«Zuzenketa-lana: tipula zuritzen II» ikastaroa: zenbait ohar eta zenbait gogoeta
Alaitz Zabaleta Sarobe

Artikulu hau EIZIEk antolatutako ikastaro baten laburpena da. Ikastaroa zuzenketa-lanari buruzkoa izan zen, eta 2022ko udazkenean egin zen. Batez ere alderdi praktikoa landu zen; irakasleek adibide zehatzak ekarri, eta denon artean aztertu genituen.

2022ko udazkenean, zuzenketa lanari buruzko ikastaro bat antolatu zuen EIZIEk. Irakasle, Berriako zuzentzaile diren Irene Arrarats eta Maialen Berasategi aritu ziren. Deialdiak arrakasta izan zuen eta bi talde antolatu ziren; artikulu hau Donostian, Euskaltzaindiaren egoitzan, azaroaren 22an eta 23an egindako saioen laburpena da. Ikastaroa oso praktikoa izan zen, adibide zehatzak aztertu genituen, eta bi saioetan hartutako apunteetatik abiatuta osatu dut artikulua. Ohar gisa emanen ditut ikastaroan aipatutako kontuak; gauza batzuk sakonago azalduko ditut eta beste batzuk ez hainbeste.

Izenetik ikusten denez, aurretik «Tipula zuritzen I» ikastaroa egin zen, 2018an; orduan ere Irene Arraratsek eta Maialen Berasategik eman zuten. Lehenbiziko zati haren planteamendua teorikoagoa izan zen; zuzenketa lanari buruzko gogoeta orokor bat egin zen. Horri buruzko interesik izanez gero, kronika idatzi zuen Miren Iriartek Senezen 50. zenbakian, 2019an.

Azaroaren 22ko eta 23ko txandan, 18 lagun inguru bildu ginen: 10 itzultzaile, 6 irakasle, 1 trebatzaile eta 1 editore. Lehenbizi, zuzentzearen gaineko irizpide orokorrak laburbildu zituzten Maialenek eta Irenek. Ondoren, Berriako zuzentzaile gisa maizen topatzen dituzten akatsen adibideak ikusten joan ginen, eta denon artean komentatzen; gainera, parte hartzaileok egunerokoan ikusten ditugunak ere aipatu genituen. Segidan, ikastaroan hizpidera atera genituen ideia nagusiak laburbilduko ditut.

Zuzentzerakoan kontuan hartu beharrekoak

  • Testu mota: ez da gauza bera lege bat izatea edo komiki bat.

  • Hartzaileak: eskualde jakin bateko euskaldunak diren, edo eremu jakin bateko teknikariak, eta abar.

  • Testuingurua: Euskal Herri osoan banatuko den aldizkari bat da, edo herriko komunikabide bat?

  • Nork eskatu digun: gure kabuz ari bagara, askeago joka dezakegu. Baina, beste norbaitek eskatu badigu zuzentzeko, jakin behar dugu zorrotz eta sakon begiratzea nahi duen edo ez. Izan ere, hori izaten da askotan zuzenketen alderdirik zailena, eskua noraino sartu.

  • Zuzentzeko modu asko daude: testuan zuzenean egin daitezke aldaketak, edo oharrak egin.

Zuzentzailearen ezaugarriak

  • Erregistro asko menderatu behar ditu, eta errepertorio zabala izan.

  • Profilak bi alderdi nagusi ditu: batetik, idazlearekin «psikologo» lanak egin behar ditu (oharrak iradokizun gisa eginez-eta); izan ere, batzuek zuzenketak onartzen dituzte, baina beste batzuek ez. Bestetik, soziologo-soziolinguista ere izan behar du zuzentzaileak, hartzaileak ezagutu, eta jakin esapide bat ulertuko den edo ez, nahiz eta Euskaltzaindiak onartua izan.

  • Urak bezala jokatu, eta testuaren eta idazlearen formetara moldatu behar du, ez baita ona zurruna izatea.

  • Lan komunitarioa da; komunitate linguistikoa aintzat hartu behar du.

  • Laguntzea eta lagun egitea ere badagokio, idazleari edo itzultzaileari ideiak eta segurtasuna emanez.

Maizen egiten diren oharrak eta taldean ateratakoak

  • Parte hartzaile batzuek aipatu dute azken boladan gero eta gehiagotan egokitzen dela itzultzaile neuronalen emaitzak zuzendu beharra. Izan ere, postedizioa nolabaiteko zuzenketa da, askotan desatsegina. Udaletan, adibidez, langile batzuek neuronalen emaitza bere horretan argitaratzen dute webguneetan, eta gero hori zuzentzen ari behar da atzetik. Ikastaroak ere ari dira antolatzen, langileei azpimarratzeko testu horiek posteditatu egin behar direla.

  • Komak izenburuetan: uste nagusia da aditzik ez duten izenburuek koma behar dutela, beste hizkuntzetan ere bai. Baina hala da beti? Batzuetan aditza eliditu dugu, esaldi bat baitzegoen azpian, baina beste batzuetan ez:

Emakumea Indian

Halakoak epigrafeak dira, ia izen sintagmak. Hor ez da komarik behar. Baina aditza eliditu denean? Kasu horietan, Berrian irizpide hau izaten dute: ordenari erreparatu. Ordena bada galdegaia-mintzagaia, komarik ez. Ordena bada mintzagaia-galdegaia, orduan koma:

Osasuna txapeldun

Txapelduna, Osasuna

Hala ere, ez da urrezko araua, eta ez da zurruna. Batzuetan ez dakigu ziur idazleak buruan azpiko esaldi bat ote zuen; hala gertatzen da, esaterako, Jon Etxaideren Gorrotoa lege izenburuan, edo Juan Gartziaren Joskera lantegi tituluan. Beste batzuetan, ongi begiratu behar da zein den mintzagaia eta zein galdegaia: adibidez, jardunaldi batzuk antolatu ziren Martin Ugalderen alderdiak aztertzeko. Titulu hauek jarri zituzten:

Martin Ugalde, kazetari

Martin Ugalde, idazle

Izan ere, itxuraz lehen aipatutako lehenbiziko adibidearen antzekoa bada ere (Osasuna txapeldun), kasu honetan, Martin Ugalde mintzagaia da.

  • Postposizioak eliditu eta juntagailuarekin lotutako izenetan? Orain, askotan kendu egiten da, testua arintzearen alde, baina tradizioa zen denetan jartzea:

Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean

Adierazkortasunari dagokionez, postposizioak iragartzen digu zer datorren, edo esaten digu nola joan irakurtzen; ez zen kasualitatez jartzen. Postposizioa luzea denean –adibidez, -(r)enganaino motakoa–, egin daiteke lehenbiziko izenei -(r)en bakarrik erantsi eta azkenekoari osoa. (Horri buruzko azalpen luzeagoa nahi izanez gero, Berriaren estilo liburuan dago).

  • Enumerazio batzuek, gaizki lotuak daudenean, eskatzen dute irakurlearen interaktibotasuna (berak lotu behar du zer doan zerekin). Horren pista izaten da hurrenez hurren eta gisakoak agertzea. Idazleak egin behar du, ordea, elementu bakoitza dagokionarekin behar bezala lotzeko lana, eta ez irakurleari eskatu berak osatzeko puzzlea bere buruan.

  • Puntuazioarekin izaten ditugun zalantzak izaten dira beste arazo baten salatariak; alegia, adierazten digute testua edo ideia ez dagoela ongi idatzia. Dena den, juntaduraren kasuan, batzuetan gertatzen da izen luzeak elkartu behar izatea, hala nola administrazioko sailen eta atalen izenak; halakoetan, eta juntagailuaren aurretik koma jartzea argigarria izan daiteke irakurlearentzat, jakin dezan noiz bukatzen den izena eta noiz hasten den esaldiaren hurrengo zatia:

Kontzesio Obren Kudeaketa Ekonomikorako eta Gastuaren Kontrolerako Atala eta Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzua

Kontzesio Obren Kudeaketa Ekonomikorako eta Gastuaren Kontrolerako Atala, eta Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzua

  • Askotan ez dugu ulertzen testuak esaten duena, lehendik genekiena baizik. Horregatik uler ditzakegu gaizki idatzitako testuak, kontu ezagunez ari direnean; gai ezezagunez edo teknikoez ari direnean, aldiz, lanak izaten ditugu.

  • Egitura batekin zalantzak izanez gero, probatu egitura hori eguneroko esaldi batekin, ea horrela erabiltzen den (dena dela, kontuz euskalkiekin, batean erabiltzen ez dena bestean arrunta izan baitaiteke). Adibidez, hau itzuli behar badugu:

Escritores en lengua galega

Erabil genezake galizierako idazle? Bada, pentsa dezagun: esanen genuke euskarako idazle? Ez, ezta?

  • Kontuz zuzentzerakoan norberaren gustuak inposatzearekin; kontuan izan zerbait esateko modu zuzen bat baino gehiago egon daitezkeela. Testuaren eta idazlearen alde zuzendu behar da. Laguntzeko gaude, ez zigortzeko. Kontuz aizkora ateratzearekin. Eta, zalantza izanez gero, utzi.

  • Testuak izan behar du zuzena, eta egokia. Euskaraz, gaur egun, testu gehienak gramatikalki zuzenak izaten dira. Esaldien eta testuaren antolaketan egoten da arazoa. Gure zuzenketak argudiatzeko gai izan behar dugu, garbi azaldu behar dugu zergatik ez duen funtzionatzen. Gainera, batzuetan, idazleak ez du ikusi nahi izaten zerbait gaizki dagoela, eta horrek behartzen gaitu zuzenketak ongi argudiatzera (eta ez bagara zerbait argudiatzeko gai, ez zuzendu).

  • Baliabideen errepertorio bat eduki behar dugu, eta esaldi bakoitzean ikusi zer aukera gelditzen den hobekien (erlatibo klasikoa erabiltzea, edo tartekia, eta abar).

  • Gaztelaniazko testu administratibo asko ulertezinak dira. Horren aurrean, euskarak izan dezakeen abantaila da testu ulerterrazak egitea, ongi idatziak, didaktikoak eta narratiboak. Egia esan, asko aurreratu da itzulpengintzan azken 40-50 urteetan, baina agian ez da hainbeste aurreratu euskaraz irakurtzeko ohituran.

  • Hiperzuzenketa da arriskuetako bat, eta ez zuzentzaileentzat bakarrik. Mito batzuk aski errotuak daude: -tzen guztiak kendu behar omen zirenez performatiboak ere kentzea, eta juntagailuaren aurretik ezin dela inoiz komarik jarri, eta halakoak. Horrek ekartzen du zuzenak diren formak baztertzea; esaterako, euskarazko testuetan ia desagertu da gerundioa.

Definizioetan, irtenbide bakarra ez da aditza aurreratzea:

Campusa da hiria, lurraldea, artea eta hizkuntzak gurutzatzen diren gune zabala.

Horretaz gain, esaldia zatitzea ere beste aukera bat da:

Campusa da gune zabal bat, non gurutzatzen baitira lurraldea, artea eta hizkuntzak.

Eta beste baliabide bat da zera erabiltzea:

Campusa zera da,…

  • Subjektua aldatzearen arazoa: batzuetan, testua subjektu batekin hasten da; halako batean, subjektua aldatu da, baina ez du esaten zein den, eta amaierara iristean ohartzen da irakurlea bukaeran beste batez ari zela:

Trumpek ekonomia aldatu behar dela esan du. Gauzak beste modu batera egin behar direla esan du Putinek.

  • Parentesiak edo tartekiak erabiltzea baztertu egin dugu azken boladan, hasieran gehiegi erabili zirelako beharbada. Baina beste baliabide bat dira, eta ez ditugu alde batera utzi behar. Esaldia luzea bada eta jada koma artean badoaz elementu batzuk, eta argi badago informazio bat bigarren mailakoa dela, parentesia balekoa da erabat.

  • Parentesia gaztelaniaz izen sintagmaren bukaeran doanean, adibidez:

 Vino el escritor Miguel Delibes (Valladolid, 1920-2010).

 Itzultzean, hobe da, ahal dela, euskaraz ere parentesia izen sintagmaren bukaeran uztea:

 ? Miguel Delibes (Valladolid, 1920-2010) idazlea etorri zen.

 Miguel Delibes idazlea (Valladolid, 1920-2010) etorri zen.

  • Azentu-markekin zer egin? Agian zuzenena da izena den bezala idaztea. Erabakitzen dena erabakitzen dela, koherentzia mantentzea da kontua.

  • Toponimia txikiarekin, arautu gabe dagoenarekin, zer egin? Horrelakoetan, bi aukera ditugu: toponimia handiaren ereduari jarraitu edo dagoen bezala utzi.

  • Toki izenetan, gaztelaniaren eraginez, euskaraz Aralar esanen genukeen tokian Aralar mendilerroa esaten dugu, edo Urumea esanen genukeen tokian Urumea ibaia.

  • Artikulua izenaren parte denean (El País, The New York Times), euskaraz ere horrela uztea hobe, nahiz gabe ere ikusten den batzuetan: New York Times-ek dio… Horren harira, aipatu da Euskaltzaindiak Kairo arautu duela, arabieraz artikulua badu ere.

  • Literaturako pertsonaien izenak itzuli edo ez? Kasuz kasu erabaki behar da. Esaterako, Superman horrela egin da ezagun hizkuntza guztietan. Jack the Ripper, ordea, hizkuntza bakoitzean itzuli egin da.

  • Argitaletxe, unibertsitate eta halakoen izenak itzuli edo mantendu, baina koherente jokatu. Bide batez, argitaletxeen izenak itzultzea erabakiz gero, begiratu Ediciones izenaren parte den edo ez.

  • Siglak: erabiltzeko, ezagunak izan behar dute; bestela, osorik idatzi. Nazioarteko siglekin, hobe da izena itzultzea baina sigla bere horretan uztea.

  • Zehar-galderak gutxi erabiltzen ditugu, eta lagungarriak dira:

Gertatutakoa azaldu du. > Zer gertatu den azaldu du.

Sutearen arrazoiak > Zergatik piztu den sua

  • Partitiboa gero eta gutxiago ikusten da:

Egituran kalteak sortu ote diren. > Egituran kalterik sortu ote den.

  • Orain eta gaur egun ez dira ia ikusten, dena da egun.

  • Bada postposizio bat, -(r)ekiko, komodin gisa erabiltzen ari garena; gehiegi zabaldu da. Adibidez, lehen zureganako maitasuna esanen genukeen tokian, orain barra-barra ikusten da zurekiko maitasuna.

  • Batzuetan, terminologia mozorroarekin dator terminoa ez dena. Esate baterako, eguraldiaren arloan:

? Bustitik joango da eguna.

? Egunaren azken partean (ilunabarrean edo antzekoren bat erabili beharrean)

  • Beste hizkuntzetan hizkera ez-sexistan idatzitako testuak euskarara ekartzean, erne ibili behar da, behar ez ditugunak euskarara ekarri gabe: pertsona hitza, abstrakzioak (idazkaritza, idazkariren ordez) eta abar.

  • Nominalizazioa: aditza izen bihurtzen badugu, gero aditz komodin bat eskatzen du (egin, izan…). Beraz, hobe nominalizazioa saihestea.

  • Bi hitzetan esan dezakezuna ez esan hamanbostetan:

Zaharberritzeko lanen prozesuan aritu da. > Zaharberritzen aritu da.

  • Kalkora jo aurretik, begiratu euskaraz esapide jatorrik baden:

Bidaia on > Ongi ibili

Etorriko dena etorriko da. > Gero gerokoak

  • Gaztelaniaren eraginez, ahalera gehiegi erabiltzen dugu:

Euria egin dezake. > Beharbada, euria eginen du.

  • Gero eta hedatuagoa dago -t(z)en jarraitzen du motako egitura, X da oraindik ere gisakoak erabili beharrean.

Bukatzeko

Interesgarria izan zen ikastaroa; komeni da, tarteka, beste toki eta esparru batzuetan lanean ari direnekin bildu eta elkarrekin komentatzea izaten ditugun zalantzak. Alderdi teorikoaz gain, praktikoa ere lantzea probetxuzkoa da eguneroko zereginetarako; horregatik, aurrerantzean ere beharko ditugu horrelako ikastaroak.

Zuzentzailearen lana ez da samurra izaten zenbaitetan, ikastaroan aipatu bezala bi alderdi zaindu behar baititu: hizkuntza eta psikologia. Behar dena zuzendu baina testuan eskua gehiegi sartu gabe, tarteko puntu hori non dagoen, ez da erraza izaten bereiztea batzuetan, eta lagungarria da zeregin berean dihardutenekin biltzea. Horregatik, lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiet EIZIEri eta ikastaroko irakasleei.