Editoriala
Karlos del Olmo

Duela gutxi zendu da Yves Bonnefoy poeta, irakaslea, saiakeragilea, itzultzailea… 93 urterekin egin du topo herioarekin, Entretiens sur la poésie saiakeraren egileak poema batean idatzi zuen moduan: «metafora guztiei ezetz diotsen heriotzarekin». Elkarrizketa batean adierazi zuenez, gizartea bera iraungiko da poesia desagertuz gero. Zalantza egin genezake poesiaz bezainbeste ez ote zen itzulpenaz ariko.

Aipaturiko liburu horretan, honako itaun hau egin zion bere buruari: «Itzul ote daiteke poema bat? Ez. Ezin ahantz daitezkeen kontraesan gehiegirekin egiten duzu topo, gauza larregi abandonatu behar duzu». Guztiarekin ere, Shakespeare: théâtre et poésie eman zuen argitara, besteak beste. Eta haren poemak hainbat hizkuntzatara eraman ere dituzte.

Yvesek zioenez, itzulpena elkarri trukatzea da. Nolatan ez bat etorri haren esanekin; alegia, ez dagoela itzultzailerik zirrara izan ez duenik birsortzen ari den pasartean une horretantxe bertantxe baliotsuen iruditzen zaion osagai horrek ihes egiten diolako: adjektibo baten ñabardura; hitz baten sonoritatea; itxuraz hutsaren hurrengo izan arren poeta –aurrenik– eta itzultzailea –gerokoan– hunkitu duen zerbait. Opari hori sakrifikatzea beharrezko ote zen galdetzen zion bere buruari. Horrelako sakrifizio bat onartu behar ote dugun. «Eta, hala balitz, jarraituko al genuke pentsatzen itzulpenaz hitz egiteak zentzua duela?».

Erantzun bat ere opari egin zigun poeta-itzultzaileak; alegia, hitzez azaldu zigun, argi eta garbi, itzultzaile guztiek noiz edo noiz sentitu dugun sentipen bat: frustrazio hori sentitu bezain laster, poesia itzultzaileak berriro sentitzen du itzultzeko desira bortitza.

Itzulpena poesia galtze bat izan daitekeela zioen, poesiaren ideiarentzako arrisku bat. Baina, gaineratzen zuenez, horren beharra biziagotzen duen zerbait izatearen zoria ere badu, bai eta gomutara ekartzearena ere bizitzeko eskubide duela, eta indar askatzailea ere badu, diskurtso kontzeptualak ia itoa duen mundu honetan. Itzulpena, ondorioz, testu bat baino gehiago da: topagune, bide adierazle dugu.

Zilegi bekigu haren irizkide izatea etorkizunean poesiaren eta itzulpenaren arteko harreman gero eta estuago bat ikusiko dugulakoan, itzulpen ekintzak eurak poema izango direlako, egun irudika ezin ditzakegun moduak ere alda balitzakete ekintzok.

Aipaturiko «ezin-ekinez-egin» hori ebazten laguntzen dute, aiko-maikorik gabe, ale honetara bildutako artikuluek, itzulpena, zeozer izanez gero, metafora hutsa delako.