Gantz erantsiak nola garbitu, edo autozuzenketaren barrenak
Iñigo Roque Eguzkitza

Artikulu honetan, egileak autozuzenketaren eremu ezkutura inguratu nahi izan du, António Lobo Antunesen 'A Ordem Natural das Coisas' itzuli ondoko zirriborroak langai harturik. Artikulugileak erakusten digu nola landu duen itzulpena, nolako joan-etorriak erabili dituen, atzera-aurrera eta testutik testura. Mugimendu horien berriemaile, gainera, zenbait iturri aipatzen saiatu da gogoetagai, erabakien eta, oro har, prozesuaren nondik norakoen irudia biribiltzeko asmotan.

(Langintza Xeheki artikulu sailean argitaratu zen lehenengoz, 2012an.)

Neke horien berri ongi baitakit, oraingo honetan hitzei, 
hasi aurretik, esan nien: «Ez izutu. Ni ez nauzue atzetik ibiliko
gogorrean atzeman nahika. Onez onean etorri nahi baduzue,
hoskide otzanok, ongi etorri. Nahi ez dutenak, antola hor».

Hori esanik, ekin diot paper hondar batzuk belzten.

Geroxeago, ene haurra jaiorik zen, eta igurtzika ari nintzaiolarik,
 gantz erantsiez garbitzen, hona norbait atzetik bizkarreko eder
bat damakidala, ta eskuetatik ene haur ahul hura ken.

Lizardi (Hitz lauz)

Atarikoa

Zaila da, zaila denez, itzulpengintzaz esan gabekorik eranstea, baina saiatu, behintzat, saiatu beharra dago. Gaur hainbestetan landu ez den alor batera sartuko gara: autozuzenketara. Ohargarria da ikertzaileek itzulpen-prozesuaren emaitzari heldu ohi diotela (nik ez dut merezi izendapen hori, esan gabe doa), orduan hasten baitira sorburu-testua (ST) eta xede-testua (XT) alderatzen, aukerak aztertzen eta antzeko lanak egiten. Gideon Toury-k honelatsu azaldu zuen egoera hori artikulu ezagun batean.

Los enfoques retrospectivos, que se llevan a cabo después de que haya terminado el acto mismo de traducción son, con mucho, los más comunes en nuestro campo de estudio. (Toury, 1997)

Gogaikarri litzateke itzuli ahala oharrak hartzen aritzea prozesuaren muina argitzeko, eta, beraz, itzultzaileak erabakigaiok finkatu ahala hartutako apunteak izan ditugu tarteka Langintza Xeheki honetan (Zabaleta 2010; Elexpuru, 2012). Hala, itzultzaileak berak eman digu prozesuaren berri, eta ez ikertzaileak edo kritikariak. Benetan gutxitan landu baita prozesua bera, a posteriori ez bada.

Gure ekarpen honek, ordea, ez ditu hizpide hartuko lanerako ohar horiek, itzulpena amaitu ondoko zuzenkizunak baizik, edo, hobeto esanda, itzulpena amaitu bitarteko zuzenkizun-hobekizunak, edo, esan dugunez, autozuzenketa. Jakina denez, nahi beste luzatu liteke prozesu hori, aseezina baita itzultzailearen asmoa (areago, beharbada, «Literatura Unibertsala» bildumarako ari denean), eta, hala, gogaidurak edo nekeak baizik ez dute geldiarazten euskaratzailea lantoki horretan. Lobo Antunesi ere ez zaio arrotz egiteko hori, sorkuntzaz ari bada ere.

[…] o segredo não consiste em escrever, consiste em corrigir e corrigir e despir os fatos de que vestimos as estátuas das primeiras versões, pavorosas gravatas de adjetivos, bonés de metáforas medonhas, o mau gosto das alpacas dos gestores que só não querem ser Deus porque ganhariam menos. (Antunes, 2007: 206)

Zuzenkizun-iturriak agertzen ere ahaleginduko gara, batez ere irakurleari jakingarri gerta dakizkiokeenean. Esan beharrik ez dago gutxitan egiten dugula gogoeta honelakoez, eta neronek ere zuzenkizunak banaka-banaka aztertu arte ezin izan diot tankerarik hartu prozesu osoari (ezta xehetasunei ere!). Background horretan aztarrika ibili gara, ia azpikontzientean, albait argibide gehien azaleratzeko asmoz (Freuden laguntzarik gabe, horratik).

Aurrena, azaldu dezadan nolakoa izan den prozesua, xehetasunak aletzen hasi aurretik, solas- molas aspergarria areago ez luzatzeko. Azken batean, adibideen parekorik ez dago honelako saiogintzan, aldizkari-egunkarietako irudiekin gertatu bezala.

1Z Egunean itzulitakoa lehenik pantailan eta gero paperean zuzendu.
2Z Kapituluak amaitu ahala zuzendu.
3Z Kapituluak multzoka zuzendu, liburuak amaitu ahala (obra bost liburutan antolatuta dago).
4Z Liburua osorik zuzendu.
5Z Liburua osorik zuzendu.
6Z Argitaletxeak zuzendu.

Lehenbiziko bi urratsak albo batera utzi ditugu, zuzendu beharrekoak ugari baitziren, oraindik jatorrizkoa eta euskarazkoa egokitu nahirik ari ginelako, eta horietara jotzeak ez luke atarramentu handirik irakurlearentzat (itzultzailea lotsarazteaz gainera). Hirugarren, laugarren eta bosgarren urratsak izango dira horrenbestez gure jardun-eremua, kontuan izan gabe bosgarren urratsarekin batera bi adiskidek itzulpenari eginiko iruzkinak (Itziar Bernaola eta Jesus Mari Makazaga). Orobat aipatzekoa da laugarren urratsari ekin aurretik Xabier Olarra editoreari helarazi genizkiola zenbait kapitulu, argitaletxearen irizpideen berri izateko eta gomendiook ondoko pasaldietan aintzat hartzeko.

Beharbada, interesgarri izan zitekeen genetika testualaren teknikez baliatzea azterlan honetan, kronologiari hertsiki atxikirik. Hala ere, ez gara alferreko azalpen teorikoetan arituko, eta fase guztietako zuzenkizunak nahasian emango ditugu, prozesuaren bilakaerari iruzurrik egin gabe, hala ere.

Ezertan hasi aurretik, itxura batean irudi du itzultzaile-zuzentzaileak testua gozatzen saiatu behar lukeela, besterik gabe. Goganbeharturik abiatuko gara, ezin jakinik zehazki zer aurkituko dugun. Badugu jatorrizkoaren baliokide bide den euskarazko testu bat, baina, ondotxo dakigunez, baliokidetasuna ez da inoiz erabatekoa izaten, ezta hurrik eman ere, neurri baterainokoa baizik.

Translation involves far more than replacement of lexical and grammatical items between languages… Once the translator moves away from close linguistic equivalence, the problems of determining the exact nature of the level of equivalence aimed for begin to emerge. (Bassnett, 2002: 34)

Badago, hala, ezinbestez galdutako informazio ugari azterlan xume honetan, J. Munday-k gaztigatzen digunez.

[…] the draft gives us access to some real-time translation decisions, though not all, of course, since those that were automatic (and hence did not undergo a redrafting) or not verbalized obviously do not appear. (Munday, 2012: 123)

Hala, itzultzailearen hasierako erabakiak eta, jakina, freskotasun buruargiak erakutsitako zidorrak falta izango dira lerrootan (freskotasun horretatik zerbait izan zela pentsatu nahi nuke, bederen). Zuzentzeaz ari gara. Halaber, aintzat hartu beharrekoa da zuzenkizun konplexu guztiek ez dutela aztarnarik utzi zirriborroan, ordenagailuan bertan lantzeko ohar txiki bat («Birformulatu!») aski baitzuen itzultzaile-zuzentzaileak, paperean ikur ulertezinetan katramilatu beldurrez.

Puskok harturik, beraz, abia gaitezen.

Itzulpena gantz erantsiz garbitzen

Zuzenkizun-hobekizunak askotarikoak izan dira prozesuan zehar; hasieran, ugariago, eta, amaieran, urriago (eskerrak). Horietako zenbait aukeratu ditugu hona ekartzeko. Adibide, hein batean, paradigmatikoak dira guztiak, eta, hartara, irakurle, pentsa ezazu ez direla bakanak izan, baizik eta bakoitza arazo edo kezka klase jakin baten erakusgarri dela. Sailak, jakina, erabat arbitrarioak dira, eta inoiz ez bete-betekoak.

1.  Hautu lexikoak egokitzen

Hitza garrantzizkoa da, oinarrizkoa, idazkuntza guztietan, baina bereziki Lobo Antunesen literaturagintzan, hark ezin hobeto adierazi duenez.

Você não escreve com ideias, você escreve com palavras. Uma vez, o Degas fez um soneto e foi mostrá-lo ao Mallarmé. O Mallarmé disse que os sonetos eram uma merda. E o Degas disse: "Mas eu tinha ideias tão boas". E o outro respondeu: "Pois, mas você não escreve com ideias, você escreve com palavras. São as palavras que geram as palavras." (Sousa, 2010)

Lehenbiziko zirriborroan, portugesezko hitzen ordainak ahalik eta zehatzen ematen saiatu nintzen, nahi ez dela ere ia esaldi bakartuetako unitatetzat harturik, egia esateko. Lehen ikusian egoki ziruditen hautu horiek, baina, testua hazi ahala, horietako batzuk arrotz-antza hartzen hasi ziren, eta moldatu beharrean egon ginen.

[…] incapaz de correr vinte metros por causa das hesitações do coração […]
[…] gai ez dena hogei metro lasterka egiteko bihotzaren pilpiragatik […] (2Z) […] gai ez dena arritmiagatik hogei metro lasterka egiteko […] (3Z)

Ez genuen, hala ere, lehen saioan beti asmatu, eta doitu egin behar izan genuen hautua, batzuetan formulazioa zeharo antzaldatuz.

[…] gai ez dena hogei metro lasterka egiteko takikardiak erasan gabe […] (4Z)

Musikaltasunak ere izan du eraginik erabakian, nahita izan ere: hiru hitz, silaben batura (5+1+4 > 5+3+2) eta hoskidetasun antzekoa (coRAÇãO > eRASAN). Egileak berak aitortua da lirikarako ezindurik hitz lauz poesia egiten saiatzen dela. Kritikariak ere ohartu dira lirikotasun horretaz (alegia, ez da Antunesek hain maite dituen ateraldi horietako bat).

[…] le roman se construit comme une vaste symphonie, sorte d'oratorio de la déchéance où chaque voix vient apporter un éclairage nouveau sur les thèmes qui composent les diverses mélodies. Construction gigantesque, démesurée, emportée par un lyrisme étonnant, propre à susciter tous les sentiments, de la pitié à la tendresse, de l'horreur à l'amour. (Guichard, 1994)

Beste batzuetan, hiponimiara jo dugu –alegia, eremu semantiko murritzagoko sinonimo batera– egiantzaren alde, euskarazko testuak hala eskatzen zuelakoan.

[…] o perfume de crisântemos da diabetes que se insinuava na estrutura de pedras e areia através das imperfeições do reboco.

[…] eta, are, usaina harrizko eta hareazko egituran hauteman zitekeela igeltsuaren akatsen bidez. (2Z) […] eta, are, usaina harrizko eta hareazko egituran hauteman zitekeela igeltsuko zirrikituen bidez. (3Z)

Lagun faltsu bat edo beste ere aldean eraman dugu aldi batez; esaterako, portugesezko paixão hitza euskaratzean, zeren, gure pasio edo grina adieraz dezakeen arren, gehienetan ez baita hala izaten, maiztasuna kontuan izanik.

[…] e a Ana e eu começámos a rir porque à força de espiar os artistas de teatro os dramas lhe subiram à cabeça e a Laura inventava paixões por toda a parte, […]

[…] zeren Laurak, antzokiko artistak zelatatzearen bortxaz dramek burua harturik, pasioak asmatzen baitzituen nonahi, […] (2Z) […] zeren Laurak, antzokiko artistak zelatatzearen bortxaz dramek burua hartua ziotenez, amore-minak asmatzen baitzituen nonahi, […] (3Z)

Lagun faltsuen maila horretan egon ez arren, badira, halaber, zenbait hitz euskaraz ez dutenak portugesez duten irudizko (edo hedadurazko) esanahia.

Despertava com o trabalho dos motores, levantava-se da cama, chegava à porta, […]
Motorren lanarekin esnatu, ohetik altxatu, eta atera joaten zen: […] (2Z) Motorren zaratarekin esnatu, ohetik altxatu, eta atera joaten zen: […] (3Z)

Eta, esan beharrik gabe ere konturatuko zineten, hoskidetasuna zinez iradokitzailea da: motoRRen zaRataRekin. Ikusi al duzue itsasoan ontziak marrazten duen uhara?

2.  Joskera atontzen

Batzuetan, eragiketon asmoa testua mehaztea izan da, soiltzea, irakurleak hainbat traba gutxien izan dezan bidean.

[…] como o teu pai derruba cadeiras, de regresso da pia, procurando no escuro, com os joelhos, a localização da cama, […]
[…] zure aitak aulkiak botatzen dituen bezala komunetik bueltan ilunpetan ohea non dagoen belaunekin itsumandoka bilatzen duenean, […] (2Z) […] zure aitak aulkiak botatzen dituen bezala komunetik bueltan ilunpean ohea belaunekin itsumandoka bilatzen duenean, […] (3Z)

Beste batzuetan, zerrendetan zenbait doikuntza egin behar izan ditugu, osagai guztiak, kategoria berekoak izan zitezen ez ezik, antzeko egitura izan zezaten ere. Hona dakargun adibidean, kasurako, izena aurreratzea zen premiazkoena. Gainera, erlatiboetan eskuinetara eramandako elementuek (nik bizpahiru urte nituela, Ernesto da Silva kalean bizi ginen garaian) lotura lausoa dute aurreko erreferentziakidearekin, ezin onartuzkoa kasik.

Durante o dia ficava na salinha da televisão e episódios tão remotos que os julgava esquecidos para sempre surgiam-me de repente na memória: uma bala perdida que finou o guarda-vestidos da minha irmã, andava eu pelos dois ou três anos, na época em que morávamos na Rua Ernesto da Silva, o odor da fábrica de conservas de peixe em Argel, […]
Egunez, telebistaren salatxoan geratzen nintzen, eta oroitera etortzen zitzaizkidan antigoaleko pasarteak, hain antigoalekoak non betiko ahaztuak nituela iruditzen baitzitzaidan: nire ahizparen armairua zulatu zuen bala galdu bat, nik bizpahiru urte nituela, Ernesto da Silva kalean bizi ginen garaian ; Aljerreko arrain-kontserbako fabrikaren kiratsa; (4Z) Egunez, telebistaren salatxoan geratzen nintzen, eta oroitera etortzen zitzaizkidan antigoaleko pasarteak, hain antigoalekoak non betiko ahaztuak nituela iruditzen baitzitzaidan: bala galdu bat, nire ahizparen armairua zulatu zuena nik bizpahiru urte nituela, Ernesto da Silva kalean bizi ginen garaian ; Aljerreko arrain-kontserbako fabrikaren kiratsa; (5Z)

Ez dira izan, ordea, hain azalekoak aldaketa guztiak. Atarikoan esan dugunez, zirriborroetan «Birformulatu!» oharrarekin markatu ditugu arazorik korapilatsuenak, gorriz, ordenagailuan bertan zuzentzeko, batetik zuzenketa erabatekoa behar zutelako pasarteok eta, bestetik, irakurketa eten egingo lukeelako horretan hasteak (alferkeria ere bada, bistan denez, eta, lehen esan bezala, paperean zuzenkizuna argiro ezin adieraztea).

Adibide honetan ikusiko dugunez, koskak ez dira beti izan zirt edo zart konpontzekoak; aitzitik, nolabait konpondu (edo hobetu) ondoren, hurrengo orraztaldian berriz topo egin dugu behaztopa berarekin.

Desamparados, Margarida, desamparado ele, desamparados os guardas que nos vigiavam os almoços e o recreio, desamparados os que se sentavam à mesa comigo e dormiam junto a mim, desamparado o que mandava e aos domingos discursava para nós no refeitório, ao lado do padre que abençoava a sopa e do enfermeiro que brocava os dentes sãos sem anestesia para facilitar as confissões.
Babesgabe, Margarida, babesgabe zegoen hura; babesgabe, bazkalorduan eta jolasorduan zaintzen gintuztèn guardiak; babesgabe, nirekin mahaian jesartzen zirenak eta nire ondoan lo egiten zutenak; babesgabe, zuzendaria, zeinak igandean jantokian hitzaldia ematen baitzigun, ondoan zituela apaiza, zopa bedeinkatzen zuena, eta erizaina, hagin onak, aitortzak errazteko, anestesiarik gabe zulatzen zituena. (2Z) Babesgabe, Margarida, babesgabe zegoen hura; babesgabe, bazkalorduan eta jolasorduan zaintzen gintuzten guardiak; babesgabe, nirekin mahaian jesartzen zirenak eta nire ondoan lo egiten zutenak; babesgabe, zuzendaria, zeinak igandean jantokian hitzaldia ematen baitzigun, ondoan zituela apaiza, zeinak zopa bedeinkatzen baitzuen, eta erizaina, zeinak hagin onak, aitortzak errazteko, anestesiarik gabe zulatzen baitzituen. (3Z)

Lehenbiziko arazoa erlatibo aposatuak gobernatzea dateke, paragrafoaren egiturari eite berezia ematen baitiote. Lehen urratsean (2Z), hasierako idatzaldiko erlatibozko -(é)n menderagailuaren gandorra ezabatu dugu, hasieran erabiltzen hasi ginen arren testua hobeto zedarritzeko (orduan ere, ez genuen garbi-garbi aukera hori, baina beti da errazago ondoren ezabatzea gero denak markatzen ibiltzea baino). Azkuek erabilitako marka horrek badu oraindik erabiltzailerik gure artean (J. Garzia, J.A. Arrieta, L. Berrizbeitia, J.M. Irigoien...); hala ere, testuak ez du hain derrigorrezko baliabide hori eta nabaria da Lobo Antunesek halako ikurrak (ortotipografikoak nahiz puntuaziozkoak) bakantzeko egindako ahalegina, testuaren orbana sinpletzearren:

Assim, se podemos considerar a ausência de acréscimos e a progressiva depuração do discurso e da mancha gráfica como constantes do percurso de escrita do autor. (Carriço, 2011: 112)

Hurrena pentsatu genuen erlatibo guztiak molde berera ekartzea. Oraindik eztabaidagai da euskaraz erlatibo murriztaileak eta ez-murriztaileak bereizten diren ala ez den (Garzia, 1997; Mujika, 1994), nahiz azkenaldian argi samar mintzatzen ari den Akademia (ikus Jagonet edo Sareko Euskal Gramatika). Itxura batean, komeni zen testuaren kadentziaren eta paralelismo- jokoaren alde hala jokatzea.

Ez zitzaigun, hala ere, aski iruditu txukuntze hura, bistan baita erlatibozko perpausek euskaraz badutela portugesez ez duten halako pisu bat, ez direla hain ikusezinak. Eta, hala, testua goitik behera birformulatzea erabaki genuen, berridaztea. Alde batetik, errepikaren efektua galtzen zen, baina bestetik testua argitzen genuen, jatorrizkoaren mailara ekarrita ikuspegi horretatik.

Babesgabe, Margarida, babesgabe zegoen hura; babesgabe, bazkalorduan eta jolasorduan zaintzen gintuzten guardiak; babesgabe, nirekin mahaian jesartzen zirenak eta nire ondoan lo egiten zutenak; babesgabe, zuzendaria, igandean jantokian hitzaldia ematen zigun hura bera, nahiz hark hitzaldiotan ondoan izaten zituen apaiza, zopa bedeinkatzen, eta erizaina, zeinak, aitortzak errazteko, hagin onak anestesiarik gabe zulatzen baitzituen. (5Z)

Horra, bada, erlatiboak indargabetzeko bi bide (erlatibo aposatu «argi» bat, eta perpaus kontzesibo bat). Testuaren etorria, beraz, lehenetsi dugu kadentzia zehatzaren kaltean, hemen.

3.  Hitz-hurrenkera antolatzen

Duda-muda etengabean jarduten du itzultzaileak perpaus eta sintagmak antolatzeko ahaleginean. Kontu bat da zein diren euskararen arauak, arau malgu samarrak oro har (funtsean, aditz-ingurua fokalizatzea, mintzagai hanpatua aurreratzea, eta tema eta rema egoki kudeatzea), eta, bestetik, nola ekarri horiek testura, gehienetan arauok (gaur egungo gustuak, eskuarki) zorroztuz.

Hona hemen nola ibili ginen joan-etorrian esaldi honekin:

Em Joanesburgo, em mil novecentos e trinta e seis, eu voava debaixo da terra, a puxar oiro das paredes, catorze horas por dia, [...…]
Johannesburgen, mila bederatziehun eta hogeita hamaseian, lurpean bakarrik hegan egiten, hormetatik urrea ateratzen ari nintzen bitartean, egunean hamalau orduz, […] (2Z) Johannesburgen, mila bederatziehun eta hogeita hamaseian, hormetatik urrea ateratzen ari nintzen bitartean, hegan egiten nuen bakarrik lurpean, egunean hamalau orduz, […] (3Z)

Ez, ba, ez zen hori erabakirik zuhurrena, eta atzera egin behar izan genuen.

Johannesburgen, mila bederatziehun eta hogeita hamaseian, lurpean baizik ez nuen hegan egiten, hormetatik urrea ateratzen ari nintzen bitartean, egunean hamalau orduz, […] (4Z)

Argi dago hor perpausen hurrenkerak semantikan ere baduela zeresana, gakoa ez baita urrea atera bitartean egiten zuela hegan soilik, ezpada lurpean soilik hegan egiten zuela (bakarrik aditzondoa ere bazterturik haren polisemia dela-eta). Jatorrizkoa alboratu ondoren, bada, hara itzuli ginen, erabakia zuzena zen egiaztatzeko.

Ekar dezagun, orain, antzeko beste zuzenkizun bat. Ohikoa da jatorrizkoaren kateari orpoz orpo jarraiturik hitz-hurrenkera xelebre samarrak sortzea xede-hizkuntzan. Kontuan izan beharra dago Lobo Antunesek tartekiak asko estimatzen dituela (gehitxo, euskal itzultzailearentzat) eta, horiek bere horretan ematen saiatu arren, ezin izaten dela beti hala jokatu. Ez paragrafo honetan, behintzat.

E fosse em Campo de Ourique ou na Graça, senhor, fosse em Alvalade, na Póvoa de Santa Iria, na Amadora, em Benfica, fosse no Cais do Sodré ou no Barreiro o Tejo lá estava, com os seus pântanos, os seus navios, as suas grazinas e a geometria dos mastros, respirando além da última e quase translúcida fieira de casas.
Eta Campo de Ourique-n edo Graça-n izan, jauna, Alvalade-n, Póvoa de Santa Iria-n, Amadora-n edo Benfica-n izan, Cais do Sodrén edo Barreiro-n izan, Tajo han zen_, zingira, ontzi, itsas enara eta mastazko geometriekin, azken etxe- ilara ia zeharrargia baino harago _arnasa hartzen ari. (3Z). Eta Campo de Ourique-n edo Graça-n izan, jauna, Alvalade-n, Póvoa de Santa Iria-n, Amadora-n edo Benfica-n izan, Cais do Sodrén edo Barreiro-n izan, Tajo han ari zen arnasa hartzen, bere zingira, ontzi, itsas enara eta mastazko geometriekin, azken etxe-ilara ia zeharrargia baino harago. (4Z)

Ez da, hala ere, hain erraza izaten jatorrizkoaren hurrenkera hautsiari uko egin eta beste bat proposatzea. Hasieran (3Z), beldur antzean urruntzen da itzultzailea jatorrizkotik, amildegira begiratzera ausartu gabe, eta, gero, ez da behar beste urruntzen, jatorrizkoa beti begipean izan nahi baitu, harik eta, jatorrizkotik aldendurik, etxea bere gogara altxatzen duen arte.

[…] faria melhor em ir ao cinema dos filmes policiais com os colegas em vez de correr o risco de apanhar a doença das dálias murchas dos canteiros e o seu aroma de putrefacção e almíscar, […]
izan ere, hobe nuke ikaskideekin zinemara joan suspense-filmak ikustera, parterreetako dalia zimelen gaitza harrapatzeko_ eta haien ustel- eta musketa-urrina _aditzeko arriskuan egon beharrean ; (2Z) izan ere, hobe nuke ikaskideekin zinemara joan suspense-filmak ikustera, han egon beharrean parterreetako dalia zimelen gaitza _harrapatzeko eta haien ustel- eta musketa-urrina _aditzeko arriskuan ; (3Z)
izan ere, hobe nuke ikaskideekin zinemara joan suspense-filmak ikustera, han arriskuan egon beharrean parterreetako dalia zimelen gaitza harrapatzeko eta haien ustel- eta musketa-urrina aditzeko ; (4Z) izan ere, hobe nuke ikaskideekin zinemara joan suspense-filmak ikustera, han arriskuan egon beharrean, zeren parterreetako dalia zimelen gaitza harrapa bainezake eta haien ustel- eta musketa-urrina hauteman (5Z)

Irakurlea ez da, beharrik, konturatuko jira-bira horietaz, eta, agian, oharkabean pasatuko du paragrafoa, katigatu gabe, jatorrizkoa itzultzaileak bakarrik ikusten baitu (eta, orain, artikulu honen irakurle horrek).

4.  Kohesioa harilkatzen

Hizkuntza aldatzean, jakina, testu sortu berriak baditu bere arauak. Portugesezko testu bat euskaratzean, testuak portugesez egoteari uzten dio, eta euskarazko testu bihurtzen da, horrenbestez. Inuzentekeria galanta, ezta? Ez dirudi esan beharrik dagoenik ere. Larri ibili. Ez fida.

Euskarazko testua, beraz, portugesezkoaren «translazionea» da (Leizarragaren gardentasuna), baina sarri testu barruko kohesioa birmoldatu beharra gertatzen da, esanik dagoena ondo esanik egon dadin. Aurrenik, erreferentzia-sareei begi emango diegu, askotan zenbait lagungarri (izenordain) erantsi beharko baititugu testuaren esanahia onbideratzeko.

Adibide honetan, kasurako, nahitaezkoa dugu zehaztea ez dugula beste zozorik (halakorik) ikusiko, bestela pentsa bailiteke ez dugula beste ezertxo ere ikusiko.

[…] e a seguir àquele melro não veio mais nenhum.
[…] eta zozo harez geroztik ez dut besterik ikusi. (2Z) […] eta zozo harez geroztik ez dut halako besterik ikusi. (3Z)

Beste honetan, berriz, testuak eskatzen digu zehaztea nor dagoen tronbosiak jota, aurreko adizkiak (zenion) zu nahiz hura osagaiak seinala litzakeelako.

[…] tu que cessaste de te deitar com o senhor Esteves desde que a trombose o atacou e se tornou imóvel e sem poder falar, sentado no sofá, […]
[…] zurekin, nahiz Esteves jaunarekin oheratzeari bakarrik utzi zenion tronbosiak jota elbarri eta mutu, sofan jesarrita, geratu zenean; (3Z) […] zurekin, nahiz Esteves jaunarekin oheratzeari bakarrik utzi zenion hura tronbosiak jota elbarri eta mutu geratu zenean, sofan jesarrita; (4Z)

Aipatzekoa da, gisa berean, denborazko mendeko perpausaren aditza aurreratzeko egindako ahalegina.

Komeni da, beraz, taxuz mugarritzea interpretazio horiek guztiak, irakurleari alferlanik ez eginaraztearren.

Erreferentzia-jokoak ez du beti aski izenordain bat, ordea, eta sinonimiaz baliatzea beste biderik ez dugu. Adibide honetan, hiperonimo bat (ibilgailua) aukeratu dugu, baina hiponimia ere aintzat hartzekoa da batzuetan (autoaren marka bageneki, esaterako, hura aipa liteke).

[…] suspirou o chofer a engatar uma mudança desalentada e a perder-se, na manhã clara, sonora de matizes, com uma última nuvem a escapar-se para Algés, no cardume de automóveis que giravam na rotunda e onde a luva do polícia não conseguisse ir buscá-lo.
gidariak hasperen egin zuen, martxa ito bat sartuz, eta azken hodei bat Algés aldera ihesi zihoala, soinu-ñabarduraz beteriko goiz argian galdu zen, biribilgunean bira eginda autozko zurrunbiloan, poliziakidearen eskularruak atzeman ezin zuen lekuan. (4Z) gidariak hasperen egin zuen, martxa ito bat sartuz, eta azken hodei bat Algés aldera ihesi zihoala, soinu-ñabarduraz beteriko goiz argian galdu zen ibilgailua, biribilgunean bira eginda autozko zurrunbiloan, poliziakidearen eskularruak atzeman ezin zuen lekuan. (5Z)

Behin baino sarriagotan, hala ere, izenordainak izen arruntez ordeztu behar izaten dira, batik bat, euskarazko genero gabezia dela-eta, ele nahiz ela hura baitira. Ez da berria, ez horixe, hizpide hori gure artean (Morales, 1995).

Euskararen estilistikak ere behartzen gaitu, noiz edo noiz, halako mugimenduak egitera; esaterako, nominalizazioen ordez perpausak eratzen ditugunean, adibide honetan bezala. Lehenbizi, nominalizazioa desegiten dugu, eta, beste irakurraldi batean, erreferentziak doitzen.

No dia do funeral, momentos antes do enterro, estava eu na janela e um senhor ruivo chegou com um ramo de flores, […]
Hiletaren egunean, hura ehortzi aurretxoan, ni leihoan nengoen, eta gizon ilegorri bat iritsi zen lore sorta batekin; (3Z) Hiletaren egunean, ama ehortzi aurretxoan, ni leihoan nengoen, eta gizon ilegorri bat iritsi zen lore sorta batekin; (4Z)

Testu-markatzaileak eransteak ere arintzen du maiz testua (bitxia bada ere, halakoak gehitzea, irakurri beharreko hitzen kopurua emendarazi arren, erraztu egiten du irakurraldia). Kasu honetan, esaterako, erlatibozko perpaus baten abiaburua markatzeko erabiliko dugu hain zuzen famatua. Neurriz erabili beharreko baliabidea da, inondik ere, baina batzuetan oso gisakoa.

[…] e acabo por acordar, numa dor de cabeça que me lixa, com o cocó das aves no soalho e uma derradeira pena acima dos meus lábios, à espera que eu cesse de respirar para me morrer na boca.
[…] eta azkenean esnatu egiten naiz, burua lehertu beharrez dudala, hegaztien zirina zoruko oholetan eta hondarreko luma bat ezpainetan, nire ahoan hiltzeko nik arnasa hartzeari utzi zain dagoen luma bat. (2Z) […] eta azkenean esnatu egiten naiz, burua lehertu beharrez dudala, hegaztien zirina zoruko oholetan eta azken luma bat ezpainetan, hain zuzen, nire ahoan hiltzeko nik arnasa hartzeari utzi zain dagoen luma bat. (3Z)

Orain, hurrengo atalera hurbilduko gara; ez, beharbada, albistegietako aurkezleek berrien artekoak egiteko duten maisutasunaz. Izan ere, testuaren kohesioaren mesedean, probetxuzkoa izan daiteke egilearen ezaugarri batzuk imitatzea.

Paragrafo honetan, zerrenda batekin egingo dugu topo (zer aurkitzen duen pertsonaiak: kaleko atea, esekitokia, altzariak, mahaia, neba…), eta ez dira guztiak sintagma bakunak, alajaina. Itzultzaileari otuko zaio, orduan, Lobo Antunesen prosaren ezaugarri bat errepikak erabiltzea dela, askotan musikaltasunaren fabore, baina ez beti.

[…] as relações entre a forma e o conteúdo e processos ligados à escrita musical – o ritmo, o espaço branco, as pausas, as repetições – podem igualmente ser aplicados à escrita romanesca. (Vaz, 2011: 116)

Guk, hartara, aditza errepikatu dugu (aurkitu nituen), eta testu-markatzaile bat txertatu, hain zuzen, birformulatzaile esplikatibo bat (Esnal, 2008: 33), testua harean gozatzeko. Errepika, stylistic repetition hori (Seixo, 2011) ezin lagungarriagoa izan zaigu han eta hemen.

[…] e nisto deparei com a porta da rua aberta, o bengaleiro tombado, os móveis da sala jogados uns contra os outros sob o reposteiro em tiras, a mesa coberta de garrafas de cerveja e o meu irmão, de capacete e picareta, acompanhado por um desconhecido mais ou menos da idade dele, ambos sentados na alcatifa, babados de vómito […]
[…] eta, horretan nenbilela, kaleko atea zabalik aurkitu nuen, arroparen esekitokia etzanda, egongelako altzariak bata bestearen ondoan antolatuta errezel urratuaren azpian, mahaia garagardo-botilaz beteta, eta neba, kaskoa buruan, eta haren adin inguruko ezezagun bat, biak tapizean jesarrita eta okadaz zipriztinduta, […] (4Z) […] eta, horretan nenbilela, kaleko atea zabalik aurkitu nuen, arroparen esekitokia etzanda, egongelako altzariak bata bestearen ondoan antolatuta errezel urratuaren azpian, mahaia garagardo-botilaz beteta, eta orobat aurkituko nituen nire neba, kaskoa buruan, eta haren adin inguruko ezezagun bat, biak tapizean jesarrita eta okadaz zipriztinduta, […] (5Z)

Sintagmen konplexutasuna izan da erabakigarria hautu horretan, ondoko izenak ez baitatoz huts-hutsik, osagaiz horniturik baino.

Ez pentsa barruko harrak ausikirik egiten ez duenik halako erabakiak hartzean. Askotan etorri zaizkit gogora Lobo Antunesen zenbait lan ingelesera ekarri dituen Margaret Jull Costa itzultzailearen hitzok:

Am I committing the translator's cardinal sin of domesticating and explaining? Possibly, but those are the kinds of decisions I had to make all the time. (Gordon, 2011)

5.  Idazlearen estiloari men eta tenk

Bistan da itzultzailearen ahalegin behinena dela idazlearen estiloari eustea, kosta ahala kosta. Pernandoren egia horrek, ordea, tresna bikain bat ematen dio itzultzaileari: ezaugarri horietaz baliatzeko modua, jatorrizkoan halako lekutan ezaugarri jakin hori agertu ala ez, korapilo batzuk askatzeko eta hizkuntzen arteko zubiko galtzada-harriak berdintzeko.

Batzuetan, izan daiteke egilearen moldeetatik urruntzea lehenbiziko saioan eta gero hurbildu behar izatea. Adibide honetan, esaterako, itzultzaileak, hasieran menderakuntza lehenetsi arren testuaren monotonia nolabait hausteko eta koordinaziozko katea mailakatzeko, atzera egiten du, bere eskua ezkutatu nahian, hartarako premiarik ez dagoelakoan.

[…] e eu pensei sem tristeza é a última vez que vejo isto na vida, tenho sessenta e um anos e é a última vez que vejo isto na vida, até que o médico da pele se queixou à polícia e daí em diante eu pus o som do rádio mais fraco, e a minha irmã Teresinha Não fales no Jorge, não te atrevas a falar no Jorge, […]
[…] eta nik pentsatu nuen batere tristurarik gabe «Azken aldia da hau guztia ikusten dudala, hirurogeita bat urte ditut eta azken aldia da hau guztia ikusten dudala», harik eta larruazalaren medikua poliziari kexuka joan zitzaion arte, zeren_ ordutik aurrera apalago jarri _bainuen irratia, eta nire arreba Teresinhak «Ez aipatu Jorge, ez zaitez Jorge aipatzen ausartu», […] (4Z) […] eta nik pentsatu nuen batere tristurarik gabe «Azken aldia da hau guztia ikusten dudala, hirurogeita bat urte ditut eta azken aldia da hau guztia ikusten dudala», harik eta larruazalaren medikua poliziari kexuka joan zitzaion arte, eta ordutik aurrera apalago jarri nuen irratia, eta nire arreba Teresinhak «Ez aipatu Jorge, ez zaitez Jorge aipatzen ausartu», […] (5Z)

Kontuan izan dezagun, esana dugunez, Lobo Antunesek komak eta puntuak baizik ez dituela erabiltzen testuen egitura antolatzean, eta, horregatik, batzuetan ezinbestekoa da menderakuntzara jotzea, alborakuntzak eta puntuazio laxoak sor litzaketen gaitz-ulertuak saihesteko.

Também a construção de períodos e de parágrafos não respeita a convenção na medida em que os períodos são muito longos e os parágrafos muito curtos, podendo ser lidos como incompletos devido à falta de Balizas que a pontuação por norma fornece. (Cabral, 2011: 151)

Antzekoa da beste adibide hau. Fraseologiaren soilak, ordea, ez gaitu behartzen guretik ezer eranstera (eta bai juntagailua kentzera). Horra, beraz, beste «urruntze-hurbiltze» bat, itzuli ondoko irakur aldietan itzultzaileak, testu osoari taxua eman ahala, izan ohi diren mugimenduen ispilu garbi.

Pare com isso, menina, pare com isso ou eu digo à senhora
«Nahikoa da, neskato, nahikoa da, ugazabandreari esango diot-eta » (3Z) «Nahikoa da, neskato, nahikoa da, esan egingo diot ugazabari» (4Z)

Puntuazio-ikurren urritasunak, guk hein batean puntu eta komaz aberastuta ere, beste irtenbide batzuk ere eskatzen dizkigu. Menderakuntza eskura dugu, ikusi dugunez, baina ezin ahaztuko dugu egileak bi puntuei ez diela erabat muzin egiten, eta, hartara, guretu egin ditzakegu (ez noiznahi, baina bai testuko zenbait pasartetan). Hartara, komaren orotarikotasunaren lekuan bi puntuen seinalatze-indarraz balia gaitezke, testua hobeto zedarritzeko eta, horrenbestez, irakurlearen egitekoa samurtzeko.

A Câmara demorou quinze dias a reparar os esgotos num aparato de arquitectos e engenheiros que cortaram a luz e o telefone a metade da cidade e desligaram a energia dos comboios de Cascais, […]
Udalak hamabost egun behar izan zituen isuria konpontzeko, arkitekto eta ingeniari talde bat etorri zen, argindarra eta telefonoa eten zituen hiriaren erdi batean, eta Cascaisko trenak energiarik gabe utzi zituen; (3Z) Udalak hamabost egun behar izan zituen isuria konpontzeko: arkitekto eta ingeniari talde bat etorri zen, argindarra eta telefonoa eten zituen hiriaren erdi batean, eta Cascaisko trenak energiarik gabe utzi zituen; (4Z)

Parentesiak ere ageri dira testuan zehar; bakan, baina badira bat baino gehiago. Ez dute beti balio bera izaten: batzuetan, narrazioaren harian gogoetak tartekatzeko erabiltzen dira, edo beste mintzo batzuk sartzeko (eleberria polifonikoa baita); bestetzuetan, berriz, datu osagarriak eranstea dute helburu bakarra (azken erabilera hori izango zaigu etekin handienekoa).

Há hipóteses de esbarrar com o do retrato por aqui, em Marvila, que nesse tempo, em mil novecentos e trinta e tal, nas vésperas da guerra com os alemães, fervia de espiões estrangeiros de chapéu e gabardina de gola levantada, apunhalando-se nos becos, pode ser.
Litekeena da erretratukoarekin topo egitea han, Marvilan, garai hartan, mila bederatziehun eta hogeita hamapikuan, alemanen aurkako gerraren bezperatan, kalezuloetan elkarri sastaka zebiltzan espioi atzerritarrez, kapela eta lepo altxatuko gabardinadunak, borborka ari zela. (2Z) Litekeena da erretratukoarekin topo egitea han, Marvilan, garai hartan, mila bederatziehun eta hogeita hamapikuan, alemanen aurkako gerraren bezperatan, kalezuloetan, nonahi, elkarri sastaka zebiltzanean espioi atzerritarrak (kapela eta lepo altxatuko gabardinadunak). (3Z)

Adibidean, espioi atzerritarren nolakoak euskaraz txirikordatzen aski lan izango genuke. Izenlaguna atxiki behar genieke nola edo hala (kapela eta lepo altxatuko gabardinak), eta, jarraian, gerundio itxurako erlatiboa trenkatu (kalezuloetan elkarri sastaka zebiltzan). Nahas- mahasa argitu beharra dagoela, alegia. Bigarrena da errazago konpontzen, garaia aipatzen dela-eta ezkutuko erlatiboa denborazko perpaus bilaka baikenezake (garai hartan... sastaka zebiltzanean), baina lehena ere aise txulia genezake parentesi arteko tarteki bat zabalduz, bidea egoki marrazteko.

Zenbait ondorio

Lehenbiziko ondorioa da itzultzaileari laster beheratzen zaiola harrotasuna itzulpena amaitutakoan. Hara, hor aurrean du dena, baina ez behar lukeen bezain egoki-edo.

Bestalde, norberaren testua edo inorena zuzentzea ez dira bat: lotsarik gabe orrazten da norberaren itzulpena, joan eta etorri ibiltzeko beldurrik gabe (hainbesteko segurtasunik edo sendotasunik gabe ere, esango nuke).

Testua itzulita euskarazko testua bilakatzen da; alegia, itzulpena burutu ondoren, nasaitu egiten dira jatorrizkoarekiko lokarriak, erabat askatu gabe halere, eta itzultzaileak beharrezko «distantzia» hartzen du (erabil dezagun higatutako topiko hori). Orduan «gantz erantsiak» garbitzeko tenorea dator. Oilasko-paparra xerratan egin duzu, baina zartaginera bota aurretik gantzok kendu behar aiztoarekin, ahal denik eta haragi gutxien alferrik galduz.

Barkatu konparantzaren efektismoa, baina ezin izan diot eutsi, sukaldariek itzultzaileek baino itzal handiagoa baitute gure herri honetan. Dotoretu ditzagun, bada, paparrak, eta, inoiz behar baino haragi gehiago kenduz gero, aprobetxa dezagun alferrik galdutako hori, berriro ondo garbiturik. Azken batean, jatorrizkoak horrelaxe erabiliko gaitu, atzera-aurrera, ezin baitugu ahaztu testua ez dela gurea idazlearena baizik.

Idazleak ere, ustekabean, zenbait tresnaz hornituko gaitu, gantzak eransteko egiteko horretan. Haren estiloak, ikusi dugunez, batzuetan ustekabeko irtenbideak emango dizkigu itzulpenaren korapiloetarako, konpentsazio halako bat eginez (berez, konpentsaziorik ez dagoen arren). Gurean, errepikak eta zenbait puntuazio-ikur oso baliagarri izan zaizkigu, periodo luzeko esaldiekin ihardukitzeko. Errepiken adibide askorik ez dugu ekarri hona, lehenbiziko fasean ohartu baikintzaizkion ahalbide horri, baina zinez erabilgarria izan da teknika, eta guztiz mimetikoa emaitza.

Bai, egia da, idazlearen prosaren ezaugarri batzuk galdutzat eman behar izan ditugu (gure kasuan grafikoak: puntuazio laxoa eta komatxorik eza), hizkuntzak hartaratzen gintuelako (eta irakurleen alderako errukiak!), baina ordainetan idazlearen nolakotasunez ere zerbitzatu gara, testua desitxuratu gabe.

Lanak ez dira oraindik amaitu, argitaletxean zuzendu behar baitute testua. Zuzenkizunok aztertu eta erantsi ondoan, inprenta-probak ere etorriko dira, eta orduan, bai, orduan burua emango diogu urtebete eta erdiko lan honi. Horri buruz ere hitz egin lezake besteren batek, prozesuaren ikuspegi osoa izateko.

Amaitu aurretik, Bakartxo Arrizabalagari eman nahi nizkioke eskerrak, hark bultzaturik lotu bainintzaion artikulu hau apailatzeari. Ulertzekoa denez, norberaren lanez jardutea nekagarri eta, are, aspergarria da, exhibizionista samarra izan ezik, baina nork uka ariketa probetxuzkoa izan denik. Neuretzat, behintzat, bai. Ea zuentzat ere hala den.

Aipuetako bibliografia

Antunes, A.L.: Segundo Livro de Crónicas, Ne varietur edizioa (2. argit.), Dom Quixote, 2007.
         ———: A Ordem Natural das Coisas, Ne varietur edizioa (4. argit.), Dom Quixote, 2010.

Bassnett, S.: Translation Studies, Routledge, 2011.

Cabral, E.: «A concepção do romance em Dicionário da Obra de António Lobo Antunes»,
         in F. Cammaert (ed.): António Lobo Antunes: A Arte do Romance, Texto Editores, 2011, 137-156.

Carriço Vieira, A.: «De uma versão a outra, ou como se constrói o romance», in F. Cam­maert (ed.):
         António Lobo Antunes: A Arte do Romance, Texto Editores, 2011, 89-114.

Elexpuru, J.M.: «Tartuforen itzulpenaz gogoetan», Langintza Xeheki, EIZIE, 2012.

Esnal, P. (zuz.): Testu-antolatzaileak: erabilera estrategikoa, Euskaltzaindia / Jagon Saila, 2008.

Garzia, J.: Joskera lantegi, IVAP-HAEE, 1997.

Gordon, S.: «Interview with Margaret Jull Costa», The White Review (2011-11-07)
         <http://www.thewhitereview.org/interviews/interview-with-margaret-jull-costa/>
         [sareko elka­rrizketa], 2012-06-17an kontsultatua.

Guichard, T.: «L´Ordre naturel des choses», Le Matricule des Anges (10),
         1994ko abendua - 1995eko urtarrila.

Morales, J.: «Hura eta bera. Haren, beraren eta bere», Senez (16), EIZIE, 1995.

Mujika, J.A.: «Erlatibo arrunta zehaztaile? Teoriak eta datuak», Euskera (44-2),
         Euskaltzaindia, 1999, 1139-1158.

Munday, J.: Evaluation in Translation: Critical Points of Translator Decision-making,
         Routled­ge, 2012.

Seixo, M.A.: «Still Facts and Living Fiction. The Literary Work of António Lobo Antunes»,
         in Victor K. Mendes (ed.): Facts and Fictions of António Lobo Antunes,
         Portuguese Literary & Cultural Studies (19/20), Tagus Press, 2011, 19-44.

Sousa, A.P.: «Lobo Antunes diz que escritores também têm que ser “showmen”»,
         A Folha (2010-04-24).

Toury, G.: «A dónde nos llevan los estudios descriptivos de traducción:
         O ¿dónde vamos desde donde supuestamente estamos?», in Miguel Angel Vega eta
         Rafael Martín-Gaitero (ed.) La Palabra Vertida: Investigaciones en torno a la Traducción,
         Madril, Editorial Complu­tense, 1997, 69-80.

Zabaleta, J.: «Gaueko gezurrak: Itzulpena lantegi», Langintza Xeheki,
         Senez (39), EIZIE, 2010, 215-230.

Vaz warrot, C.: «António Lobo Antunes: Da escrita romanesca à enunciação musical —
         O texto como tecido sonoro e gráfico», in F. Cammaert (ed.): António Lobo Antunes:
         A Arte do Romance, Texto Editores, 2011, 115-136.