Katalanezko, euskarazko eta galegozko bikoizketarako itzulpenaren ikuspegi historikoa
Manuel Arca Castro

Lan honek katalanezko, euskarazko eta galegozko bikoizketarako itzulpenaren industrien bilakaera aztertzen du, arreta berezia emanez esparru bakoitzeko telebista autonomiko publikoek —Televisió de Catalunya (TV3), Euskal Telebista (ETB) eta Televisión de Galicia (TVG)— jokatu duten paperari. Era berean, telebista kate horietan bikoizketa zein egoeratan dagoen azaltzen du testuak, eta hiruren arteko erkaketa egiten du, 2015 eta 2016 urteetan bikoiztu ziren produktuen azterketa kuantitatibo eta kualitatiboaren bidez. Bildutako datuek eta horietatik ateratako ondorioek, bikoizketaren industrien egoeraren berri emateaz gain, oinarria ezartzen dute bikoizketaren eta hizkuntza normalizazioaren arteko harremana sakonduko duten ikerlan berrietarako.

Itzulpena: Bego Montorio

Sarrera[1]

Ukaezina da itzulpenak gure jendartean duen presentzia, eta, ikus-entzunezkoen kasuan, are handiagoa da itzulitako testuokin dugun harremana; izan ere, egunerokoan ohartu ez arren, eragin zuzena dute erabiltzen dugun hizkeran. Itzulpen okerren eraginez, adibidez, guztiz arrotzak zitzaizkigun esamoldeak sartu izan dira gure hizkuntzetan —«Wow!» edo «O, ez!» horien tankerakoak—, baita apurka-apurka nagusitzen ari diren kultur elementuak ere, geure ditugun horien kaltegarri.

Ikus-entzunezkoek hartzaileongan duten eragina aztertzeko interesa areagotu egiten da hizkuntza minorizatuak aztergai ditugunean, ikus-entzunezkoen itzulpena loturik baitago, oraindik ere, hizkuntzaren normalizazioarekin. Eta zenbait ikuspuntutatik heldu behar zaio normalizazioari: batetik, ikus-entzunezko itzulpenari esker, gure ohiko errealitatearekin bat ez datozen egoerak ikusten ditugu, non gure hizkuntzetan modu normalean hitz egiten den, eta, hala, baliorik gabe dira hizkuntza jakin batzuen erabilerari buruzko aurreiritziak; beste alde batetik, hizkuntzotako arauak zabaltzeko («arauak normalizatzeko») tresna ere bada itzulpena, ikus-entzunezko produktuetarako finkatu den ereduak balio ofiziala duen estandarra baitu abiapuntu.

Gauzak horrela, deigarria, behintzat, bada ikerlan gehiago ez egotea, itzulpengintzaren teoriaren barruan, normalizazioaren eta ikus-entzunezkoen arteko lotura aztertzeko. Itzulitako produktuen eragina, gaur egun, beste bide batzuetatik ere gertatu arren —nahikoa da erreparatzea bideo-jokoen edo Interneten industriek duten pisuari—, Espainiako estatuko hizkuntza minorizatuen kasuan badirudi oraindik ez dela gauzatu errealitate horietarako pausoa, edo ez, bederen, aski emaitza onekin, eta hizkuntza horietan «hitz egindako» ikus-entzunezko produktuen kontsumo nagusia edo bakarra telebistetako emisioak dira. Beste alde batetik, populazio osoak ez du kanal «modernoago» horietarako sarbiderik, eta bai, ordea, ohiko telebistarakoa; beraz, dudarik ez dago errealitate hori ikertzea gaurkotasun handikoa dela oraindik ere.

Hizkuntza minorizatuetara itzulitako ikus-entzunezko produktuen bolumena aztertzeko, ezinbestekoa da, lehenik eta behin, produktu horiek testuinguruan jartzea, eta, jarraian, katalogazioa egitea, zer produktuz ari garen zehazteko eta hizkuntza eta kulturen arteko bitartekaritza prozesuaren atzean dauden eragileak hauteman eta definitzeko. Hala, geroagoko ikerlanetan azterketa zehatzagoak egin ahal izango dira, maila makrotestual zein mikrotestualeko ikerketak, esparru bakoitzean erabiltzen diren itzulpen joerak ezagutu eta Iberiar penintsula osoan nagusi direnekin erkatu ahal izateko. Hartara, posible izango litzateke testu mota horiek gure eguneroko hizkeran duten eraginari buruzko ikerlan serioak egitea.

Lan honetan, zeregin horietako lehenari helduko diogu: katalanera, euskarara eta galegora itzulitako ikus-entzunezkoen historia testuinguruan jartzeari eta hizkuntza horietara itzuli diren produktuak deskribatzeari. Gehienbat, 2015. eta 2016. urteetan eta Televisió de Catalunya-k (TV3), Euskal Telebistak (ETB) eta Televisión de Galicia-k (TVG) egindako bikoizketetan zentratuko gara, bi urte horietakoa lagina adierazgarria eta berria delako eta hiru telebista horiek direlako denbora tarte horretan itzulpen enkargu gehien bideratu zituztenak.

Lehen esan dugun moduan, hortik abiaturik, posible izango da karakterizazio zehatzagoak egitea eta maila testualari erreparatuko dioten ikerlan sakonagoak garatzea. Beraz, lan xume honekin, bidearen lehen pausoa baino ez dugu egingo.

Bikoizketarako itzulpena

Jaume I Unibertsitateko katedradun Federic Chaumeren hitzetan, honela defini daitekeen prozesua da bikoizketa:

Replacing the original track of a film’s (or any audiovisual text) source language dialogues with another track on which translated dialogues have been recorded in the target language. The remaining tracks are left untouched (the soundtrack — including both music and special effects — and the images). (Chaume, 2012, 1. or.)

Errealitate hori azaltzeko definizio zehatzagoak eta osoagoak egon daitezkeen arren, lan honen helburua ez da maila horretako berrikuntza edo hobekuntzarik eskaintzea, eta hurbilketa hori nahikoa zaigu, batetik, jakiteko zein diren esparru horretan diharduten eragileen jarduna gidatzen duten printzipioak, eta, bestetik, industria hori hobeto ulertzeko.

Horrez gain, Espainiako estatuaren errealitatea testuinguruan jartzeko, esan beharra dago espazio horrek zenbait polisistema biltzen dituela eta haietako bakoitzak bere itzulpen harreman independente eta autonomoak dituela. Jarraian, bikoizketaren presentziari buruzko karakterizazio bat aurkeztuko dugu, kontinenteka, joera nagusiak agertzeko. Itzulpen modalitate bat edo bestea erabiltzeko arrazoiei buruz ez gara arituko, lan honek errealitatearen karakterizazio deskriptibo bat agertzea baitu xede[2]:

  • Europan badaude herri bikoizleak (Frantzia, Alemania, Italia…) eta herri azpititulatzaileak (Norvegia, Portugal, Grezia…), baita «ahots gainjarri»en modalitatea erabiltzen duten beste herrialde batzuk ere (Polonia, Errusia, Bulgaria…). Nolanahi ere, era horretako karakterizazioa ez da guztiz zehatza, zeren azpititulatzailetzat jo ditzakegun herrialdeetan ere bikoiztu egiten baitira haur eta gazteentzako produktuak. Era berean, joerak aldatzen ari dira herrialde horietako askotan; Portugalgo telebistetan, adibidez, gaur egun gehiago dira bikoiztutako produktuak azpititulatutakoak baino (Chorão, 2012), eta, Polonian ere, tokia irabazten ari da bikoizketa (Chmiel, 2010).
  • Asian, baliabide ekonomiko gehien dituzten herrialdeek dute bikoizketarako joera, hala nola Txinak (mandarinera itzultzen dute), Hong Kongek (Kantongo txineraz bikoizten dute), Japoniak, Thailandiak edo Koreak.
  • Ameriketan, bereizketa argia egin behar da: alde batetik, Kanada eta Estatu Batuak, eta, bestetik, gainerako herrialdeak. Lehenengoen kasuan, bikoizketa salbuespena da (gogoan hartu behar da zirkuitu komertzialetako ikus-entzunezko produkzio gehienak ingelesez sortuak direla); nolanahi ere, japoniar animazioa eta atzerriko beste zenbait animazio, baita britainiarrak ere, ingeles amerikarrez bikoiztu ohi dira, baita beste produkturen bat ere noizean behin. Bigarrengoen kasuan, herrialdeen araberako karakterizazioa egin beharko litzateke, baina, kasu bakan batzuk kenduta, bikoizketa bakarra egin ohi da «espainiera neutroa» esaten zaion horretan (hizkera molde aseptiko bat lexikoari, morfosintaxiari eta fonetika-fonologiari dagokienez, itzulpenon hartzaile diren herrialdeko batek ere «propiotzat» jo ezin duena). Alabaina, azpititulazioa da araua, haur eta gazteentzako produktuetan izan ezik. Brasilen, ordea, bikoizketa da araua.
  • Afrikan, azpititulazioa da araua, salbu eta arabiera estandarrezko bikoizketa, horrek bai baitu presentzia nabarmena.
  • Ozeanian, bikoizketa ia ezezaguna da, produkzio gehienak ingelesez heltzen baitzaizkie Estatu Batuetatik.

Informazio hori guztia kontuan hartuta, esan genezake Espainiako estatua tradizio bikoizlea duen herrialdea dela eta, aldi berean, salbuespena dela Europa barruan, hizkuntza minorizatuetara egindako bikoizketak presentzia handia baitauka, nazioartean nagusi diren joeren kontra.

Normalizazio bidean dauden hizkuntzetara egindako itzulpenak

Asko idatz liteke normalizazio bidean dauden hizkuntzetarako itzulpenaz. «Normalizazio bidean» sintagma erabiltzeak adierazi nahi du erdietsi beharreko azken helburua normalizazioa dela, eta honako hau dio Cabrék horri buruz:

En una situación óptima para la normalización, el principal instigador del cambio lingüístico es la propia sociedad que utiliza una lengua; las instituciones de gobierno ejercen la función de coordinar y ordenar el proceso. Dejar ese proceso de cambio a la influencia de los factores contingentes que se produzcan de manera natural y espontánea no parece ser el mejor método para llegar a resultados positivos en la recuperación de una lengua. (Cabré, 1992, 87. or.)

O’Connell-ek normalizazio kontzeptuaren eta ikus-entzunezko itzulpenaren arteko harremana aztertu du, eta modalitate horren erantzukizun sozialaren karakterizazio zehatzagoa eskaintzen digu:

In view of the high prestige and penetration of audiovisual material in minority language communities (which may be geographically scattered), it is particularily important that dubbers working in minority languages do not view their mission purely as the provision of light entertainment. In this respect, there is also much to be learnt from translators of children’s books, who (despite low pay and status) tend to have a well developed sense of the vocational importance of their work in the overall context of the education of the younger generation of minority language speakers. (O’Connell, 2003)

Normalizazio bidean dauden hizkuntzetan, bikoizketa oso tresna garrantzitsua da normalizazio prozesurako, eta, guri dagokigun kasuan, Espainiako estatuan, hizkuntza horietan ere egin behar da, besterik ez bada hizkuntza horiekiko tratamendu bidegabea saihesteko, gaztelaniazko bikoizketa tradizio finkatua baita. Bestalde, soziolinguistika alde batera utzita eta alderdi linguistiko hutsetik begiratuta, bikoizketak aukera ematen digu hizkuntza eredu imitagarri, koherente eta eragin arrotzetatik aparteko bat zabaltzeko —betiere gutxieneko kalitate estandarren arabera lan eginez gero—, bai maila lexikoan, bai morfosintaktikoan eta fonetiko- fonologikoan —azken horretarako, paregabeko baliabidea da bikoizketa, dudarik gabe—. Aldi berean, bidea ematen digu hizkuntza horiek bestelako errealitate eta espazio kultural batzuekin harremanetan jartzeko halako moduan non guztiz normalizatutako beste hizkuntza batzuen —ingelesa, frantsesa edo alemana, adibidez— pare egongo diren (hau da, «gauza bera» adierazteko gai izango dira), jatorrizko hizkuntza eta xede hizkuntza maila berean baitaude.

Alabaina, alor honi buruzko ikerketa zehatzak egiteko, kontuan hartu behar da guri dagokigun kasuan erakunde publiko autonomikoen —batez ere irrati eta telebista erakunde publikoen— mendekoa izaten dela, gehienbat, hizkuntza horietako bikoizketa. Gogoan hartzeko errealitatea da, zeren hizkuntza horietako bikoizketaren pertzepzioan eragina duen beste parametro garrantzitsu bat gehitu behar baita: erakunde publiko horien erantzukizun soziala emititzen dituzten produktuekiko. Horren harira, ikus-entzunezko alorrera ekarriko ditugu Lunak itzulpen literarioaz esandakoak:

A literatura importada debátese entre o proxecto cultural que procura textos renovadores e o proxecto comercial (aínda que en ocasións coinciden). O proxecto comercial ten que competir ademais, dentro e fóra do seu marco económico no caso de Galicia. Coidamos que hai que traducir literatura de consumo e premiada, malia as dificultades que supón a compra de dereitos e a dura competencia con grandes grupos editoriais, porque isto segue a ter importancia para a autoestima. Con todo, esa procura non debe esquecer o diálogo coas obras procedentes de sociedades con menos oportunidades de ser coñecidas e aproveitar ben os escasos recursos, dada a falta de apoio para traducir obras custosas. (Luna, 2013, 121. or.)

Gauza bera gertatzen da Espainiako estatuko hizkuntza minorizatu guztien ikus-entzunezko itzulpenekin. Eta galdera bera sortzen zaie erakunde publiko horiei guztiei: zer da onuragarriagoa hizkuntza horietarako, egile zinemako film bat bikoiztea, kalitate handikoa eta gureen antzeko kultura minorizatu batekoa, ala milioika jarraitzaile dituen ekintza zinemako azken film arrakastatsua bikoiztea? A priori, era bietako produkzioak uztartu beharko lirateke.

Lan honetan, hizkuntza propioa duten Espainiako estatuko telebista publiko bakoitzak erosten dituen produktuen karakterizazio kualitatibo bat zirriborratuko dugu, eta euren artean erkatuko, joera komunak dauden ala ez ikusi ahal izateko. Garrantzitsua da, halaber, telebista bakoitzaren deskripzio kuantitatiboa egitea, hautemateko industriak zer-nolako pisua duen hemen aztertuko ditugun hiru esparruetako bakoitzean.

Bikoizketarako itzulpenaren egoera Espainiako estatuko hizkuntza minorizatuetan

Atal honetan, Espainiako estatuko hizkuntza minorizatuetako bikoizketa garatzen den esparruak zein diren eta zer ezaugarri dituzten definituko dugu. Jarraian, azterketa kuantitatibo- historiko bat aurkeztuko dugu, telebista publikoek eskainitako datuekin osatua, bikoizketarako itzulpenak eta horren industriak duten pisua zenbakitan neurtu ahal izateko. Datuei dagokienez, 2001etik 2007rako denbora tarteari buruzkoak baino ez ditugu hemen jasoko, urte horiei buruzkoa baita TV3k, ETBk eta TVGk eskainitako informazio parekagarri bakarra; garai horren aurreko datuei dagokienez, edo ez ziren zehatzak, edo ez daude jasota euren datu-baseetan[3]. Horri esker, hiru telebista horiek[4] eskaini dituzten bikoizketa orduen[5] garapenaren ikuspegi historikoa ikus dezakegu, mugatua bada ere:

1. irudia_bikoizketa orduen bilakaera.jpg
1. irudia: TV3ko, ETBko eta TVGko bikoizketa orduen bilakaera (2001-2017). Egileak sotua.

Grafikoan ikus daitekeenez, TV3 da —denbora tarte osoan zehar— bikoizketa ordu gehien eskaini dituen telebista; kopuru altuena 2007koa da, urte horretan ia 3.000 bikoizketa ordu emititu baitzituen. Alabaina, urte horretatik aurrera, kopurua pixkanaka murrizten hasi zen; 2012an, jaitsiera nabaria egon zen, eta, harrezkero, gorabeherak egon badira ere, egoera ez da hobetu, eta azken urteotan 900-1.000 bikoizketa ordu inguru bikoiztu dituzte.

Beste alde batetik, ETBren balioak apalagoak dira mende honetan, eta urteko 500 ordu inguru bikoiztu dituzte, nahiz eta 1990eko hamarkadan 1.000 bikoizketa ordutara heldu ziren (ikus Zabalondo, 2020, 183. or.). Dena den, beherakada nabarmenagoa izan da 2012az geroztik, TV3ren kasuan bezala. Hala, datuak ditugun azken urteetako bikoizketa bolumena urteko 100 orduren ingurukoa izan da; hau da, TVE3k katalanezko bikoizketan eskaintzen duenaren hamarren bat, gutxi gorabehera.

Azkenik, interesgarria da TVGren kasua; 2005. urtean, oso maila altua erdietsi zuen —urteko 2.000 bikoizketa ordu baino gehiago—, baina, harrezkero, urrituz joan da kopurua. 2010. urtera arte, urteko 1.000 ordutik gora eskaini zituen, baina, beste telebista autonomikoetan bezala, kopurua murriztuz joan da, eta, datuak ditugun azken urteetan, 300 ordu inguru bikoiztu dituzte; hau da, ETBk eskaini duena halako hiru, eta TV3k emititu duenaren herena.

Zehatzago begiratuta eta urte bakar bat kontuan hartuta —2016a, alegia, urte horretakoak baitira ditugun azken erregistroak—, generoen araberako banaketari erreparatu diogu: animazioa, film luzeak, telesailak eta dokumentalak. Sailkapena telebista publikoek eskaintzen duten bera da, eta datuak honako iturri hauetatik lortu ditugu: katalanerako, Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals-en (CCMA) Memòria Anual d’Activitats de 2016; galegorako, Corporación Radio e Televisión de Galicia-ren (CRTVG) Informe sobre a xestión de servizo público de 2016, eta, euskararako, ETBk eskainitako informazioa. Esandako urte horretan, ikus- entzunezko 1.601 ordu bikoiztu ziren katalanez. Horietatik, 352 ordu marrazki bizidunak izan ziren; 107, film luzeak; 380, dokumentalak, eta 222, telesailak. Galegoz, berriz, 302 ordu bikoiztu ziren guztira: 224 ordu, marrazki bizidunak; 42, film luzeak; 21, dokumentalak, eta 15, telesailak. Eta ETBk, guztira 109 ordu emititu zituen; horietatik 93, marrazki bizidunak.

2. irudia_bikoizketa orduak, generoaren arabera.jpg
2. irudia: TV3ko, ETBko eta TVGko bikoizketa orduak, generoaren arabera (2016).

Azterketa kuantitatibo horietan ikus dezakegu alde nabarmenak daudela, eta desberdintasunak, hasiera batean, faktore politiko eta soziolinguistikoei egotz dakizkiekegu: TV3 da hizkuntza propioan bikoizketa ordu gehien eskaintzen dituena, eta, beste ertzean, ETB dugu, non kopuruak oso txikiak diren. Alabaina, adierazi behar da euskararen ezagutza askoz urriagoa dela euskal lurraldean, katalanarena eta galegoarena Katalunian eta Galizian baino. Galiziari dagokionez, zifrek adierazten digute industriari eusteko nahikoak direla, baina ez hizkuntza propioaren defentsaren aldeko erronkari heltzeko.

Joera, dena den, argia da: denborak aurrera egin ahala, bikoizketak gero eta maila periferikoagoa du telebista publikoetan. Eta, hori eragiten duten faktoreak zein diren bilatzeari ekingo ez badiogu ere, arrazoietako bat izan daiteke aztertzen ari garen esparru horietako ikus-entzunezko industria autoktonoak ugaritu eta finkatu izana.

Nolanahi dela ere, lan honetan, hiru esparru horietako bakoitzean bikoizteko testuen aukeraketan erabiltzen den itzulpen politika deskribatu nahi dugu, 2015 eta 2016 urteetan erosi eta itzulitako produktuen katalogazioaren bitartez, hiru telebista publiko autonomikoek emandako datuak erabilita[6]. Hots, TV3ko katalana, ETBko euskara eta TVGko galegoa aztertuko ditugu, Espainiako estatuko hizkuntza minorizatuetako bikoizketa industria nagusiak baitira (datuak ditugun denbora tarteetan, bederen).

Hortik aparte, interesgarria da nabarmentzea TV3k hizkuntza irizpide jakin batzuen arabera egiten duela katalanezko bikoizketa, baina À Punt-ek (garai bateko TVV) katalanaren Valentziako aldaerara egiten ditu itzulpenak, eta, beraz, produktu jakin batzuetan, hizkuntza bererako bi bikoizketa daude, zein bere ezaugarri formalekin. Gauza bera gertatu zen, garai batean, IB3k Balear Uharteetako katalanez enkargatutako bikoizketa batekin. Telebista horietako bakoitzak bere hizkuntza eredua erabiltzen du, politikoki eta administratiboki bereizita dauden lurralde horietako bakoitzean maioritariotzat jotzen diren ezaugarri morfosintaktiko, lexiko eta fonetiko-fonologikoen arabera (ikus Marzá eta Prats, 2018, 25.-35. or.).

Erantsi nahi dugu, halaber, araneraz (Aran bailaran hitz egiten den okzitanieraren aldera) egindako bikoizketa bakanen baten berri izan dugula, mende honen hasieran TV3k bultzaturik, hala nola asturieraz egindako besteren batena, TPA Asturiasko telebista publikoak sustaturik. Polisistema horietan, denbora oso laburrez azaldu da ikus-entzunezko itzulpena, eta bikoiztutako edukien kopurua murritzegia izan da bikoizketa industria propioak sortzeko.

Hori dela eta, Kataluniara (TV3), Euskadira (ETB) eta Galiziara (TVG) mugatuko gara lan honetan, nork bere hizkuntzaz egindako bikoizketa orduak kontuan hartuta, horiek baitira guk aztertutako urte tarte horretan nagusiak.

Bikoizketarako itzulpena katalanez (TV3)

Lan honetan aztertutakoen artean, katalanezko bikoizketa da denboran lehena, 1933an bikoiztu baitzen lehen aldiz film bat katalanez; Bric-à-brac et compagnie (1931) film frantsesa, hain zuzen ere (katalanez, Draps i ferro vell). Gaztelaniazko lehen bikoizketa urte gutxi batzuk lehenago egin zen, 1929an: «Radio Pictures dubbed the film Rio Rita (Luther Reed 1929) into German, French and Spanish» (Chaume, 2012, 12. or.).

Hastapeneko saio hori, interesgarria izan arren, gertaera bakana baino ez zen izan, eta demokraziaren lehen urteetara arte itxaron behar izan zen TVEk katalanez bikoizteko erabakia har zezan: animazio lan batzuk[7], bai eta Gone With The Wind (1939) film luzea ere, zeina 1986. urtean eman baitzuten katalanez, Allò que el vent s’endugué izenarekin[8].

Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals sortzearekin batera, 1983an, katalanezko bikoizketak erregulartasunez egiten hasi ziren. Carbók (2010, 113. or.) azaldu duen moduan, lehen urte horietan arauak sistematikoki aplikatu baino ez zuten egiten, eta 1993an ekin zioten bikoizketarako hizkuntza eredu bat sortzeari, erakunde publiko horren ardurapean. Prozesu horren emaitza da ÉsADir sarbide publikoko web ataria, non ikus-entzunezkoaren alorrean katalanez diharduten profesionalen zalantzak argitzen dituzten. Esan beharra dago telebista publiko hori izan dela munta horretako gune bat sortzeko gauza izan den bakarra.

TV3ren eta gainerako eragileen hizkuntza kontrol horri esker, denborak aurrera egin ahala hobetuz joan da bikoizketa etxeetatik sortzen diren produktuen kalitatea. Horrez gain:

Els professionals del doblatge que treballen per a TVC han passat prèviament una homologació. […] Des del 1987 TVC realitza exàmens d’homologació dirigits a professionals de la traducció i l’adaptació, i exigeix als estudis de doblatge que les traduccions que els arriben estiguen firmades per aquests professionals. (Marzá e Prats, 2018, 73. or.)

Era berean, katalanak erregistroen arloan zituen aukerak aztertuz joan ziren (ordura arte literaturaren esparrura eta berezko ahozko jardunera ia erabat mugaturik baitzegoen, aztertzen ari garen beste bi hizkuntzak bezalaxe), eta, erakundeek finkatutako estandarretik abiatuta, bestelako katalan bat lortu zuten («diferenciat, que cercava d’introduir un registre col·loquial genuïnament català. Aquest és el cas de les sèries Helena, quina canya! i De què vas?»); bi telesail horiek oso adierazgarriak dira, katalanezko bikoizketan erregistroa «informalizatzeko» saioa egin zutelako lehen aldiz.

Bilakaera historikoari dagokionez, eta lehen azaldu dugun grafikoan ikusten den moduan, nabarmen urritu dira bikoizketa orduak azken hamar urteotan. Nolanahi ere, aztertu ditugun hiru lurraldeetan, TV3 da bikoizketa ordu gehien eskaintzen dituena; 2015ean eta 2016an, 1.200 ordu eta 916 ordu emititu zituen, hurrenez hurren, betiere telebista horrek berak eskainitako datuen arabera.

TV3ren bikoizketarako enkarguen bolumena handiegia da bi urte horietako itzultzaile guztiak artikulu honetan identifikatzeko, baina telebistak berak emandako informazioari esker badakigu ehundik gora profesional daudela homologaturik. Haietako batzuek oso hizkuntza urrunetatik itzultzen dute katalanera zuzenean; adibidez, albanieratik, armenieratik edo finlandieratik.

Aipatutako bi urte horietan, hamahiru bikoizketa enpresak lan egin zuten TV3rako: Agencia Polford de Locutores, CYO Global Media, Deluxe 103, Digitsound, Dubbing Films, Galletly, International Sound Studio, Media Art Studio, SDI Media Iberia, Sonilab, Sonygraf, Takemaker eta VSI Sonygraf. Bikoizketa lanak irizpide kualitatibo eta ekonomikoen arabera banatu ziren enpresen artean.

Denbora tarte horretan, ingelesa, italiera, frantsesa, galegoa, alemana, japoniera eta txinera izan ziren itzulpenetako sorburu hizkuntzak; ez dakigu itzulpenok zuzenean egin ote ziren, baina baietz uste dugu, hizkuntza konbinazio ugaritako itzultzaile homologatu asko baitaude. Ikusi dugunez, galegotik ere itzuli zen (ez, ordea, euskaratik edo beste hizkuntza batzuetatik); O faro (2013) telenobela eta Códice (2014) telesail laburra izan ziren katalanez bikoiztutako produktuak.

Itzulpenaz gaineko maila batetik begiratuta, eta 2015. eta 2016. urteetan katalanez bikoiztutako produktuen azterketa deskriptibora mugaturik, TV3 da ikus-entzunezko produktuen aniztasun handiena duena. Telebista horrek emandako informazioaren arabera, honela sailkatu daitezke generoak:

  • Animazioa: animazioko zenbait telesail sartzen dira hemen; besteak beste, Els Dalton (2010), Raa Raa el lleó escandalós (2011), Doraemon (2005), Shin-chan (1992), Dragon Ball Z Kai (2014), La Lua i el món (2012) edo Vic the Viking (2013). Horiez gain, DreamWorks faktoriak Netflix-erako egindako zenbait produktu ere topatu ditzakegu; produkzio horiek Planeta Júnior banaketa enpresari esker erosi zituzten, hizkuntza propioa duten telebista autonomiko guztiek (TV3, ETB eta TVG) eta TVEk sinaturiko hitzarmen baten ondorioz.
  • Atzerriko zinema: batetik, badago hitzarmen bat Warner-ekin, blockbuster zenbait katalanez bikoiztuko direla segurtatzeko, eta horren haritik itzuli ziren Gravity (2013) edo Interstellar (2014), baita Woody Allen-en azken lanak ere, Blue Jasmine (2013) eta Magic in the Moonlight (2014) horren lekuko. Beste banaketa etxe batzuetako izenburu batzuk ere bikoiztu dituzte; esaterako, L’ultim passatger (2013) edo La dona invisible (2013).
  • TV movies: atal honetan sartzen diren izenburuak, agian, aurreko atalekoak baino kalitate txikiagokoak dira; adibidez, Un poli de veritat (2009) edo El Nadal de les germanes March (2012).
  • Kulturari buruzko dokumentalak: kategoria honetan sartzen dira National Geographic faktoriaren dokumentalak —Vius o morts (2013) edo Quan ataquen els taurons (2013), horien artean—, bai eta hain handiak ez diren beste banatzaile batzuenak ere; adibidez, Camins per anar a l’escola (2015) edo La gent del riu (2013). Hemen sailkatzen dira, halaber, docu-realities tankerako beste lan batzuk: La cuina de Rachel Khoo: Melbourne (2015) edo Els quaderns de cuina de la Julie (2012).
  • Kirolari buruzko dokumentalak: bi izenburu baino ez daude; zehazki, L’home més fort del món 2014 (2014) eta L’home més fort del món 2015 (2015).
  • Naturari buruzko dokumentalak: horien adibide, Els Estats Units des de l’aire (2010) edo National Geographic-eko izenburuak; esaterako, Amics insòlits (2012).
  • Dokumental sozialak: gai askotarikoak lantzen dituzte, eta horien artean daude Fukushima. Una història nuclear (2015) edo Atacs a Paris, estat d’emergència (2016).
  • Telesail laburrak: besteak beste, BBCren zenbait produkzio; El cercle Bletchly (2012) edo TVGren Còdex (2014), horien artean.
  • 60’-ko telesailak: atal honetan badira zenbait produktu mota; besteak beste, Rex (1994) telesaileko azken kapituluak, eta, presentzia handiena duena, El Faro. Cruïlla de camins (2013) telesail galegoa (2015ean eta 2016an telesail horretako 66tik 340ra bitarteko kapituluak bikoiztu ziren).

CCMA erakundearen datuez gain, Kataluniako Generalitateak ematen dituen dirulaguntzak aipatu behar dira: «Subvencions per a la subtitulació i el doblatge en català de llargmetratges d’estrena en sales d’exhibició cinematogràfica» eta «Subvencions per al doblatge i la subtitulació en català de llargmetratges per a l’explotació posterior a l’estrena en sales d’exhibició cinematogràfica i per a la subtitulació en català de sèries». Alabaina, era horretako dirulaguntzei buruzko daturik ez dagoenez, ez ditugu lan honetan kontuan hartuko, eta telebista publikoetara mugatuko gara.

Bikoizketarako itzulpena euskaraz (ETB)

Barambonesek dioenez (2012, 35. or.), «la historia de la traducción-ajuste y doblaje al euskera va unida al nacimiento y posterior desarrollo de la televisión pública vasca ETB» (1982. urtean sortu zen). Horregatik, hain zuzen ere, ikus-entzunezko itzulpenak erakunde horrekin duen harremanari eskainiko diogu arreta gehiena, euskarazko bikoizketa ia erabat EITBren mendekoa izan baita, eta bada, orain ere.

Lehen garaietan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila zen ikus-entzunezko produkzioak nazioarteko merkatuan erosten zituena. Alabaina, produkzio horiek TVEri saltzen zizkioten estatubatuar eta britainiar banatzaileen errezeloak zirela eta, euskal telebistak beste herrialde batzuekin sinatu behar izan zituen hitzarmenak, hala nola Bulgaria, Hungaria, Txekoslovakia, Errumania eta Jugoslaviarekin. ETBk atzerrian erositako produkzioak (500 ordu, 1982an) Filmen Bikoizketarako Zentrora bidaltzen zituzten, eta zentro horrek Irrati-Telebista Eskolako itzultzaileei enkargatzen zien bikoizketa, gehienetan ingelesezko zubi-bertsio bat erabilita (Barambones, 2012, 36. or).

Egile horrek berak aipatzen duen informazioaren arabera (2012, 38.-40. or.), azaldu behar dugu urte batzuk pasaturik produkzioak TV3rekin batera erosten hasi zela ETB, eta horrek aukera eman zion Dallas (1978) eta halako telesailak bikoizteko, bai eta zuzenean alemanetik euskaratzen ziren beste produkzio batzuk ere. Denborarekin, itzultzaileak eurak hasi ziren egokitzapen lana egiten, eta, hala, prozesuaren kostua murriztu eta azken emaitzaren kalitate hobea bermatu ahal izan zuten.

Euskal telebista sortu zenetik 1993ra arte, gaztelaniaz azpititulatzen ziren euskaraz bikoiztutako produktuak. Azpititulazio horrek funtzio pedagogikoa zuen, euskara erdal ikusleei «hurbiltzea» baitzen xedea. Izan ere, gaztelaniazko azpitituluak euskaraz bikoiztutako bertsiotik egiten ziren, eta ez jatorrizkotik.

Ikuspuntu kualitatibotik, emaitzak kaskar samarrak ziren hastapenetan, abiatu berria zen lanbide batean espero zitekeen moduan. Lurdes Otegi hizkuntza aholkulariak 1985ean aipatu zituen gabezien artean agertzen dira, esaterako, hizkuntza eredua erregistroetara ez egokitzea eta hiztegi garbizaleegia erabiltzea (Barambones, 2012, 47. or.). Hori dela eta, 1987an, lehen hizkuntza aholkulariak kontratatu zituen ETBk. Enpresei zuzendutako zenbait txosten egin zituzten, eta estandarretik aldendutako euskara kolokialago bat erabiltzeko 1991n egin zen saioaren ondotik ondorioztatu zuten bide egokian ari zirela: euskara batua erabiltzen jarraitu behar zen, baina hiztegiak ez zuen hain bihurria izan behar; egitura sintaktikoek sinpleagoak izan behar zuten, eta itzulpenak eta egokitzapenak hobetu behar ziren. Helburu hori erdiesteko, lan egiteko modu berri bati ekin zioten 1994an: gidoiak telebistara bidaltzen zituzten aurretik, hango Euskara Saileko hizkuntzalariek orraztu zitzaten; elkarlan eta sinergien bateratze horrek azken emaitzaren kalitatea hobetzea ekarri zuen.

Gaur egun, bereziki ahula da bikoizketaren egoera euskararen polisistemaren barruan, zeren, kuantitatiboki, hor gauzatu baita murrizketarik handiena urteek aurrera egin ahala. 1991ean jo zuen gaina; urte hartan, EITBk 1.278 bikoizketa ordu enkargatu zituen, baina, data horretatik aurrera, etengabekoa izan da murrizketa: telebista publiko horrek berak emandako datuen arabera, 1999tik 2011ra bitarteko tartean, batez beste urteko 500 bikoizketa ordu enkargatu ziren. Alabaina, azken urte horretatik aurrera, «telesaila» generoa desagertu egin zen bikoizketara bideratutako aurrekontuetatik, eta, ondorioz, gutxitu egin zen bikoizketa orduen kopurua; badago, nolanahi ere, salbuespen bat, 2017an Merlí (2014) telesail katalanaren 39 kapitulu itzuli baitziren. Irudi errealeko filmak 2014an bikoiztu ziren euskarara azkenekoz[9]; hala, Warner faktoriako bi izenburu izan ziren euskaratutako azkenetakoak Zaldun Ilunaren jaikiera (2012) eta Hastapena (2010), biak 2014an bikoiztutakoak.

Bilakaera horren eraginez, 2015. eta 2016. urteetan «animazioko telesaila» generoa izan zen EITBk gehien bikoizarazitakoa, salbuespen bakarra baitago: Hanburgesa zaparrada 2 (2013) (haurrentzako) filma. Hala, euskal erakunde publikoak bi urte horietan bikoiztutako 88 eta 102 orduen artean, DreamWorks Animation-en eta Planeta Júnior-en lizentzia zuten produktuak topatuko ditugu, lehen aipatutako hitzarmenaren ondorioz —Katu botadunaren abenturak (2015), Julien Erregea (2014), Dinotrak (2015) edo Croodarren egunsentia (2013)—, bai eta Luk Internacional-ek erositako produkzioak ere; horien artean, Doraemon, katu kosmikoa (2005) marrazki bizidun japoniarrak; 2016. urtean, animaziozko telesail horretako 26 kapitulu bikoiztu ziren, 1.058tik 1.083ra bitartekoak, eta hori izango da, seguruen, euskarara itzulita kapitulu gehien dauzkan produkzioa.

Itzulpen horien guztien sorburu hizkuntza ingelesa izan zela adierazi beharra dago, salbu eta Japoniako produktuetan, gaztelaniazko zubi bertsio bat baliaturik euskaratu baitziren. Erabilitako itzulpen estrategiei dagokienez, eta ikuspegi oso orokor batetik begiratuta, adierazi behar dugu kantak euskarara bikoiztu zirela eta tartekiak, berriz, jatorrizko hizkuntzan agertzen zirela pantailan, hau da, ez ziren «grafikoki» euskarara itzultzen.

Hizkuntzaren ikuspegitik begiratuta, Barambonesek (2012, 51. or.) adierazten du bikoiztutako zenbait produktutan erregistro gabezia zegoela oraindik ere, baina, haren iritziz, ez zen halakorik gertatzen haur eta gazteentzako produktuetan. Nolanahi ere, euskaraz bikoiztutako film luzeak desagertu zirenez, arazo hori lausotu eta konpondu gabe geratu zen. Horrekin lotuta, haur eta gazteentzakoez gain azken urteotan bikoiztu den telesail bakarrari dagokionez, Merlí, honela definitzen du Euskara Zerbitzuko buru Asier Larrinagak[10] telesailean erabilitako hizkera: «Lenguaje crudo y lleno de tacos de Merlí; el modo de hablar entre los jóvenes, el que se utiliza en el instituto […]. Anteriormente ya teníamos recopiladas palabras y expresiones, pero hemos hecho otra selección fijándonos en el euskera que utiliza la juventud en la calle, en las redes sociales o en foros juveniles de Internet, y también hemos creado nuevas palabras».

Beste alderdi bati begiraturik, urteko bikoizketa orduen kopurua oso murritza denez, EITBk enpresa bakar bati azpikontratatzen dizkio, lehiaketa publiko bidez, produkzio horien itzulpena eta bikoizketa; Mixer Servicios Audiovisuales, S.L.-ri, hain zuzen ere. Enpresa horrek, bestalde, bost itzultzaileri enkargatu zien lana, eta, gutxi direnez, aipatu egingo ditugu: Jesus Otzerinjauregi, Mikel Azkarraga, Joseba Etxebarria, Leire Lekuona eta Ana Garmendia.

EITBk zuzenean bikoizarazitako produktuez gain, ZINEUSKADI elkartearen Zinema Euskaraz proiektua ere badago, zeinari esker zinemarako eta etxeko formatuetarako bikoizketak finantzatzen diren, eta, hala, zirkuitu komertzialen atea zabaltzen euskarari. Elkarte hori Hizkuntza Politika Sailak, euskal ekoizleen IBAIA eta EPE-APV elkarteek, EITBk berak, Donostiako Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategia fundazioak osatzen dute. Laguntza horiei esker, nazioarteko merkatuko filmak bikoizten dira euskaraz, hala nola Asterix: jainkoen egoitza (2014) film frantsesa eta Dragon Ball Z: “F” berpiztua (2015) japoniarra 2015. urtean, edo Zipi eta Zape eta kapitainaren irla (2016) espainiarra eta Phantom Boy (2015) frantsesa 2016an.

Bikoizketarako itzulpena galegoz (TVG)

Corporación de Radio e Televisión de Galicia erakundeak ekarri ohi ditu esparru soziokultural galegoaren polisistemara atzerriko izenburuak, berak arautzen baitu ikus-entzunezko produktuen erosketa. Katalanaren eta euskararen esparruetan ez bezala, galegoarenean, telebistatik kanpo ez dago komertzializatzeko ikus-entzunezkoak erosten duen erakunderik, ezta horretarako batere dirulaguntzarik ere.

Nolabaiteko monopsonio horren eraginez, galegoz zabaltzen den nazioarteko produkzioa erakunde horren erabakien eta zinema banatzaileekin sinatzen dituen merkataritza itunen araberakoa da; hala, gaur egun, Warner Bros ekoizpen etxearenak dira gure polisistemara itzultzen diren ikus-entzunezko gehienak, eta A Contracorriente Films-ekoak dira, kopuruz, hurrengoak. Hori dela eta, blockbuster oso ezagun batzuk ekarri dira gure esparru soziokulturalera, jatorrizko hizkuntzan eta Espainiako estatuan gaztelaniaz estreinatu eta handik urte gutxira, baita zinema independenteko zenbait titulu adierazgarri ere; azken horiek komunitate soziokultural urritu bat eta hizkuntza minorizatu bat bultzatzea xede duen telebista publiko bati dagokion konpromisoaren parte diren neurrian gehitzen dira.

Esparru galegoaren berezitasun horrek badu eragin bat: CRTVGk produktu horiek Espainiako estatuan banatzen dituzten enpresekin sinatzen dituen hitzarmenetan ez da sartzen etxeko formatuetan edo eskariaren araberako bideoplataformetan zabaltzeko eskubideen lagapena, eta, ondorioz, telebista galegoa da bikoizketen jabe bakarra; hala, telebistan ematen dutenean baino ezin dira ikusi produktu horiek galegoz, eta, sarritan, desorduetan (late night esaten zaion tarte horretan) estreinatu ohi dituzte.

Beste alde batetik, galegoratzen diren gainerako izenburuak Galiziako Xuntaren diru laguntzen mende daude, gaztelaniaz filmatu diren «zinema galego»ko (ikus Montero, 2015) produktuak baitira. Gauzak horrela, asko murrizten da galegoz sortutako produkzioa, eta, horren eraginez, baita galegotik gaztelaniara itzuliko direnen kopurua ere: bakan bat baino ez gure polisisteman.

Ikuspegi historikotik, 1984an hasi zen galegozko ikus-entzunezkoaren historia, Juan Rodríguez Guisánek Los gozos y las sombras (1982) telesaileko lehen kapitulua galegoz bikoiztea erabaki zuenean, Marino Dónega Rozas akademikoaren itzulpenarekin. Ekimen bakan hori gorabehera, 1985ean ekin zitzaion galegozko bikoizketa finkatzeari, Galiziako telebista sortzearekin batera, eta, urte horretako ekainean bertan, lau ekoiztetxe hasi ziren erakunde publikorako lanean: Vídeo Galicia (A Coruña), CTV (Santiago de Compostela), Estudio Sonor (A Coruña) eta Imaxe Galega (Santiago de Compostela).

Lehen urte horietan, anarkia zen nagusi arauari zegokionez (itzultzaileak sektore askotatik zetozen, eta araua ez zegoen gaur egun bezain finkaturik), eta garai horretakoak dira A escrava Isaura (1976), Magnum (1980) edo Dallas (1978), denak ere iruditeria kolektiboaren parte gaur egun, nahiz eta hasieran arbuiatu egin zituzten, ikusleek ohitura baitzuten fikzioa gaztelaniaz kontsumitzeko. Hastapenetako lan horien ezaugarri dira arazo testualak (castellanismoak, lusismoak, akats sintaktiko eta lexikalak…), fonetiko-fonologikoak eta teknikoak. Honela deskribatzen ditu arazook Castelo-k (1986):

As causas están nas ignominiosas traducións realizadas por xentes que na súa maioría dominan deficientemente o idioma orixinal (nomeadamente o inglés) e non dominan o galego: realizan a colocación do pronome átono ao xeito do castelán (non lle considero/non o considero); utilizan incorrectamente os pronomes “che” e “te”, xeneralizando indebidamente o primeiro, ao que consideran como única forma galega (admíro-che/admíro-te), ou introducen a segunda das formas precisamente cando non debe ir pronome nengún (non te marches/non marches); remedadores da “finura” do castelán, trasplantan os leísmos e outros usos dun idioma a outro (chamarei-lle/chamarei-no); ignoran a dobre forma numeral “dous/dúas”, baixo o influxo da forma única do castelán “dos” (saquei dous balas/saquei dúas balas); pero para contrarrestar, apoiándo-se en falsas analoxías co castelán (camino/camiño, cabina/cabiña) e levados por unha incotrolada fúria diferenciadora, inzan os papeis de sonoros hipergaleguismos (oficiña/oficina, determiño/determino).

Estes tradittores descoñecen ademais a existencia do diccionário, ignoran que un idioma é algo vivo e que o feito de traducir supón algo máis que verter conceitos. Polo regular estes beneficiários son irmáns, primos e demais família de alguén da empresa. Defenden o seu traballo con contumaz forza, argumentando de xeito variopinto e surrealista.

Así, ademais da utilización de castelanismos a eito, a estrutura sintáctica brilla pola súa ausencia e a tradución literal de certas expresións convirten actitudes conciliadoras en situacións agresivas, ameazas en confidencias, etc., cando non se di algo que non ten nada que ver ou mesmo o contrário do que o orixinal di. Pero traduce, que algo queda. (Castelo, 1986)

Kritika luze eta sutsu hori garrantzitsua da zenbait arrazoirengatik, baina, guztiaren gainetik, ikus-entzunezko itzulpenaren kritika (objektibo eta serio) bakarretakoa da, eta gaur egun guztiz ezezaguna den errealitate baten berri ematen digu; izan ere, huts horiek gaindituta egoteaz gain, alorreko adituen onespena lortu dute itzultzaile batzuek —María Alonsok eta Rosa Comiñak, besteak beste—, joan den mendeko azken hamarkadan eta mende honetako lehendabizikoan esanguratsuak izan diren obra batzuk bikain galegoratzeagatik; esaterako, O príncipe de Bel-Air (1990), A Nanny (1993), Shin-chan (1992) edo Doraemon (1979); itzulpen horiei eta bikoizten ziren produktuetako galegoaren kalitatea hobetzeko telebista publikoak egindako txosten sorta bati esker, galegozko bikoizketa finkatuz eta hobetuz joan zen.

Kuantitatiboki begiratuz gero, hamarkada horietako lan bolumena ikaragarria da gaur egungo datuekin erkaturik; esaterako, 1993an, 1.521 ordu bikoiztu ziren (ikus Boletín Oficial do Parlamento de Galicia; IV lexislatura, n.º 87, 2.136.-1.237. or.), eta bazeuden film luzeak, telesailak, marrazki bizidunak, dokumentalak eta telenobelak. Hori da lortu dugun datu bakarra gure grafikoan (ikus 4. atala) agertzen direnez gain, baina uste dugu hamarkada horietako datuak horren parekoak izan zirela.

Interesgarria da aipatzea 2011. urtean egin zela, lehen aldiz, lehiaketa publiko bat bikoizketa- orduen banaketa gardentasunez esleitzeko TVGko hornitzaileen artean, ordura arte ez baitzegoen inolako arauketa publikorik. Urte hori da, halaber, bikoizketa-orduen murrizketaren hastapena markatzen duena, eta hala jarraitu du etengabe, egungo bolumenera heldu arte: urteko 300 bat bikoizketa ordu.

Ikuspegi historikoaz gain, interesgarria da gaur egungo egoeraren azterketa zehatzagoa egitea, eta 2015. eta 2016. urteak hartuko ditugu kontuan horretarako. Aipatutako bi urte horietan, galegozko 226 eta 302 bikoizketa ordu enkargatu zituen CRTVGk. Erakunde horrek enkargatu ez zituen beste bikoizketa batzuk ere egon ziren (gaztelaniaz filmatutako produkzio galegoen galegozko bikoizketak eta zinemetan zabaldu zen O noso último verán en Escocia filma), baina enkargu ia anekdotikoak dira.

Ditugun datuen arabera, «film luzea», «telesaila», «animazioa» eta «dokumentala» izan ziren bikoiztutako generoak. Aurreko urteetan ohikoak ziren telenobelak ez dira agertzen, nahiz eta badakigun 2019an genero horretako produkzio bat bikoiztu zela galegoz (Portugalgo Ouro Verde telenobela, 2017).

Animazioaren barruan, eta TV3 eta ETBrekin batera sinatutako hitzarmenaren ondorioz, DreamWorks faktoriako produktuak topatuko ditugu: Turbo F.A.S.T. (2013), Salve, rei Julien (2015) edo As andanzas do Gato con Botas (2015), besteak beste. Bai eta ETB eta TV3ko erosketetan ere agertzen diren beste sail batzuk ere, hala nola Shin-chan (1992), Doraemon (2005) edo Raa Raa, o leonciño rebuldeiro (2011).

Film luzeak bikoizten jarraitu dute, eta, lehen azaldutako moduan, Warner-ek ekoitzitakoak nabarmentzen dira, hala nola Gravity (2013), Somos os Miller (2013) edo Como acabar co teu xefe (2011). Horiekin batera badaude hain komertziala ez den zinemako lan batzuk; esaterako, Un amor polo aire (2005) edo Amor e turbulencias (2013).

Telesailei dagokienez, badirudi 2015. urtean bakarrik bikoiztu zirela. Betiere, kapitulu gutxiko telesail laburrak izan ziren, edo telebista kate horretan lehenagotik eskainitako produkzioen azken denboraldiak: Hinterland (2013) edo O círculo Bletchley (2012), horren lekuko; Fringe (2008) telesaila, berriz, garai horretan desagertu zen TVGren parrilatik.

Dokumentalak dira agertzen diren beste generoetako bat; kasu guztietan, National Geographic-ekoak. Aipatutako bi urte horietan galegoz bikoiztutakoen artean baditugu kapitulu bakarra duten produkzio batzuk —As granxas máis raras do mundo (2013), A supremacía dos hipopótamos (2013)—, bai eta kapitulu gutxiko dokumental batzuk ere; adibidez, Cando atacan os tiburóns (2013), Vivir coma un animal (2012) edo O gardián dos leóns (2010).

Denbora tarte horretan, 7 bikoizketa etxek hornitu zuten TVG: SDI Media, Uno TV, Studio XXI, Babalúvox, DDA, Cinemar Films eta Área 5.1. Cinemar Films 2016ko lizitazio publikorako deialdian sartu zen, eta Area 5.1 urte horretan desagertu zen, baina berriro aurkeztu zen lehiaketara 2019. urtean.

CRTVGrako lan egiten duten bikoizketa etxeek eman dizkiguten datuen arabera, urte horietan ikus-entzunezko itzulpeneko 16 profesionalek jarduten zuten galegozko bikoizketan. Ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz, katalanez, suedieraz, japonieraz eta errusieraz sortutako lanak itzuli ziren galegora, baina, urte horietan, ingelesetik, gaztelaniatik, frantsesetik, italieratik eta katalanetik itzuli zen, hau da, gaztelaniazko edo ingelesezko zubi bertsioak erabili ziren suedieraz, japonieraz eta errusieraz sortutako produkzioak galegora ekartzeko. Alemanezko batere produkziorik ez da azaltzen urte horietan, nahiz eta beste garai batzuetan alemanetiko bikoizketak azaldu izan diren.

Galegoak urte horietan Espainiako estatuko beste hizkuntzekin izandako «elkarrizket»ei dagokienez, ditugun datuek adierazten digute bi bikoizketa baino ez zirela egon: gaztelaniatik itzulitako Dous francos, catorce pesetas eta katalanetik itzulitako Lúa e o mundo animazio saila. Eta azpimarratzekoa da, halaber, CRTVGk emitituriko telesailik luzeena —kapitulu kopuruari erreparatuta— Doraemon, o gato cósmico izan dela. Animazioko sail japoniar hori gaztelaniazko zubi bertsio baten bitartez bikoiztu da galegoz, eta, 2015eko datuen arabera, 979 kapitulu zeuden galegoratuta. Gaur egun, 2020an, 1.083 kapitulu daude galegoz bikoizturik.

TVGk —erakunde publikoa den aldetik— duen erantzukizun sozialari dagokionez, esan dezakegu, lehen adierazitako moduan, arrakasta handiko izenburuekin batera egile zinemako filmak —bestelako banaketa enpresek helarazitakoak— uztartzen dituela. Baiezta dezakegu, era berean, haur eta gazteentzako animazioak garrantzi handia duela, TVGk DreamWorks Animation enpresarekin sinatutako akordioak bultzaturik. Beste telebista autonomikoetan katalanez eta euskaraz ikus daitezkeen produktu horiek berak galegoz ikus daitezke Galiziako telebistan.

Eta, amaitzeko, nahiz eta lan honen helburuetatik kanpo gelditu, azpimarratu dezakegu TVGk azpititulatu ere egiten dituela zenbait film, Butaca Especial izeneko telebista programarako (XX. mendeko «egile-zinema»ko lanak dira). Eta, bestetik, badaude ekimen pribatu puntual batzuk film luzeak galegoz azpititulatzeko; esaterako, Santiago de Compostelako Númax zinema aretoarena. Itzulpen lan puntualak izan arren, merezi du hemen aipatzea, Galiziako Xuntaren Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiaren finantzaketa ere bai baitute.

Ondorioak

Artikuluan zehar azaldu den moduan, TV3ren, ETBren eta TVGren produkzioa kontuan hartuta, katalanezko, euskarazko eta galegozko bizkoizketak, kuantitatiboki, elkarren oso bestelakoak dira. Mende honetako bigarren hamarkadaren hasieran bikoizketa orduak hiru telebistetan jaitsi baziren ere, kopuruak oso desberdinak dira: 2016. urtean, TV3k 1.061 bikoizketa-ordu bideratu zituen; TVGk, 302, eta ETBk, 109.

Hizkuntza horietan bikoiztutako produktu motei erreparatzen badiegu —2015. eta 2016. urteak lagin adierazgarritzat hartuta—, ikusiko dugu DreamWorks faktoriako produktuek hiru hizkuntzetarako bertsioak dituztela, hiru telebista publikoek sinatutako hitzarmenari esker. Horiez gain, badira hiru telebistetan agertu diren bestelako animazio lan batzuk ere, FORTA (Federación de Organismos de Radio y Televisión Autonómicos) elkartearen bitartez batera erosiko zituztelako, seguruenik. Aipatu behar dugu animazioak oso portzentaje altuak dituela euskararen eta galegoaren kasuan, eta oso urria da, bietan, bestelako produkzio mota batzuetara bideraturiko bikoizketa.

Gaur egun, ETBk ez du irudi errealeko film laburrik bikoizten euskaraz, eta TVGk oso obra gutxi itzultzen ditu TV3rekin erkatuz gero, azken horrek lan aniztasun handiagoa baitu. Dokumentalei dagokienez, TVGk National Geographic-eko produkzioak eskaintzen ditu, baita TV3k ere, baina telebista katalanak beste banatzaileen lanekin osatzen du bere eskaintza, eta askoz zabalagoa da.

Esan genezake euskaraz bikoiztutako lan guztiak galegoz ere bikoiztu direla, baina galegoz badaude euskaraz ez dauden beste mordoxka bat; katalanez, berriz, horiez guztiez gain badago beste bi hizkuntzetan ez dagoen obra kopuru handi bat. Argiago azaltzeko, matrioxka moduko bat da erkaketa horrek uzten digun irudia: katalanaren barruan, galegoa dago, eta, galegoaren barruan, euskara.

Alde handia dago, halaber, telebistetarako lan egiten duten bikoizketa enpresen kopuruan; TV3k ditu hornitzaile gehien (13 enpresa), TVGk 6 bikoizketa-enpresari eman zien lana aztertutako denbora tartean, eta ETBk estudio bakar batekin lan egiten du. Itzultzaileen kopurua, era berean, lan bolumenaren arabera murrizten da.

Aztertu ditugun hiru hizkuntzen arteko elkarrizketak oso urriak dira bolumen osoarekin alderatuta, eta, kasu batzuetan, batere ez dago. Hala, 2015. eta 2016. urteetan, jatorriz galegoz edo katalanez ekoitziriko batere lanik ez zuen eskaini ETBk; TVGk, katalanez sortutako marrazki bizidunetako telesail bat eskaini zuen (La Lúa i el món), eta TV3k, bestalde, galegoz sortutako bi produktu eskaini zituen bikoizturik: Códice telesail laburra, eta kapitulu ugari dituen O faro telenobela.

Telebistarako bikoizketa enkarguez landa, aipatu behar da galegoaren eremua dela bakarra non ez dagoen dirulaguntzarik, ez zinema aretoetan zabaltzeko bikoizketarako, ezta etxeko formatuan edo eskariaren araberako bideoplataformetan komertzializatzeko bikoizketarako ere. Dudarik gabe, produktu horien eragin normalizatzailea kontuan hartuta, aurrekontua handitzea litzateke, ikus-entzunezko genero, formatu eta banaketa-plataforma askotarikoei begirako planifikazio serio batekin batera, ekintza lerro eraginkorra egungo egoerari aurre egiteko.

Aipatu ditugun hiru esparru horiez gain, badira Espainiako estatuan beste lau bikoizketa espazio txikiago, baina, bietako bat: edo ekoizpena oso-oso txikia da (asturierazko bikoizketaren kasua), edo aztertutako urteetan ez zen bikoizketa enkargurik egin (valentzieraren, balearreraren edo araneraren kasua).

Laburbilduz, hemen azaldu den polisistema bakoitzaren karakterizazioa mugatua da, nahiz eta adierazgarria izan, eta bazter utzi ditugu, espazio mugagatik, itzulitako ikus-entzunezkoen eraginari buruzko informazio interesgarria emango liguketen beste faktore batzuk, hala nola produktu horien audientzia. Beraz, datu hauetatik abiaturik, ikerketa lan ugari egin beharko dira gai zehatzagoak aztertzeko; adibidez, maila testualari erreparaturik, esparru bakoitzean erabiltzen diren itzulpen arau berariazkoak eta haien arrakasta erkatu, edo esparru bakoitzaren faktore profesionalak aztertu. Bikoizketarako itzulpenaren alorra, dudarik gabe, alor guztiz interesgarria da, eta, hizkuntza bakoitzaren normalizazioari loturik dagoen heinean, loturik dago, halaber, hizkuntza horien etorkizunarekin.

Bibliografia

Barambones zubiria, J. 2012. Lenguas minoritarias y traducción. La traducción audiovisual en euskera. Castelló de la Plana: Publicacions de la Universitat Jaume I, 2012.

Cabré i Castellví, m. t. 1992. «Servicios lingüísticos y normalización». In Sendebar, Vol. 3, 87.-105. or.

Carbó, J. M. 2010. «Com es forma un servei lingüístic de doblatge i un model de llengua: l’experiència de TV3». In Montero Domínguez, X. (ed.): Tradución para a dobraxe en Galicia, País Vasco e Cataluña. Experiencias investigadoras e profesionais. Vigo: Servizo de Publicacións da Universidade de Vigo, 2010.

Castelo, M. 1986. «A dobraxe de películas: unha léria, unha leira», A Nosa Terra (18-VI-1986).

Chaume Varela, F. 2003. Doblatge i subtitulació per a la TV. Vic: Eumo, 2003.

Chaume Varela, F. 2012. Audiovisual Translation: Dubbing. New York: St Jerome Publishing, 2012.

Chmiel, A. 2010. «Translating postmodern networks of cultural associations in the Polish dubbed version of Shrek». In Díaz Cintas, Jorge, A. M. eta J. Neves (ed.): New Insights into Audiovisual Translation and Media Accesibility. Ámsterdan eta New York: Rodopi, 123-136, 2010.

Chorão, G. 2012. «On the impact and communicative effectiveness of dubbing in Portugal». In García Izquierdo, I. eta E. Monzó Nebot (ed.): Iberian Studies on Translation. Berna: Peter Lang, 2012.

Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals. 2016. Memòria Anual d’Activitats de 2016 da Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals [Interneten]. Esteka: https://statics.ccma.cat/multimedia/pdf/4/7/1499087070774.pdf [kontsulta data: 2020/04/01].

Corporación de Radio e Televisión de Galicia. 2016. Informe sobre a xestión de servizo público de 2016 [Interneten]. Esteka: http://www.crtvg.es/files/MemoriaServizoPublico2016CRTVG.pdf [kontsulta data: 2020/04/01].

Delabastita, D. 1989. «Translation and mass-communication: Film and T.V. translation as evidence of cultural dynamics». In Babel, 35: 4, 193.-218. or.

Luna Alonso, A. 2013. «Análise da tradución literaria cara ao galego. Fitos e tendencias nos primeiros anos do século XXI». In Mosquera Carregal, X. M. (ed.): Lingua e Tradución. A Coruña: Universidade da Coruña, 2013.

Marzà i Ibàñez, A. 2009. «La traducció audiovisual de l’animació a RTVV». In Quaderns divulgatius, 36, 31.-48. or.

Marzá i Ibàñez, A. eta A. M. Prat Rodríguez. 2018. La llengua perifèrica. El doblatge a les televisons públiques valenciana i balear. Biblioteca de Traducció i Interpretació, 23. Vic: Eumo Editorial, 2018.

Montero Domínguez, X. 2015. La traducción de proyectos cinematográficos. Modelo de análisis para los largometrajes de ficción gallegos. Berna: Peter Lang, 2010.

O’Connell, E. 2003. «What Dubbers of Children’s Television Programmes Can Learn from Translators of Children’s Books?». In Meta, Vol. 48:1.

Parlamento de Galicia. 1994. Boletín Oficial do Parlamento de Galicia, IV lexislatura, n.º 87, p. 2136-2137 [kontsulta data: 2020/04/01].

Zabalondo Loidi, B. 2010. «Dificultades de la traducción para el doblaje en euskera». In Montero Domínguez, X. (ed.): Tradución para a dobraxe en Galicia, País Vasco e Cataluña. Experiencias investigadoras e profesionais. Vigo: Servizo de Publicacións da Universidade de Vigo, 2010.


Oharrak

1. Artikulu hau Viceversa aldizkariaren 21. zenbakian argitaratuko da, 2021ean, izenburu honekin: «Perspectiva histórica da tradución para a dobraxe ao catalán, éuscaro e galego».

2. Era berean, ez dugu ahaztu behar ikertzaile ugarik aipatzen ez duten zerbait: «herrialde bikoizleak» esaten dugunean, herrialde horietako hizkuntza nagusietara mugatzen gara —Espainiako estatuaren kasuan izan ezik—, zeren, oro har, ez baita hizkuntza gutxituetara bikoizten. Adibide modura, Frantzia aipa dezakegu, non bretoierazko bikoizketak, esa-terako, egon badauden, baina ekimen pribatu puntualak izaten dira (badugu bretoierara itzuli eta DVDn merkaturatu diren produktu batzuen berri), eta hain dira urriak ezen frantsesez bikoiztutako kopuruen aldean irrigarria baita haien portzentajea.

3. ETBren kasuan, nolanahi ere, badaude 1989tik 2004rako datuak ikusgai (ikus Zabalondo, 2010, 183. or.), eta datuotan egiazta daiteke 1990eko hamarkadaren zenbait urtetan 1.000 ordutik gora bikoiztu zirela euskaraz.

4. Zehaztu behar da Katalunian eta EAEn badaudela telebistetatik aparteko erakundeen laguntzak ikus-entzunezkoen bi-koizketa sustatzeko, bai zinemetarako, baita bestelako plataformetarako ere. Dena den, erkaketa objektiboa egin asmoz, aipatu ditugun telebistetara mugatuko dugu azterketa, dirulaguntza horiek aurrerago aipatuko ditugun arren. Hau da, polisistema bakoitzaren karakterizazioa mugatua izango da, baina adierazgarria.

5. Erkaketa zehatzagoa egin ahal izateko, bikoizketa orduak erabili ditugu unitate modura, eta ez horretara bideraturiko aurrekontuak, hiru lurraldeetako bakoitzean desberdinak baitira gorabehera profesionalak (tarifak, hitzarmenak...).

6. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Víctor Manuel López Lópezi (CCMA), Ernest Rusinés Gramunti (CCMA), Daniel Marcos Vilarchaor-i (EITB), Miriam Arrutiari (Mixer Servicios Audiovisuales), Marta Fernández Sánchezi (CRTVG), xaime Arias Rodríguezi (CRTVG) eta Montserrat Besada Vergarari, (CRTVG) emandako informazioaga-tik. 

7. Haien artean, Belgikako Ti i Tap animazioko telesaila. (Horri buruzko informazioa, webgune honetan; kontsultaren data: 2020/01/04).

8. Izenburu hori da, guk dakigula, TVEk euskaraz eta galegoz ere bikoizarazi zuen bakarra; hala sortu ziren Haizearekin joana eta Foise co vent.

9. Hemen jasotako informazioaren arabera (kontsulta data: 2020/04/01), EITBren zuzendariak zera baieztatu zuen aurrerantzeko zinemari buruz: «No se va a doblar, sino que se va a dar en versión original y subtitulado en lengua vasca».

10. Webgune honetan jasotako adierazpenen arabera (kontsulta data: 2020/04/01).