Laburpenak euskarazko boletinetan
Artikulua pdf formatuan
Sartu berbak
Eusko Jaurlaritzako boletinek, zehatzago esateko, euskarazkoek, erdaratik itzuliek, entzute txarra daukate sorreratik bertatik, euskara ez dute-eta irakurgarria erabiltzen. Egia esateko, asko aurreratu da aspaldion, errazago irakurtzen delarik gaur egun. Baina, aurrerapen hori nahikoa ez-eta, irakurgarriago egin beharra dago, gura badugu euskara irakurri gaztelera bezain natural.
Boletinetako hasieran beti agertzen da laburpen (sumario) bat. Hona hemen bat, erdarazkoa, zeinaren euskarazko bertsioa analizatuko dudan artikulu honetan:
RESOLUCIÓN de 19 de febrero de 2004, del Director de Instituto Vasco de Administración Pública, por la que se da publicidad a la relación provisional de admitidos/as y excluidos/as, se establece el plazo de reclamaciones y se fija día, hora y lugar para la realización del primer ejercicio para la bolsa de trabajo arriba mencionada.
Parte bi dauzka: lehenengoan esaten da agindua (edo ebazpena, edo dena delakoa) noiz-nork dagoen eginda;
RESOLUCIÓN de 19 de febrero de 2004, del Director de Instituto Vasco de Administración Pública,
eta bigarren partean ageri da aginduaren sintesia:
(por la que) se da publicidad a la relación provisional de admitidos/as y excluidos/as, se establece el plazo de reclamaciones y se fija día, hora y lugar para la realización del primer ejercicio para la bolsa de trabajo arriba mencionada.
Laburpenetako lehenengo zatiak, hizkuntza aldetik, berdinak dira edo bertsuak; bigarrenak, ostera, desberdinak agindutik agindura (ebazpenetik ebazpenera...), nahiz eta askotan antz handia izan.
Abokatuei-eta beti entzun izan diet testu juridikoak argiak izan behar direla, ulergarri-irakurgarriak. Egileek beti daukatela asmoa testuak egiteko ahalik eta interpretaziorik gutxienekoak, seguru ibiltzeko trafiko juridikoan.
Artikulu honetan aztertuko dut boletin-laburpen bat, zeina orain bost urte hasi nintzen zuzentzen, baina astirik ez-eta, edo beste kontu batzuk tarteko, hor eduki dut ganbaran gordeta eta hautsez beterik, baina ustez oraingotasunik galdu barik (kukutxo bat egin diet-eta boletin batzuei aurton (2009), martxoan). Ahaleginduko naiz ahalik eta sakon-zabalen aztertu eta artezten, testu egokia sortzeko komunikagarriro.
Aztergaiaren parteak
Sarreran ikusi dugu gaztelaniazko laburpen bat (zeinaren euskarazko bertsioa izango dugun aztergai artikulu honetan). Bertatik aterako dut honako eskema, egokia nire azalpenetarako:
RESOLUCIÓN (...) por la que - se da publicidad... |
Eskema hori hiru partetan jorratuko dut:
- Formulismo aurrea (RESOLUCIÓN (...)).
- Formulismoa (por la que).
- Formulismo ostea (hiru atal ditu).
Aztergaia jorratzen
Gorago eginiko parteak aztertzen hasi aurretik banan-banan, komeni zaigu begirada orokorra ematea laburpen aztergaiari euskaraz eta erdaraz:
BOLSA DE TRABAJO DE TÉCNICOS DE INTERVENCIÓN
RESOLUCIÓN de 19 de febrero de 2004, del Director de Instituto Vasco de Administración Pública, por la que se da publicidad a la relación provisional de admitidos/as y excluidos/as, se establece el plazo de reclamaciones y se fija día, hora y lugar para la realización del primer ejercicio para la bolsa de trabajo arriba mencionada.
IHARDUKETAKO TEKNIKARIEN LAN-POLTSA
EBAZPENA, 2004ko otsailaren 19koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariarena, aipaturiko lan-poltsan onarturikoen eta bazter-utzitakoen behin behineko zerrenda argitaratzeko, erreklamazioak aurkezteko epea ezartzeko, eta lehenengo ariketaren eguna, ordua eta tokia zehaztuko dena.
Euskarazko testu hutsa irakurrita, ez naiz gauza lehenengo irakurraldian ulertzeko. Behin baino gehiagotan irakurri behar dut, ulertuko badut. Natural-natural irakurtzeko, hiru-lau marapilo askatu behar dira bertan, besteak beste dena elementua, izan ere, konturatzen bagara, dena horrek (azkeneko lekuan) erreferentea du Ebazpena, eta berau non egongo, eta aurrerengo lekuan dago. Itzel urrun daude bata bestetik, taxubakokeria hori pentsa ezina delarik hizkuntza normalizatu batean.
Itxura batean ematen du aurrerago eroanda dena hori, konpon daitekeela eginiko trakeskeria. Eroan dezagun aurrerago, ea horrela irakurtzen dugun errazago:
EBAZPENA, 2004ko otsailaren 19koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariarena, aipaturiko lan-poltsan onarturikoen eta bazter-utzitakoen behin behineko zerrenda argitaratzeko DENA, erreklamazioak aurkezteko epea ezartzeko, eta lehenengo ariketaren eguna, ordua eta tokia zehaztuko dena.
Nahiz eta aurrerago ere jarri dena, ez da nahiko, izan ere, sasi eta lahar gehiegi dago testu horretan, lartxo. Alde batera utzita titulua, ora diezaiogun aztergaiari eta banan-banan aztertu gorago aitaturiko hiru parteak, baina ordena honetan:
A. Formulismo aurrea
B. Formulismo ostea
C. Formulismoa bera
Hiru parteok banan-banan aztertuko ditut (eta ikusi zenbat modutara eman daitezkeen euskaraz) eta, azkenez, hiru parteok batera jorratuko ditut, laugarren parte batean, D. Hiru parteak batera zuzentzen izenekoa.
A. Formulismo aurrea
Para ditzagun formulismo aurreak elkarren segidan, lehenengo erdaraz eta azpian euskaraz:
- RESOLUCIÓN de 19 de febrero de 2004, del Director de Instituto Vasco de Administración Pública,
- EBAZPENA, 2004ko otsailaren 19koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariarena,
Euskaraz, ondo-edo dago eginda itzulpena, baina hobe daiteke. Horretarako, badauzkagu euskaraz baliabide batzuk, besteak beste:
- Eta juntagailua
- Zeinismoa (zein -en/bait-)
- Nonismoa (non -en/bait-)
- Beronismoa (bera, berau, hau, bertan, han, eurok, bere...)
Ondo erreparatuz gero zelan dagoen eraikita perpausa gaztelaniaz, ikusten dugu estilo nominalean dagoela:
Izena + (1-osagarria (DE...)) + (2-osagarria (DE...))
Izena (Resolución) osagarri biz dago osatuta, eta biak de bidez hasten dira. Euskaraz, imitatu egin da erdara, neurri batean behintzat, eta izena (Ebazpena) ageri da osagarri biz osatuta (bata, -ko bidez eta, bestea, -ren bitartez):
Izena + (1-osagarria (..-KOA)) + (2-osagarria (... -REN))
Lehenengo osagarria euskaraz (2004ko otsailaren 19koa) erraz irakurtzen da, ia erdaraz bestean (geroago ikusiko dugu hobe daitekeela). Bigarren osagarria (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariarena) nekezago irakurtzen da euskaraz erdaraz baino. Izan ere, gaztelaniaz, osagarri horrek ordena logikoan ditu eratuta osagaiak, aurrerengo lekuan dituela informazio burua (Director) eta semaforoa (de); euskaraz, ostera, hurrenkera antilogikoan ditu taxuturik osagaiak, azken lekuan dituela informazio gunea (Zuzendari) eta semaforoa (-aren).
Euskaraz estilo berbala da nagusi; beraz, ahalegin gaitezen estilo berbalean erabiltzen osagarri biak:
(A1)- EBAZPENA 2004ko otsailaren 19koa DA, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariarena,
Batetik, koma kendu dut Ebazpen berbaren ostetik (eta hori dela-eta, desegin aposizioa) eta, bestetik, lehenengo osagarriari da aditza txertatu diot. (A1) proposamena, nire ustez, errazago irakurtzen da jatorrizkoa baino. Egin dezagun beste operazio bat:
(A2)- EBAZPENA 2004ko otsailaren 19koa da, ETA Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ZuzendariaK EMAN DU,
Ikusten dugunez, bigarren osagarriari, batetik, -ren atzizkia kendu diot eta erantsi eta juntagailua; bestetik, gaineratu dizkiot -k atzizkia eta eman du aditza. Beste era batera ere erabil daiteke informazioa, aditza aurrerago eroanda (eta beste orraztutxo batzuk eginda):
(A3)- EBAZPENA 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak,
Bestalde, gura izanez gero, badago erabiltzerik zeinismoa ere (zein bait-/-en):
(A4)- EBAZPENA, ZEINA 2004ko otsailaren 19an eman BAITu Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak,
(A5)- EBAZPENA, ZEINA 2004ko otsailaren 19an eman dueN Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak,
Ondo erreparatuz gero azkeneko aldaeroi, berriro ipini behar izan dut koma ebazpena ostean (zeinismo aurrean erabili ohi da koma). Bestalde, jatorrizko itzulpenean Ebazpena ageri da, artikulu eta guzti (-a). Uste dut, kasu honetan behintzat, egokiago litzatekeela hau erakuslea erabiltzea artikuluaren ordez (kontu hau geroago ere jorratu eta justifikatuko dut). Hona hemen estrategia hori aplikatuta orain arteko aldaerei, ontzat jo ditudan guztiei:
A. Zeinismo bidez
(A6)- EBAZPEN HAU, zeina 2004ko otsailaren 19an eman baitu Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak,
- EBAZPEN HAU, zeina 2004ko otsailaren 19an eman duen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak,
B. Semaforo barik
(A-7)- EBAZPEN HAU 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak,
Bestalde, goiko aukera guztietan Ebazpen berba beti erabili izan dut NOR kasuan deklinatuta, bai artikulua (-a) duela lagun, bai erakuslea (hau), baina beste jokabide batzuk ere proposatuko ditut geroago.
B. Formulismo ostea
Hona hemen zer informazio dagoen formulismo ostean, lehenengo erdaraz emana eta ondoren euskaraz:
Erdaraz:
- se da publicidad a la relación provisional de admitidos/as y excluidos/as,
- se establece el plazo de reclamaciones
- y se fija día, hora y lugar para la realización del primer ejercicio para la bolsa de trabajo arriba mencionada.
Euskaraz:
- aipaturiko lan-poltsan onarturikoen eta bazter-utzitakoen behin behineko zerrenda argitaratzeko,
- erreklamazioak aurkezteko epea ezartzeko,
- eta lehenengo ariketaren eguna, ordua eta tokia zehazteko.
Ikusten dugunez, hiruna atal dituzte (marratxo bidez adieraziak). Euskarazkoan, hirugarren atalean «zehazteko» dago azkeneko lekuan, baina jatorrizkoan ageri da «zehazten dena». Horko dena horrek zerikusia duenez gaztelaniazko formulismoarekin (por el que), aztertuko dut formulismoari dagokion apartaduan.
Bestalde, alderatuz gero erdarazko eta euskarazko informazioak, konturatzen gara ez datozela bat: gaztelaniaz hirugarren atalean ageri da «para la bolsa de trabajo arriba mencionada»; euskaraz, ostera, horren ordaina lehenengo zatian dago (aipaturiko lan-poltsan). Oker hori zuzentzeko, orraztutxoa egingo diot aipaturiko lan-poltsan sekuentziari, aipaturiko lan-poltsaRAKO, eta pasako dut hirugarren atalera:
- onarturikoen eta bazter-utzitakoen behin behineko zerrenda argitaratzeko,
- erreklamazioak aurkezteko epea ezartzeko,
- eta lehenengo ariketaren eguna, ordua eta tokia zehazteko aipaturiko lan-poltsarako.
Erkatuz gero hiru atalok zelan dauden adierazita komunikagarritasunaren (irakurgarritasunaren) aldetik euskaraz eta erdaraz, erraz irakurtzen da gaztelaniaz; nekez, ostera, euskaraz. Badaukagu, beraz, zer zuzendu, gura badugu erdaraz bezain erraz eman euskaraz, edo antzeratsu. Has gaitezen egokiago ematen atalik atal, lehenengotik hasita:
B1- Lehenengo atala
Ipin ditzagun elkarren segidan gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak (aurretik formulismoa-eta sartuko dut, parentesi barruan (Resolución (...) por la que) sartu ere, ondo ulertzeko testuingurua):
(Resolución (...) por la que)
- se da publicidad a la relación provisional de admitidos/as y excluidos/as
- onarturikoen eta bazter-utzitakoen behin behineko zerrenda argitaratzeko aipaturiko lan-poltsarako
Gaztelerazko bertsioa (kontuan hartuta formulismoa-eta) nahi badugu zuzen ekarri euskarara, euskaraz normalago dago erabilita «argitaratzeko» barik «argitaratzen da» (operazio hori zuzen dago eginda, geroago ikusiko dugunez):
- aipaturiko lan-poltsan onarturikoen eta bazter-utzitakoen behin behineko zerrenda argitaratzen da.
Testuinguru horretan argitaratzen da aditzak eskatzen du zehar-galdera. Izan ere, «se da publicidad a la relación provisional de administrados/as y excluidos/as» informazioaren azpian honako egituraren bat dago:
- «se da publicidad a la relación provisional de (QUIENES han (sido)) admitidos/as y excluidos/as»
- «se da publicidad a la relación provisional de (QUIENES están) admitidos/as y excluidos/as»
Horrelakoak zelan eman euskaraz? Idatziz sarritan eman izan dira zehar-galdera bidez, eta ahoz ere askok darabilgu, honela erabili ere:
- behin behineko zerrenda NORTZUK direN onartuak eta bazter-utziak argitaratzen da
Baina zehar-galderak arruntago erabiltzen dira aditz nagusiaren aurrean (bata zein bestea informazio berriak badira):
- argitaratzen da behin behineko zerrenda NORTZUK direN onartuak eta bazter-utziak
Orain ezin errazago irakurtzen da (irakurleak erabiltzen badu zehar-galdera ahoz eta idatziz): batetik, aditz nagusia aurreratu dugulako eta, bestetik, zehar-galdera bidez eman dugulako gaztelaniazko sintagma (la relación provisional de admitidos/as y excluidos/as), eta horrela lortu atzerakarga arintzea. Gura izanez gero, zehar-galdera bera ere adieraz daiteke beste era batera:
- argitaratzen da behin behineko zerrenda nortzuk DAUDEN onartuak eta bazter-utziak
Ikusten denez, izan aditza kendu, eta ordainetan egon sartu dut. Eta «onartuak eta baztertuak»en ordez para liteke «onartuTA eta bazter-utziTA» edo «onartuRIK edo bazter-utziRIK». Beste zalantza bat ere badaukat egitura horren gainean, ez ote dagoen hobeto honetara:
- argitaratzen da behin behineko zerrenda nortzuk onartu dituzten eta bazter-utzi
Itzulpenean operazio bat dago askorentzat, seguruena, konkorgarria, harrigarria: gaztelaniazko sintagma bat eman dut euskaraz perpaus jokatu bidez; zehatzago esateko, zehar-galdera bitartez (azkenaurreko aukera erabiliko dut):
- la relación provisional de admitidos/as y excluidos/as
- behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak
Operazio hori ondo ulertzeko, hona hemen eguneroko hiru adibide, neureak, zelan erabiltzen ditudan:
- No tengo ni idea del tiempo que hará mañana
- Ez daukat ideiarik ere ZELAKO eguraldia egingo duen bihar
- Ez daukat ideiarik ere ZER eguraldi egingo duen bihar
- No sé nada sobre dónde puede estar fulano
- Ez dakit ezer NON egon daitekeeN urlia
- He aquí la lista de las cosas que tienes que comprar
- Hona hemen zerrenda ZERTZUK (gauza)/ ZEIN(TZUK) erosi behar dituzun
Azkeneko adibidea behin eta berriro erabiltzen zuen gure amak (jakina, zerrenda dagoen lekuan lista erabilita). Eta horrelakoak makina bat adibide daude. Bestalde, Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak ere jorratu du gai hau EGLU-V liburukian (1.6.3. Zehargalderak, izenaren osagarri?, 153-155or.), eta hona hemen hango adibide batzuk:
- Galdera egin didate Madrilen ZENBAT aldiz izan naizen
- Beldurra sentitu dut NOIZ hilko naizen
- Dudak ditut etorriko ote den
- zabaldu da NOLA aberastu ote den
- Kezka handia dut ZER esango didan
- Ikara sartu zaio gorputzean NOLA biziko den
Marapilo horren gainean inork gura badu informazio zehatzago, ikus bitza aitaturiko liburua (Euskaltzaindia 1999) eta Prosa komunikagarriago egiten. Zenbait proposamen (I), 8. unitatea Kaltzakorta 2007.
B2- Bigarren atala
Ipin ditzagun bertsio biak (euskaraz eta erdaraz), lehenengo atalean legez, elkarren segidan (aurretik formulismoa-eta sartuko dut parentesia barruan (Resolución (...) por la que), ondo ulertzeko testuingurua):
(Resolución (...) por la que)
- se establece el plazo de reclamaciones
- erreklamazioak aurkezteko epea ezartzeko,
Erdarazko bertsioa (kontuan hartuta formulismoa) gura badugu egokiago itzuli euskaraz, hobeto dago «ezartzen da» erabilita «ezartzeko» baino:
- erreklamazioak aurkezteko epea ezartzen da,
Sekuentzia hori errazago eman daiteke, zertxobait errazago, aurrera eroanda aditza (ezartzen da) eta epea berba. Honela:
- epea ezartzen da erreklamazioak aurkezteko
Erraz ulertzen da, baina gura izanez gero, zehar-galdera bidez ere adieraz daiteke; horretarako, testuinguru egokian dago-eta (lehenengo atalean legez):
- ezartzen da ZER epe dagoeN erreklamazioak aurkezteko
B3-Hirugarren atala
Ipin ditzagun bertsio biak (euskaraz eta erdaraz), lehenengo eta bigarren ataletan legez, elkarren segidan (aurretik formulismoa-eta sartuko dut parentesia barruan (Resolución (...) por la que), ondo ulertzeko testuingurua):
(Resolución (...) por la que)
- y se fija día, hora y lugar para la realización del primer ejercicio para la bolsa de trabajo arriba mencionada.
- eta lehenengo ariketaren eguna, ordua eta tokia zehazteko aipaturiko lan-poltsarako.
Aurreko atal bietan legez, honetan ere gaztelaniazko bertsioa hobeto ekartzen da euskarara «zehazten da» erabilita, eta ez «zehazteko»:
- eta lehenengo ariketaren eguna, ordua eta tokia zehazten da aipaturiko lan-poltsarako
Sekuentzia hori errazteko, komunikagarriago egiteko, eroan dezagun aurrera aditza:
- eta zehazten da lehenengo ariketaren eguna, ordua eta tokia aipaturiko lan-poltsarako.
Erraz ulertzen da, baina nahi izanez gero, zehar-galdera bidez ere adieraz daiteke, horretarako, testuinguru egokian dago-eta (zehaztu aditzak zehar-galdera eskatzen du testuinguru horretan):
- eta zehazten da ZEIN/ZER egun, ordu eta tokitan egingo deN lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
Galdetzaile bi erabili ditut (zein/zer). Pentsatzen dut jatorrago dela zer (beharbada, neure euskalki edo azpieuskalkian), baina gaurko euskara batu honetan zein da (ia) jaun eta jabe (salbu erabiliz gero orduak adierazteko).
Apartadu hau laburtzeko, erreparatu, irakurlea, hiru ataletan erabili ditudala aditz intransitiboak, jatorrizkoan legez:
- argitaratzen da...
- ezartzen da...
- zehazten da...
Geroago —hurrengo apartaduan— ikusiko dugunez, bide horretatik (aditzak intransitibo jokaturik) aurrera egitea arriskugarria izan daiteke, eta beste bide batzuk proposatuko ditut.
C. Formulismoa bera
Orain formulismoa bera jorratuko dut (por la que), eta aurreko ataletan legez, erdaraz eta euskaraz egingo dut, bataren azpian ipinita bestea. Baina formulismoari aurretik paratuko diot formulismo aurre osoa (aldaeretariko bat) eta atzetik formulismo osteko lehenengo atala (aldaeretariko bat), gardenago ikusteko zertzuk operazio egin behar diren:
- (RESOLUCIÓN de 19 de febrero de 2004, del Director de Instituto Vasco de Administración Pública), por la que (se da publicidad a la relación provisional de admitidos/as y excluidos/as, (...)).
- (EBAZPENA 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak), (argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak (... )) -ena.
Ikusten dugunez, euskaraz kortxete barruan sartu ditut formulismo aurrea eta atzea, eta atzen-atzen paratu dut formulismoa bera, (hala dator-eta jatorrizko testuan). Gaztelaniaz ikusten dugu formulismoak (por la que) zein ederto lotzen dituen aurreko eta atzeko informazio biak, bikain kohesionatzen dituela. Euskaraz, ostera, formulismoak (-ena), azken lekuan dago-eta, ez du ezer kohesionatzen, lotzen. Areago, nekeza ere nekeza bihurtzen du irakurketa.
Formulismoak, euskaraz ere, bere aurrea eta atzea lotu behar ditu, lehenengo eta hirugarren parteak. Horretarako, baditu euskaraz, itxura batean, baliabide bat baino gehiago; berbarako, eta juntagailua eta bere erakuslea batera erabilita:
(C1)- EBAZPENA 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, ETA BERE BIDEZ argitaratzen da behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak (...)
Ez dakigu bere erakusleak zer aurrekari duen (Ebazpena edo Zuzendaria). Beraz, lausoa da. Eta ipiniz gero haren edo beraren?
(C2)- EBAZPENA 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, ETA HAREN/BERAREN BIDEZ argitaratzen da behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak (...)
Baina haren edo beraren horrek ordezkatzen du Ebazpena? Erdaraz argi dago formulismoan
... por LA que...
LA horrek ordezkatzen duela Resolución (eta formulismoan balego EL —por EL que— horrek ordezkatuko lukeela Zuzendaria). Euskaraz, esan al daiteke beraren/haren bidez ordezkatzen dela Ebazpena (erdaraz LAk legez) eta horren/berorren (edo beronen/honen) bidez Zuzendaria (gaztelaniaz bezala)? Ez dut uste, eta ustea ez bada ustela, (C2) ez dago egoki erabilita. Bada beste baliabide bat ere, idazle klasikoek erabilia, eta hau ere ustez egokia, zeinismoa (zein -en/bait-):
(C3)- EBAZPENA 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, ZEINAREN bidez argitaratzen deN behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak (...)
- EBAZPENA 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, ZEINAREN bidez argitaratzen BAITa behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak (...)
Zeinaren horrek zer du aurrekari, erreferente? Ebazpena edo Zuzendaria? Ez dirudi egokia. Ikusi dugunez, itxura batean, ez beronismoak, ez zeinismoak ez du ordezkatzen, determinatzen, argi eta garbi aurrekaria (ebazpena edo zuzendaria), baina informaziotxo bat gehituz gero (beltzez adierazia), erraz bideratzen da:
Beronismoa erabilita
(C4)- EBAZPENA 2004ko otsailaren 19an emana du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, eta bere (ebazpenaren) bidez argitaratzen da behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak (...)
Zeinismoa erabilita
(C5)- EBAZPENA 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, zeinaren (ebazpenaren) bidez argitaratzen den behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak (...)
Horrelako kasuetarako ez dut uste estrategia txarra denik berriz idaztea aurrekaria bera (edo beste zer edo zer gehitu argi eta garbi identifikatzeko aurrekaria). Erreferentearen izena (ebazpena) parentesia barruan ipini dut, baina ipin daiteke koma artean (, ebazpena,) edo marra artean (—ebazpena—). Edozein modutan ere, bada beste estrategia bat ere zeinismoaren bidez, noiz-nork sekuentzia (2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak) erabilita aposiziotzat (koma artean):
(C6)- EBAZPENA, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, zeinaren bidez argitaratzen den behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak (...)
- EBAZPENA, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, zeinaren bidez argitaratzen baita behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak (...)
Horrela, argi eta garbi dago zeinaren berbak ebazpena duela erreferentea. Bestalde, lehenengo apartaduan (2. A. Formulismo aurrea) proposatu dut Ebazpena barik erabiltzeko Ebazpen hau. Proposamen hura erabilgarria dugu hemen ere:
(C7)- EBAZPEN HAU, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, zeinaren bidez argitaratzen den behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak (...)
- EBAZPEN HAU, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, zeinaren bidez argitaratzen baita behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak (...)
Adibideotan ere ez dago zalantza tantarik zeinaren hitzak erreferentzia egiten diola ebazpenari. Baina gura badugu euskaraz egoki itzuli, gurataez ekarri behar al dugu euskarara gaztelerazko formulismoa bera? Jarraian jorratuko dugu, hurrengo apartaduan.
D. Hiru parteak batera zuzentzen
Orain artean itzulpenaren hiru parteak jorratu ditugu, banan-banan jorratu ere, nahiz eta atzenekoan (2. C. Formulismoa bera) zer edo zer batera aztertu hiru zatiak. Parte honetan (2. D) osorik jorratuko dut itzulpena, hiru parteak batera. Has gaitezen laburpenaren eskema orokorra (hiru zatiak) jarriz gomutagarri:
Formulismo aurrea + formulismoa + formulismo ostea
Eskema osatzeko, oinarritzat hartuko dut (C7) aldaera, zeinetan jasota dagoen formulismo aurrea eta formulismoa bera. Ondoren gaineratuko diot formulismo osteko aldaeretariko bat (beltzean):
(D1)- EBAZPEN HAU, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, zeinaren bidez argitaratzen baita behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen da zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten da zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(D1)tik honako oinarrizko eskema atera daiteke:
(E1)- EBAZPEN HAU, (...), zeinaren bidez argitaratzen baita (...)
(Formulismo aurrea + formulismoa + formulismo ostea)
Eta erdarazko laburpenetik honako hau:
- RESOLUCIÓN (...), por la que se da publicidad (...)
Irakurlea, erreparatu ondo oinarrizko eskema biei (euskaraz eta erdaraz), eta euskaraz, erdaraz ez legez, aposizioan dago emanda noiz-nork informazioa (koma artean). Euskaraz oraindino operazio bi egin behar dira, hobeto itzultzeko:
- Hiru aditzetan (argitaratzen da / ezartzen da / zehazten da) aldatu aditz laguntzailea (da).
- Egokiago eman formulismoa euskaraz.
Ora diezaiogun lehenengo puntuari. (D1) proposamenean formulismo ostea hartu eta desglosatu egingo ditut bertako hiru zatiak:
- argitaratzen da behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak,
- ezartzen da zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko eta
- zehazten da zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
Horko aditz nagusiek
- argitaratzen da
- ezartzen da
- zehazten da
Kirrin-karran egiten didate belarrian; izan ere, «-tzen da» sekuentzia ez dut testuinguru horretan erabiltzen (nire euskalki edo azpieuskalki kontua ote da soilik?). Sekuentzia hori honela darabilt:
1- Ohitura adierazteko
- Egunero etorTZEN DA beharrera
- Berba horiek erabilTZEN DIRA Lekeition
2- Puntualtasuna adierazteko
- Han urrun ikusTEN da itsasontzi bat
- Orain ez dut ikusTEN itsasontzia
3- Erabilera berezia bizkai euskaran
- Askotan joaTEN izan naiz Kanariasetara
- Lete-ren kantak behin baino gehiagotan entzuTEN izan dot
Kontuan hartuta zertzuk operazio egin ditudan (argitaratzen da = argitaratzen du; ezartzen da = ezartzen du; eta zehazten da = zehaztu du), (D1) honetara geratzen da (D2), azpian duela oinarrizko eskema (E2):
(D2)- EBAZPEN HAU, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, zeinaren bidez argitaratzen baitu behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(E2)- EBAZPEN HAU, (...), zeinaren bidez argitaratzen baitu (...)
Hel diezaiogun bigarren puntuari. Eman dezagun egokiago formulismoa. Erreparatuta erdarazkoari:
1- Formulismo hori (por la que) ez dugu artez itzultzen euskarara, nik uste. Berbarako:
- La razón por la que no sé euskera es que no me lo enseñaron mis padres
- Ez dakit euskara ez zidatelako gurasoek irakatsi
2- Formulismoa gaztelaniaren estrategia da. Euskaraz nahiko dugu ebazpenari «hau» erakuslea gaineratzea eta aposizioa sortzea noiz-nork (operaziook eginda daude (D2)an); eta, horrenbestez, desagertu egiten da erdarazko formulismoaren ordaina euskaraz (zeinaren bidez bait-).
Ken dezagun, beraz, formulismo hori laburpenetik eta oinarrizko eskematik euskaraz:
(D3)- EBAZPEN HAU, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, Ø argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(E3)- EBAZPEN HAU, (...), Ø argitaratzen du (...)
Eginiko operazioak eginda ere (ebazpen berbari hau erakuslea erantsita eta zeinismoa —gaztelaniazko formulismoaren ordaina— kenduta), txarto daude erabilita gramatikaz (D3) eta (E3). Artez erabiltzeko, komeni da erakuslea (hau) nork bihurtzea (honek), eta orduan honela geratzen zaizkigu laburpena eta oinarrizko eskema:
(D4)- EBAZPEN HONEK, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, Ø argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(1)- EBAZPEN HONEK, (...), Ø argitaratzen du (...) |
Beraz, gaztelaniatik itzuliko dut honako laburpen hau balitz legez:
ESTA RESOLUCIÓN, (...), Ø da publicidad a la relación provisional
Euskarazko eskema hori (1) oinarritzat hartuta hainbat proposamen egingo ditut. Hasteko, hasiko naiz Ø sinboloa kenduz (D4)ri:
(1A)- EBAZPEN HONEK, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
Argi eta garbi dago, tarteko dela aposizioa (2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak), EBAZPEN HONEK sintagmak subjektutzat duela argitaratzen du aditza. Egokitzat-edo jo daiteke. Hala ere, badauka akastxo bat-edo, lau bider ageri da du aditz laguntzailea. Ematen du lehenengoa (eman-en aditz laguntzailea) ez dagoela kentzerik, ezta bigarrena ere (aditz nagusia dauka argitaratzen). Baina ken daitezke bigarrena eta hirugarrena, atzeneko biak. Ikus dezagun zelan geratzen den laburpena aditz laguntzaileok kenduta. Aukera bi daude:
(1B)- EBAZPEN HONEK, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezarrI Ø zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazTU Ø zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(1C)- EBAZPEN HONEK, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezarTZEN Ø zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazTEN Ø zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(1B)n aditz laguntzaileak kendu ditut eta aditz nagusiak bihurtu partizipio burutu (ezarri eta zehaztu); (1C)n ostera, aditz nagusiak bilakatu ditut partizipio burutugabe (ezartzen eta zehazten). Aukera bata zein bestea artez daude emanak gramatika ikuspegitik. Baina komunikagarritasun ikuspegitik? (1A) bezain irakurgarriak dira? Ez dute zalantzarik eragiten esangura aldetik? Ez dute lausotasunik sortzen? Duda izanez gero, hobe da izan redundantea, eta aukeratu aldaerarik gardenena, argiena, (1A). Hara zer diodan sartaurrean horrelako gauzen gainean:
Abokatuei-eta beti entzun izan diet testu juridikoak argiak izan behar direla, ulergarri-irakurgarriak. Beti daukatela asmoa egileek testuak egiteko ahalik eta interpretaziorik gutxienekoak, seguru ibiltzeko trafiko juridikoan.
Dihardugun laburpen honetan ere hobeto dago, nik uste, aditz laguntzailea errepikaturik (du). Beraz, aurrerantzean boletin-laburpen guztietan lau bider agertuko da du aditz laguntzailea (salbuespen bat egingo dut geroago). Alde batera utzita (1B) eta (1C), eta abiaturik (1A)tik, non ez baitago semafororik (ez menderagailurik ez juntagailurik ez bestelakorik), beste baliabide bi erabiliko ditut, zeinismoa eta juntagailua (eta):
(1D)- EBAZPEN HONEK, ZEINA 2004ko otsailaren 19an eman duEN Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
- EBAZPEN HONEK, ZEINA 2004ko otsailaren 19an eman BAITu Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(1E)- EBAZPEN HONEK, ETA (BERAU) 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
Erreparatu, irakurlea, zeinismo eta juntagailua erabilita ((1D)n eta (1E)n), aposizioak atoan egiten duela lotura aurreko sekuentziarekin, eta kohesio ezinhobe hori ez dela gertatzen (1A)n (azken aukera honetan, izan ere, aditz laguntzailea (du) urruntxo egiten da, kohesioegilea baita, aurreko informazioarekin). Beste baliabide bat ere badago, ona ere ona, baina gutxi erabilia, -ela(rik) menderagailua:
(1F)- EBAZPEN HONEK, (BERAU) 2004ko otsailaren 19an eman duELA(RIK) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(1G)- EBAZPEN HONEK, (BERAU) eman duELA(RIK) 2004ko otsailaren 19an Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
Ikusten dugunez, berau erakuslea erabili izanez gero, berorren bidez lotura bikaina lortzen da aurreko eta atzeko sekuentzien artean. (1F) eta (1G) aldaeretan badago aditz jokatua (eman duelarik) erabiltzerik aditz jokatubako (emana), esanguran aldatutxoa jazotzen dela. Hona hemen hainbat aukera:
- (1H)- EBAZPEN HONEK, BERAU emanA 2004ko otsailaren 19an Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
- (1I)- EBAZPEN HONEK, BERAU 2004ko otsailaren 19an emanA Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
- (1J)- EBAZPEN HONEK, BERAU 2004ko otsailaren 19an Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak emanA, argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(1J) aldaeran aditza lar urrun dago erraz-erraz irakurtzeko. Bestalde, (1H) eta (1L) aldaerotan aditzak jokatu barik daudelarik, normal-normal erabiltzen al dugu subjektua aditz ostean?
Hainbat proposamen egin ditut abiapuntutzat hartuta (1) oinarrizko eskema:
(1)- EBAZPEN HONEK, (...), Ø argitaratzen du (...) |
Baina eskema hori eralda daiteke operazio bi eginda:
- Ebazpen berbari erakusleak aldatuta (honek barik hau).
- Aposizioa deseginda: kenduta lehenengo koma eta beste kontu batzuk eginda, ikusiko dugunez.
Operaziook eginda, honetara geratuko litzateke oinarrizko eskema, bigarrena:
(2)- EBAZPEN HAU (...), Ø argitaratzen du (...) |
Eskema hori abiapuntutzat harturik, proposamen batzuk egingo ditut. Hasteko, erabil dezagun eta juntagailua Ø sinboloa dagoen lekuan:
(2A)- EBAZPEN HAU 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, ETA argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
Bikain ere bikain dago irakurgarritasunaren aldetik eta edozein irakurle motarentzat. Badira beste baliabide bi ere eskema horretarako:
- «argitaratzen du...» informazioa ZERTARAKO formatoan emanda (-t(z)eko atzizkia erabilita); hots, honelaxe erabilita goiko eskema (Ebazpen hau eman du Zuzendariak ZERTARAKO).
- -ela(rik) menderagailua baliaturik.
Erabil dezagun lehenengo bidea (-t(z)eko atzizkia):
(2B)- EBAZPEN HAU 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, behin behineko zerrenda argitaratzeko nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; epea ezartzeko erreklamazioak aurkezteko; eta egun, ordu eta tokia zehazteko lehenengo ariketa egiteko aipaturiko lan-poltsarako.
(2C)- EBAZPEN HAU 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzeko behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; epea ezartzeko erreklamazioak aurkezteko; eta zehazteko egun, ordu eta tokia lehenengo ariketa egiteko aipaturiko lan-poltsarako.
(2C)n ikusten dugunez, oso aurrera darabilt -t(z)eko menderagailua. Horretaz, hainbat adibide dauzkat emanda liburu batean, Prosa komunikagarriago egiten. Zenbait proposamen (I) -en, 22-23 orrialdeetan, Peru Abarkatik hartuak (J.A. Mogelek idatzia), eta bertan konklusiotzat diot:
Argi dago -t(z)eko osagarria luzea bada, Mogelek hasieran jartzen duela menderagailua (eta aditza), eta laburra bada, atzera daroala. Gauza bera egiten dute beste idazle batzuek ere, baita hiztunok ere.
Fray Mateo de Zabala-k ere, liburu batean, Aita Juan Mateo Zabalaren sermoiak (I) izenekoa eta Fr. Luis Villasante Kortabitarte euskaltzainburu zenak atondua, honako adibide hau dakar (euskara batuan jarrita):
Ez zaizue agintzen baTZEKO ejerzitu handiak, aurkiTZEKO ondasun handiak hauei pagatzeko; ez iraulTZEKO uriak, irabazTEKO gazteluak, hilTZEKO gizonak. (30. or.).
Ikusten dugunez, galdegairik txikerrenak ere aditz eta menderagailu atzean darabiltza Zabalak. Eta horrelakoz josita dago liburua. Bestalde, (2B)ri eta (2C)ri egotzi ahal zaie akatsa-edo Zuzendariak ez duela informatzen, ebazpenak baino.
Ora diezaiogun bigarren baliabideari, ez lar erabilia aspaldion, baina, nire ustez, oso praktikoa, -ela(rik) menderagailua:
(2D)- EBAZPEN HAU 2004ko otsailaren 19an eman duELA(RIK) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
Badago beste estrategia bat (1A)tik abiatuta. Hona hemen delako proposamen hori:
(1A)- EBAZPEN HONEK, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
Hor operazio bi eginez gero:
- Hiru aditzetan orraztu batzuk eginda:
- argitaratzen du---argitaratu
- ezartzen du-------ezarri
- zehazten du-------zehaztu
- Beste aditz bat txertatuta, egiten du: Hona hemen zelako eskema ateratzen zaigun
... EGITEN DU
argitaraTU...
ezarrI...
zehazTU...
Hezurmami dezagun eskema hori. Bitara egingo dugu: lehenengo, erakuslea nork kasuan deklinatuta (honek) eta bigarren, nor kasuan (hau). Gara dezagun lehenengo bidea (non ebazpen berbak lagun duen honek erakuslea), oinarritzat hartuta (1A):
(3.1)- EBAZPEN HONEK, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, EGITEN DU argitaratu behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezarri zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehaztu zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
Estrategia hori badago erabiltzerik beste baliabide batzuekin batera ere:
(3.2)- EBAZPEN HONEK, ZEINA 2004ko otsailaren 19an eman duEN Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, egiten du argitaratu behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezarri zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehaztu zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(3.3)- EBAZPEN HONEK, (BERAU) 2004ko otsailaren 19an eman duELA(RIK) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, egiten du argitaratu behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezarri zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehaztu zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(3.4)- EBAZPEN HONEK, BERAU 2004ko otsailaren 19an emanA Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, egiten du argitaratu behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezarri zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehaztu zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
Pasa gaitezen bigarren bidera, zeinean, esandako moduan, erakuslea erabiltzen den nor kasuan (hau) eta desagertzen den aposizioa (hasierako koma eta guzti):
(4.1)- EBAZPEN HAU 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, ETA egiten du argitaratu behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezarri zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehaztu zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(4.2)- EBAZPEN HAU 2004ko otsailaren 19an eman duELA(RIK) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, egiten du argitaratu behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezarri zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehaztu zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
Horrela jokatuta (egiten du...argitaratu... ezarri... zehaztu), fokalizatu egiten dira hiru aditzok (argitaratu, ezarri eta zehaztu), galdegai enfatiko bihurtu. Horra hor zertan bereizten diren azken aldaerak besteetatik.
Jakinda euskaldun askok galduta dauzkatela zehar-galdera erabilerak, badago beste estrategia bat, kasu honetan behinik behin, arazo hori arintzeko, gozatzeko. Azkeneko aldaera ia guztietan honako zati hau erabili dut:
- argitaratzen du (edo argitaratu) behin behineko zerrenda nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak
Baina hor txertatuz gero JAKINARAZTEKO:
- argitaratzen du (edo argitaratu) behin behineko zerrenda JAKINARAZTEKO nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak
Horrela, askok behintzat, errazago irakurriko lukete laburpena. Erabil dezagun, gura izanez gero, laburpen osoan txertatuta. Hona hemen adibide bat edo beste:
(5.1)- EBAZPEN HONEK, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda JAKINARAZTEKO nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(5.2)- EBAZPEN HONEK, zeina 2004ko otsailaren 19an eman duen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda JAKINARAZTEKO nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(5.3)- EBAZPEN HONEK, (berau) 2004ko otsailaren 19an eman duela(rik) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, argitaratzen du behin behineko zerrenda JAKINARAZTEKO nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(5.4)- EBAZPEN HAU 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, eta argitaratzen du behin behineko zerrenda JAKINARAZTEKO nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezartzen du zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehazten du zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(5.5)- EBAZPEN HONEK, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, egiten du argitaratu behin behineko zerrenda JAKINARAZTEKO nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; ezarri zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta zehaztu zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
JAKINARAZTEKO hori txertatuta, kasu bitxia jazotzen da laburpen honetan behinik behin: ezaba daitezke azkeneko aditz biak (ezarri eta zehaztu). Operazio hori eginez gero, berbarako, atzeneko aldaera bietan:
(6.1)- EBAZPEN HAU 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, eta argitaratzen du behin behineko zerrenda JAKINARAZTEKO nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; Ø zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta Ø zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
(6.2)- EBAZPEN HONEK, 2004ko otsailaren 19an eman du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendariak, egiten du argitaratu behin behineko zerrenda JAKINARAZTEKO nortzuk dauden onartuak eta bazter-utziak; Ø zer epe dagoen erreklamazioak aurkezteko; eta Ø zer egun, ordu eta tokitan egingo den lehenengo ariketa aipaturiko lan-poltsarako.
Eginiko proposamenetan truka daitezke orraztutxoak euren artean. Berbarako:
- Hautatu beharra dago zelan erabili zehar-galderazko egiturak (...nortzuk dauden onartuak... / ...nortzuk onartu dituzten... /...)
- ...
Amaitzeko, «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaria» barik erabiliko bagenu «Zuzendari Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundekoa» irakurgarriago bihurtuko genuke laburpena.
Konklusioak
Hainbat operazio egin ditut laburpenaren analisian, zein baino zein garrantzitsuagoak, baina giltzarriena hurrengo ikuspegi aldaketa hau:
- RESOLUCIÓN (...), por la que se da publicidad (...)
- EBAZPEN HONEK, (...), Ø argitaratzen du (...)
Aldakuntza horrek zelaitu-zelaitu egin du itzulpena, nahiz eta beste operazio batzuk ere ezinbestean egin behar, laburpena irakurriko bada natural-natural eta erraz-erraz:
- Gaztelerazko izen sintagmak berbal bihurtu euskaraz.
- Aditz atzera eroan galdegai luze(txo)ak.
- ...
Bestalde, hainbat proposamen egin ditut bost multzotan sailkaturik, zein onenaka jarduteko. Hona hemen (alde batera lagata (6.1) eta (6.2), beren-beregi pentsatuak artikulu honetako laburpenerako):
- (1A)............(1J)
- (2A) ............(2D)
- (3.1)............(3.4)
- (4.1) eta (4.2)
- (5.1)............(5.5)
Guztiotan mehaztu bat egingo dut, eta aukeratu zeintzuk ditudan nahien, beti ere irizpideak oinarrituta testu-arauetan, zeintzuk hiru direlarik (koherentzia, kohesioa eta egokitzapena) oinarritu naizen lehenengo bietan. Horren arabera, hona hemen zeintzuk aukera ditudan nahien:
- (1D) eta (1F)
- (5.2) eta (5.3)
Hautaketan haintzat hartu dut aukerok jasoak ere badirela, jantziak: batetik, aposizioa darabilte, eta ez eta juntagailua (gehienetan mailarik apalena islatzen du); bestetik, argi eta garbi islatzen dute aditzek (argitaratzen du...zehazten du...) zein subjektu duten (ebazpena eta ez zuzendaria).
Argi daukat hautuok, nahiz eta nik nahien izan, ez dituztela guren irakurlerik gehienek. Izan ere, nik arrunt-arrunt irakurtzen-erabiltzen ditut zeinismoa, beronismoa eta beste baliabide batzuk analisian erabiliak; ostera, irakurle gehien-gehieni, arrotz egiten zaizkie baliabideok, ez baitira irakasten eskola-euskaltegietan, zeintzuetan, gainera, beti jokatu baita temati eta amorruz erdararen ordenaren kontra, baina beti erreferentziatzat hartuta erdara. Horregatik, nire proposamen askok —irakurle gehieni begira— herren egiten dute egokitzapen testu-arauan; eta, horrenbestez jasotzen (eta jasoko) dute belarrondoko edo ipurdiko ederra. Baina nork du errua, hobena? Non daude gure gidariak, gure koronelak? Ez ote dabiltza nora barik? Tropa, behintzat deslai dabil.
Katuari txintxarria ipini behar zaio. Hautatu beharra dago hemen plazaraturiko aukeretan (edo beste batzuetan) zein den onena, eta aukeraketa egin beharko lukete boletin gaietan adituek, eta egin ere zorrotz, senez eta zentzumenez. Nik neure aldetik esango nuke, nahi badugu irakurgarri egin testu bat, edozein, egoki sekuentziatu behar dela informazioa, progresio tematiko egokian. Eta horretarako, gehienetan ezin dira kalkatu erdarazko egiturak (erdaraz badago ordena egokian emanda informazioa eta euskaraz iruntzitara ematen badugu, zelan arraio izango du progresio tematiko egokia euskarazkoak?). Are gehiago, jakinda (?) euskara hizkuntza berbala dela nagusiki, idazle-itzultzaile lar dabiltza katua (euskararen hizkuntza tipologia) bihurtu guran txakurra (erdararen hizkuntza tipologia), eta hortik datozkio kontuak eta komediak euskarari.
Bibliografia
Alberdi Larizgoitia, Xabier; Sarasola Errazkin, Ibon. (2001). Euskal estilo libururantz. EHU.
Altube, Sebero. (1975). Erderismos, Euskaltzaindia. Bermeo.
Euskaltzaindia. (1993). Euskal gramatika laburra: perpaus bakuna. Bilbo. Euskaltzaindia.
——— (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-V (Mendeko Perpausak-I). Euskaltzaindia. Bilbo.
——— (2005). Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordea. 2005. Gramatika Batzordearen irizpena <<galdetegia eta definizio-atribuzioak>> kontsultari buruz. Euskera aldizkaria. Euskaltzaindia.
Hidalgo, Bittor. (1993) Hitzen ordena euskaraz. Euskal gramatikalarien testigantza: iritziak eta, praktika idatziak. (Lan argitaragabea, doktoretza tesian aurkeztua).
——— (1994a) «Euskal joskeraren mito kaltegarriak (I). Nola idatzi euskaraz modu arin, ulergarri eta aberats batean.» Hizpide, 35, 1996, 39-51.
——— (1994b) «Euskararen hitz ordena librea. Euskal joskeraren mito kaltegarriak (II)» Hizpide, 36, 1996, 21-27.
——— (1994c) «Aditza maiz euskaraz esaldi hasieran. Euskal joskeraren mito kaltegarriak (III)» Hizpide 37, 1996, 23-31.
——— (1995) «Ohar estatistiko garrantzitsuak euskararen hitz ordenaren inguru. Euskara, SVO?». FLV, 70, 1995, 401-420.
——— (1996) «Hurbiltze bat euskal hitz ordenaren tradizioari». FLV, 71, 1996, 21-43.
——— (1999a) «Hitzen ordena eta esaldiaren egitura informatiboa. Gogoeta historiko zenbaiten berri labur. Antzinatea». FLV 82, 1999, 431-457.
——— (2000a) ««Galdegai» bat baino gehiago erakutsi ohi duten esaldiez. Hitzen ordena esaldian: bereizi beharreko eztabaida arlo bi. Galdegaiaren inguruko ikuspegi berri bila (I)». Uztaro 33, 2000, 43-85.
Kaltzakorta Mentxaka, Mitxel. (1997). Norbaiten edo zerbaiten berri ematen. Administrazioa Euskaraz, 15, 16-17.
——— (2003) Galdegai-lekua testu hastapenetan (I), Hizpide, 54, 39-56.
——— (2004) Galdegai-lekua testu hastapenetan (eta II), Hizpide, 55, 43-59.
——— (2004) Galdegai-lekua testu osoetan, Hizpide, 56, 61-79.
——— (2003) Galdegai-lekua testu hastapenetan, Hegatsez, 34.
——— (2003) Galdegai-lekua testu hastapenetan (I), Uztaro, 45, 71-89.
——— (2003) Galdegai-lekua testu hastapenetan (eta II), Uztaro, 46, 41-59.
——— (2007) Galdegaia hasikera perpausetan (I), Mendebalde, 10zb.
——— (2007) Galdegaia hasikera perpausetan (etaII), Mendebalde, 11zb.
——— (2008) Galdegaia testu osoetan (I), Mendebalde, 12zb.
——— (2008) Galdegaia testu osoetan (eta II), Mendebalde, 13zb.
——— (2007): Prosa komunikagarriago egiten. Zenbait proposamen (I), Udako Euskal Unibertsitatea. Bilbo.
Zabala, Mateo (1996). Aita Juan Mateo Zabalaren sermoiak (I), (Fr. Luis Villasante Kortabitarte atontzailea), Euskaltzaindia. Bilbo.