Idazlea ltzultzaileen lantegian - Narrazio bat
Europa Jauregia, Gasteiz, 2011ko iraila
I regard the theatre as the greatest of all art forms, the most immediate way in which a human being can share with another the sense of what it is to be a human being.
Oscar Wilde
Le théâtre est art de l'instant. Donc de la mort. Il surgit le temps d'une représentation, pour s'évanouir aussitôt. Tout texte écrit s'inscrit au contraire dans la durée. Il parie sur l'éternité: scripta manent.
Michel Pruner
Mahai baten bueltan bildu gara zazpi itzultzaile, antzerki zuzendari bat eta idazle bat (tira, sinplifikatuta, badakigu ezinezkoa dela inor hitz bakar batez sailkatzea). Mahai gainean, antzerki-testu bat: Aitarekin bidaian; aurrean, hiru lanegun, itzulpena egin ahala sortutako zalantzak argitu, arazoei konponbidea aurkitu, eta behin betiko bertsio bat taxutu arte orraztu, txukundu, eta distira emateko.
Aurten, estreinako aldiz, antzerki-testu bat izan dugu langai Idazlea itzultzaileen lantegian izeneko mintegian. Eta, gainera, Euskal Herriko antzoki ugaritan, eta kanpoko batzuetan, antzeztua izan den testu bat, horrek berekin dakarren guztiarekin. Itzultzaileek, ordea, enkargua jaso zutenetik Gasteizen bildu arteko guztian testua soilik izan zuten eskura. Hala, Julia Marinen iradokizun zentzudunari jarraituz, lantegia abiarazi eta lehenengo lana antzezlanaren bideoa ikustea izan genuen.
ITZIAR (Bideoa amaitu denean): Beno, ikusi dugu obra. Udan testua lantzen itsu-itsuan aritu ondoren, zer iruditu zaizue antzezlana ikustea? Aldatzen al da ezertan zuen itzulpena obra ikusitakoan?
AINARA: Ba niri iruditu zait umoreak askoz ere presentzia nabarmenagoa duela obra antzeztuan, testuan ez dela hainbeste nabaritzen.
DAVID: Beno, niri oso baliagarria izan zait zenbait gauza zehazteko. Adibidez, testuan “esekitoki” izendatzen dena ikusteak gauzak argitu dizkit, eta alemanean ordain egokia aurkitzen lagundu. Esekitokia nolakoa den, hitz bat edo bestea hautatu behar baita alemanez.
(POETA: (…) alemanerazko hitz ikaragarriak ere
ez omen dira erabat zehatzak.)
ITZIAR: Alegia, obra ikusitakoan testuaren ulermen sakonagoa eta zehatzagoa lortu duzuela.
ITZULTZAILEAK: Bai, dudarik gabe.
DIANA: Ba nik zera pentsatu dut, zer desberdina den nobela bat itzultzea eta antzerki-testu bat itzultzea. Nobela batean, barruan daukazu dena, unibertso itxia da. Antzerkian berriz, testua abiapuntua besterik ez da, beste erdia-edo falta da.
Izan ere, testu batean oinarritutako ikuskizuna da antzerkia, hainbat motatako zeinuez eraikitako sistema batek osatua: testu ahoskatua, aktorearen gorputz-adierazpena eta itxura, eszenatokia bere osotasunean, soinu-efektuak…
Narrazioetan autoreek kontatu eta deskribatu egiten dute; antzerkigileek, ordea, erakutsi egiten dute, antzezpenaren bitartez helarazi behar diote hartzaileari nobela edo ipuin batean idatziz azalduko litzatekeena. Narrazioa testu batek osatzen du; antzerkia hein handi batean ikuskizuna da, testu idatzia baino gehiago da. Ez hori bakarrik, esan liteke antzerkian ikuskizuna dela alderik garrantzitsuena. Bada, ikustekoa eta entzutekoa den alde horrek, beste generoek ez dituzten zeinu mota batzuk izaten ditu: ahozko testua, gorputz keinuak, antzeztokia, soinu-argiak… Horiek ere kontuan hartu behar ditu itzultzaileak antzerki lan bat itzultzean, ez baita testu hutsa izaten beste hizkuntza eta kultura batera irauli behar duena.
Hasi berritan antzerkia itzultzeaz, I. Errasti, Senez 32 (2007)
JULIA: Esan daiteke antzezlan bat osatzen duten partituretako bat dela testua. Obra muntatu ahala beste partitura batzuk eraiki behar izaten dira: argiena, aktoreen mugimenduena, atal bakoitzari dagokion emozioena…
ARANTZAZU: Eta lan hori nork egiten du?
AGURTZANE: Zuzendariak, gehienbat, eta aktoreek. Alde horretatik, zuzendari naizen aldetik nahiago izaten dut testu biluzi bat, akotazio gutxikoa, nire bertsioa eraiki ahal izateko. Eta gainera, nahiago izaten dut aktoreek esaten duten horretan aldaketarik ez egitea gero, hautaturiko moduari atxikitzea.
ITZIAR: Noraino heltzen dira, orduan, itzultzailearen zeregina eta ardura, testua itzultzerakoan?
JULIA: Itzultzaileak, hasieran, testu bat hornitu behar du, baina obraren muntaian hor egon behar du, obra eraiki ahala egiten diren aldaketak, agertzen diren ñabardurak eta abar aintzat hartu eta testua modu egokian aldatzeko, egokitzeko, koherentziari eusteko, ahozkotasunaren kalitatea zaintzeko. Eta ez bada horrela egiten, galera bat egon daiteke obraren muntaian. Mahai-lan bat ezinbestekoa da, gutxienez egun bakar batekoa, parte-hartzaile guztien artean. Elkarlan horretan, itzultzaileak emandako bertsioan gauza asko sakrifikatu behar izaten dira helburu teatralaren izenean, obraren muntaian gauzak aldatu ahala, zuzendariak erabakiak hartu ahala.
Bai, bai. Itxointzak! Hik pi-pi, baina nik ka-ka!
Antzerki-testuen ezaugarrietako bat izaten da elkarrizketak, edo bakarrizketak, nagusi izatea. Izan ere, antzerkian pertsonaien esanak eginak ere badira, eta esan horien bitartez egiten du aurrera ekintzak eta istorioak. Ahozkotasunak, beraz, garrantzi handia du, eta pertsonaia bakoitzaren hizkerak naturala izan behar du, sinesgarria gerta dadin. Aitarekin bidaian obrak kontatzen duen istorioan pertsonaia nagusiak aita-semeak dira, eta darabilten hizkera informala da, lagunartekoa edo familiartekoa. Hona hemen zenbait ezaugarri:
- Ahozko hizkeraren markak: itxointzak, esaiok, ze demontre, kieto!
- Onomatopeiak: tu! txirrin-txirrin, pi-pi, fiuuuuuu…
- Interjekzio eta hitz “itsusiak”: e!, ei-ei-ei, kaben zotz, dedio…
- Irainak: alproja, alua, kabroia, txoropito, buruarina, txepela, txokila...
- Hitz- eta hots-jolasak: juan, jain, jun, jan…
- Esaerak: zaharrak, gauzak dira…
Gauza jakina da irainek, interjekzioek eta abarrek zama “afektibo” handia dutela, eta subjektibotasun horrek zail egiten duela hitz horren zama zenbatestea eta beste hizkuntzetan pareko baliokideak aurkitzea. Kontua, ordea, uste baino korapilatsuagoa gertatu zitzaigun, Europa Jauregian bildu ginen euskal hiztunen artean bertan eztabaida piztu zenean: zein da indartsuago, eta iraingarriago, kabroia ala alua? Eta zer esan nahi du “txokil”ek, zehazki? Baliokideak al dira “alproja” eta granuja? Geure artean ere ados jartzen ez ginela ikusita, ezin atera neurkin zorrotzegia hizkuntza ezberdinetako irainen baliokidetasuna neurtzeko. Hor daude, ordea, proposamen modura, inork aintzat hartu nahi baditu.
El viaje de mi padre, edo traduktologia urrunegi joan zenekoa
Aitarekin bidaian gaztelaniara itzulita dago, baita gaztelaniaz antzeztua ere. Alegia, Arantxa Iturbek egindako lana zuzendariaren eta aktoreen galbahe zorrotzetik igaroa da, idazleak bere kronikan kontatzen duen bezala. Mintegiaren koordinatzaileak eskura izan zuen itzulpen hori, eta aurrez zenbait galdera prestaturik eraman zituen lantegira, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen erkaketatik atereak. Asmoa: antzerki-testu baten auto-itzulpena nolabait aztertzea.
ITZIAR (entenditu eitearekin): Hurrena, Arantxa, gaztelaniazko bertsioan aurkitu ditudan zenbait desberdintasunez galde egin nahi nizuke. Hona hemen adibide sorta bat:
Esekitokia amaren arropekin > un hermoso vestido de flores
Musikaria > el acordeonista
Ni, rubia? Beltzarana naiz eta! > ¿Rubia, yo? ¿A qué estás mirando?
Piezaren buelta erdia > a punto de terminar la habanera
…ahaztea lastima dena > lo que jamás deberías olvidar
Artilezko txalekoa > las gafas
Eta ura? > Trae un poco de vino
ITZIAR (tonu berean): Euskaratik gaztelaniarako auto-itzulpena landu duten zenbait teorialariren ustean, orokorragotik zehatzagora pasatzeko joera hautematen da sarritan. Uste al duzu joera hori egon daitekeela “pieza”/habanera edo “musikaria”/acordeonista itzulpenetan, adibidez?
ARANTXA (“poker” begiratuarekin):… (Isilune luze samar baten ostean). Bai zera, hori seguru Jabier Muguruzaren kontua dela.
ITZIAR (ezustean harrapaturik): A… beno. (Beste saiakera bat egiten du). Bestalde, gaztelaniazkoan euskarazkoan ageri ez diren esaldi batzuk ere badaude. Adibidez: “ACORDEONISTA: para todos los amantes del mundo! Edo: “PADRE: rosita tiene un clavel”…. Beste autore batzuek esaten dutenez, idazlea bera denean itzultzaile, sortzen den testua itzulpena ez baizik eta bertsio berri bat izaten omen da.
ARANTXA (“poker” begiratuarekin berriz ere): Ba egia izango da, ez dakit, izan ere hainbeste bertsio landu ditugu, azkenean kontua ere galtzen duzu. Egia esan, bertsio definitiboa zein den esaten ere zail da…
AGURTZANE (off-eko ahotsean): Hauek guztiak lan-prozesu baten emaitza dira, ez dira itzultzerakoan berez horrela idatzitakoak. Testua idatzi zenean, ikuskizuna ez zegoen oraindik muntatuta, baina bai itzulita, lehen bertsio batean. Bertsio horretan ez ziren alderdi horiek orain dauden bezala agertzen. Euskarazkoa estreinatu eta gero, erdarazkoa lantzen hasi ginenean, aurretik testua egokitu nuen antzezlanera eta musikaria akordeoilaria zen, noski, eta esekitokian, gauza bera, bageneukan jantzi zoragarri hori. Eta horrela gertatu zen kasu guztietan, orokortasunetik zehaztasunera pasatu ginen, bide horretan testua antzerki bihurtu zelako. Gehitutako esaldien kasuan, berriz, obra lantzen ari ginela sortu ziren, baina ez genuen euskarazko testua egokitu, antzezpenean sartuta badaude ere. Adibidez: Para todos los amantes del mundo > “Elkar maite dutenentzat”. Bigarren hau litzateke originala, noski, gero sortu baitzen para todos los amantes del mundo.
Hortxe bukatu ziren auto-itzulpenari buruzko gogoeta sakon sofistikatuak, eta hortxe konturatu zen koordinatzaile hau narratibako testu itxi amaituetarako baliagarriak diren gako askok ez duela zentzurik antzerki-testuaren kasuan. Antzokietara eraman behar den antzerki-testu batek beste izaera bat dauka, ez da hain “finkoa”, obraren osotasunaren esanetara dago, eta itzultzailea beste modu batera hurbildu behar zaio. Mintegi honetan, beraz, ikuspegia aldatu beharra zegoen…
Aita, entzuten al nauzu? / Ipuin bat kontatuko diat, seme
Aitarekin bidaian obran badago zuka/hika tratamenduen alternantzia bat oso efektu interesgarria sortzen duena. Semeak aitari, ohi den bezala, zuka egiten dio obra osoan. Baita semeak nagusiari eta zahar-etxeko zuzendariari ere, edota amari, edo haren oroitzapenari, hitz egiten dionean. Aitak semeari, ordea, normalean hika egiten badio ere, obraren zenbait unetan zuka egiten hasten zaio. Arantxa Iturberi horren zergatia galdetuta, erantzuna izan zen berariaz bilatutako efektu bati zegokiola: alegia, aitaren berezko joera semeari hika egitea zela, baina gaixotasunak eragindako gainbehera-bidean, izaeraren eta oroimenaren desintegrazio-prozesu horretan aurrera egin ahala, semearekin duen harremana ere ezabatzen, galtzen hasten dela, eta une horietan zuka egiten hasten zaiola. Argi ikusten da efektu hori testuan, eta behin zergatia ezagututa, iruditu zitzaigun hondabide horren mugarrien marka esanguratsua eta bikaina zela. Monika Czerny-rentzat, adibidez, hika/zuka tratamenduen erabileraren eta balio afektiboaren erakusgarri argia gertatu zen.
Alde horretatik, noski, garrantzitsua zatekeen efektu hori itzulpenetan islatzea. Nola egin, ordea? Mintegian genituen hizkuntzek ez zuten berez aukera hori eskaintzen, eta, horren faltan, beste baliabideren bat erabiliz konpentsazio moduko bat bilatzeari artifizial eta desegoki iritzi genion. Ez genuen, beraz, irtenbide egokirik aurkitu, eta, pena handiz, galeren atalean jaso behar izan genuen hika/zuka tratamenduen alternantziarena.
Bélgica Bruselas, Alemania Berlín, España Madrid
Obra honen beste ezaugarri bat, gure eguneroko hizkuntz jardunaren isla fidela, gaztelania tartekatzearena da, eta gaztelaniazko hitz edo esapide batzuk erabiltzea. Kultur markatzat jo genezake. Horren adibide dira, esaterako, aitak amari Rubia deitzea, kieto! eta don-perfektoren moduko zenbait esapide agertzea eta, obraren pasarte batean, semea Europako herrialde eta hiriburuen zerrenda buruz ikasia errezitatzen hastea, gaztelaniaz, lasaitze aldera:
PATXI:…joan egin da. Gure aitari bost! Nire oinetakoak, zure nekeak edo Maiteren malkoak! Bost! (Lasaitze aldera, hasperen egin eta Europako kapitalak errezitatzen hasten da). Albania Tirana, Alemania Berlín, Austria Viena, Bélgica Bruselas, Bielorrusia Minsk, Bosnia Herzegovina Sarajevo, Dinamarca Copenhague, España Madrid, Finlandia Helsinki, Francia París, Grecia Atenas, Hungría Budapest, Irlanda Dublín, Italia Roma… Ikusten, ama? Ez naiz behin ere nahasten.
Berezitasun hori Hego Euskal Herriko egoerari hain lotua egonik, ez zen erraza beste hizkuntza eta kulturetan islatzea. Mintegian jardun zuten lau itzultzaileak ados agertu ziren egoera baliokide bat bilatzen hastea naturaltasunaren kaltean zatekeela, baita katalanez ere, nahiz hizkuntza horren kasuan uler zitekeen errazen. Azkenean, ez zuten bide horretatik jo.
Alemanian, rubiak ez dira batere exotikoak. Ingalaterran, jabier-muguruzek biolina jotzen dute
Mintegian denak ados egon ginen Aitarekin bidaian obrak jorratzen duen gaia unibertsala dela. Lehen begiratuan, obra hau edonon kokatua egon zitekeen, eta ez ezinbestean Euskal Herrian. Haatik, sakonxeago begiratzen hasita, hemengo kulturari lotuta dauden hainbat ezaugarri aurki daitezke beste hizkuntza eta kulturetara iraultzerakoan aintzat hartu beharrekoak direnak. Batzuk mintegiko koordinatzaileak seinalatu zituen; besteak, berriz, mintegiko auzolanak atera zituen argitara, itzultzaile bakoitzak bere kulturarekiko arrotzak edo, behintzat, bereziak, jotzen zituen zenbait kontu aipatu ahala. Zenbait bitxikeria mahairatzeko parada eman zigun horrek. Ikus, bestela:
- Lehenik, izenak berak: Patxi Olazaguti, Maite, Juan, Miguel Arruti…
- Erakunde, denda eta abarren izenak, eta telefono zenbakien egitura: Lejarreta okindegia, larrialdien telefono zerrenda (SOS deiak 94-667788, Gurutze Gorria 666554433, Dya…, Emakunde 696696, Emaus…).
- Semeak aitaren maleta prestatzen duenean, zahar-etxera eramateko, honakoa esaten du:
PATXI: Bai. (Berera) Lau pare galtza, bi tergalezkoak eta beste bi panazkoak.
- Aitak, obraren zenbait ataletan, emazteari hitz egiten dionean “ama” esaten dio, gurean nahiko ohikoa denez (nahiz den-denak ez ginen horretan bat etorri), seme-alabak erreferentziatzat hartuta bezala. Horrekin, idazlearen esanetan, aitaren desintegrazio-prozesu hori islatzeko beste marka bat sartu nahi izan zuten, gainbehera-prozesu horretan “umetu” ahala aitak emaztearen figura amarenarekin nolabait berdinduko balu bezala. Efektu hori bere horretan beste hizkuntzetara iraultzen saiatuz gero, ordea, oso arraroa izango omen zen emaitza, eta beste modu batzuk bilatu zituzten.
- “Plaza”ren kontzeptua, eta kontzeptu horrek berekin dakartzan guztiak:
AITA: Maitea! Etorri zara, beti etortzen zara… Eskerrik asko! Uste nuen… uste nuen… (Lasaitua hartuz) Ezer ez. Bai apaina zaudela, nik oparitutako soinekoarekin… (Eskua hartzen dio goxoki), plazako begi guztiak zugan biltzeko moduan! Ederrenetan ederrena. Eta zuk nirekin nahi! Kaben zotz! Ez da erraza ulertzen, ezta? Eta zu bitartean barre goxoan. Zenbat barre egin dugun elkarrekin! Ze demontre! Mundu honek barrezka hartzea baino ez du merezi. Eskerrik asko. (Muxu ematen dio eskuan) Zatoz, mademoiselle. (Konplizitatez) Oraindik gustatzen zaizu, ezta?
David Lindemann-en esanetan, Alemanian ez da plaza-kultura hori ezagutzen, eta erreferentzia hori arrotz gerta dakioke alemaniar irakurle/ikusle bati. Beraz, alemanerako itzulpenean plaza hitz arrotza, garraiatzen duen zama kulturalarekin batera, bere horretan mantentzea erabaki zuen.
- Patxi semearen egoera: zenbait kulturatan, batez ere Alemania eta Erresuma Batukoan, Patxiren adina lukeen seme bat oraindik ere aita-amen etxean bizitzea ulertezina gertatuko litzateke, edo oso arraroa, behintzat. Diana Draper-ek azpimarratu zuen britainiar ikusle baten begietara, euskal ikusle baten begietara baino “gizagaixoago” agertuko litzatekeela Patxiren irudia. Eta, bestalde, osaba Juanen pertsonaia, arrebaren etxean biziko litzatekeen anaiarena (mutilzaharra?) ere ez litzatekeela erraz ulertuko. David Lindemann-en iritziz, aita zahar-etxe batera eramatea, kulturalki, ez da Euskal Herrian bezain gaizki ikusia Alemanian, ezta hain gogorra edo muturrekoa, hango gizon gazte baten begietara. Polonian eta Katalunian, berriz, normaltzat joko lirateke egoera eta pertsonaia horiek.
- Aitak Rubia deitzen dio emazteari, nahiz “egiaz" beltzarana izan, edertasunari loturiko bereizgarri moduan, beste emakumeengandik apartekoa dela azpimarratzeko edo. Alemanian, ordea, ilehori deitzeak inor gutxi bereiziko luke, halakoa baita gehiengoa herrialde horretan. Beste hizkuntzen kasuan ere luze eta zabal eztabaidatu zen testu osoan zehar agertzen den marka horren itzulpen-arazoa. Azkenean, ordea, bakoitzak aurkitu zuen bere hizkuntza eta kulturaren neurriko soluzioa.
- Obraren pasarte jakin batean, aita-semeak irain-festa batean buru-belarri murgiltzen dira, osaba Juanen lepotik. Halako batean, “bai, hirekin ari nauk, Satanas nauk!” esaten du aitak. Monika Czerny-k adierazi zuenez, deabruari eginiko erreferentzia horrek oso efektu bortitza izango luke polonieraz, bere horretan irauliz gero, eta ezinbestekoa omen zen nolabait leuntzea.
- Aitak semeari kontatzen dion “ipuinean” ur-putzu bat ageri da. Ur-putzu hori beste hizkuntzetan zer izan zitekeen ez zen asmatzen erraza izan, istorio horretan kontatzen den egoera sinesgarri izateko moduan. Ingalaterran, adibidez, pentsaezina da urtegi batean bainatzea, legez kontrakoa bailitzateke. Buelta ugari eman behar izan zizkion Diana Draper-ek kontu horri, azken soluzio modura lake of sparkling water proposatu arte.
Antzerki-testu bat beste hizkuntza batera iraultzerakoan, itzultzaileak askatasun handiagoz jokatu ohi du –betiere zuzendariaren esanetara, noski–. Helburua naturaltasuna lortzea izaten da, eta, sarritan, arroztasuna eragiten duten markak egokitzapen bidez ezabatzera jotzen da. Zilegi da, ordea, zuzendariak hala nahi izanez gero, arroztasun-seinale horiei eustea, antzezlana nonbait atzerrian gertatzen dela islatu nahi bada. Gakoa, betiere, koherentziari eustea litzateke. Alegia, ez litzateke koherentea pertsonaien izenak aldatzea, erakunde edo saltokien izenak aldatu gabe, adibidez. Egiten dena egiten dela, testuak sistema koherente bat osatu behar du.
Mintegiko antzerki-adituekin izandako solasetan argi geratu zen kontu horretan azken hitza zuzendariarena dela, baina, abiapuntu modura besterik ez bada ere, itzultzaileak proposamen bat helarazi behar dio hari. Askatasuna hartzeko gonbita eginik, David Lindemann-ek eta Diana Draper-ek alderantzizko jarrerak islatzen dituzten hautuak egin zituzten beren proposamenetan. Hala, Lindemann-ek arroztasunari eustea erabaki zuen obra hau Alemanian muntatu nahi lukeen zuzendariari aurkezteko abiapuntu gisa. Alemanezko bertsioan, beraz, Euskal Herrian kokatua izango litzateke istorioa, pertsonaien izenak bere horretan mantenduko lirateke, bai eta euskal kulturari loturiko markak ere. Aldiz, Diana Draper-ek egokitzapenaren hautua egin zuen, eta obra Erresuma Batuan kokatzea erabaki. Hala, pertsonaien izenak aldatu zituen (Patxi Michael bihurtu zen, eta Maite, berriz, Clare, izen bakoitzari loturiko konnotazioen baliokidetza-ariketa ezin interesgarriago eta argudiatu baten ondoren). Bestalde, aitaren pertsonaiak akordeoiarekin duen harremana, haren izaera ameslaria eta errealitatetik urrun samar dagoenaren isla, ingeles kulturan askoz hobeto ulertuko omen litzateke biolinarekin lotuta, akordeoiarekin baino. Ondorioz, Jabier Muguruzaren pertsonaiak, bertsio ingelesean, biolina joko luke.
Hautsi-mautsiak eta galdu-irabaziak: artisauaren haztaga
Duela bi urteko edizioan, jatorrizkoa eta itzulpenak baliokideak ote ziren aztertzeko irudi metaforiko bat sortu genuen, mintegian zehar geure ondoan gorde genuena:
(…) gure artean eserita jarri genuen artisau saiatu bat, zeinak erreberentzia handiz esku artean hartuko baitzuen Jatorrizko Obra. Esku trebe ikasiz haztatuko zuen Obra, haren pisua neurtzeko, eta kontu handiz aztertuko zituen haren forma, kolore, irudi, usain, ehundura, soinu eta itzal oro, agerian jarritakoak eta ezkutuan utzitakoak, artelan hura den bezalakoa egiten duen ezaugarri oro atzeman eta ulertu nahian. Behin bereizgarri guztien inbentarioa eginik, hor hasiko da, beste material arras desberdin bat eskuetan hartuta, antzeko forma, kolore, irudi, usain, ehundura, soinu eta itzal sortzeko lanean. Beste material honetaz duen ezagutza sakona lagun, Obraren ezaugarriak bir-sortzen hasiko da, jakinik jatorrizkoaren sakongune edo irtengune guztiak ez direla itsu-itsuan erreproduzitu behar, material honek ez bailituzke beharbada guztiak onartuko. Pisutsuegia litzateke emaitza, edo arinegia, edo distortsionatua. Badaki materialak oso-berea-egitekoak izaten direla, eta zenbaitetan –artisauak bihotz-minez ikasi eta onartu behar izan du– ezinezkoa izaten dela material baten ezaugarri jakin bat beste batean lortzea, eta une lazgarri horietan osotasunaren pisua gordetzea izaten dela garrantzitsuena, eta han goian jarri ezin izan duen koxka horren pisua beheraxeago eranstea badaukala, materialak onartuko dion modu batean. Eta horrela jardunez, egonarri infinitoaz, Obra bir-sortzen du, ez derrigorrez forma, kolore, irudi, usain, ehundura, soinu eta itzal berberekin –hartuta–, baina halako moldez non Obra bir-sortuak ikuslearen begietan eragingo duen proiekzioa Jatorrizko Obrak eragingo lukeenaren oso antzekoa izango baita.
Bidaia bat Itzultopiara, I. Otegi. Senez 38 (2009)
Aurtengoan ere, mahai gainean jarri dugu gure artisau saiatuaren haztaga, jatorrizkoak ezartzen dituen itzulpen-arazoei emaniko irtenbideak baloratzeko asmoz, eta ezinbestean galera zegoela onartzen genuen kasuetan, konpentsazioren bat egiteko aukerarik ba ote zegoen aztertzeko. Dagoeneko aipatu ditugu galera horietako batzuk, zeinentzat ez baikenuen, gehienetan, konpentsaziorako biderik aurkitu. Hala ere, efektuen baliokidetzaren ideia eta haztagaren akuilua begien bistan edukitzeari lagungarria iritzi zioten itzultzaileek.
Orobat oso baliagarritzat jo zituzten itzultzaileek mintegi osoan izandako eztabaidak eta egindako auzolana. Itzulpen-arazo jakin baten aurrean, azken soluzioak hizkuntza batetik bestera “esportatzea” ezinezkoa izan arren, egindako bidea oso lagungarria izan daiteke beste hizkuntza baten kasuan egoki izan daitekeen irtenbide bat aurkitzeko. Luxutzat jo zuten denek ere auzolanerako aukera, itzultzailearen ohiko jardun bakartiaren aldean.
Itzulpenaren kalitatearen auzia, alegia, Lortuko al luke itzulpen honek jatorrizkoaren efektu berberak eragitea xede-hizkuntzako irakurle/ikuslearengan? galdera oraingoan ere erantzunik gabe gelditu zen, hainbat arrazoirengatik. Lehenik, itzulpenak ez dira erabat bukatzen mintegian, handik egun batzuetara baizik, mintegian mahairatutako hari-mutur guztiei soluzioa ematen dionean itzultzaileak. Bigarrenik, litekeena da itzultzailea bera ez izatea egindako lana epaitzeko pertsonarik egokiena. Eta, hirugarrenik… ba al du erantzunik galdera horrek? Izan ere, itzulpena misterio bat da. Bidean zenbait galera izan zituztela onartuagatik, itzultzaileak pozik agertu ziren egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin. Batzuen esanetan, itzulpen bidez lortutako testua beste testu bat da, baina ez jatorrizkoa baino okerragoa. Bere funtzioa betetzen du.
Antzerki-testu baten kasuan, badago laugarren alderdi bat ere aintzat hartu beharrekoa: nola baloratu testuaren kalitatea, antzezlanaren muntaketa-prozesuaren galbahetik igaro ezean? Sutan jartzean probatzen omen da eltzea nolakoa den, eta, kasu honetan, zuzendaria, aktoreak eta ikusleak lirateke itzulpen bidez bir-sorturiko testu berri horien sua.
Guk izan genuen su txiki bat, Europa Jauregian, irailaren 29ko iluntzean. Iritsi baitzen mintegiaren azken eguna, eta, horrekin, jendaurreko ekitaldia. Agurtzane Intxaurragaren gidaritza abilaren eskutik, une batez aktore bihurtu ziren itzultzaileak, eta, batek daki nola, di-da batean benetako ikuskizun bat eraiki zuten denen artean. Zail da egun hartan gertaturikoa kontatzen. Bertara hurbildu ziren ikusle urriek Aitarekin bidaian obraren antzezpen berezi bat ikusi zuten, sei hizkuntzen arteko oihartzunek eta Jabier Muguruzaren akordeoiaren doinu malenkoniatsuek ondua. Edertasunez beteriko une hunkigarriak, ikusleoi harridura, oilo-ipurdia eta malko bat edo beste eragin zizkigutenak.
Le théâtre est art de l'instant. Donc de la mort. Horixe sentitu nuen nik oihartzun eleanitz haiek isildu ziren unean: heriotza txiki bat, jabetu nintzenean amaitu berri zen hura ez zela, ziurrenik, sekula errepikatuko. Halakoxea da, ordea, antzerkia.