Euskara-finlandiera hiztegiaren sorrera: taldean egindako hiztegia
Joseba Ossa

Artikulu honetan, euskara-finlandiera hiztegia nola sortu zen eta zer prozesu izan duen kontatzen da. Halaber, bi hizkuntzen ezaugarri orokorrak aipatzen dira, eta zer antzekotasun gutxi dituzten. ''Suomitar, Euskal Herria-Finlandia'' kultur elkarteak argitaratu du hiztegia.

Suomiera edo finlandierari buruzko hitz bi

Hiztegiaren sorkuntza prozesuari ekin aurretik, egoki dirudi bi hitz esatea suomiera edo finlandierari buruz.

Hasteko, suomi da finlandiarren “autoglotonimoa”, hau da, beren burua izendatzeko erabiltzen duten hitza, bai herrialdea izendatzeko (Suomi = Finlandia), baita hizkuntza ere (suomi = finlandiera). Beraz, artikulu honetan biak erabiliko ditugu, sinonimo gisa.

Suomiera eta euskarari buruz, bestetik, zera esan daiteke: elkarrengandik oso urruti egon arren, badute bi hizkuntzok hurbiltzen dituen zerbait: Europako Mendebaldeko hizkuntza ez-indoeuropar bakarrak izatea. Edo zehazkiago esanda, euskara eta hizkuntza fino-ugriarrak dira kategoria horretan sar ditzakegun hizkuntza bakarrak. Izan ere, suomiera hizkuntza talde fino-ugriarreko kide baita.

Hizkuntza fino-ugriarrak, hizkuntza uralikoen adarretako bat

Hizkuntza uralikoak bi adar nagusitan banatzen dira: samoyedo hizkuntzak eta hizkuntza fino-ugriarrak. Eta, hain zuzen ere, bigarren talde honetako kide dugu finlandiera.

Hizkuntza talde txikia bada ere, mundu osoan 23 milioi pertsonak hitz egiten dituzte hizkuntza fino-ugriarrak, Europako ipar eta ekialdean. Hona hemen hiztun kopururik handienak dituzten hizkuntza fino-ugriarrak:

  • hungariarrak: 14,8 milioi
  • finlandiarrak: 5,7 milioi
  • mordviarrak: 1,2 milioi
  • estoniarrak: 1,1 milioi

Estatu independenteak dituzten herriak, berriz, Hungaria, Estonia eta Finlandia dira.

Eskandinaviako iparraldean eta Errusiako ipar-ekialde muturrean bizi diren samiek (laponiarrek) ere talde honetako hizkuntza hitz egiten dute: sami edo laponiera.

Bestetik, Errusian 2,5 milioi hiztun bizi dira, gehienak Ural mendietatik mendebaldera, eta gutxi batzuk ekialdean.

Sobiet Batasunaren garaian egoera latza bizi izan zuten. Gaur egungo Errusian hainbat herri fino-ugriarrek errepublika autonomoa dute, Karelia, Komi, Udmurt, Mari eta Mordvin herriek, alegia.

Hala ere, gainbeheran daude hiztun kopuruari dagokionez, eta horietako batzuk desagertzeko arrisku larria pairatzen dute.

Suomiera edo finlandiera

Suomiera, euskararen modura, hizkuntza aglutinatzailea dugu, ez du artikulu eta preposiziorik erabiltzen. Hitzak elkartzeko joera du -gureak bezalaxe- eta, gainera, hitz bakarra sortuz (marratxorik gabe, lotuta).

Gureak bezala, kasuen bidezko deklinabidea du eta antzeko kopuruan, gainera.

Hizkuntza estandarra sortzeko orduan, kanpoko maileguen ordez, bertako hitzen erroetan oinarritutako neologismoak sortzeko joera nagusitu zen, adibidez:

  • “kirja” (liburu) > “kirjasto” (liburutegi), eta ez “biblioteekki”
  • “puhe” (hitzaldi) > “puhelin” (telefono) eta ez “telefooni”
  • “oppi” (ikasketa) > yliopisto (unibertsitate) eta ez “universiteetti”
  • “muovata” (forma eman) > muovi (plastiko) eta ez “plastiikki”.

Gaur egun ere, antzeko bidetik jotzen dute, esate baterako:

  • “tieto” (informazio) > tietokone (ordenagailu)
  • “ohjelma” (programa) > ohjelmisto (software)
  • “laite” (aparatu) > laitteisto (hardware).
  • “tulostaa” (inprimatu) > tulostin (inprimagailu)
  • “kuva” (irudia) > kuvanlukija (eskanerra)

Bestetik, suomierak, euskarak ez bezala, asko garatu ditu gaztelaniaren moduko lokailu erlatibozkoak (jonka, mikä, ketkä…). Hasieran eztabaida sutsua eragin bazuen ere, pixkanaka- pixkanaka, hizkuntza normalizatzen joan ahala, eta arrazoi pragmatikoak direla medio, lokailuak erabiltzen hasi ziren, esaldiak lotzeko orduan oso lagungarriak zirelako.

Antzekotasun fonetikoak

Badira euskara eta finlandieraren arteko antzekotasun bitxi batzuk, besteak beste antzekotasun fonikoa. Ahoskera aldetik hurbil egoteaz gain, ugariak dira esanahi desberdina izan arren bi hizkuntzotan berdin idazten diren hitzak, esate baterako: aita, talo, kai, kaiku, kana, katu, keinu, kutsu, lepo, lohi, loka, ohi, asko, eskola, osa, hain, anoa, eta beste asko.

Hiztegiaren sorrera

Motibazioa eta ideiaren abiapuntua

Duela hamar bat urte otu zitzaigun hiztegi hau egitea, "Suomitar" elkartearen baitan, hau da, Euskal Herria eta Finlandiaren arteko kultur harremanak bultzatzen dituen kultur elkartean. Helburua ez zen ikerketa filologiko sakona edota hiztegi mardul eta akademikoa sortzea, baizik eta guk geuk eta gure ondorengoek erabiltzeko moduko hiztegi xume eta praktiko bat izatea.

Izan ere, hiztegi hau sortu aurretik, beti ibili behar izaten genuen hirugarren zubi hizkuntza baten bidez (gaztelania, ingelesa, frantsesa...), eta koska hori gainditu nahi genuen.

Bestetik, oso interesgarria iruditu zitzaigun hizkuntza txiki biren arteko zubigintza lanean lagun zezakeen lantxoa egitea, ez baita oso ohikoa bizirik dirauten hain hizkuntza zaharren arteko halako zubi lanik ikustea.

Erreferentziak

Horrela, lanari ekin aurretik, hainbat eta hainbat hiztegi aztertu genituen, erreferentzia gisa erabili ahal izateko: finlandiera-ingelesa, finlandiera-gaztelania, euskara-gaztelania, euskara- frantsesa, euskara-ingelesa, finlandierako elebakarrak...

Horietako batzuk aukeratu, eta hitzen aukeraketa-hustuketa lanari ekin genion. Gehien erabiltzen zirenak, gure ustez interesgarrienak zirenak, eta bai euskaraz, bai suomieraz berezkoak ditugun hitz esanguratsuak biltzen saiatu ginen.

Esan beharra dago, baita ere, lanean aurrera egin ahala konturatu ginela hiztegi gehienek iraganaren zama nabaria dutela. 1950-60ko hamarkadetako hiztegien arrastoa nabarmena zen maiz, eta beraz, lexiko garaikidea sartzeko ahalegin berezia egin behar izan genuen (teknologia, balio eta gizarte ohitura berriek eragindakoak).

Teknologia berrien alorrean, esate baterako, Internet, telefonia mugikorra eta sare sozialen inguruko hutsuneak nabarmenak ziren.

Eta gizarte balioen inguruan, berriz, familia ereduak, harreman heterosexualak eta horien inguruko terminologian antzematen ziren koskak, besteak beste.

Ezaugarriak

Hiztegi praktiko eta xumea egiteko asmoa genuenez, ez ditugu sarrera guztietan kategoria gramatikalak adierazi. Anbiguotasunak hautsi edo zalantzak argitzeko ezinbestekoak zirenean baino ez. Esate baterako: voitto = irabazi (iz.) (izena dela adierazteko, eta ez aditza).

Horrela, irakurketa erraztu eta diseinu aldetik garbitasuna lehenetsi ditugu, informazio linguistikoaren kaltetan izango ez delakoan.

Beste horrenbeste esan dezakegu jakintza alorrei dagokienez ere: ezinbestekotzat jo ditugunean baino ez ditugu aipatu, hitz berberak izan ditzakeen esanahi desberdinak bereizteko behar zirenean, alegia. Adibidez: leikkaus = murrizketa (ekon.), bestelako murrizketetatik bereizteko.

Baita bestelako argibideen inguruan ere. Esate baterako, hitz polisemikoren baten esanahia zehazteko behar-beharrezkoa denean: satama = portu (itsaso edo ibaikoa), mendiko edo bestelakoetatik bereizteko.

Euskalkien inguruko ohar batzuk ere jarri ditugu, hitz jakin bat bereziki euskalkiren batekoa dela adierazteko, edota Iparraldeko forma dela jakinarazteko, jakintzat ematen baitugu egile euskaldunok Hegoaldekoak garela, eta beraz, hegoaldeko formak lehenesteko joera dugula.

Izen zientifikoen kasuan, berriz, zorroztasun handiz jokatu nahi izan dugu, eta horregatik latinezko ordainak bilatu eta jaso ditugu, zehaztasun handia bilatu nahian.

Hitz elkartuei dagokienez, Euskaltzaindiak aukeran ematen dituen kasuan, guk marratxorik gabe idaztea erabaki dugu, euskal prentsan nagusi den joerari jarraituz. Eta esan beharra dago gai honek hainbat arazo eragin dizkigula. Izan ere, finlandieraz ere hitzak elkartzen dituzte, baina hitz bakarrean elkartuz. Beraz, sarrerak aukeratzerakoan muga jakin batzuk jarri behar izan genituen, lauso xamar zeuden eremu batzuetan. Adibidez, euskaraz "trenbide" (rautatie) eta "geltoki" (asema) hitzak, bakoitza bere lekuan egonda, nahikoa zen. Finlandieraz, ordea, "tren geltoki" hitz bakarra da (rautatieasema), eta horrela, hitzaren lehen osagaitik erator daitezkeen hitz guztiak jasotzen hasiz gero, suomiera-euskara zatia bi, hiru edo bost aldiz luzeago atera zitekeen.

Azkenik, bolumenari dagokionez ere, ez da lan mardula, ezta espezializatua ere, guztira 8.700 sarrera baititu. Gure ustez, gehien erabiltzen diren hitzak jaso ditugu bertan, eta nahikoa iruditu zaigu kopuru hori papereko lehen edizio honetarako. Aurrerantzean osatzen eta eguneratzen jarraitzeko asmoa dugu, baita on-line formaturako jauzia egiteko ere, baina hori, lehen hiztegi honek bere bidea egin eta erabiltzaileen feedbacka jaso ondoren izango da.

Lan prozedura

Behin hitzen aukeraketa egin ondoren, lan prozedura zehaztu genuen: gutxi gorabehera dozena bat lagun ginenez, lantaldeak antolatu genituen, hiztegi zatiak banatuta (adibidez, a letratik d-ra, e-j, k-n, o-s, eta abar).

Bestetik, prestakuntza aldetik lantaldean oso alor desberdinetako pertsonak aritu gara: ingeniaritza, fisika, hizkuntzalaritza, itzulpengintza, kimika, artea, artisautza, biologia... Eta horri esker, jakintza alor jakinetako lanak ere nolabait banatu ahal izan ditugu, bakoitzak bere alorrean ekarpen berezia eginez.

Taldetxo bakoitza hilabete batzuez lanean aritu ondoren, tarteka denok elkartzen ginen, kultur etxe batean, ordenagailu eta proiektore baten laguntzaz, lantalde bakoitzak izandako zalantzak guztion artean argitzen saiatzeko, eta jakina, aldi berean besteek egindako lana gainbegiratzeko.

Lan berezia izan genuen animalia, landare eta bestelako izaki bizidunen izen zientifikoekin eta baliokidetasunekin. Beraz, gai horietan oso iaioa den taldekide batek bere gain hartu zuen bi hizkuntzetako hitzik aproposenak bilatzeko eta latinezko hitz zientifikoa emateko ardura. Eta jakina, badira Finlandian bai, baina hemen existitzen ez diren animalia, landare, onddo eta bestelakoak. Baita alderantziz ere. Hainbat iturritara jota ere, ez ziren denak ados jartzen. Eta guretzat lan handia zen kontsentsu batera iristea. Alde horretatik, oso aberasgarria iruditu zaigu "aditu" baten eta talde osoaren arteko elkarreragina, lan handia eman arren oso produktiboa suertatu baita lana.

Hizkuntzen norabideari dagokionez, lehenik suomiera-euskara zatiari ekin genion. Urteak eman genituen atal hori egiten, lehen aipatu bezala, lantalde txikitan, bakoitzak bere zatia egiten.

Gero, gutxi gorabehera 4.000 sarrera eginda genituenean, momentuz lan hori itxi, eta euskara-suomiera zatiari ekin genion. Sinonimoak garbitu eta bakoitza bere lekuan jarri, hutsuneak detektatu eta bi zatietan kontuan hartu, norabidea aldatzean sortzen ziren arazoak konpondu, bidean sortzen ziren ezusteko ugariei aurre egin, eta horrela eman genituen beste urte batzuk, lantalde txiki eta handian lanean, biak uztartuz.

Urte batzuk lantalde txikitan aritu ondoren, lantalde txiki guztiak bi taldetan banatu genituen, irizpide geografikoak eta jakintzagaiak kontuan harturik. Lantalde batek euskara-suomiera multzoa landu behar zuen, eta besteak suomiera-euskara multzoa.

Eta gero, batak bestearena gainbegiratu, osatu, orraztu, proposamenak egin, eztabaida luze eta aberasgarritan sartu, zenbait eztabaida antzutan galdu eta frustrazio pixka bat sentitu, lehendik egindako aukeraketa batzuk utzi eta berriak hartu... Oso prozesu luzea izan da. Hori du aberasgarri eta nekagarri auzolanean aritzeak, biak aldi berean.

Eta halako batean, 2011. urtean, epemuga bat jartzea erabaki genuen. Garaia heldua zen lanari amaiera ematen hasteko, eta geure buruari muga bat jartzeko. Bestela, amaierarik gabeko prozesu bihur zitekeen. Horrela, 2012ko Durangoko Azoka jarri genuen helburu: nola edo hala, data horretarako egon behar zuen prest hiztegiak paperean.

Hori garbi izanik, eta hiztegiaren zati biak osatu samartuta egonik, bi lan nagusi geratzen zitzaizkigun: koherentzia emango zion orraztu bateratzaile bat ematea, eta eranskinak egitea.

Bikote euskaldun-finlandiar batek hartu zuen hiztegia goitik behera gainbegiratzeko ardura, koherentzia, egokitasuna eta euskara batua estandarrean ematen saiatzeko lana, alegia.

Bitartean, eranskinak egiteko ardura ere banatu, eta horrela ekin genion eranskinak egiteari:

  • Ohiko esamoldeak: egunerokotasunean maiz erabiltzen diren esaldiak jaso genituen bertan.
  • Asteko egunak, hilabeteak, zenbaki kardinal eta ordinalak, datak emateko moduak...
  • Ahoskatzeko arauak eta laguntzak: bai euskaldunok finlandieraz nola jokatu asmatzeko, baita finlandiarrentzat ere.
  • Izenordainak: euskarazkoak, alegia.

Horrenbestez, 2012ko abenduaren 6an aurkeztu genuen hiztegia Durangoko Azokan, guztira 8.700 sarrera dituen hiztegi xumea. Eta arestian aipatu bezala, oraingoz paperean baino atera ez badugu ere, etorkizunean on-line formaturako jauzia egiteko asmoa dugu, urtez urte eguneratzen eta hobetzen joan ahal izateko. Hori da, behintzat, gure asmoa eta nahia.