Itzultzaile Berriak, Euskal Herritik Quebecera
Aiora Jaka

Artikulu honek EIZIEk eta Etxepare Euskal Institutuak lankidetzan garatutako Itzultzaile Berriak programaren azken edizioko esperientziaren berri ematen du. Quebeceko bi itzultzaile, Yannick Bédard eta Michel Usereau, Garazi Arrularen, Uxue Alberdiren eta Harkaitz Canoren ipuin bana frantsesera itzultzen aritu dira. Artikulu honetan, itzultzaileek izandako zenbait arazo jorratu (generoa, heterolinguismoa, politika, Quebeceko frantsesa...), eta egindako gogoetak eta topatutako irtenbideak erakusten dira.

Sarrera

Ez da berria EIZIEren Itzultzaile Berriak programa. 2016an sortu zen ekimena, Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, eta atzerriko zenbait itzultzailek euskal literatura nork bere hizkuntzara itzultzen jardun zuten orduan. Azken edizio honetan, euskal literatura Quebecera eraman nahi izan da, hango bi itzultzaile hemengo zenbait ipuin frantsesera itzultzen jarrita, mentoretza baten bitartez. EIZIEk proiektuko mentore-lanetan aritzeko eskatu zidan, itzultzaileei beren lanean laguntzen, Quebecen hainbat urtean bizi izan naizenez hango egoera linguistiko-kulturala ondo ezagutzen nuelakoan. Gustura onartu nuen eskaintza. Itzultzaileak hautatzeko deialdia egin zuen Etxepare Euskal Institutuak, eta Michel Usereau eta Yannick Bédard quebectarrei eman zitzaien euskarazko sei ipuin hauek frantseseratzeko enkargua:

Michel Usereau:

- Garazi Arrularen «Abian» (Gu orduko hauek, Txalaparta, 2017)
- Harkaitz Canoren «Arrokarik altuena» (Beti oporretan, Susa, 2015)
- Uxue Alberdiren «Oreina» (Euli-giro, Susa, 2013)

Yannick Bédard:

- Garazi Arrularen «Ederra eta piztia» (Gu orduko hauek, Txalaparta, 2017)
- Harkaitz Canoren «Safaria» (Beti oporretan, Susa, 2015)
- Uxue Alberdiren «Ezertan lagun diezazuket?» (Euli-giro, Susa, 2013)

Lanean hasi aurretik harrapatu gintuen, ordea, COVID-19aren pandemiak, eta proiektua urtebetez atzeratzea erabaki genuen, proiektuaren amaieran itzultzaileek Euskal Herrian egonaldi bat eta jendaurreko aurkezpen bat egingo zutela jasotzen baitzuen deialdiak, eta une hartan ezin genuen bermatu halako joan-etorririk posible izango ote zen.

2021eko uztailean berrekin genion programaren ardatzetako bati, hau da, itzulpenak idazleekin batera lantzeko saioak prestatzeari. Hiru lan-saio finkatu genituen, itzultzaileek, ipuinen autoreekin egon, eta zalantzak argitu zitzaten. Irailean, Garazi Arrula ekarri genuen EIZIEra, eta Yannick Bédardek, ordurako Euskal Herrian bizi baitzen, zuzenean egin ahal izan zizkion itzulpenean sortu zitzaizkion galderak. Michel Usereauk bideokonferentziaz hartu zuen parte lan-saioan, Quebecetik konektatuta. EIZIEko Arantzazu Royo eta nerau ere izan ginen, lan-saioa bideratzeko eta zalantzak argitzen laguntzeko. Urrian, gauza bera egin genuen Harkaitz Cano EIZIEra ekarrita, eta, abenduan, azkenik, Uxue Alberdi gonbidatu genuen.

Hiru lan-saioak biziki lagungarriak eta emankorrak suertatu ziren, itzultzaileek zuzenean galdetu baitzizkieten ipuinen egileei itzulpenean sorturiko zalantza linguistikoak eta bestelako xehetasun eta ñabardurak. Itzultzaileentzat ez ezik, autoreentzat berentzat ere interesgarriak izan ziren oso lan-saioak, idaztean izan ez zituzten zenbait zalantza sorrarazi baitzizkien beren testuen frantseserako itzulpenak (euskarazko genero-bereizketarik ezak testu bat frantseseratzean sortzen duen aukeratu beharra, adibidez, gero xeheago azalduko dugun moduan).

Autoreekin egindako lan-saio haien ondoren, itzultzaileek lanean jarraitu zuten, harik eta 2022ko martxoan beren lanaren emaitzak Gutun Zuria jaialdian aurkeztu zituzten arte, Bilbon. Xabier Payák gidatuta, Yannick Bédardek (bertatik zuzenean) eta Michel Usereauk (bideokonferentziaz) beren esperientziaren berri eman zuten, eta Garazi Arrula eta Uxue Alberdi ere bertan izan ziren, proiektuan parte hartzeak irakatsi ziena kontatzen. Idazle eta itzultzaile bakoitzak bere testuen lagin bana irakurri zuen jendaurrean.

Hurrengo orrialdeetan, sei ipuinen itzulpenean itzultzaileek (eta batzuetan baita autoreek ere) izan zituzten zalantza edo zailtasun nagusien adibide batzuk eskainiko ditugu, arazo bakoitzari zer irtenbide eman zieten erakusteko.

Aditz-denborak

Lehenengo saioan atera zen lehenengo zalantzetako bat aditz-denborena izan zen. Bitxia izan zen kontua, quebectarrek eta euskaldunok ez baikenuen iritzi bera, hasiera batean behintzat. Arrularen ipuinak ari ginen aztertzen, eta Usereauk galdetu zuen ea «Abian» ipuina, jatorrizkoan orainaldi burutuan kontatzen dena, iraganeko passé simple denboran itzul ote zezakeen. Bédardi zalantza bera sortu zitzaion Canoren «Safaria» ipuinarekin, hura ere orainaldian kontatzen baita jatorrizkoan, baina frantsesera itzultzean passé simple delakoa erabiltzeko tentazioa zuen. Eztabaidan aritu ginen pixka batean: quebectarrek argudiatzen zuten literaturak denbora hori eskatzen duela frantsesez. Ahozkoan eguneroko hizkeran batere erabiltzen ez den aditz-denbora «zaharkitu» hori hain zuzen ere literaturako narrazioetarako dela egokia. Euskaldunoi harrigarria egiten zitzaigun literatura guztia nahitaez iraganean idatzi behar hori, eta bateko eta besteko adibideak bilatzen aritu ginen. Passé composé denbora erabiltzea zen beste aukera bat, euskarazko orainaldi burutuaren baliokidea litzatekeena baina frantsesez iragan urruneko gertaerak kontatzeko ere erabiltzen dena. Azkenean, itzultzaile bakoitzak bere hautua egin zuen, aurretik zenbait saiakera egin ondoren: Usereauk iraganera pasatu zuen Arrulak orainaldian kontatzen duen ipuina, eta Bédardek, berriz, orainaldi burutugabean jarri zuen Canorena:

jaka_1_taula.jpg

jaka_2_taula.jpg

Gainerako ipuinak lehenaldi burutuan kontatuta daude, eta horien itzulpenean ere ez zuten hautu bera egin bi itzultzaileek: Usereauk passé composé denbora erabili zuen Canoren eta Alberdiren ipuinak itzultzeko; baita Bédardek ere Arrularena itzultzeko. Alberdiren ipuina, ordea, passé simple erabiliz itzuli zuen:

jaka_3_taula.jpg

jaka_4_taula.jpg

Generoa

Generoak askotan sortzen ditu arazoak euskaratik beste hizkuntza batzuetara itzultzean. Euskaraz frantsesez baino genero-marka askoz ere gutxiago daudenez, euskaraz zehaztu gabe datorrena banaketa binario baten arabera bereiztera behartzen du frantsesak. «Abian» ipuinean, Arrulak berariaz jolasten du genero-markarik ezak sor dezakeen anbiguotasunarekin. Ipuineko protagonista den gizonezkoa posta elektronikoz baizik ezagutzen ez duen pertsona batekin elkartzera doa Tarragonara. Trenean doan bitartean, Alex izeneko pertsona horren generoaren inguruan hausnartzen hasten da: hasiera batean, gizonezkoa dela pentsatzen du, baina, gero, Alexandraren txikigarria ere izan litekeela bururatzen zaio, eta genero-markaren baten bila hasten da mezu-trukean. Alferrik, ordea. Ez dago modurik ezagutzera doan pertsona hori emakumea ala gizonezkoa den jakiteko, hasieran behintzat. Euskaraz, ez dago arazorik, inolako genero-markarik erabili gabe hitz egin baitaiteke Alexi buruz. Frantsesez, ordea, subjektua beti jarri beharrak eta generoa izen, adjektibo eta aditzetan zehaztu beharrak hautu bat egitera behartzen du itzultzailea. Hasieran hain korapilatsua zirudien auzia, ordea, nahiko erraz konpondu zuen Usereauk, frantsesezko ce erakusle generorik gabea erabiliz batzuetan, artikulu mugatzailea isilduz beste kasuren batean (arduraduna – responsable)… Frantsesez normalean generoaren arabera bereizten diren adjektibo posesiboen kasuan ere, zortea izan zuen Usereauk, pertsonaiaren izena bokal batez hasteak (Alex) son determinatzaile maskulinoa erabiltzera behartzen baitu (sa femeninoa behar luke berez, baina, bokalez hasten diren izenen kasuan, son erabili behar da: sa maison baina son épouse, biak femeninoak). Antzeko zortea izan zuen zehar-objektua izendatzeko izenordainarekin. Objektu zuzenaren kasuan bereizketa egiten den arren (le maskulinoan, la femeninoan), zehar-objektuaren kasuan izenordain berbera erabiltzen da beti (lui). Hurrengo pasartean, generoa zehaztu gabe mantentzea lortu zuen itzultzaileak, azken esaldiko elle horretara arte. Ordurako, ordea, protagonistaren buruan emakume-forma hartua du Alexek, eta ez da hain garrantzitsua anbiguotasunari eustea:

jaka_5_taula.jpg

Aldiz, protagonistaren beraren generoa, zeina euskaraz ez baita adierazten orrialde batzuk pasatuta hika erabiltzen den arte, frantsesezko bertsioan hasieratik ageri da zehaztuta. Autoreak aitortu zigunez, protagonistaren generoa zehaztu gabe uztea ez zen hautu kontzientea izan: «Idatzi nuenean, nire buruan oso argi zegoen gizona zela […], baina oharkabean ez da hori agertzen 4. orrialdera arte». Gerora, irakurle batzuek aipatu izan omen diote hasiera batean emakumea zela pentsatu zutela, «identifikazio kontu batengatik, edo beste ipuinetan emakumeak direlako protagonistak…». Horretaz ohartzean, frantsesez zehaztugabetasun hori mantentzeko modurik ba ote zegoen galdetu zion Usereauri, testuak euskaraz sortzen duen anbiguotasunari euste aldera. Baina frantsesez subjektua aldiro zehazteko derrigortasunak ez zuen aukera natural handirik uzten, eta, beraz, euskaraz genero-markarik gabe ageri den pertsonaia gizon moduan aurkezten da hasiera-hasieratik, lehenengo adibidean edo beste honetan ikus daitekeen bezala:

jaka_6_taula.jpg

Heterolinguismoa

Itzulitako ipuin guztietan ez, baina, gehienetan, euskara ez beste hizkuntza batean agertzen dira zenbait hitz. Halakoak beste hizkuntza batera nola itzuli erabakitzea ez da beti samurra izaten, xede-irakurleak ezagutzen edo ulertzen dituen hizkuntzengatik batzuetan, jatorrizko testuan ageri diren hitz arrotzak xede-testuaren hizkuntza berekoak direlako besteetan, edota bestelako arrazoiengatik. Ipuin hauetan, sortu diren arazoak eta itzultzaileek aurkitu dituzten irtenbideak ez dira beti berak izan.

Usereauk jatorrizkotik ahalik eta hurbilen geratzea hobetsi zuen, beharrezkoa zenetan oin-oharrak erabilita edo testuan bertan azalpenen bat gehituta. Adibidez:

jaka_7-8_taula.jpg

jaka_9-10_taula.jpg

Bédardek ere, kasuren batean, mantendu zuen jatorrizko gaztelania (esate baterako, «Gracias por venir musuzapi bat» = «une serviette de table arborant un Gracias por venir», inolako oin-oharrik gabe), baina, oro har, xede-hizkuntzara moldatzeko joera nabarmenagoa izan zuen, inoiz oin-oharrik erabili gabe. Kasurik deigarriena, beharbada, Canoren «Safaria» ipuinean agertzen diren ingelesezko esapideena da. Ipuin horretan, zenbait euskaldun Namibiako parke nazional batera doaz, ehizara, gidari namibiar batzuek lagunduta. Namibiarrek beren hizkuntza darabilte, eta euskaldunek euskara, baina ingelesa da elkarrekin komunikatzeko balio dien hizkuntza. Ez batzuek ez besteek ez dute guztiz menperatzen, eta euskaldunek txisteak egiten dituzte namibiarrek ingelesez egiten dituzten akatsetatik abiatuta. Itzulpenean, ingelesezko esanak bere horretan utz zitzakeen Bédardek, baina, ingelesak munduan duen nagusitasunari aurre egiteko edo, frantsesera ekarri zituen, istorioa Afrikako kolonia ohi frantses batean kokatuz. Bai afrikarren ingeles kaskarrean ageri diren esaldiak, bai euskaldunek euskaraz egiten dituzten txiste eta hitz-jokoak, guztiak ekarri zituen frantsesera Bédardek:

jaka_11_taula.jpg

Pasarte horretan, gutxi, asko, gehiegi, gertu eta halakoekin jokatzen den bezala, frantsesez ere antzeko hitz-jokoak egin zituen Bédardek peu, gros, trop, rapprocher eta abarrekin.

jaka_12_taula.jpg

Beste adibide horrek azalpen gehiago merezi luke beharbada. Bédardek chair izenaren («haragia») eta cher («garestia») adjektiboaren arteko hitz-jokoa egin zuen (berdin ahoskatzen dira biak). Horrela, lehenengo hitz-jokoak honelako zerbait esan nahi luke: «Haragia, izen femeninoa, eskuratzea kostatzen den okela». Hurrengoek, berriz, honelako zerbait: «garestiegia (baina cher hitza erabili beharrean chair erabiliz) ona izateko»; «onegia haragia (edo «garestia», nola interpretatzen den) izateko». Pasarte horretako azken esaldiak Quebeceko hizkerari egiten dio erreferentzia:

Viandasse hitza viande («haragia») hitz estandarraren sinonimo gutxiesgarria da. Ti-Jean, berriz, folklore kanadar-frantseseko pertsonaia ospetsu bat da, ipuin quebectar, akadiar, ontariar eta ternuar askotan agertzen dena. Quebeceko ahozko kulturan, ezaguna da Ti-Jean pas chérant delakoa, gauzak oso garesti saltzen ez dituen (pas cher) merkataria. Erreferentzia kultural horien guztien nahasketa bat egin zuen Bédardek Canok haragi eta okelarekin egin dituen hitz-jokoak frantsesera ekartzeko.

Politika

Euskal Herriko egoera soziopolitikoarekin lotutako pasarteak ugariak dira ipuinetako batzuetan, eta nahiko lan eman zieten bi itzultzaileei, bereziki Arrularen bi ipuinetan iradokitzen diren baina esplizituki zehazten ez diren gertaera batzuk itzultzeko.

«Ederra eta piztia» ipuinean, adibidez, istorio nagusia herri-harresi baten testuinguruan kokatzen da. Herri-harresi hitza inoiz erabiltzen ez bada ere, pertsonaien jokabide eta iruzkinek argi uzten dute horrelako erresistentzia-ekintza bat ari direla prestatzen: bilerak aipatzen dira, zelatak eta jarraipenak, kontzentrazioak, asanbladak, Loiolako harresia, azken gaua pasatzeko leku baten beharra, segurtasun-neurriak, gazte-mugimenduaren kontrako epaia, polizia-operazioa, atxiloketak. Euskal irakurlea pixkanaka joaten da ulertzen zein den istorio nagusia bilbatzen den agertoki politikoa, baina irakurle quebectarra guztiz galduta gera daiteke erreferentzia politiko horien guztien aurrean. Itzulpena egiteko, beraz, Bédardek beharrezkoak izan zituen mentorearen eta autorearen beraren azalpenak. Behin testua ulertuta, frantsesera nola itzuli erabaki behar zen: testuan bertan informazio gehigarria emanez? Oin-oharrak txertatuz? Erreferentzia politiko horiek bere horretan utziz? Gogoeta eta eztabaida luzeen ondotik, testua ahalik eta gutxien eraldatzea erabaki zuen Bédardek, irakurlearen esku utziz testua ulertzeko lagungarri edo are ezinbesteko gerta zitekeen informazioaren bilaketa-lanak. Adibide gisa, hona hemen herri-harresiaren inguruko pasarte bat eta Bédarden itzulpena:

jaka_13_taula.jpg

Ipuin bereko beste pasarte honetan ere, oin-oharra jartzeko beharra planteatu zen, Euskal Herriko gazte-mugimendua hurbil samarretik ezagutu ez dutenentzat ez baita hain agerikoa zergatik aztertzen dituen gazte batek taberna ezezagun bateko bezeroen belarri atzeak eta gerri-bueltak. Kasu honetan, protagonista gazteak badaki polizia atzetik dabilkiola, eta, prestatzen ari diren herri-harresiari buruz hitz egiteko, inoiz egon ez den taberna batean elkartu da lagun batekin. Tabernara sartzean, ziurtatu nahi du bezeroen artean ez dagoela bera zelatatzen duen poliziarik, eta inork entzungailurik edo armarik ez duela ziurtatu nahi du lehenbailehen. Kasu honetan ere, eztabaida batzuen ondoren, inolako oin-oharrik ez jartzea erabaki zen:

jaka_14_taula.jpg

Nolanahi ere, mahai gainean geratu zen inoiz ipuina argitaratu edo aurkeztu behar izanez gero hitzaurre edo ohar orokor bat eransteko aukera, testuinguru politikoaren inguruko zertzelada nagusiak emateko.

Arrularen «Abian» ipuinak ere antzeko buruhausteak sortu zizkion Usereauri itzulpenean, ipuin hori ere erreferentzia politiko oso zehatzez beteta baitago (nahiz eta, beste behin ere, istorio nagusia kokatzeko atze-oihal baino ez den egoera politikoa). Pertsonaia nagusia, Sortuko kidea, Tarragonara doa trenez, Podemoseko kide batekin elkartzera, hauteskunde-kanpaina prestatzen ari direla eta. Trenean, askotariko gogoetak egiten ditu protagonistak, politikaz, filosofiaz, giza harremanez… Politikari dagokionez, oso erreferentzia zehatzak aipatzen dira batzuetan (Sortu, Podemos, CUP, Iglesias…), baina haien inguruko informazioa jakintzat jotzen da. Testua frantseseratzean, Usereauk gutxieneko oin-ohar batzuk sartzeko beharra ikusi zuen. Adibidez:

  • Sortu: Parti politique basque, de la gauche nationaliste, dont fait partie le personnage principal.
  • Podemos: Parti politique espagnol de gauche qui, au moment où cette nouvelle a été écrite, gagnait de plus en plus de partisans, se présentant comme une alternative à la gauche traditionnelle (PSOE).
  • Iglesias: Secrétaire général de Podemos.
  • CUP: Candidatura d’Unitat Popular, parti politique indépendantiste catalan, entre la gauche et l’extrême gauche.

Beste kasu batzuetan, Usereauk testuan bertan esplizitatu zuen jatorrizkoan modu inplizituan iradokitzen zena. Pasarte honetan, adibidez, erakundea aipatzen den tokian, Usereauk ETA idatzi zuen zuzenean:

jaka_15_taula.jpg

Beste honetan ere, Euskal Herrikoa ez den batek nekez ulertuko du zer esan nahi duen beren Tuterara horrek. Oin-oharra jartzen hasi beharrean, parafrasi txiki bat gehituta erraztu nahi izan zuen Usereauk frantsesezko itzulpenaren ulermena:

jaka_16_taula.jpg

Antzeko zerbait gertatu da beste adibide honetan beretarrek hitzarekin:

jaka_17_taula.jpg

Erreferentzia kulturalak

Aurrekoarekin lotuta, sorburu-kulturarekin edo -gizartearekin lotutako erreferentziak ere buruhauste-iturri izan ziren bi itzultzaileentzat. Janzkera batek, ohitura batek edo taberna-estilo batek gauza asko iradoki ditzake kultura bateko kideentzat, baina beste kultura bateko hartzaileen buruetan ez dituzte nahitaez asoziazio berberak sorrarazten. Itzultzaile eta autoreen artean eginiko bileretan, denbora puska bat eman genuen halako erreferentzia kulturalen atzeko esanahi ezkutuak argitzen, baita Interneten argazkiak bilatzen ere. Hona hemen adibide bat:

jaka_18_taula.jpg

Pasarte horretan, ezker abertzalearen inguruan ibiltzen diren bi neskaren arteko topaketa kontatzen da. Antolatzen ari diren herri-harresiaren inguruko kontuez aritu behar dute, eta, poliziaren zelataren beldur direnez, ez dira ohiko leku batean elkartu, normalean joaten ez diren taberna batean baizik. Testuan esaten da bi lagunen janzkera (ezker abertzaleko nesken estilokoa) deigarri gertatzen dela beste estilo bateko jendea ibili ohi den taberna horretan. Itzultzaileak, kasu honetan, ez zuen inolako informaziorik erantsi, baina, beste kasu batzuetan gertatu den bezala, zintzilik gelditu zen aurreragoko argitalpenen batean oharren bat egiteko aukera.

Frantses estandarra vs Quebeceko frantsesa

Beste eztabaida bat, bi itzultzaileen ahotan hasiera-hasieratik azaleratu zena, xede-hizkeraren ingurukoa izan zen. Argi zegoen ipuinak frantsesera itzuli behar zirela, eta, erregistro neutro edo jaso samarreko pasarteetan, horrek ez zuen oztopo handirik sortzen. Haatik, erregistro apalagoko zatietan, lagunarteko hizkera eskatzen zuten elkarrizketetan bereziki, berehala sortu zen erabili beharreko aldaeraren inguruko zalantza. Nongo lagunarteko hizkera erabili? Quebecekoa? Frantziakoa? Ahalik eta estandarrena? Honela laburbildu zuen Usereauk gai honi buruzko gogoeta Gutun Zuria jaialdiko aurkezpenean:

Esango nuke eguneroko bizitzako egoera ez-formal batean hitz egiten dugunean frantsesa desberdin samarra dela Quebecen. Zenbat eta formalagoa, orduan eta berdinagoa. Baina ez da sekula berdin-berdina. […]. Testu honetan Quebeceko itzultzaileak aukeratu direnez, pentsatu dut interesgarria litzatekeela aukera hori agertuko balitz testuetan. Noizean behin erabili dut Frantzian erabiliko ez luketen egitura bat. Noizean behin erabili dut, Yannickek esan bezala, gauza bat euskaraz agertzen dena baina frantsesez agertzen ez dena. Adibidez, testu batean hika erabiltzen denean, nik oso eguneroko egitura bat erabili dut, hurbiltasuna beste modu batean erakusteko, frantsesez ez dugulako hitanoaren antzeko ezer. Hori interesgarria izan da niretzat, baina zaila ere bai. […] Adibidez, «bla-bla-bla … arte» frantses idatzian jusqu’à ce que esaten dugu, baina ahozkoan jusqu’à tant que esaten dugu Quebecen. Testu honetan hori erabili dut, eta irakurtzean badakigu hortik datorrela itzulpena.

Hona hemen hikako pasarte bat nola itzuli duen Usereauk frantsesera. «Abian» ipuinean, protagonistak gogora ekartzen du nolako gau txarra pasatu duen, eta esaten du emazteak ere nabaritu duela zein urduri zegoen. Hika erabiltzen du emazteak hasperen bidez zer esan nahi izan dion adierazteko, eta Usereauk, beraz, Quebeceko ahozkoan oso ohikoa den egitura bat (si t’es pour + inf.) erabili zuen hika datorren esaldi horri lagunarteko kutsua eransteko (estandarragoa litzatekeen si tu vas + inf. egitura erabili beharrean):

jaka_19_taula.jpg

Quebeceko hizkera kolokialean erabiltzen den beste espresio bat dakarkigu hurrengo adibideak:

jaka_20_taula.jpg

Pantoute hitza pas en tout esamoldearen kontrakziotik sortua da. Frantses estandarreko pas du tout («ezer ere ez, inola ere ez») espresioaren baliokidea da, Quebecen oso erabilia lagunarteko testuinguruan. Usereauk euskarazko kaka horrek daukan kutsu kolokiala iradokitzeko erabili du kasu honetan.

«Arrokarik altuena» ipuinean ere, Bédardek Quebeceko lagunarteko hizkera erabili zuen pertsonaien arteko elkarrizketetan:

jaka_21_taula.jpg

Bum hitza ingelesetik hartua da («alproja» edo «alferra» esan nahi du), baina oso erabilia da Quebeceko frantses kolokialean.

jaka_22_taula.jpg

Mutiko batek neskatila bati esaten diona jasotzen du pasarte horrek. Euskarazko bertsioan, nahiko hizkera estandarra erabiltzen da, baina Usereauk kutsu kolokialagoa eman nahi izan zion bere itzulpenean. Horren adibide dira, batetik, apostrofo bidezko kontrakzioak (t’as, t’es, t’aies, estandarreko tu as, tu es eta tu aies-en ordez); bestetik, quebecismotzat jotzen diren bi egitura hauek: asteur (à cette heure-en kontrakzioz sortua; «orain» esan nahi du) eta y’a-tu quelqu’un (y a-t-il quelqu’un estandarraren ordez; «ba al da norbait [esan dizuna]»).

Ondorioak

«Itzultzaile Berriak» izenburua ondo hautatua da proiektu hau izendatzeko. Izan ere, esan genezake bi itzultzaile berri sortu direla urtebetetik gora iraun duen prozesu honetan. Yannick Bédard itzultzailea zen lehendik ere, baina inoiz ez zen aritu euskaratik frantsesera itzultzen, are gutxiago literatura. Proiektuak euskaran eta euskal literaturan sakontzeko aukera eman dio: «Euskaraz gutxi irakurri dut […], literatura gutxi irakurri dut, eta proiektuan aukera nuen hori deskubritzeko, eta, harremana izatean idazleekin, banekien asko ikasiko nuela testuei buruz eta hizkuntzari buruz». Michel Usereau, berriz, ez zen inoiz itzulpengintzan aritu. Hauxe izan du, beraz, lehenengo esperientzia: «Nik hizkuntzalaritza ikasi dut; beraz, ez nuen sekula itzulpenik egin nire bizitzan. Euskararekiko harremana aspaldikoa da, baina ez dut aukerarik euskaraz hitz egiteko. […] Liburu batzuk irakurriak nituen, baina testu batean sartzea horrela, desafio bat zen, erronka handi bat, eta bai, interesa neukan».

Dena den, aitortu behar dut itzulpenerako hautatu genituen testuak uste baino zailagoak gertatu direla, bereziki Garazi Arrularen bi testuak, erreferentzia politiko eta kulturalez josiak. Gainera, ipuin horietan erabiltzen den estiloak (denboran zeharreko atzera-aurrerak, esanahi inplizituak, elipsiak, sektore jakin baten hizkerako hitzak…) are gehiago zaildu du testuen ulermena, eta beharrezkoa izan da testuan berariaz agertzen ez ziren baina istorioa ulertzeko ezinbestekoak ziren zenbait egoera itzultzaileei azaltzea. Kontuan hartu behar da, halaber, itzultzaileen euskara maila mugatua zela, eta testuen ulermenak ahalegin handia eskatu diela. Usereauk aitortu zigun ez zituela ipuinak irakurri itzultzen hasi baino lehen, testuak ulertzeko itzulpena behar baitzuen. Hortaz, itzuli ahala joan zen testuak irakurtzen eta ulertzen. Lan neketsua izan da, beraz, baina baita ederra ere, eta beren euskara maila hobetzen lagundu die bi itzultzaileei.

Autoreek ere gozatu zuten itzultzaileekin izandako saioetan. «Literatura eta hizkuntzaren tripak gustatzen bazaizkizu, ez dago ezezkorako motiborik», aitortu zigun Uxue Alberdik. Garazi Arrulari ere oso erakargarria egin zitzaion «norberak idatzitako zerbait xehe-xehe aztertzea». Askotan, idaztean bururatu ez zitzaizkien dilema edo zalantzak azaleratu zituen itzulpenak, eta oso interesgarria izan zen beren ahotsak beste hizkuntza batean nolako efektuak eragiten zituen ikustea.

Azkenik, ukaezina da halako proiektu batek euskal literaturari egiten dion ekarpena, baita Euskal Herriko eta Quebeceko literaturen artean eraiki duen zubia ere. Euskal literatura beste hizkuntza batzuetan irakurtzeko aukera gero eta zabalagoa den arren, euskaratik frantsesera itzulitako testuen corpusa nahiko murritza da oraindik, eta lagin hauek beste hondar ale bat izan nahi dute norabide horretan. Bejondeiela!