Maria Dolores Agirreren itzulpen-lanak
Artikulu honen helburua Maria Dolores Agirre (1903-1997) itzultzaile eta irakaslearen itzulpen-lanak eta estiloa xeheago aztertzea da. Horretarako, lehenik eta behin, haren biografia laburra aurkeztuko dugu; ondoren, Agirrek antzerkirako egindako itzulpen guztien ikuspegi orokor bat eskainiko dugu, eta, bukatzeko, 'Iturri-agor' itzulpena analizatuko dugu, haren itzulpen-estiloa xeheago ezagutu ahal izateko. Azkeneko atalean, egindako ikerketatik ateratako ondorioak emango ditugu.
Sarrera
1991n, EIZIEk ohorezko bazkide izendatu zituen zenbait itzultzaile, euskal itzulpengintzari egindako ekarpena eskertu nahian. Maria Dolores Agirre izan zen haietako bat, 1953tik 1973ra arte batez ere antzerkia itzultzen ibilitakoa. Bost urte geroago, 1996an, Itzulpen Antologia I lana argitaratu zuen EIZIEk, ohorezko bazkideen laginak argitalpen bakarrean biltzeko. Bertan azaldu zen lehenengoz Maria Dolores Agirreren Txalupak jaberik ez, eta, hain zuzen ere, itzulpen hori topatzeak bultzatu gintuen jarraian aurkeztuko dugun lana idaztera.
EHUko Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketen gradu amaierako lan gisa egin genuen Maria Dolores Agirreren itzulpen-lanen azterketa, Isabel Etxeberriaren tutoretzapean, eta 2021eko ekainean aurkeztu genuen. Urte bereko urtarrilean bildu ginen lehenengoz Isabel Etxeberria eta biok, eta lan posibleei buruz hausnartzen hasi ginen. Orduantxe konturatu ginen ordura arte ezer gutxi ikertu zirela Agirreren itzulpen-lanak eta itzulpen-estiloa; hutsune hori ikusita ekin genion, beraz, gure azterketari.
Lanak, oro har, bi atal nagusi jorratzen ditu: alde batetik, Agirreren itzulpen-lan guztien ikuspegi orokor bat eman nahi izan genuen, eta, bestetik, haren estiloa sakonago ezagutzeko, Agirreren itzulpen bat ikertu genuen: Iturri-agor. Atera genituen ondorioak eta egindako aurkikuntzak euskal itzultzaile eta interpreteontzat interesgarriak direlakoan, artikulu honetan laburtuko ditugu.
Kokatzeko
Agirreren itzulpen-lanen eta -estiloaren analisiari ekin aurretik, aukez dezagun labur-labur nor izan zen Maria Dolores Agirre.
Maria Dolores Agirre Aizpuru 1903ko ekainaren 8an sortu zen, Errezilen, Gipuzkoan. Hamalau urte besterik ez zuela joan zen Donostiara, eta, han, maistra-ikasketak egin zituen. Oraindik ikasten ari zela ekin zion euskara-klaseak emateari, eta, denborarekin, euskara presente zegoen ia toki guztietan ibili zen lanean: irratian, antzerkigintzan eta itzultzaile-lanetan, besteak beste.
Itzultzaile gisa egin zuen bideari begira, ezinbestekoa da garai hartako Euskal Izkera ta Iztunde Ikastola aipatzea. Toribio Altzaga zen zuzendaria, eta, nahiz eta Agirre hasiera batean ikasle gisa bildu, 1932an, irakasle-lanpostu bat atera zuen Donostiako Udalak. Probetara aurkeztu, irakasle-postua irabazi, eta 1933an ekin zion Maria Dolores Agirrek lanbide berriari. Nolanahi ere, 1936an, gerra piztearekin batera, etenaldi luzea etorri zen, bai ikastolarentzat, bai Agirrerentzat.
Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolaren bigarren aroa 1953an hasi zen, baina, oraingoan, Maria Dolores Agirreren zuzendaritzapean, Toribio Altzaga 1941ean zendu baitzen (Urkizu, 2003: 31). Horrenbestez, aurrerantzean, bi eginkizun bete behar izan zituen Agirrek: alde batetik, euskara irakastea eta, bestetik, urtero antzerki-emanaldi bat eskaintzea San Tomas egunean. Hain zuzen ere, zeregin horrek bultzatuta ekin zion itzultzaile-lanari. Agirrek itzulpengintzaren inguruan zituen pentsamenduak Auzmendik bildu zituen, Bidegileak bildumarako idatzi zuen liburuxkan (2002: 16-17):
Bihotzak eraginda, euskalzaletasunak bultzatuta, gure herria izango nuen mintzagai eta mintza-maisu. Haren bihotz pilpirak entzun, larri-minak jaso eta garaian garaiko kezka eta sentipen guztiak herri-euskaraz antzerkian mamitu.
Agirre 1953tik 1973an jubilatu zen arte ibili zen itzultzaile-lanetan, eta, tarte horretan, hamahiru antzezlan ekarri zituen euskarara. Kronologikoki aipatzearren: Ghéonen Lourdesko lorea (1958), Tagoreren Amal (1962), Casonaren Txalupak jaberik ez (1963), Lozanoren Oriko txoria Orin (1965), Gazzoren Txapela bete euri (1966), Casonaren Irugarren itza (1967), Lorcaren Iturri-agor (1968), Soteloren Etzan ate joka etorri (1968), Lorcaren Iturriko Urretxindorrak (1968), Rubioren Beste ertza (1970), Guerrero Urreistiren Iparragirre (1971), Vallejoren Illumpe goritan (1973) eta Pío Barojaren Altzateko jaun (1979, Felipe Yurramendirekin batera itzulia).
Itzulpen-lanak
Gradu amaierako lanaren helburu nagusia Maria Dolores Agirre itzultzaile gisa sakonago aztertzea izan zen. Horregatik, erabaki genuen egin beharreko lehenengo gauza haren itzulpen guztiak banan-banan ikertzea zela, horrela Agirreren itzulpen-joerak hobe ezagutzeko. Honako irizpide hauen arabera osatu genuen itzulpenen ikuspegi orokorra: jatorrizkoaren autorea nor den; zein den sorburu-testua, noizkoa den eta zein diren gaia eta generoa; itzulpena noizkoa den eta itzulpena argitaratu den ala ez.
Irizpideak zehaztuta, esan bezala, Agirreren itzulpen guztiak banaka aztertzen hasi ginen. Lehenengo obrari ekin orduko, ordea, konturatu ginen ez zela lan erraza izanen.
Lourdesko lorea izan zen Maria Dolores Agirreren lehen itzulpena. Jatorrizko antzerkigilea Henri Vangeon (1875-1944) da, ezizenez Henri Ghéon. Antzezlanak idazteaz gain, poemak eta kritikak ere idatzi zituen. Badirudi oso katolikoa zela, eta, horregatik, haren obra asko erlijioarekin lotuta daude. Lourdesko lorea (1958) itzulpenaren sorburu-testuari begira, zailtasunak izan genituen jatorrizkoa identifikatzeko, Ghéonen obren artean ez baitago antzeko izenbururik duen antzezlanik. Nolanahi ere, Patri Urkizuk (2003: 36) honako hau dio Agirreren itzulpenari buruz: «Lourdesko lorea antzerkiak Bernardetxoren bizitza aurkezten zuen, hots, Lourdesko gertakizun-edesti egikorra, bost ekitaldi ta amabi irudi laukitan». Informazio hori kontuan hartuta, itxura guztien arabera, jatorrizkoa Ghéonen Bernadette devant Marie: histoire véridique du fait de Lourdes en cinq actes et douze tableaux plus un prologue légendaire izan daiteke, zeina Les Cahiers du théâtre chrétien (1931) izeneko bildumaren barruan argitaratu baitzen. Gure hipotesia egiaztatu nahian, Lurdes Auzmendiri eta Patri Urkizuri galdetzea erabaki genuen, biek aztertua baitzuten Maria Dolores Agirre eta agian gai izanen baitziren gure zalantzak argitzeko. Zoritxarrez, haiek ere ez zekiten zein zen jatorrizkoa; hala ere, gaiagatik eta izenburuagatik, esan ziguten litekeena dela aipatutako obra izatea. Orduan, Ghéonen ustezko jatorrizkoa eta Agirreren itzulpena lortzen saiatu ginen, bi obrak alderatu ahal izateko, baina ez genuen sorburu-testuaren arrastorik inon aurkitu: Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Fondo Gordeen Gelaren katalogoan, Lourdesko lorea (1958) lan argitaragabea topatu genuen bakarrik. Beraz, gure hipotesiak onargarria dirudien arren, ezin izan genuen erabateko ondoriorik egiaztatu.
1962koa da Agirreren bigarren itzulpena: Rabindranath Tagore (1861-1941) poeta bengalarraren Amal, Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatua. Tagorek, besteak beste, olerkiak, ipuinak eta antzezlanak idatzi zituen. 1913an, Literaturako Nobel Saria irabazi zuen. Gaur egun, oso ezagunak dira haren antzezlan dramatikoak, eta haien artean dugu Amal itzulpenaren jatorrizkoa: Dak Ghar (1912). Agirreren obra 1984an argitaratu zen paperean, Altzateko Jaun (1979) itzulpenarekin batera, Donostiako Edili argitaletxearen eskutik, eta Susa Literaturaren webgunean ere eskuragarri dago.
1963an, Txalupak jaberik ez aurkeztu zuen Agirrek, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Jatorrizko autorea Alejandro Casona (1903-1965) espainiar antzerkigilea dugu. Casonak urte asko eman zituen erbestean, 1937tik 1962ra zehazki, eta tarte horretan idatzi zituen bere antzezlan gehienak. Haien artean dugu La barca sin pescador jatorrizko obra fantastikoa (1945). Agirreren itzulpena, Txalupak jaberik ez, hamarkada batzuk geroago estreinatu zen. Bestalde, sarreran jada aipatu dugu 1996an EIZIEren Itzulpen Antologia I bilduman argitaratu zela, eta, noski, antologia osoa EIZIEren webgunean dago eskuragarri.
Maria Dolores Agirrek Casonaren beste antzezlan bat itzuli zuen: Irugarren itza, Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatua. Casonaren familiako batzuk joan ziren Irugarren itza euskaraz ikustera 1967an aurkeztu zenean, eta oso pozik gelditu ziren Agirreren lanarekin (Urkizu, 2003: 41). Jatorrizkoa, La tercera palabra, 1953an taularatu zen, Buenos Airesen. Agirreren itzulpena paperean argitaratu ez den arren, Koldo Mitxelena Kulturunean dago dokumentu mekanografiatua.
1965ekoa da Agirreren Oriko txoria Orin, Antzoki Zaharrean emana lehen aldiz. Jatorrizko idazlea Fernando Lázaro Carreter (1923-2004) espainiarra da, Fernando Ángel Lozano ezizenez. Oso gizon ikasia zen: filologoa eta hizkuntzalaria zen, gaztelaniako irakasle gisa aritu zen, eta, hori gutxi balitz, antzerkigintzan ere ibili zen. Hiru antzezlan idatzi zituen; haien artean ospetsuena La ciudad no es para mí (1962) komedia da, eta horixe dugu Agirreren Oriko txoria Orin itzulpenaren sorburu-testua. Itzulpena ez da paperean argitaratu gaur egunera arte, baina, Agirreren obra gehienak bezalaxe, Koldo Mitxelena Kulturuneko Fondo Gordeen Gelan dago gordeta.
1966an, Antzoki Zaharrean, Maria Dolores Agirreren Txapela bete euri itzulpena antzeztu zen. Jatorrizko autorea Michael Vincenzo Gazzo (1923-1995) estatubatuarra dugu. Antzerkigile eta aktore gisa jardun zuen, eta oso talentuduna zen bi ogibideetan. Horren erakusle dugu jatorrizko A Hatful of Rain antzezlana: 1955ean estreinatu zen, Broadwayn, eta 398 aldiz eskaini zen, 1956ra bitartean. Obra drama bat da, eta protagonistak drogarekiko duen menpekotasuna aztertzen du. Agirreren itzulpen argitaragabea Koldo Mitxelena Kulturunean dago gordeta.
1968koa da Agirreren Iturri-agor itzulpena; hain zuzen ere, gure gradu amaierako lanean sakonago aztertu genuen obra. Jatorrizkoaren idazlea, jakina, Federico García Lorca da. 1898an jaio zen, Fuente Vaquerosen, Granadan, eta 1936an exekutatu zuten, Gerra Zibila hasi eta handik gutxira, hainbat gauza leporatuta; besteak beste, homosexuala izatea. 1927ko Belaunaldiaren parte izan zen, eta, nahiz eta bizitza laburra izan, poesia-liburu ugari, bidaia-liburu bat eta antzerki-obra andana idatzi zituen. Gaur egun, antzezlanengatik ezagutzen dugu batez ere, hala nola Bodas de sangre (1933), La Casa de Bernarda Alba (1936) eta Yerma (1934), Iturri-agor itzulpenaren jatorrizkoa. Yerma landa-eremuan garatzen den tragedia bat da, eta izen bereko protagonistak ama izateko duen desioa eta ezintasuna kontatzen du. Gaur egunera arte ez da Maria Dolores Agirreren Iturri-agor argitaratu; nolanahi ere, bagenekien Koldo Mitxelena Kulturunean gordeta zeukatela itzulpen mekanografiatua. Pixka bat aurrerago azalduko dugu zer bide erabili genuen kopia bat lortzeko eta itzulpenaren egiletza frogatzeko, oso interesgarria izan baitzen.
Agirrek García Lorcaren beste obra bat ekarri zuen euskarara urte berean: Iturriko urretxindorrak (1968). Ezin izan genuen, ordea, jatorrizko testua identifikatu. Lehenik eta behin, Lorcaren obra guztien izenburuak errepasatu genituen, baina ez genuen topatu antzeko izenbururik zeukan obrarik edo antzeko gairik lantzen zuen testurik. Bigarrenik, ez genuen inon aurkitu Maria Dolores Agirreren itzulpen horren arrastorik: ez da paperean argitaratu, eta, haren itzulpen gehienak ez bezala, ez da Koldo Mitxelenako katalogoan ageri. Azkenik, zenbait artikulu eta web-orritan kontsultatuta ere, aipamen soilak baino ez genituen topatu: Lurdes Auzmendiren Bidegileak bildumako liburuxkan, aipatu besterik ez da egiten, eta, era berean, euskarazko Wikipedian eta Susa Literaturan agertzen da, baina informazio gehigarririk eman gabe. Gure bilaketek alferrekoak ziruditenez, berriro erabaki genuen Lurdes Auzmendi eta Patri Urkizurengana jotzea eta haiei galdetzea. Arazoa planteatu genien, baina haiek ere ezin izan ziguten esan zer jatorrizkori zegokion Agirreren ustezko itzulpena.
Dena den, ez genuen amore eman, eta Iturriko urretxindorrak itzulpenaren jatorrizkoa bilatzen jarraitu genuen, bat-batean dokumentu batekin topo egin genuen arte: Irungo 1968ko jaietako programa. Laugarren orrialdean (1. irudia), zera aipatzen da, Maria Dolores Agirreren Etzan ate joka etorri antzeztuko dela, eta baita Yerma antzezlanaren hirugarren koadroa ere, Iturriko urretxindorrak izenekoa. Egin genuen ikerketa lana kontuan hartuta, zalantzak piztu zaizkigu obra horren inguruan. Izan ere, badirudi nahi gabe errepikatuz joan den oker baten aurrean gaudela eta agian Yermaren pasarte solte bat bestetik ez dela Iturriko urretxindorrak; hori hala balitz, Maria Dolores Agirreren itzulpenak hamabi izango lirateke, eta ez hamahiru, gaur egunera arte uste izan dugun bezala.
Aurreko paragrafoan aipatu dugu jada Agirreren hurrengo itzulpena: Etzan ate joka etorri, Joaquín Calvo Sotelo espainiarrarena (1905-1993). Oso antzerkigile emankorra izan zen, eta sari ugari irabazi zituen; hain zuzen ere, jatorrizko obrak, La visita que no tocó el timbre, bi aldiz jaso zuen Premio Nacional de Teatro Benavente saria. Komedia 1949an estreinatu zen, eta bi hamarkada geroago iritsi zen Euskal Herrira, Agirreren itzulpenaren eskutik. Haren lan gehienak bezalaxe, ez da argitaratu. Koldo Mitxelena Kulturuneko katalogoan, gainera, ez dago itzulpenaren arrastorik.
1970ekoa da Agirreren hurrengo itzulpena, Beste ertza, López Rubio (1903-1996) antzerkigile espainiarrarena. 1950eko hamarkadan idatzi zituen bere antzezlan gehienak; haien artean, jatorrizko La otra orilla tragikomedia. Esan dugun moduan, Agirreren itzulpena 1970ean taularatu zen; kasu honetan, Tolosako Iparragirre antzokian. Argitaratu gabea dugu hori ere, baina Koldo Mitxelena Kulturunean dago gordeta eskuizkribua.
1971ko abenduan, Antzoki Zaharrean, euskaldun batek gaztelaniaz idatzitako antzezlan bat itzuli eta aurkeztu zuen Maria Dolores Agirrek: Iparragirre, Juan Guerrero Urreistirena (1901-1980). Guerrero konpositorea izan zen, eta, hain zuzen ere, musikarekiko zuen zaletasun horrek bultzatu zuen antzezlan musikatuak idaztera, hala nola Oro verde edo jatorrizko Iparragirre. Agirreren itzulpena bezalaxe, 1971n estreinatu zen, Donostiako Antzoki Zaharrean, ziurrenik hilabete batzuk lehenago. Agirrek itzulpena urte berean egin zuela kontuan hartuta, pentsatzekoa da biek elkar ezagutzen zutela eta Guerrero Urreistik berak pasatu ziola obraren gidoia. Koldo Mitxelena Kulturuneko katalogoan bilatu genuen argitaratu gabeko itzulpena, baina ez genuen aurkitu ez itzulpena, ez jatorrizkoaren arrastorik.
1973ko urtarrilaren 20an estreinatu zen Maria Dolores Agirrek jubilatu aurretik egindako azken itzulpena: Illumpe goritan. Buero Vallejo (1916-2000) espainiarra dugu jatorrizko autorea. Badirudi 1946an piztu zitzaiola antzerkiarekiko interesa, eta urte horretan bertan idatzi zuen En la ardiente oscuridad. Agirreren itzulpena 1973ko San Sebastian egunean antzeztu zen, baina ez da inoiz argitaratu. Bestalde, ez genuen aurkitu Koldo Mitxelenako katalogoan.
Maria Dolores Agirrek 1973an hartu zuen erretiroa, 1981era arte antzerki-lanak erabat utzi ez arren (Auzmendi, 2002: 22). Horrela, 1979an taularatu zen Agirrek egindako azken itzulpena: Pío Barojaren (1872-1956) Altzateko Jaun. Barojak batez ere eleberriak argitaratu bazituen ere, sei antzezlan idatzi zituen; haien artean, jatorrizko La leyenda de Jaun de Alzate. Aipatu bezala, 1979koa da Agirreren itzulpena, baina ez da berak bakarrik egina, Felipe Yurramendiren laguntza jaso baitzuen. Obra antzeztu ez ezik, gorago aipatu dugu 1984an Amal (1962) itzulpenarekin batera argitaratu zela. Gaur egun, Susa Literaturaren web-orrian irakur daiteke.
Itzulpen-estiloa
Iturri-agor: dokumentua lortzen eta egiletza egiaztatzen
Sarreran aipatu dugu Agirreren itzulpen-estiloa sakonago ikertu nahi genuela, eta horretarako Iturri-agor (1968) analizatu genuela gure lanean. Era berean, esan dugu argitaratu gabeko itzulpena dela, baina dokumentu mekanografiatua daukatela Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian. Hori jakinda hasi genuen kopia bat lortzeko prozesua.
Lehenik eta behin, noski, Koldo Mitxelenako Fondo Gordeen Gelarekin jarri ginen harremanetan, eta gure asmoak azaldu genizkien. Erantzuna azkar iritsi zen: bazeukaten Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren funtsetik etorritako ale bat, Yerma – García Lorca izenburupean gordeta eta itzultzailearen daturik gabe. Maria Dolores Agirreren itzulpena zelakoan, kontsultarako eskaera egin genuen, eta handik egun batzuetara iritsi zitzaigun dokumentuaren kopia digitala.
Bigarrenik, jasotako testuaren egiletza frogatu behar genuen; izan ere, euskaraz idatzita egon arren, ez zen inon ageri Maria Dolores Agirreren izena, ezta Iturri-agor izenburua ere (hori baitzen 1968ko antzezlanaren titulua). Dokumentuaren egiletza egiaztatzeko, Lurdes Auzmendi itzultzaile eta interpretearekin harremanetan jartzea erabaki genuen. Alde batetik, Agirre pertsonalki ezagutzen zuelako; hain zuzen ere, EIZIEren Itzulpen Antologia I bilduman haren itzulpen bat argitaratzeko eskaeraren bidez ezagutu zuten elkar. Bestalde, 2002an Eusko Jaurlaritzaren Bidegileak bildumarako Agirreren biografia osoa idatzi zuelako. Beraz, zalantzarik gabe, iruditu zitzaigun Maria Dolores Agirre ongi ezagutuko zuela.
Hala, Lurdes Auzmendiri bidali genion jasotako kopia digitala, esku artean genuen dokumentua Agirrek itzulitakoa zela baiezta zezan. Erantzuna berehala iritsi zen: Auzmendik argi zeukan itzulpena Agirrerena zela. Izan ere, Itzulpen Antologia I bilduman argitaratu zuten Txalupak jaberik ez (1963) itzulpenean antzekotasun asko identifikatu zituen: bai estiloa, bai euskalkia berdin erabiltzen ditu Agirrek bi dokumentuetan. Egiletza berretsita, beraz, testua aztertzeari ekin genion.
Iturri-agor: analisia
Iturri-agor xehe aztertzeko, bi analisi-eredu erabili genituen. Batetik, Jose Lambertek eta Hendrik Van Gorpek sorburu-testua eta xede-testua alderatzeko proposatutako eredua; hots, García Lorcaren Yerma eta Agirreren Iturri-agor hiru mailatan alderatu genituen: aldez aurreko datuak, maila makrotestuala eta maila mikrotestuala. Bestetik, mikro maila sakonago aztertu ahal izateko, Hurtado Albirreren itzulpen-tekniken zerrenda baliatu genuen.
Artikulu hau egindako analisiaren laburpen bat den heinean, maila makrotestualean egindako aurkikuntzetatik bat bakarrik ekarriko dugu hona, eta, ondoren, maila mikrotesualean jarriko dugu zuzenean gure arreta, horri esker lortu baikenuen Agirreren estiloa hobeki definitzea.
Pertsonaia nagusien izenen auziari buruz hitz egingo dugu. Oso interesgarria iruditu zitzaigun, bereziki izen propioak dituzten pertsonaien izenei dagokienez. Hiru alderdiri erreparatu genien: pertsonaia-izenak (hots, ezkerreko aldean nola izendatzen diren pertsonaiak), elkarrizketen barruan nola izendatzen diren, eta akotazioak (hau da, antzezlan baten gidoian parentesi artean gehitzen den informazioa).
Hasteko, istorioko protagonistaren izena bera da aipatzekoa. Agirrek, antzezlanaren izenburua egokitu arren, pertsonaia nagusiaren izena, Yerma, bere horretan mantentzea erabaki zuen. Horretarako arrazoi posible bat zera da: Agirrek izen propioa mantentzea erabaki zuen ikusleek nahiz itzulitako gidoia irakurriko zuten antzezleek pertsonaia erraz identifikatzeko. Bide horretatik, Yerma izendapena erabiltzen da, bai pertsonaia-izen gisa (Yermak obran hitza hartzen duen bakoitzean, Yerma agertzen da ezkerreko aldean, salbuespenik gabe), bai elkarrizketen barruan (24. orrialdean, hiru aldiz agertzen da Yerma izena). Akotazioetan ere izena mantentzen da.
Izen propioak dituzten beste lau pertsonaia nagusi daude obran: Joan, Yermaren senarra; Bitor eta Maria, protagonistaren lagunak, eta Dolores, herriko sorgina. Benetan bitxia iruditu zitzaigun itzulpenean zehar pertsonaia horien izenekin gertatzen dena.
Joan, esan bezala, Yermaren senarra dugu. Pertsonaia-izenari erreparatuta, obran zehar aldatzen dela ikusi dugu: lehen eta bigarren ekitaldietan (1.-24. or.), Jon agertzen da pertsonaiak hitz egiten duen bakoitzean (2. orrialdean, Yon bat identifikatu dugu); aldiz, hirugarren ekitaldian, Juan (27.-28. or.) eta Joan (34.-35. or.) izendapenak agertzen dira. Izena elkarrizketen barruan aipatzen denean, fenomeno bera gertatzen dela ikusi dugu: Jon izendapena agertzen da (1. orrialdean hiru aldiz, 5. orrialdean eta 6. orrialdean), Joan (22. orrialdean birritan) eta Juan (27. eta 28. orrialdeetan). Akotazioei begira, Jon (12., 18. eta 23. orrialdeetan) eta Juan (27. or.) ageri dira, hau da, pertsonaia-izenak aldatzen dira.
Bitor pertsonaiaren kasua antzekoa da. Nolanahi ere, pertsonaia-izen horrek aldaketa gutxiago ditu: 5. eta 6. orrialdeetan Aitor izena agertzen bada ere (Bitor bat identifikatu dugu 5. orrialdean), gerora Bitor mantentzen da itzulpen osoan zehar. Elkarrizketen barruan ere Bitor izena da nagusi (8., 15. eta 22. orrialdeak; salbuespen bakarra 5. orrialdean dago, Bittor ageri baita). Akotazioetan aurkitu dugu beste Bittor bat (5. orrialdean, hain zuzen ere); gainerakoan, Bitor izena mantentzen da (6., 11., 12., 22. eta 23. orrialdeetan).
Mariaren kasuan, pertsonaia-izena aldatuz doa ekitalditik ekitaldira: lehen ekitaldian, Maria agertzen da (3.-5. or.); bigarrenean, Miren (20.-21. or.), eta, hirugarren ekitaldian, Maria ageri zaigu berriro (29.-30. or.). Elkarrizketen barruan, era berean, bi izenak topatzen ditugu: Maria (5. or.) eta Miren (20. or.), hau da, pertsonaia-izena aldatzen da. Akotazioetan, joera bera ikusten dugu: Maria (3. eta 29. or.) eta Miren (20., 21. eta 22. or.).
Bukatzeko, Dolores pertsonaia dugu. Aurreko kasuetan bezala, pertsonaia-izena aldatu egiten da itzulpenean zehar: 25. orrialdean, Nekane izendapena agertzen da (baita 26. orrialdeko lehenengo esku-hartzean ere), eta, 26.-28. orrialdeetan Dolor (ziurrenik Dolores izenaren laburdura) izatera igarotzen da (Nolor bat identifikatu dugu 26. orrialdean; litekeena da Agirrek nahi gabe egindako akatsa izatea). Elkarrizketen barruan, behin bakarrik aipatzen da Nekane izena (10. or.), eta, akotazioetan, bai Nekane (25. or.), bai Dolores (27. or.) ageri dira.
Protagonisten izenak aztertuta, argi ikusi genuen lau pertsonaia horien izenekin gertatzen denak zerikusia zeukala aztertu genuen itzulpenaren helburuarekin: Maria Dolores Agirrek antzezleek ikasteko prestatu zuen testua, ez inon argitaratzeko. Horregatik ez dira pertsonaien izenak berdin mantentzen itzulpen osoan zehar. Bestalde, litekeena da Agirrek itzulpena egun desberdinetan egin izana; agian horregatik agertzen dira pertsonaia-izen desberdinak, eta horiek ere horrexegatik bat egiten dute akotazioetan erabiltzen diren izenekin.
Mikro mailara pasatuz, azterketa egiteko, hiru lagin aukeratu genituen: lehenengo ekitaldiko lehen agerraldia (1.-6. or.), bigarren ekitaldiko lehen agerraldia (13.-17. or.) eta hirugarren ekitaldiko bigarren agerraldia (29.-35. or.). Egin genuen aukeraketa, noski, ez zen zorizkoa izan; izan ere, hasierako, erdialdeko eta amaierako zati bana aztertuta, orokorrean itzulpen osoan zehar Agirrek zer teknika erabili zituen ikusi ahal izan genuen, eta horrela haren estiloa hobeki ezagutu.
Identifikatu genuen lehen ezaugarria oso nabaria da: Iturri-agor gipuzkeraz edo erdialdeko euskalkian idatzitako itzulpena da, eta, oro har, ez ditu betetzen egungo euskara batuaren arauak. Hala eta guztiz ere, Agirre ez zen inoiz izan euskara batu bat sortzearen aldekoa, beti defendatu baitzuen herri-euskara erabiltzea (Auzmendi, 2002: 18). Hortaz aparte, Maria Dolores Agirrek Iturri-agor itzuli zuenean, euskara batua ez zegoen guztiz arautua oraindik; izan ere, obra 1968ko urtarrilaren 20an taularatu zen, eta, ziurrenik, 1967an zehar euskaratu zuen. Beraz, oraindik urtebete baino gehiago falta zen Arantzazuko bilerarako, 1968ko urrian ospatu baitzen.
Bide horretatik, oso euskara jator eta bizian egindako itzulpena da, eta estiloa ere ezin hobeki egokitzen da testuaren generora: antzezlan tragiko baten aurrean gaude, elkarrizketez jositakoa; Maria Dolores Agirrek hori aintzat hartu, eta garai hartako ahozko euskararen ezaugarriak errespetatzen zituen itzulpen bat egin zuen, beheko adibideetan ikusiko dugun bezala.
Lehenik eta behin, aipatzekoa da Agirrek hitanoa eta zuka erabiltzen dituela bere itzulpenean. Ahozko euskararen ezaugarrietako bat izan arren, deigarria iruditu zitzaigun, bi arrazoirengatik. Alde batetik, jatorrizkoan ez delako inolako bereizkuntzarik agertzen, hau da, gaztelerazkoan, tuteoa soilik erabiltzen da. Bestalde, Agirrek pertsonaien arabera erabiltzen duelako hitanoa edo zuka; zehazki, badirudi pertsonaien arteko harremanaren, adinaren eta sexuaren arabera erabiltzen dituela bata edo bestea:
Bigarrenik, oso euskara jatorrean egindako itzulpena den aldetik, hiru laginetan etengabe topatu genituen euskarak bereak dituen esapideak, egitura linguistikoak eta baita atsotitzak ere. Argi ikusi genuen Agirrek ez zuela beldurrik izan sorburu-testutik zertxobait aldentzeko eta itzulpena zentzuaren arabera egiteko, gaztelaniatik hitzez hitz euskaratu beharrean eta itzulpen antinatural bat egin beharrean. Azken finean, nabaria da euskal ikusle arruntek arazorik gabe ulertuko zuten itzulpen bat egin nahi izan zuela Agirrek, eta, bide horretatik, askotan jotzen du testua moldatzera. Horrela, eguneroko ahozko euskaran erabiltzen diren baliokideak aurkitu genituen aztertutako hiru laginetan. Adibide interesgarrienak bildu ditugu taula honetan:
Bestalde, oro har sorburu-testuaren zentzua mantentzen den arren, ikusi genuen Maria Dolores Agirre jatorrizkotik zertxobait desbideratu zela zenbait kasutan. Euskarazko itzulpenari bizitasuna emateko, batzuetan, ikuspegi-aldaketara jo zuen itzulpenean, eta, beste batzuetan, anplifikazioak gehitu zituen. Honako adibide hauetan, argi eta garbi ikus daiteke:
Desbideratzeari begira, oso bitxia da lehen adibidean gertatzen dena: Maria Dolores Agirrek erabaki zuen punpuluak zuri-urdinak izan behar zirela. Ziurrenik, ez zuen itzulpen-aldaketa hori egin jatorrizkoa itzultzeko zailtasunak zituelako; litekeena da antzezlana taularatuko zen egunagatik moldatu izana itzulpena: 1968ko San Sebastian egunean estreinatu zen Iturri-agor. Horrenbestez, pentsatzekoa da Agirrek ospakizunengatik egin zuela aldaketa hori. Berriro ere, argi gelditzen da ez zuela beldurrik izan jatorrizkotik aldentzeko.
Itzulpenaren azterketa mikrotestuala bukatzeko, laginetan topatu genituen bitxikeria pare bat komentatu nahi ditugu. Batetik, 13. eta 14. orrialdeetan, parentesi artean sartutako azalpenak topatu genituen (13. orrialdean, neskazarrak eta ezkon aizpa terminoak ageri dira, ezkongaiak eta koñata terminoen azalpen gisa, hurrenez hurren; 14. orrialdean, ezkonaizpak ageri da berriro koñatik terminoaren azalpen gisa). Badirudi antzezleentzat espresuki idatzitako argibideak direla, Agirreren itzulpena, kasu horietan, gaztelaniazko jatorrizkotik hurbilago dagoen aldetik. Bestetik, 34. orrialdean, erdarakadatzat joko genukeen izenondo bat topatu genuen: desesperatuta. Garbi gelditzen da, beraz, Maria Dolores Agirrek ulermenari eta herri-euskaran erabiltzen ziren esamoldeei eman ziela lehentasuna testua euskaratzerakoan, horrela ikusleek nahiz antzezleek ongi uler zezaten beraren itzulpena.
Ondorioak
Sarreran aipatu dugun bezala, gradu amaierako lanean bi atal nagusi landu genituen: Agirreren itzulpen-lan guztien ikuspegi orokorra, eta Iturri-agor itzulpenaren azterketa, haren estiloa sakonago ezagutzeko. Horrenbestez, ikerketa bukatuta, Agirrek itzultzaile gisa egin zuen lanaren inguruan zenbait ondorio atera ahal izan genituen: batetik, itzulpen guztiak aztertzetik ateratako ondorio orokorrak, eta, bestetik, Iturri-agor analizatzetik ateratako ondorio espezifikoak.
Maria Dolores Agirrek antzerkirako egin zituen itzulpen guztien azaleko ikuspegi bat eman dugu artikulu honetan. Bestelako itzulpenak ere egin arren (Maritxu Urretarekin batera itzuli zuen Ilargian ere euskaraz ipuina, 1967an), egiaztatu genuen batez ere antzezlanak euskaratu zituela, eta, antzezlanen generoari begira, gehienbat dramak (Amal, Txapela bete euri, Irugarren itza, Iturri-agor, Beste ertza, Illumpe goritan) eta komediak (Oriko txoria Orin, Etzan ate joka etorri) ekarri zituela euskarara. Beraz, Urretarekin batera euskaratutako ipuina salbu, Agirrek egindako beste hamahiru –edo, agian, hamabi– itzulpenak antzezlanei dagozkie, aipatu bezala.
Horrez gain, ikusi genuen itzultzeko aukeratzen zituen autore guztiak beraren garai bertsukoak zirela: XIX. mendearen amaieran jaiotakoak (Ghéon, Tagore, Lorca eta Pío Baroja), edo, Agirreren antzera, XX. mendearen hasieran jaiotakoak (Casona, Lozano, Gazzo, Calvo Sotelo, López Rubio, Guerrero Urreisti eta Buero Vallejo). Autore ezagunak aukeratzen zituen euskaratzeko, gehienak Espainiakoak; horrela, Agirreren sorburu-hizkuntza nagusia gaztelania izan zen, eta, beraz, argi dago zuzenean egin zituela itzulpenak. Nolanahi ere, atzerriko hizkuntzetan idatzitako obrak ere euskaratu zituen: Ghéonen Lourdesko lorea frantsesez dago idatzita, Tagoreren Amal bengaleraz eta Gazzoren Txapela bete euri ingelesez. Kasu horietan, pentsatzekoa da Agirrek gaztelania erabili zuela zubi-hizkuntza gisa; izan ere, gaur egun dakigunez, euskaraz eta gaztelaniaz bakarrik hitz egiten zuen. Aukeratzen zituen itzulgaiei begira, orokorrean, nahiko obra entzutetsuak hautatu zituen, eta garai hartan aski progresistatzat jo zitezkeen gaiak itzuli zituen: drogak, heriotza, emakumearen ahalduntzea, antzutasuna… Beraz, gaiei dagokienez, esan daiteke Maria Dolores Agirre itzultzaile aurrerakoia izan zela.
Bukatzeko, antzerkirako egin zituen itzulpenak aztertzerakoan konturatu ginen obra gehienak ez daudela argitaratuta. Hiru bakarrik publikatu dira gaur egunera arte: Amal eta Altzateko Jaun 1984ko liburu bakarrean eta Txalupak jaberik ez EIZIEren 1996ko Itzulpen Antologia I bilduman. Hori ikusita, ondorioztatu genuen batez ere zegokien egunean antzezteko egin zituela Agirrek itzulpenak, eta ez inon argitaratzeko helburuarekin. Horregatik daude bakarrik aipatutako hiru itzulpenak argitaratuta eta horregatik argitaratu ziren antzezlanak estreinatu eta handik urte dezentera.
Gradu amaierako lanaren bidez, Maria Dolores Agirre itzultzaile gisa sakonago ezagutzeaz gain, Iturri-agor aztertu izanari esker haren itzulpen-estiloa hobeki ezagutzea lortu genuen. Hasteko, aipatzekoa da oso euskara jator eta bizian itzultzen duela eta etengabe erabiltzen dituela euskaraz ohikoak diren esapideak, egitura linguistikoak eta esaerak. Bestalde, herri-euskarari ematen zion garrantzia agerikoa da Iturri-agor itzulpenean, ez baitu terminologia edo egitura konplexurik erabiltzen. Alde horretatik, argi dago Agirrek itzultzen zuenean beti buruan edukitzen zituela antzezlana ikustera joango ziren euskaldunak eta, era berean, antzezlana taularatuko zuten aktoreak: haren helburua garai hartako edozein euskaldunek ulertzeko moduko itzulpenak egitea zen.
Horri lotuta, maila mikrotestualean egindako analisian ikusi dugu Agirrek ez zuela beldurrik izan sorburu-testutik zertxobait aldentzeko eta itzulpena zentzuaren arabera egiteko, gaztelerazko jatorrizkoak zioena hitzez hitz euskaratu ordez. Horrela, hainbatetan jo zuen testua moldatzera, betiere sorburu-testuaren zentzutik askorik desbideratu gabe eta euskal irakurle edo ikuslearen ulermena kontuan hartuta.
Artikuluari amaiera emateko, esan beharra dago Agirreren itzulpen bakarra aztertuta ezin dugula ondorio zehatzik eman edo ziurtasun osoz esan zer-nolako itzultzailea zen. Hala eta guztiz ere, gure gradu amaierako lanaren helburu nagusia izan zen emakume itzultzaile bat –kasu honetan, Maria Dolores Agirre– sakonago aztertzea eta hobeki ezagutzera ematea; pentsatu nahi dugu bete dugula zeregin hori.
BIBLIOGRAFIA
Auzmendi, Lurdes (2002). Maria Dolores Agirre, Bidegileak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
García Lorca, Federico (2017). Yerma. Alacant: Miguel de Cervantes Liburutegi Birtuala.
Hurtado Albir, Amparo (2001). Traducción y traductología. Madril: Cátedra.
Iturri-agor, Koldo Mitxelena Kulturuneko Fondo Gordeen Gelatik eratorritako dokumentu argitaragabea.
Lambert, José & van Gorp, Hendrik (1985). «On describing translations», in Theo Hermans (arg.) The Manipulation of Literature: Studies in Literary Translation, Beckenham: Croom Helm, 42-53.
Urkizu, Patri (2003). «Maria Dolores Agirre eta Euskal Antzertia», Egan 3-4. Donostia: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 27-54.