Itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri
Artikulua PDFn
Ensayo de una historia de la traducción en España. José Francisco Ruiz Casanova. Cátedra, 2018.
Aldizkari honetako beste artikulu batean, itun muntadun bati erantzuten saiatu da Josu Zabaleta, jakinduria nonahitik dariola: «Zer ekarri dio itzulpengintzak euskarari?». Antzeko bide batetik, ia galdera bertsuari ihardetsi nahi dio, hain suertez, erreseina honetako liburu mardulean Ruiz Casanova irakasle ikertzaileak: «Zer izan da itzulpena gaztelaniarako eta zer ekarri dio?». Baina ikerlanaren edukia hain da zabala, non alorra ia ezin eutsizko eta ezin agortuzko bihurtzen den.
Horra zergatik gertatzen den noraezekoa aukera irizpide estuak erabiltzea eta bibliografia bera ia ahitzeraino ikertzea, azken buruan, entsegua izateaz gain, ikas eta kontsulta eskuliburua ere delako, ez baititu alferrik jomugan jarri Itzulpengintza eta Interpretazioko nahiz Filologiako ikasleak, hartzaile nagusitzat jarri ere. Itzulpen ikasketa eta ikerketek azken urteetan eginiko ekarpenak biltzeaz gain, liburuak gorazarre egiten ere die alor horretan lan edo ikerketa gogoangarriak egin dituztenei.
Gai nagusia, itxuraz, erraz eta bakuna: itzulpenen bidez aztertzea Espainiako hizkuntzaren eta literaturaren historia. Baina, begi bistan dago, nekea handiagoa da itxura batean eman lezakeena baino. Zeri eta aurkibideari begiratu besterik ez dago. Nolatan gertatuko da lantegi erraza honako gai hauek jorratzen dituen lan bat?
- Itzulpena Espainiako literatura historian: nola agertu ziren itzulpen jarduera eta teoria. Itzulpengintzaren jomuga eta kulturazko ingurunea.
- Erdi Aroa: garai hartako hizkuntza eta literatura. Toledoko Itzultzaile Eskola eta haren aurrekariak. XIII. mendeko itzulpengintza. Espainiako itzulpena XIV. mendean. XV. mendea: Aurrehumanismoa, hizkuntza klasikoak eta herri hizkuntzak.
- Urrezko Mendeak: hizkuntza eta literatura, Pizkundeko Humanismoa eta itzulpena. XVII. mendeko itzulpena.
- XVIII. mendea: hizkuntza eta literatura. Teoria linguistikoak eta itzulpena. Hemezortzigarreneko literatura eta itzulpena.
- XIX. mendea: hizkuntza eta literatura. Erromantizismoko itzulpena. XIX. mendearen bigarren erdialdeko itzulpenak.
- XX. mendea: hizkuntza eta literatura. Itzulpenak Modernismotik 1939. urtea arte. XX. mendearen bigarren erdialdetik XXI. mendeko lehen hamarkadetara.
- XX. mendeko itzulpengintzaren gaineko gogoetak.
- Eta, jakina, itzultzaileen eta itzulitako egileen aurkibide onomastiko bana.
Kontakizun moduan ere irakur liteke, dena dela, entsegu denez gero, azken batean literatur itzulpena Espainian zer izan den azaltzen du eta, entziklopedia izateko asmorik gabe. Mamian, beste edozein literatur historiatan legez, itzulpena gaztelaniaz nola agertu, garatu eta hedatu zen aztertzen du liburuak, eta, zertan esanik ez, ibilbide diakroniko bat egiten du (finean, gaztelaniaren eta beste hizkuntzen arteko harremana aztertzen du, literaturaren esparruan, batez ere). Egilearen arabera, Espainiako Itzulpengintzaren Historia paratzean, ezin gera daiteke ikertzailea lanak eta egileak zerrendatze hutsean edo itzultzaileen jardueraren inguruko adierazpenetan.
Itzulpenak, ezinbestean, esku hartu behar du hura aplikatzen duten hizkuntzen eta literaturen gaineko jakiunde historikoan. Astakeria galanta lirudike lan itzulia askatzeak edo bereizteak, hain suertez, hartzaile dituzten hizkuntzaren eta literaturen historiatik. Izan ere, itzulpengintzaren gaineko gogoetak eta garai batean itzulitako lanak edo harako itzultzailearen obra aztertzen dituztenek ez dute begi bistatik galdu ohi kultura hartzailearen egoera, ez eta dena delako itzulpen literarioak eragin dezakeena ere. Lan itzulia jatorrizkoaren kontrapuntua da, eta beste testualtasun batetik jarriko du kolokan. Itzultzaileak literatura egin beharko du, aldaezina dena beste lur batera aldatuko badu.
Dena dela, egilearen arabera, itzulpenaz jardutean, erran komun asko ibiltzen dira bazterrik bazter, eta horrexek bihurtzen du zailago, hain zuzen ere, ikerlan historikoak kale ez egitea. Gogoeta, ohar edo iruzkin ez gutxi itzulpengintzan jardutearen ondorio huts dira (edo izan dira). Ezin, beraz, kategoriatzat jo edo formulazio estetiko nahiz itzulpen lege bihurtu. Ez bide dago, noski, itzulpengintza ikertzeko modu legitimo bakarrik. Menturaz, itzulpengintza aztertzeko erarik egokienetako bat izan daiteke hura literaturaren eta linguistikaren historiaren osagaitzat jotzea. Eta duela gutxi hasi dira azterketa mota hori kontsideratzen begirakune hori harroin.
Testu handi eta klasikorik ez dugu itzulpengintzaren gainean, beste alor zenbaitetan direnen parekorik ez, bederik, nahiz eta horrek ez duen eragotzi itzulpenaren historia kontatu beharra sortzerik. Batez ere, gaztelaniari dagokionez, XVIII. mendetik aurrera. Jakina, gauza bat da Penintsulako itzulpengintzaren historia egitea eta beste bat, zeharo bestelakoa, gaztelaniarako itzulpengintzak historian izan duen bilakaera zedarritzea. XVIII. mendean Juan Plablo Forner-ek esan zuen moduan, «itzultzearen kontu hau ez da paper inprimatuaren trafikatzaileentzako lanbidea (…) Idazlan bat itzultzea idazki horren izatea gorabehera ñimiñoeneraino adieraztean datza. Eta nolatan jardungo du horretan senik ez duenak, ez jada kopiatzeko, eskukatzen dituen edertasunak hautemateko ere?». Ezin hobeto jasotzen du Ilustrazioaren garaiko pentsamendu bat: literaturaren eta hizkuntzaren historia idatziko adierazpen guztien argitan ulertu beharra, arreta berezia emanda, aurki, itzulpenari. Azken buruan, itzulpengintzak handitasuna eransten dio «umezaroa ozta-ozta gainditzen hasitako» hizkuntza bati. Bide horretatik jo zuen XX. mendeko Itzulpengintzaren Historian bidegile Valentín García Yebrak: itzulpengintza «norberaren berbetaren aberasbidea da».
Hortaz, egileak dioen moduan, XVIII. mendearen erdialdetik egon da pil-pilean gaztelaniazko itzulpenaren historia jasotzeko beharrizana. Hiztegiz edo entziklopediaz janzten ahalegindu ziren ikertzaile batzuk itzulpengintzaren historiaren hasi-masiak. Aipagarri dira, ezin ukatu, Juan Antonio Pellicer y Saforcada-k eta Marcelino Menéndez Pelayo-k XVIII. eta XIX. mendeen artean ereindako haziak.
XX. mendean, bai filologiaren bai itzulpenaren inguruko ikerlan historikoak arduratu dira, hain suertez, egileak edo bertsioak aztertzeaz nahiz itzulpenak konparatzeaz, sinkroniatik nahiz diakroniatik.
Entsegu hau aurreko erraldoien sorbaldetan dabilela paratu du J.F. Ruiz Casanovak, modu sistematiko eta laburrean itzulpenak gaztelaniari zer eman dion aurkeztu guran. Ezer izatekotan, zirriborro, hasi-masi halako bat da, ez behin betiko «historia» (alea den handia eta mardula izanda ere). Gidalerrotzat darabil Humanismoaren irakaspen bat: itzulpena kultura baten kontzientzia linguistiko eta literarioaren osagaitzat eta harrointzat jotzea.
Ruiz Casanovak «Azken orria» izeneko atalean dioenez, Pérez-Riojaren aipu bat gomutara ekarrita, «zeinahi itzulpen onen arazo askagaitza zera da: zaharkitzera kondenatuta egotea». Dena dela, Casanovaren iritziz, zer hoberik mintzagai darabilgun liburu baterako adinean sartzea, denboran dagokion ibilbide osoa bururatzea baino!
El fill del corrector / Arre, arre, corrector. Adrià Pujol Cruells, Rubén Martín Giráldez. Hurtado & Ortega Editores, 2018
Liburu bateko kredituetan, izenburuaren azpian, «Bella infiel en castellano de Rubén Martín Giráldez» agertzen bada, ez da buru apurra lar nekatu behar ondorioztatzeko ele biko liburu hau ez dela izango oso ohikoa (bidenabar, menturaz, itzulpen guztiek ez ote lukete iragarki hori eroan beharko lagun edo bidaide?). Eta ez da usantzakoa ez literatur lan modura, ez entsegu gisan, ez itzulpen moldera, ez eta zuzenketa manerara. Ederra da infidela delako, eta infidela, ederra delako. Argitaratzaileek sarreran diotenez, itzulpen bat agindu eta, ordainez, opari bat jaso zuten. Steinerrek idatzi zuenaren arabera, egile burutsu batengandik eta itzultzaile txolindu batengandik etekin eskasa lortuko bide du irakurleak. Halere, pozarren eman dute argitara work in progress edo artifakt berezi hau, mugarri historiko hau, irakurgai estrabiko modura, guztia ezer ez balitz bezala, testu elebidun bat argitaratu dute-eta, katalanez eta gaztelaniaz. Giráldez itzultzaile infidelak dioenez, testu bat ez da itzulgarri bik hala gura ez badute. Gauza doilorra izaten (omen) da itzultzea, beti, eta hartan dihardutenek puntu bat zikoizkeria eta puntu bat entelegurik eza bide dute. Eskuzabalek mespretxua ei diote langintza horri. Iriarteren alegia ezagunak dioenez, «batzuek dituzte itzultzen lan famadunak / eta burruntzia bihurtzen ezpatak; / bestetzuek txarrenak itzultzen, / eta ezpatatzat burruntziak saltzen». (xliii. alegia, «Ezpata eta burruntzia»).
Itzultzaile infidelak «aurkezpentxo»an bere burua defendatzearren dionenaren arabera, infideltasunean bi alde izan ditu: jatorrizkoak behar zuen edertasun maila ematerik ez lortzea eta, kontrakotik, testuak beharra omen zuen zatietan, ardura eta grina eranstea. Nolatan ez izan infidela, Adría Pujol-en testuak gordinkeriarekin maite jolasetan badihardu, espiritu galaia baino areago burlatia baldin badu? Itzultzaile infidelak lotsarik gabe aitortzen duenez, pasarterik uherrenak leuntzen eta soberakinak kentzen ahalegindu da, iritziak gortzeaz batera, jakinduriari dipsepsia kenduta. Zertan esanik ez, jatorrizkoa aldatzea dakar horrek, hizkuntza batean atsegin dena, menturaz, ez baita berdin atsegin gertatuko beste hizkuntzan. Hortaz, ez die zehatz-mehatz heltzen idazle katalanaren hitz eta pentsamenduei; bai, ordea, haren xedeari (ustez), irakurle hartzailearen gustura egokituta. Bestela esanda, «ez dut hainbeste errespetatu Pujol Cruells-ek idatzia, eskribitu beharko zuena baizik, eta ez hainbestean idatzi duen moduan, zentzu komunaren eta dotoreziaren arabera idaztea komeni zen gisara». Aitor du liburukoa ez dela itzulpen bat, berez itzulpen ariketa bat baino hobea den arren. Infidela ez litzateke ausartuko «itzulpen» bataiatzera lan hau. Azken buruan, baliokidetzaren idealak eta itzulpen «galerarenak» bost axola diote. Eta zer esango modulazio estilistikoaz, modulazio erretorikoaz, enfasia aldatzeaz, metaforak egokitzeaz, konpentsazioaz, funtzio semantikoak ordezkatzeaz…? Pitz inporta; itzultzaile infidel honen aburuz, itzulpenak beti gorde behar du zer edo zer jatorrizkotik, bestela, lan eskerga, handiegia, litzatekeelako guztiz aldentzea egilearen nortasunetik.
Baina itzulpenak zintzotasuna ere eskatzen dio itzultzaile (infidel)ari, alde batera utzi behar baitu barreiadurari dagokiona, paperean forma materiarik gabe jartzerik ez dagoenez gero, bata bestearen ordez ezarri behar baitu, nahiz eta gauza asko bikain pentsaturik eta esanik egon. Eder infidelik ospetsuena (Perrot d’Ablancourt) Luzianoren letratik desbideratu zen egile haren grazia ekartzearren, itxuran infidela izan zen, substantziari fidela izateagatik. Rubének dioenez, «Zergatik ez naiz drogaz mintzatuko, drogazale izan gabe, hartaz txoriaren antzera mintzo banaiz? Ezbairik gabe —infidelarekin bat etorri beharrean gaude, jakina—, ez zait honelako nekagarri gertatzen nire inspirazioz, nire etorriz, idaztea nola beste egile bat transkribatzea».
Zenbaitetan, ahokada bete jabego intelektual hartu eta leihotik bota du; bestetan, bere kolkotik asmatu ditu adabakiak, lasai eta dotore asko. «Irakurlearen agudotasun ilunaren esku uzten dut alderatze lana». Bestela adierazita, «bakezko aiztoa hobe ehiza bandera bainoago».
Horrelako itzultzaile batek, dena dela, bere neurriko zapata du aita Plaren zuzentzaile zuen egile batengan. Zehaztasunaren izenean, zuzentzaile, adiskide, deboziotsu eta, lantzean behin, txofer ere izan zen Jordi, Adrià Pujolen aita. Plaren literatura eta bizitza aitaren galbahetik pasatuta jaso ditu idazleak, eta hori guztia eman beharrean egoten da itzultzaile infidela, Adriàk Katalunian eta katalanez idazteaz eta zuzentzeaz diharduenean. Oharren bidez, elkarrizketan aritzen dira itzultzailea eta egilea, bizirik dauden egilearen eta itzultzailearen artean gutxitan gertatzen den baina maizago gertatu behar lukeen solasaldi liluragarri batean. Horixe da, gainera, liburu honek duen berezitasunetako bat, hain suertez. Bitxi hutsak dira (berbaren bi adieretan), zenbateraino eta, esate baterako, egileak, halako batean, itzultzaileari Lladó-ren La paraula revessa. Estudi sobre la traducció dels joc de mots liburua ezagutuko duelakoan adieraztera heltzeraino. Beste egile ohar batean, itzultzailea erne-erne dagoela aitortzen du egileak, jatorrizkoaren asmoa ezin hobeto jaso duelako. Orripeko oharretan eztabaida filologikoak ere izaten dituzte; adibidez, Montaigneren lettreferit berbaren esanguraz, ea egungo katalanean berbak sasijakitunaren adiera ironikoari eusten ote dion eta abar. Edo Joyceren Ulises liburuko Itaka deritzon 17. kapituluan agertzen den latin jatorriko irruent eleaz (gaztelaniazko itzulpen batean, irruente eta beste batean impetuosa emana): Adriáren arabera, El fill del corrector liburuan irruents nahita idatzita dago, omenaldi moduan, bortitza adierazteko. Katalanezko Ulissesen, menys irruent agertzen da, bidenabar esanda.
Beste ohar batean, egileak itzultzaileari leporatzen dio ausardia gehiegizko bat: idazleak blog batean idatzitako testu bat ohar batera itzuli eta eraman izana… iturria aipatu barik! Honela diotso: «Azken batean, ulertzen dut kortesia hori alde batera utzi izana; destajuan lan egiten duzu, eta bizi beharrean zaude».
Dena dela, ez bat ez bi, itzultzailea ere ez da batere lotsatzen ohar batean hau adieraztean: «Ezabatu egin dut paragrafo hori, deprimigarritzat eta ganorabakotzat jo dudalako. Berriro heldu diot perpausari benetan axola zaigun zatian, aitaren literaturazko elikagaian». Zalantzarik ez; esan bezala, elkarrenak dira. Egilearen oharrak, itzultzailearen oharrak eta… baita argitaratzaileen oharrak ere!, paragrafoak ezabatzeri gagozkiola, bederik: «Paragrafo osoari eutsi diogu, mamitsu eta hazkurritsu delako, baina katalanez baino ez, logura dela kausa».
Ezin iruzkin hau behar bezala paratu idazlearen ohar ironiko (baina «berdadero») bat lerrotara ekartzeke: «Nire liburua itzuli du berorrek. Bestela esanda, irakurleak ene liburuaren berorren itzulpena erosi du. Berorren beste lantxoen gainean berba egin beharrean badago (oharraren luzeak hala erakusten du, eta zenbakiek (64-66) ere agerian jartzen dute berorrek, itzuli baino, oharrak egiten dituela), beharbada hau ez da horretarako lekurik egokiena».
Zer dugu liburuan, hortaz? Hizkuntza literarioen arteko elkarrizketa bat, literatura unibertsaletik umorez beterik eginiko txango bat. Bai eta narrazioari, itzulpengintzari eta zuzenketari berei buruzko gogoeta bat ere. Solasaldi bat, narrazioaren edo itzulpenaren beraren ideiaren gainean. Eleberritzat ere har liteke lana, plazer badu irakurleak (atzeko azaleko oharraren arabera, «Lehenengo eleberri katalan ona. Katalana balitz»).
Liburuak badu gibel solas muindun bat, Antoni Martí Monterde-rena. «Gaueko gibel solas bat. Gibel solasen gibel solas baterako gibel solas bat, idaztean “gibeleptiko” utzi gaituena». Hartan dioenez, Zuzentzailearen semea edo Itzultzailearen semea (ezabatu beharrezko ez dena), gibel solasaren aurretik doan liburu hori, Liburu irakurtezinen historia unibertsal handiaren 2. kapituluan dagoke. Irudika genezake aitzinsolasez eginiko liburu bat? Alegia, bere buruari hastea galarazten dion liburu bat, noiz arte eta azken aitzinsolasean «Azken aitzinsolasa: eleberri hau idatzi nahi duenari» idatzi arte? Gogora dakar ohar batean egileak honela diotsola itzultzaileari: «Jabe gaitezen itzulpenaren laugarren pareta izenda genezakeena birrindu duzula». Eta aipatuaren erantzuna: «Kaka zaharra!». Martí-ren begi zolia konturatu da liburuan orripeko laugarren ohar mota ere agertzen dela liburu sailkaezin honetan: N. del P. deritzon bat, katalanez idatzia, bere burua autodidaktaz bataiatzen duen batek nahiz idazlea nahiz itzultzailea zoriontzeko egina, oso modu dibertigarrian aritzeagatik. Pazientziaren P-a ote?
Zer gelditu da liburuan Pla ondoren baina Plarengandik abiatu barik idazten saiatzen den Empordàko narratzaile batengandik? Zer, lan autobiografiko samar hori itzultzen ahalegintzen den itzultzailearengandik? Zer, oso fidagarri ez den narratzaile batek modu lausoan gomutara ekarritako Pla «zuzendu» batengandik —beste ahots batzuek etengabe etendako narratzailea da, bestalde, aita (zuzentzailea) hiltzen duen narratzaile bat, aitari eskuizkribuak erakusteari uzten baitzion halako batean, editoreei edo hedabideei bidali aurretik—?
Katalanez eta gaztelaniaz batera eta eztabaida antzutik erditutako (eta itzulitako) liburu bat. Gogoeta bat, itzulpen barruko narrazioaren ideiaz, itzultzaileak defentsa legitimoz idatzitako paragrafoekin.
Azken buruan, gauza jakina da itzultzaileak sablea irenstearen planta besterik ez duela egiten… trikimailua errepikatu nahi badu, ezpabere.