Joseba Urzelai Agirre gogoan
Iñigo Errasti

Joseba Urzelai Agirre itzultzaile eta eiziekidea 1963an jaio zen. Euskara irakasle izan ondoren, Eusko Jaurlaritzan itzultzaile aritu zen hainbat urtez eta, ondoren, Bizkaiko Foru Aldundian lanean hasi, eta itzultzaile, terminologo eta zuzentzailea lanetan jardun zuen bertan. Joseba iaz zendu zen, udaminean, eta haren lankide eta adiskide Iñigo Errastiren hitzak ekarri ditugu orriotara. Errastik, besteak beste, Josebaren beste zaletasun batez hitz egin nahi izan digu Senezen, argazkigintzaz, hain zuzen, eta Josebak bere argazkien erakusketa baterako apailaturiko testu bat erantsi digu, Josebaren izaeraren erakusgarri.

Gaitza da hil berri den lankide bati buruz idaztea. Goizegi hil dela sentitzen dugunean, batez ere. Eta gaitzagoa, gainera, konturatuz gero lankide hutsa baino gehiago zela hura. Azken batean, egunero joaten gara bulegora, urteetan, eta, inoiz, gertatzen zaigu harreman berezia egitea laneko batzuekin. Gure lagun direnak baino sarriago ikusten ditugu, eta tratu handiagoa izaten dugu haiekin, esaterako, senideekin baino. Laguntzat neukan, beraz, Joseba, ez bakarrik lankidetzat.

Batera izendatu gintuzten karrerako funtzionario Bizkaiko Foru Aldundian, 2006ko ekainean. Bera, baina, askoz lehenagotik zebilen bertan lanean. Egia esateko, hainbat urtez jarduna zen Aldundian itzultzaile, eta baita Jaurlaritzan ere. Aurretik, euskara irakasten aritua zen, Bilbo Zaharra euskaltegian. Itzultzaile bikaina izan arren, sen finekoa, terminologo legez ezagutu dut nik urte hauetan guztietan. Eta sarri eskertu izan dut Joseba zen moduko terminologo bikaina izatea lantaldean, askotan ez baikara konturatzen zer garrantzitsua den itzultzaileontzat gurea baino ikusgaitzagoa den lankide horien lana. Berari ere esan nion behin baino gehiagotan.

Ez dezadan, baina, lar berbarik egin neure buruaz. Izan ere, horixe zuen Josebak ezaugarri: diskrezioa. Nahiko nuke beste batek ere aukera izatea, hiltzen naizenean, niri buruz esateko berari buruz zalantza barik esan daitekeena, hau da, pertsona ona zela, diskrezio eta edukazio handiko gizona. Euren burua sekula gehiegi nabarmendu ez eta hala ere isil-isilik marka ezabaezina uzten dutenetarikoa.

Euskararekikoaz gainera, bazuen Josebak beste zaletasun bat, bizi-bizia: argazkigintza. Azken urteetan, ordu asko eskaini zion arte horri, eta erakusketaren bat edo beste egitera ere iritsi zen. Getxophoto jaialdian aurkeztu zuen bat, eta hartarako prestaturiko testu bat jarri dizuet jarraian, iruditzen baitzait oso ondo adierazten duela Josebaren izaera, haren berbetako tonua:

Arrotz hurkoak

Joseba naiz, 57 urte ditut, eta emaztearekin eta bi seme-alabekin bizi naiz. Ezohiko ezer ez. Familia-inguruaren argazkiak egiten ditut; ia egunero, mikrokosmos intimo eta hurbileko hori arakatzen dut argazki- kameraren laguntzarekin. Nortasuna, memoria, herentziaren pisua eta gisa horretako kontuak aztertu nahi ditut. Eta, ezer baino areago, arrakalak bilatzen ditut, harridura, erabat azaldu ezin ditugun uneek eragiten diguten bat-bateko asaldua.

Familiako argazkiak gure oroitzapenen lekukoak dira, eta oroitzapen horien gainean finkaturik eraikitzen dugu gure identitatea, Blade Runner filmeko erreplikanteekin gertatzen zen bezala. Hemen bildu ditudan irudiek ideia hori dute ardatz: jostagarri moduko fikzio bat osatzen dute, aire klasikoko erretratuak, etxeko paisaiaren xehetasunak nahiz familiaren albumetik ateratako argazkiak baliatuz, eta nahita nahasten dituzte denborak eta identitateak. Lan hau, finean, oroitzapenak interpretatzeko ahalegina da, gertukoenei buruz dakigunaren eta ez dakigunaren arteko muga lausoa zeharkatzeko saiakera.

Nahi duenak Interneten topa ditzake erraz Josebak erakusketa horretarako aukeratu zituen argazki-erretratuak, baina, dena dela, hona ekarri dizuegu haren argazkietariko bat, berak kutunen zuen zaletasunaren erakusgarri.

 

IñigoErrasti-gara2.jpg