Editoriala
Krisiak murrizte handiak ekarri ditu kulturaren alorrean, batez ere Euskal Herriko alderdi penintsularrean, eta hala dela igartzen hasita daude EIZIE elkarteko kideak beren jardun alorretan ere (besterik ezean, BEZa igo izanaren ondorioz). Ikusi besterik ez dago, esate baterako, interpretazioari gagozkiola, bilkura, kongresu eta antzeko gertakizun handiak gero eta gutxiagotan –edo epe laburragoetarako– antolatzen dituztela. Bestaldetik, administrazioen mendeko argitalpena ere murriztu egin da, eta horrek zuzeneko eragina izaten du itzulpengintzan eta testu zuzenketan. Irabazteko asmorik gabekoak izanik, elkartearen beraren barruan eta aldizkari honetan ere igartzen hasita daude murrizketak, batez ere diru laguntza ofizial txikiagoen ondoriozkoak. Euskal Herrian egoera ez da beste erkidego autonomo batzuetakoa bezain larria (agentzia handiek langile kontratatuak kaleratzea, deslokalizazioa, atzerritik etorritako goi mailako itzultzaile eskarmentudunek beste herrialde batzuetara alde egitea, borondatezko langileen edo ikasleen lan beltza, lana merke-merke egin beharra, zorrak kobratu ezina, ordain epe luzeagoak, itzultzaileek lanbide bat baino gehiago izatera behartuta egotea…).
Guztiarekin ere, tripa hutsagoa izateak adimendu argiagoa omen dakar; hortaz, elkarteak eta aldizkari honek ezagumena zorroztea erabaki dute, eta, horren ondorioz, zenbaki honetara bildutako artikulu eta material asko EIZIEk berak antolatu edo jorraturiko jardueren eta programen uzta dira, elkarteak eta aldizkariak erakundeetatik eta bestelako ekimenei esker jasotako diru elikadura senez erabiltzen dakitelako erakusgarri. Gainerako artikulu gehienak kideen harremanen orpotik datoz; beraz, gizarte sareak hobeto kudeatzera ere behartzen du krisialdiak, eta hori onuratsu gerta ere daiteke.
Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburua izango da, Wroclawekin batera, eta itzulpengintza oinarri sendoenetakotzat izan behar lukeen kultur gertaera handi horri borondatez atxikitzea erabaki du aldizkariak, Poloniari buruzko atal beregain bati ekinda, hurrengo urteotan ere horri segida emateko asmoz –oraingoz, berariazko diru laguntzarik gabe–, itzulpenik gabe kultura nekez truka daitekeelakoan.
Umberto Ecok ezin hobeto dioenez, Europako hizkuntza itzulpena da; dena dela, hainbat erakunde ofizialetan ez dute hizkuntz egoera horren ondoriorik ikusi gura izaten, hau da, kulturan inbertitzeak industri eta ekonomi politiken erdigunean egon behar lukeela, are sektore estrategikoa bihurtuta ere.