Aitarekin bidaian
Patxi aitarekin bizi da, bakarrik. Ama hil aurretik, hitz eman zion aita azkeneraino zainduko zuela. Ez zekien, ordea, zer zaila izango zitzaion hitza betetzea. Ahalegin horretan bizitza aldatuko zaio. Maite emaztegaia galduko du, lanari eustea kosta egingo zaio, eta, batez ere, aitarekiko erlazioa izugarri zaila bihurtuko zaio, aita gaixotzen eta oroimena eta izana galtzen doan heinean. Bide horretan, haatik, aita ezagutzera helduko da, osaba Juanen itzal oraindik luzea argituko du, eta bere bizitzaren istorioa ulertzera iritsiko da. Horretarako, ordea, beharrezkoa izango da bidaiaren azken geltokira heltzea.
Eszenatokiaren paretak agerian dira. Lurrean sakabanatuta etxeko altzari eta tresna ugari. Guztien artean lauk deituko digute atentzioa: akordeoia, bi maleta, esekitokia amaren arroparekin eta telefonoa.
Bi aktore eszenatokira sartu. Bata eszenatokiaren albo batean dagoen aulki batean eseri, eta, bestea, aurrealdera etorri eta argi aldaketarekin batera hitz egiten hasiko da.
AITA-AKTOREA: “Zaharrak, gauzak dira” esaten ziguten gure zaharrek (barre minduz) eta barre egiten genuen zaharren gauzak zirelakoan. (etsipenez) Eta barrea zimurtu egiten da ziztu batean. Eta ahazten hasten zara. (pausa) Ahaztu…Lehendabizi, gauzak: non sartu ote ditut giltzak? Geroxeago, hitzorduak: ze egunetan itzultzeko agindu zidan medikuak? Eta apuntatzen ikasten duzu… (Etsipenez)apuntatutakoa begiratzea ahazten duzun arte. Ahazten duzu bezperan izandakoa, goizean esandakoa, iluntzean egitekoa. Ahazten zaizkizu pastillak, betaurrekoak, izenak, urtebetetzeak, aurpegiak, bideak. Eta azkenik, ahazten zaizu non zauden eta zergatik, eta nor zaren. Ahaztu. Dena. Ona eta txarra. Ahazteak merezi duena eta ahaztea lastima dena. Ez dago ahanzturarentzat hesirik. Nor izatetik ezer ez izatera eramaten zaitu ahanzturak. Zu, baina ez zu bakarrik: ezereza bihurtzen zarenean, beste guztiak zurekin. Gauza bakarra gogoan: zaharra, gero eta zaharrago. Erremediorik gabe. Atzera bueltarik gabe.
ANTZEZLANAREN HASIERA
(ARGI ALDAKETA)
Tren hotsa gero eta hurbilago, gero eta ozenago. Trena inguratzen ari da ziztu batean. AITA eszenaren erdian, zoriontsu. Ez du tren hotsik entzuten. Bere akordeoi “imajinarioa” jotzen ari da, bere munduan erabat murgilduta. Melodia berri bat asmatzen ari da, munduko melodiarik ederrena. Eta oso ondo ateratzen ari zaio. Trenak bozina joko du.
Espazio berean, beste plano batean, PATXI, semea, erabat kontzentratuta biderketak egiten etengabe. Ez dauka ez paperik ez boligraforik eskura. Buruz ari da.
PATXI: Bederatzi mila bostehun eta hogeita hamabost, zortzi mila berrehun eta hogeita hamaika aldiz, hirurogeita hemezortzi milioi laurehun eta laurogeita bi mila bostehun eta laurogeita bost. 9535, 8232 aldiz, 78 milioi, 492 mila 120. 9535, 8233 aldiz, 78 milioi, 501 mila, 655. 9535, 8234 aldiz…