In memoriam: Iñaki Beristain eta Andoni Lekuona
EIZIEko bi bazkide hil ziren 2017an: Iñaki Beristain (1947-2017) eta Andoni Lekuona (1932-2017). Ohorezko bazkide izendatuak zituen elkarteak aspaldidanik biak, euskal itzulpengintzaren garai zailagoetan eginiko lan eskerga ohorez eta ospez saritu nahian, besterik ezean. Iñaki Beristainek erlijioaren inguruko testuak itzuli zituen, batez ere. Andoni Lekuona, berriz, atzerriko poemak eta kantak euskarara ekarri izateagatik da aipatzekoa, denetarik itzuli bazuen ere.
Iñaki Beristain (1947-2017)
Apaiztu ondoren, 1967tik Arantzazuko Santutegian egon zen. Erakunde horren bozeramaile aritu zen luzaro. Besteak beste, Arantzazu aldizkariaren zuzendari ere izan zen, eta EiTBko Egi bidean saioaren arduraduna, 1988tik.
Gaztetatik hasi zen euskaraz sortzen. Erriberrin (Nafarroa) zela, Gure izarra aldizkarian jardun zuen, eta, ondoren, Jakin aldizkarian ere. 1968an, euskara batuari buruzko biltzarra egin zenean, hantxe izan zen Beristain.
Itzulpengintzan ere lan handia egina da, bai frantziskotar ordena barruan bai euskal elizbarrutietan. Lan hori aitortze aldera, hain suertez, izendatu zuen EIZIEk ohorezko bazkide, 2002an.
Zendutako bazkidea omentzeko modurik onena, honako honetan, ez da hark itzulitako testu bat, baizik eta hil baino hilabete arinago bere blogean idatzi zuen sarrera bat, harreman estu-estua baitu heriotzarekin.
Garizumako 5. igandea: Bizi egin nahi1
‘A’ txandako irakurgaietan, emakume samariarrarenaren eta jaiotzez itsuarenaren pasadizoen ostean, Lazaroren berpiztearena datorkigu. Eta gordintasun gorrienarekin, heriotzaren aurrean jartzen gaitu gertaerak. Inork alde batera utzi ezingo duen esperientziaren aurrean jartzen gaitu. Hil egin behar da, eta hori gogorra da. Hil egin behar dut, eta hori gogorragoa da.
Gaurko gure kulturak ez dio heriotzari erreparatu nahi. Gizakiari ez dagokion estropezu bezala ikusten dugu, ustegabeko istripu. Hori gertatzean, ahalik eta azkarren ezkutatu eta, inolaz ahal balitz, ahaztu. Ez du heriotzaz hitz egin nahi. Sekula gertatuko ez balitzaigu bezala bizi nahi dugu. Inoiz hil behar ez bagenu bezala edo betirakoak izango bagina bezala. Hori geure burua engainatzea izango da, baina zer egingo da ba? Bizi nahi baldin badugu, heriotza ahaztu beharra daukagu. Sufritu ezina gertatuko litzaiguke heriotzaren argitan bizi beharra.
Baina, heriotza gure ondoan dabil «kortejatzen». Gaixoaldiak bere erasana erakusten duenean, argi gorri guztiak pizten zaizkigu. Larria ote da, arina ote da? Analisiak egin eta emaitzak ezagutu bitarteko txangoa ez da batere gozoa izaten. Orduan jartzen gara pentsatzen beharbada oso hauskorrak garela, hari batetik gaudela zintzilik, ez daukagula inolako segurtasunik. Eta orduan jakiten du batek zer nolako gogoa daukagu bizitzeko. Ez dugun hil nahi eta bizi egin nahi dugu.
Gaixoaldia arina dela? Sabeletik arnasa hartu eta aurrera egin dezakezu: zeure proiektuak, zeure ilusioak, zeure ametsak… Kasu horretan amets gaizto bat besterik ez da izan. Baina eta gaixotasuna larria baldin bada, zure hori minbizia baldin bada? Orduan dena gainera erortzen zaigu pisu astunez eta geure barruko galdera guztiak azaleratzen zaizkigu: zergatik?, zergatik niri?, zergatik orain?, ez al dago ezer egiterik?, hil egin behar al dut?, eta nire ondokoak zer?
Esperientzia horrela da, astuna bezain ziurra. Berdin da kultura batekoa edo bestekoa izan, fede batekoa edo bestekoa izan. Gaur ez bada bihar, hil beharra! Ez dago ihes egiterik! Eta horraino iristen dira gure hitzak eta jardunak. Heriotzaren aurrean hitz guztiak hutsak dira. Aholkuak gorrotagarriak akaso. Hitza hustu egiten da. Zer egin daiteke orduan? Zer da orduan egiteko egokia? Zeri heldu?
Jesusek, bere adiskide Lazaro hil zela eta haren arreben mina sumatu zuenean, «negarrari eman zion». Juduek ere antzeman zioten asko maite zuela, negarrez ikusi zutenean. Heriotzak pena ematen du, samina sortzen du, heldulekurik gabe uzten zaitu. Eta barrua lehertu egiten da. Ezinaren ezinean negar bihurtzen zaizkigu sentimenduak. Eta, noski, heriotzaren aurrean negar egitea libre da eta normala da. Jesus berak ere nekez ulertzen zuen, Jainkoaren asmoen eta hil beharraren artean zegoen tarte handi-zabala. Jainkoaren asmoa ez zen gizakia hiltzea!
Baina, Jesus ez da negarretan geratzen. «Gaixotasun hau ez da heriotzean bukatuko». Jesusek bere uste ona erakusten du. Jesusek badaki Jainkoak gizakiaren bizia nahi duela, beste edozeren gainetik. Jainkoak ezin duela onez eraman gizakiaren heriotza. Denok hil behar dugu; Jesusek ere bazekien laster gurutzean hil beharko zuela. Baina Jesusen konfiantzak argi ikusten du Jainkoaren bizi-dohaina heriotza baino indartsuagoa dela, eta heriotzari nagusituko zaiola betiko.
Hori geure esperientziara ekarri, eta hor dago errealitatea: egunen batean heriotzak gure etxeko aldaba joko du. Ez da atzera- bueltarik egongo. Oso gogorra izango da une hura. Ezinaren garrasi bihurtuko da dena. Baina, Jesusengan sinesten duenak edukiko du zeri heldua, eta Jainkoaren dohainari helduko dio gerri-gerritik. «Gaixotasun hau ez da heriotzean amaituko». Jainkoak bizia maite baitu. Eta guk bizi egin nahi!
Andoni Lekuona (1932-2017)
Parisen soziologia ikasketak egin zituen. Luzaro, Zeruko Argia aldizkarian idatzi zuen. Soziologoa izan arren, artea etxean bertan ezagutu zuen: Julen, anaia, kantautorea zen; Juan Mari, berriz, poeta, eta osaba Don Manuel idazle emankorra. Hortaz, harengan ere piztua izan zen arte joera. Era askotako kantuak itzuli zituen Andoni Lekuonak, eta beti begiratzen zuen kanpora euskaratzeko kantuak aukeratzeko orduan.
Andoni Lekuona aurrez aurre izan nuen EIZIEk Juan Mari Lekuona omentzeko Oiartzunen antolatu zuen ekitaldi batean. Juan Marik itzulitako poema liburu bat izan zen aitzakia, hain suertez: Clara Janésen Enblemak (EIZIE, 2010). Eguna gogoangarriago bihurtu zuen Xabier Lete gau hartan bertan zendu zela jakiteak, ekitaldiaren berri ba omen zuelako. Segidan eskaintzen dugun poemaz hitz egin zidan Andonik, hura itzuli zuen garaiaz, euskal musikaz, itzulpengintzaz, poesiaz… Hortaz, hona hemen hitzaldi hartan berberak maitasun berezi halako batez aipatu zidanetako bat, Imanol Lartzabalek kantatu2 eta Andoni Lekuonak itzulitako poema hau3, ikus-entzunezko omenaldi moduan.
Hitzak: Andoni Lekuona
Musika: Jean Ferrat
Errepika:
Zer naiz ni zu gabe,
maitasun nerea?
Zer naiz ni zu gabe?
Zurezko bihotza;
geldirik dagoen
erlojo tristea.
Zer naiz ni zu gabe?
Ikara ta otza!
koplak:
1 Zugandik dakit nik
mundua maitatzen
ta guztia dakus
gaur zure argitan.
Horla iturrian
ura da xagutzen;
zeruko izarrak
pozez irakurtzen;
oihuka erantzun
oihuei menditan.
Zugandik dakit nik
bizitzen pozetan.
2 Zugandik dakit nik
ta daukat barruan:
eguardiz dela egun,
urdiña zerua;
poza ez dagola
taberna-zuloan.
Eskutik hartuaz
gaurko inpernuan,
agertu diazu
maitasun beroa,
agertu diazu
luzatuz eskua.
3 Zoriona aitatuz
maiz triste begiak.
Naiz besterikan ez,
malkotxo galdua;
Hitz bitan esan-da:
gitar-garrasiak.
Baina dizdiz daude
zorion-izpiak.
Aitortzen dizutet,
onartuz mundua,
ez dela amets hutsa
maitasun-kantua.
Poème de Louis Aragon
Refrain:
Que serais-je sans toi,
qui vins à ma rencontre.
Que serais-je sans toi,
qu’un coeur au bois dormant.
Que cette heure arrêtée
au cadran de la montre.
Que serais-je sans toi
que ce balbutiement
Couplets:
1 J’ai tout appris de toi
sur les choses humaines;
et j’ai vu désormais
le monde à ta façon.
J’ai tout appris de toi
comme on boit aux/
fontaines;
comme on lit dans le ciel
les étoiles lointaines;
comme au passant qui/
chante
on reprend sa chanson;
j’ai tout appris de toi
jusqu’au sens du frisson.
2 J’ai tout appris de toi
pour ce qui me/
concerne:
qu’il fait jour à midi,
qu’un ciel peut être
bleu;/
que le bonheur n’est
pas/
un quinquet de taverne.
Tu m’as pris par la main
dans cet enfer moderne,
où l’homme ne sait plus
ce que c’est qu’être
deux./
Tu m’as pris par la main
comme un amant/
heureux.
3 Qui parle de bonheur
a souvent les yeux tristes;
n’est-ce pas un sanglot
que la déconvenue.
Une corde brisée
aux doigts du guitariste.
Et pourtant je vous dis
que le bonheur existe;
Ailleurs que dans le rêve,
ailleurs que dans
les nues./
Terre, terre voici
ses rades inconnues.
1. http://iberistain.org/garizumako-5-igandea-bizi-egin-nahi/
2. "Zer naiz ni zu gabe" (Imanol)
3. Itzulpen Antologia III liburuan (EIZIE, 2002) argitaratu bezala ekarri dugu orriotara.