburu batera joatea– ezin duela euskal irakurleak egin. Euskal dieta mengela da. Eta ez dizu autore bat bere konplexutasunean erakusten. Bokazio entziklopedikoa duten bildumek ere –gure oasitxoek: Literatura Unibertsalak eta Munduko Poesia Kaierek– zizka-mizka bat eskaintzen dute. Toni Morrisonen Maitea irakur dezakezu, baina haren beste hamar eleberriak ez –guztiak dauzkazu, ordea, gaztelaniaz–. Beraz, zer egingo du Maitea irakurri ostean euskal irakurleak Morrisonen intentsitatearekin segitu nahi badu? Oso posible da gaztelaniazko muskulua lantzera jotzea.

Bai. Jabetzen naiz hartutako oharrok Hegoaldean soilik balio dutela, baina pentsatzen dut ez dela oso bestelakoa Bidasotik iparralderako irakurleen egoera.

Urtarrilak 16

Cultura en tensió (Raig Verd, 2016) liburua bukatu dut. Katalanezko irakurle talde batean arituko gara zazpi autorek idatzitako liburu horri buruz. Liburua ia aldi berean argitaratu zuten katalanez eta gaztelaniaz. Raig Verd argitaletxeak bi adar dauzka, bata katalanezkoa eta bestea gaztelaniazkoa (Rayo Verde): saiakera eta narratiba argitaratzen dituzte. Katalanezko katalogoan dauzkate Ursula K. Le Guin, Ngugi wa Thiong’o (haren bost lan dauzkate), Magdalena Tulli (bi lan), Aleksievitx (bost lan), Jean Echenoz (lau lan), Peter Handke, Zoran Malkoc, Peter Terrin (hiru lan), Amanda Mikhalupulu, Ilija Trojanow.

Raig Verden lantaldea hiru lagunek osatzen dute, eta kolaboratzaile ohikoen eta itzultzaileen laguntzarekin lan egiten dute. Cultura en tensió kulturari eta politikari buruzko testuz osatuta dago: arkitektura, musikaren soziologia, soziologia, idazle izatearen esperientzia, kazetaritza… Autore batzuk katalanak dira, beste batzuk madrildarrak; denak puntakoak euren alorrean (Jordi Oliveras, Nando Cruz, Lucía Lijtmaer, César Rendueles, Marina Garcés, Ramon Faura, Joan Miquel Gual). Liburu hori bera euskaratik jeloskor egoteko modukoa da: konplexurik gabe eskatzea Madrilen sexyak direnei testu batzuk eta Kataluniako prentsaren eta pentsamenduaren munduko sexyenekin batzea. Ziurrenik, euskaratik ez genuke zubi hori eraikitzeko hemengo ertzik. Ereiten jarraitu beharko dugu.

Urtarrilak 17

Iratxe Retolazari entzun nion behin euskaraz 10 direla narratiba liburu bat baino gehiago argitaratu duten emakumeak. Orain ez daukat gogoan narratiba liburua ote zen (alegia, ipuinak barne) ala eleberriak ote ziren.

Ongi legoke Armiarma webguneko Euskara ekarriak-en ordu batzuk pasatu eta azterketa bera egitea itzulpenekin: zenbat autore daude lan bat baino gehiago euskaraz daukatenak? Eta, noski, liburuez ari naiz, eta ahal dela katalogoan dauden liburuez, Hegoalde eta Iparraldekoetan gaztelaniaz, frantsesez edo –gero eta gehiago– ingelesez aurki ditzakegun bezala: Ian McEwan-en hamabi daude Anagramako poltsikoko bilduma merkean. Hamabi. Euskaraz, bakarra daukagu, Xabier Olarrak itzulia: Hoben ordaina (Igela, 2013). Egin dezagun berriro ere galdera deseroso hori. Demagun norbaitek adibidez irakurle talde batean Hoben ordaina irakurri duela. Nora joko du McEwanen ahotsa berriz ere entzutera? Gaztelaniazkoak izango ditu liburu dendetan, ingelesezkoak sarean.

Egia da halako hariren bat badugula euskaraz. Ahots bat hartu eta geltoki bat baino gehiago egiteko aukera. Esaterako, Paul Auster: Oskar Aranari esker, zazpi dauzkagu, Txalapartak eta Alberdaniak eskuz esku argitaratuak. Jim Thompsonen bost Igelan eta bat Elkarren. Tolstoiren bost. Echenozen bost Meettoken. Amelie Nothomben lau Igelan. Dashiel Hammetten bat Elkarren eta hiru Igelan. Dostoievskiren bi (biak katalogoz kanpo; beraz, zirkulaziotik at). Agatha Christieren bederatzi bat Igelan. Stefan Zweigen hiru. Alice Munroren bi. Coetzeeren hiru. Sergei Dovlatoven hiru. Angela Davisen bi. Silvia Federiciren bi. Takiji Kobayashiren bi nobela liburu bakarrean.

Autore baten lan bat baino gehiago izatea ez da kapritxo bat. Narratibaren kasuan –demagun, genero beltzean–, inguruko hizkuntza handietako irakurleak (gu geu barne) autore baten ia guztia irakurriko du atsegin bazaio: ahotsarengatik (Jim Thompsonekin edota Amelie Nothombekin gerta daitekeen bezala) edo pertsonaia testuinguru eta ikerketa desberdinetan ikusteko (Agatha Christieren kasuan bezala). Sarritan, halako bihotzerrea sentitu izan dut euskal letretako norbaitek liburu bat gomendatzean gaztelaniarako itzulpen bat hautatu duenean. Demagun Houellebecqen fana dela elkarrizketatua. Euskaraz, Sumisioa (Meettok) dauka eskuragai. Gaztelaniaz, hamalau dauzka, zazpi nobelak barne. Nori egin huts: euskarari ala zintzotasunari? Zergatik gomendatu Sumisioa zuri Houellbecqen olerkiak gustatu bazaizkizu, ala Ampliación del campo de batalla (Anagrama)? Liburuaren azala soilik itzuli eta liburu dendetan jarrita euskarazko pentsamenduari ekarpen kontzeptual estrategikoa emango liokeen liburua da azken hori.

Urtarrilak 20

Lola Iturbe jatorri euskalduneko anarkistari buruz idatzi dut Berrian. Hobeki esanda: Iturbek 1968ko Paris hura nola ikusi zuen azaltzen duen sanpleatu dut. Liburua La linterna sorda argitaletxeak ondu du, zenbait autore anarkista espainiar eta frantsesekin. Tartean daude Ariane Gransac eta Claire Auziac XX. mendeko bigarren erdiko ikono libertarioen testu itzuliak. Argitaletxearen beste altxor bat da. Eta bai, ematen du Espainiako demografiak halako testuak dakartzaten proiektuak existi daitezen: surrealismoaz, literaturaz, dinamitaz, klase borrokaz diharduten testuak paper, tipografia eta estetika pentsatuekin. Tartean, Camus, Koprotkin, Renard edota Reich.

Urtarrilak 24

Gaur Rebecca Solniten Men explain things to me artikulu bilduma bukatu dut. Iruñeko bi liburu dendatan dago ingelesez salgai eta guztietan gaztelaniaz; katalanez ere irakurgai dago. Ez legoke gaizki «Euskaraz irakurri ezin diren liburuak» zigilua. Erruduna gure jaiotza tasa izan daiteke, Euskal errepublikak izan duen zeroren pareko politika espantsionista, jakintza eta kultura kritikoa sustatzen ez dituzten fakultateak edota irakasteaz baino gehiago didaktikaz arduratzen diren Lehen Hezkuntzako irakasleek. Erruduna ote den gure merkatu exkaxak ez duela posible egiten –hala diote editoreek– liburu itzuli batek bere burua ordaintzea (eskubideak, itzulpena, inprenta, banaketa, liburu dendak, editoreak, maketatzaileak, portadistak): itzulpena gutxiago saltzen delako euskaraz (…) eta oro har euskaraz ez delako asko saltzen asko saltzen denean ere.

Urtarrilak 26

Duela hilabete batzuk argitaratu genuen Takiji Kobayashiren Nagusia kanpoan bizi da (Katakrak). Dagoeneko Azpeitiko gaztetxean ere antolatu dute liburuaren eta Japoniako langile munduko literaturen inguruko solasaldi bat Hiromi Yoshida itzultzailearekin. Gipuzkoako 17 liburutegi publikotan dago, Nafarroa Garaiko 14tan, Bizkaiko 4tan eta Arabako bakarrean. Ez dakit Lapurdiko liburutegien katalogoak bateratuak ote dauden sareko txokoren batean. Baina badakit Baionako Mediatekan, behintzat, badela ale bat.

Urtarrilak 29

Jakin 223 bukatu dut. Jon Eskisabel, Iratxe Retolaza eta Haizea Barcenillaren testuak top iruditu zaizkit. Barcenilla da, testu horren bidez, DSS2016aren frakasoaz hitz egiten lehenengoetakoa: erakunde publikoak, marka hiria, kulturara bideratutako dirua, hiriburu kulturalaren osteko biharamuna.

Otsailak 3

Eduardo Bravoren Villa Wanda bukatu dut. XX. mendeko Italiako historia kontatzen du, etxe baten aitzakiarekin: faxismoa, komunismoa, autonomiaren loriak eta miseriak, mafia.1

Otsailak 13

Gaur Richard Wagner konpositorearen heriotzaren 135. urteurrena da. Etxeko apaletan berari buruz stricto sensu ari diren liburuak hartu ditut. Denera, 25 dira. Lurrean jarri ditut, lauki baten forman. Instagramen dauzkadan liburuen argazkia jarri nahi dut, erakusteko zer toki ezberdinetatik eta, bereziki, zenbat idatzi den konpositoreari buruz. Argazkia egin, kontrastea handitu, testu llabur bat idatzi eta sareratu dut. Euskaraz, asko dira: Nietzsche, Baudelaire, Adorno. Euskaraz, asko dira, tranpa batzuekin, 5.

Otsailak 16

Bukatu dut Astiberrin dagoen Bitch planet komikiaren lehenengo liburukia. Kelly Sue Deconnick-ek eta Valentine De Landro-k umore ilunez idatzitako distopia bat da. Gaztelaniaz aurki dezakegun komikigintzaren gehiena bezala, itzulpen bat da. Aurki argitaratuko dituzte euskaraz eta gaztelaniaz Alfonso Zapicoren Zubigileak (Astiberri) eta Belatzen Gerezi garaia (Txalaparta). Komikizaleontzat, albiste ederrak dira. Nahiz eta Astiberrik euskaratu dituen bederatzi komikitatik zortzi jatorrian gaztelaniazkoak ziren. Ziurrenik, Paco Rocaren irakurleek gaztelaniaz irakurria izango zuten jada Zimurrak edota Etxea, euskarara iritsi zenerako.

Otsailak 18

Marina Tsvetaievaren Mi madre y la música bukatu dut. Acantiladok dauzkan liburu fin eta xamur horiek. Euskaraz badira haren poema batzuk sarean. Baina ez dago ez haren poesia lanik ezta narratiba edota antzerkikorik ere. Gaztelaniazko Wikipediara eta Todostuslibros atarietara jo dut. Gaztelaniaz, hogeita bost bat lan daude gaur bertan eskuragarri.

Otsailak 23

Gaur izan dugu Katakrakeko irakurle taldearen saioa. Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena saiakera laburra izan dugu mintzagai. Egunaren arabera izaten da, baina 6 eta 12 lagun artean joan ohi gara. Gaur, lau egon gara.

Aurten, seigarren ikasturtea du irakurle taldeak, eta klasiko bat da: poesiarekin eta saiakerarekin, jendearen bi herenek huts egin ohi dute. Beti dago arrazoi estraliterario bat: denbora falta, azken unean txakurrak liburua jan duela. Nire susmoa da, ordea, poesiak bereziki baina saiakera itzuliak ere –agian, kazetaritzatik gertuago dauden lanen salbuespenarekin– irakurleak uxatzen dituela.

Otsailak 26

Matt Fraction-ek eta Chip Zdarsky-k idatzitako Sex Criminals zientzia-fikziozko lehen liburukia bukatu dut. Ingelesetik gaztelaniara itzulitako lan bat da. Mundu paralelo batek mundu errealean sexuaren bidez sortzen dituen kalapiten ingurukoa.

Martxoak 17

Nanni Balestriniren Carbonia nobela laburra irakurri dugu katalanezko irakurle talderako. Tigre de paper ezkerreko argitaletxe txikiak argitaratu du garai batean Anagramak ezagun egin zuen idazle abangoardista. Katalanez, La violència il·lustrada ere irakur daiteke, argitaletxe berean. Gaztelaniaz, haren zazpi lan irakur daitezke; ia denak nobelak dira, baina poesia ere badago. Euskaraz argitaratzeke dagoen autoreetako bat da.

Apirilak 5

Jakin aldizkariaren 224. alea irakurri dut. Alearen bihotza Argitxu Noblia pertsonaia mitikoari egindako elkarrizketa luze bat da. Badu beste testu interesgarri bat, Ignazio Aiestaranek Silvia Federiciri euskaraz argitaratu dizkioten bi liburuei egindako kritika zorrotza. Esango nuke salbuespen bat direla halako kritikak: testuak hartu, autorearen ideiak eta lantzen dituen gaiak aztertu, zer alde dauden ikusi, alde horien zergatia bilatu. Aiestaranek Karl Marxen bi lan soilik dauzka euskaraz kritika hori egiteko: Klasikoak bilduman 2004an argitaratu ziren Idazlan hautatuak eta Jakinek berak argitaratutako Manifestu komunista (euskaraz, beste pare bat bertsio ere badira, nahiz eta ez duten Joxe Azurmendiren hitzaurrerik).

Berriki jarri du Tigre de paper argitaletxeak Kapitala katalaneratzeko crowdfundinga martxan. Euskaraz ez da ametsa ere existitzen. Eta, beraz, euskaraz, Bensaïd, Gotzon Garate eta Sudupe irakurrita bukatzen da marxismoa. Itzultzen ez den gaiak ezin izaten du bere bidea euskaraz segitu. Orain handi diren hizkuntzek ere hala egin dute. Verso argitaletxean gaur egun ia dena jatorrizko ingelesean argitaratzen bada ere, bere hastapenak frantsesezko eta alemanezko filosofia itzultzen egin zituen. Ezker erradikalaren klasikoekin hasi ziren. Gaur egun, gainera, argitaratzen dituzten lanetako asko ingelesezkoak badira ere, autoreak ez dira herrialde anglosaxoietakoak izaten. Antzeko adibide asko daude, hala nola La Fabrique, saiakera erradikala landuta itzulpenak toki zentrala duena.

Gaur egun, humanitateen, zientzien edota filologien gaiak interesatzen zaizkion irakurle euskaldunak armairu erraldoi batera joan behar du. Katalanez, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz edota alemanez ez bezala. Hori da gure tragedia: Europako beste hiztunen berdintsuak gara euskaldunok, baina ez daukagu baliabiderik gure jakin-minak eta pasioak garatzeko.

Apirilak 7

Edna Vincent St. Millayren L’amor no ho és tot bukatu dut. Quaderns Crema-n dago argitaratua, edizio elebidun batean. Quaderns Crema Acantiladoren anaia zaharra da. Normal-normal argitaratzen ditu katalanez munduko letretako handienak. Arestiko hori Marcel Rierak AEBko poetaren lanetan egindako hautaketa bat da, liburu bakoitzetik poemaren bat hartuta.

Apirilak 15

Bukatu dut Fútbol y poder en la URSS de Stalin, argitaletxe berri-berri baten lehenengo publikazioetako bat. Gaztelaniazko izenburua ez da batere egokia. Italieraz, Spartak Mosca da izenburua, eta txikian jartzen du Storie di calcio e potere nell’URSS di Stalin. Ze liburua Spartak taldeari buruzkoa da soilik, testuinguruaz jarduten badu ere.

Apirilak 20

Aurki da San Jordi, eta El Mundo egunkariaren «El Cultural» gehigarriak katalanezko edizioari dedikatu dizkio orrialde batzuk. Katalanezko liburuen edizioak behera egin omen du: 2016an, 11.188 liburu izan ziren; 2017an, aldiz, 9.815 izan dira. Euskaraz, 2016an, 2.061 izan ziren; horietako gutxi- gutxi dira, ordea, helduentzako liburuak. Helduen literaturan, 268; alegia, argitaratuen % 13.

Katalanezko edizioaren berritasunetako bat da orain arte gaztelaniaz soilik aritzen ziren Kataluniako zenbait etxe (Anagrama, Blackie Books, Libro del Asteroide) katalanez argitaratzen hasi direla. Bistan da Hegoaldean halako fenomeno bat ez litzatekeela posible. Astiberri salbu, ez dago Espainiako gaztelaniazko edizioan helduen literaturan garrantzitsua den Hegoaldeko argitaletxerik. Beraz, ezingo da makina handirik, orain, euskararen alde ekoizten hasi. 2017an, Kataluniak 30.400 titulu argitaratu zituen. Herena katalanez eta denera Espainian argitaratzen denaren % 35. Salmentetan, ordea, Espainian saltzen denaren % 50,8 Katalunian ekoizten da. Eta salmenta horien % 10 inguru da katalanezkoa.

Jelosia izateko moduko datu bat da egun Katalunian katalanez irakurtzea nahiago dutenak % 27 direla jakitea (alegia, liburu bera bi hizkuntzetan badute katalanezkoa hartuko dutela). Baina, gainera, 14 eta 24 urte dituztenen artean, % 52,3k nahiago du katalana. Bartzelonako liburu dendetan ohikoa da liburuen herena katalanez egotea. Hegoaldean inposiblea da; nahiz eta euskarazko nobedadeak sei aldiz luzaroago mantendu mahaietan, gaztelaniazko ekoizpena hain da aberatsa eta hainbeste liburu dakartza, automatikoki zokoratzen baitu euskarazko alea.

Apirilak 21

Alexander Kluge-ren Ataque aéreo a Halberstadt, 8 de abril de 1945 (La balsa de la medusa) irakurri dut. Alemania garaituaren gainean izan ziren bonbardaketa basatien inguruko liburua. Ez nuen gogoan, baina Sebald-en Sobre la historia natural de la destrucción (Anagrama) liburua Klugerenean dago oinarritua neurri handi batean. Afera da, ideiak Klugerenak badira ere, estiloarekin Sebaldek askoz erakargarriagoa egiten duela bonbardaketen historia nardagarria. Beti iruditu zait Sebalden obra daukan autore batek ez zuela merezi halako heriotza hutsal eta ohikorik: auto istripuz hil zen. Estatistikoki hain gutxik egin dezaketen lana da liburu on bat. Ez du merezi halako heriotza anodino bat, epikarik gabea, bakerik gabea.

Apirilak 25

Xavier Valls margolari katalanaren La meva capsa de pandora (Quaderns crema) bukatu dut. Memoria liburu bat da. Frantziako lehen ministro izandako ijito ehiztariaren aita errepublikazalearena. Testua Julià de Jodarrek ondu zuen. Harrigarria da liburuko puntu gorenetako bi Chillidari buruzkoak izatea eta euskaraz Chillidaren bizitzako bi pasarte funtsezko horiei buruz irakurtzerik ez izatea eta katalanez, ordea, bai. Chillidari buruz idazten ari naizen kontu baterako erabiliko dut. Testuak bost iturri nagusi dauzka. Bostak dira erdaretan, gaztelaniaz eta katalanez; bostak dira Hegoaldetik kanpoko autoreenak. Zergatik ez ditugun euskaldunok EHko historiaren funtsezko zenbait orri idazten. Hara misterio handi bat.

Ekainak 23

Irakurle taldean, Isaak Babelen Zalditeria gorria irakurri dugu. Literatura Unibertsala bilduman dago, eta euskarazko prentsan hiru iruzkin argitaratu zituzten. Uste dut euskarazko liburuen kritikagintza sailkatzeko modu bat litzatekeela kritikariak irakurri dituen eta irakurri ez dituen liburuen artekoa. Uste dut demostra daitekeela bi kritikaritatik bik ez dituztela liburuok irakurri. Eskaintzen duten informazio guztia kontra-azalarekin, hitzaurrearekin eta sareko testuren batekin osa daiteke. Horrez gain, ez dute hogeigarren mendeko maisuetako baten liburu baten aurrean inolako gogoetarik egiten; ez dago liburua irakurtzeko ikuspunturik eraikita.

Taldeko saiorako, Isaak Babelen pasarte bat eskaneatu dit RA burkideak Harold Bloomen Cuentos y cuentistas liburutik. Pasarte horretan, Zalditeria gorria liburuko eta Cuentos de Odesa y otros relatos (gaztelaniaz, Alianzan; euskaraz ez dago) bildumako ipuinetako arketipoak aztertzen ditu Bloomek. Pertsonaia eta egoera ezberdinetan errepikatzen diren ñabardurak eta ezaugarriak ordenatzen ditu. Munduko ia hizkuntza batek ere ez du Bloomen mailako inor eskaini. Bera itzultzean, ordea, Bloom autore espainiar bihurtu da. Beste eztabaida bat da zenbat irakurtzen diren euskarazko itzulpenak. Zeren badu halako fama txar bat. Zaila dela edo. Nik uste dut ezetz, gertatzen dena da jatorrian euskaraz idazten dutenek, logikoki, ez dutela itzulpen askok daukaten konplexutasun teknikoa. Azken batean, euskal literatura, egungo sistema gisa, laurogeiko hamarkadan hasi zen nolabait, eta duela 25 bat urte ezarri zen egun ezagutzen dugun moduan. Munduko literaturak, ordea, mendeak daramatza, eta, sistema gisa, pare bat mende bai. Beraz, normala da euskaraz argitaratzen den onena –gaztelaniaz edota frantsesez bezala– itzulpena izatea, bai edukian eta baita hizkeran ere.

Normala ez dena da euskaraz dagoen harrera. Salmentetan, nabarmena da itzulpenak gutxiago saltzen direla. Horrek gurpil zoro bat sortzen du: saltzen ez denez, gutxi argitaratzen da; gutxi argitaratzen denez, irakurleek nahiago izaten dute jatorrian euskaraz idatzitakoa, baina klasiko gehienak ez dira euskaraz idatzi, eta boladan dauden testu ia guztiak erdaretatik datoz; euskaraz gutxi itzultzen denez, erdaretan irakurriko ditugu euskaldunok La trampa de la diversidad (Akal) edota Nueva ilustración radical (Anagrama). Mark Fisher-i buruzko ideiez euskaraz aritzen gara, baina gure mediazio kultural guztia gaztelaniaz gertatu da. Sareetan ere, zentzua dauka gaztelaniaz irakurritako lan bati buruz euskaraz aritzeak?

Ekainak 24

Landu gabe geratu zaizkit gai asko. Sentsazioa izan dut ez nuela erabat betetzen AAk eskatzen zidana lerrook idazteko. Baina beranduegi ari naiz entregatzen oharrok; beraz, honaino.


1. Martxoaren 10ean argitaratuko didaten Berriako zutabean, liburu horren pasarte bat erabiliko dut. Sarritan erabiltzen dut irakurri berri dudana zutabeetan. Batzuetan, besterik gabe, ederra iruditzen zaidalako pasarte bat. Opera oso batetik aukera daitekeen aria bat bezala. Eta aria hori eramaten dut zelulosaren txoko txiki horretara, Larrepetitera. Beste batzuetan, gertatu berri den zerbaitek lotura elektriko bat egiten du aurrez irakurritakoarekin. Bravoren kasuan bezala, zutabeetan erabiltzen ditudan liburu ia guztiak erdaraz irakurri ditut, eta ia denak gaztelaniara egindako itzulpenak dira. Beraz, bai, euskarazko hedabide bat erabiltzen dut euskaraz irakurtezinak diren edukiak zabaltzeko. Idatzi dudana interesatzen zaiona irrati frekuentziaz aldatzera behartzen dut. Berriz ere galdera bera: norekiko izan fidela, euskararekiko ala pasioarekiko, biekiko fidel izan ezin zaren kasu ia horietan guztietan?