Editoriala
Artikulua pdf formatuan
Kopuruz infinitu ei diren gurearen unibertso paralelo horietako batean, bada gizarte antolamendu bat non gizakiok ez duten itzulpengintza ezagutzen eta lantzen. Hango sinesmen sistemaren arabera, itzulpena eta interpretazioa krimenik handienak, ankerkeria pentsaezinetan pentsaezinenak dira. Tabuak. Erlijioek eta legeek debekaturik dituzte bi langintzok, gainera. Hizkuntza unibertsalik, partzuergokorik ez dute, gizalde bakoitza bere hizkuntza eta kultur sistemetan murgildurik bizi den aldetik; hizkuntza unibertsalaren ideiak berak higuina eta gaitzespena sortzen dizkie. Nork bere gaitasunen eta bidaiatzeko gogoen arabera, gainerako aldaki, azpihizkuntza, dialekto eta auzoan auzoko hizkerak ere jakin edo ikas ditzake, baina halako hiztunak ezer ezingo du itzuli beste batentzat, ezta ezer interpretatu ere. Eta hizkuntz aditu izatea ez dute oso begi onez ikusten, orokorrean. Zertan esanik ez, hiztegi, glosario eta datu base elebidun edo eleaniztunak ezinezko gertatzen dira.
Herri bakoitzak etengabe asmatu behar izaten ditu seguru asko beste nonbait saiatutako asmakizunak edo arte gauzak. Dena dela, itzulpenaren aurkako tabua indartsuagoa da gainerako gogoeta eta beharrizan guztiak baino. Hala, gertatu ohi da idazle ezberdinek antzeko idazlanak sortzea garai bertsuan edo oso garai ezberdinetan kultura batean edo bestean eta, besteren ezjakinean, elkarren berririk ez izateak sorgin gurpil moduko batean murgildurik dituenez gero. Poesian eta kantagintzan ere, berdintxo. Zientzietan, medikuntzan, teknikan... antzera samartxo jazotzen da: herri bakoitzak bakardadean egin behar dio aurre munduari; merkataritza truke moduko batzuk onartuta dauden arren, beste kulturen asmakizunak oso latzak gertatzen zaizkie erabiltzaile arrotzei eta, beraz, hutsaren hurrengo gertatzen.
Unibertso kide horretan ere gerrak gertatzea ez da gauza harrigarria: isolamendua oso handia den arren, ezin konponduak erraz gertatzen dira. Eta, gehienbat, bakezaleak diren arren, nekez lortzen dute bakea adostea: ez daude-eta oso ohituta beste kulturekin negoziatzen. Herriok elkar ia-ia hutsa hurrengotzat izaten dute, sasikotzat: norberaren hizkuntza izaten da perfektuena eta besteona gauza basa eta landugabea.
Eta, guztiarekin ere, banaka, herri bakoitzak gurearen moduko aurrerapen maila lortu du, baina jakintza edo alor bakanen batean. Unibertso osoa orobat hartuta, antzekoak garela pentsa liteke, baina herririk herri begiratuta, elkartzerik bagenu, ez geniokeen elkarri entendituko. Aspaldi honetan, ondoko unibertso horretako boteretsuak oso kezkatuta daude: talde iraultzaile bat eta publikazio debekatu bat gorabidean doaz, gero eta leku handiagoa lortuz doazelako han-hemenkako herritarron bihotzetan. Erakundeak EIZIE du izena —zer diren gauzak— eta publikazio iraultzaileak, Senez. Erakundea osatzen dute herrien eta kulturen arteko harremanak estutu beharra defendatzen duten idealista batzuek, itzulpengintza eta interpretazioa adiskidetasun unibertsalerako ezinbesteko tresna solidarioak direla aldarrikatzen duten ero batzuek. Urregorriaren antzera, eskuz esku dabil, klandestinitatean, Senez aldizkaria, honelako eduki exotiko eta, askoren ustez, mistiko samar eta, hargatik, apur bat ulergaitzak jasota: Lowry izeneko idazlearen zenbait poema itzuli; luzaro itzulpengintza jorratu duen Antton Elosegi ikerlariari eginiko elkarrizketa; Iparraldeko itzulpengintza zertan den azaltzeko Edurne Alegriak paratutako artikulua; Osakidetzako Roberto Manjonek itzulpen eta normalizazio politiken gaineko hausnarketak; Juan Garziaren terminologi auzi baten gaineko teorizazioa; María Pérez López de Herediaren analisia, frankismoaren garaiko antzerki itzuliaren zentsuraren gainekoa; Josu Barambonesen ondorioak, ikus-entzunezko itzulpenari buruzko galdeketa bat oinarri; UZEIko Joxean Zapirainek terminologia hizkuntza-kudeaketaren baitan aztertzekoa; Elekako Iñaki Irazabalbeitiak itzulpen automatikoa itzultzaileen ikuspegitik aztertzen du; softwarea itzultzea eta lokalizatzea barru hartzen dituen Silvia Borrásen ekarpena; itzulpengintzan ibiltzen hasi gura duenarentzako Lurdes Auzmendiren gida arin eta lagungarria; hiru donostiar itzultzaileren azterketa, Ales Bengoetxeak gertatua; Unai Elorriaga idazle eta itzultzailearen gogoeta, nork bere sorkuntza lanak itzultzearen ingurukoak; itzulpen praktikaren ondorioak teorizatzeko ahalegin eskergak, Alberto Martínez de la Cuadrak eta Naroa Zubillagak eginak; Jaume Cabré idazle katalanaren artikulu bat, lagun leial eta desleialen gainekoa; Umberto Ecoren liburu bateko sarrera, eta, azkenik, saio labur, mamitsu eta literario samar bat, egunero lanera joan behar izatetik erretiratu den arren, lanbidea nekez utziko duen Kaxildo Alkorta lagunaren ipuin antzekoa.