Amundsen titaniozko eremuetan
Babelgo dorrea Euskal Herrian daukagu. Ba al zenekiten? Guggenheim museoko korridoreetara hurbiltzera gonbidatzen zaituztet erakusketak muntatzen ari direnean. Udazkenean, Errusiari buruzko erakusketa eraisten eta '% 100 Afrika' izenekoa eraikitzen ari ziren bitartean errusiera, frantsesa, ingelesa, euskara, gaztelania eta Boli Kostako Bete etniaren hizkuntza entzun zitezkeen kafetxoa hartu bitartean.
Eleaniztasuna
Testuen itzulpenari dagokionez ere antzerako zerbait gertatzen da. 1997an inauguratu zenean museoaren jarduerarako hartu zen erabaki estrategikoetako bat komunikaziorako hizkuntza ofizialak hiru izatea izan zen: euskara, gaztelania eta ingelesa. Ordutik, eta arrazoi ezberdinegatik —bisitarien eskariak, beste hizkuntza txikietako hiztunei elkartasuna adierazteagatik, herrialde ezberdinetako erakunde eta artistekin lan egiteagatik— lan hizkuntzak asko ugaritu dira.
Hala, bisitariek hormetan ikusten dituzten azalpen testu, txartel eta argibide guztiak hiru eletan daude. Baina informazio-mahaian banatzen den @ aldizkaria —momentu horretan ikusgai dauden erakusketei buruzko azalpenak eta bestelako argibide praktikoak dituena— sei hizkuntzatan argitaratzen da: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, galegoa eta katalana; eta azalpenak entzun nahi izanez gero, entzuteko gidak beste hainbeste hizkuntzetan eskuratu daitezke: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera.
Askotariko testuak
Hala ere,orain arte aipatu guztiak izozmendiaren tontorra besterik ez dira. Bisitariek itzulitako hainbat testu irakurtzen dituzte, baina museoak gizarteko bestelako kidegoekin dituen harremanetarako ere (ikastetxeak, museoaren lagunak, hedabideak, museoa babesten duten enpresa eta erakundeak) itzulpen behar asko sortzen dira. Horrezaz gain, museoko arlo askok mundu osoko kideekin testuak elkartrukatzen dituzte (arte ardura arlokoek beste museoetako komisario eta kontserbatzaileekin; erregistroko arlokoek mundu osoko garraio enpresa eta aduana-administrazioekin; lege-aholkularitza eta finantzetakoek New Yorkeko kideekin) eta hor ere itzulpenak tartean izaten dira.
Bestetik, kontuan hartu behar da erakusketa katalogoak gehienetan beste hizkuntzetatik itzultzen direla. Eskuarki ingelesetik. Bestetan, Europako bestelako museoekin lankidetzan egiten diren erakusketen kasuan, jatorrizko testuak frantsesez, alemanez edo italieraz idatzita egon daitezke, artikuluen egileen hizkuntzaren arabera.
Datuak
Ez zaituztet aspertu nahi Escorialen eta horrelakoetan egiten duten moduan datu gehiegi aipatuz, baina adibide gisa ondokoak argigarriak izan daitezke: Guggenheim Bilbao Museoak 200etik gora itzulpen bidaltzen ditu kanpora urtero, luzera eta eduki askotarikoak. Batzuk eskutitz soilak izan daitezke; besteak, berriz, 40.000 hitz dituzten katalogoak. Esate baterako, 2006. urtean ia 20.000 euro erabili zituen museoak katalogoetarako testuak itzultzen eta 50.000 euro bestelako itzulpenak egiteko.
Zailtasunak
Hasieratik izan dugun arazo larriena euskarazko terminologia izan da. Gaur egungo artearen arloa ezer gutxi jorratu da gure hizkuntza honetan. UZEIren Artea hiztegiak eta bestelako hiztegi eta glosategiek ez dituzte azken joera eta teknikak biltzen eta askotan ez datoz bat ("keinu-pintura", "keinuzko pintura" edo "keinubidezko pintura"?). Erreferentzi lanak gehienetan itzulpenak dira (Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratutako Arte Modernoaren Hiztegia edo Arte modernoaren ildo analitikoak). Azkenean betiko leloa, erabilgarriena arteari buruz euskaraz idazten dutenek erabiltzen duten fraseologia izaten da (Argia, Berria,...).
Arazoa museoan lantzen dugun arte mota izendatzeko moduarekin hasten da. "Arte garaikidea" (euskaraz idazten duten arte kritikariek, bestelako museoek eta itzultzaile gehienek erabiltzen duten terminoa) ala Ibon Sarasolak Euskara batuaren ajeak liburuan proposatzen duen "gaur egungo artea"? (erronka botako nioke nik Sarasola jaunari hainbestetan errepikatzen den "arte moderno y contemporáneo" bikote bereiztezina itzultzeko).
Oztopo handienak ez dira arte mugimenduak eta korronteak izendatzerakoan sortzen, artegintzan eta museo baten egunean-egunean sortzen diren hainbat teknika eta jardun izendatzeko terminologiarekin baizik. Artea sortzearekin (teknikak, baliabideak, tresnak, eta abar) eta museografiarekin zerikusia duen guzti horrekin alegia. Nola itzuli adibidez ingelesez erabiltzen den "Curator": arte arduraduna? edo kontserbatzailea? (frantsesez eta gaztelaniaz hartu den bidetik). Nola egin arte modernoa eta garaikidea duten museoek "Conservator" eta "Restorer" artean egiten duten bereizketa emateko? Egia esan IZOko terminologia atalean egin nuen lana asko eskertu dut museoko lanean. Behintzat terminoak sortu beharra izan dudanean ez dut itsu-itsuan jo. Hala ere hamar urte hauetan beste itzultzaile eta idazleek egindakoari esker askotan berrikusi ditugu gure erabakiak eta arte-sormenaren ildo berriek irtenbide irudimentsuak bilatzera akuilatu gaituzte.
Batzuetan Amundsen bezala sentitzen naiz, poloko izotzetan bakar-bakarrik galduta, baina lan honek badu bide berriak irekitzen dituen esploratzailearen zirrara hori.