Aurkezpena
Joseba Ossa

Senez aldizkariaren ale berezia duzu hau, irakurle, eta monografikoa: EIZIEk 2006ko udazkenean antolatutako Idazlea itzultzaileen lantegian saioaren fruitu, aurreko urteko Euskadi Literatura Sariaren irabazlea itzultzaileekin lanean buruz buru jarri izanaren ondorio. Esku artean duzu, bada, Harkaitz Canoren Neguko Zirkua (Susa argitaletxea, 2005) liburutik hartutako narrazio bat, "Batere valsik gabe amaituko da narrazio hau ere" bost hizkuntzatan.

"Ez diegu keinuei duten garrantzia ematen. Akats larria, batzuetan, gure ondasun guztia keinu bat izan daitekeenean. Txakur txikirik ere ez. Hitz bat ere ez, keinu bat baino".

Hitz horiekin hasten da Harkaitz Canoren testua. Eta gure egunerokotasunera ekarrita, arrazoi duela esango nuke. Proiektu handiei erreparatzen diegu. Datuak zorrotz aztertu. Prentsaren erantzuna baloratu... eta maiz keinu txikiak oharkabean joaten zaizkigu. Ihes egiten uzten diegu.

Aurten hirugarrenez egin dugun lantegi hau ere keinu txikia izan daiteke, askorentzat oharkabean igaro den keinu xumea. Baina ederra. Eta luxuzkoa. Aurten ere, aurrekoetan bezalaxe, behin eta berriro entzun dugun hitza izan da: luxua. Bai, zeren luxua da idazlearentzat itzultzaileekin batera aritzea. Luxua da itzultzaileentzat idazlearekin batera jardutea. Luxua guztiontzat. Luxuzko keinu txiki bat.

Eta Senez aldizkariaren ale berezi honetan ezinezkoa izanik ere, nolabait jaso nahiko genituzke mugako Irun hirian hizkuntzen muga batzuk hautsiz mintegiko protagonistek bizi izandakoa. Eta hori ezinezkoa denez, gutxienez lan haren emaitza ekarriko dugu hona: Harkaitz Canoren "Batere valsik gabe amaituko da narrazio hau ere" hainbat hizkuntzatan. Isaac Xubin galiziarrak sortu du galegozko bertsioa, Kristin Addis-ek ingelesekoa eta Kattalin Totorikak, azkenik, frantsesekoa. Harkaitzek berak gaztelaniara aldaturiko testua ere ekarri dugu orriotara. Hegoak hartu ditu beraz, Harkaitzen testuak, eta hegan egingo du muga askoren gainetik, muga erreal eta birtualen gainetik.

Duela bi urte ekin genion bide honi, Tarazonako Itzultzailearen etxean, Pello Lizarralderen "Un Ange Passe" ipuinarekin. Iaz Jokin Muñozen "Hausturak" narrazioarekin jarraitu genuen. Hirugarrena dugu aurtengoa. Ekimena sendotzen ari den seinale? Hala uste dut. Nolanahi ere, ez dezagun keinuek duten garrantzia ez emateko akats larria egin, bere txikian handia baita idazle eta itzultzaileen arteko keinu txiki hau.