Haiku japoniarrak. Lau maisu: Baxô. Buson, Issa eta Xiki
Ibon Uribarri

Idazki honetan lau haikulari japoniarren haikuak eskaintzen ditugu euskaratuta, eta aurretik poesia forma berezi horri buruzko informazio pixka bat eman nahi dugu sarrera moduan.

Idazki honetan lau haikulari japoniarren haikuak eskaintzen ditugu euskaratuta, eta aurretik poesia forma berezi horri buruzko informazio pixka bat eman nahi dugu sarrera moduan. Poesia forma horrek tradizio luzea du Japonian eta, aldi berean, oso zabalduta dago egun ere: egunkarietan argitaratzen dira, aldizkari espezializatuak daude, bidaiak antolatzen dira haikuaren historiarekin lotura duten tokietara, etab. Gainera, hain berezia den poesia mota honek Japoniako mugak gainditu ditu aspaldidanik, eta hainbat toki eta hizkuntzatan sortzen dira haikuak gaur egun. 1900 ingurutik aurrera, EEBBetan eta Frantzian zabaldu zen eta eragina izan zuen modernismoan eta garaiko abangoardietan. Zabalkunde horren lehen lekuko nagusiak Chamberlain (Basho and The Japanese Poetical Epigrama, 1902; Japanese Poetry, 1911), Chouchoud (Aux fils de l'eau, 1905; Les épigrammes lyriques du Japon) eta Tablada (Un día…..., 1919; El jarro de flores, 1922) izan ziren. Hala ere, bigarren mundu gerraren ondoren etorri zen haikuaren nazioarteko hedakuntza handia: bidegile nagusiena R.H. Blyth izan zen (Haiku, lau liburutan, 1949-1952). Ondoren haikuak hainbat hizkuntzatara itzuli dira, eta interesgarriago den gertakari bat ere ezagutu dugu, alegia, forma poetiko hori produktiboa bihurtu dela beste hizkuntzetan. Gertakari horren lehen une batzuk aipatzekotan, Kerouac-en The Dharma Bums (1958), eta ondoren Ginsberg, Borges, Paz eta abarren lanak aipatu beharko lirateke. Egun hainbat hizkuntzatan sortzen dira haikuak eta haiku elkarte ugari dago herrialde askotan. Gurean Juan Kruz Igerabide izan da batez ere forma poetiko honen erabilera zabaldu duena.

Haikuaren historia

Aspaldi kokatzen da poesia mota honen iturria. 712 urteko Kojiki, 720 urteko Nihon xoki eta 771 urteko Manyoxu poesia bildumetan wakak (edo tankak) jasotzen dira, hau da, poesia japoniarrak, garai horretako eredu txinatar nagusiari atxikitzen ez zitzaizkionak, beraz. Geroxeago, horien aldamenean poesia forma arinago bat agertu zen, haikai no renga, 5-7-5 eta 7-7 silabako egitura duen bertso herrenkada. Beste poesia mota hau finkatu zutenak Yamazaki Sokan (1465-1553), Arakida Moritake (1473-1549) eta Matsunaga Teitoku (1571-1653) izan ziren. Festa eta bilkuretan norbaitek lehen zatia sortzen zuen eta beste batek bigarren zatia osatzen zuen, eta gero prozesua luze errepikatzen zen. Egile bakar batek sortutako rengak ere ezagunak ziren, eta horrela Ihara Saikaku idazle ezagunak 1684 urtean Ôsakako Sumiyoxi ermitan 23.500 bertso lotu omen zituen egun batean.

Garai batzuetan tonu satiriko edo isekaria izan zuen poesia forma honek wakaren aldean, eta senryu izena hartu du bide horrek. Baina beste batzuek haiku poetikoak ere egiten zituzten eta horrela poesia forma hau aro jakin batzuetan nabarmendu egin zen, bereziki Baxô-k egindako lanaren eraginez.

Garapen horren ondorioz, haikai horien lehen zatia, lehen ahapaldi hori, hokku deitua (発句), beregain bihurtu zen pixkanaka, eta Masaoka Xikik sortu zuen aurrerago haiku modernoa Meiji garaian, XIX. mendearen amaieran, hokku beregainak berariaz sortuz eta haiku (俳句) izena bera sortuz.

Haikuaren egitura eta izaera

Haikuaren lehen ezaugarria, agerikoena, 17 silabako bertso laburra izatea da. Gainera, 17 bertso horiek barne egitura bat daukate, 5-7-5 silabakoa1 eta, horrez gain, bi kolpe, hiru kolpe eta bi kolpez osatzen da barne egitura hori. Bestalde, beste ezaugarri batek markatzen du egitura hori, haustura hitz edo kireji delakoak. Lehen zatiaren edo, arrunkiago, bigarren zatiaren amaieran, sarri, haustura hitz hori agertzen da (ya, keri, kana, etab.), eta horrela poesia laburra bitan banatzen da eta gehienetan bi zati horien arteko kontraste bat eratzen da, eta horrela dinamismo berezi bat sortzen da hain laburra den egituraren barnean.

Japonieraz haikuak lerro bakarrean idazten dira arrunki, goitik behera. Mendebaldean, egitura nabarmentzearren, hiru lerrotan idazten dira. Hemen jatorrizkoa lerro bakarrean emango dugu, goitik beherako ordena mantendu gabe. Horrekin batera, jatorrizkoa irakurri ahal izateko forma erromatarra (rômaji) eta itzulpena hiru lerrotan emango ditugu. Izan ere, batzuetan silogismo poetikoak dirudite haikuek.

Semantikari dagokionez, haiku batek kigo (季語) edo urtaro hitz bat behar du, naturari erreferentzia egiten dion osagai bat. Urtaroak bost dira, udaberria, uda, udazkena, negua eta urteberria, eta ez datoz guztiz bat gure urtaroekin2. Kigorik gabeko haikuak ere badaude, muki, urtarorik gabeko haikuak dira.

Haikuaren izaerari dagokionez, haimi aipatu behar da, haikuek sortzen dute giro edo aldarte berezia, estetika berezia. Waka poesiak gagen hitzaren bidez ezaugarritzen dira eta haikuak haigen hitzaren bidez. Waka lirikoa da, edertasuna du gai nagusi gisa, maitasuna, bizitzaren alderdi ilunak alde batera utziz. Haikua, berriz, egunerokotasunaren poesia da, eta oso lotuta dago naturari. Esaten da haiku batek errealitateko une bat jasotzen duela zuzen-zuzenean, margolari inpresionisten modura, une hori hausnartzeko betarik eman gabe gogoetari; sentsazio edo esperientzia bat iragartzen du haikuak, ez ulermen edo burutazio bat. Eta tonu ezberdinak biltzen ditu: sabi, edo bakartasun lasaia; wabi, edo tristura argia, txirotasun ederra; aware3, edo tristura nostalgikoa, etsipen onartua, mira; yûgen, edo bitxia, ezezaguna den zerbaiten bat-bateko agerpena. Une bateko irudian sentsazio bat ekartzen digu haikuak. Horregatik, haikuaren agerkera berezi bat haiga da, irudi batez hornituta aurkezten den haikua. Sinestesiaren efektua indartzen da horrela.

Gehienetan egilea ez da nabarmentzen haikuan, baizik eta deskribatzen den egoera bera, egiten den esperientzia. Egileak egoerarekin, naturarekin bat egiten du, eta esperientzia horren mamia azaltzen du. Egile batzuengan budismoak ere badu zeresanik, baina transzendentziarik ez da aipatzen; estoizismoaren panteismoarekin luke antza. Naturarekiko loturan lortzen da perfekzioa, ez naturaren balizko gaindipen batean. Naturan islatzen dira gizakien bizitzaren gorabeherak, eta maiz eternala eta igarokorra dena jartzen dira aurrez aurre.

1946an Kuwabara Takeok zalantzan jarri zuen haikuen balioa. Galdeketa bat egin zuen: jendeari eskatu zion haiku anonimo onak eta txarrak bereizteko, eta itxuraz emaitzak ez ziren bat etorri kanonarekin. Ondorioztatu zuen edonork sor dezakeela haiku bat eta ez duela balio artistiko handirik, ez baitu lan handirik eskatzen; joko bat besterik ez litzateke. Kritika horrek, dena den, suspertze eta eraberritze bat ekarri zuen. Azken buruan, ezaguna da haikuak sentikortasun berezi bat islatzen duela, egitura eta osagai erabat sinple horiek erabiliz, hain zuzen.

Hala ere, une horretatik aurrera bide berriak zabaldu ziren, eta haiku garaikidea anitza da, betiko bideari eusten dioten haikulariak badaude, baina berritzaileak ere bai, haiku askea erabiltzen dutenak, silaba kopurua zehazki kontuan hartu gabe eta kigorik gabe, kirejirik gabe, eta gaien aldetik ere kontu eta arazo garaikideak ukitzen dituztenak, naturarekiko lotura alde batera utziz. Horrela, sub-generoak ere sortu dira azken urteotan: scifiku, spamku4, etab.

Maisuak. Lau haijin (haikulari) nagusi

Lehen haikulari handia Matsuo Baxô (松尾 芭蕉), izan zen. 1644 urtean jaio zen Ueno inguruan Matsuo Kinsaku izenarekin, eta gero hainbat aldiz aldatu zuen izena artista japoniarren ohiturari jarraiki, behin betikoa aurkitu arte. Behe mailako familia batean jaio zen, baina gaztetxoa zenean, haikai maite zuela eta, tokiko jauntxoarekin batera hasi zen poesia mota hori jorratzen eta lehen argitalpen batzuk egin zituen. Hala ere, jauntxoa hil egin zen eta samurai bihurtzeko itxaropena baztertu eta herritik alde egin zuen. Geroxeago, Edo-ra (gaurko Tôkyôra) joan zen poesian aurrera egiteko. Berehala izen bat lortu zuen eta poesia eskola xume bat ireki zuen, bere jarraitzaileek eskaini zioten etxola batean. Etxolaren ondoan platano arrunta zegoen, eta hortik hartu zuen behin betiko izena, Baxô. Hala ere, ez zen gustura bizi hiri handian. Gainera, ama hil zitzaion eta etxola erre egin zen, eta ondorioz zen meditazioa egiten hasi zen, eta Edo utzi zuen; hurrengo urteak bidaiatzen igaro zituen neurri handi batean. Lau bidaia luzetan toki berriak ikusi, miresleak topatu, urtaroen joan-etorria behatu zituen garai hartan. Eta, noski, idazten jarraitu zuen. Bidaia liburu horietako bat, Oku no hosomitxi (奥の細道), japoniar literaturako lan nagusienetako bat da. 1689-91 artean 2.400 km inguruko bidaia egin zuen Japoniako ipar-mendebalderantz. Lanaren izenburua bi eratara uler daiteke: Oku-ra, hots, barnealdera, hau da, ipar-mendebaldera daraman bidezidorra, edo barnealdera, hau da, norberarengana daraman bidezidorra. Lanak prosan eta bertsotan idatzitako zatiak jasotzen ditu. Bidaien garai hori amaitu zuenean, Edon geratu zen beste etxola batean, eta lekua artisten bilgune bihurtu zen berehala. Baina nekagarri zitzaion etxean zuen joan-etorri hura, eta etxean giltzapetzen zen edo bidaiatxoak egiten zituen, eta horietako batean hil zen 1694 urtean jarraitzailez inguratuta.

Baxô hil ondoren, senryû, hau da, haiku jostari eta maiz zinikoa nagusitu zen, asmo poetikorik ez duena. Garai horretan Yosa Buson (与謝蕪村), jaiotzez Tanigutxi, nabarmendu zen (1716-1783). Keman, Ôsaka inguruan, jaio zen, eta Edon Baxôren jarraitzaile batekin ikasi zuen poesia garai labur batez. Gero hainbat lekutan izan zen, bidaia liburuak idatzi zituen, eta aurrerago gehienbat Kyôto hiriburuan bizi zen. Datu gehiegirik ez dugu bere bizitzari buruz, eta, egia esan, bere garaikideek margolari gisa ezagutu zuten gehienbat; haikulari nagusi gisa Xikik deskubritu zuen askoz beranduago. Bere idazlanetan sentikortasun sakona aurkitu zuen Xikik, erlijio kutsurik gabekoa, estetikoagoa, unearen berezitasuna adierazi nahi duena zuzenean.

Hirugarren haikulari nagusia Kobayaxi Issa (小林一茶) dugu, Nobuyuki jaiotzez5. Kaxiwabaran jaio zen 1763 urtean familia oso txiroan. Ama galdu zuen oso gazte eta amandreak etxetik uxatu zuen, zituzten ondasun xumeak bere semeen eskutan uztearren. Edon ikasi zuen poesia, baina bidaia asko egin zuen zazpi urtez, Kyôtora, Ôsakara, eta gainera Kyûxu eta Xikoku uharteetara. Gero ezkondu egin zen eta lau seme-alaba izan zituen, baina denak hil ziren eta emaztea ere bai; gero bigarren emaztea izan zuen, baina banandu egin ziren. Eta azken urteetan erdi-anaiekin borrokan ibili zen oinordetza kontuak zirela eta. 1827 urtean hil zen bizitza nahikoa tragikoa izan ondoren, eta bere lanetan islatzen da hori. Sufrimenduaren eta tragediaren aurrean budismoari lotutako errukia erakusten du, eta naturan bilatzen du erruki horren irudia. Jaioterriaren mira ere gai garrantzitsua da, eta bere haiku batzuk aitorpen modukoak dira. Horregatik, batzuentzat ez da haikulari hain fina, gizatiarregia delako. Issaren ondotik haikua arinkerian erori zen beste behin, eta sormen gutxiko garai luzetxoa etorri zen.

Azkeneko haikulari handia Meiji garaiko berritzailea da, Masaoka Xiki (正岡子規), Tsunemori jaiotzez6. Matsuyaman jaio zen 1867an, eta beraz Xikoku uharte txikiko bazter batean. Hala ere, Tôkyôko unibertsitatean ikastea lortu zuen, eta han Natsume Sôseki eleberrigile ospetsu bihurtuko zena izan zuen ikaskide. Xikik ez zituen ikasketak amaitu eta kazetari lanetan hasi zen oso gazte. Tôkyôn mendebaldeko kultura ezagutu zuen, garai hartan bete-betean ari baitzen iristen Japoniara. Aldi berean, ordea, japoniar literatur zaharra ikertu zuen. Bi eragin horiek uztartuz wakaren eta haikairen biziberritzea proposatu zuen eta, horrela, Meiji garaiko iraultza ekarri zuen japoniar poesiara hainbat idazkiren bitartez, eta haiku modernoaren sortzaile eta teorialari nagusi bihurtu zen. Asmo horrekin idatzi zuen lan nagusia, Haikai taiyô da, 1895ekoa. Eta, gainera, Hototogisu aldizkaria sortu zuen, bere ideiak zabaltzeko eta haikuen maila goratzeko. Baxô kritikatzera ere ausartu zen eta Buson margolaria goraipatu zuen, eta kontzeptu berriak ekarri zituen haikuaren mamia definitzeko, esaterako, xasei edo bizi-margoa.

Oso gazte zela hetikak eragindako gaixotasun larri bat sortu zitzaion, Mantxuriako gerran kazetari gisa zebilela okerrera egin zuen gaixotasunak eta geratzen zitzaion bizitza laburra jaioterrian igaro zuen, amak eta arrebak zainduta. 1895 urtean Matsuyaman Sôseki ikaskidearekin batera bizi zen, Gudabutsuan7 izeneko etxean. Sôseki irakasle gisa bidali zuten Matsuyamara, eta elkarrekin idazten zuten etxe hartan. Azken urteak ohean etzanda igaro zituen, eta morfina erabiliz arintzen zituen min izugarriak. Ez zion utzi idazteari, ordea, 1902an iritsi zitzaion azkeneraino.

Aipatu bezala Xiki haiku modernoaren sortzailea izan zen, eta hori edukietan ere nabaritu zen. Egunerokotasuna izaki haikuaren oinarrietako bat, bere garaiko egunerokotasuna islatzen saiatu zen, ordura arte haikuetan aipatzen ez ziren errealitate modernoak jasoz: hainbeste maite zuen beisbola, makina berriak, eta abar agertzen dira bere lanetan. Meiji iraultzaren eraginez hizkuntza ere asko aldatu zen, eta hizkera arruntagoa darabil, japoniera garaikidea, formula zaharkituak baztertuz. Objektibotasuna aldarrikatu zuen, eta benetako esperientzia zuzenera itzultzea, hutsean "asmatutako" haikuak baztertuz. Bizitza latza izan zuen arren, erlijioa biziki arbuiatzen zuen.

Itzulpena

Haikuak itzultzerakoan lehen erabakia izan zen jatorrizko egitura ze puntutaraino mantendu behar den. Esperimentu modura, 5-7-5 forma zehazki mantentzen saiatu naiz. Horrek zailtasun bat sortzen du benetan, japonieraren sistema silabikoa jatorri txinatarreko kanjiekin lotzen baita eta horrela modu oso trinkoan asko iradoki baitezake, eta marka sintaktikoak ere oso sinpleak baitira, plural edo genero markarik ez dagoenez, etab. Puntuaziorik ez da erabiltzen, baina kireji bitartez markatzen da erritmoa, eta guk horrelakorik ez dugunez, puntuazioa erabiltzea erabaki dut. Noizbait horrelakorik egin bada ere, ez dut errimarik erabili, jatorrizkoan ez baita erabiltzen.

Zailena, ordea, kultur testuingurua jasotzea da. Horrek ezinezkoa bihurtzen du ia haikuen itzulpena. Haikuetan aipatzen den natur sinbologia erabat arrotza zaigu, eta iradokizunak ez ditugu erraz ulertzen, eta horregatik, hain sinpleak izanez, askotan sinpleegiak izateko itxura hartzen diegu itzulpenetan, esangura gutxikoak. Beraz, askotan iruzkin labur bat eransten zaio itzulpenari, eta horrela egin dugu hemen ere.

Orain dela urte batzuk, Japonian nintzela egin nituen lehen itzulpen zirriborro batzuk, eta orain beste batzuk itzuli ditut eta guztiak berridatzi ditut eta, azkenik, hautaketa prozesu bat gainditu dutenak jaso ditut hemen.

Haikuak


枯枝に烏の止まりけり秋の暮

Kareeda ni Adar ihartuan
Karasu no tomarikeri Belea pausatu da;
Aki no kure Udazken arrats.

Baxô

Udazken arrats batean belea adar ihartu batean pausatzen da. Irudi bat iradokitzen du poesiak, eta arratseko iluntasuna eta belea udazkenarekin eta naturaren loaldiarekin lotzen ditu. Gainera, aliterazio bat ere badagoela esan daiteke: kare (ihartu), karasu (bele), kure (arrats); azken hitz hori gainera kuroi (iluna) hitzarekin lotuta dago.


古池や蛙飛び込む水の音

Furuike ya Urmael zahar;
Kawazu tobikomu Igelak jauzi dira
Mizu no ato Uraren hotsa.

Baxô

Udaberrian gaude eta bat-batean urmael zaharrean uraren hotsa entzuten da; igelak jauzi ei dira uretara. Betiko denaren eta uneko aldaketaren eta iragankortasunaren arteko lotura adierazten da. Baxôren haiku ezagunenetakoa da.


行春や鳥なき魚の目は泪

Yuku haru ya Udaberria;
Tori naki uo no Txoriak negar, malko
Me wa namida Arrain-begiak.

Baxô

Udaberria iritsi da eta natura biziberritzen da, baina txoriaren txioak negarra dirudi eta arrainen begiak malkoz bustita daude. Bizitzaren zikloak aurrera egiten du, baina bizitza pairamenez beteta dago. (Naku aditzak negar edo txio egitea adieraz dezake, eta bakoitza kanji ezberdin baten bidez idatziz markatzen da, baina hemen ez du kanjirik erabiltzen, hiragana soilean dago eta, horrela, anbiguotasuna mantentzen da).


旅に病んで夢は枯野を駆巡る

Tabi ni yande Bidean gaixo,
Yume wa kareno wo Ametsak eremuan
Kakemuguru Noraezean.

Baxô

Heriotza hurbil du, eta bidaiatzen ari bada ere, basamortuan bezala sentitzen da, noranzko jakin bat aurkitu ezinik bere ametsentzat. Baxôren azken haikua omen da.


閑かさや岩にしみ入る蝉の声

Xizukasa ya Lasaitasuna;
Iwa ni ximiiru Haitzaren mamiraino
Semi no koe Txitxar kantua.

Baxô

Uda betean gaude eta txitxarrak kantuan ari dira ozenki (asko daudenean, tenpluetan eta, izugarrizko zarata egiten dute), haitzak zulatu nahiko balituzte bezala. Eta, hala ere, lasaitasuna nagusi da, txitxarren kantu jarraituak giza ekimen gabezia adierazten baitu.


むざんやな甲の下のきりぎりす

Muzan ya na Ze errukarri;
Kabuto no xita no Kapelaren azpian,
Kirigirisu Kilker bat da.

Baxô

Udazken hasieran gaude eta kilker gaixoa kapelaren azpian geratu da harrapatuta, eta kantuan ari da, ea horrela espetxe horretatik ihes egiten duen. Asmo hori, ordea, errukigarria da, etorkizun laburrekoa baita. (Kirigirisu onomatopeikoa da, gurean bezala; gure kilkerra japonieraz, kirikeru ahoskatuko litzateke).


風流の初やおくの田植うた

Fûryûno Gustamenaren
Hajime ya Oku no Jatorria, Oku-ko
Taue uta Uzta kantuak

Baxô

Gustamen estetikoa naturaren behaketatik sortzen da, eta gizakiaren eginkizun arruntenei lotuta dago.


釣鐘に止まりて眠る胡蝶哉

Tsurigane ni Tenplu-kanpaian
Tomarite nemuru Lotan da geldi-geldi,
Kotxô kana Pinpilinpauxa.

Buson

Udan gaude eta tenpluko kanpai handi eta pisuan tximeleta ahul bat pausatu da. Haikuek jasotzen duten gai nagusia: kanpaiaren sendotasuna eta iraunkortasuna eternala denaren sinbolo dira eta tximeleta ahula iragankorra eta aldakorra denarena.


およぐ時よるべなきさまの蛙かな

Oyogu toki Igeriketan,
Yorube naki sama no Etxerik gabeko jauna
Kawazu kana Igeltxo hori.

Buson

Udaberrian gaude, baina ez dugu igelen kanturik hemen, baizik eta igela udaberriko ur lasterren menpe dabil, bakarrik eta aterperik gabe.


しら梅に明くる夜ばかりとなりにけり

Xiraume ni Aranondoa
Akuru yo bakari to Zuri-zuri distira
Narinikeri Egunsentian.

Buson

Aranondoa loretan dago udaberri hasieran, eta egunsentian zuritasun hori nabarmentzen da argi lausoan. Aranondoaren lorea zen lore ederraren sinbolo antzinako Japonian baina geroago gereziondoaren loreak (sakura) hartu du leku hori. Udaberri hasieran hanami edo lore ikusketa egiten dute Japonian, gereziondoak loratu bezain pronto.


梅が香の立ちのぼりてや月の暈

Ume ga ka no Aran lurrina
Tatxinoborite ya Gora ta gora doa;
Tsuki no kasa Ilargi-aro.

Buson

Aranondoaren lorearen lurrinak gorantz egiten du eta ilargiaren koroa bihurtzen da. Udaberriaren biziberritzea, eta lurtarra eta kosmikoa denaren arteko lotura.


かほ白き子のうれしさやまくら蚊帳

Kao xiroki Aurpegi zuri
Ko no urexisa ya Haurraren zoriona,
Makuragaya Eltxo sarean.

Buson

Udako sargorian haurraren aurpegia zuri eta garbi dago, zoriontsu, eltxo sarearen babesean.


蚊の声す忍冬の花の散るたびに

Ka no koe su Eltxoen hotsa
Nindô no hana no Ahuntz-hosto artean,
Txiru tabi ni Erori dira.

Buson

Uda amaieran eltxoak dabiltza ahuntz-hosto artean eta hostoak erortzen dira. Irudi bat iradokitzen digu eta gainera intsektuen soinua eta hostoak erortzean egiten duten soinua jasotzen dira. Sinestesia efektua lortu nahi du.


白露や茨の針に一つづつ

Xira tsuyu ya Ihintz zuria,
Ibara no hari ni Elorri arantzetan
Hitotsuzutsu Tanta banaka.

Buson

Arantza eta ur tanta biribil ederra; ihintzaren iragankortasuna udazken goiz batean.


鷺ぬれて鶴に日の照る時雨哉

Sagi nurete Koartza blai da
Tsuru ni hi no teru Lertsuna eguzkitan;
Xigure kana Zaparrada bat.

Buson

Unetxo bat iraun duen zaparrada ahul baten ondorioz koartza busti da, baina lertsunari ez dio harrapatu eta eguzkitan dago. Naturak ez ditu berdin banatzen dohainak.


こがらしや岩に裂け行く水の声

Kogaraxi ya Ipar haizea,
Iwa ni sakeyuku Haitzean apurtzen da
Mizu no koe Euri ahotsa.

Buson

Negu gorrian ipar haizea zakar dabil, eta badirudi euriak haitzak apurtu behar dituela.


夜富士に尻の並べて鳴く蛙

Yûfuji ni Fuji gauean,
Xiri no narabete Ipurdiak ilaran
Naku kawazu Igel korroka.

Issa

Udaberri gauean igelak korroka ari dira, ipurdiak ilaran jarrita, Fuji mendiaren oinean. Fuji mendiaren dotorezia handientsua eta igel txikien korroka jartzen dira aurrez aurre. Giza erlazioen sinbolo gisa uler daiteke.


痩蛙まけるな一茶是に有り

Yasegaeru Igel argala
Makeruna Issa Eutsi goiari, Issa
Kore ni ari Hemen da eta. Issa  

Issa

Igel argal eta ahula baztertua izan da, ziurrenik galdu egin du emea estaltzeko borrokan, eta Issak ez etsitzeko esaten dio eta laguntza eskaintzen dio. Sarri erakusten du Issak errukia naturan. Issaren haiku ezagunenetakoa da.


蓮の花虱を捨てるばかり成り

Hasu no hana Loto lorea;
Xirami wo suteru Zorriak kentzen nabil
Bakari nari Bakar-bakarrik.

Issa

Loto lorearen edertasuna uda betean eta zorriak kentzeko ekintza arrunta eta itsusia aurrez aurre.


世の中や蝶のくらしもいそがしき

Yo no naka ya Mundu honetan,
Txô no kurasi mo Tximeleta bizitza
Isogaxiki Nekez betea.

Issa

Tximeleta ederra da, baina bere bizitza laburra lehiak eta nekeak ezaugarritzen dute. Mundua eternala da eta laburra tximeleta baten bizitza, gizakiarena bezain laburra, azken buruan. Edertasunaren alde iluna.


大仏の鼻から出たる乙鳥哉

Daibutsu no Buda handia,
Hana kara detaru Sudurzulotik hegan...
Tsubame kana Enara bat da!

Issa

Udaberrian gaude eta natura iratzartzen da. Buda handiaren sendotasuna eta irmotasuna eternalaren sinbolo dira, eta enara txikia sudurzulotik irten da, adeigabeki, Budaren irudi hori apurtuz.


仏法がなくば光らじ草の露

Buppô ga Legerik gabe
Nakuba hikaraji Ez dago eguzkirik;
Kusa no tsuyu Belar ihintza.

Issa

Araurik gabe ez dago eguzkirik ezta benetako edertasunik ere, dena da iragankorra eta aldakorra, udazken goiz bateko ihintza bezala.


我と来て遊べや親のないすずめ

Ware to kite Etor zaitez, zu,
Asobeya oya no Txolarre umezurtza
Nai suzume Jolas dezagun.

Issa

Naturan bilatzen du errukia Issak, bera bezalaxe umezurtz geratu den txolarre batean.


やれ打つな蝿が手を摺り足をする

Yare utsuna Ez hil eulia,
Hae ga te wo suri Erruki eske duzu
Axi wo suru Esku ta hanka.

Issa

Errukia naturan, beste behin. Eulia esku eta hanken bidez ari da eskatzen errukia, otoitz egiten ari balitz bezala.


露の世は露の世ながらさりながら

Tsuyu no yo wa Ihintz-mundua,
Tsuyu no yo nagara Ihintz-mundua da hau;
Sari nagara Eta hala (e)re...

Issa

Haiku berezia da, errepikapenean oinarritua. Munduaren egonkortasuna eta ihintzaren igarokortasuna biltzen dira irudian. Gure bizitzak ihintzaren bizi-labur bera du, baina hala ere bizi behar dugu. Ihintza udazkenaren sinboloa da.


古郷やよるも障るも茨の花

Furusato ya Jaioterria,
Yoru mo sawaru mo Bertaratu ahala
Bara no hana Arrosarantza

Issa

Jaioterritik at izan zen Issa ia bizitza osoan, eta gurasoak hiltzean ere arazoak izan zituen han zegokion oinordetza jasotzeko. Jaioterria beti gogoan izan arren, eta itzultzeko nahia izan arren, arazoak besterik ez dizkio sortzen. Arrosaren arantza uda amaieran.


世の中は地獄の上の花見哉

Yo no naka wa Gure mundu hau,
Jigoku no ue no Infernu gainetiko
Hanami kana Lore behaketa.

Issa

Munduaren azalean, infernuaren gainean gaude pausatuta eta udaberriko gereziondo loratuak dastatzen ditugu begiekin. Moralaren eta estetikaren arteko desadostasuna edo bateraezintasuna.


卯の花や神と乞食の中に咲

U no hana ya Deutzia lore,
Kami to kojiki no Jainko ta eskalentzat
Naka ni saku Lore betean.

Issa

Edertasuna hor dago eskura eskale zein jainkoentzat udako paisaian.


うつくしやせうじの穴の天の川

Utsukuxi ya Eder-ederra,
Xoji no ana no Leihoko zulotik so
Ama no gawa Esne-bidea.

Issa

Paperezko leiho urratutik, hau da, etxe txiro batetik galaxiaren edertasun handientsua beha daiteke. Egoera arruntenetan edertasuna dasta daiteke. Artistaren egoera soziologikoa ere islatzen du honek, garaiko klase sistema feudalean ez baitzuten toki jakin bat. Bazterrean egon behar da, boteretik urrun, edertasuna dastatzeko.


説教にけがれた耳を時鳥

Senkyô ni Sermoien menpe
Kegareta mimi wo Belarri zaurituak;
Hototogisu Kuku, kukuak.

Xiki

Gizakien sermoiak jasanaren jasanez belarriak zikinduta eta zaurituta ditu Xiki kukuak, eta abestu besterik ezin du egin uda betean. Kukua (hototogisu) bere ezizena zen eta horrela deitu zion bere aldizkariari. Hototogisu izena denbora eta txori esanahia duten kanjiez osatzen da. Kritikari eta teorilari gisa egindako lanengatik jasotako egurra iradokitzen da.


鍬たててあたり人なき暑さかな

Kuwa tatete Aitzurra tente
Atari hito naki Inor ez inguruan
Atsusa kana Bero da eta.
Xiki  

Udako arratsalde beroan aitzurra tente geratu da zelaian, eta inor ez dago inguruan. Une batez natura lasai geratzen da, giza ekimenik gabe.


秋風や我に神なし仏なし

Akikaze ya Udazken haize;
Ware ni kami naxi Ni neu, Jainkorik gabe,
Hotoke naxi Budarik gabe.

Xiki

Bizitzaren udazkenean gorputza itzaltzen ari zaio, hiltzen ari da, baina Xiki gaixoak azken hilabete horiek kontsolamendu errazik bilatu gabe bizi ditu.


蝶とぶや道々かわる子守歌

Txô tobu ya Pinpilinpauxa,
Mitxi mitxi kawaru Bidea ezin asma
Komori uta Haur abestiak.

Xiki

Tximeleta hegaka ari da udaberrian, hona eta hara, noranzkoa etengabe aldatuz, eta haurrak ere, etxeko bidea ezin asmatu, abesten hasi dira beldurra uxatzeko. Haur abestiak (komori uta) haurrei adorea emateko abestiak dira.


雪の絵を春も掛けたる埃かな

Yuki no e wo Elur paisaiak
Haru mo kaketaru Udaberri betean
Hokori kana Hautsez beteta.

Xiki

Japonian ohitura da tokonoman urtaroari dagokion margoa eskegitzea (ikusi Kawabataren Loti ederrak). Baina etxe horretan ez da inor bizi, edo inork ez du aldatu margoa urtaro berriari egokitzeko (Xiki ohe-zuloan harrapatuta dago gaixo), eta garaiz kanpoko irudia hautsez beteta dago.


ひらひらと風にながれて蝶一つ

Hira hira to Nekez hegaka
Kaze ni nagarete Haizetean bakarrik,
Txô hitotsu Tximeleta bat.

Xiki

Tximeletaren antzeko egoeran egin behar diogu aurre bizitzaren lehiari, bakar bakarrik gure ahultasunean.


人もなし木陰の椅子の散松葉

Hito mo naxi Inor ez dago;
Kokage no isu no Zuhaizpeko aulkian
txiri matsuba Pinu orratzak.

Xiki

Inor ez da etorri aspaldian eta pinu orratzak aulkian diraute, inork ez baititu erraztu. Bakardadea urteberrian.


雲の峰水なき川を渡りけり

Kumo no mine Hodei tontorrak
Mizu naki kawa wo Ibai lehor-lehorra
Watari keri Zeharkatzen du.

Xiki

Udaren amaieran hodei baten itzalak ibai lehortua zeharkatzen du. Urtaroen zikloak aurrera egin bide du. Etorkizun hurbileko biziberritze baten zeinu (antzua)?


行く我にととまる彼に秋二つ

Iku ware ni Ni banoa, ni,
Todomaru kare ni Hor geratzen zara zu;
Aki futatsu Bi udazken, bi.

Xiki

Udazkena iristearekin batera abiatzeko unea iristen da eta bata bestearengandik banatzeko ordua. Batak bide bat hartuko du eta besteak bestea; bi udazken sortuko dira horrela.


Bibliografia laburra (itzultzaileen arabera)

Blyth R. H. (1949-1952). Haiku (haiku bilduma lau liburutan).

Casado da Rocha, Antonio eta Perales Hernández, Zigor (2004). "Bashô-ren basora bazoaz...". Uztaro 51, 83-97 orriak.

De la Fuente, Ricardo eta Hirosaki, Xinjiro (1997). Cincuenta haikus (Issaren haikuak).

Goldstein, Sandford eta Xinoda, Seixi (1998). Songs from a bamboo village (Xiki-ren tankak).

Igerabide, Juan Kruz (1994). Sarean leiho

Igerabide, Juan Kruz (2002). Hosto gorri, hosto berde/ Hoja roja, hoja verde.

Keene, Donald eta Miyata, Masayuki (1996). Oku no hosomitxi/The narrow road to Oku.

Mackenzie, Lewis (1999). Autumn wind haiku (Issaren haikuak).

Rodríguez, Justino (1996). Cien jaikus (Xikiren haikuak).

Rodríguez, Justino/Nixio, Kimi/Ota, Seiko (1997). Selección de jaikus (Buson-en haikuak).

Rodríguez-Izquierdo, Fernando (1994). El haiku japonés (haiku bilduma; sarrera luzea).

Roger Munier, Roger (1978). Haiku (haiku bilduma frantsesez).

Yanagisawa, Kyoko eta Sakai, Takahiko (1996). Issa-haiku.

Sarean:
http://carlsensei.com/classical/index.php/author/view/1
http://carlsensei.com/classical/index.php/author/view/5
http://haikuguy.com/issa
http://etext.lib.virginia.edu/japanese/shi


1. Kasu batzuetan egitura ez da zehazki errespetatzen, lerro batek silaba bat gehiago izaten du; jiamari, hizki gehiegi, dugu orduan.

2. Informazio gehiago nahi izanez gero, orri honetan daukazu: http://renku.home.att.net/seasons.html

3. Mono no aware japoniar kultura ezaugarritzen duen kontzeptu nagusia da, latindarren lacrimae rerum haren antzekoa.

4. Nire uztakoa, adibide moduan: Akats larria; pantaila pikutara, hutsik gogoa.

5. Issa izenak tea egitean sortzen den eta unetxo bat besterik irauten ez duen burbuila adierazten du, bat zenbakiari eta teari dagozkien zeinuak bilduz.

6. Xiki izen poetikoak hainbat zentzu har ditzake, nagusia lau urtaroak izaki (haikuari oso lotuta dagoen izena).

7. Gudabutsuan Sôsekiren haigo edo haikulari gisa zuen izen artistikoa zen, eta "zoroa, ez Buda" esan nahi du. Sôseki gero eleberrigile oso ezagun bihurtu zen, eta lehen lan ezaguna 1906ko Bottxan izan zen, Matsuyaman irakasle gisa igaro zuen garaian oinarritutako kontakizuna. Egun Matsuyaman Gudabutsuan etxearen erreplika daukate, eta utamakura gisa funtzionatzen du, leku poetiko gisa. Han izan nintzenean, haikuzale talde bateko gidaria topatu nuen, Xikoku uharteko utamakura ezberdinak bisitatzen ari ziren, eta bidaian zehar haikuak idazten zituzten. Ni ere kultur bidaia egiten ari nintzen, Fukuzawa Yukitxi, Ôgai Mori, Ôe Kenzaburô eta Xikiren jaioterriak bisitatuz Kyûxu eta Xikoku uharteetan.