'Lengoaia', terminologia eta soziolinguistika
Alfontso Mujika

Artikulua pdf formatuan

Senez 35ean (2008ko urrian) argitaratu zuen Juan Garziak «Lengoaia, terminologia eta berriketa» artikulua, eta Senezeko adiskideek ea erantzungo nuen galdetu zidaten. Hasieran ez erantzutea pentsatu nuen, ez baitut, egia esateko, Juan Garziaren artikuluaren hondoan dagoen mamia (hizkuntza/lengoaia oposizio terminologikoa ukatzea) errefusatzeko edo ados ez egoteko argudio handirik, baina, berriz ere beste foro batean —Terminologia Batzordean— ustekabean tupust egin baitut gai berarekin, azkenean zerbait idaztera behartu dut neure burua. Ez, ordea, Juani zuzenean erantzuteko (ez dut uste hor benetan dagoen arazoa terminologikoa denik), baizik eta, haren artikulua aitzakia hartuta, lengoaia hitzaren inguruan gertatu diren kontu —nire ustez jakingarri— batzuk plazaratzeko.

Ez naiz polemikazalea, eta ez dut neure burua eroso aurkitzen halakoetan; hala ere, itzultzaile eta zuzentzaile naizen aldetik, maiz suertatu naiz auzi honen aurrean (edo atzean), eta datu batzuk jendaurrean jartzeko baliatu nahi dut aukera hau. Ez espero, beraz, Juan Garzia adiskidearen artikuluaren aurkako gezirik hemen. Terminologiaz haratago, lengoaia hitzaren kasutik tiraka, agerian jarri nahi dut estandarizazioaren hari-matazak bi hari-mutur baino gehiago dituela.

Honela idatzi nuen 2005ean (artikulua gai orokorrago bati buruzkoa zen, baina bost lerro eman nizkion lengoaia hitzaren auziari):

«Jakina da programazio-lengoaia (eta, erabiliaren erabiliaz, lengoaia bakarrik) besterik ez dela erabili euskaraz informatikaren historia akademiko eta formalean, eta gaur egun ere ez dela besterik erabiltzen. Interpretazio-molde batek, ordea, lengoaia hitzaren aurkako gurutzada abiarazi du, tradizioaren armarik gabe bada ere, soziolinguistikaren aurka.»[1]

Nire «laprastada horretan» (Juan Garziaren hitzak erabiliz), ez da inon ageri terminologia hitza. Horregatik —berriz ere diot—, ez dut Juan Garziaren artikuluaren tesi nagusiaren kontra egiteko asmorik, ez beharrik. Alegia, ez dut uste hizkuntza/lengoaia oposizioa, funtsean, terminologikoa denik. Nolanahi ere, Juanek terminotasuna ukatzen dio lengoaia hitzari. Nik ez. Beharbada, termino hitza definitzeko orduan ulerkera desberdina dugulako.

Honela definitzen da Québeceko Le grand dictionnaire terminologique ezagunean <langage (fr) / language (en)> hitza:

Ensemble organisé de symboles, de mots-clés, de caractères et de règles (instructions et syntaxe) utilisé pour adresser des commandes à l'ordinateur et assurer la communication avec la machine.

Beraz, kontzeptu bat dago atzean, informatikako kontzeptu bat, eta kontzeptu hori, nozio hori, denotatzeko erabiltzen den hitza informatikako terminoa da, nik termino hitza ulertzen dudan moduan (termino: erabileremu baten barruan, era unibokoan kontzeptu bakarra izendatzen duen unitate linguistiko oro). Hala, informatikan existitzen da kontzeptu hori, eta bera adierazteko erabiltzen den hitza informatikako terminoa da, nire iritziz. Beste kontu bat da zer hitz erabiltzen den kontzeptu hori adierazteko. Lengoaia erabiltzen bada, lengoaia informatikako terminoa izango da; hizkuntza erabiltzen bada, hizkuntza informatikako terminoa izango da. Alegia, arazoa ez dago hor.

Non dago, orduan, arazoa? Zein da, Juan Garziak idatzi bezala, «fakultate osoak matxinatzeko ikur gerta daitekeen kontua»?

Nire ustez, auzia, oroz gain, soziolinguistikaren arloan kokatu behar da. Hasteko, datuak:

2003an, EHUko Euskara Zerbitzuak lengoaia hitzaren ordez hizkuntza hitza erabiltzea agindu zuen Informatika Fakultatean argitaratzekoa zen liburu batean, egileen eta dozenaka irakasleen iritziaren eta urteetako erabilera monolitikoaren aurka (ikus, amaierako eranskinean, EHUko Informatika Fakultateko irakasleen idazkia).

Lengoaia hitza gaitzetsi, txartzat jo edo debekatzeko orduan, Hiztegi Batua bera hartu da, edo hartu nahi izan da, besteak beste, gaitzespenaren berme edo indargarritzat. Eta, horretarako, Hiztegi Batuaren interpretazio nire aburuz okerra egin da. Azkenean, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak berak argitu behar izan zuen ezetz, Euskaltzaindiak ez duela txartzat jotzen lengoaia hitza informatikan erabiltzea. Hona hemen 2005eko ekainaren 23an Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak Informatika Fakultateko dekanoari zer jakinarazi zion:

(...)

6.2. EHU -Informatika Fakultatea: lengoaia hitzaz.

Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko Dekanoak eta hiru Zuzendarik, eskutitza helarazi diote Euskaltzaindiari, hau egin dezan eskatuz: «lengoaia terminoa ez duela debekatzen esplizituki adieraz dezan (Euskaltzaindiak)». Eskutitz hau Terminologia Batzordeari ere bidali diote. Ikusten denez, unibertsitate barruan iritzi eta joera desberdinak dituzte. Hiztegi Batuan, Euskaltzaindiak hau jarria du: lengoaia. Zah. h. mintzaira, hizkuntza. Beraz, Euskaltzaindiak ez dio debekurik jarri hitz horri. Horrek ez du esan nahi, jakina, 2. itzulian berriz ere aztertu ezingo denik. Erantzuna ematea Idazkariaren eskuetan utzi da.

Beraz, hizkuntza arrunterako erabileran hizkuntza eta mintzaira hitzak hobestekoak diren arren, horrek ez du esan nahi, lexiko berezitu eta teknikoetarako lengoaia ezin erabil daitekeenik. Izan ere, gure lehen idazleek (Etxeparek, Lazarragak, Leizarragak...) halaxe edo aldaeraren batekin (lengoaje) erabili zuten berba hori gaur egungo hizkeran zaharkituxea dagoela egia izanda ere, (gaztelaniaz ere lenguaje hitza bera, lengua eta idioma-ren mesedetan dagoen bezalaxe), halere, horrexegatik hain zuzen, agian interesgarria gerta daiteke bera zeregin tekniko berezietarako berreskuratu eta espezialdu nahi izatea: banderen edo koloreen lengoaia, lengoaia informatikoak, erleen lengoaia etab. esateko, adibidez.

Beraz, Euskaltzaindiak ez du hori debekatzen. Dena den, Lexiko batuaren bigarren pasaldian hitz horretara heltzen garenean, zuek emandako xehetasunak kontuan izanez, puntu hori berriz ere aztertuko eta gauzak argiago jarriko ditugu, era honetako zalantzak kentzeko.

Besterik gabe, adeitasunez agurtzen zaituzte

Xabier Kintana Urtiaga

Idazkariak

Euskararen estandarizazioan dihardutenen/dihardugunon artean, liskarbide (haserrebide ere bai, batzuentzat) gertatu da lengoaia/hizkuntza auzia 2003az geroztik. Eta ez dut gogoko izan tirabira hori, eztabaida argigarriaren zelaian gelditu beharrean, bestelako ondorioak eta jokabideak piztu edo ekarri baititu, eta giroa, neurri batean, lardaskatu. Garai batean —duela 25 urte— informatikari buruz euskaraz idatzi zuten lehenengoetarikoek egindako hautu bat kritikatzea, kritika-ariketa gisa, osasungarria da. Hala uste dut nik, behintzat. Hala ere, kezkagarri gertatzen zait kritika horretan oinarrituta zuzeneko ondorioak gaur egunera ekarri nahi izatea bestelako alderdiei (irizpide soziolinguistikoei) jaramon handirik egin gabe.

Gaur egun informatikako kontzeptu hori lehenengo aldiz euskaraz eman beharrean gertatuko bagina, nik ere ez nuke arazorik izango hizkuntza forma hautatzeko. Baina azken 25 urteak, emankorrenak euskararen historian, ezin dira besterik gabe ezabatu, eta euskaraz irakasten eta idazten eta dibulgazioan diharduten informatikarien eta beste euskaldun askoren erabilerari ezin zaio ez ikusiarena egin, ezin da haien gainetik pasatu haien iritziak eta jokabideak garrantzirik ez balute bezala, bestelako tradiziorik ez dagoenean eta egin duten hautua —lengoaia— euskara batuko hitz onartua denean (Hiztegi Batua, ororen buru, grafiak finkatzera dator. Eta Hiztegi Batuak dio lengoaia euskara batuko hitza dela, eta grafia zuzena hori dela —eta ez, adibidez, *lengoaje edo *lenguaje—)[2]. Euskararen lexiko berriaren estandarizazio-saioak eta joera nagusiak ez dut uste bide horretatik doazenik. Hori erakusten du, adibidez, Euskaltzaindiak berak Hiztegi Batuaren bigarren itzulian, tradizio zaharrik gabeko hitz tekniko asko sartzen ari baita azken 25 urteotan izan duten erabilera —eta zuzentasun grafiko-gramatikala— kontuan izanda, hau da, irizpide soziolinguistikoak aintzat hartuta.

Auzi honen lehen agerraldiaren bila joanda, 1997ra jo behar dugu, oker ez banago. Beste askotan bezala, Ibon Sarasolaren luma zorrotzak plazaratu zuen gaia. Uste dut asko ikasi dugula denok Ibon Sarasolarekin; bistan da, haren zuzenketa-proposamenetariko asko eta asko geure egin ditugu. Den-denak ez, ordea, ez baitira irizpide linguistikoak soilik, zuzenak izanik ere, faktore erabakigarri bakarrak lexikoaren bilakabidean eta finkatze-prozesuan. Konparazio baterako: aspaldi[3], garratz proposatu edo hobetsi zuen Ibon Sarasolak, eta ez azido; edo ikazkai, eta ez karbono; edo maskor, eta ez balbula; edo, aspaldi ez dela[4], gorputzain aldeztu zuen, eta bizkartzain gaitzetsi, edo aipu-markaren alde egin eta komatxoren aurka agertu, eta abar. Hiztegi Batuak, baina, azido, karbono, balbula, bizkartzain, komatxo eta abar finkatu ditu. Halarik ere, kritika-ariketa gisa eta ohartarazteko duten balioagatik, interesgarriak eta ohargarriak iruditzen zaizkit Ibon Sarasolak egin ohi dituen hitz-disekzioak. Alabaina, haiei ere, guztiei bezala, «ponderazio-marka» jarri behar zaie/diegu ondorioetara eraman aurretik.

Bestalde, bada hor zehar interpretazio- edo iritzi-molde hertsi bat, lengoaia hitzak Hiztegi Batuan dituen Zah. eta h. markak baliatu nahi izan dituena lengoaia hitza Euskaltzaindiaren gomendioaren aurkakoa dela argudiatzeko. Ez nago ados:

  • Zah. (zaharkitua) marka agertzeak esan nahi du Hiztegi Batua egiteko erabili ziren iturrietan (Hiztegi Batuaren lehen itzulia egiteko erabili ziren iturrietan, zehatzago esanda) agertzen dela, aspaldi erabili zen hitza dela, antigoaleko hitza dela. Hiztegi Batuaren lehen itzulia egin zenean, Euskaltzaindiak ez zituen eskuartean orain dituen baliabideak. Horregatik, adibidez, hau onartu zen:
<narriatu, narria(tu), narriatzen. da/du ad. Zah.>

Ez dugu horregatik pentsatu behar narriatu aditza (eta hartatik eratorritako narriadura) zaharkitutako hitza denik, jakina. Hiztegi Batua narriatu aditzaren tradizio zaharreko erabileraz ari da. Ez da hortik beste ondoriorik atera behar. Interneteko bilatzaileetan narriatu eta narriadura eskatuz gero, argi eta garbi frogatzen da ez dela batere hitz zaharkitua.

  • h. (hobe; forma hobetsia ondokoa da) markari dagokionez, ez du merezi h. agertzeak zer esan nahi duen eta zer ez duen esan nahi eztabaidatzen luzatzea. Izan ere, ongi ohartuta dago Euskaltzaindia bera marka horren esanahia zedarritzea ez dela erraza; horregatik, hiztegiaren bigarren itzulian, h. marka ahal den gehiena murrizten saiatzen ari da. Hona hemen adibide bat, informatikakoa hain zuzen, argi eta garbi erakusten duena h. markaren interpretazio estua egiteak ez duela zentzurik. Honela dio Hiztegi Batuak:
<memoria, 1 h. oroimen. 2 h. oroitzapen>

Interpretazio estu batek ondorioztatuko luke memoria hitza ez dela erabili behar informatikako adieran ere. Hala, adibidez, memoria zentral edo RAM memoria ez, baizik eta oroimen zentral eta RAM oroimen (edo oroitzapen?) esan behar genuke (es: memoria central, memoria RAM; fr:mémoire centrale, mémoire RAM; en: central memory, RAM memory). Garbi dago, nire ustez, h. markaren argudioak ez duela inolako baliorik kasu honetan.

Bidenabar, hizkuntzaren alde eta lengoaiaren kontra egiten den arrazoibidearekin koherente izatera, Hiztegi Batuan h. markarik ez balu ere, informatikan oroimen —eta ez memoria— erabili beharra defendatu behar litzateke, ezta? Alegia, erdara nagusiek buru-ahalmenaren (oroimenaren) eta sistema informatikoen datuak eta aginduak metatzeko gailuen (memoriaren) artean bereizketarik egiten ez dutenez (en memory/memory; es memoria/memoria; fr mémoire/mémoire), euskaraz ere ez genuke egin behar, ez genuke memoria zertan mailegatu. Hala ere, orain arte inork ez du txintik atera memoria/oroimen gaiari buruz. Eta, egia esateko, ez dakit zergatik, zeren, irizpide soziolinguistikoak bazterrera utzita lengoaia hitzaren ordez hizkuntza erabili beharra aldezten duenaren ikuspegitik, are kasu argiagoa ematen baitu. Ala bereizketa euskaraz bakarrik egiten bada (eta gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ez), linguistikoki arrazoigabea izanik ere, onargarria da, baina euskaraz eta gaztelaniaz egiten bada (eta ingelesez ez) —lengoaia hitzarekin gertatu den bezala— ez da onargarria?

Nire ustez, 1980ko hamarkadan memoria mailegu zaharra hautatu zuten horretan ari ziren euskaldunek informatikako kontzeptu berria euskaraz adierazteko, oroimen (edo oroitzapen, oroipen, oroitza) jartzea ez zitzaielako orduan egokia iruditu (gaur, beharbada, beste era batera egingo litzateke), besterik gabe. Eta, arrazoi beragatik, lengoaia mailegu zaharra hautatu zuten informatikako kontzeptu berria euskaraz adierazteko (gaur, ziur asko, beste era batera egingo litzateke), eta ez dut uste pentsatu behar dugunik gaztelania dela horren atzean dagoen mamu edo arrazoi bakarra. Eta arrazoi beragatik hautatu zuten, adibidez, kimikariek azido eta ez garratz (gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez berdin idazten dira izena eta adjektiboa: es: ácido; fr: acide; en: acid), une hartan egokiena horixe iruditu zitzaielako. Ez zirela hauturik egokienak? Beharbada (beste hitz askorekin gertatu den bezala), baina hori gutxienekoa da orain. Hirurak hizkuntza teknikoko euskal hitzak dira gaur egun.

Izan ere, Informatikako Fakultateko irakasleek berek hala aitortu dute (ikus, amaierako eranskinean, EHUko Informatika Fakultateko irakasleen idazkia):

«(...) «Lengoaia» terminora etorriz, berriz, zer esango dugu? Ondo dakigu termino hori eta «hizkuntza» sinonimoak direla, jatorriz, «orga» eta «gurdi» bezala (edo antzera). Eta ongi dakigu zergatik hautatu genuen, erdaretako «lenguaje», «langaje» eta «language» terminoen baliokidetzat: «moda» kontuak dira, askotan, boladaka mugitzen gara euskararen estandarizazioaren mundu honetan, eta duela hogei urtekoak horretara eraman gintuen (...) Baina idazmakinarenari «orga» (eta ez «gurdi») esaten ikasi genuen bezalaxe, ikasi genuen guk «hizkuntza» eta «lengoaia» bereizten; hainbesteraino ikasi, non beharra sortu baitzaigu (...)»

Aitortza zintzoa, nire ustez.

Badira, bestalde, euskara batuaren morfologiaren ikuspegitik eztabaidagarriak diren beste hitz batzuk, gaur egun «asmatu» beharko bagenitu nekez onartuko genituzkeenak. Har dezagun, adibidez, frikari hitza. Hitzaren erabideari begiratuta, filibustari*, propietari*, monastegi* edo anbulategi* bezain gaizki eratutako hitza da[5]. Hala ere, hor dago, Hiztegi Batuan onartua. Zergatik? Arlo horretako espezialistek —filologoek, gramatikariek— sistematikoki erabili dutelako aspalditik (bila ibilita aurkitu ditudan datuen arabera, 1980ko hamarkadan hasi zen erabiltzen frikari hitza: Txillardegik 1981ean erabili zuen, eta Luis Mari Mujikak 1982an). Denok dakigun moduan, halakoak dira hizkuntzak: salbuespenez eta bitxikeriaz beteak; batez ere, lexikoari dagokionez.

Baldin eta frikari hitza, gaizki osatutako hitza izanda ere, onartzeko arazorik ez badago, espezialistek aspalditik hala erabiltzen dutelako, zergatik tematu behar dugu ondo eratutako —nahiz eta ezinbestekoa ez den (ados nago horretan Juan Garziarekin, berriro diot: ez dut uste berez benetako oposizio terminologikoa dagoenik lengoaia eta hizkuntza hitzen artean)— lengoaia hitza baztertzen, espezialistek aspalditik hala erabiltzen badute? (bila ibilita aurkitu ditudan datuen arabera, 1980ko hamarkadan hasi zen lengoaia hitza erabiltzen Elhuyarren: jada 1985ean agertzen da Elhuyarrek argitaratutako Iñaki Alegriaren Konputagailuaren oinarrizko egitura liburuan eta Pedro Legorburuk Elhuyar aldizkariaren 44. zenbakian idatzitako «Sistema eragileak» artikuluan. Geroztik, azken 24 urteotan milaka aldiz idatzi da lengoaia Elhuyarreko informatikako maila guztietako testuetan, eta askoz gehiago Elhuyarretik kanpoko testuetan). Alegia, frikari hitzak adina meritu baditu, gutxienez, lengoaia hitzak aintzat hartua izateko. Hona hemen XX. mendeko euskararen corpus estatistikoaren datuak:

lengoaia (informatikako adierakoak bakarrik kontuan harturik): 18 agerraldi 1969-1990 bitartean; 23 agerraldi 1991-1999 bitartean.

frikari: 5 agerraldi 1969-1990 bitartean; agerraldi bat 1991-1999 bitartean[6].

Auzi honen historiaren (orain arteko) azken kapitulua aurten gertatu da, otsailean. 2003an Euskaltzaindiari bakarrik ez, Terminologia Batzordeari ere eskatu zion Informatika Fakultateko dekanoak lengoaia hitzari buruzko iritzia ematea, baina 2009ko otsaila arte ez du gaia aztertu Terminologia Batzordeak. Otsaileko bileran aztertu behar zuen batzordeak UZEIk egindako bulegotikako hiztegia; lan horretan, besteak beste, <hipertestua markatzeko lengoaia (HTML)>, <markatzeko lengoaia hedagarri (XLM)> terminoak ageri dira, eta, definizioetan, <SQL lengoaia> eta <Basic lengoaia> aipatzen dira. Hiztegia aztertu zuen batzordeño teknikoak ontzat eman zituen, eta ez zuen haiei buruzko inolako oharrik egin. Hala ere, egoera ikusita, Terminologia Batzordeak berariaz aztertu zuen gaia.

UZEIk, batzordekide eta bulegotikako hiztegiaren egile den aldetik, lengoaia hitza zergatik erabili duen eta informatikaren esparruan lengoaia erabiltzea zergatik hobesten duen azaldu zuen. Hark esan bezala, ez da gauza bera termino bat orain «hutsetik» erabakitzea, edo jakintza-eremu batean hainbat terminok erabilera zabal eta luzea izan eta gero erabakitzea, eta hori ez da irizpide soziolinguistikoen esparrukoa bakarrik, terminologia-lanaren funtsezko alderdi terminologiko bat da. Hala jasota dago Terminologia Batzordeak 2004an argitaratutako Terminologia-lanerako irizpideak lanean (2.3 atala):

Termino bat dokumentu askotan eta desberdinetan (ikerketa zientifikokoetan nahiz zabalkunde handikoetan) sarritan aurkitu izana bada arrazoia terminoa onartzeko (batasuneko irizpide orokorrekin bat datorren neurrian).

Azken parentesian egin lezake inork zalantza, baina Hiztegi Batuak onartu egin du lengoaia hitza, eta, gainera, gorago agertu den moduan, Euskaltzaindiaren 2005eko azalpen esplizitua ere badu: «Euskaltzaindiak ez dio debekurik jarri hitz horri (...) horrek ez du esan nahi lexiko tekniko eta berezituetarako lengoaia erabili ezin daitekeenik». Testuinguru horretan, UZEI ere informatikaren esparruan lengoaia hobestearen aldeko agertu zen.

Gainerako batzordekideok ere banan-banan eman genuen iritzia, eta lengoaia hitzaren terminotasunari buruz ere hitz egin genuen. Iritzi nagusia hau izan zen: termino izan badela, baina, dena dela, ez dela hori auzi honetan ebatzi beharreko arazoa. Luze joko luke batzordekide bakoitzaren arrazoiak hona ekartzeak. Horregatik, nagusitu zen iritzia eta ondorioa besterik ez dut jasoko:

  • Irizpide linguistiko hutsetik, ez zaio arazorik ikusten lengoaia formari.
  • Irizpide terminologikotik, ahula da oso lengoaia hitzaren beharra (alegia, haren ordez hizkuntza erabili izan balitz, ez dirudi arazorik egongo zenik).
  • Irizpide soziolinguistikotik, garbi dago adituen eta erabiltzaileen hautua zein izan den eta zein den —lengoaia—; hautu eta erabilera hori ez da berria, ondo sustraituta eta guztiz zabalduta dago informatikan, eta, beraz, beharrezkoa da errespetatzea. Hau da, komeni da, Euskaltzaindiak berariaz besterik esaten ez badu, erabilera nagusiari eustea, bat baitator Terminologia Batzordearen irizpideekin.

Eta ondorio praktikoa hau izan zen: Terminologia Batzordeak ez du berariazko erabakirik hartuko lengoaia/hizkuntza auziari buruz. Horrek esan nahi du Euskaltzaindiak besterik erabakitzen ez duen bitartean Euskaltermen lengoaia erabiliko dela informatikarako, eta ez besterik, irizpide soziolinguistikoetan oinarrituta. Beraz, bulegotikako hiztegian ez da, horri dagokionez, aldaketarik egingo.

Ez dakit zergatik katramilatu den hainbeste kontu hau. Datuak ikusita eta Euskaltzaindiaren eta Terminologia Batzordearen iritzia jakinda, gustatuko litzaidake informatikan lengoaia lasai erabili ahal izatea irakasleek EHUn, EHUtik kanpo lasai erabiltzen dugun bezala. Ez terminologikoki ezinbestekoa delako, baizik eta hitza zuzena delako eta azken hogeitaka urteetan huraxe erabili delako EHUn eta EHUtik kanpo.


ERANSKINA

2003ko ekainean EHUko Informatika Fakultateko 33 irakaslek sinatutako gutuna.

Hizkuntza eta lengoaiak

Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia sailean aurki argitaratzekoa da Makina-lengoaia izenburuko testu-liburua. Liburu horren prestakuntzan parte hartu du EHUko Euskara Zerbitzuak, eta hainbat eta hainbat zuzenketa eta proposamen egin dizkigu hizkuntza aldetik, testuaren lexikoa, estiloa eta gramatikaltasuna hobetze aldera; ados etorri gara, gehienbat, eta zuzenketa-proposamenok beren isla izan dute dagoeneko testuaren egungo bertsioan. Esan dezagun, bada, beste ezer baino lehen, Euskara Zerbitzuak bere lana bikain bete duela, oro har. Hala ere, testuan erabili beharreko terminologia dela-eta zenbait gorabehera izan ditugu, eta horretan Euskara Zerbitzuak izan duen jarrera ez zaigu egokia iruditzen; hain zuzen ere, eta testu honen izenburuan propio jarri dugun «lengoaia» terminoa dela eta, ez zaigu onargarria iruditzen nola jakinarazi zaigun beren erabaki «formal» eta apelaezina:

«Lengoaia»ren ordez beti «hizkuntza» ematea erabaki formala da dagoeneko gure arterako, alor guztietarako (orain Euskara Zerbitzua deitzen gara, ez Institutua). Sentitzen dut hain gordin esan beharra, baina horrela dira gauzak. Hala ere, bestela jokatzeko asmoa baduzue, beste instantzia batean egin beharko da erreklamazioa, ez bailitzateke gehiago hizkuntza-irizpideei dagokien kontua, administrazio-auzia baizik.

Hori horrela esatea onartezina iruditzen zaigu. Idatzi honen helburua, bada, bikoitza da. Alde batetik, informatikaren jakintza-arloan bere bidea egin duen «lengoaia» terminoaren aldeko gure jarrera azaldu nahi genuke, eta arrazoitu; bestetik, EHU/UPVko Euskara Zerbitzua gai honen inguruan erakusten ari den jarrera kritikatuz, terminologia-lanean beste moduko lankidetza bat nahi litzatekeela adierazi nahi genuke.

Gure kexu nagusia zaharra da terminologiaren alorrean: Nork sortu behar ditu terminoak? Nola? Hizkuntzalari-filologoak badu, noski, zeresanik, terminoen eraketa hizkuntzaren arauekin eta bideekin bat datorrenetz epaitzerakoan, terminoen egokitasuna onesterakoan. Baina terminoak denotatzen duen kontzeptua, bere esangura zein ñabardura guztiekin, jakintza-arloko adituak ezagutzen du inork baino hobeto, eta hari entzun gabe nekez hauta dezake hizkuntzalariak termino egokia. Ez dugu uste gauzak bideratzeko erarik zuzenena auzi honetan hartu den bidea denik: jakintza-arloan urteetan lanean ari direnei entzun ere gabe —galdetu ere gabe—, eta egindako lanari batere errespeturik erakusteke, hizkuntzalariaren autoritatearen printzipioa inposatzea ez da, gure ustez, modua. Hizkuntzalarien eta jakintza-arloko adituen arteko lankidetzatik eta elkarri entzutetik etorri beharko du, ezinbestean, euskal terminologian hain beharrezkoa dugun aurreramenduak. Ez inposiziotik.

Hiruzpalau bilera eginak ditugu fakultatean honezkero, Euskara Zerbitzuak planteatutako terminologia-arazoon gainean eztabaidatzeko. Beste termino batzuk alde batera utzita, «lengoaia» da gehien kezkatzen gaituena orain, aipatu testu-liburuaren izenburuari ez ezik, mami-mamiari baitagokio. Termino hori erabiltzen da, eta ez informatikaren arloan bakarrik, gaztelaniako «lenguaje» eta frantsesezko «langage»ren baliokide gisa (badakigu ingelesez ez dela horren parekorik, eta «language» bakarra darabiltela gure «hizkuntza» eta «lengoaia» terminoen baliokidetzat), giza hizkuntza eta bestelako mintzaira edo lengoaia «formalagoak» bereiztearren. Hiztegi Batuan «lengoaia Zah. h. mintzaira, hizkuntza» dio, eta horren haritik proposatzen zaigu orain, Euskara Zerbitzutik, «hizkuntza» hartzea gure arloan ere, lengoaia formalak, programazio-lengoaiak etab. denotatzeko terminoen osagai. Gurean «lengoaia» erabili da, informatikaz euskaraz egin denetik (20-25 bat urte bai, gutxienez); erabateko adostasunaz erabili ere, euskal informatikarion artean. EuskalTerm (52 terminotan ageri da, oraintxe, «lengoaia» datu-basean, informatikarekin lotuak denak edo gehienak), hainbat eta hainbat hiztegi (berezitu zein arrunt) eta entziklopedia, hamarnaka testu-liburu, apunte, barne-txosten, tesina eta tesi, ehunka ikasle eta irakasle... (ikus eranskinetan zenbait datu) ditugu termino horren erabileraren, hedaduraren eta adostasunaren eragile eta lekuko.

Gorago errespetu-falta aipatu dugu, eta, agian, batek baino gehiagok gehiegikeria iritziko zion. Esan nahi duguna, funtsean, hauxe da: gure lanean profesionalak garen neurrian, gure lana ahalik eta ondoen betetzen ahalegintzen garela, ez ditugula gauzak nola edo hala egiten, eta halaxe jokatu dugula gure lanerako beharrezko izan dugun lexikoa aukeratzeko eta sortzeko orduan ere. Txosten hau sinatzen dugun askok eta askok urteak daramatzagu informatikako gaiak euskaraz jorratzen, fakultatean, UEUko Informatika Sailean eta bestetan, irakaskuntzan zein ikerkuntzan, eta hortxe dago egindako produkzioa; gure arteko batzuek, gainera, parte hartu dugu informatikako glosategi eta hiztegi terminologikoen prestakuntzan, testu-liburuen itzulpenean, testu eta dokumentu teknikoen zuzenketan. Duela hilabete batzuk, Xabier Kintana euskaltzainak eskatuta —Hiztegi Batuaren bigarren labealdirako behar bide ziren informatikako terminoen zerrenda bat prestatu behar zela eta— ordu arteko informatika hiztegiak nahiz gure irakasgaietan erabiltzen ditugun glosategiak arakatzen ibili ginen fakultateko hainbat irakasle, Hiztegi Batuan ezinbestekotzat jotzen genituen terminoen zerrenda osatzearren. Ez gara, beraz, jaio berriak gure lanerako behar dugun terminologia sortze-lan honetan, eta, geure mugen jakitun, beti ahalik eta borondate onenarekin jardun dugu, eta beti ere terminologian eta terminografian aditu eta aritu direnekin lankidetzan: 80ko hamarkadan hasita, Klaudio Harluxet zenak argitaraturiko zerrenda xume bat abiapuntu, eta 1989an lehen Informatika Hiztegia (apunte moduan) Elhuyarren eskutik kaleratuz; UZEIrekin batera gero, 1993an Informatika Hiztegia paperean argitaratuz (eta EuskalTerm-era bilduz); duela bizpahiru urte, azkenik, Internetekin zerikusia duen terminologiaren gaineko lan handia eginez, atzenean aurreko hiztegiaren bigarren argitaraldi batean gauzatuko zena (Informatika eta Internet Hiztegia. UZEI, 2001).

«Lengoaia» terminora etorriz, berriz, zer esango dugu? Ondo dakigu termino hori eta «hizkuntza» sinonimoak direla, jatorriz, «orga» eta «gurdi» bezala (edo antzera). Eta ongi dakigu zergatik hautatu genuen, erdaretako «lenguaje», «langage» eta «language» terminoen baliokidetzat: «moda» kontuak dira, askotan, boladaka mugitzen gara euskararen estandarizazioaren mundu honetan, eta duela hogei urtekoak horretara eraman gintuen (egungo euskaltzain osoa, bere hiztegian salatu zituen «neologismo incorrecto» haien ondoan beste batzuk, zuzenagoak ustez, proposatzera eraman zuten legez). Dena den, alferrik luzatuko gara horretan, Ibon Sarasolak guk baino askoz hobeto azaldu baitzituen, bere Euskara batuaren ajeak liburuan, aldaera hori «berrartzearen» nondik norakoak. Baina idazmakinarenari «orga» (eta ez «gurdi») esaten ikasi genuen bezalaxe, ikasi genuen guk «hizkuntza» eta «lengoaia» bereizten; hainbesteraino ikasi, non beharra sortu baitzaigu. Ohiturak, tradizioak, «tradiziotxo» bada ere, legea egiten du, eta ez dugu inolako arrazoirik ikusten, orain, tradizio hori hausteko, berorrek dakarren endredo izugarriarekin. Kontzeptuak bereiztearen premia aipatu dugu arestian; saiatuko gara behar hori ilustratzen, adibide batekin:

«Lengoaia Naturalaren Prozesamendua» esaten diogun arloan (bidenabar: informatikan ohikoagoak diren beste «lengoaia» batzuetatik bereizi nahiari zor zaio «naturalaz» dihardugula zehaztu behar hori), hizkuntza automatikoki (ordenagailu bidez) tratatzea, lantzea dugu helburu. Konputagailu-programa batez giza hizkuntza tratatuko bada, hizkuntza hori formalki deskribatu beharra dago. Hizkuntzok deskribatzeko hainbat formalismo eta lengoaia erabili ohi ditugu. Era berean, lengoaia formal horien sintaxi-semantikak ere deskribatu beharra dago zehatz-mehatz, programaziolengoaienak deskribatzen diren modu berean: horretarako ere badira lengoaiak (meta-lengoaiak, zehatzago esanda)...»

Saia bedi irakurlea horko «lengoaia» guztien ordez «hizkuntza» jartzen! Hortaz, eta hizkuntza arruntean esanahi bera badute ere, semantikoki bide desberdinak hartu dituzten bi terminotzat hartzen (eta erabiltzen) ditugu guk «lengoaia» eta «hizkuntza»; eta, lehenago esan bezala, guk ez ezik baita beste jakintza-arlo batzuetakoek ere, unibertsitate honetan bertan. Ez al da bide hori zilegi terminologian? Berrezarpen —edo «berrezartze» izango da, agian, egokiago orain— lexikaleko kasu bat baino ez da, «lagin», «garden», «geruza» edo «oreka» diren bezalaxe. Eta berrezartze lexikala egina dago; ez da, beraz, kontua orain, «mintzaira» egokiago litzatekeela —zatekeela— esanez etortzea, baizik eta «lengoaia» zergatik ez den egokia (edo zergatik bai, guk argi diogun bezala) arrazoitzea.

Ez gara gutxi baliatu berrezartze lexikala delako baliabide horretaz euskal terminologian. Antzeko adibide asko aurki ditzakegu, horretara jarriz gero; hona hemen batzuk, Euskal Hiztegia eta Hiztegi Batua pixka bat arakaturik, non hiztegi horietan zaharkitutzat ematen diren hitzak termino berezitutzat erabiltzen baititugu egun: hor dugu «berretu» (ikus Hiztegi Batua:  'emendatu, gehitu'), matematikan bere esanahi propioa hartu duena, eta denok ulertzen dugu orain termino hori (eta berdin «berretura» eta «berretzaile»); «tropel» hitza zaharkitua izango da, baina kirolaren terminologian bere bidea egin du, eta ez da orain zalantzan jartzen bere egokitasuna (Hiztegi Batuak ere bigarren adiera esleitzen dio esanahi horri); «urgatzi» zaharkitutik sortua da, inondik ere, «urgazle», eta hor dabil aspalditik bere esangura berezituan; aldeak alde, hor ditugu «esleitu», «alokairu», «perpaus», «arbaso», «finko» eta hainbat eta hainbat (jo beza irakurleak EuskalTerm-era bertara, eta pilaka aurkituko ditu); kasu horietan guztietan, zaharkitutzat ematen den hitz bat abiapuntu, erabat egungotzat dugun termino bat sortu da, normaltasun osoz erabiltzen dena dago(z)kion arlo(et)an, eta arazorik gabe funtzionatzen duena denotatzen duen kontzeptua adierazteko.

Hizkuntza arruntaren eta terminologiaren arteko honi behar bezala ez erreparatzetik, gainera, uste baino sorpresa gehiago etor liteke (eta etorriko da!): Hiztegi Batuan «kartera* e. diru(-)zorro, paper(-)zorro» dioen arren, ezin hasiko gara ministroenari «paper-zorro» esaten (ez eta «diru-zorro» ere, askotan hala dela jakinda ere!). Eta burtsako balioena ere ez da ez diru-zorro ez paper-zorro izango, oso oker ez bagaude behintzat. Utz ditzagun, bada, hizkuntza arrunterako diren erabakiak hizkuntza arrunterako, eta mintza gaitezen jakintza-arlokoekin, jakintza-arlo horretako terminologia espezializatua finkatzea denean helburua. Baina mintza gaitezen!

Klaudio Harluxetek proposatzen zuen «ordinatore» terminotik hasi, hainbat urtetan «ordenadore» bultzatzen ibili, eta «ordenagailu» gaizki eratuari (tramankulu horren funtsa ez baita deus ordenatzea!) men egiten bukatu dugu, Hiztegi Batuan azken hori arautu zenetik (kaleko erabilera nagusi, nonbait, kasu honetan!). Egia esateko, Hiztegi Batuak ez du «ordenadore* e. ordenagailu» arautzen, baina, horrelakoetan nola jokatu behar den oso garbi ez badago ere[7], «ordenagailu»ren aldeko joera «txintxoa» sumatzen da bazterrotan, hainbeste borrokaren ondoren (eskerrak «konputagailu» behintzat ez diguten galarazi, «ordenadore»rekin batera horixe bultzatzen baikenuen). Batek baino gehiagok galdetuko du, eta arrazoiz: Zertara dator hau orain? Ba, hara: kontua ez dela, jakina, ihardukitzea ihardukitzeagatik, baina egindako lanari errespetu bat, bai, eskatzen dugula. Eta beldur gara, hizkuntza kontuetan, ez ote gabiltzan, herri honetan, errespetu horretatik eskas samar, eta ez ote garen, batzuetan, besterena «zuzentzen» hasten gustuak eraginda; bestelako arrazoi sendorik gabe, alegia. Zer kalte egiten dio inori, posible den tradizio, onespen eta adostasunik handiena duen termino hori erabilera espezializatuan usatzen jarraitzeak? Zer du txarra, Axularrek ere erabilitako aldaera berreskuratuz, kontzeptu berezi horiek denotatzeko termino gisa hartzeak? Benetan, ezin dugu ulertu.

Izan ere, eta «lengoaia»ra itzuli garenez, Hiztegi Batuak ez du erabat debekatzen, «h.» horiek zuzen interpretatzen baditugu behintzat. Gehiago esango dugu: Hiztegi Batuan hitz hori arautu zenean, iritzi-emaileei banatu zitzaien fitxan hauxe zioen, hitzez hitz (ikus eranskina):

«Informatikako erabileremura mugatzekoa da; besteetan ez dago forma honen beharrik: cf. mintzaira, hizkuntza».

Lastima, hizkuntza arrunterako baztergarritzat jotakoa informatikako termino gisa onartu eta arautu ez izana orduan, bigarren adiera batean edo. Bigarren adiera hori ez sartzeko erabakia hartu zutenek, eta EHU/UPVko Euskara Zerbitzukoek orain, izan ote dituzte gogoan, erabaki horiek hartzerakoan, lengoaia formalak, programazio-lengoaiak, meta-lengoaiak, marka-lengoaiak, laugarren belaunaldiko lengoaiak, orrialdearen deskribapenerako lengoaiak, galdeketa-lengoaiak, eta abar, eta abar? Ohartu ote dira «makina-lengoaia»[8] eta «makinen hizkuntza», agian, bi gauza erabat desberdin adierazteko erabili ahal izango direla, robotak-eta euskaraz hasten zaizkigunean? Ez dugu uste, benetan.

Bukatzeko esan, txosten hau, EHU/UPVko Euskara Zerbitzura ez ezik, Hiztegi Batuko Lantaldeari ere helaraziko diogula, Hiztegi Batuaren hurrengo itzulian adiera hori sar dezan eskatuz. Halaber, Euskararen Aholku Batzordeko Terminologia Batzorde-atal bereziari ere eskatuko zaio, idatzi honen bidez, bere iritzia eman dezan. Horrez gain, ez dugu baztertzen hemen biltzen diren ideiak unibertsitate barruko komunikabideetara edo/eta bestetara ere zabaltzea.

Eranskin gisa, honako hauek gehitu ditugu:

  • Hiztegi Batuko Batzordeko fitxa, «lengoaia» sarrerari buruz.
  • Euskaraz argitaratutako tesi, tesina eta barne-txostenen zerrenda bat, non «lengoaia» erabili den.
  • Informatikako gaiei buruz argitaratu diren liburuen zerrenda bat, non «lengoaia» erabili den.
  • Software-lokalizazioko zenbait adibide, non «language» terminoa itzultzeko «lengoaia» erabili den.
  • Informatika Fakultateko euskarazko eskaintza.
  • Gaur egungo hiztegi eta entziklopedien zerrenda bat, non «lengoaia» terminoa guk aldeztu dugun adiera berezi horretan ageri baita.
  • XX. mendeko euskararen corpus estatistikoan egindako bilaketaren emaitza, non 124 testu itzultzen baitira «lengoaia» lema gakotzat sartuz gero.
  • Interneteko bilatzaileez baliatuz egindako bilaketen emaitza batzuk, non mila inguru web orri ageri baitira «lengoaia» gakotzat emanez gero.
  • UEUko Inguma datu-basean egindako bilaketaren emaitzak, non «lengoaia» hainbat eta hainbat artikulu eta irakasgairen izenburuetan ageri baita.
  • Jakinen XX. mendeko euskal liburuen katalogoan egindako bilaketa.

Bego horretan, oraingoz. Azaldutako ideiak aintzat hartuko direlakoan, eta gai hauetaz edonorekin hitz egiteko gure prestutasuna berriro azalduz, Donostian sinatzen dugu idazki hau, 2003ko ekainean.

Ana Arruarte Lasa
Xabier Arregi Iparragirre
Aitor Soroa Etxabe
Kepa Sarasola Gabiola
Jose Ramon Zubizarreta Aizpuru
Nestor Garay Vitoria
Jon Ander Elorriaga Arandia
Bertol Arrieta Kortajarena
Montse Maritxalar Anglada
Olatz Arbelaitz Gallego
Ana Zelaia Jauregi
Eneko Agirre Bengoa
Rosa Arruabarrena Santos
Elena Lazkano Ortega
Txelo Ruiz Vazquez
Victoria Fernández González
Basilio Sierra Araujo
Juan Manuel Pikatza Atxa
Izaskun Etxeberria Uztarroz
Arantza Irastorza Goñi
Olatz Arregi Uriarte
Iñaki Alegria Loinaz
Jesús Mari Pérez de la Fuente
Nerea Ezeiza Ramos
Edurne Larraza Mendiluze
Iratxe Soraluze Arriola
Arantza Díaz de Ilarraza Sánchez
Xabier Artola Zubillaga
José Ignacio Martín Aranburu
Agustin Arruabarrena Frutos
J. M. Rivadeneyra Sicilia
Patxi Angulo Martin
Koldo Gojenola Galletebeitia

EHU/UPVko Informatika Fakultateko irakasleak.


Oharrak

1. Hiztegi Batua eta terminologia zientifiko-teknikoa: elkarguneak, estuguneak eta gurutzaguneak, Senez 28.

2. Hiztegi Batuan honela ageri da lengoaia hitza: <lengoaia Zah. h. mintzaira, hizkuntza>.

3. Euskal hiztegia, 1996.

4. 2003-05-20 eta 2006-05-10.

5. Ez dut uste arrazoia esplizitatu beharra dagoenik, baina badaezpada: kendu atzizkia frikari hitzari, eta zer gelditzen da? frik(a) ez da ezer. Beraz, ezinezkoa da eratorpenez sortua izatea, eratorpenak eskatzen baitu autonomia lexikal osoa duen elementu bati eranstea atzizkia.

6. Bidenabar, ohargarria da ikustea zenbat idazle ezagunek erabili eta erabiltzen duten lengoaia hitza hizkuntza hitzaren ordez, euskaltzainburua barne. Hona hemen:

XX. mendeko corpusean: Andres Urrutia, Joseba Lakarra, Aurelia Arkotxa, Juan Garzia, Anjel Lobera, Xabier Mendiguren Bereziartu, Jon Gaztelumendi, Ur Apalategi, Luis Fernandez...

Ereduzko prosan: Piarres Xarriton, Edorta Jimenez, Joan Mari Irigoien, Joseba Sarrionandia, Joan Mari Lekuona, Patziku Perurena, Xabier Olarra, Iñigo Aranbarri, Mikel Hernandez, Xabier Mendiguren Elizegi... (Berria egunkarian agertutakoak kontuan hartu gabe).

Datu horiek ikusita, nekez eman daiteke ontzat Hiztegi Batuak lengoaia hitzari ezarri dion Zah. (zaharkitua) marka. Alegia, gaur egungo erabilera-maiztasuna ikusita (sartu Elebilan edo Googlen lengoaia hitza, eta ikusi emaitza) lengoaia zaharkitutako hitza bada, Hiztegi Batuan markarik gabe dauden ehunka hitzek behar lukete Zah. marka irizpide bera aplikatuz gero.

7. «Hiztegian jasotzen ez diren hitzei buruz esan behar da, bestalde, Euskaltzaindiak ez dituela oraingoz onartzen, baina ezta gaitzesten ere.» Hiztegi Batua, Euskaltzaindia, 2000.

8. «Konputagailuak berez ulertzen duen lengoaia bakarra. Kode bitarrez adierazi behar da.» Informatika Hiztegia. UZEI, 1993.