Alemanetik euskaratutako haur eta gazte literatura edo amaigabeko istorioa
Artikulua pdf formatuan
Sarrera
Izenburuak berak dioen moduan, alemanetik euskaratutako haur eta gazte literatura du hizpide artikulu honek. Horixe izan zen EHUko Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritzako masterraren barruan egin beharreko ikerketa-lanerako hautatu nuen gaia, Ibon Uribarri irakaslearen laguntza eta zuzendaritzapean jorratua.
Jarraian datorrena, beraz, ikerlan horren laburpena da, nolabait. Hasteko, ikergaia bera aurkeztuko dut, gero, erabilitako metodologia deskribatuko dut, ikerketak emandako emaitzak laburbilduko ditut eta, azkenik, ondorioak zein izan diren azalduko dut. Honela hasten da, beraz, istorioa:
Bazen behin...
Edurne Zuri, Hansel eta Gretel, Heidi... eta denboran aurrerago etorrita, Christine Nöstlinger-en kontakizun guztiak edota, are, artikulu honen izenburuan bertan keinu bat egin nahi izan diodan Michael Enderen Amaigabeko Istorioa. Ukaezina da aleman jatorriko haur eta gazte literatura ugari jaso dugula. Hain zuzen ere, alemanetik gehien euskaratzen dena horixe baita, haur eta gazte literatura.
HGLak (haur eta gazte literatura) ez dauka, oro har, helduentzako literaturak duen izen ona. Gaiaren inguruan egindako ikerketa akademikoak ere urriak dira, helduentzako literaturan egin diren eta egiten diren guztiak kontuan hartzen baditugu. Dena den, egoera aldatzen ari da pixkanaka, eta geroz eta gehiago dira gaiaren inguruan egiten diren azterketak, hitzaldiak, jarduerak etab. Euskal Herrian Xabier Etxanizek landu zuen euskal haur eta gazte literaturaren historia, Manu Lopez Gasenik aztertu zituen euskarara itzulitako HGLan erabilitako itzulpen-estrategiak eta Genaro Gómez Zubia Grimm anaien ipuinen itzulpen eta egokitzapenetan oinarritu zen tesia idazteko.
Dena dela, oraindik ez da alemanetik euskaratutako HGLaren gaia bere horretan sakon aztertu, eta horregatik ekin genion lanari. Helburua zen, lehenik eta behin, itzulitako guztiaren katalogo bat osatzea, egoera zein den zehatz-mehatz jakiteko, alemanetik euskaratutako HGLaren literatur sistemak zer bilakaera izan duen eta gaur egun nolakoa den ezagutzeko. Horixe izan da oraingoz egin duguna (eta artikulu honetan laburbiltzen duguna); aurrerantzean, katalogotik interesatzen zaizkigun testuak hartu eta aztertuko ditugu, erabilitako itzulpen-arauak zein izan diren ezagutzeko eta, oro har, HGL itzultzeari buruz eta alemanetik euskarara itzultzeari buruz gehiago ikasteko.
Azterketan erabilitako metodologia
Azterketa hau egiteko, lehenik eta behin, katalogo bat osatu dugu. Horrek esan nahi du, alemanetik euskaratutako lehen lanetik hasi eta gaur egun argitaratu den azkena arte (2007ko azkena arte), guztiak jasotzen saiatu garela.
Saiatu, diogu, katalogoa osatzearen lana bera amaigabea delako. Etengabe egon behar da datuak eguneratzen eta, bestalde, beti gelditzen da kontuan hartu gabeko itzulpenen bat zintzilik edo betetzeko gelditu diren hutsuneak.
Katalogoko fitxak betetzeko, liburutegietako datu-baseak erabili ditugu (interneten kontsulta daitezkeenak). Jatorrizko hizkuntza «alemana» eta xede-hizkuntza «euskara» jarrita, konbinazio horretako sarrerak erakusten dituzte datu-baseek, gero, HGL dena eta ez dena sailkatu behar da. Horretaz gain, argitaletxeetako web-guneak eta egileen web-guneak ere kontsultatu ditugu.
Hala, oraingoz behintzat, 284 sarrera dauzkagu eta sarrera bakoitzean jatorrizko lanari dagozkion datuak (izenburua, egilea, argitalpen-urtea) eta xede-testuari dagozkionak (izenburua, itzultzailea, argitalpen-urtea eta argitaletxea) bete ditugu. Oinarrizko datu horiez gain, ordea, beste datu interesgarri bat gehitu nahi izan dugu, alegia, itzulpena zuzenean ala zeharka egin den. Esan beharrik ez dago, horixe izan da daturik zailena eskuratzen, eta, batzuetan, hutsunea utzi behar izan dugu, edota galdera ikur bat, ez genuelako zuzenean ala zeharka egina zelako ziurtasunik. Argitaletxeekin eta, zenbaitetan, itzultzaileekin eurekin jarri gara harremanetan eta haiei esker bete ahal izan dugu datu hori.
Lan nekeza eta amaigabea, beraz, katalogoa osatzearena, baina, aldi berean, emankorra, etorkizunean alemanetik euskaratutako HGLaren inguruan azterketa desberdinak egiteko abiapuntu izan baitaiteke, hala nola, egile jakin bati egindako itzulpenak aztertzeko, garai jakin batean egindako itzulpen kopurua zenbatekoa izan zen jakiteko etab. Katalogoarena, beraz, etenik ez duen lana da, une oro elikatu eta eguneratu behar delako, baina funtsezko tresna da hainbat eta hainbat ikerketa abiatu ahal izateko.
Hurrengo puntuan katalogoan jasotako datuekin ateratako emaitzak aurkeztuko ditugu. Izan ere, katalogoko datuak modu desberdinetara ikus daitezke eta, horren arabera, ondorioak ere desberdinak dira.
Emaitzak
Lehen esan bezala, 284 sarrera bildu ditugu katalogoan, lehenengo itzulpenak 1929koak dira (Grimm anaien ipuinen bi itzulpen —bat Ipolito Larrakoetxeak egina eta bestea Joseba Altunak egina— eta Christoph Schmid-en ipuin bat, Gabriel Manterolak itzulia) eta katalogoko azken lana, berriz, 2007koa. Jakina, emaitza hauek 2008an atera genituen, eta horregatik dira azken datuak 2007koak. Hemendik aurrera, ordea, katalogoa etengabe eguneratu beharko da, zerbait bizia izatea nahi baitugu, horrelakoxea baita alemanetik euskaratzen diren HGLko lan kopuruek ageri duten bilakaeraren erritmoa.
Beheko grafiko honetan ageri dira katalogoko lan kopuruak erakutsi duen bilakaera:
Goiko grafikoak erakusten digu alemanetik euskaratutako lanak argitaratzea 80ko hamarkadatik aurrera sistematizatu zela, ordutik aurrera urtero-urtero batez beste 6 lan argitaratzen baitira.
1929ko hiru lanen ostean, hutsune handi bat dago eta hurrengo lana ez da 1952 arte argitaratzen (Plazido Mujikaren Nani eta Noni). Tartean jakina, Gerra Zibila egon zela gogoratu behar dugu (1936-1939) eta gerraren ostean, Francoren diktadura etorri zen. Horrek guztiak, jakina, eragin zuzena izan zuen euskal kulturan ere, eta hain justu, horregatik da bereziki aipagarria Plazido Mujikak egindako itzulpen hori.
Gero, diktaduraren azken urteetan, badirudi gauzak egiteko malgutasun gehiago lortu zela, eta HGLko lan gehiago ageri dira itzulita. Izan ere, 60ko hamarkadan sortu ziren Gero eta Hordago argitaletxeetako HGLko bildumak. Garai honetan itzuli ziren lanak klasikoak izan ziren, Wilhelm Tell, Grimm anaien ipuinak, haurrentzako egindako biblia etab. Garai hartan egin zuen Xabier Mendigurenek bere lehen itzulpena, 75ean, Heidi itzuli baitzuen Cinsa argitaletxean.
Gero, 80ko hamarkadatik aurrera, sistematizatu egingo da itzulpen kopurua, argitaletxe gehiago sortu ziren eta, gaur egun, egoera egonkorra da.
Itzulitako egile alemanak
Grimm anaien ipuinak itzuli dira gehien (30 lan), ondoren Knister dator, Kika supersorginaren egilea (19), Christine Nöstlinger (11), Sabine Lohf (10), Mira Lobe (9), Peter Härtling (8), Angela Sommer-Bodenburg (8) eta Ottfried Preussler (7), gehien itzuli direnak aipatzearren. Grafikoan ikusten den moduan, itzuli diren egile alemanak asko dira, eta gehienei lan bat edo bi itzuli zaizkie. Lan bakarra itzuli zaizkien egileak % 78 dira eta 3 lan edo gehiago itzuli zaizkien egileak, berriz, % 22.
Lan gehien itzuli zaizkien egileak Grimm anaiak badira ere, ikusi ahal izan dugu egile gehienak garaikideak direla. Beraz, itzulitako egile alemanak asko izan dira (72), gehienak garaikideak eta ia beti bakoitzaren lan bat edo bi itzuli da. Horri esker, HGL alemaneko egileen ordezkaritza zabala dugu gurean.
Itzultzaileak
Itzulitako egile alemanen moduan, itzultzaileei dagokienez ere, ugaritasuna daukagu. Asko dira HGL alemana euskaratu dutenak, baina itzultzaile askok lan bat edo bi itzuli ditu (% 79,5ek egin du hori). Horrek esan nahi du, askotan esperientzia moduan balio duela haur eta gazte literaturako itzulpenak, gutxi direla alemanetik HGL euskaratzen «berezitu» direnak. Pello Zabaleta eta Xabier Mendiguren dira gehien itzuli dutenak.
Dena den, deskribapen kuantitatibo horretaz gain, beste alderdi bat ere aztertu nahi izan dugu lan honetan, hain zuzen ere, nola itzuli den alemanetik, zuzenean ala zeharka. Lortzeko zaila izan den datua da, baina argitaletxeekin eta, zenbaitetan, baita itzultzaileekin eurekin harremanetan jarri ondoren, lortu dugu informazio zerbait biltzea. Jakina, osatu beharreko datua da, aurrerago, testuak aztertuta, egiaztatu beharrekoa.
Zuzenean eta zeharka itzuli dena
Zeharka itzuli dela esaten dugu, itzultzaileak jatorrizko bertsioa eskura eduki ez duenean, eta, horren ordez, beste hizkuntzen batera egindako itzulpena erabili duenean jatorrizko moduan.
Zuzenean egiten denean ere askotan eduki ohi du itzultzaileak gaztelaniazko bertsioa eskura, jakina. Hori, ordea, erreferentziak erabiltzea dela uste dugu, eta ez gara hasiko eztabaidatzen zer den zuzen-zuzenean itzultzea edota egokia ote den gaztelaniazko bertsioa erreferentzia moduan erabiltzea.
Egindako itzulpena zuzenekoa izateko, beraz, ezinbestekotzat jotzen dugu argitaletxeak itzultzaileari jatorrizko testua eman izana eta itzultzaileak jatorrizko hori abiapuntu gisa erabili izana.
Ondoko grafikoan ikusten dugun moduan, eta orain arte bete ahal izan ditugun datuen arabera, lan gehienak zeharka itzuli dira. Galdera ikurraz markatutako datuak ere kontuan hartzen baldin baditugu, itzulitako lanen erdia baino gehiago egin dira zeharka. Dena den, datu hauek bestela ere ikus daitezke: beheko grafikoak zuzenean eta zeharka itzuli duten itzultzaileen proportzioa irudikatzen du, eta are adierazgarriagoa da irudia.
Zuzenean / zeharka itzulitako lanen kopurua:
Zuzenean / zeharka itzuli duten itzultzaileen kopurua:
Zuzenean itzultzen duten itzultzaileen kopurua ez da batere handia (ez dira % 25era iristen). Zabaletak eta Mendigurenek asko itzuli dute, eta horregatik ez zen horren txikia zuzenean itzulitako liburuen kopurua (aurreko grafikoa).
Zuzenean eta zeharka itzulitakoaren kopuruak denboraren ardatzean izan duen bilakaerari erreparatuta, ikusi dugu 80ko hamarkadan alemanetik euskaratutako HGLak izan zuen gorakadan zeharka itzuli zela batik bat.
Zuzenean itzultzen diren lan kopuruak gora egin du, baina ez da goranzko lerro zuzen bat, gorabeherak ditu, zeharka itzultzen diren liburu kopuruak egiten duen moduan. Nolanahi ere, oro har, zeharka itzultzearen jokabidea nagusitzen da ia urte guztietan.
Hala eta guztiz ere, azken urteetan (2004tik 2007ra) zuzenean itzulitako kopuruak gorantz egin du eta 2007an gehiago izan ziren zuzenean itzulitakoak.
Ondorioak
Dakigunez, aleman jatorriko haur eta gazte literatura 1929an hasi ziren euskaratzen. Arrazoi historikoak gorabehera eta euskal kulturak izan zuen bilakaeragatik, 80ko hamarkadan hasi zen alemanezko HGLaren euskararako itzulpena sistematizatzen eta, gaur egun, batez beste 6 lan itzultzen ditugu urtero.
Orain arte guztira aleman hizkuntzadun 72 egile euskaratu ditugu, baina, horietatik, % 22ri baino ez zaizkio 3 lan edo gehiago itzuli. Alemanez idazten duten idazleen ordezkaritza zabala dugu gurean, Grimm anaiak dira jaun eta jabe itzulitako lan kopuruari dagokionez, baina itzulitako idazle gehienak idazle garaikideak dira.
Itzultzaile asko aritu da alemanetik HGL euskaratzen, baina, hemen ere, gutxi dira lan asko itzuli dituztenak. Itzultzaile asko eta askok lan bakarra edo bi euskaratu dituzte.
Zeharka itzultzea da arau nagusia, hau da, jatorrizko testutik abiatu beharrean, bestelako zubi-hizkuntza bat edukitzea jatorrizko gisa, normalean, gaztelaniazko bertsioa. Alemanetik zuzenean % 37an egin da. Itzultzaileen % 24ak baino ez du zuzenean itzuli. Denborak aurrera egin ahala zuzenean geroz eta gehiago itzultzen dela ikusi da, baina zeharka itzultzen ere jarraitzen dugu.
Kontuan hartu behar da, batetik, hasiera batean literatura euskaratzeari ekin zitzaionean, ez zitzaiola halako garrantzirik ematen zuzenean jatorrizkotik itzultzeari. Euskal literaturaren egoera kaskarra zen eta arnasbideak eman behar zitzaizkion.
Gerora, ordea, zeharka itzultzen jarraitu da. Eta bada aipatu beharreko faktore bat, hain zuzen ere, Espainiar estatuko argitaletxeena, ia beti haiei erosten baitzaizkie idazleari dagozkion egile-eskubideak, eta ez jatorrizko argitaletxeari zuzenean. Horrek ez du zerikusirik askotan, berdin-berdin eskura baitaiteke jatorrizko testua, alemanezkoa, alegia, baina beste hainbatetan ez da hala gertatu, eta, edonola ere, zubi gisa jarduten duen argitaletxe horrekiko morrontza sortzen dela aipatu behar da, haiek gaztelaniara itzulitakoa euskaratzen dugulako, guk zuzenean aleman HGLtik interesgarri zaiguna aukeratu beharrean eta, gainera, gaztelaniazko bertsioa atera eta handik denbora puska batera argitaratu behar izaten da euskarazkoa (beti atzetik).
Azken urteotan, ordea, badira jarrera aktiboa hartu duten zenbait argitaletxe. Kalandraka argitaletxe galiziarrak, esate baterako, aldi berean itzultzen ditu HGLko lanak galizierara, gaztelaniara, katalanera nahiz euskarara. Koldo Izagirre dute euskararako bertsioen itzultzaile. Bi lan itzuli zituen 1999an (Nola dastatu ilargia eta Buruko hura nork egin zuen jakin nahi zuen satortxoa), beste bi 2000. urtean (Hartza eta Kattalin eta Raul artzaina) eta beste bi 2001ean (Hiru bidelapurrak eta Hamalau, jostun kementsua).
Bide bertsua hartu du Alberdania argitaletxeak: Inazio Mujika eta Lola Erkizia itzultzaileek 28 ipuin barre egiteko kaleratu zuten 2004an, 2005ean 27 ipuin zopa hartzeko eta 2006an 29 ipuin zoro, hirurak Ursula Wölfel egilearenak. Euskarazko bertsioez gain, ordea, gaztelaniazkoak ere argitaratu zituen Alberdaniak.
Adibide esanguratsuak iruditzen zaizkigu horiek, hain zuzen ere, jarrera aktiboa hartu eta zuzenean Alemaniako HGLko literatur sistemara jotzen dutelako, eta ez ia-ia orain gutxi arte beti egin den moduan, Espainiako HGLko sistemaren mende egon (horrek dakarren guztiarekin, besteak beste, euskarazko bertsioa gaztelaniazkoa argitaratu eta gero ateratzea).
Honaino, beraz, alemanetik euskaratutako HGLaren katalogoari egindako deskribapen orokorra. Hainbat dira iker litezkeen alderdiak, hala nola, garai jakin batean egindako itzulpenak, idazle aleman jakin bati egindako itzulpenak, itzultzaile jakin batek egindakoak, zuzenean eta zeharka egindako itzulpenen konparaketa bat etab. Katalogoa osatzea lehen urratsa besterik ez da izan, alemanetik euskaratzen den HGLaren istorioa amaigabea baita, eta, beraz, hura aztertzeko abentura ere halakoxea izango da.
Bibliografia
Etxaniz, Xabier (1997) Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia. Iruña: Pamiela
Etxaniz, Xabier (2005) «Haur eta Gazteentzako euskal literatura» in http://www.basqueliterature.com/basque/historia/hauretagazte
Even-Zohar, Itamar (1990) «La posición de la literatura traducida en el polisistema literario» in Teoría de los polisistemas. 223-231 or.
Gómez Pato, Rosa Marta (2006) «Había una vez...contos alemáns en galego» in Traducción e Política de Literatura infantil e xuvenil, Vigo: Servizo de Publicacións da Universidade de Vigo. 95-109. or.
Holmes, James S. (1972/1988) The Name and Nature of Translation Studies. J.S. Holmes-en (ed.)
Huber, Erich (2003) «Estudio crítico de la traducción al euskera de Liebe Susi! Lieber Paul!» in Estudios críticos de traducción de literatura infantil y juvenil, Oviedo: Septem Ediciones. 217-230 or.
Lopez Gaseni, Jose Manuel (2000) Euskarara itzulitako haur eta gazte literatura: funtzioak, eraginak eta itzulpen-estrategiak. Bilbo: EHU Argitalpen Zerbitzua. Doktorego tesiak saila.
Lopez Gaseni, Jose Manuel (2006) «La literatura infantil y juvenil vasca traducida: las dos caras del espejo.» in Tradución e Política editorial de Literatura infantil e xuvenil, Vigo: Servizo de Publicacións da Universidade de Vigo. 81-91 or.
Olaziregi, Mari Jose (2005) «Evolución y actualidad de la literatura infantil y juvenil en lengua vasca» in Lapurdum – Euskal ikerketen aldizkaria. Baiona: IKER.
Pascua, Isabel eta Marcelo, Gisela (2000) «La traducción de la LIJ: relevancia, posición y tendencias actuales» in Literatura y juvenil: tendencias actuales en investigación, Vigo: Servicio de Publicacións Universidade de Vigo. 211-219 or.
Ruzicka, Veljka eta Vázquez, Celia (2000) «LIJ como campo de investigación en la Universidad de Vigo» in Literatura y juvenil: tendencias actuales en investigación Vigo: Servicio de Publicacións Universidade de Vigo. 121-132 or.
Torrealdai, Joan Mari (2008) 30 urte Liburugintzan. Andoain: Jakin-Beha.
Toury, Gideon (2004) Los estudios descriptivos de traducción y más allá. Metodología de la investigación en estudios de traducción (Rosa Rabadán eta Raquel Merinoren itzulpena). Madril: Cátedra. 17-33 or.