UZEI: "Zuzenbidea. Hiztegia" 1. eta 2.
F.M.

Agertu da azkenean UZEIko Zuzenbide-hiztegia, luzaro landua, aspaldidanik itxarona eta behar-beharrezkoa. Lan-prozesu luze eta neketsu baten ondoren heldu da. Bi partetan banatua dator eta bi Iiburukiz osatua. Lehenengo partea "Hiztegi entziklopediko" deitzen da eta bigarrena "Hiztegi terminologiko".

Lehenengo zati hau Zuzenbidearen sarrera bezala kontsidera daiteke; alfabetoz ordenaturiko 1260 eta gehiago artikuluz osatua dago. "Hiru mailatako artikuluak dauzka: 15 artikulu nagusi, Zuzenbideko adar handien ikuspegi orokorra ematen dutenak ("Zuzenbidearen Izaera eta Iturriak", "Euskal Zuzenbidea", "Lan-Zuzenbidea", "Gizarte-Segurantza", "Zuzenbide Administratiboa", "Z. Penala", "Z. Prozesala", etab. dira horietako titula batzuk); 144 artikulu erdimailako, Zuzenbideko kontzeptu funtsezkoenak azaltzen dituztenak; 1.100dik gora artikulu txiki Zuzenbideko kontzeptu garrantzitsuen berri ematen dutenak".

Bigarren partea, bigarren liburuki osoa hartzen duena, "Hiztegi terminologikoa" da. Hiru zerrendaz osatua dago: Euskara-Espainera-Frantsesa (10.036 euskal hitz, beren ordainak espaineraz eta frantsesez dituztela); Espainera-Euskara (6.349 espainerazko hitz, beren ordainak euskaraz dituztela); eta Frantsesa-Euskara (7.760 frantses hitz beren euskarazko ordainekin).

Zuzenbidea positiboa eta aplikatua izan ohi da gehienbat. Euskal Herrian, berriz, gaur agintzen dutenak bi zuzenbide mota izaki, Espainiakoa eta Frantziakoa, eta biok elkarren artean biziro desberdinak, nahitaezkoa zen bi Zuzenbideok kontutan izatea lan hau egiterakoan. Eta hala izan da. Baina haatik esan beharra dago, Zuzenbide espainiarra eta espainerazko lexikoa izan direla hiztegi honen lehendabiziko erreferentzi puntua. Gero frantseseko ordainak bilatu dira eta Zuzenbide frantsesetik Ipar Euskal Herrirako beharrezko ziren figura juridikoak jaso dira. Aski sinplea da jokaera honen arrazoia: batipat Hegoaldean erabiliko da, hemengoak dira bertan lan egin duten lankideak, lanari muga batzuk jarri beharra zegoen handiegi gerta ez zedin, eta azkenik oso lan eskerga eta zaila ikusten da honelako lan bat Iparraldekoekin batera eta hango egoerak eskatuko lukeen hedadurarekin antolatzea eta burutzea. Hortaz, bi pausoak osorik eman ezinaren aurrean, pauso t'erdi ematearekin konformatu beharra egon da.

Lexikoa lantzeko hitz asko hustu dira lehendik zeuden hiztegi arruntetatik eta han-hemen zabaldurik zeuden idazlanetik. Honako hauek aipatuko ditugu beste batzuren artean aipagarri deritzegulako: "Euskalerrientzako Sortarau-asmoa" (1933), "Euskadi'ren Berjabetasun Araudia" (1936), "Euzkadi'ko Agintaritzaren Egunerokoa. Diario Oficial del País Vasco" (1936ko urritik 1937ko ekaina bitartekoa) eta gaur egun izenaldaturik argitaratzen den "Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria". Bildutako hitz-mordo horretatik aukera bat egin behar izan da, eta aukeratutakoei berei ere esanahia finkatu behar izan zaie.

Behin puntu honetara helduz gero, planteatu beharra dago hiztegigileek zorrotz planteatu duten problema bat: euskara-ereduarena alegia. Banan-banan aletzen dira hartu den bidea aukeratzeko izan dituzten arrazoiak:

  • Ia ikastola eta eskola guztietan eredu hori erabiltzen delako.
  • Euskarazko komunikabideetan, prentsa, irrati eta telebistan gehiena horrela egiten delako.
  • Gaur egun idazten diren libururik gehienak horrela egiten direlako.
  • Udaletxe eta diputazioetako itzultzaile gehienek eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sail eta departamentuk ere hori erabiltzen dutelako.
  • Eliz liburu ofizialetako euskara ere, oro bar, bide horretatik doalako, nahiz eta Euskaltzaindiak euskara baturako eman dituen arau guztiak ez bete.
  • Goimailako irakaskuntzan (UEU lekuko), maila horietako argitalpenetan eta mintegietan dabilen euskara-eredua ere horixe delako. 
  • "Beraz, arrazoi guzti horiengatik, eta inongo agindurik ez bait genuen ikusten gu ereduz aldatzera behartzen gintuenik, euskara-eredu hori geuretzakotu genuen eta horretan mamitu dugu Zuzenbide-hiztegi hau".

Ez nuke bukatu nahi aurkezpen hau, hiztegi honetan kontzeptuen eta hitzen mugak zorrotz definitzen egin den ahalegina aipatu gabe. Konparazio baterako, erdarazko "autoridad" hitzak ordain desberdinak hartzen ditu euskaraz, horrekin adierazi nahi dena zer den kontu. Honela dator hiztegian:

Autoridad (aginteko pertsona) = agintari, agintedun.
Autoridad (agintzeko ahalmena) = aginpide, aginte.
Autoridad (agintzeko kargua,organoa) = agintaritza.
Autoridad (zerbait egiteko ahal juridikoa) = ahalmen, botere, esku, eskugo.
Autoridad (orokorra) = autoritate.

Garbi ikusten da hor zeinen ordain desberdinak dauden euskaraz erdarazko "autoridad" hitz esanahi anitzekoarentat. Eta guztiarekin ere ez da "autoritate" hitza bera baztertzerik egon; nola eman bestela "principio de autoridad", "ser una autoridad en la materia" eta horrelakoak? Beharrezkoa da argitasun-bide hau hitzak egoki erabiltzen ikasteko eta, kontzeptuen mugak behar bezala errespetatuz, ordainak euskal senaren arabera bilatzeko. Lehengo batean irakurtzen nuen "ideien elkartzea, ideien elkartea" = ideien harremana, erlazioa, zerikusia edo adierazteko. Hori idatzi zuenak erdarazko "asociación de ideas" esan nahi zuen, eta hiztegira begiratu ondoren "asociación = elkarte, elkartze" aurkitu zuen, konturatu ere egin gabe pertsonen "asoziazioari" esaten zaiola "elkarte" eta ideiena beste gauza dela.

Analisi-modu horri jarraituz ez genuke "kontradizio" esateko beti eta bakarrik "kontraesan" erabiliko, gaur gehienek egin ohi duten bezala, "kontradizio" hori "esatezkoa" ala "izatezkoa" den begiratu gabe. Izan ere, bi gauza bait dira euskaraz "kontraesatea" eta "kontraizatea, "kontraesana" eta "kontraizana" nahiz eta biak erdaraz "kontradizio" izan.

Hitz gehienek beharko lituzkete honelako argitasunak, baina hiztegiari buelo handiegia ez ematearren, hitzek "berenez gatazkarik sortzen ez zutenean", argitasun berezirik gabe gelditu dira.

Mila eta gehiago orrialde dituen hiztegi hau (360 lehen partean eta 770 bigarrenean) laguntza handia izango da inondik ere Zuzenbide-munduarekin zerikusirik duen nornahirentzat: jurista, legegizon, notan, abokatu, administrazio-jende eta abarrentzat. Hala izango al da. Horrelaxe opa diogu.

F. M.