Orixeren itsu-mutila
Pedro Iturrioz

Maisu bada ere, Orixe aski eztabaidatua izan da gure literaturgintzan, eta gauza asko esan dira han buruz, onak eta txarrak, baina ez da lan honen asmoa eztabaida horiekin jarraitzea, baizik eta, haren itzultzeko joera agertzea, eta horretarako beste edozein bezain ona da Tormes-ko itsu-mutila.

Badirudi ez direla berdinak itzulpenari buruzko, gaurko eta orduko joerak, zeren gaur egun, itzultzaileak ahal duen neurri handienean errespetatu eta ahal duen modu naturalenean eman behar bait du jatorrizko testua. Orixek ordea, bere moralismoaren menpe jartzen du jatorrizkoari zor zaion errespetu hori eta gaizki ulertutako paternalismo batean erortzen da; gauzak kenduz, erantsiz, moldatuz.. Eta zenbaterainokoa den moralismo hori ikusteko nahikoa dugu lehen aipatu dugun itzulpenera jotzea eta berak jarri zion oharra irakurtzea:

Erdel-yaubearen idazti yatorretik, yardun au (azken atala) osorik kendu dot eta neure buruz ordaindu, edonoren eskuetarako irudi etxatalako. Kendu dodaz ganera, esan zantar bat lelengo yardunean, amazortzi lerro irugarrenean, eta bi koma-tarte laugarrenean. Kritikuak begirapena zor i dautsoe yaubearen idazti jatorrari: nik ostera zor deutsot neure buruari ta irakurle euskaldunari.

Baina atalak eta esaldiak kentzetik aparte beste asko bigundu egiten ditu, eta jatorrizkoan indarra duen esaldia edo hitza ez zeru eta ez lur uzten du:

maldita la gota que se perdía
on dakiolagaltzen den tantari

Beste bat aipatzearren:

Hijo de ruin madre
Doilorkumea (11 or.) *

* Gaztelaniaz ¡Hideputa!: aldatu egin du, azkenean Orixek adierazo ere egiten duenez. Kixotean ere agertzen da esaldi hau: "O hideputa, puta y qué rejo debe de tener la bellaca" (II, 13).

Agerian daude gaztelaniazko eta euskerazkoaren arteko ezberdintasunak eta ez dut uste komentario luzeagorik behar duenik Orixeren joera eta aldi berean ezaugarri honek.

El Lazarillo de Tormes-i buruz esan behar da, Erdi Aroan idatzitako gaztelaniar klasiko bat dela, eta horregatik gaztelera zaharrean idatzia dagoelako, berarekin daramala hizkuntzaren zailtasuna. Hark nahita nahiez, sarritan, interpretazio modu askotara behartzen du itzultzailea, ez duelako bere literaturgintzan mota horretako tradiziorik; eta uste dut hau dela gauza berriak asmatzeko duen arrazoi bat; baina ikus dezagun adibide bat:

Justó muy ruinmente el señor don Fulano, y dió el sayete de armas al truhan, porque le loaba de haber levado muy buenas lanzas: ¿qué hiciera si fuera verdad?
Halako jaun batek zaldi-guduka barregarria egin eban, 'ta barritsuari gudu..jantzia eman eutson, guztiz ondo egin ebala esan eutsolako. Zer emongo egia izan balitz?

Eta horregatik, aipatu dugun arrazoiagatik, itzulpenak nahiko librea dirudi, halere bataz beste, jatorrizkoa errespetatzen du neurri handi batean eta egokia da itzulpena; haren ezaugarrien barru, ezin bait da ahaztu lehen esan duguna.

Beste batzuetan, bi zentzuzko elementuak agertzen direnean ez dio itzulpenari zentzu erreala ematen.

Bere aitaz ari da hitz egiten, gana ostu du eta atxilotu ondoren auzia:

...confesó y no negó y padesció persecución por justicia
eta zuzentasunagatik larrialdiak igaro ebazan

Kasu honetan zuzentasunak eta justicia-k ez dute zentzu edo esanahi bera nahiz eta Orixerengan, geroago ikusiko dugun bezala, esanahi desberdinak izan. Jatorrizkoan poliziak atzetik ibili zituela dio eta itzulpenean berriz, zintzoa izan zelako larrialdiak pasa behar izan zituela. Ba dira oraindik beste batzu, eta beste bat aipatzeko:

achacaron a mi padre ciertas sangrías mal hechas...
zaku-sahietsetan zan-ebaketa batzuk egin ebazala

Parez-pare itzulita dago baina ez da hau itzultzeko era zuzena, ez bait du jatorrizkoan dagoena ematen. Gaztelaniazko sangrias-ek zakuari gana balerio bezalako irudia ematen du, eta euskerazkoak ez du imajina hori ematen. Beharbada hobe litzateke odol-usteak egin zituela esatea, irudia mantentzeri bait du.

Eta sintaxiari begiratzen badiogu, laster konturatuko gara ez duela jatorrizkoarekin inolako loturarik eta horretarako nahikoa da jatorrizko testua eta itzulpena parean jartzea, konpara ditzagun, adibide gisa, hitzaurrean datozen hauek:

..della algun fruto; porque si...
...ba leike, azaltzeko.
Osterantzean...

y adversidades. Suplico...
...dala ikusita.
Hartu begi...

Era honetako aldaketak, mila azaltzen dira testu guztiari zehar. Badirudi Orixeren beste ezaugarri bat dela, sintaxiarekiko loturarik eza.

Hitzen hautapenari dagokionean, ez duela aukeratzen zenbait kasutan espero daitekeen hitza esango nuke:

cosas señaladas
gauza ezaugarriak

Bai, ezaugarriaren esanahi bat hon da, ezagutzea merezi duten gauzak, baina ez da normalean zentzu horrekin erabiltzen eta kasu honetarako zituen aukerak nabarmenak eta garrantzizkoak normalagoak edo egokiagoak izanik ez ditu erabiltzen.

Nahiz eta Orixe ez izan garbizale amorratua zenbaitetan purismoaren eragina nabari zaio:

soldado
gudari

armada
gudari-talde

Merezi dutela, uste dut, bi hitz hauek, komentario labur bat. Gudari hitza hasiera batean soldado bazen ere laster euskal soldado-a bakarrik izatera pasa zen, ez da orduan itzulpen egokia, egokia ez den bezala gudari-talde ez bait du esanahi zehatzik eta edozein gauza izan daitekelako, "compañía", "batallón"... Baina garbizaletasun horren barruan badira oraindik zenbait hitz:

letras
idazti

obra de arte
ederlan

competición de caballos
zaldi-guduka

Baina, haren garbizaletasun joeraz, Patxi Altunak beste gauzen artean honela dio:

(inork) ez bezelako teknika du Orixek itz berriak tajutzen. Eta Orixeren bidea aurrekoena baina egokiagoa zela dio. (Azurmendi, Joxe. Zer dugu Orixeren kontra.)

Halere, ez da nahikoa gauzak nolabait adieraztea batez ere hizkuntza teknikoaz ari garenean zeren gauzak zehatzak bait dira eta zehatzak eman behar dira: eta ez du balio, herriak ez duela hizkuntza teknikoa ulertzen esatea, honelako hitzak asmatzeko:

cultura
buru-lan

concepto
buruan ernea

filósofo
iakinzale

existencialismo
izaten-filosofia

aclaración, explicación
zuzenbidea

Azken adibideari buruz esan behar da lehen justizia zena Orixeren baitan batzutan justizia, bestetan argibidea edo aklarazio bihurtzen dela (ibidem).

Bai, Orixe trebe baino trebegoa izan da beti hitz berriak sortzeko -batez ere hitz elkartuak-edo hitz arrunt ezagunak adiera bern batera egokitzeko". Baina bidea bera dago problemaz eta nekez betea (ibidem). Eta problema horiei aurrea eman ez zietelako, lortu nahi zen garbitasun hori, iluntasun eta nahaspide bihurtu zen. Eta era berean, garai hartako idazleek sarritan iluntasun horretara bultzatu zituzten beraien ikasleak, bilatu zituzten irtenbideak ez zirelako baliagarriak.

Ikus ditzagun bere lanetan erabilitako irtenbide batzu:

1) Azpimarra faltsoak:
duten medium hori
zenbait novela tzarretan

2) Komatxoak:
"pampa"etan
"quietistak"

3) Erdal ortografia gordetzea:
nominativoa aldatu; ablativoa denean; guzti honetan ez dago el arte por el arte.

4) EDO batek soluzionatzen duena:
iritzi miritzi edo kritika...
Bi atake edo eraso

5) Parentesia:
Erdi Aroho ikuriztiak (epigrafiak)
Guk aintzinako norki (personaje) bi...

6) Erdarazko itzulpena:
...otoitz bikainari, erderaz alta oración esan...
Gure buri.aren ederra edo herriak esaten duena, eder-itsusia erderaz esan, amor propio. (ibidem)

Baina guzti honek, aurrerakada izan ordez atzerakada handi bat suposatu zuen.

Eta berriro itzulpenara itzuliz; estilo aldaketa nabarmenak ageri direla testuan, esan behar. Sintaxiarekiko lotura ezak estilo aldaketa dakar, baina utz dezagun aldaketa mota hon eta ikus dezagun hurrengo esaldikoa:

...le pesa cuando le dicen: !Oh, qué maravillosamente lo ha hecho vuestra reverencia!

Orixek zuzenean emana dagoena honela itzuitzen du:

Hasarratuko al da —egundoko ederto dihardu berorrek— esaten badeutsoe?

Baina beste puntu batera aldatuz, hizkuntzaren mailara, hain zuzen, Orixek, itzulpen honetarako bizkaiera aukeratu du, baina beste euskalkiak ere menderatzen zituen. Bizkaiera errespetatzen du neurri handi batean, aditzak, erakusleen erabilera berezia, lexikoa, eta abar; baina halere bi alde bizkaierarekiko ez dira betetzen, alde batetik s eta z kontsonanteen arteko nahasketa, eta bestetik h-aren erabilera; bizkaierak ez du kontsonante hori idazteko tradiziorik izan:

Holan
Ahaiztu-hobian
haugatik
lehena

Haren euskalkieni ezaguera aipatu dugunez, hona zer dioen I. Sarasolak:

Euskalki guztiak ezagutzen zituen eta oroz baliatu zen bere esperimenduetan, euskal prosarentzat bide berriak irikirik. Baina esperimendu zaletasunaren ondorioz, Orixeren obraren balorearen desberdintasuna eta koherentzi falta nabarmentzen dina. Hori da, hain zuzen, Orixeren behaztoporik handiena, gaurko idazleentzat eredu bezala jartzerakoan".

Bestalde hizkuntzaren jabetasun kontuan, Orixeren handitasuna itzulpenetan azaltzen da batipat, arlo honetan literato antzera jokatu du jatorrizkoa birkreatuz, baina bere iritzien arabera, gauzak aldatuz, moldatuz. Itzultzailea jatorrizkoari zor zaio eta horregatik eztabaidagarria da bere joera hori. Halere hau, nahikoa errespetatu du, baina kontutan izanik aipatu ditugun arazoak, agian gauzak gehiegi errazten ditu.

Idazlan guztiek, Orixeren printzipioz, ulergarriak izan behar dute, edozeinek ulertzekoak eta horretarako sarritan gehiegi erraztera darama, beste batzuetan egokitzera; baina honela testua gaizki ulertzeko arriskuan jartzen du irakurlea, ez bait ditu gauzak zehatz esaten eta interpretazio gehiagora bultzatzen du.

Orixerentzat, euskarak dohain bereziak zituen eta ez zuen hizkuntza teknikoaren eta arruntaren arteko diferentziarik ikusten edo gutxienez edozein etxekoandre edo artzaik ulertzekoa egin zitekeela uste zuen. Baina ez da zaila bien arteko diferentziak ikustea. Gaur egun biak beharrezkoak dira nahiz eta hizkuntza teknikoa ezer ez izan hizkuntza arruntaren ezean.

Baina, nolabait esateko, Orixe lurperatu zuen arazoa, bere iritziez gain bere garaiko garbizaletasunaren arazo eta krisia izan ziren eta bere garaikoa zelako, Orixe, bere garaikideekin eta mugimenduarekin batera desagertu zen.

Bibliografia

AZURMENDI, Joxe. Zer dugu Orixeren kontra. Jakin, Donostia, 1976.

AZURMENDI, Joxe. Zer dugu Orixeren alde. Jakin, Donostia, 1977.

Anonimoa - ORIXE. El lazarillo de Tormes - Tormesko itsu-mutila. Lauro ikastola. Bilbo, 1984.