'Printzea'ren irakurketa partikularra
Beatriz Zabalondo

Makiaveloren 'Printzea' lanaren inguruan idatzi bat egiteko eskatu zidanean EIZIEko lehendakari Arrizabalaga andereak zer idatzi behar nuen nik esan nion. Muineraino sartu zitzaidan ikara eta pentsatuko nuela erantzun nion. Burutik kendu ezin tentazioa, batetik, baina halako lan bati heltzeko bertigoa, bestetik. "Obra handitxoa dun hiretzat", entzuten nuen neure barruan. Eta, hala ere, ezin nuen ahaztu azken Euskadi Sarian epaimahaikide izan nintzenean (2009) obra honek utzitako oroitzapena. Alderdi hau gailendu zitzaidan, izua azpian utzita. Neure barrutik idazteko baimena jaso nuenean, lasaixeago begiratu nion kontuari. Halako batean, beraz, baiezkoa eman nuen: azterketa filologiko-traduktologiko zorrotzetik helduko niola espero bazuen lehendakariak, horretarako gai ez nuela ikusten neure burua abisatuta. Zalantzak eta osterantzekoak gaindituta, Juan Martin Elexpururen 'Printzea' obra berriz irakurri eta hauxe da hemen partekatu nahi dudana.

Printzea

Printzea
Jatorrizko izenburua: Il Principe
Egilea: Makiavelo
Itzultzailea: Juan Martin Elexpuru
Argitaratze urtea: 2008
Argitaletxea: Limes bilduma, EHU

Itzulpenak, sariak... zertarako?

Nik ez dakit zertarako balio duen itzulpenak. Nik bakarrik dakit niri zertarako balio izan didan eta balio didan. Ez dut asmatuko formulatzen egia biribil betiereko horietako bat itzulpenaren baliotasunaz; bada ni baino jende jantziagorik gure artean horri heldu diona. Niri Anjel Lertxundik aspalditxo idatzitakoa gustatzen zait asko eta huraxe dut neuretzakoa: "Itzulpenak zabaltzen du kultura baten leihoa, itzulpenari esker egurasten ditu kultura horrek bere gelak eta ganbarak. Itzulpenen bidez heltzen da hizkuntza bat berez helduko ez litzatekeen eremuetara" (Lertxundi, A., 1999).

Hitzotan marraztutako kultura/etxe horretan bizitzen lagundu dit niri itzulpenak, eta etxetik urrutiko munduak ezagutu eta konkistatzeko aukera paregabea eskaini. Itzulpen-leihoei esker, hamaika bidaia zoragarri egin dut denboran eta espazioan barrena, nola literaturaren hala zinemaren bidez.

2009ko Itzulpengintzako Euskadi Sarietako epaimahaiko izan ez banintz, ez dakit lan hau irakurtzeko fortuna izango nuen: egunero gauza asko utzi behar izaten dugu atzera. Baita gustukoenetarik ere.

Nik ez dakit justifikatu behar dugun zertarako balio duten sariek, Euskadi Sariek kasu. Autore batzuentzat (eta beste batzuentzat) zer diren irudika dezaket. Nik bakarrik dakit niri zertarako balio izan didaten eta balio didaten. Badakit niri, irakurle arrunt honi, zelako aberastasuna eman didan urtebeteko produkzio (ia) osoa eskuan eduki eta irakurtzeko "konpromisoa" eta "lantegia" hartzeak. Eginkizuna bada, bai, baina halako plazerik! Irakurtzea plazer dugunontzat, jakina. Eta are gehiago urteko ikuspegi osoa bilduz egiten den irakurketa horrek ematen duena; horrek ez du parekorik. Bai, epaimahaiko izan gabe ere irakur nezakeen, beti irakur dezaket. Liburuak inguratu eta irakurri. Baina egia da ez dudala inoiz irakurri urteko produkzio (ia) osoa. Liburu mordoxka irakurri ohi dut urtean zehar, baina euskarara itzultzen den (ia) guztia ez. Ezta hurrik eman ere. Irakurketa askotarikoari heldu ohi diot, euskarazko itzulpengintzak emandakoari lotu barik. Horregatik ez dut izaten ikuspegi oso hori.

Eskola garaitik izen ezagunak ditugu autore eta obra hau; unibertsitateko urteetan, gutako askoren bibliografia partikularretara hurbildu zaizkigu bi izenok, eta ia beti bat eginik. Ikasle garaian, ikasketei oso lotutako liburuak irakurri ohi ditugu lehenik, eta gero, akaso, bibliografia osagarriko zerrendetakoak. Jakina, gure bibliografiak erdarazkoak (izan) dira hein handi batean. Jatorrizko iturrietara jo dugunetan, gehienetan euskarazkotik barik beste hizkuntza batzuetatik edan dugu. Halabeharrez. Alde horretatik, benetan txalogarriak dira pentsamendu unibertsaleko obrak euskaratzeko eta dibulgatzeko ekimenak: Klasikoak bildumakoak, Jakin Irakurgaiak sailekoak, EHUko Limes eta ZIO bildumetakoak...

Printzea ezagutzeak horixe zuen niretzat: batetik, iturrira jotzeko aukera, eta euskaraz ezagutzekoa, bestetik. Ez baita gauza bera zein hizkuntzatan hurbiltzen garen autoreengana; lehen irakurraldiko hizkuntzakoa bilakatzen zaigu erreferente, normalean. Gure kulturaren habeak ezartzen dituena. Eta etxea hortik eraikitzen hasten gara.

Nik neuk, jatorrizko iturria zuzenean gozatu ezin badut, nahiago dut beti euskarazko zubitik hurbildu, itzultzaileari konfiantza emanda. Kanpora leihoak irekitzeko trabarik ez dut jarriko; alderantziz, etxea goxatzea eta bizipozez betetzea dut nahien.

Obra irabazleak eta besteak

Saria obra bakarrak irabazi ohi du. Horren autorearentzat (itzultzailearentzat) dira loria eta sosak. Gure itzultzaile-komunitate txiki honetan, denok gogoratzen dugu zeinek irabazi zuen aurreko urteko saria. Obraren izenburua zehatz-mehatz gogoratzen ez badugu, itzultzailea nor den, (ia) seguru, badakigu. Eta hala, sariren bat irabazi duten itzultzaileen rankinga osatzen doa gure memorian.

Alde horretatik, asko ez dira akordatuko Printzea finalisten artean izan zela 2009ko Euskadi Sari hartan. Eta nola diren kontuak, bost liburutatik bi Elexpururenak izan ziren: bi liburu, baina hiru obra, gainera: Makiaveloren Printzea batetik, eta, bestetik, Molièreren Tartufo eta Zekena lanak. Obra irabazlearen merituak azpimarratzeaz gainera, urte hartan, epaimahaiak gainerako obrez esan zuena ekarriko dut hona: "(...) epaimahai honek poz handiz egiaztatu du, ezin du aldarrikatu gabe utzi, Itzulpen Sari honetako finalista izan diren lanen eta beste hainbaten kalitate-maila ohargarria" (CO00299A, 2009). Arestian aipatutako Elexpururen lanez gain, Koro Navarroren Belarra kantari (Doris Lessing) eta Karlos Zabalaren Esperantza (André Malraux) izan ziren aipamen berezi horren merezimendua jaso zutenak. Finalista izatera iritsi ez ziren beste obra on batzuk ezkutuan geratu ziren 1.

Bi gogoetatxo; hauxe lehena: irabazlearen ondoan, kalitate handiko obrak egon ohi dira, eta, saria lan batek irabazi arren, beste horiek ere gure rankingean gorde behar genituzke. Bigarren gogoeta: euskarazko literatura-itzulpen kalitate oso handikoak egin dira eta egiten dira urtero. Corpus aberatsa osatzen ari dira literatura itzultzaileen artean; saridunez gain, bada beste itzultzaile mordoxka bat lan ederrez hornitzen gaituena. Lertxundiren aipuaren haritik, ez genuke ahaztu behar gure kulturari eta hizkuntzari egiten dioten ekarpena. "Izena duena omen da", dio gure esaera zahar batek. Baina izena dutenez gain, badira beste hainbat bazter utzi behar ez ditugunak.

Itzulpenaren (Hizkuntzaren) aurreiritziez

Jatorrizko hizkuntzan irakurri edo itzulpena baliatu. Hari bateko bi mutur dira. Baina itzulpenaren onurez jabetu ez bagina, ez ginateke hemen egongo. Noiz jo jatorrizkora noiz itzulpenera, edo hobeto esanda, nork eta zertarako. Uste dut Pernandoren egiei bueltaka aritzen garela sarri, natural onartu beharrean itzulpena behar dugula. Gehienok, behintzat, bai; beti salbuetsiko ditugu kasu bakarren batzuk, egia da, baina euskaldunok ezin dugu gure kutura/etxea eraiki itzulpenari bizkar emanda. Beste kontu bat da zertarako baliatu behar dugun itzulpena (beste toki baterako eztabaida izan liteke hori eta bego bere horretan).

Arestian aipatu dut euskarazko itzulpenek sortu duten corpus aberasgarria: ez da gure kultura/etxea bakarrik egurastu, hizkuntza bera izan da azpikoz gora irauli dena eta oso indartuta atera dena. Esan gabe doa: hizkuntza dugu herritarron arteko komunikazio bide eta xede ez ezik, baita edozein arlotako jakintza eraikitzeko oinarria ere. Iraganaren arrastoa da eta etorkizun denaren atalaurrea; gure aurrekoek transmititu diguten ondarea eta ondorengoei utziko diegun altxorra.

Niretzat euskarak musika bat du, haurtzaroko oihartzuna dakarkit: lehen soinu eta emozioena, lehen kantena, errezuena, maitasunarena, eskolan ikasitako lehen letrena, lagunarteko jolasena... Ezinbestean aldatu ginen hizkuntzaz gero, eta umetako hotsak liburuetako hitz berrien moldera ekartzen ikasi genuen. Hortik aurrera eraikitako etxea hizkuntzen joan-etorrian ibili da.

Printzea irakurtzen hasi nintzenean, nire haurtzaroko melodietara itzuli nintzen. Natural entzuten nuen nire barruan begiek irakurtzen zutena: irakurketa hark nire betiko izatean doi-doiko lekua balu bezala. Nik lehenago ere irakurriak nituen Elexpuruk idatzitako eta itzulitako obra batzuk, oso estimu handitan neukan idazlea, eta Printzearen itzulpenarekin berriro baietsi nuen nire iritzia. Eta epaimaikideei esan ere egin nien: "Hau nire euskara da, gure aldeko euskara da (Debagoienekoa, zehazki), eta soinu honek oso ondo jotzen du nire belarrietan". Ez dut ahaztuko mahaiko batek eman zidan erantzun ona: "Hori ez da zure euskara; hori ez da zuen inguruko euskara. Hori euskara da. Euskara bat eta bakarra da". Bai jauna. Esan nahi baita: nigan erreakzio hori sortu ohi duten itzulpenak ez ditut euskarazko obratzat baizik hartzen. Aitor dut: itzulpenarekiko eta hizkuntzarekiko nire aurreiritzia zelakoan nengoen, baina adituek diotenez, itzulpen kalitatearen neurria xede testuaren irakurgarritasunean hasten da (Parra Galiano, S., 2007). Mahaikidearen zehaztapena onartuta, hain oker ere ez nenbilen, beraz.

Aurreiritziak Makiaveloz

Hitzetik hortzera erabiltzen dugu "makiaveliko" hitza; denean dago; eremu akademikoetatik honantzago, noiznahi entzuten/erabiltzen da: politikarien arteko liskarretan, hedabideetan, lagunarteko solasaldietan... Eta matizen bat edo beste egin daitekeen arren, gehienok honelakoak esan nahi ditugu: makurkeria, azpijokoa, tranpa-ta-zikina, okerkeria, deabrukeria, faltsukeria, maltzurkeria... Termino gaitzesgarriak dira guztiak.

Esanahi jakin batzuei lotuta erabiltzen ditugu hitzak eta horiekin era(iki)tzen dugu gure pentsamoldea eta mundu-ikuskera. Nire irudiko, goian zerrendatutako termino ilun horien sinonimo da "makiaveliko" hitza, eta beti boterearen erabilera gaizto eta asmo txarrei lotuta bezala egon da. Boterea diodanean, ez naiz ari soilik botere faktiko, politiko edo ekonomikoaz. Gutako edozeinek egunerokoan balia dezakegunaz ere badihardut.

Printzea esku artean hartu nuenean, ohartu nintzen, besteak beste, Makiavelori lotu zaion ospea nondik zetorkion ezagutzeko parada izango nuela. Ez dakit hitzaren erabiltzaileon artetik zenbatek irakurriko zuten Makiaveloren obraren bat, edo hauxe bera, esaterako. Nik ere urte batzuk hartuta irakurri dut, azken batean; gorago esan dudan bezala, euskaraz irakurri izanaren balio erantsiarekin.

Hiztegietara jo dut hitzaren esanahia zuzen hautemana ote nuen baieztatzera, eta lehen ustekabea hartu dut ikusi dudanean idatzian ez dugula horrenbeste erabiltzen terminoa; ez nik esan dudan bezainbeste, hitzetik hortzera. Hasteko, terminoa oraindik ez dago Hiztegi Batuan jasota; baina horrek ez nau harritu, bide batez esanda. Euskal Prosan agertzen ote den ikusita, hiru termino ditugu: "makiabeliko", "makiabelismo", "makiaveliko"; guztira 16 agerpen besterik ez dira jasotzen (9, 2 eta 5 aldiz, hurrenez hurren), eta literaturakoak gehiago dira prentsakoak baino. Bistan denez, lehena eta hirugarrena termino beraren aldaerak dira.

Sarean kontsulta azkar bat eginda honako definizio hauek aurkitu ditut gure hiztegi eta entziklopedietan:

Entziklopedia laburtua Harluxet Hitzegi Entziklopedikoa Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

makiabelismo

iz. Machiavelliren dotrina, estatuaren arrazoiek moralaren aldean duten nagusitasuna azpimarratzen duena.

                              --

makiaveliko

                               --

izond. 1. Makiavelori eta bere teoria politikoari dagokiona. 2. (hed.) Zerbait lortzeko maltzurkeriaz eta azpijokoz baliatzen dena; maltzurkeriaz, azpijokoz egina. (orobat makiabeliko) izond. N. Maquiaveloren filosofia politikoari dagokiona; helburuak lortzeko maltzurkeria, zurikeria eta leialtasunik eza erabiltzen duena.

makiavelismo

iz. Makiaveloren teoria politikoen multzoa; haiei jarraitzen dien eskola. (orobat makiabelismo) iz. N. Maquiaveloren filosofia politikoa; helburuak lortzeko maltzurkeria, zurikeria eta leialtasunik eza erabiltzea.

Etxeko liburutegira ere jo dut.

Le Petit Robert hiztegiak honako definizo hauek ematen ditu:

Machiavélique. adj. (1578, rare av. 1803 ; de Machiavel. - REM. L`adj. de Machiavel, n. pr., est machiavelien). Péj. Rusé et perfide. Une manoeuvre, un procedé machiavélique. Le machiavélique Talleyrand. - Par ext. Un air, un sourire machiavélique.
Machiavélisme. n.m. (1611 ; de Machiavel). u 1º Doctrine de Machiavel; art de gouverner efficacement sans préoccupation morale quant aux moyens. u 2º Péj. Attitude de celui qui emploi la ruse, la mauvaise foi, pour porvenir à ses fins. V. Artifice, perfidie, ruse. "Elle m`afirma depuis que je l`avais séduite, captée, déshonorée, avec un rare machiavélisme, une habilité consomée..." (MAUPASS.). v Franchise, naïveté.

Webster hiztegiak, berriz, honela dio:

1machiavelian adj, usu cap [Niccolò Machiavelli + E -an] 1 : of or relating to Machiavelli or his political theory (as the doctrin that any means however lawless or unscrupulous may be justifiably employed by a ruler in order to establish and maintain a strong central governement) 2 : resembling o suggesting the principles of conduct laid down by Machiavelli: characterized by political cunning, duplicity, or bad faith
2machiavelian n -s usu cap : an adherent to the potlitical doctrine of Machiavelli : a person characterized by Machiavellian behavior esp. In political matters.

Azkenik, hona Britannica entziklopediak Makiavelori egiten dion aurkezpena:

Machiavelli, Niccolò (b. May 3, 1469, Florence-d. June 21, 1527, Florence), Italian writer and statesman, Florentine patriot, and original political theorist whose principal work, The Prince, brought him a reputation of amoral cynism.

Hemen erakutsi dudan bezala, autoritate-hiztegiek diotenetik distantzia nabarmenera dagoen beste termino bat ez dut asmatu nire hiztegi partikularrerako. Eta goian azaldu dudan "makiaveliko"ren esanahia abiaburu nuela ekin nion irakurketari.

Makiavelo (1469-1527) bere garaiko gizona izan zen, ekintzailea inondik ere, eta aldaketa politiko bete-beteko urteak ezagutu zituena: gerrak noiznahi, agintari baten botere hartzea gaur eta eraistea bihar. Istiluei aurre egiteko misio garrantzitsuetan parte hartu behar izan zuen Florentziako kantziler gisa, beti ere aberriaren alde. Lehen eskutik ezagutu zituen orduko agintariak eta haien kausak eta interesak. Errepublikaren gainbehera etorri zenean eta Medicitarren agindupean geratu Florentzia, Makiavelok behin betiko ahaztu behar izan zuen inoiz amestutako agintaritza mota, alegia herriarekin eta herritik eraikitakoa. Gobernu berriarekin, susmopean geratu zen, eta gerora Mediciren aurkako konspirazioa deskubritu zelarik, hartan parte hartu izana leporatu zioten.

Nik ez dakit Printzea inozo-inozo irakurri dudan edo nik baino jakituria gehiago behar den obra honi beste ondorio batzuk ikusteko. Nik atera dudan inpresioa da Makiavelok oso zuzen esaten dituela esan beharrekoak, tolesik gabe. Bere esperientziatik diharduela iruditzen zait, ikusi duena deskribatzen saiatzen dela (hala komeni zaionean, behintzat). Bestalde, idazkera oso apaindua eskaintzen duela obrak esango nuke, eta, alde horretatik, fantasiarako joerarik ere izan lezakeela. Idazle ona iruditzen zait Makiavelo, batik bat oso ordenatua; pentsamendu oso egituratua erakusten duena. Esan nahi baita: zuzen doa harira, itzulingururik gabe azaltzen ditu gaiak eta argudioak; zehatz-mehatz dio esan nahi duen hori. Alderdi horretatik, obra ondo pentsatua eta landua da.

Liburuaren egitura

Euskal Herriko Unibertsitateak Limes bilduman argitaratu zuen Makiaveloren Printzea, gorago esan dugun bezala, 2008an. Ez da liburu mardula, alderantziz. Baina ongi hornitua da. Bi zati ongi bereiziak ditu: lehenean, obra eta idazlea ulertzeko atalak; gero, Printzea.

Hasierako zatia lau orrialdeko aurkezpenarekin hasten da: Makiavelo eta Printzea. Ondoren datorren sarrera EHUko irakasle Iñaki Vazquez Larreak sinatua da. Autorea eta garaia sakon ezagutzen dituenaren hitzak dira, obra ere testuinguru zabalean ulertzeko oso lagungarri. Bada kronologia labur bat ere, non Makiaveloren garaiko gertaera historiko garrantzitsuenei errepasoa egiten zaien. Eta, azkenik, edizioari dagokion hautatutako bibliografia eskaintzen da.

Bigarren zatia da Printzea, Makiavelok idatzitako obraren euskarazko bertsioa, eta guri hemen interesatzen zaiguna.

Atari-atarian, itzultzailearen oharrak agurtzen gaitu. Obra honek euskaraz ezagutu zuen aurreko itzulpenaren berri ematen da (Iñaki Azkune, 1983), eta oraingo bertsio hau apailatzean lagungarri izan duela aitortzen du Elexpuruk. Obra hau lehen aldiz irakurri nuenean bezala, orain ere zirrara bera eragin dit xehetasun horrek: aurrekoen lana aitortze horrek oso goian jartzen du Elexpuru, nire aburuz; apaltasun keinu hori bere indar bilakatzen da. Azkuneren meritua goraipatzeak ez du berea mehetzen, guztiz bestela baizik. Lur idorrean jardun edo aurretik ongarritutakoan, ederra aldea.

Makiavelok 1513ko udaberri-udazkenean idatzi zuen Printzea, eta atalka egituratutako obra da. Lehena, Makiavelok Lorenzo de Mediciri egindako "Eskaintza" da, eta, ondoren, batetik hogeita seira zenbatutako atalak ditu. Latinezko izenburua dute atal guztiek, eta latinezko izenburuaren azpian euskarazkoa dator.

Itzultzaileak hamaika oin-ohar egin dio lanari, eta, ezin uka, denak argigarriak.

Printzea atalka

  • Eskaintza: [Nikolas Makiavelok Lorenzo de Medici txit Handiari]

Makiavelok garaiko agintari nagusiari egindako oparia izan nahi du liburuak. Apaltasunez hurbiltzen zaio Lorenzo Mediciri. Alegia, nagusiari besterik oparitzeko ez duenak erakuts diezaiokeen umiltasunarekin, obra hau baino ondasun hoberik ez duela-eta eskaintzeko.

Liburuko atal guztiak, Eskaintza bera barne, laburrak dira (VII. atalak liburuko hamar orrialde hartzen ditu, eta XIX.ak, hamabi). Erreferentzia historiko asko ditu, eta kontakizuna noiznahi hornitzen da garaiko printzeen adibideekin. Esaldi luzeetan galdu barik idatzi duela obra dio Makiavelok berak Lorenzo Mediciri, eta berez-berez josiak balira bezala eskaini dizkigu Elexpuruk; oso samur irakurtzen den testua da.

Atalen izenburuetatik ikusiko dugu zertaz diharduten:

  • 1. atala: [Printzerri mota ezberdinak eta nola eskuratzen diren]
  • 2. atala: [Oinordetza bidezko printzerriez]
  • 3. atala: [Printzerri mistoez]
  • 4. atala: [Zergatik Alexandrok okupaturiko Darioren erresuma ez zen haren ondorengoen aurka matxinatu Alexandro hilda gero]
  • 5. atala: [Nola gobernatu behar diren okupatu aurretik beren legeekin bizi ziren hiriak edo printzerriak]
  • 6. atala: [Norberaren armekin eta era jatorrean eskuratutako printzerri berriez]
  • 7. atala: [Inoren armaz eta zoriz eskuratzen diren printzerri berriez]
  • 8. atala: [Gaiztakerien bidez printze izatera heldu direnei buruz]
  • 9. atala: [Printzerri zibilez]
  • 10. atala: [Nola neurtu behar den printzerriaren indarra]
  • 11. atala: [Eliz-printzerriez]

Makiaveloren garaia arte munduan (ez bakarrik Italian) izan diren agintariei (printzeei) buruz dihardute lehen hamaika atalok; kasuistika zabala azaltzen du, eta, banan-banan, haien deskribapen zehatza egiten.

  • 12.atala: [Milizia mota ezberdinez eta soldadu mertzenarioez]
  • 13.atala: [Soldadu laguntzaileez, mistoez eta propioez]
  • 14.atala: [Printzearen gerrarekiko jarrera]

Printzeak kanpoko herriekin harremanak nola eduki behar dituen azaltzeko atalak.

  • 15.atala: [Zergatik izaten diren gizonak eta batez ere printzeak laudatuak eta laidotuak]
  • 16.atala: [Eskuzabaltasunaz eta zekenkeriaz]
  • 17.atala: [Ankerkeriaz eta errukiaz; eta ea zer den hobe, maitatua izatea ala beldurra ematea]
  • 18.atala: [Printzeek nola eutsi behar dioten emandako hitzari]
  • 19.atala: [Nola ihes egin gorrotoari eta mespretxuari]
  • 20.atala: [Eta gotorlekuek eta printzeek egin ohi dituzten beste gauza batzuek ezertarako balio duten ala ez]
  • 21.atala: [Zer egin behar duen printzeak estimatua izateko]
  • 22.atala: [Printzeen idazkariez]
  • 23.atala: [Lausengariengandik nola urrundu]

Atal hauetan hauxe azaltzen da: gobernuburuek zer neurri eta baliabide erabil ditzaketen etxe barruan boterea defendatzeko.

  • 24.atala: [Zergatik galdu izan dituzten beren estatuak Italiako printzeek]
  • 25.atala: [Nolako ahalmena duen zoriak gizonen gauzetan, eta nola egin dakiokeen aurre]
  • 26.atala: [Italia gidatzeko eta barbaroetatik askatzeko predikua]

Garai hartan, Errenazimentuan, Italiako hiri-estatuetan egiten zen politika ereduei buruz dihardute atalok. (Cabo, J.M., 2004)

Nire zalantzak eta ezinak

Testuan topo egin dudan pasarte nabarmenenak partekatuko ditut hemen.

Bada Eskaintzaren atalean nire euskarak / musikak ezagutu ez duen soinu bat, eta da tratamenduarena. Makiavelo idazlea / herritarra Medici printzeari zuzentzen zaio oparia (liburutxo hau) eskaintzeko, eta txit Handiari tratamendua erabiltzen du, egoerak eskatzen duen legez. Aukera egokia. Jatorrizko testua ez dut ezagutzen, eta arrazoiren bat izango du itzultzaileak tratamendu horri lotutako esaldiak eman dituen eran emateko. Honakoak dira:

a) Nik ere zure Handitasunari neure burua eskaini nahi diodalarik...
b) [Eta ekintza haiek (...) liburu txiki batean laburbildu ditut, eta zure Handitasunari bidaltzen diot. Eta uste dudan arren lan hau ez dela zuri_ aurkezteko bezain duina, espero dut, hala ere, _zure gizatasunak onartu egingo duela, kontuan izanda nik ezin dizudala opari hoberik egin, (...) zuk oso denbora laburrean ulertu ahal izateko eran apailaturiko idatzi hau baino.
c) Har beza, beraz, zure Handitasunak opari hau nik bidaltzen dizudan aldarte berberarekin; eta arretaz irakurtzen eta hausnartzen baduzu, barnean aurkituko duzunire asmo sakonena:  lor dezazula zoriak eta zure beste dohain batzuek iragartzen dizuten handitasuna.
d) Eta noizbait zure Handitasunak bere gorentasunaren gailurretik begiak zuzentzen baditu behealde hauetara, jabetuko da zein neurritan eta zein gupidagabe jasaten dudan nik zoriaren zitalkeria etengabea. (Makiavelo, N., 2008: 3-4)

Azpimarrak nireak dira. Esan dudan bezala, Elexpuruk izango zuen horrela jokatzeko arrazoirik, baina irakurle honi kirrinka egin dio belarrian. Zure Handitasuna dioen lekuan, Berorren Handitasuna (orobat, berorrek, berorren, etab.) entzuten dut nik; hala ere, ikusi dut Orotariko Euskal Hiztegian zure posesiboaz ere eman daitekeela. Aditza hirugarren personan beti; adibideotan hala daudenez gain, baita beste kasu hauetan ere: ezin diodala opari hoberik egin, nik bidaltzen diodan, hausnartzen badu, aurkituko du, lor dezala, iragartzen dioten... Edozein kasutan, bietariko aditzak agertzea egin zait nahasgarriena niri.

Hemendik aurrera gertutik erreparatuko diot kontu honi, eta beste autore eta itzultzaileek nola jokatzen duten ikasiko.

Hirugarren atalean, "Egia da matxinatutako..." hasten den paragrafoaren bigarren zatia ilun geratu zait: Horregatik, Milanek lehendabiziko aldian Frantzia hondatzeko nahikoa izan bazuen Ludoviko dukeak zarata apur bat inguruan ateratzea, bigarrenean mundu guztiaren premia izan zuen, eta frantses armada txikitu edo Italiatik egotzi behar izan zuen, goian aipaturiko arrazoietatik ondorioztatzen den bezala. Baina, hala ere, bai lehendabizikoan eta bai bigarrenean, kendu egin zioten. (Makiavelo, N., 2008: 8) Kontua da Frantziak bi aldiz galdu zuela Milan.

Atal horretan bertan, aurrerago, "Baina Erromatarrak garaiz jabetzen ziren..." hitzekin hasten den paragrafoa amaitu gabe dagoela ikusten dugu: Ez zuten gogoko gure denborako jakintsuen ahotan hain maiz dabilen esaldia, denboraren mesedeez gozatu behar dela, alegia, eta nahiago zuten bertutearen eta zuhurtasunaren gidaritzapean ibili, zeren eta denborak edozein aldetara (Makiavelo, N., 2008: 13) Bai, hau komentatu genuen epaimahaian. Eta nola diren gauzak, finalistetako beste obra batek ere pareko akatsa zuen. Obra hartan, paragrafo bera bi aldiz emana zetorren. Bietan garbi ikusi genuen itzultzailearen hutsa izan zitekeela, baina gehiago pentsatzen genuen osteko edizio/zuzenketa lanean egindako hutsa zela. Paragrafo horretan hauxe falta zen: jo baitezake, eta gauzarik onenak bezala txarrenak ekarri. [Elexpururi galdetua].

Obran zehar beste txikikeria batzuek ere harritu naute: herritarren izenak letra larriz idatzita ikusteak (Erromatarrak, Veneziarrak...), edo -da/tuta gero esapidearen erabilerak. Arestian eman dugun laugarren atalaren tituluan bertan ikus daiteke. Arrazoiren bat izango zuen Elexpuruk horrela egiteko, pentsatzen dut; nik neuk, ez bat ez bestea, ez nituen hala emango.

Liburuan, pikatze akatsen bat eta ergatibo batzuk ere oker ikusiko ditugu. Denoi ihesten digu bakarren batek edo bestek, hori ere hala da, eta, bestalde, obra guztietan aurkitzen da zer edo zer. Horregatik eman ohi diogu gure lana zuzentzaile/irakurle bati argitaratu aurretik. Ba, horiek guztiak kontuan izanda ere, ez dakit zergatik, susmo txarra hartuta geratu nintzen azkenerako.

Hemeretzigarren atalean, Makiavelok hautsi egiten du Eskaintzan agindutakoa: Ez dut lan hau esaldi luzez edo hitz hutsal edo handiguraz hornitu... Egia da fin betetzen duela esandakoa, salbu eta atal honetara iritsi arte. Hain zuzen, "Gure denborako erresuma..." hitzekin hasten den paragrafoa, eta zehazki, puntutik atzerako zatian: Gure denborako erresuma ongi antolatu eta gobernatuen artean dago Frantziakoa: erregearen askatasuna eta segurtasuna bermatzen duen erakunde jator ugari du bere baitan. Eta horietan nagusiena: parlamentua eta bere aginpidea. Izan ere, erresuma hura antolatu zuenak, batetik, boteretsuen handinahia eta lotsagabekeria ezaguturik, ahoko brida jarri behar zitzaiela jakinda, eta bestetik, beldurrak eragindako herri xehearen handikienganako gorrotoa ezaguturik, horren segurtasuna bermatu nahita, pentsatu zuen zeregin hori ez zela erregearen ardura bakarrik, eta herritarrei mesede egindakoan handikiek zuzentzen dizkioten kexak arintzearren, eta handikiei egindakoan herritarrenak, hirugarren epaile bat ezarri zuen, erregeari errua egotzi barik handikiak astindu eta txikiak babestuko zituena... (Makiavelo, N., 2008: 89)

Ezin dut aipatu gabe utzi, hogeita bosgarren ataleko azken paragrafoa: Zera esango dut ondorio gisa: zoria aldatzen denean, gizonek temati eusten badiote beren jokamoldeari, irabazi egingo dutela, eta ez badiote, galdu. Nire ustez, zoriarekin hobe da sutsua izatea patxadatsua baino; zoria emakumea baita, eta zeure mende izan nahi baduzu, beharrezkoa da astintzea eta aurka egitea. Eta ikusten da errazago errendatzen dela sutsuen aurrean, hotz jokatzen dutenen aurrean baino. Eta beti, emakumeak bezala, gazteen laguna da, pazientzia gutxiagokoak direlako, basatiagoak, eta ausarkiago menperatzen dutelako. (Makiavelo, N., 2008: 120) Zoritxarrez, antzeko diskurtsoak oraindik ez ditugu arrotzak gure gizartean, nahiz eta ez ditugun "makiaveliko" gisa bataiatu.

Zuzenketak eta azken bertsioa

Honaino irrakurri duenak honezkero antzemango zuen zein den nire iritzia obra honetaz. Baina garbi geratu ez zaionarentzat, ostera esango dut arrazoi asko dituela lan honek ohargarrien arteko rankinean gordetzeko, eta, hala, gure liburutegian eskura izateko.

Aurreko paragrafoetan itzulpenari ateratako puntak (zalantza eta guzti) gauza txikia dira; oro har, hizkuntzaren aratza, prosaren etorria, ulergarritasuna, espresio soil eta era berean jasoa gailentzen baitira. Makiaveloren meritua izango da hein batez, baita Iñaki Azkunerena ere, baina Juan Martin Elexpururen izenean argitaratutako bertsioa dugu hau, eta hura egiten da erantzule. Harentzat dira loriak eta laidoak.

Sariketaren prozesu osoa amaitu zenean, zoriontzeko idatzi nion Elexpururi, baita falta zen esalditxo horren berri eman eta nire harridura azaltzeko ere (liburuan idatzi nahi nuen falta zena, eta osaturik utzi apalean). Berehala jaso nuen haren erantzuna; artean suminak jota zegoen, itzulpenaren azken bertsioa barik aurrekoa argitaratu ziotelako. Printzearen lehen irakurketa garaian ohartu nintzen akats haiek ihes egindakoak zirela eta Elexpururen erantzunarekin baieztatu zitzaidan nire susmoa.

Zoritxarrez, ez da hau gertatu den kasu bakarra. Etengabe gertatzen dira; argitalpenen eta produkzioaren katean, alderik zaurgarrienetarikoa gara itzultzaileok, oso ahulak. Lanean ezinbesteko nahi gaituzte, baina produkzio erabakietan hutsaren hurrengo.

Itzultzaileak badaki behin lana kaleratutakoan berandu dela, horregatik ahalegintzen da plazaratu aurreko denboran lana txukundu eta zuzentzen. Halako lantegia hartu ondoren, ez dirudi zilegi akats eta guzti argitaratzea itzulpena, noiz eta akatsok detektatuak eta zuzenduak daudenean.

Amaitze aldera, nire azken aitortza: Euskadi sarietako irabazleak aparte utzita, uste dut inoiz ez ditudala beste itzultzaileak zoriondu, Elexpuru izan ezik, esan dudan moduan. Ez naiz sekula ausartu inori idazten. Lerro hauek irakurtzeko lantegia hartu dutenek har bezate orain besarkada zintzo bana egin duten eta egiten diharduten lan eskergagatik.

Itzulpen asko eta asko, itzulpen on askoak gehienak, kultura/etxea euskaraz eraiki nahi duten gazte eta helduen eskura dago egun. Ez daukagu dena, nahikoa ere ez da daukaguna. Baina etorkizuna bermatu nahi badugu, aurrera egin behar dugu; eta guk geuk egin beharreko bidea da. Halabiz.

BIBLIOGRAFIA

Cabo, J.M. (2004). Filosofia Politikoa. In Azurmendi, J., Bengoetxea, J.B., Garmendia, J., & Soto, I. (Eds.), Filosofiako Gida. Filosofian aritzeko oinarriak: gida bibliografiko eta metodologikoa (pp. 217-227). Bilbo: UEU.

CO00299A. (2009, November 19). 2009ko 'Euskadi' Literatura sariak. (Retrieved December 29, 2010).

Lertxundi, A. (1999). Gogoa zubi. Euskara, identitatea, etorkizuna... Zerberri. Zarautz: Alberdania, S.L.

Makiavelo, N. (2008). Printzea. (Elexpuru, J.M., Tran.) Limes. Zarautz: EHU.

Parra Galiano, S. (2007). Zuzenketa, itzulpen kalitatea ziurtatzeko prozedura: zuzenketa mailak, motak eta modalitateak. Senez, 32, 97-122.


Oharra

1. Jakina denez, Euskadi Saria aurreko urteko produkzioaren gaineko saria da; Printzea eta goiko obra horiek guztiak, beraz, 2008an argitaratu ziren.