Estilo-ariketak: Raymond Queneau
Donostiako Koldo Mitxelena kulturguneak 2004ko apirilean proposatu zion Xabier Olarrari Raymond Queneauren 'Exercices de style' liburua itzultzea. Gorabehera franko izan zen gero, liburuak izan behar zituen hitzaurreak eta marrazkiak sortuak, gehien bat. Irudien eta egile-eskubideen kontua. Artikulu honek azaltzen du nolako neke eta ataka gaiztoak gainditu behar izan zituen itzultzaileak euskaratzeko orduan. Obra berezia delako 'Exercices de style'. Eguneroko bizitzako gertaera bat, hutsala, modurik xumeenean kontatua, eta ia beste 100 bariazio, gai horixe bera dutenak. Hori besterik ez da 'Estilo-ariketak'. Gaia, eta bariazioak. Hori besterik ez, eta hori guztia, bestalde. Zergatik sortzen du halako zalaparta 'Exercices de style' itzultzeak? Hain zuzen ere, itzulgarria ote den zalantzan jarri izan dutelako.
Sarrera
KM kulturuneak 2004ko apirilean proposatu zidan Raymond Queneauren Exercices de style liburua itzultzea. «Queneau? Exercices de style?». Pixka batean, behintzat, pentsatu beharra zegoen lanari ekin aurretik. Hamar edo hamabost urte lehenago irakurritako liburu batez oroimenean gelditzen dena ez da oso zehatza izaten. Liburua zegoen apaletik hartu eta begirada bat eman ondoren, baiezkoa eman nien KM kulturunekoei. Alanbre kiribildua izaten duten koaderno horietako bat erosi, eta udan ekin nion itzulpenari. 2004ko abendurako liburua bukatzeko hitzezko tratu moduko bat nuen KMko zuzendaritzarekin. 2004ko abendurako liburuaren erdia besterik ez neukan itzulia, eta alderik bihurriena gelditzen zen oraindik. Adiskide pare batek irakurri zuten ordu arte egindakoa. Haien erreparoak eta zuzenketak kontuan hartuta, 2005eko urtarriletik aurrera saio gogor batzuk egin, eta apirilean bukatu nuen liburuaren «lehen bertsioa» dei diezaiokeguna. Azken zuzenketen zain gelditu zen prest liburua, 2005eko irailean argitaratzekotan.
Gorabehera franko izan zen gero. Harrigarria badirudi ere, liburuak izan behar zituen hitzaurreak eta marrazkiek sortuak. Irudien eta egile-eskubideen kontua zailtzen ari da nonbait. Onartu zituzten, ez ordea berehalakoan, Patxi Huartek egindako marrazkiak. Hitzaurrearen testua ere bidali behar izan zitzaien Gallimardekoei (euskaraz). Hari ere ez zioten erreparorik jarri. Abenduaren 15ean sinatu zen kontratua. Liburua prest zegoen aspalditxotik. Hala dio liburuaren kolofoiak: liburu hau 2005eko abenduaren 28an argitaratu zen.
Jatorrizko testua eta haren argitalpenak
Exercices de style 1947an argitaratu zen, lehenbizikoz, Gallimard etxean, eta gerora beste argitalpen bat izan du liburuak, 1963an. Argitalpen esaten dudanean, berrinprimaketak alde batera uzten ditut, bai lehenbiziko argitalpenarenak, bai bigarrengoarenak. Lehenbiziko testua, 1947koa, makina bat aldiz berrinprimatu zen, eta zer esanik ez bigarrena. Nik dudan alerik zaharrena 1947koa da, bigarren berrinprimaketako ale bat, lehenbiziko argitalpenetik hilabetera egindako batekoa. Baina kontua har bedi lehenbiziko argitalpena 573 alekoa izan zela, eta horietatik 500 zirela salmentarako eta gainerakoak artxibo, sustapen eta abarretarako.
Bi argitalpen ditugu, beraz. Bi testu. Eta bietatik zein itzuli, hori zen erabaki beharreko lehenbiziko gauza. 1963 bitarte egindako itzulpenak lehenbiziko argitalpenetik eginak daude, jakina, eta geroztik egindakoak, berriz —eskuartean ditudanak behintzat, italierazkoa eta gaztelaniazkoa, alegia—, 1963kotik. Niri ere horixe iruditu zitzaidan egokiena: egileak berak emandako azken forma hartzea jatorrizko testutzat.
Ariketen kopurua ez da aldatzen batetik bestera: 99 dira guztira bi kasuetan. Queneauk zenbakiei zien atxikimenduaren berri jakinda, ez da harritzekoa. Hemen, dena dela, aski da argitzea lehenbiziko argitalpenean badirela 5 ariketa bigarrenean ez daudenak, eta badirela beste 5, berriak, haien ordez.
Desagertuak:
Permutations de 2 à 5 lettres
Permutations de 9 à 12 lettres
Réactionnaire
Haï Kaï
Féminin
Berriak:
Ensembliste
Définitionnel
Tanka
Translation
Lipogramme
Beste kasu batzuetan, 9 ariketatan zehazki, izenburuak aldatu dira.
1947 | 1963 |
Homéoptotes | Homéotéleutes |
Préterit | Passé simple |
Noble | Ampoulé |
Permutations | Permutationes |
de 5 à 8 lettres | par groupes croissants de lettres |
Parmutations | Permutations |
de 1 à 4 mots | par groupes croissants de mots |
Contre-vérités | Antonymique |
Latin de cuisine | Macaronique |
Mathématique | Géométrique |
Zergatik egin ote zituen aldaketa horiek? Baliteke besterik gabe gogokoak izatea ariketa berriak, baina jokoa gehiegi luzatzeak onik ez zekarrela iritzirik, gehiegikeriaren bat zuzendu edo damuren bati leku ematea. Hala dirudi, esate baterako, permutazioen jokoarekin urruntxoegi joan ondoren, arlo horretako bi ariketaren ordez, 1961etik aurrera OULIPOn[1] egiten ari zen ibilbidearekin lotuagoak diren beste batzuk sartu zituen: Ensembliste, Définitionel, Translation, Lipogramme. Horrez gain, Haï Kaï ariketaren ordez Tanka eman zuen. Poesia japoniar zaharragoa edo klasikoagoa delako beharbada. Eta Réactionnaire eta Féminin kentzeak, berriz, ikuspegi soziologikotik egindako eguneratzea dirudi.
Badira, noski, beste aldaketa batzuk, txikiagoak 1947ko testutik 1963kora, baina ez dira oso esanguratsuak. Eta, egia esan, kasuren batean ez dago jakiterik Queneauk berak «ukitu» zuen testua ala beste norbaitek. Dena dela, liburuaren osotasunaren ikuspegitik ez dago aldaketa nabarmenik.
Exercices de style
Obraren sorreran musika izan zela ernamuina diosku Queneauk: «1930eko hamarkadan Michel Leiris eta biok Pleyel aretoan izan ginen Fugaren artea eman zuten kontzertu batean. Kartsuki jarraitu genuen saioa eta, irtetean, solasean aritu ginen oso interesgarria izango zela, halako zerbait egitea literaturaren arloan (Bachen obra ez kontrapuntuaren eta fugaren ikuspuntutik hartuz, baizik eta gai hutsal baten inguruan infinituraino ugal zitezkeen aldaketen bidez obra bat eraikitzea)».
Eta horixe egin zuen Queneauk handik hamar urtera, 1940tik aurrera, bizpahiru saiotan. Hamabi ariketa idatzi zituen lehenbizi, liburuko lehenbiziko hamabiak, eta Dodecaèdre deitu zion lehenbiziko sorta horri, poliedro erregular horren edertasunak iradokirik. Literatur aldizkari bateko zuzendariak, berriz, testu bat eskatu ondoren, itzuli egin zion, harpa-jotze bat iruditu baitzitzaion. Instrumentu horren soinua gogoko ez zuelako nonbait... Hurrengo hiru urteetan beste dozena bat idatzi zuen, eta, nekez bada ere, lortu zuen bederatzi argitaratzea aldizkari surrealista batean. «1945ean beste hemezortzi idatzi nituen eta Fontaine aldizkarian argitaratu ziren abenduan. Laburbilduz, berrogeita hamarretik behera nituen idatziak hiru urtean; gainerakoak Isle-sur-Sagen bukatu nituen 1946ko udan. Laurogeita hemeretzigarrenean gelditu nintzen; gehiegi ere ez komeni; ideial greziarra, aizue»[2].
Raymond Queneauk bere Ariketei sorreratik beretik zien atxikimenduaren eta argitaratzeko zailtasunen aurrean erakusten zuen umorearen adierazgarri aski da aipamen hau: «La Terre n'est pas une vallée de larmesek, Marcel Mariënek zuzendutako argitalpen surrealista eta belgikarrak, bederatzi argitaratu zituen, Exercices de style izenburuarekin; haiei erantsitako ohar batek ho¬nela zioen: «Egilearen asmoa da 'gai' bera —gertaera benetakoa, bestalde, eta hutsala—, ehun modu desberdinetan erabiltzea. Seguru aski, gaiari dagokionez berdin-berdinak diren lehenbiziko ehun kapitulu horiek zerbait sortuko dute, ilaran irakurriz gero (sic), irakurlearen baitan». Ohar hori nik idatzia zen, noski[3].
Obra, gerora, Zazie metroan nobelarekin batera, R. Queneauren liburuetatik ezagunena bihurtu da, eta literaturzaleen artean beti izan du harrera beroa. Itzultzeko asmoa nuela edo itzultzen ari nintzela esan diedan batek baino gehiagok jakinarazi didate beraiek ere bazutela horretarako asmoa, edo gogoa, edo noizbait agian gustura egingo zutela. Ez hori bakarrik, lana ia buruturik nuenean jakin dut lehen Luistxo Fernandezek egin zituela saioren batzuk liburu hau itzultzen. Baina ez zen inon argitaratu. Orain batzuk jarri ditu Interneten irakurgai.
Arrakasta «izugarria» izan du obrak, eta oraindik ere badu. Artista plastikoekin eta grafista ospetsuekin batera egindako argitalpenak ere badira, eta ez bat bakarra gainera. Antzerki gisa ere oso ezaguna izan da. Eta ODA ariketak, partitura bat ere badu, Pierre Phillippe batek ariketari jarritako musika, alegia[4].
Zer ariketa mota?
Lehenik eta behin, esan beharra dago obra berezia dela Exercices de style. Oso berezia. Eguneroko bizitzako gertaera bat, hutsala, modurik xumeenean kontatua, eta ia beste 100 bariazio, gai horixe bera dutenak. Hori besterik ez da Estilo-ariketak. Gaia, eta bariazioak. Hori besterik ez, eta hori guztia, bestalde. Istorioa behin eta berriz kontatzen zaigu, idazkuntzan erabili ohi diren modu eta baliabideetako zenbait erabiliz. Hor aurkituko du irakurleak kontakizun berbera hiru literatur genero nagusietan kontatua (epikoa, lirikoa, dramatikoa), zenbait figura erretorikoren arabera moldatua edo OULIPO taldeak testu-eraldaketarako proposatutako baliabideez emana.
«Queneauk uko egiten dio ariketak inolako aldez aurretiko eskemaren arabera aurkezteari, dela gai multzoka dela konplexutasunaren arabera edo, besterik ez bada, alfabetikoki antolatzeari. Are gehiago, ez du oinarrizko testu zehatz bat —eta bakarra— erabiltzen eraldaketa estilistikoetarako; izan ere, Notationes lehenbizi jarri bazuen ere, horrek ez du esan nahi, inola ere, hori denik ereduzko testua»[5]
Ikusten dudanez, eta batez ere abiapuntutik obra burutzeraino izan zuen sorrera moduagatik, garbi dago Queneauk ez zuela plan zehatz bati jarraituz lan egin. Baina lehenbiziko hamabiak bukatu, eta argitaratzeko aldizkarietara bidaltzen hasi zenean, garbi zeukan buruan 100en bat aldiz kontatuko zuela istorio hura.
Zer ariketa modu dira, beraz?
Lehenbiziko hamabietan daude hiru iturburu nagusiak:
- Erretorika (eta baliabide edo figura erretorikoen erabilera). Lehen hamabietan ildo horretakoak ditugu: litoteak, metafora, sinkisiak.
- Erregistro-aukerak edo kontatzeko moduak: atzekoz aurrera, ustekabea, ametsa.
- Testu-eraldaketan eta hertsapenean oinarrituak: logo-rallye, ostadarra.
Lehenbizi, esan dugunez, erretorikaren baliabideak jarri zituen jokoan Queneauk Ariketa hauetan. Baina helburua, jakina, haien parodia egitea zen. Eta jokabide hori harantzago ere badoa. Erregistro edo kontatzeko moduen bariazioak egitean ere parodia egiten du.
PARODIA hitza letra larriz erabili beharra dago liburu honen ezaugarriak azaltzerakoan. Esperimentalismoa ere erabili izan da. Baina batez ere jolas-literatura da hau, hizkuntzak eta hizketak ematen dituzten aukerekin jostaketan dihardu idazleak, eta jolaserako gogoa jartzen digu besteoi.
Bi ezaugarri nagusi ditu, nire ustez, liburu honek: batetik, parodia da, zenbait hots, hizkera, idazkera, tonu, azken finean, hizkuntz erregistroren hista, trufa, burla onbera. Eta, bestetik, kirol-literatura da, kirol hitzaren bi adieretan: antzinakoan eta gaurkoan, «jolas» baita batik bat, baina baita «norgehiagoka» ere. Idazleak berak jartzen dizkio zailtasunak bere buruari, gero haiei gaina hartzen diela erakusteko. Horren adibiderik argiena «Lipograma» da Estilo-ariketak liburu honetan. Ariketa horretan, frantsesez maiztasun handienekoa den letra, «e» alegia, «ezabatu» egin da, eta bere buruari ezarritako debeku hori gorabehera, berdin burutu behar du idazleak oinarrizko kontakizuna. Edo hobeto esanda, beste ariketetako kontakizun berbera «e» erabili gabe egina dago hor (edo ia). Hau ez zuen Queneauk sortu, adibideek antzinako grekoraino jotzera behartzen gaituzte.
Ezarpen edo hertsapen literatura ere deitu izan zaio. Houdini haietako batekin aldera dezakegu Queneau: alde guztietatik lokarriz eta katez lotu, eta hala ere askatu eta libre ateratzeko gauza den literaturagilea. Literatura esperimentala dela esan daiteke, hitz batean laburbilduz: ohiko bideetatik aldenduz, idazkuntzaren historian zehar erabilitako baliabide erretorikoak modu berri edo berezi batean erabiltzean datza liburu honen berezitasuna.
Estilo-ariketak: itzulbidean
Beraz, 99 ariketako liburua dugu, betiere, itzuli beharrekoa. Euskaratzean 1963koa itzuli da: hori izan baitzen egileak berak emandako azken forma. Eta hor beste ariketa mordoxka bat proposatu zuen, beste 124 (ikus eranskina). Egin zitekeen ariketa sail bat. Eta batzuk aldizkariren batean argitara eman ere bai. Gerora, berrikiago, ez da bakarra izan Queneauk proposatutako jokoan sartu dena. Frantsesez badira bi liburu jolasarekin jarraituz 99 ariketa jasotzen dituztenak (bakoitzak)[6].
Zergatik sortzen du halako zalaparta Exercices de style itzultzeak? Hain zuzen ere, itzulgarria ote den zalantzan jarri izan delako.
Hona hemen, esate baterako zer zioen Umberto Ecok, Esercizi di stile —berak egindako itzulpena— libururako idatzitako aupamenean: «Hona, bada, Raymond Que¬neauren estilo-ariketak, itzultzaile gisa urteetan tentatu nautenak, frantsesaren «génie» berezkoari lotuak zirelakoan, itzulezintzat hartuak».
Queneauk berak ez zuen zalantzarik. Eta historiak ere horixe frogatu du: hor daude orain arte egindako itzulpenak, egin zitekeela frogatzeko. Honako hizkuntza hauetara dago itzulia gaur egun: alemana, ingelesa, bulgariera, katalana, daniera, esloveniera, gaztelania, suomiera, galegoa, greziera, hungariera, italiera, japoniera, holandesa, norvegiera, portugesa, brasildarra, errumaniera, errusiera, serbiera, suediera, txekiera eta turkiera, eta orain euskara.
Ezinezkoa da, obra hau lehendik ezagutuz gero, malkar baten ertzean sentitzen den zorabioa ez sentitzea itzultzen hasterakoan. «Motel, motel, zer hasi haiz orain?», «Baina hain duk frantsesa obra hori...», «Hori euskaratzea, ordea...», «Erregistro horiek guztiak ba al ditugu, ordea, euskaraz?». Baina jakina, «itzuriz egiten da bat itzultzaile», esan dezakegu Queneauren bidetik, eta «ezina» ekinez «egina» bihurtzen ere ongi ikasiak gara, bestalde. Kirolerako gonbidapena, beraz.
Lehenbiziko itzulpenak (nire datuen arabera) ingelesezkoa eta alemanezkoa izan ziren. Ingelesezkoa Barbara Wrightek egin zuen, 1958an, eta alemanezkoa, berriz, Ludwig Harig eta Eugen Helmlé izeneko bi itzultzailek, 1961ean. Ikusten denez, hamar urte igaro arte ez zion inork heldu itzulpenari. Umberto Ecorena 1983koa da, eta Antonio Fernández Ferrerrena, 1987koa.
Alemanezkoak 98 ariketa ditu: itzultzaileek frantsesezko passé simple eta imparfait (alemanak bi horien arteko bereizketarik ez duenez) ariketa bakarrez eman zuten. Liburuak ez du hitzaurrerik. Eta ezin dugu jakin, ez bada dedukzio sinple hori egiten, haien jokabidearen zergatikoa.
Baina esku artean izan ditudan beste hiru itzulpenek, ingelesezkoak, italierazkoak eta gaztelaniazkoak, hitzaurre bana dute, eta bertan azaltzen dituzte itzultzaileek beren jokabideen arrazoiak.
Barbara Wrightek, horrelako kasuetan, hots, ariketaren bat itzulezintzat edo «itzulpenean galera handikotzat» jotzen zuenean, ordezpenera jo zuen: substitutions («approved by Queneau: Paysan – West Indian; Italianismes – Opera English, and it was also in a mild sort of way an act of revenge.»). Ikusten denez, alde batetik, ordezpenak Queneauk berak onartuak ziren, eta beste alde batetik, itzultzailea mendeku txikiren bat hartzeko aukeraz baliatu zen izulpenean.
Argi dago, beraz, itzultzaile bakoitzak beste edozein itzulpenetan baino leku handiagoa egin diola bere sorkuntza-ahalmenari. Ni ere, aurrekari ilustre horiek guztiak gogoan harturik, ausartu naiz nire ordezpenak, egokitzapenak edo sorkuntza-, edo hobeto esan, birsorkuntza-ariketak lotsagabekeria pixka batekin egitera: gaiztakeriaren bat edo mendeku txikiren bat han edo hemen (Loucherbem itzulezinaren ordez Harrikada futurista prepositiboa, Javanaisen ordez Zapo-erdara; Macarroniqueren ordez Zapo-latina. Poor Lay Zanglayren kasuan, ingelesezko hitzen ahoskeraz eman dut euskal testua Inge lays and sat (ingeles ahoskera itxia duen norbaiti irakurtzera emanez gero, hor agertuko zaio euskal belarriari testua ulertzeko moduan). Han-hemen esatariren baten parodia edo politikariren baten gehiegikeria ergatibo zaleari ziztadaren bat eman diot, baina inolako asmo gaiztorik gabe.
Umberto Ecok italierazko itzulpenaren hitzaurrean ere zehazki adierazten ditu bere jokabideak:
Horiek dira, azken batean, itzulgarrienak [hotsak gehitu, kendu edo lekualdatu egiten dituzten ariketak], betiere, jakintzat ematen bada «itzultzea» ez dela jatorrizkoaren sinonimoak beste hizkuntza batean ematea: prozedura bera italierazko testu oinarrizko batean erabiltzea da kontua. Zeren eta Queneauk ez du modu mekanikoan lan egiten, baizik eta, nolabait esateko, kasu egiten dienez belarriaren eskakizunei, itzultzaileak nahiko askatasun du behar diren egokitzapenak egin eta bihurrikeriaren bati leku emateko[7].
Eta, aurreraxeago, honela adierazten du hitz gutxitan zer bidetatik ibili den bera:
Laburbilduz, liburu honetako ariketetatik bat bakarra ere ez da linguistikoa soil-soilik, eta bat bakarra ere ez da hizkuntza jakin batetik kanpo ulertzekoa. Linguistikoa soil-soilik ez denez, intertestualitateari lotua da bakoitza; hizkuntza bati lotua denez, berriz, frantsesaren génieari lotua da. Bi kasuetan beharrezkoa da itzuli baino gehiago, beste hizkuntza batean eta beste testu batzuekiko, beste gizarte batetiko erreferentzian eta beste denbora historiko baten testuinguruan birsortzea[8].
Hori zen jolaslekua, eta horiek, ohituraz edo, ezarritako arauak. Esan dezadan lehenbizi ariketen hiru laurdenak beste edozein itzulpenek bezalako zailtasunak zituztela, betiere aipu ezkuturen bat, zentzu bikoitzen bat, xelebrekeriaren baten propinarekin. Beste testu batzuk, berriz, oinarritzat hitzen, hotsen, letren, silaben eta abarren manipulazioetan oinarrituak dira (aferesiak, apokopeak, sinkopak, permutazioak). Horietan euskarazko oinarrizko testu batean antzeko prozedurak erabiltzea da itzultzaileari geratzen zaion bidea. Eta horixe egin dut nik ere, aipatu ditudan lau hizkuntza horietako itzultzaileek egin zutenaren bidetik.
Egokitzapenak ere egin behar izan ditut testu askotan —testu frantsesaren esanahi eta konnotazioek parekorik ez zutenean, edo aipuetan—, bide bertsutik antzekoak bilatu edo sortu, alegia.
Birsorkuntza lan pixka bat ere egin behar izan dut, itzulpen ezinezkoen edo ia ezinezkoen kasuetan. Hala ere, testu poematikoen parodia direnen kasuan («Alexandrinoak», «Sonetoa», «Oda», «Tanka») testuari ahalik eta gehien lotzen saiatu naiz. Sonetoaren kasuan frantsesezkoaren neurritik hurbilago ibili naiz, Oihenartek Zalgiz poetari egindako soneto ospetsu haren ildotik alegia, luzera hori lagungarria baita oso, edukia osorik (edo ia osorik) ekarri ahal izateko. Odaren kasuan askatasun pixka bat hartu dut edukiari buruz, baina testuak partitura eta guzti izan zuenez, neurriari hertsiki atxikitzea erabaki dut, gaztelaniazko eta italierazko itzultzaileek ez bezala.
Beste batzuetan, esate baterako «Zapo-latina», «Italianismoak» «Helenismoak», «Anglizismoak» «Inge lays and sat», idazlearen asmoaren ildotik, agian neure partetik prozedurak gehixeago nabarmendu ditut. Ohiko testu batean agian egin beharko ez litzatekeena, baina horretara gonbidatzen duen idazle eta testu baten kasuan zilegi iruditu zaidana.
Aipatu dudanez, argot itxien kasuan («Loucherbem» eta «Javanais», lehenbizikoa La Villette edo Vaugirardeko harakinen mutilen mordoilo berezia, eta bigarrena, berriz, hemeretzigarren mendean sortua omen dena, eskola-ume edo gaizkileen artean), beste jokabide bat hartu behar izan dut. Lehenbizikoaren kasuan «Harrikada futurista prepositiboa» izeneko testua eman dut jatorrizkoaren ordez, eta bigarren kasuan gurean erabili izan den zapo-erdara, ahuntz-erdara edo sorgin-solas deritzeten horietako batean moldatu dut testua.
Horrela aurkitu dut ezein itzulpenetan ez bezalako entretenimendua, beste hizkuntza handi horietara egindako itzulpen-prozedurak kontuan harturik eta gehiegikeria handirik gabe (ustez) ahal den hobekien testu bihurrienak moldatuz. Oraingoz besteek eta neronek erabili ditugun prozedura batzuk aipatu besterik ez dut egin. Prozedura horien zilegitasuna eta emaitzen azterketa beste baterako utziko ditut.
Eranskina
Exercises de style possibles
Nerveux
Angoissé
attente
jovial
calembours
cailigramme
dédicace
idées macabres
fiche de lecture
lettre de refus de l’éditeur
couture (noms de robes)
rébus
charade
devinettes
déclaration d’amour
borgne
sourd-muet
aveugle
ivrogne
paranoïaque
confusion mentale
delirium tremens
règles d’un jeu
jeu de l’oie
réqusitoire
jea de carte
loi
Défense
anaphores
épiphores
moralite
peur
joie
orgueil
triste
marrant
hiéroglyphes
phénoménologique
détective
mots croisés
allitérations
collages
lieux communs
proverbes
adverbes
bilogique
économique
sociologique
chimique
géologique
idiot
enfantin
coenesthésique
abstrait
physique
chimique
front populaire
les vertus (théologales, etc.)
les sept péchés capitaux
chirilogique
métiers divers
caractères
pathologique
énigme
différents jeuc d’esprit
lettre de’injure
lettre de protestation
annonces (petites)
publicité
concíerge
receveur
le critque líttéraire
le critique théâtral
le critique cinématographique
traitement cinématographique
faire-part
critique mondain
elegances
langaige cuit
chaos
symbols
fable
fleurs de rhétorique
éloquence de la chaire
eloquence politique
disribution de prix
réquisitoire
natation
attributes
ivresse
faim
fatigue
maxime
alternative
fleurs de rhétorique
éloquence judiciaire
gourmandise
collage
slavismes
roumanismes
arabismes
chapelier
antithèse
bysteron proteron
oxymoron
ellipses
anacoluthes
annominations
geométrique
arithmétique
algébrique
analytique
topologique
anadiploses
éventé
minéral
paradiploses
épanalepses
synérèses
dièrèses
crases
disjenetions
conjenetions
adverbes
homosexual (lesbienne)
Oharrak
1. OULIPO. La littérature potentielle. Gallimard. Paris, 1973.
2. Exercices de style par Raymond Quenean avec 45 exercices de style parallèles dessinés, peints et sculptés par Carelman et 99 exercices de style typographiques de Massin. Paris, Gallimard, 1963.
3. Ibidem.
4. Disko batean ere grabatu zen, 1954an, Phillips etxean. Yves Robertek eta bere antzerki taldeak deklamatu zituzten testuak, eta Frères Jacquesek kantatu zituzten ariketetako batzuk.
5. Ejercicios de Estilo, Raymond Queneau. Versión de Antonio Fernández Ferrer. Introducción. Madril, Cátedra 1987. (40.-41. or.)
6. Les nouveaux exercices de style (quelques variations sur un thème de Raymond Queneau). Bernard Demers. Le Pré aux Clercs. Paris 1991. Le style mode d'emploi. Stéphane Tufféry. Cylibris/Littératures Paris 2002.
7. Esercizi di stile. Raymond Queneau. Umberto Ecoren itzulpena. Einaudi. Turin. 1983.
8. Ibidem.