Belaunaldi baten lekuko
Garazi Arrula

Josu Zabaletak jaso zuen iaz Espainiako Itzulpengintzako Sari Nazionala. Hala esan zuen: «Proposatutako izena neurea izan da, baina sariaren izana askoz jende gehiagorena da, belaunaldi oso batena». Zabaletaren eskaintza hari esker onez dator EIZIEren omenaldi hau.

Itzulpengintzaren alorrean egindako ibilbideagatik jaso zuen iaz Josu Zabaletak Espainiako Itzulpengintzako Sari Nazionala. Zehazki, «euskarazko itzulpengintzan aitzindaria» izateagatik eta bere lanean «hizkuntza literario eta poetikoa» sortu eta garatzeagatik eman zion saria Espainiako Kultura Ministerioak. Askok orduan entzunen zuten aurrenekoz itzultzaile legazpiarraren izena, baina gurean ongi ezaguna eta estimatua zen lehendik ere haren ekarpena. Euskal itzultzaile batek sari hori irabazten duen lehen aldia da, eta, beraz, hizkuntzaren eta euskal sistema itzuliaren aitortzatzat ere har daiteke. Hain zuzen, Zabaletak berak honela zioen sariaren harira egindako elkarrizketetako batean: «Proposatutako izena neurea izan da, baina sariaren izana askoz jende gehiagorena da, belaunaldi oso batena». Zabaletaren eskaintza hari esker onez dator EIZIEren omenaldi hau.

Gaur egun hirian bizi bada ere, Legazpiko baserri batean sortu zen Josu Zabaleta, 1948an. Hiru hizkuntzatan egiten zuten etxean: euskaraz, beren artean; latinez, Jainkoari; eta gaztelaniaz, madarikazioak esateko. Baina hiru hizkuntza horien kontzientziarik ez omen zuen Arantzazura ikastera joan zen arte. Lehen ikasketak frantziskotarrekin egin zituen, eta han hasi zen latina ikasten; «etxean erabilitakoarekin loturak egiten hasi nintzen, eta latina ikastea oso ongi etorri zitzaidan itzulpen mekanismoak neureganatzeko, egituraz hausnartzen ikasi bainuen». Lovainan eta Erroman jarraitu zituen ikasketak, eta filosofian lizentziatu zen.

Nahi gabe ekin zion itzultzeari, bere inguruan ikusten zuen beharrari erantzunez. «Itzulpena behar baten ondorio da beti. Nire belaunaldiak buelta eman zion horri, nire belaunaldia itzultzaileen belaunaldia da. Hizkuntzaren normalizazioak autoitzulpena dakar nahitaez, eta guk geure mezuak eta besteenak itzultzen genituen. Horrela sortu da beharrei egokitutako hizkuntza bat». Haren gazte garaian (gaur egun ere, leku askotan) erdaraz mintzo baitziren herritarrak, eta bizitza sozial hori euskarak irabazi behar izan du, euskaldunek. Batzuek kontzienteki eta bestetzuek inkontzienteki eginen zuten (auto)itzulpen lan hori, eta, akaso, horren kontzientzia handiena itzultzaile profesionalek izan dute.

Ereduen bila, ereduak sortzen

Hordago argitaletxea sortu zuen Zabaletak 1970eko hamarkadan. Orduan ikastolak zabaltzen ari ziren, umeentzako literatura sustatzeko premia ikusi zuten, eta hala egin zuten Tximista sailarekin. Ordurako itzulpen txiki batzuk eginak zituen, eta irakasle ere aritua zen. Nahitaez ekin zion, bada, betiko galderaren erantzun bila: zer itzulpen-ereduri jarraitu behar diogu? «Orixeren figura gutxietsita zegoen orduantxe, les belles infidèles-en joerari jarraitzen baitzion»; alegia, Orixek gizarte euskaldunarentzako egokitzen zituen testuak, aldatzen, luzatzen, mozten. «Baziren beste eredu batzuk: Plazido Mujika eta Olabide. Azken horrek Biblia osoa itzuli zuen; hitz bat bera ere ez zuen sortu, baina, horretarako, euskalkien mazedonia bat egin zuen». Zabaleta klasikoak irakurtzen hasi zen, beraz, jarraitu beharreko ereduaren bila. Haren hastapenetan arazo edo gabezia zen hura egun ere badela uste du: «purismoa dago oraindik eta horrek hizkuntzaren autonomia murrizten du. Aspalditik zetorren problema horrekin topo egin genuen guk; batetik purismoaren aldeko jarrera zegoen, eta bestetik kontrakoa. Ez zegoen erdibiderik».

Ereduen bilaketa horren erdian sortu zuten Martuteneko Itzultzaile Eskola. Bereziki Juan San Martin eta Xabier Mendiguren aritu ziren sortze lanean, Euskaltzaindiaren bitartez. Zabaletari deitu zioten irakasle aritzeko, klasikoak kaleratuak zituelako eta horretan ibilia zelako. Baina ez zen bide erraza izan: itzultzaileak prestatzeko gidalibururik ez zegoen; beraz, esperimentatu behar izan zuten. «Ez zegoen traduktologiarik orduan, guk bost liburu eta aldizkariren bat baizik ez genuen aurkitu». Senez bera gabezia eta behar horren ondorioz sortu zuten. Euskal literaturan eredu gutxi sortu direla entzun diogu Zabaletari, beraz, ez zuten lan makala izan. Boligrafoa eta papera besterik ez zuten itzulpengintzan zebiltzanek, eta Plazido Mujikaren hiztegia. Itzultzaileek hiztegiak eskatzen zituzten, «baina ez dut uste hori zenik beharrezkoena (ezta gaur egun ere), baizik eta hizkuntza ereduak, diskurtsoa falta da». Hala ere, hiztegigintzan ere aritu zen Zabaleta hainbat urtetan, Iñaki Mujikak hala eskatuta; Lur Hiztegi Entziklopedikoaren eta Lur Entziklopedia Tematikoaren zuzendaritzan ibili zen. «Lur Hiztegi Entziklopedikoaren zuzendari lanetan ibili nintzenean, zuzentzaile zorrotzak genituen, Ibon Sarasola eta Pello Salaburu esaterako, eta eskerrak horri. «Nork idatzi du hau? Esto es más español que un botijo esaten ziguten». Izan ere, bakarkako jardunaren etiketa kendu, eta itzulpenari talde izaera ematen dio legazpiarrak, bakarrik lan egiten duen itzultzaileak geroz eta itzulpen kaxkarragoak eginen dituela esateraino. Hiztegigintzan igarotako urteak zailak izan zirela esan izan du Zabaletak: «Urte asko izan ziren, ikastaldi gogorra, baina hori ez zen itzultzea».

Gogoko lekuan, aldapa da lautzen

Dibulgazio testuak eta testu teknikoak euskaratu ditu Zabaletak, baita telebistarako dokumental ugari ere. «Nik literatur itzulpena maite dut benetan, baina bizi ere bizi behar da, eta literatur itzulpenaz ezin da bizi». Jakina denez, irakaskuntzan dabiltza aisialdian literatura itzultzen duten itzultzaile asko, baina Zabaletak itzultzaile profesionala izatea erabaki zuen, nahiz eta lan-orduetatik kanpo berdin-berdin egiten zituen itzulpenak. Bere ustez ez dugu oraindik lortu itzulpenak literatur sisteman txertatzea, «baina ez gaude hasierako egoera berean». Batzuetan, oin-oharren bidez-eta pedagogia egiten jarraitzen dugula uste du, baina horri ere buelta ematen ari zaiola. «Adibidez, Literatura Unibertsala bildumarik ez legoke hartzailerik ez balego». Irakurleen erresistentzia sumatzen du oraindik ere, ordea: «Literatura, euskal literatura eta itzulpena bereizten duenik bada». Zabaletaren iritziz, problema da erdara hartzen dela beti jatorrizkotzat. Eta horren aurrean, sortzen eta itzultzen jarraitu besterik ez dugu, kopurua loditu, ereduei begiratu eta masa kritikoa bultzatu. Hamaika dira hari esker euskaraz irakurri ditugun testuak eta autoreak, besteak beste, M. Twain, A. Daudet, G. Chesterton, P-P. Pasolini, A. Saint-Exupéry, L. Pirandello, P. Baroja, M. Yourcenar, A. Longo, J. Machado de Assis, K. Popper, D. Buzzati eta S. Hessel. Bi aldiz jaso du Euskadiko Itzulpenaren Saria: Guy de Maupassanten Fantasiazko ipuinak (2001) eta Gesualdo Buffallinoren Gaueko gezurrak (2008) itzulpenekin, biak ala biak Literatura Unibertsala bildumakoak. Zabaleta gaur egun jubilatuta dago, baina ez dio literatur itzulpenak egiteari eta hizkuntzak ikasteari utzi.

Aipamen berezia merezi du, nola ez, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartean egindako lanak, sortze prozesuan parte hartu baitzuen, kezka bertsua zuten beste hamaika aitzindarirekin batera. Arestian esan bezala, Senez aldizkariaren lehenengo urratsetan ere parte hartu zuen, eta zuzendari lanetan ibili zen zenbait urtez; «Sortu genuenean Espainiako aldizkariei bost buelta ematen zizkien. Zergatik? Egunerokoan aurre egin behar genien arazoak aurkezten genituelako bertan. Ongi planteatutako arazo bat ondasuna da. Eta guk arazo formako ondasun ederra genuen».

Zabaletaren ustez, itzultzailearen betebeharra ez da merituak egitea, itzulpen on bat egitea baizik, horretarako baliabideak erabiltzen jakitea eta horiek erabiltzea; ongi baitakigu zer abila den bera teknologia kontuetan. Zabaleta noizbait hizketan entzun duenak hizkuntzari dion txera sumatuko zuen berehala. Joko bat bezalakoa baita berarentzat, arakatze bat, piezak bere lekuan jarri arteko bide gorabeheratsua. Abiadura mantsoko oztopo lasterketa laketgarria. Eta horretarako trebakuntza behar da, noski. «Itzuli, itzuli, irakurri, irakurri, besterik ez dago». Itzultzaileak irakurle ona izan behar baitu: «Ez dago bi irakurketa berdin, baina itzultzaileak testuaren irakurketa ahalik eta osoena egin behar du, eta gero hori ematen saiatu». Bi gauza behar direla entzun izan diogu: gaizki dagoen horrentzako erresistentzia (begirada edo belarri kritikoa) eta etorria (ez idatzi burura etortzen zaizun lehena). Eta, azkenik, «kadentzia lortzeko metodologia garatu behar da, gero hori lantzeko». Badago horietan trebatzerik, eta ziur gaude aurrerantzean ere hala egiten jarraituko duela legazpiarrak, irakurle guztion atseginerako. Izan ere, ez dago existitzen ez dena baino itzulpen okerragorik.