Itzultzaile automatiko neuronala EAEko Administrazioan
Itzultzaile automatiko neuronala euskarara ere iritsi da, eta hasi da itzulpengintzaren orain arteko dinamika eraldatzen. Abagune ederra izan liteke hizkuntza ofizialen arteko oreka bultzatzeko eta gizarteari protagonismoa emateko. Administrazioaren jardunean ere ondo aztertu behar da zer leku izan behar duen itzulpengintzak aurrera begira, eta, itzulpengintzaren barruan, zer leku izango duten gizakiak eta tresna automatikoak.
Senez aldizkarian itzultzaile automatiko neuronalari buruz artikulu bat idazteko gonbita egin zidatenean, baiezkoa eman nuen, abagune interesgarria iruditu zitzaidalako Itzultzaile Zerbitzu Ofizialaren esperientziaren berri emateko. Elkarrizketa modura antolatu dut esan beharrekoa, testua arinagoa izan dadin. Espero dut gure esperientzia baten batentzat lagungarri izatea, batez ere Euskal Herriko administrazioetan diharduten itzultzaile eta hizkuntza-normalizazioko langileentzat (udal, foru-aldundi, Nafarroako erakundeetan… ). Iparraldeko administrazioa ez dut ongi ezagutzen; agian, hemengo esperientzia lagungarri zaie, nahiz hizkuntza-parea euskara- frantsesa izan. Ni ez naiz adimen artifizialean aditua, eta, beraz, ezin dut itzultzaile automatiko neuronalari buruzko txosten teknikorik egin; apaltasun osoz, urte eta erdiko esperientzia labur honek eman digun ikuspegia eta hortik datorren hausnarketa kontatu dezaket, administrazioetan egoera berria antolatzeko orduan norbaitentzat lagungarri izan litekeelakoan.
Noiz hasi zen itzultzaile automatiko neuronala erabiltzen EAEko Administrazioan?
Esan behar da EAEko Administrazioan aurrekariak badaudela aspaldidanik, Lucy izeneko itzultzaile automatikoa erabilgarri izan delako oraintsura arte, baina itzultzaile horrek artean adimen artifiziala erantsi gabe zuen, eta ahalmen mugatuagoa zuen. Itzultzaile automatiko horretaz aparte, 2019an, Elhuyar hasi zen itzultzaile automatiko neuronalaren zerbitzua eskaintzen Eusko Jaurlaritzako sail batzuetan. Garai bertsuan, Eusko Jaurlaritzak ere urratsak egin zituen adimen artifiziala baliatzeko; hala, eskuragarri zituen corpusak bildu, itzulpen-tresna informatiko berri horri irakatsi, eta, proba batzuk egin ondoren, martxan jarri zen, 2019aren bukaera aldera. Itzulpen-tresna elikatzeko, iturri, testu, dokumentu eta corpus asko erabili ziren, eta hortik sortu zen ITZULI Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile neuronal orokorra, zeina Interneten erabilgarri baitago herritar guztientzat. Itzultzaile neuronal horrekin batera, beste bat ere jarri zen abian, Administrazioko testugintzari lotuagoa: itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboa. Haren ezaugarria zein den? Oinarrian, IZOk azken hogei urteotan itzulpen-memorietan euskaraz eta gaztelaniaz bildutako segmentu elebidunak darabiltza nagusiki tresna horrek; besteak beste, EHAAn argitaratutako testuak; hamar milioi segmentu elebidun, gutxi gorabehera. Itzultzaile automatiko neuronal hori, orain arte, Administrazio barneko zerbitzari baten bidez bakarrik erabil zitekeen, eta, beraz, EAEko administrazioetako funtzionarioei bakarrik eskaintzen zitzaien, EAEko udaletan, foru-aldundietan, Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan eta abarretan erabil zezaten. Nafarroako Gobernuak ere izan du sarbidea. Hemendik aurrera, ordea, gizarteko zenbait elkargok eta erakundek hala eskatuta, zabalean eskainiko da herritar guztientzat, Interneten. Jakina denez, badira erabilgarri beste itzultzaile automatiko neuronal batzuk ere; besteak beste, Batua, EiTBrena, eta Elhuyarren Itzultzaile automatikoa (Elia). Guztien motorra adimen artifiziala da, eta adimen horri erakusteko corpusak, batez ere, corpus elebidunak, IZOren kasuan, euskarazkoak eta gaztelaniazkoak.
IZOn itzulpen-lanetarako erabiltzen dituzuen itzulpen-memoriak izan dira, beraz, IVAPen itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboaren funtsezko berezitasuna?
Gure lan guztietan, itzulpen-memoriak dira abiaburu, eta, unean uneko komunikazio-xedeaz gain, itzulpen-memoriak dira azken helburu. Memorietan hasten da eta hor bukatzen da itzulpengintzaren zikloa. Datu-base elebidunetan egiten dugun jakintza-metaketa da hazteko bide bakarra, gure hizkuntza-eraikuntzaren oinarri. Itzulpen-memorietan dago batuta eta metatuta urte askotako jakintza, eta egiten dugun esfortzu guztia hor geratzen da bilduta, egunez egun. Testu landuak, hurrengoetan gainontzekoentzat erabilgarri izan daitezkeenak gordetzea izan da (eta da) gure bilakaeraren giltza. Itzulpengintzaren eboluziorik handiena horretan oinarrituta egin da. Hazten hasi ginen, eguneroko lanari balioa erantsita, egindako lana memorietan gordetzen hasi ginenean. Beraz, gaur egun pentsaezina da egindako itzulpen-lan bat etorkizunerako inbertsio modura ez ikustea. Itzultzen dugun testu bakoitzak, gutxienez, bi helburu hauek ditu: bata, bete behar duen komunikazio-funtzioa betetzea (zerbait jakinarazi, legea argitaratu…), eta bestea, nire ustez bestea bezain inportantea, betiko gordeta geratzea hortik aurrera abiapuntu gisa erabil dezaten. Gainera, erabiliaren erabiliaz, memoriak hobetzen eta ontzen dira itzultzaileen eguneroko lanari esker. Esaldi eta paragraforik erabilienak behin eta berriz igarotzen dira itzultzaileen eskuetatik, esamoldeak finkatzeko, hobetzeko eta eguneratzeko lan etengabean. Mila hitzetik gorako dokumentuetan, batez beste, IZOn itzuli beharreko testuaren herena agertzen da eginda, neurri batean edo bestean. Milatik beherakoetan, kopuru hori askoz ere handiagoa da, eta are handiagoa EHAArako diren testu laburretan.
Memorietatik zuzenean jasotzen dugun jakintzarekin batera, itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboak eskaintzen dion laguntza ere har dezake itzultzaileak, hala erabakiz gero. Baina itzultzailea (gizakia) da tresna hori kudeatzen duena, eta ez alderantziz. Itzultzaileak erabakiko du itzulpen-tresna automatikoa erabiliko duen ala ez, eta, erabiltzekotan, noiz, non eta zertarako erabiliko duen. IZOk itzulpen-prozedura egokitu behar izan du, eta itzulpen-tresna automatikoak ere badu tokia gaur egun itzulpengintzan.
Nola uztartzen duzue memorien protagonismo hori itzulpen-tresna automatikoaren laguntzarekin? Zer aldatu behar izan duzue egoera berrietara egokitzeko?
Ohiko lan-prozedurak moldatu behar izan ditugu, baina, orain arte bezala, itzulpen-memoriak dira beti itzulpen-proiektu guztien abiapuntu: testua itzulita dago lehendik? Zer dago itzulita? Noiz itzuli zen? Nork itzuli zuen? OLI tresnen bidez memoriak erabilita, proiektuak emango digu informazio guztia. Esaldia % 100 berdina ez bada, esango digu zenbateko kointzidentzia daukan, eta zer aldatu behar den. Hori da metatutako jakintzari modu fidagarrian etekina ateratzea. Esandako hori guztia jakina da langintza honetan dihardutenentzat, baina, hala ere, nahi dut aipatu, badaezpada.
Gizakiak berak sortutako segmentuak izan arren, hor ere akatsak egon daitezkeela? Jakina, gizakion lan guztietan gerta litekeen moduan. Baina, gure iritziz, oraingoz, itzulpen-memoriak lehentasuna izan behar du itzultzailearentzat, itzulpen-tresna neuronal juridiko-administratiboa asmorik onenarekin eskainitako interpretazioaren aurretik, eta, ditugun esperientziak eta baliabideak oinarri hartuta, hauxe da gaur-gaurkoz itzulpen-prozedurarik fidagarriena:
- Lehenik eta behin, esan bezala, OLI tresnak erabilita, itzulpen-memorietan ditugun segmentuak hartzen ditugu. Segmentu bakoitzean zer baliokidetasun-proportzio dagoen zehazten da, ehunekotan, eta abiaburuko segmentuaren eta eskainitakoaren artean dauden aldeak markatzen ditu, metadatuetako informazioa emanaz batera.
- Ondoren, bigarren urratsean, memorietan ezer aurkitu ez, eta, testuaren ezaugarrien arabera, hutsik geratu diren segmentuetarako laguntza eska diezaioke itzultzaileak itzulpen-tresna automatikoari, edo segmentuka, itzultzaileak eskatu ahala, edo denak batera, automatikoki segmentu huts guztiak aldi berean beteta.
- Horretarako, memorien eta itzulpen-tresna automatikoaren lanak uztartzeko, beharrezkoa da bi tresnen arteko zubi-lanak egingo dituen API bat (aplikazioak programatzeko interfazea). Eusko Jaurlaritzako DTIC eta EJIE elkarlanean ari dira administrazioetan erabilgarri izango den API hori prestatzen, bai Tradoserako, bai Wordfasterako.
- Hornitzaileei agintzen zaizkien testuetan ere gure memoriak dira oinarri, itzulpen-proiektua eginda bidaltzen baitiegu. Testuaren eta egoeraren arabera erabakitzen da ea itzulpen-memoriak emandako segmentuak bakarrik bidaliko diren ala, itzulpen-tresna automatikoaren proposamenak erantsita, posteditatzeko segmentuak ere bidaliko diren.
- IZOn, kalitate-maila egokia izan behar dute itzulitako testuek, eta kalitate-kontrolak, berrikusketak eta zuzenketak egiten dira hori ziurtatzeko.
- Azkenik, urrats garrantzitsua: itzulitako testua bezeroari igortzeaz batera, itzulpen-memorietan elikatzen da egindako lana, hurrengorako erabilgarri egon dadin. Gainera, funtzionarioek eskura duten beste datu-base bat ere elikatzen dugu, IDABA izeneko itzulpen-biltegia.
IDABA funtzionarioentzako itzulpen-biltegia beste datu-base bat da, beraz?
Oro har, itzultzaileak salbuespen direla, funtzionarioek ez dute itzulpenerako tresna profesionalik erabiltzen, eta, beraz, zaila da itzulpen-memoriak itzultzaile profesionalen modura erabilgarri izatea. Horregatik, itzulpengintzan memoriek betetzen duten funtzio bera betetzeko, IDABA dute erabilgarri EAEko Administrazioan. IZOk itzultzen dituen testuak, funtzionarioen lanerako interesgarri izan daitezkeenak, itzulpenen datu-base horretan gordetzen dira. EAEko barne-zerbitzari (Euskalsarea) baten bitartez eskaintzen da, eta, beraz, EAEko administrazioetako funtzionarioek bakarrik dute erabilgarri. Esaldi elebidunen kopurua, euskaraz eta gaztelaniaz, hiru milioitik gorakoa da. Kontsulta eginda, hitzak edo esaldi osoak bilatu eta kopiatu ditzake langileak datu-base horretan. Testu osoak ere kontsultatu ditzake, bi hizkuntzatan, eta, udaletako itzultzaileek memoria txiki bat sortu nahi izanez gero, OLI tresnetarako memoria modura ere deskargatu daitezke aukeratutakoak. Hamaika mila testu elebidun baino gehiago dago kontsultagai, euskaraz eta gaztelaniaz (beste hizkuntza batzuk ere badaude jasota, baina proportzio txikiagoan: ingelesa, frantsesa, katalana, latina).
Sorburu-hizkuntza: ES |
Xede-hizkuntza: EU |
El artículo 18.2.b) del Decreto 217/2008, de 23 de diciembre, sobre el Boletín Oficial del País Vasco, establece que los meros errores u omisiones en el texto remitido para su publicación que se infieran claramente del contexto y no constituyan modificación o alteración del sentido de los documentos, pero cuya rectificación se juzgue conveniente para evitar posibles confusiones, se corregirán por la Dirección de la Secretaría del Gobierno y de Relaciones con el Parlamento, a instancia del órgano que haya ordenado la publicación del texto.
|
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen 217/2008 Dekretuak 18.2.b) artikuluan xedatzen duenez, argitaratzeko bidalitako testuan egindako hutsak edo omisioak Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak zuzenduko ditu, baldin eta nabarmenak badira, dokumentuen esanahia aldatzen ez badute, eta nahasbiderik ez sortzeko komeni bada. Zuzenketa egiteko eskaria testua argitaratzeko agindua eman duen organoak egingo du.
|
Eusko Jaurlaritzak badu esku artean beste proiektu bat, herritar guztientzako datu-base elebidun handi bat eskainita, IZOk lanerako dituen segmentu guztiak, erakunde, enpresa eta herritar guztientzat eskuragarri uzteko. Itzulpen-memorien banku publikoa izango da (IMBP), eta, ia prest egon arren, eragozpen handi bat gainditu behar du: itzulpen-memorietako datu pertsonalak anonimo bihurtu behar ditu, kaleratu aurretik. Horretarako aplikazio bat ari da prestatzen Eusko Jaurlaritza, eta espero dugu laster proiektuak argia ikustea.
Itzultzaileei bai, baina Administrazioko langileei ere laguntzen diete itzultzaile automatiko neuronalek….
Bai, bai, jakina. Laguntza handia ematen diete. Eta horrek, indarrak ondo bideratzen badira, iraultza ekarriko du, bai itzulpengintzara, eta bai normalizaziora ere. Itzulpen-tresna automatikoa oso lanabes indartsua da, eta onura handia dakarkio testugintza elebidunean diharduenari. Langileak ez du aurrean orri zuria, hutsik, eta ez du zertan dena idatzi bi hizkuntzetan. Oinarria ematen du gainean eraikitzeko, eta, sarritan, eskainitako bertsioa asko hurbiltzen zaio jatorrizko mezuari; bete-betean ere asmatzen du beste askotan. Horrek konfiantza ematen dio beldurrez dabilen funtzionarioari, eta denbora aurrezten laguntzen dio, bi hizkuntzarekin batera jardun behar duenean.
Baina ez dezagun inoiz ahaztu: zuhurtasun handiz erabili behar da tresna hau. Itzulpen-memoriaz elikatutako tresna izanik, inork pentsa lezake itzulpen-tresna automatikoak zuzenean emango digula guk behar dugun bertsio zehatza. Eta askotan horrela izango da. Baina, beste batzuetan, mezuari hurbildu besterik ez zaio egingo, eta, inoiz –behin baino gehiagotan–, ordain desegokia emango du. Batzuetan asmatu, beste batzuetan ez.
Adibide konkretuak ikusteko, testu berean aurkitutako akatsetatik hiru dira hauek:
Abiaburuko hizkuntza |
Xede-hizkuntza (itzulpen automatikoa) |
En el caso de las mujeres migradas que trabajan como internas en el cuidado de personas dependientes |
Inoren laguntza behar duten pertsonak zaintzen preso gisa lan egiten duten emakume migratzaileen kasuan |
ha permitido la traducción en más de seis (6) idiomas, haciendo llegar a muchas más personas las medidas sanitarias de confinamiento y no expansión del covid-19 y de varios ámbitos, |
sei (6) hizkuntza baino gehiago itzuli ahal izan dira, eta askoz ere pertsona gehiagori helarazi zaizkie 19 kidetza eta hainbat eremu konfinatzeko eta ez hedatzeko osasun-neurriak. |
Adjuntamos el trabajo que las entidades miembros de la Comisión de Salud han realizado en relación a la pandemia recogido en una de nuestras actas, |
Osasun Batzordeko kide diren erakundeek gure aktetako batean jasotako pandemiari buruz egin duten lana erantsi dugu,
|
Beraz, itzulpen-tresna automatikoaren erabilera horren ondorioz, hizkuntza-kalitatean nabaritzen da eraginen bat, oro har?
Denok dakigu akatsak nahi baino ugariagoak direla euskarazko testuetan. Orain arte izan dira akatsak, eta hemendik aurrera, segur aski, areagotu egingo dira. Administrazioari dagokionez, oraingoz ez da ikusten akats-kopuru igoera nabarmenik, baina itzulpen-tresna automatikoek eragiten duten akats-tipologia gero eta ugariagoa da Administrazioan ere. Testu elebiduna argitaratu behar duen funtzionarioak arretaz eta erantzukizunez jokatu behar du. Prestakuntza inportantea da, eta Administrazioa hasi da itzulpen-tresna automatikorako jarraibideak erakusteko saioak ematen. Aurten, esaterako, badira saio bereziak itzulpen automatikoen postedizioari buruz, bai orokorrak, funtzionarioentzat, bai espezializatuak, itzultzaile eta normalizazio-teknikarientzat. Zeregin horrek, ordea, luze joko du. Prestakuntzaz gain, egoki litzateke Administrazioak argitaratzen dituen testuen segimendu orokorra ere egitea, eta laginak aztertzea, hizkuntza-kalitatea neurtzeko, eta, emaitzak nolakoak diren ikusita, erabakiak hartu ahal izateko.
Aipatu ditut akats nabarmen batzuk, baina akats isilagoak ere izaten dira, gaur egun, gero eta ohikoagoak. Sakon begiratu ezean, ez genuke jakingo akatsa dagoenik ere; EHAAn argitaratutako hutsen zuzenketa batean, jatorrizko testuetara jo beharrean, itzulpen-tresna automatikoaz zuzenean itzuliz gero, honelako bertsioa agertuko litzaiguke. Itzulpen-tresna automatikoak proposatutakoak ez dira batzuetan okerrak, baina aipuak errespetatu behar dira.
Hau da egokia, argitaratutakoa: |
Hau da itzulpen-tresnak proposatutakoa: |
HUTS-ZUZENKETA, honako dekretu honena: 13/2020 Dekretua, ekainaren 7koa, Lehendakariarena, zeinaren bidez trantsizio-prozesuaren 3. fasea kudeatu eta aplikatzeko arauak ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako. |
Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero-taldeen artean bi metroko tartea gordez gero.» |
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 18.2.b) artikuluan xedatzen denez, argitaratzera bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak zuzenduko ditu, baldin eta nabarmenak badira, dokumentuen esanahia aldatzen ez badute, eta nahasbiderik ez sortzeko komeni bada. Testua argitaratzeko agindua eman duen organo berberak egingo du zuzenketa egiteko eskaria. |
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuak 18.2.b) artikuluan xedatzen duenez, argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak zuzenduko ditu, baldin eta nabarmenak badira, dokumentuen esanahia aldatzen ez badute, eta nahasbiderik ez sortzeko komeni bada. Agindua, |
Horrelako hutsak aurkitu dira Euskal Autonomia Erkidegoan trantsizio-prozesuaren 3. fasea kudeatzeko eta aplikatzeko arauak ezartzen dituen Lehendakariaren ekainaren 7ko 13/2020 Dekretuan (2020ko ekainaren 7ko EHAA, 110. zk.). Hori dela-eta, dagokion zuzenketa egiten da hemen: |
Era horretako hutsak atzeman dira ekainaren 7ko 13/2020 Dekretuan, lehendakariarenean, Euskal Autonomia Erkidegorako trantsizio-prozesuaren 3. fasea kudeatu eta aplikatzeko arauak ezartzen dituenean (2020ko ekainaren 7ko EHAA, 110. zk.). Hona hemen zuzenketa: |
Dekretuaren 3.3 artikuluan, 2020/2212 (4/2) orrialdean, |
2020/2212 (5/2) orrialdean, 3.3 artikuluan, |
honako hau dio: |
Honakoa dioenean: |
«3.– Ostalaritzako establezimenduak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak, elkarte gastronomikoak eta hotel eta ostatu turistikoetako gune komunak: edukiera-muga kentzen da, baldin eta mahaien edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean bi metroko tartea bermatzen bada. |
“3. – Ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako, elkarte gastronomikoetako eta hotel eta ostatu turistikoen eremu komunetako establezimenduak eta zerbitzuak: edukiera-muga kentzen da, baldin eta bi metroko distantzia bermatzen bada mahaien artean edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean. |
Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero-taldeen artean bi metroko tartea gordez gero.» |
Barrura sartzeko eta zerbitzua barran emateko baimena ematen da, bezeroen edo bezero- taldeen artean bi metroko distantzia fisikoarekin.” |
baina hau esan behar du: |
Hau esan behar du: |
«3.– Ostalaritzako establezimenduak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak: edukiera-muga kentzen da, baldin eta mahaien edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean bi metroko tartea bermatzen bada. |
“3. – Ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta gastronomia-elkarteetako establezimenduak eta zerbitzuak: edukiera-muga kentzen da, baldin eta bi metroko distantzia bermatzen bada mahaien artean edo, hala badagokio, mahai- multzoen artean. |
Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero-taldeen artean bi metroko tartea gordez gero.» |
Barrura sartzeko eta zerbitzua barran emateko baimena ematen da, bezeroen edo bezero- taldeen artean bi metroko distantzia fisikoarekin.” |
Itzulpen-tresna automatikoak ematen duen hizkuntza-kalitatea hobetuko balitz, hori ere nabarituko litzateke, ezta?
Itzulpen-tresna automatikoak hobetzen eta eguneratzen jarraitu behar dugu, etenik gabe. Itzulpen-tresna juridiko-administratiboari dagokionez, ez da egoki ikusi, oraingoz, erabiltzaileen parte-hartze zuzena erabiltzea horretarako. Besteak beste, zaila delako testu bat itzulita jasotzen den unean bertan testuaren kalitatea aztertzea eta balorazioa egitea. Badira gaur egun horrelako aukerak, erabiltzaileei iritzia eskatzeko, baina, gaur-gaurkoz, erabakia da IZOk aldiro tresna elikatzea eta eguneratzea.
Itzulpen-tresna juridiko-administratiboa abiarazteko, oinarrizko informazioa sartu zitzaion adimen artifizialari 2019. urte bukaeran, eta Eusko Jaurlaritzak orain jarriko du martxan hurrengo eguneratze-lana. Tresna berriz elikatzeko, ordutik hona sortu ditugun segmentu elebidun guztiak batu behar dira (hitzetan, 25 milioi inguru); ondoren, prozesatu (garbitu, iragazi, normalizatu…), eta eredu berri horiekin trebatu behar da tresna. Baliteke Administrazioko gainerako erakundeetako itzultzaile-zerbitzuei ere parte hartzeko proposamena egitea, era horretara profesionalek itzulitako segmentu elebidun gehiago izan dezagun itzulpen-tresna juridiko-administratiboari irakasteko.
Memorietan eta datu-baseetan bilduak ditugun segmentu horiez gain, nahi genuke tresnak beste itzulpen-teknika batzuk ere bereganatzea. Dirudienez, badira moduak makinari erakusteko datu batzuk beste batzuk baino egokiagoak direla (adibidez, diru-laguntzaren ordez, dirulaguntza indartzea). Itzulpen-tipologia batzuk ere, antza, indartu daitezke testuinguruen arabera, baina, hala ere, tresnak ez du % 100 asmatuko.
Jakin liteke zenbat erabiltzen den itzultzaile automatiko neuronala Administrazioan?
ITZULI neuronal orokorraren kasuan, eta gainerako itzultzaile automatiko neuronal irekietan ere bai, herritar guztientzako erabilgarri daudenez, zaila da jakiten zein itzulpen-eskaera diren Administraziokoak, eta zein bestelakoak. Baina uste izatekoa da funtzionarioek ere erabiltzen dutela ITZULI neurri batean edo bestean, eta, segur aski, beste itzulpen-tresna batzuk ere bai. Itzulpen-tresna juridiko-administratiboa Administrazio barneko erabilerari erabat lotuta egon da orain arte. Hizkuntzen noranzkoari dagokionez, itzulpen-eskaera gehienak gaztelaniatik euskararakoak izaten dira, eta, proportzioan, oso gutxi dira alderantzizkoak.
Aste bat aukeratu dugu, 2021eko martxoaren 22tik 28ra bitartekoa, ITZULI neuronalaren eta itzulpen-tresna juridiko-administratiboaren erabilerari buruzko datuak jasotzeko. Argi ikusten da ITZULI juridiko-administratiboa baino askoz ere gehiago erabiltzen dela, besteak beste juridiko-administratiboa espezializatuagoa delako eta zerbitzari itxi batean eskaini delako orain arte. Itzulpen-tresna juridiko-administratiboak ia 1,5 milioi hitz itzuli zituen aste horretan gaztelaniatik euskarara. Proportzio horri jarraituz, juridiko-administratiboak hiru hilabetean itzuliko luke IZOk urte osoan itzultzen duen beste. Aste horretan, 65.500 eskaera inguru egin ziren, eta ikusten da kontsulta asko terminologikoak zirela, hitz bakarraren ordaina eskatzen baitzuten sarri; beraz, batez beste, 23 hitzetatik beherakoak izan ziren itzultzeko eskatutako testuak. Testurik handienak 5.000 hitz inguru zituen. Horrez gainera, juridiko-administratiboak dokumentu osoak itzultzeko aukera ere ematen du, eta 72 dokumentu itzuli ziren aste horretan, gaztelaniatik euskarara.
Euskaratik gaztelaniara 235.000 hitz inguru itzuli zituen juridiko-administratiboak aste horretan. Eskaera-kopurua 10.000 ingurukoa izan zen. Hemen ere testuen tamaina oso txikia zen, batez beste 22 hitz ingurukoa, eta testurik luzeenak 2.000 hitz izan zituen.
ITZULI tresnaren datuak juridiko-administratiboarenak baino hamar aldiz handiagoak dira. Astebetean, ia 16 milioi hitz itzuli zituen gaztelaniatik euskarara. Alderantzizko norabidean, berriz, 5.700.000 hitzetik gora itzuli zuen astebetean.
Eragin al dio itzultzaile automatiko neuronalen erabilera horrek Itzultzaile Zerbitzu Ofizialaren ohiko lan-kargari?
Lan-kargaren beherazko joera 2019ko azken hilabeteetan hasi zen nabaritzen, itzulpen-tresnaren berri jendaurrean eman eta handik gutxira. Itzulpen-eskaeren jaitsiera apala izan zen orduan, baina, hala ere, nabaritzeko modukoa. Hurrengo urtean, 2020an, guztiok dakigun moduan, beste faktore inportante bat ere sartu zen eguneroko jardunean. Lan-kargaren beherakada orokorra eta globala izan zen COVID-19aren pandemiaren eraginez ere. Beraz, artean ez genekien ziur lan-kargan zer-nolako eragina izan zuten faktore batek eta besteak. Pandemiak pandemia, azkenaldian lan-jarduna egonkortuta dago, eta esan liteke itzulpenen eskabide-kopuruan eta itzulitako hitz-kopuruan ikusten den beheranzko joera iraunkorra dela. Itxaron egin beharko da aurtengo datu guztiak ikusi arte, baina, lehen hiru hilabeteotakoak ikusita, 2021ean ere badirudi iazko datuen antzekoak izango ditugula. Grafiko honetan, begi-kolpe batez ikusiko dugu zein izan den azken urteotako bilakaera IZOren lan-karga globalean, espediente eta hitz-kopuruei buruzko datuak emanda. Kontuan izan behar dugu itzulpen-eta berrikusketa-espedienteak agertzen direla, eta eskabide-multzo guztiak denak batera hartu direla (sail eta erakundeetako eskabideak, EHAAn argitaratzekoak eta BOErako direnak).
Itzultzaile automatiko neuronalen eragina beste inon ikus liteke? Bada datu gehiagorik?
Bai. Gainera, lehen aipatu dut testu elebidunen datu-baseek itzulpengintzan duten garrantzia, eta itzultzaile automatiko neuronalak, zuzenean zein zeharka, badu eragina datu-baseetan. Itzultzaile automatiko neuronalaren erabilera zabaldu denetik, zoritxarrez, asko jaitsi da IDABAren erabilera, adierazle kezkagarria baita hizkuntzaren kalitaterako. Zergatik? Agerian jartzen delako Administrazioko langileek itzulpen-tresna automatikoari lehentasuna ematen diotela, gizakiok itzulitako testuen aurretik. IZOren prozedura imitatuz, lehenik eta behin, gizakiak egindako itzulpenen iturritik edan behar luke funtzionario orok; itzulpen-memorietatik zuzenean ezin bada, IDABAtik, ereduetatik edo jatorrizko testuetatik. Gero, bukaeran, bestelako emaitzarik aurkitu ezean, eska dakioke proposamena itzulpen-tresna automatikoari, eta proposamena ondo begiratu, eta, hala behar denean, osatu, moldatu edo zuzendu. Ez da egokia itzulpen-tresna automatikoaren interpretazioa itzultzaileen jatorrizko lanaren aurretik jartzea.
IDABAn 1.500.000 kontsulta inguru izan da 2007. urteaz geroztik. Azken urteetan, 150.000 kontsulta inguru izaten ziren urtero; datuak biribilduta, 2017an, 150.000 kontsulta; 2018an, 180.000; 2019an, 160.000 kontsulta inguru. Baina 2020an hirutik bi galdu zituen bat-batean, 50.000 kontsulta inguru egin baitziren (zehatz esanda: 56.739 kontsulta). Aurtengo datuak ere, urteko lehen hiru hiletakoak, ez dira onak: 13.544 bisita, guztira. Hau da IDABAren erabileraren grafikoa, azken urteotakoa:<
Datu-baseak aipatu ditugu, itzulpen arloa ere bai… Berrikusketa arloari buruz zer esan liteke?
Era askotara sortzen da berrikusketa-ataza. Esaterako, arestian esan dudanez, itzultzen ari garela, memoriari esker eginda agertzen zaizkigun segmentuak berrikusten dira; segmentuan bertan agertzen dira metadatuak: nork egin duen, noiz, zein eratako testua den… Horrek informazio handia ematen du segmentu horretako itzulpen-kalitateari buruz. Beste berrikusketa mota bat da hornitzaileen lanari buruz kalitate-kontrola egiten denean. IZOkideen testuak ere berrikusten dira, testuaren garrantziaren arabera. Azkenik, berrikusketa-espediente modura bidaltzen dizkiguten testu elebidunak ere berrikusten dira. Testu orokorretan (EHAAn argitaratzeko ez direnetan) oso berrikusketa-eskaera gutxi izan da orain arte; espediente kopuruan, batez beste, % 1 bakarrik. EHAAn argitaratzeko direnetan, berriz, gehienak testu txikien berrikusketak dira, eta hor ere igoera bat ikusi da azken aldi honetan. Iaz, EHAAn lau milatik gora espediente kudeatu ziren, eta orokorretan, berriz, 23 espediente bakarrik. Hitzetan, lau milioitik gora EHAAn, eta 60.000 hitz inguru gai orokorretan. EHAAko berrikusketa-testuetan, gehienetan testu-motak berdin antzekoak izaten dira, errepikakorrak, eta, jatorriaren arabera, jakiten da zer aldatu den, non egon daitezkeen akatsak eta nolakoak izaten diren.
EHAAn argitaratzekoak diren berrikusketa-espedienteak kudeatzen orain arte egin dugun lanak asko irakatsi digu arlo horri buruz. Hiru irakasbide nagusi: batetik, ikusi dugu testu-egileak gai direla testuak beren kabuz egiteko, eta har dezaketela testuaren erantzukizun osoa, tutore-lanik jaso gabe. Azken berrikusketa eta, batez ere, zuzentasunaren ardura beste batzuen esku utzita, ez zaio epe luzean mesederik egiten testu-egileari.
Bigarrenik, itzultzaileen benetako potentzialitatea uste dut ez dela ahal beste aprobetxatzen, gehienetan lan mekaniko eta zuzenketa errepikakorrak egin behar izaten dituztelako EHAAko berrikusketa horietan. Lehentasunak jarrita, segur aski, inbertsio hobea litzateke hizkuntza aldetik sendotu behar diren arloetan oinarrizko testuak itzultzen jardutea, horien gainean gainerako funtzionario guztiek eraiki ahal izateko. Hirugarrenik, berrikusketa-espedientean dokumentu banatan datoz euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak, bereizita. Horrek esan nahi du milaka eta milaka espediente lerrokatu gabe datozela, eta berrikusketa-lanean egindako zuzenketak memorietan gorde gabe geratzen direla. Hau da, informazio hori galtzen da betiko.
EHAAko berrikusteei buruz, alde positiboari begiratuta, esan behar da azken 40 urteotan asko finkatu dela Administrazioko hizkera eta terminologia; ereduak egin dira; langileek asko ikasi dute idatziz euskaraz moldatzen, eta euskaraz eta gaztelaniaz ele bietan etortzen diren espedienteak gero eta gehiago dira, datuetan ikusi den moduan. Bakarrik falta da ziklo osoa euren ardurapean bete ahal izatea.
Berrikusketa-lan horrek badu alde pedagogikorik? Funtzionarioren batek, euskarazko testugintzan diharduenean, nora jo dezake laguntza bila, laguntza behar izatekotan?
Arlo horren berri zehatzagoa normalizazio-teknikariek izango dute, eta trebatzaileek ere bai. Beraz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak izango du informazioa horretaz. Guri dagokigunez, IVAPek badu kontratatua azken lau urteotan Idazlagun izeneko zerbitzu bat, Eusko Jaurlaritzako administrazio orokorreko langileek egindako testu elebidunak modu pedagogikoan zuzentzeko eta haien zalantzak argitzeko. Egia da zuzentzen ari diren hitzen kopurua gorantz doala; milioi erdi ingurukoa izan zen 2018an eta 2019an, eta 600.000 hitzekoa 2020an.
Iaz ikusi zuten aldatzen ari dela zuzendu beharreko testuen tipologia. Gero eta testu txiki gutxiago iristen da, eta orain testu luzeagoak etortzen dira zuzentzera. Langileek nahikoa dute, antza, itzulpen-tresna automatikoaren laguntza testu txikietarako, eta testu luzeagoekin ere ausartzen dira, baina laguntza jasota. Bilakaera horri buruzko datu zehatzagoak: 2017an, 385,7 hitzekoa zen testuen batezbestekoa, eta, 2020an, 726,4koa, ia bikoitza. Badirudi, testuaren luzera testu motari lotuta doala, orain lehen baino testu formal konplexu gehiago berrikustea eskatzen delako (ebazpenak, txostenak, dekretuak, aginduak, jarraibideak, jakinarazpenak, egiaztagiriak eta errekerimenduak). Testu formal horiek, gainera, zuzentzeko denbora gehiago eskatzen dute, maila teknikoagatik. Ikuspegi kualitatibotik begiratuta, dirudienez, erabiltzaileen profila eta lan egiteko moduak ere aldatu egin dira. Lehen, giza akatsak ziren ugariagoak, eta, orain, argi eta garbi, makinaren akatsak dira nabarmenagoak.
Eta IZOk ere parte hartuko du itzulpen-tresna automatikoaz egindako testuen berrikusketetan?
Orain arte, gure aholku orokorra izan da funtzionarioak eurak testu elebidunaren ziklo osoaz arduratu zitezen, itzulpen-tresna automatikoa erabili duten kasuetan. IZOra berrikusketa modura orain arte bidali diren espedienteetan, testua akastuna dela ikusita, lehenik eta behin ziurtatu dugu itzulpen-tresna automatikoz itzulitakoa dela, eta begiratu dugu ea egilea postedizioan behar bezain fin ibili ote den; egoera zein izan den ziurtatutakoan, bertan behera utzi izan dugu espedientea, eta bi aukera eman zaizkio eskatzaileari: edo berrikusketa-lan hori testu-egileak bere gain hartzea, edo itzulpen-espediente modura bidaltzea IZOra.
Egoera hori aldatu egin da oraintsu; IVAPek eta HPSk horrela adostuta, laster hasiko da IVAP proba pilotu bat egiten, eta Eusko Jaurlaritzako sail konkretu batzuetan itzulpen-tresna automatikoaz egindako testuen berrikusketak jasotzen. Proba hori egin eta aztertu arte, ez dugu zehatz jakingo zer norabide hartu beharko duen berrikusketa mota horrek, eta nola kudeatu beharko diren etorkizunean itzulpen-tresna automatikoaz sortutako testuak. Lan handia daukagu aurretik, sortu berri den egoera hau ondo kudeatu eta bideratu arte. Argi dago itzulpen-tresna automatikoz testuak sortzerakoan prozedura egoki bat errespetatu behar duela funtzionario bakoitzak, eta, bestela, zaila izango dela berrikusketa-lan horri etekina ateratzea kalitatean eta kantitatean.
Nolakoa izango da probaldi hori? Zer lan-karga ekarriko lioke IZOri itzulpen-tresna automatikoz egindako testuen berrikusketaz arduratzeak?
Oraintsu hartutako erabakia denez, oraindik ez dakigu zehatz nola antolatuko den probaldia eta zein izan litekeen eragina, baina, dirudienez, esparru jakin batzuk aukeratu, eta Eusko Jaurlaritzako bi sailetatik datozen lanak berrikusteko jarriko da martxan proba hori. Itzulpen-tresna automatikotik datozen testu-berrikusketen lan-karga neurriz eta tentuz finkatu behar da, berrikusketa mota hori, itxuraz dirudienaren aurka, ez baita erraz eta arin egin litekeen ataza; denbora inbertitu behar da zeregin horretan, eta ardura handiko lana da, gainera. Itzulpen-tresna automatikoa erabili duen funtzionarioak prozedura egokiak eskatzen dituen urratsak egiten ez baditu, itzultzaileak hartu beharko du bere gain moldaketa-lan osoa, eta, azkenean, berrikusketak itzultzailearen jarduna jan dezake, dena estali, eta ito ere egin dezake. Zergatik? Askoz ere denbora eta esfortzu handiagoa behar delako testua zuzentzen, testua automatikoki sortzen baino. Itzulpen-tresna automatikoak, batez beste, segundo bakar batean itzul dezake itzultzaile batek ordubetean egingo lukeen lana. Eta bi segundoan itzul dezake itzultzaileak egun osoan itzuliko lukeen lana. Astebetean ITZULIk 30 milioi hitz itzuli izan ditu erraz, eta IZOk urtebetean 24 milioi hitz itzuli eta berrikusi izan ditu guztira.
Zenbat denbora behar du berrikusketa batek? Nola neur liteke? Ez da erraza itzulpen-edo berrikusketa-lan batek behar duen denbora kalkulatzea; itzuli beharreko dokumentu bakoitzak bere ezaugarriak izango ditu, eta, gainera, itzulpen-memoriak emandakoa ere hartu behar da kontuan.
Labur esanda, berrikusketari buruzko datu zehatzik ezean, gutxienez, testu osoa irakurri behar da arretaz, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan. Horrela egiten ez bada, edonon ager liteke akatsen bat, eta akatsen arduraduna berrikuslea bera izango da kasu horretan, eta ez, ordea, testua automatikoki sortu zuen funtzionarioa. Hor dago koxka!
Orria izan liteke itzulpena/berrikusketa neurtzeko erreferentzietako bat, eta orritzat 240 hitzez osatutako testua hartzen da; orria itzultzeko, berriz, zerotik abiatuta, ordubeteko balioa eman diezaiokegu ataza horri. Irizpide arbitrarioa da, baina, IZOren kontratuetan, memoriak kontuan hartuta, 95-100 bitarteko kointzidentzia % 50 baloratzen dugu gure jarduna neurtzerakoan, bai denboran, bai ordainketa egiterakoan. Memoriak emandakoa % 85 eta % 94 artekoa bada, diru-eta denbora-kontuetan % 80 baloratzen dugu. Hortik behera, segmentuak hutsik badaude eta hutsetik abiatuta itzuli behar badira, % 100 baloratzen dugu. Segmentu huts horiek itzulpen-tresna automatikoaz betez gero, eta postedizioa eskatzen bada, dirutan % 70 ordaintzen dugu, eta, beraz, logikoa litzateke denbora ere neurri berean kalkulatzea.
Horrekin zer esan nahi dudan? Itzulpen-lanean, memoriak erabili gabe, orria itzultzeko ordubete emango bagenu, aurre-editatzen eta posteditatzen 42 minutu eman beharko genituzkeela. Itzulpena eginda, memoriak zerbait emanez gero, erraza litzateke denbora bera behar izatea, edo, are denbora gutxiago ere behar izatea.
Denbora aldetik ez da, beraz, asko aurreratzen…
Are gehiago. Funtzionario batek itzulpen-tresna automatikoz egindako lana beste inork berrikusi behar badu, denbora hori bikoiztu egin daiteke (pedagogia-lana alde batera utzita). Itzulpen-tresna automatikoa erabili nahi izanez gero, beraz, aurre-edizioa egin behar luke funtzionarioak, jatorrizko testua ondo egokituta, eta, ondoren, automatikoki sortu duen testuaren postedizioa egin behar luke (42 minutu), eta beste horrenbeste egin behar luke berrikusleak (42 minutu). Horren ondoren, akatsak egilearekin konpartituz gero, pedagogia egin nahi bada, luzatuko litzateke denbora, jakina. Itzultzaileak 60 minutuan itzuli duena itzultzeko, 84 minutu beharko dira, lan hori bi pertsonaren artean eginez gero. Egoera batean zein bestean kalitatea eta egokitasuna bikainak direla pentsatuta ere, itzultzailearena memorietan gordeko litzateke, eta bestea ez.
Denbora aurrezteko, testu-berrikusketa eskatzen duenak eman diezaioke berrikusleari informazioa…
Bai; berrikusleak, bestelako informaziorik jasotzen ez badu, zerotik abiatu behar du testua aztertzen, eta, berrikusleari eman zaion informazioa zehatza ez bada, egoera berean egongo gara. Egileari galdetu diezaiokegu ea berrikusi duen. Osorik? Sakon? Aldaketak? Zeintzuk? Ez da erraza informazio hori berrikusleari modu zehatzean helaraztea. «Bai», «nahiko», «aldaketa asko» eta antzeko erantzunak ez dira erantzun lagungarriak. Beraz, informazio zehatzik ezean, testu automatikoen berrikusleak dena irakurri behar luke goitik behera eta arretaz. Gainera, ez luke jakingo topatu dituen akatsak tresnak egin dituen ala postedizioko akatsak izan diren.
Zuzenketa-lana erraztearren, bi modu egon daitezke denbora aurrezteko: lehena, testu-egileak, postedizioaren ardura bere gain hartuta, zalantzak bakarrik argitu nahi izatea, edo, bigarrena, testu automatikoan egindako hobekuntzak markatuta eramatea (aldaketa-kontrola erabilita, esaterako).
Adierazle konkretuak behar lirateke jardun hori neurtzeko, ezta?
Itzulpen-tresna automatikoz itzulitako testu elebidunen berrikusketa egiteko adierazleak definitu behar dira lehenik eta behin, eta zaila da era horretako adierazleak zehaztea, neurtzea, eta horien segimendua eta erregistroa egitea. Hauek izan daitezke automatikoki sortutako testuen berrikusketan definitu eta jaso beharreko datuetako batzuk: egilearen hizkuntza-maila, abiaburuko testuan egindako aurre-edizioa, datu-base, eredu eta argitalpenetatik ekarritako elementuak eta aipuak (IDABA, IMBP, EHAA, ereduak…), itzulpen-testuan funtzionarioak egin dituen aldaketa zehatzak (zenbat, nolakoak), eta, horren ondoren, berrikusleak xede-hizkuntzan egindako zuzenketak eta moldaketak; batak eta besteak erabili duten denbora; zuzenketaren ondoren datu-baseetan gordetako dokumentuak (hitz-kopurua); alde pedagogikoa landuz gero, moldaketak azaltzen emandako denbora; irakaskuntza-saio horiek hurrengo lanetan izandako eragina… Ez dirudi adierazle horiek denak lortzea, antolatzea eta horien segimendua egitea lan erraza denik. Adierazle horiek zehatzak ez badira edo tresna-erabiltzaileak testua prestatzen segundo bat erabili badu, ez dio itzultzaileari edo berrikusleari ezertan lagunduko. Are okerrago, lan-prozedura egokia erabiltzea eragotziko luke, memorien emaitzen aurretik tresna automatikoari nagusitasuna emanda.
Zein izango litzateke funtzionarioentzako lan-prozedura egokia itzulpen-tresna automatikoa erabiltzerakoan?
Egokiena itzultzaileen lan-prozedura imitatzea da, baina hori lortzea zaila da OLI tresnarik gabe. Funtzionario gehienek ez dute horrelako baliabiderik, baina, hala ere, badira itzulpen-testuaren kalitatea hobetzeko prozedura egokiak:
- Aurre-edizioa: jatorrizko testuak erabat zehatza, argia eta akasgabea izan behar du, bestela mezuaren interpretazio okerra egingo baitu itzulpen-tresna automatikoak (koma edo tilet bat falta bada, esaterako). Xede-hizkuntzako bertsioa zorrotz begiratzea bezain inportantea da abiaburuko testua ondo atontzea.
- Esaldi luzeak eta konplexuak (menpeko esaldi asko dituztenak, esaterako) ez ditu ondo interpretatzen itzulpen-tresna automatikoak, eta nahastu egiten da sarri. Beraz, tresnari lagundu diezaiokegu, abiaburu-bertsioko esaldiak laburtuta eta kontzeptuak argituta.
- Ereduak eta finkatuta dauden testu errepikakorrak erabili behar direnean, hobe da, itzulpen-tresna automatikoa erabili aurretik, jatorrizko ereduak eurak erabiltzea, eta ez zalantzazko «eredu» berriak sortzea. Horretarako, IDABA erabil liteke, edo jo liteke zuzenean EHAAren argitalpenera.
- Itzulpen-tresna automatikoak ez ditu aipuak (eta esamoldeak, izenburuak, liburu-izenak…) argitaratu ziren moduan ematen, literalki, eta ez ditu jatorrizko testuaren arabera SIC eman beharrekoak hitzez hitz errespetatzen. Interpretatu egiten ditu, eta jatorrizkoekin bat ez datozen bertsio berriak sortzeko arriskua dago. Hor ere IDABAra jo behar litzateke, edo aipatutako testua argitaratu zen tokira zuzenean (EHAA, BOE…).
- Itzulpen-tresna automatikoak ez du testuaren osotasuna oinarritzat hartzen, eta koherentzia falta zaio sarri, terminologian batez ere. Euskalterm datu-banku terminologikoa kontsultatzea lagungarria da Administrazioko langileentzat, terminologia normalizatua eskuratzeko, edo, han jaso gabeko gairen bateko terminologia bada, gai hori berariaz lantzen duten hiztegietara edo erreferentziazko dokumentuetara jo behar da. Kontuan izan behar da itzulpen-tresna automatikoak, berriz elikatu eta eguneratu arte, ez dituela aplikatzen gramatikan edo terminologian azkenaldian hartu diren erabakiak. Esaterako, diru-laguntza agertzen da oraindik itzulpen-tresnetan, eta ez, dirulaguntza, eta, Administrazioaren kasuan, hauteskundeen ondoren moldatutako gobernu-erakunde berrien izenak ere oraindik eguneratu gabe ager litezke. Ez du feedbackik, oraingoz.
6. Itzulpen-tresna automatikoz sortutako testua beste pertsona batek berrikusi behar badu, komeni da argi geratzea automatikoki jasotako testu horretan zer egin den zehazki. Horretarako, ondo legoke aldaketa-kontrola aktibatua izatea, postedizioaren berri izan dezan berrikusleak.
7. Berrikusketa-lan sakona egin bada, emaitza datu-baseetan gordetzea izango litzateke onena, eta, horretarako, jatorrizko hizkuntza eta xede-hizkuntzako segmentuak lerrokatuta egon behar lirateke taula batean.
Baina funtzionarioak hori dena egin behar badu, ez du denboran asko aurreratuko…
Lan egokia eta eragingarria egin behar bada, ez dago bidezidorrik. Edo funtzionarioak egin behar du lana, edo berrikusle batek, edo biek lan bera bi aldiz, lan-prozedura ondo zehaztuta eta finkatuta ez badago. Denboraren eta kalitatearen arteko lotura oso estua da. Kalitateak prozedura egokia eta denbora eskatzen ditu, eta denborak, prozedura egokiak erabilita, eman dezake kalitatea. Ez da zilegi itzulpen-lan bat presaka entregatu behar denean denbora izatea kontuan hartzen den faktore bakarra, eta, epea betetakoan, kalitateari erreparatzea ondoren. Biek lotuta joan behar dute beti, lana entregatu aurretik, eta ostean ere bai. Nire ikuspuntutik, helburua izan behar litzateke erabiltzailea bera izatea denboraren eta prozedura osoaren kudeatzaile, bi hizkuntzetan, eta, prozesu osoa bukatuta, testuaren erantzule ere bai, azken batean berak izan behar duelako protagonista nagusi.
Itzulpenen lan-karga jaitsita, zein izan liteke itzultzaileen etorkizuna Administrazioan?
Itzulpen-tresna automatikoa gizakiari laguntzeko lanabesa da, baina ez luke izan behar, hizkuntza-kontuetan, gizakiaren ordezko. Datuak aztertuta, hiru galdera hauek egin behar dizkiogu geure buruari:
- Itzultzaile Zerbitzu Ofizialaren lan-karga orain arte zer-nolakoa izan den aztertu behar da lehenik. Gogoan izan behar dugu 2012ra bitartean IZOn 20 kide zeudela, eta 3-4 milioi hitz itzultzen zirela. Urte horretatik aurrera, EJko itzultzaile guztiak IZOra bilduta, 46 lagun gara. Kide kopurua bikoiztu egin zen, baina lan-karga ia sei aldiz handiagoa ere izan da. Beraz, urte askoan erantzun diegu, ahal izan dugun moduan, egin zaizkigun itzulpen-eskaera guztiei, baina uste dut ez zela hori lan-karga egokia, eta, alde kualitatiboari begiratuta, ez dugu balio erantsia eskaintzeko aukera handirik izan. Esan liteke lan-karga bere onera datorrela. Azken batean, lan-karga egokia kalkulatzeko abiaburua hau da: zer ataza egin behar da? Zein dira helburuak eta lehentasunak? Nola tasatu daitezke atazak denborari dagokionez? Zenbat baliabide ditugu? Hortik ateratzen den emaitza izango da lan-karga egokia
2. Hornitzaileak ere baditu IZOk, goiko paragrafoan aipatutako lan-kargari aurre egin ahal izateko. IZOko lan-proportzio bat kanpoan itzultzen da, nahiz eta espedienteen kudeaketa eta berrikusketa guztia IZOn egiten den. Beraz, lan-kargaren fluxuak baliabide propioen eta kanpo-baliabideen artean orekatu izan dira. Aurrera begira, egokituz joan beharko dugu ea zer lan eta zenbat egin behar den barne-baliabideekin, eta zer kanpokoekin. Argi dago azken urteotan jaitsi egin dela kanpora ateratako itzulpenen kopurua ere.
3. IZOn egindako itzulpen-lanen ezaugarriak. Orain artekoari begiratuta, ikusten da, neurri handi batean, funtzionarioek eguneroko jardunean erabiltzen dituzten dokumentuak itzuli eta berrikusi dituela IZOk. Indar handia eskaini du eguneroko dokumentu txikiak euskaratzen, baina, horrez gain, IZOk baditu gizarterako inportanteak diren beste arlo batzuk ere lantzeko, sorrera-dekretuan esaten denez Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak funtsezko eginkizuna baitu: «[B]atetik, euskarazko lege-eta administrazio-hizkera modernoa sortu, estandarizatu eta hedatzeko eta, bestetik, lege-eta administrazio-terminologia finkatzeko». Gaur egun, badirudi posibleago dela funtzionarioek eurek kudeatzea tipologia konkretu bateko testu laburrak. Antzeko zerbait esan liteke EHAAn argitaratzekoak diren testu laburrei buruz ere. Arlo horretan, gainera, gertatzen da eredu errepikakorrak erabiltzen direla beti; beraz, erraza da funtzionarioek eurek era horretako testuak kudeatzea.
Nolakoa izan behar luke aurrerantzean, zure iritziz, IZOren lanak, itzulpen-tresna automatikoaren eragina kontuan izanda?
Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala denez gero, itzultzen jarraitu behar dugu, jakina, baina funtzionarioei bideak zabalik utzita euren lana euskaraz eta gaztelaniaz egin dezaten. Itzultzaile automatiko neuronala sortzen lagundu zuen IZOk, geure buruari eta funtzionario guztien lanari laguntzeko, eta ez dut uste hemendik aurrera tresnaren aginduetara makurtu behar dugunik. Jarraitu behar dugu eraikitzen eta sortzen. Itzulpen-lan bereziak hartu behar ditugu lan-ardatz gisa, balio erantsia dakarten itzulpenak, gainerako funtzionarioek lur horretan oinarrituta eraikitzen jarrai dezaten.
Itzultzaileon eginbeharra ez da oraindik bukatu, eta funtzionarioek egin beharreko ibilbidea ere ez. Gutariko askok laster erretiroa hartuko dugu, baina hurrengoek ere badute oraindik zer egina. Burura datozkit EAEko lege-aurreproiektuak, BOEko lege-xedapenak, legeei lotutako txosten bereziak, azterketen datu-baseak, zirkulazio-arloan eta gidabaimena lortzeko materialetan egiten ari garen lana, Lanbide Heziketan prestatutako materialak eta curriculumak… Gainera, joan den mendeko 80ko hamarkadan abiaburu izan ziren lege haiek ere eguneratu egin behar lirateke eguneroko jardunean normaltasunez erabilgarri izan daitezen. Idazketa elebiduna ere bultzatu eta garatu behar dugu lan-metodologia gisa. Lan handia daukagu oinarri sendoak finkatzen.
Itzulpen-lanaz gainera, ez da ahaztu behar terminologia-arloa ere badaukagula (terminologia-zerbitzua sortu arte) eta interpretazio-lanak ere egiten ditugula. Horiekin batera, beste zeregin batzuek ere leku handiagoa hartu behar dute gure lan-jardunean, horrela baitago zehaztuta legez. Adibidez, beste behin aipatuko dut corpusak eta datu-base elebidunak antolatu, egokitu eta eskaini behar ditugula herritar guztientzat. Euskaraz lan egiteko lagungarri diren lanabesak ere sortu, prestatu, hobetu eta eguneratu behar ditugu (itzulpen-tresna automatikoa bera, besteak beste), eta itzulpen-irizpideak finkatu eta zabaldu behar ditugu Administrazioan. Horrez gainera, Administrazioko gainerako erakundeetako itzulpen-eta terminologia-zerbitzuekin elkarlanean aritzea eta lankidetza bultzatzea ere badagokigu.
Belaunaldi berriak ere hemen dira, prest?
Gaur egun, Administrazioko jende askok dauka euskara-maila egokia, eta, erabilgarri dituzten tresnen laguntzarekin, testugintzan aritu daitezke era askotako dokumentuetan. IVAPek hizkuntza-eskakizunak jasotzeko duen erregistroan ikusten da ia 6.500 lagunek dutela hirugarren hizkuntza-eskakizuna (C1 mailari dagokiona), eta 3.500 lagunetik gora dira laugarren hizkuntza-eskakizunaren jabe (C2). Bestalde, hasi da Administrazio zaharkitua gaztetzeko garaia, eta datozen hamar urteetan funtzionarioen erdiak jubilatuta egongo dira, edo erretiroa hartzeko adinean izango dira, behintzat.
Abagunea da hizkuntza-ohitura eta dinamika berriak sortzen hasteko, eta garai berrietara egokitzeko. Uste dut iritsi dela garaia Administrazioko langileak euskaraz ere ahaldundu eta beren buruaren jabe izan daitezen, bakoitzak bere hizkuntza-ardura eta erantzukizuna hartuta. Hala ere, dinamikak ez dira egun batetik bestera aldatzen, eta oraindik, segur aski, denbora pixka bat beharko da horra iristeko. Guztion artean lortuko dugu. Ea, bada, horrela den eta guk ikusten dugun.