Bezeroaren ikuspegia
Laburpena PDFn
Asier Larrinaga bizkaitarra da, Bilbon jaioa.
Leioako Zientzia Fakultatean ikasten ari zela piztu zitzaion hizkuntzaren ardura, zientzia eta teknikaren munduan komunikazio zuzen eta egokiak duen garrantziaz konturatuta.
Ikasketak amaituta, irakasle, itzultzaile eta hizkuntza zuzentzaile aritu zen, eta 1991n ETBko albistegietan hasi zen hizkuntzalari.
Lanean ari zela, Euskal Filologia ikasi zuen, hizkuntzaren eta komunikazioaren munduan gehiago sakontzeko.
1998an, ETBko Euskara Saileko buru izendatu zuen EITBko zuzendari nagusiak.
Nire lehen hitza EIZIEri eta Mondragon Unibertsitateari zuzendu nahi diet, euskarazko bikoizketaren gaineko jardunaldi hauek aurrera ateratzeagatik.
Euskarazko bikoizketa hogeita bost urte betetzear den honetan, arloan dihardugunok lehen aldiz elkartu gara jendaurrean gure lanaz hitz egitera. Elkargune hau hizkuntzak egiten du berezi, eta ekarpenik nobelenak, hain zuzen, hizkuntzaren ildotik etorriko dira. Nik ildo "enpresarialagoa" jorratuko dut, euskarazko bikoizketa ere, euskaraz izanda ere, bada-eta ekonomi jarduera bat.
Ekonomi jarduera gisa, euskarazko bikoizketa berezia da, industri sektore oso bat antolatu baitzen bezero bakar baten inguruan. Bezero bakar hark Euskal Telebista izango zenak kanpo-produkzioaren beharra edukiko zuen programazioa osatzeko, eta, hartara, beraren ekimenez abiarazi zen materiala euskaraz jartzeko azpiegitura.
Horrek, hala eta guzti, ez du esan nahi aski dela Euskal Telebistaren berri ematea, euskarazko bikoizketaren bezeroaz hitz egiteko. Izan ere, ikuspegia aldatuz gero, bikoizketaren beste bezero batzuk identifika ditzakegu.
Nor da euskarazko bikoizketaren bezeroa?
[Heidi marrazki bizidunen zatitxo bat proiektatu da]
Ikuspegia aldatzeko, industri gorabeheretatik aldendu, eta sentimenduetara jo nahi dut. Oraindino gogoan dut zelako une magikoa izan zen Heidiren lehen atalaren euskarazko bertsioa bulegoan hartu genuenekoa. Miren Aranburu «o, laro-laro, iu» abesten hasi zen, eta gure begi-belarriak pantailan itsatsi ziren, Heidiren euskarazko lehen hitzen zain. Adibidea, beharbada, oso pastela da, eta berrogei urte inguru ez daukatenek ez dute ondo ulertuko, baina baieztapen bat egiteko balio dit: "Pantaila bati begira jartzea magia eskatzea da".
Beste adibide bat emango dut, baieztapena berresteko: Planeta urdina, itsasoko biziari buruzko dokumental-saila.
[Planeta urdina marrazki bizidunen zatitxo bat proiektatu da] Irudiek, musikak eta lokuzioak zirrara magiko batean harrapatzen dute ikuslea, eta planeta urdin horretan katigatzen dute.
Nik, telebistari begira ipintzen naizenean, lilura, zirrara, hunkidura eta sentimenduak eskatzen dizkiot kutxa magiko horri. Neuk eskatzen dut. Neu naiz bezeroa. Ikuslea jakitun dago bera dela bezero, eta, pantailakoa gustatzen ez bazaio, kezka handi barik aldatzen du hornitzailea, telebista-kanala.
Hasieran aipatutako industri sektorearen koordenatuetara itzulita, telebistaren rola beste bat zela esan dugu. Telebista bezero zen, eta hornitzailearen rolean bikoizketa-estudioak ageri ziren.
Hortaz, telebistak rol biak betetzen ditu aldi berean: bezero eta hornitzaile. Beste modu batean azal daiteke bikoiztasun hori, esanez telebistak bitartekariarena egiten duela lehen hornitzailearen bikoiztetxearen eta azken bezeroaren ikuslearen artean.
Egiatan, telebista-enpresak bezero-hornitzaile sare trinko baten erdiko korapiloan egoten dira, hainbat hornitzailerentzat eta hainbat bezerorentzat bitartekariarena egiten.
Euskal Telebistaren kasuan, hornitzaileen zerrenda luzea da. Batzuk baino ez aipatzearren: IBAIA elkarteko ikus-entzunezko ekoizleak, Mixerreko bikoizleak, EIZIEko itzultzaileak Bezeroen zerrenda beharbada ez da hain luzea, baina laburra ere ez da: banakako ikusleak, Jaurlaritza, Telezaborra eta beste zenbait bloglari, EIZIEko eta beste erakunde batzuetako hizkuntza-sustatzaileak Ikusten denez, sare trinko horretan, ez da Euskal Telebista aldi berean rol biak betetzen dituen bakarra.
Baina Euskal Telebista ez da gainerakoak bezalakoa. Euskal Telebistak erantzukizunez jokatzen du bere bezeroekin zein bere hornitzaileekin.
Zelan erantzuten die ETBk?
Batzuetan, erantzukizun hori zein den eta zelan bete behar den, ez da izaten oso gauza zehaztua. Euskal Telebistak, esate baterako, euskara hutsezko orotariko kanal bakarra izanda, ikusleei edo, beharbada, ikusle ez direnei, hain zuzen ere egunean 24 orduko euskarazko programazioa eskaintzeko erantzukizuna duela ulertu du, programazio horren parte bat errepikapenez eta "berrepikapenez" bete arren.
Beste batzuetan, berriz, erantzukizuna zein den eta zelan bete behar den ondo zehaztuta egoten da. Izan ere, banako ikusle gehienek bazkalosteko edo afalosteko pausaldian lagun egitea baino gehiago espero dute telebistatik: komunitate bateko kide sentiaraztea, lankideekin berba egiteko gaia ematea, informatzea, hamabost minutuko loria eskaintzea Modu horretako interesak edo bestelakoak defendatu nahi izanez gero, ikusleak pertsonak talde, elkarte edo erakundeetan biltzen dira, eta, formalki antolatuta, formalki aurkezten dituzte euren eskakizunak.
EITBren Administrazio Kontseiluak, ikusleen ordezkarien erakundea den aldetik, 2000. urtean zehaztu zion Euskal Irrati Telebistari zein erantzukizun duen gizartearekin 2000-2007 epealdirako dokumentu formal baten bidez. Plan estrategikoa deritzo.
Eusko Jaurlaritzak, plan estrategikoa onetsita, berak ere ikusleen herritarren interesen alde eginez, erantzukizun bat gaineratu zion Euskal Irrati Telebistari finantzazioaren arloan. EITBren betekizunak eta finantzazioaren baldintzak programa-kontratua deritzon dokumentuan jaso ziren. Lehen programa-kontratua 2002-2005 epealdiarako sinatu zen, eta orain 2007-2010 epealdirako kontratua prestatzen dihardute.
Luze joko luke dokumentuotan EITBren erantzukizuna zelan zehaztu den azaltzen hastea. Hizkuntzaren esparruan geratuko gara, beraz, horixe baita jardunaldi hauei dagokiena.
Plan estrategikoan, bederatzigarren lerro estrategikoa euskara da, eta lau helburu dauzka zehaztuta. Lehen helburu nagusia EITBk ekoizten dituen produktuen kalitatea hobetzea da. Bigarrena, orotariko programazioa osatzea, denentzat eta denetariko osagaiekin egina, gaur egun EITB baita euskaldunek euskara hutsez duten eskaintza bakarra. Hirugarrena, euskaraz izatea EITBk zabalkunde-kanal berrietarako prestatzen duen produkzioaren erdia gutxienez, euskarak bere tokia aurki dezan kanal berriok dakarten ikus-entzunezko eskaintza ugarian. Laugarrena, EITBk euskarazko programen produkzioa eta zabalkundea sustatzea, eta horretarako beste hedabide eta beste agente batzuekin elkarlanean jardutea.
Euskarazko bikoizketa lehen bi helburuekin lot dezakegu. Bikoiztutako produktuen kalitatea hobetzea bikoizketako hizkuntzaren kalitatea hobetzea da. Orotariko programazioa osatzeko, noski, kanpo-produkzioaren beharra dago: filmak, marrazki bizidunak eta beste.
ETB eta bikoiztetxeak
Euskal Telebistak betekizunak ezarri ditu bere hornitzaileen gain, bere bezeroek bere gain ezarri dituzten moduan. Izan ere, Euskal Telebistak bere bezeroekin duen erantzukizunaren gakoa, hein batean, bikoiztetxeen esku dago, ikusi bezala: kalitatezko bikoizketak egitea, era guztietako produktuak bikoizteko gaitasuna eta azpiegitura edukitzea.
Adibide batekin hobeto ulertuko da. Adibidea Blade Runner pelikularen gaztelaniazko bertsiotik hartuta dago. Aukeratutako eszenan Roy —robota—, Pris —robota— eta Sebastian —gizakia— mintzo dira.
Roy: ¿Por qué nos mira así, Sebastian?
Sebastian: Porque ustedes son diferentes, tan perfectos.
Roy: Sí.
Sebastian: ¿De qué generación son?
Roy: Nexus-6.
Sebastian: Ahá, lo sabía, porque yo hago trabajos genéticos para la Tyrell Corporation. Hay algo mío en ustedes. Hagan una demostración.
Roy: ¿De qué?
Sebastian: Lo que sea.
Roy: No somos computadoras, Sebastian. Somos físicos.
Pris: Yo creo, Sebastian, que eso es lo que soy.
Roy: Muy bien, Pris. Muéstrale por qué.
Prisek zentzugabekeria galanta bota du. Ingelesezko jatorrizkoari begiratuz gero, erraz ikusten da itzulpena txarto eginda dagoela.
Sebastian: Show me something.
Roy: Like what?
Sebastian: Like anything.
Roy: Were no computers Sebastian, were physical.
Pris: I think, Sebastian, therefore I am.
Roy: Very good Pris, now show him why.
Itzulpen egokia "pienso, Sebastian, luego, existo" izango zen. Oraindino egokiago izango zen itzulpena apur bat lehenagotik hobetzea, eta ingelesezko physical adierazteko, "tenemos cuerpo" edo antzeko zerbait esatea —euskaraz, gorpuzdunak gara edo horrelako zerbait—, Morris hiztegiak dioenari jaramon eginda.
physical
4. (gorputzari d[agokiona]) gorputz-, gorputzeko, gorputzaren, soinaren
Euskal Telebistak produktuaren gozamena ez zapuzteko erantzukizuna du ikuslearekin. Horrelakorik ez gertatzea bermatu behar dio. Urteetan, bermatzeko modua bikoiztetxeei kontrola ezartzea izan da. Bikoizketa-estudioek gauzak "ondo", "arin" eta "merke" egitea espero zen, eta hiru hitz gako horien inguruan kontrol-sistema oso formalizatua antolatu zen. Hamar urtez funtzionatu zuen, 1994tik 2004ra, Kanpo Produkzioko Sailaren ardurapean.
Bikoiztetxe bakoitzari ebaluazio antzeko bat egiten zitzaion urtean bi edo hiru aldiz, zerbitzuan, kalitate teknikoan eta kalitate linguistiko-artistikoan zer mailatara heltzen zen aztertuz.
Aro berria
Plan estrategikoak aro berri bat ekarri zuen Euskal Irrati Telebistara. Plan estrategikoaren ondoren eta ondorenez programa-kontratua etorri zen, eta programa-kontratu horretako betekizunak EITB Talde osoaren betekizun bihurtu dira. Urtero-urtero EITBren enpresa, zerbitzu eta arlo guztiek euren ekintza-planak prestatzen dituzte, betekizun horiei erantzutera begira, bakoitza bere esparruan eta tamainan.
Euskara Zerbitzuak 2003an prestatu zuen bere lehen ekintza-plana. Bikoizketako hizkuntzaren kalitatea hobetzeko helburuari dagokionez, arlo horretan egindako lanaren adierazle moduan hizkuntza-orriak jarri ziren. Orriok Bikoizketan elkarlanean dute izena, eta bikoizketako hizkuntza-arazoei buruz bikoiztetxeetako hizkuntza-arduradunekin adostutako soluzio eta irizpideak jasotzen dituzte. Urtean hiru orri lantzen ditugu, eta, prestatutakoan, bikoizketan parte hartzen duten guztiei zabaltzen zaizkie: itzultzaileei, bikoizleei
Orriak leku gehiagotara ere iristen dira, webgunean argitaratzen baititugu. Horretan eta ETBn sortzen ditugun beste hizkuntza-material batzuei zabalkundea ematen laguntzeagatik, eskerrak eman behar dizkiogu Azpeitiko Euskara Patronatuari.
Lehen ekintza-plan hartatik urtebetera, 2004an, Euskal Telebistak bikoizketa zerbitzuaren lizitazioa atera zuen, eta gauzak areago aldatu ziren. Zerbitzua Mixer enpresa berriari esleitu zitzaion. Euskal Telebista, plan estrategikoaren zazpigarren lerro estrategikoak ezarritako ildotik, kalitatezko gestioaren dinamikan sartuta zegoen, eta Mixer dinamika horretara ekartzeari egoki iritzi zitzaion, hornitzaile estrategiko bihurtu zenez gero.
EITBren beste arlo batzuetan egin den bezala, PDCA[1] ereduari jarraitzea erabaki zen. 2004an hasita, urtean behin biltzen gara Mixerren eta Euskal Telebistan bikoizketa-prozesuaren partaide garen guztiak, eta batzar nagusi horretan aurreko urteko lanaren ebaluazioa egin, eta hurrengorako lan-lerro nagusiak finkatzen ditugu.
Lehen urteko lanaren emaitza aipagarria bikoizketaren aginte-koadroa da. Koadroa bikoizketen kalitatearen jarraipena egiteko modu bat da, adostua, elkarlanean oinarritua, kontrolaren eredu zaharra ordezkatu duena. Bikoizketan elkarlanean orriak, esate baterako, aginte-koadroan jaso dira, zentzu osoz.
Beste emaitza aipagarri bat ETB 1entzat bikoizteko irizpide nagusiak deritzon dokumentua da. 2005ean hasi zen dokumentu horren gaineko hausnarketa, eta behin betiko bertsioa 2006ko abenduan itxi dugu.
Dokumentuaren sorburua bikoizketaren lehen PDCA batzarrean adostutako definizio bat da, Euskal Telebistak bere bezeroari —ikusleari— zer eskaini nahi dion, eta bere hornitzailetik —MIXERretik— zelako produktua hartu nahi duen zehazten duena.
ETB1entzat BIKOIZTEA ZER DEN
«Erdaretan sortutako telebista-programak euskarara ekartzea, euskaldunak entretenitzeko, ikusleei ahalegin berezia eskatu gabe».
Benetan ere, aro berri baten hasiera da definizio horretan sorkuntza, estetika, mundu-ezagutza, hizkuntza-egokitasuna eta bikoizketak izan ditzakeen beste mila alderdi atzerago utzi, eta lehentasuna ematea egiazko bezeroari, euskal ikusleari.
Eskerrik asko.
Entzulea (Kaiet Estrada).- Kalitateaz egon zara hitz egiten. Ikusten dut badagoela bikoizketaren kalitateaz arduratzeko intentzio, baina emisioan ez dago kalitateaz emititzeko ardurarik. Zuek emititzen dituzuen film gehienei formatua mozten zaie. Gainera, duela gutxi egon dira emisio txar batzuk, Superman 3 adibidez, eta kopia hori desastre hutsa zen: kopia zaharra, irudia kolore gabe, aldaketa analogikoa egin gabe. Eta kopia hobeak badaude. Ikusten dut bikoizketa-etxeei asko eskatzen ari zaretela, baina gero ez diezue maila berean eskatzen materiala ematen dizuen jendeari.
Bestetik, nola ikusten duzu telebista lokalen sarrera Euskal Telebistaren munduan? Elkarkidetza egon behar litzateke, zuen eta haien artean, haiei zuek nahi duten materiala uzteko?
A.L.- Ni ez naiz Kalitate Kontrolaren sailekoa, eta badakit egon dela arazoren bat Superman 3 filmarekin, baina ETBk ez ditu formatuak mozten. Ez da izango zuk erabiltzen duzun pantailak arazoak dituela? Benetan diotsut.
Aipatu ditudan lan-bileretan, beste horrelako arazoak ere azaltzen dira, eta bilera horietan zer esan den diotsut. Uste dut Superman 3 filmagatik komentatu zela bilera batean arazoak egon zirela emisioan. Baina hori kenduta, azken hilabeteetan, udatik hona ez da arazorik egon emisioan, era horretako formatu gorabeherarik-eta ez behintzat.
Entzulea (Kaiet Estrada).- Baina urte honetan, bai, egon dira
A.L.- Urte honetan, guztira, ez dakit bi edo hiru izan diren. Nire datuen arabera, emisioko beste hutsik ez da egon Eta bikoizketaren kalitateari eragiten dio, agian, baina ez da hemengo gaia.
Eta telebista lokalen kontuaz, ez dakit zer nahi duzun
Entzulea (Kaiet Estrada).- Herrietako telebista batzuek emititzen dituzte euskarazko programak, baina ni Arabakoa naiz eta ez dut ezagutzen kasurik; gurean ez baitute euskaraz emititzen
Entzule (Beñat Zamalloa).- Zuk aipatutakoaren haritik, nik ezagutzen dudan kasua Goiena Telebistakoa da, bai barruan egonda eta bai kanpotik. Nik dakidala, bertan botatzen diren marrazki bizidun guztiak ETBri erositakoak dira.
Entzule (Aitor Zuberogoitia).- Horrela da: Euskarazko Telebista Lokalen Elkarteak, Tokiko deitzen denak, badauka hitzarmen bat sinatuta ETBrekin, eta erabilitako programen bankuko programak-edo Tokikoren esku uzten dira eta lekualdatzen joaten dira telebista batetik bestera, baina ordainduta. Aldiz, Kataluniako eredua guztiz bestelakoa da: TV3ren programa-bankua guztiz doan geratzen da katalanez diharduten tokiko telebisten esku. Badakit erabaki politikoa dela hori
Beste kontu bat: Asko aipatu da bikoizketaren kalitatea. Baina ni kezkatzen nauena da bikoiztutako produktua zelan emititu. Duela pare bat urte-edo Harry Potter filmaren bikoizketa bota zen ordu berean ETB 1en eta ETB 2n. Horren alde eta kontra iritzi asko plazaratu zen orduan. Ez dakit ondoriorik edo atera zenuten. Zelan ikusten duzu orduan sortu zen eztabaida, bizpahiru urteko perspektibatik?
A. L.- Hor gauza asko izan ziren tartean. Funtsezkoena, ETBk pase bakarra zeukala. Harry Potter emateko ETBk pase bakarra zeukan. Balantzan bi gauza egon ziren: batetik, umeentzako produktuak euskaraz ematen dira, eta horrekin jarraitu nahi zen eta nahi da; bestetik, Harry Potterrek zenbat balio duen. Eta Harry Potter, emisio eskubideak eta hori guztia kontuan hartuta, oso-oso-oso-oso-OSO garestia da. Eta orduan, ETB 1en bakarrik emanda, iragarkiekin-eta ez zen beteko Garbi zegoen ETB 2n ematea interesatzen zela. Lortu zen erdibideko formula hori: aldi berean bietan ematea. Banatzailearekin hitzartu zen aldi berean emanda, kate bietan, bakoitzean hizkuntza batean, pase bakar bezala kontatuko zutela. Horregatik egin zen horrela.
Baina gero gauza asko egon ziren. Audientzia datuekin gauza asko komentatu dira. ETB barruan egin den gogoeta da, emisio hori zelan egingo zen ez zela ondo azaldu. Eta jende askok ez zuela jakin momentuan ETB 1en ere egongo zela euskaraz. Eta hortik etorri zen arazoaren zera handi bat: jende gehienak ulertu baitzuen ETB 2n emateko ginela. Beste ondorio bat izan da banatzaileak esan duela horrelakorik gehiago ez duela onartuko, pase bi direla eta horrelakorik ez duela onartuko gehiago.
Entzulea (Iñaki Zubizarreta).- Eguna ere ez zen aproposena izan, agian Gabonetan familian bilduta egoten da
A. L.- Oker ez banago, 2004ko Urte Berri egunean eman zen Harry Potter ETBn. Baina audientzia aldetik, apropos aukeratutako eguna izan zen, eta ETB 1 eta ETB 2 biak batuta, oso audientzia ona eman zuen. Kontua da nora joan zen audientzia hori
Entzulea (Kaiet Estrada).- Gertatzen da familia askotan dagoela euskaraz ez dakien norbait
A.L.- Baina mandoan agintea umeek daukate. Hori ondo aztertuta dago.
Entzulea (Kaiet Estrada).- ETB prestaturik dago kate berean euskaraz eta gaztelaniaz emititzeko? Lehen ez zegoen aukera teknologikorik, eta ETB 2 sortu behar izan zen, baina orain badago aukera.
A.L.- ETBk aspaldi emititzen du dualean. Ez zaio telebista digitalari itxaron behar izan, dualaren teknologia hor dago, eta ETBk dualean emititzen du. Beste kontu bat da dauzkagun aparatuak horretarako prestatuak dauden. ETB 1ek, esaterako, ingelesez eta euskaraz ematen ditu filmak; eta ETB 2k, ingelesez eta gaztelaniaz. Dualaren teknologia nahikoa da horretarako. Eta aspaldi gabiltza egiten hori, nahiz eta etxeetan hargailurik-eta egon ez den. Lurreko telebista digitalaren teknologia aspaldi-aspaldikoa da.
Ez dakit ezagutzen duzuen Telemadriden kasua: Telemadridek eduki du kate bat, La Otra, eta kate hori sortu zen artean hargailu digitalik ez zegoenean. Eta telebista digitala zenez gero, ez zuen inork hartzen. Hor egon da kate fantasma bat inorentzat emititzen ez zuena. Beraz, teknologia hori hor dago, eta aspaldi ari da jendea probak egiten.
1. PDCA akronimoa "plan", "do", "check" eta "act" ingeles hitzetatik dator. Hala esaten diogu Euskal Irrati Telebistan prozesuen etengabeko hobekuntzarako erabiltzen dugun ereduari.