'Hiztegi Batua' eta terminologia zientifiko-teknikoa: elkarguneak, estuguneak eta gurutzaguneak
Artikulua PDFn.
Euskaltzaindia Hiztegi Batua egiten ari da; lehen itzulia kalean da dagoeneko, eta hasita dago bigarren itzulia. Hiztegi ortografiko batua izatea lorpen handia da euskararen estandarizaziorako. Izaera orokorrekoa eta sarrera-kopuru mugatukoa bada ere, garrantzi kualitatibo handia du, eta haren eragina eta itzala toki askotara iristen da, baita terminologia zientifiko-teknikora ere. Zientzia eta teknologiaren arloan euskarak zituen arazo batzuk konpondu ditu Hiztegi Batuak, baina beste batzuk konpondu gabe utzi ditu, eta arazoren bat edo beste sortu ere egin du.
«Eta horrela bizitzen gera, sortuz ta sortuz gure aukera...»
Hiztegi Batua eta terminologia zientifiko-teknikoa du aztergai artikulu honek, eta hainbat aldetatik azter liteke gaia: zer ekarri egiten dion Hiztegi Batuak terminologia zientifikoari, zer arazo sortzen dizkion, zenbateraino eragiten dion edo zenbateraino diren bide bera, edo bide paraleloak, edo tarteka elkar gurutzatzen duten bideak.
Elhuyar Fundazioan, besteak beste, hiztegiak egiten ditugu: hiztegi orokorrak —bai euskararen hiztegi orokorrak, bai hiztegi elebidunak— eta hiztegi terminologikoak. Beraz, hiztegigintza horretan Hiztegi Batua dugu erreferentzia nagusietakoa, eta xehe-xehe aztertu behar izaten dugu Hiztegi Batuak zer dakarren, eta, maiz, interpretatzen saiatu: zer dioen, zer ez dioen eta zer iradokitzen duen.
Itzulpenak ere egiten ditugu, itzulpen teknikoak gehienetan, eta hor ere Hiztegi Batua dugu lege, eta, inoiz, neke. Azkenik, liburu teknikoak ere argitaratzen ditugu, Lanbide Heziketakoak eta unibertsitatekoak, eta, itzulpenetan bezala, Hiztegi Batuaren galbahetik pasatu behar ditugu gure testuak.
Hasteko, bi hitz Hiztegi Batuaren garrantziaz. Euskara batuaren jaiotza 1968. urtean ezarri ohi da, Arantzazun Euskaltzaindiak egin zuen biltzarrean. Han, euskararen batasunerako oinarriak azaldu zituen Koldo Mitxelenak. Eta han aipatu zuen Mitxelenak behar litzatekeela hiztegitxo bat, ia ortografikoa huts-hutsik, batasun-bidean abiatzeko. Handik aurrera euskara batua deitzen hasi zen euskara-moldea indar handiz abiatu eta zabalduagatik, euskara batuaren hiztegirik ez zegoen. Hogeita bost urte joan ziren horrela. 1994an, euskara batuaren jaiotzaren 25. urteurrena zela eta, Euskaltzaindiak XIII. Biltzarra egin zuen Leioan. Harrezkero hasi zen gauzatzen Hiztegi Batua.
Beraz, duela 10 urte arte ez da hasi Euskaltzaindia erabakitzen, adibidez, «ontzi» edo «untzi» esan behar den, edo biak erabili behar diren, zer adierazi nahi den: ur gaineko ibilgailua batetik edo likidoak eta bestelakoak edukitzeko gauzakia bestetik. Ez zegoen erabakita «laster» edo «laister» idatzi behar zen, ezta konparazioetan «haina» edo «adina» erabili behar zen ere. Eta, hitz teknikoagoetan ere, ez zegoen erabakita, esaterako, «analisatu» edo «analizatu» idatzi behar zen, ezta «genero» edo «jenero» behar zen ere.
«...atsedenik hartu gabe: lana eginaz goaz aurrera...»
Egia da bazirela ordurako hainbat eta hainbat lan eta hiztegi, batzuek eta besteek argitaratuak. Zientzietako terminologiari dagokionez, bazen, zorionez, adostasun zabala eta kohesio-maila handi samarra testu-sortzaile eta erabiltzaileen artean. Alde horretatik, esan dezakegu bazela, neurri batean, behetik egindako «hiztegi batu» gisako bat euskara teknikoaren arloan ari ginen gehienon aldetik, hainbat talde eta erakunderen lanari eta elkarlanari esker gauzatua eta plazaratua (EHUko irakasle-taldeak, Udako Euskal Unibertsitatea, Elhuyar, UZEI...), baina ez zegoen hori Euskaltzaindiak berretsia edo onetsia.
Leioako Biltzarraren ondoren, 1995ean, hasi zen Euskaltzaindia Hiztegi Batua erabakitzen eta arau gisa zabaltzen (Hiztegi Batuko Batzordea, dena den, 1991n eratu zen). Hala, 1995etik 2000ra bitartean, arrosario-aleen gisa, banaka-banaka, 43 arautan argitaratu zen Hiztegi Batuaren lehen itzulia, 22.000 sarrera inguru dituena. Lehen itzulia amaitu eta berehala, bigarren itzuliari ekin zion Euskaltzaindiak, beste hainbeste sarrera gehitzeko asmoz.
Badugu, beraz, euskara batuaren hiztegi bat, hiztegi koxkorra baina, zalantzarik gabe, garrantzi itzela duena euskara batuaren estandarizaziorako. Oinarri sendo bat ezarria da, erreferente gotor bat dago orain, jokaleku zentral bat. Zientzietako eta tekniketako terminologia landu, sortu edota erabiltzen dugun guztiok begi bat Hiztegi Batuan jarrita jardun behar dugu orain. Hiztegi Batua, argi eta garbi esan behar da, berebiziko lorpena da, urrezko mugarri bat euskara batuaren historian.
«...kate horretan denok batera, gogorki loturik gaude»
Hala da. Hiztegi Batuaren kate horretan denok batera goaz, eta, zenbaitetan, Hiztegi Batuak gogor lotzen gaituelako irudipena izan genezake —izan dugu inoiz— zientzia eta tekniketako terminologian ari garela.
Euskaltzaindiak behin baino gehiagotan esana du ez duela terminologia teknikoan jarduteko asmorik, eta, bestalde, badakigu Hiztegi Batuaren helbururik behinena euskal ondare lexikala biltzea eta grafia finkatzea dela. Bai, baina ez da hor amaitzen Hiztegi Batuaren helburua, hitz berriak ere, eta ez gutxi, bildu baititu bere altzora. Hiztegi Batua egiten hasteko, literatur tradizioan oinarritu da Euskaltzaindia. Baina harago ere joan da, eta, euskal ondare lexikalarekin batera, tradiziorik gabeko hainbat eta hainbat hitz ageri dira Hiztegi Batuan. Beraz, argi izan behar dugu Euskaltzaindiak hitz berriak ere proposatzen dituela Hiztegi Batuan, duela hogeita hamar bat urte arte euskaraz sekula idatzi ez ziren hitzak. Eta hitz berri horietako asko teknikoak dira. Normala da, Hiztegi Batuaren helburua gaur egungo euskaldunak —eskolatua eta hiritarra— behar dituen hitzak finkatzea baita. Hona hemen «a» letrako adibide batzuk: abduktore, abiagailu, abisal, adsortzio, adstratu, aerobio, aerometro, afasia, aglomeratu, alkali, amiloide, anfotero, arteriografia, asinkrono, atomizagailu, audiograma, azetilsaliziliko.
Hala eta guztiz ere, euskaldunon beharretara hurbiltze horretan, esan liteke hurbiltze bat baino ez dela egin. Zaila da neurtzen, baina, gaur egungo euskaldunen beharrei begira jarriko bagina, ematen du, beharren araberako hurrenkeran ezarritako zerrenda batean jarriz gero, Hiztegi Batuak lehen itzulian jaso dituen zenbait hitz tekniko —diakronia, epigrama, hexametro, palatalizatu, pentametro, polisemia, teleologia, teosofia, teodizea...— eta ematen dituen bestelako zenbait hitz eta informazio —hala nola Madagaskarreko hiriburuko herritarren izena antananarivoar dela edo aurrehititera eta hatiera izenak sinonimoak direla— baino aski gorago ezarriko genituzkeela euskaldunok beste hitz asko, oinarrizkoagoak eta askoz maizago erabiltzen ditugunak eta beharrezkoago ditugunak. Eta horiek falta dira Hiztegi Batuan.
Adibidez, automobilari begiratu, eta erreparatu atalei: bolantea, enbragea (lozagia?), esekidura (kalean, Hegoaldeko kaleko euskara batuan, suspentsioa), leihatila jasotzeko eta jaisteko biradera, lohi-babesa (kalean guardabarro(s)a), motelgailua (kalean amortiguadorea), horiek guztiak falta dira Hiztegi Batuan.
Beste hainbeste esan liteke beste arlo batzuei buruz ere: janari-edariak, sukaldaritza, jantziak, estetika eta garbitasuna, aisialdia, etxeko elementuak, altzariak eta apaingarriak, etxetresnak, eskola- eta bulego-materiala, brikolajea, etab., hau da, alor arruntak, egunerokoak, behar-beharrezkoak. Adibidez, Hiztegi Batuan ez dugu galleta hitza aurkituko, ezta bonboi, ma(g)dalena, saltxitxoi, biberoi, konpresa, kapota, txaleko, lozio, permanente, errulo, kantinplora edo erantzungailu hitzak ere; laranja-zukua eta abar egiteko aparatuari zuku-makina edo nola esan behar diogun edo telebista eta beste aparatu batzuk urrutitik gobernatzeko tresnari urrutiko aginte, teleaginte, telekomando edo nola esan behar diogun ere ez dugu aurkituko; Hegoaldeko entxufe edo Iparraldeko prisa ere ez; paperak lotzeko grapak eta grapagailua ere ez daude. Eta azken aldi honetan gehienok ibiltzen dugun telefono mugikor, telefono eramangarri, telefono zelular, sakelako telefono edo dena delako hori ere —kalean, Hegoaldean, telefono mobila esaten zaion hori— ez dugu aurkituko.
Badu, beraz, Hiztegi Batuak nahi beste langai, nahi beste hutsune. Pentsatu behar dugu horrelakoei ere helduko zaiela txanda Hiztegi Batuaren bigarren itzulian. Lehen itzulian, gutxi badira ere, badira horrelako batzuk, hala nola bonbilla, fideo, pantaila, txandal edo txikle; hau da, batzuetan ausart jokatu du Euskaltzaindiak, beharrizan behinenei muzin egin gabe.
Baina Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren bigarren itzulian beste 20.000 hitz finkatuko ditu, eta, kopuru horretara iritsi ahal izateko, alor espezializatuetan ere sartuko da, zalantzarik gabe, saiheska bada ere.
Alor espezializatuetan sartu behar badu, modu sistematikoagoan lan egitea eskatu beharko genioke Euskaltzaindiari. Noizbehinkako esku-hartzeak saihestu egin beharko lirateke. Dena delakoagatik komeni bada zientzietako termino batzuk Hiztegi Batuan agertzea, modu koherentean lantzea eskatu behar da, terminoen testuinguru osoa gogoan erabilita, eta ez terminoak han-hemenka hartuta. Orain arteko Hiztegi Batuari erreparatuta, ikusten da zientzia eta teknologiako sarrerak hautatzeko irizpidea zientzia eta teknologiaz kanpokoa izan dela: hitz batzuei sarrera eman zaie eta beste batzuei ez, kontzeptu-multzoak eta haien arteko loturak kontuan izan gabe.
Adibidez, elementu kimiko batzuen izenak ageri dira Hiztegi Batuan, baina, multzo osoari begiraturik, badirudi zoriak ebatzi duela zein sartu eta zein ez: kloroa sarrera da, bromoa ez, fluorra bai eta iodoa ez. Zergatik halogenoen taldeko bi elementu sartu eta bi kanpoan utzi? Era horretako adibide ugari dago: litioa sarrera da, baina helioa ez; kadmioa bai, baina titanioa ez; zesioa bai eta banadioa ez; zerioa bai eta neona ez; eta abar.
Hona hemen adibide gehiago: gimnospermo sarrera da, baina angiospermo ez; erribonukleiko sarrera da, baina desoxirribonukleiko ez; sulfuriko sarrera da, baina nitriko ez.
Bestelako arazoak ere badaude, sistematizazio faltaz gainera. Adibidez, erradio eta radio sarrerak ageri dira Hiztegi Batuan, alboan bat ere oharrik ez dutela, ezta jakintza-alorrik ere. Nola jakingo du erabiltzaileak zein den elementu kimikoaren izena eta zein geometriako izena? Edo biek bietarako balio ote? Zientzia-gaiak euskaraz idazten ditugunon artean aspaldi ebatzita dago auzia: elementu kimikoa radio eta geometriako terminoa erradio esan eta idazten ditugu, baina Hiztegi Batuan ageri diren moduan ez dago jakiterik zeini zein dagokion, ez baitago argibiderik. Gainera, kontuan izanda erradio sarreraren ondoan erradioaktibitate, erradiografia eta antzeko terminoak daudela, oso zentzuzkoa litzateke pentsatzea elementu kimikoaren izena erradio dela. Hortaz, kasu horretan, Hiztegi Batuaren lehen fase honetako helburu nagusia, hitzen grafia finkatzea, informazio osagarririk ezak zapuztu du.
Hautsi kateak!????
Baina modu sistematikoan lan egin ez izanaren ondorioak horiek baino larriagoak izan daitezke. Hona hemen adibide bat:
sulfidriko ageri da Hiztegi Batuan, baita zianhidriko ere (besterik ez da agertzen, hau da, klorhidriko, bromhidriko, fluorhidriko edo iodhidriko ez dira sarrera). Konposatu kimikoen nomenklatura funtzionalaren osaera erabat sistematikoa eta zurruna da. Osaera horretan, atzizkia da elementuetako bat. Kasu honetan, hidriko da atzizkia, eta ez dirudi batere logikoa denik batean hatxea kentzea (sulfidriko) eta bestean uztea (zianhidriko). Nomenklaturaren sistematikotasunak sulfhidriko idaztea eskatzen du, hatxea ez kentzea alegia.
Beste arazo larri bat unitateen izenetan gertatu da. Nazioarteko Unitate Sistemak oinarrizko zazpi unitate ditu, eta horiexek dira gainerako unitate guztien jatorria. Hiztegi Batuan, hustuketa sistematikorik egin ez eta, bost jaso dira eta bi kanpoan utzi. Baina arazoa ez dago hor. SI sistemako unitateen izenak, jatorriari begira, bitan bereizten dira: jatorrian pertsona-izena dutenak (kelvin, hertz, newton, joule...) eta gainerakoak (metro, segundo, kandela, mol...). Jatorrian pertsona-izena ez duten unitateen izenak, batzuk behintzat, aldatu egiten dira hizkuntzatik hizkuntzara, baina jatorrian pertsona-izena duten unitateen izenak ez. Euskaltzaindiak volt eta watt eman ditu, nazioarteko hitzarmenezko arauekin bat, baina, bestalde, anpere erabaki du, hau da, jatorrian pertsona-izena duen unitatearen izena egokitu egin du, eta, ondorioz, sistema osoaren nomenklaturaren koherentzia bortxatu. Ez da onargarria maileguen egokitzapen sistematikoaren irizpidea edozein unitatetan ezartzea, eta -mp- grafia -np- bihurtzea, tenperatura edo inperio hitz arruntetan egin den bezala. Sistematizazio falta horren adibide ezin adierazgarriagoa da anpere-ren grafia etxekotzea eta volt edo watt-ena ez egokitzea. SI sistemako unitateek ere sail berezia osatzen dute, eta sail gisa aztertu eta erabaki behar dira. Nazioarteko hitzarmenei bizkarra emanda jardutea jatorrismo galgarria da. ampere da, jakina, grafia egoki estandarra (zer gertatuko da coulomb unitatearekin? Sartuko ote da Hiztegi Batuaren bigarren itzulian? Nola? Volt eta watt unitateen aldera joango da eta coulomb geldituko, edo anpere zorigaiztokoaren aldera joango da eta coulonb, koulonb edo kulon bihurtuko?)
Arazo horiek, zorionez, puntualak dira. Baina arazoak dira, eta ez txikiak. Nola jokatu behar du zientzialari euskaldunak horrelakoen aurrean? Nola jokatu Euskaltzaindiaren arauak nazioarteko arauekin bat ez datozenean? Mutur batean, Euskaltzaindiaren araua ez betetzea da irtenbidea, eta, horrekin batera, argudioak aurkeztu eta zergatia ulertaraztea. «Intsumisioa» hitz gogorra da, baina ulertu behar da salbuespen-izaerako zerbait dela. Beste muturrean, Euskaltzaindiari itsuki jarraitzea da irtenbidea, pentsatuta «zisma» sortzea okerragoa izango dela betiere.
Aurreko paragrafoan aurkeztutako egoera ez da fikzioa. Dagoeneko baditugu horren adibideak.
- Mutur batean, Elhuyar dugu: Euskaltzaindiaren erabakia bestelakoa dela jakinik ere, Elhuyarrek bere hiztegi guztietan eta bere argitalpenetan «ampere» eta «sulfhidriko» baino ez du erabiltzen. Horretarako arrazoiak aspaldi eta behar diren bideak erabiliz jakinarazi zizkion Euskaltzaindiari, eta ez du erantzunik jaso.
- Beste muturrean, UZEIk sortu, eguneratu eta kudeatzen duen Euskalterm datu-banku publikoa dugu. UZEIk aspalditik ampere eta sulfhidriko besterik erabili ez badu ere, Euskaltzaindiaren arauaren ondorioz, orain anpere eta sulfidriko ematen ditu (eta horrek barne-koherentzia hautsi dio Euskaltermi: izan ere, sulfidriko-ren ondoan, klorhidriko, bromhidriko, fluorhidriko eta iodhidriko ematen ditu).
Argi dago egoera hori ez dela erosoa, ez gustagarria inorentzat. Eta Hiztegi Batuaren bigarren itzulian, zientzietako terminologiari dagokionez, prozeduren sistematikotasuna zorrotz zaintzen ez bada, horrelako arazo gehiago sor daitezke.
Hiztegi Batuaren exegesiaren bidezidorretan barna
Euskaltzaindiak, Hiztegi Batuaren bidez, hainbat estandarizazio-arau eman ditu, hau da, Hiztegi Batua, sarrera-kopuruz mugatua izanik ere, bide-erakusgarri gertatzen da maiz, balio kuantitatiboaren gainetik balio kualitatiboa baitu, eta hori da terminologia zientifiko-teknikoaren esparrutik Hiztegi Batuak duen beste balio garrantzitsu bat, bide-adierazle izatea alegia.
Hiztegi Batuaren adibideetatik nolabaiteko arauak inferi daitezke, batzuetan. Adibidez, zalantza izan dezakegu ingelesezko subcriterion terminoa euskaratzeko orduan nola jokatu azpi-rekin, eta azpirizpide edo azpiirizpide behar duen ezbaian egon. Hiztegi Batuan azpiindize dagoenez, pentsa daiteke «i» bokala bikoiztea dela araua, eta, beraz, azpiirizpide hobetsiko dugu.
Baina, batzuetan, arazoak daude, araua inferitzea ez baita beti erraza:
- araua argia ez delako.
- araua koherentea ez delako edo arauen artean kontraesanak daudelako.
Arauaren interpretazioa egiten saiatu beharra dago orduan, zalantzak eta kontraesanak argitzearren. Adibidez, Hiztegi Batuan immunitate hitza ageri da, -mm- kontsonante-taldea alegia. Zein da ondorioa? Latinetiko aurrizki kultua im- dela, eta, beraz, antzeko kasuetan ere im- jarri behar dela, edo salbuespen bat dela, besterik gabe? Elhuyarrek interpretatu du im- dela hobetsi beharrekoa, eta, horregatik, immigrazio, immanentzia, immisio... idazten du. Ez hori bakarrik, interpretazioa harago eramanda, Elhuyarrek ulertu du im- atzizkiari dagokiona badagokiola kom- aurrizki kultuari ere. Ondorioz, kommutatu idazten du (besterik da -mm- kontsonante-taldea hitzaren barnean gertatzen denean, hau da, aurrizkia ez denean: gramatika eta ez *grammatika, —latinez, grammatica, ae—). Baina Euskaltermen, adibidez, ez da interpretazio hori egin, eta inmigrazio, inmanentzia eta konmutatu ageri dira, nahiz eta immunitate eman.
Beste adibide bat. Euskaltzaindiak, 1986an, Maileguzko hitz berriei buruz Euskaltzaindiaren erabakiak lanean arau hau ezarri zuen: «Grekoak: S bukaera dutenek, letra hori galtzen dute, salbu -itis bukaeradunak eta silaba bateko eta bikoak direnak». Hiztegi Batuan, hala ere, tetanos eta diabetes ageri dira. Bi arauak aurrez aurre daudela, nola jokatu, zer ondorio atera? Pentsa genezake bi horiek salbuespen direla eta ez dutela 1986ko araua ezeztatzen, edo pentsa genezake 1986ko araua lurperatu egin duela Euskaltzaindiak. Nola idatzi, beraz, aurrerantzean orain arte eskafoide, basidiomizete, diadelfo, nistagmo, alantoide... idazten genituenak, amaierako -s hori kenduta (herpes, adibidez, amaierako -s letrarik gabe idazten dugu lehendik ere, bi silabakoa baita) edo amaierako -s letra erantsita?
Beste adibide bat. Hiztegi Batuan «ganbara Heg. "teilatupeko solairua"», «ganbera 1 Ipar. «logela» 2 Admin.: «diputatuen ganbera», «merkataritza ganbera», «ganbera musika»» eta «kamera» hitzak ageri dira. Hori ikusita, nola eman behar dugu euskaraz combustion chamber / cámara de combustión / chambre de combustion terminoa (eta gisakoak: ionization chamber, accelerating chamber, cloud chamber, pressure chamber, etab.), errekuntza-ganbera edo errekuntza-kamera? Duela 8-10 urte arte, Hiztegi Batuak araua eman baino lehen, «ganbara» erabiltzen zen testu teknikoetan, UZEIren 1980ko Fisika hiztegia argitaratuz geroztik. Hiztegi Batuaren erabakiak ordura arteko erabilera berrikustera eta interpretatzera behartu gaitu. Elhuyarrek interpretatu du «zerbaitetarako gela» adiera dagokiola horri, eta errekuntza-ganbera euskaratzen du; hau da, ingelesezko chamber eta frantsesezko chambre direlakoak euskaraz ganbera egiten ditu. Eta kamera, berriz, irudiak edo argazkiak hartzeko tresna izendatzeko baino ez du erabiltzen, hau da, ingelesez camera eta frantsesez caméra izendatzen dutena. Baina oso bestelako interpretazioa egin du Euskaltermek: batzuetan, kamera proposatzen du ingelesezko chamber eta frantsesezko chambre direlakoak euskaratzeko (errekuntza-kamera), eta beste batzuetan ganbera proposatzen du (ordezkarien ganbera).
Adibideetan Elhuyar eta Euskalterm aipatzen dira, biak baitira euskara teknikoaren arloko erakunde eskarmentudunak eta ezagunak, bai eta euskara batuaren aldezkari sutsu eta Euskaltzaindiaren arauen erabiltzaile eta zabaltzaile zintzo ere. Hortaz, aski adierazgarriak dira Hiztegi Batuak ekarri duen egokitu beharraren arazo(txo)ak erakusteko.
Hobespenen auzia
Hiztegi Batuan «h.» (hobe) markarekin ageri dira hainbat hitz. Haiei buruz, honela dio Euskaltzaindiak: «ohartzen dela ez direla denak idazle guztiek egoera guztietan eta berehala onartzekoak, eta agian bide zuhurrena pausokakoa dela, testu jaso eta formalenetatik hasiz, eta bigarren urrats baterako utziz ahozko erabilerei lotuenak. Hemen ere, senak eta egoerak erakutsiko dio idazle edo esatari bakoitzari nola jokatu arauok betetzeko erantzukizunean.» Bada hor, beraz, erabiltzaileon esku gelditzen den arlo bat. Zenbaiten ustez, ordea, «h.» duten horiek baztertzeko hitzak dira euskara batuan, edo, behintzat, zenbaiten jokabidean hori ikusten da (de facto, «h.» duten hitz horiek Euskaltzaindiak esplizituki debekatu dituen hitzen multzora bidaltzen dituzte). Kontuz aztertzeko gaia da, ordea, joera sinplistatik urrun; hain zuzen ere, Hiztegi Batuan dauden hitzak dira, eta, Euskaltzaindiak berak xehetasun argigarriagorik eman ezean, ez dira baztertzekoak. Adibidez, bolaluma hartu eta boligrafo baztertu behar dugu sistematikoki Hegoaldekoa delako? Zein da Iparraldeko forma? Hiztegi Batuak ez digu esaten. Edo inork pentsatzen du bolaluma dela forma estandarra Iparraldean? (Iparraldean erabiltzen omen den bik delakoa ez da ageri Hiztegi Batuan).
Bestalde, euskalkiak tartean ez daudenean, eta aldaera txikiak daudenean, badirudi hitz teknikoetan aski alferrikakoak direla bikoiztasunak. Adibidez, zertarako behar dugu Hiztegi Batuan bakteria hitza bigarren mailan onartua, ondoan bakterio dagoenean?
Batzuetan, garbi ageri da Hiztegi Batuan zertarako den hobespena. Adibidez, altitude sarreran honela dio:
- altitude iz. Geogr. Beste erabileremuetan, h. garaiera, goratasun.
Beraz, ulertu behar da Geografiaren eremuan onargarria dela altitude hitza (puntu edo maila jakin batetik itsas mailarekiko dagoen distantzia bertikala adierazteko), baina adiera tekniko horretatik kanpo ez dela komeni erabiltzea.
Beste batzuetan, ordea, ez dago azalpenik, eta interpretatu egin behar da. Adibidez:
- memoria 1 h. oroimen. 2 h. oroitzapen
Ez da, beraz, hobesteko hitza, Hiztegi Batuaren arabera. Interpretazio estua eginda, Informatikako adieran ere ez genuke erabili beharko. Norbaitek pentsa dezake, beraz, RAM oroimen, ROM oroimen, oroimen optiko eta antzekoak erabili eta bultzatu beharko genituzkeela.
- erregelamendu Ipar. h. araudi, arautegi
Terminologiaz kanporako hobespena beharko du izan. Zuzenbidean desberdindu egin behar dira, eta erregelamendu, besteak beste, Europako Erkidegoaren zuzenbidean erabiltzen den arau-mota bat da. Interpretazio estua egiteak erregelamendu hitza baztertzea ekarriko luke, eta arazoak sortuko lituzke orain arazorik ez dagoen tokian.
- plubiometro h. euri(-)neurgailu
Garbi dago Euskaltzaindiak «hobe» oharra duten sarrera horiei buruz dioena ez dagoela pentsatuta hitz teknikoetarako. Bestela, nola ulertu kasu honetan Euskaltzaindiaren azalpena: «ohartzen dela ez direla denak idazle guztiek egoera guztietan eta berehala onartzekoak, eta agian bide zuhurrena pausokakoa dela, testu jaso eta formalenetatik hasiz, eta bigarren urrats baterako utziz ahozko erabilerei lotuenak»? Interpretazio estua egiteak plubiometro hitza testu jaso eta formaletatik kentzea eskatuko luke! Eta, bestela ere, zergatik baztertu behar dugu plubiometro hitz kultu eta nazioartekoa? Euri-neurgailu ondo dago, baina zer tradizio du? Kontuan izan behar da norentzat ari garen, eta eztabaidatu liteke zein testuingurutan erabili, baina ez du ematen plubiometro bigarren mailan baino ezin onar daitekeen hitza dela esateko argudio onik dagoenik.
Bestela, interpretazio estua eginda, zer egin manometro hitzarekin adibidez? Ez dago Hiztegi Batuan. Hortik zer ondorio atera? Hobe dela presio-neurgailu erabiltzea? Termometro, voltmetro, wattmetro, berriz, inolako oharrik gabe onartu dira. Zergatik da hobe euri-neurgailu erabiltzea euskara batuan plubiometro baino? Norbaitek pentsa lezake, ondorioz, plubiometria erabiltzea baino hobe dela euria neurtzea esatea.
Adibideek garbi uzten dute «hobe» horren azpian askotariko kontuak daudela, eta irizpideak ezarri behar direla jokabide sinplistei bide ez emateko. Ez dira arazo teoriko hutsak. Benetako arazoak ere badira, eta eztabaidak ere badaude. Adibidez:
- lengoaia Zah. h. mintzaira, hizkuntza>.
Jakina da programazio-lengoaia (eta, erabiliaren erabiliaz, lengoaia bakarrik) besterik ez dela erabili euskaraz Informatikaren historia akademiko eta formalean, eta gaur egun ere ez dela besterik erabiltzen. Interpretazio-molde batek, ordea, lengoaia hitzaren aurkako gurutzada abiarazi du, tradizioaren armarik gabe bada ere, soziolinguistikaren aurka.
Interpretazioekin segituta, norbaitek pentsa lezake Hiztegi Batuak dakarren frikari hitzak hainbat bide interesgarri zabaltzen dituela «-kari» atzizkiaren bidez hitz berriak sortzeko. Erdal «fricative/fricativo/fricatif» terminoa euskaratzeko frikari onartzeak esan nahi du «frika» delako izenen bat badugula euskaraz. Bestela, zergatik onartu da frikari hitza? Garbi dago ez duela tradiziorik, ez behintzat Hiztegi Batua erabakitzen dutenek «tradizioa» orain arte ulertu duten moduan (azken 30 urteotakoa baino ez bada, ez da tradizioa). «frika»rik ez badago, anbulategi edo delegaritza bezain aldrebesa da frikari, erabideari dagokionez behintzat. Zergatik ez frikatibo? Biologoren batek «sensitive/sensitivo/ sensitif» euskaratzeko sentsikari erabiliko balu, Hiztegi Batuaren eredua aipa lezake bermetzat. Bestalde, Hiztegi Batuan hizkuntzalaritzarako onartu den hobikari hitza har lezake fisiologoak, eta, adibidez, alveolar gland / glándula alveolar / glande alvéolaire delakoa, euskaraz, guruin hobikari eman. Interpretazioak baditu mugak, baina ez da erraza ondo zedarritzen.
Azken batean, zientzialariek berek eta euskara teknikoaren sortzaile eta erabiltzaileek berek egin behar dute aurrera, Hiztegi Batua ondoan dutela.
Hiztegi Batuaren iturri nagusia literatur tradizioa izan da orain arte (Orotariko Euskal Hiztegiaren corpusa). Horrekin batera, XX. mendeko corpus estatistikoa (UZEIk urtetan ondutako Egungo Euskararen Bilketa-lan Sistematikoa). Biak balio handikoak, baina biak amaitutako lanak dira. Garbi dago espezialitateetako hizkera landu nahi duenak gaur egun zer erabiltzen den jakin behar duela. Informazio hori gabe lan egitea ausarkeria eta errealitatetik kanpo jartzea litzateke. Zorionez, gaur egun, teknologiari esker, baditugu aukerak erabilera erreala jasotzeko eta prozesatzeko, eta hori baliatu beharra dugu.
1995ean, Hiztegi Batua abiatu zenean, jarrera aski kritikoak zeuden Euskaltzaindiko zenbait sektoretan jakintza-alor espezializatuetako ordura arteko testuen hizkuntz kalitatearekiko, zenbaiten aldetik kontuan ez hartzeko materiala zela uste izateraino. Hamar urte ez dira alferrik igaro, eta denok ikusten dugu hamar urteotan testu teknikoen (eta kazetaritzakoen, eta letretakoen) kalitateak nabarmen egin duela gora. Noizbait hartu beharko da kontuan erabilera erreala, eta tradizioa noiz hasten den sortzen eta noiz ez epaitzen dutenek hori kontuan hartu behar dute. Irizpide linguistikoekin batera irizpide soziolinguistikoak erabili behar dira erabakiak hartzeko orduan, eta, horretarako, informazioa behar da, informazio asko eta eguneratua. Eta, linguistiko eta soziolinguistikoez gainera, irizpide pragmatikoak ere behar dira. Arrazoi sendoak behar dira erabileraren kontra joateko. Erabilera sakralizatu gabe, baina arinkeriaz erabili gabe ere bai. Euskaraz ikasten, irakasten, ikertzen eta dibulgatzen duen komunitatea, hau da, zientzia euskaraz komunikatzen duen komunitatea, kontuan hartu beharreko eragilea da.
Euskaltzaindiari dagokio gidaritza, hark du azken hitza. Ez da hori zalantzan jartzen. Baina Euskaltzaindiari dagokio, ondorioz, ardura hori taxuz kudeatzea. Euskaltzaindiak espezialitateetako hizkuntzan erabakirik hartu behar badu, ezinbestekoak dira sistematizazioa, arloan arloko adituen iritzia jakitea eta errealitateari buruzko informazio fidagarria izatea. Hiztegi Batua landu eta erabakitzeko gaur egun dagoen prozedura ez dago diseinatuta espezialitateetako hizkuntza lantzeko, ez baita hori haren helburua. Alde horretatik, oso interesgarria da Terminologia Batzorde sortu berriak egin dezakeen lana, ez Euskaltzaindia ordezkatzeko, baina bai Euskaltzaindiari erabakitzen laguntzeko, irizpenak prestatuz eta adituen iritziak jasoz.
Euskara batuaren bidean lorpen handia da Hiztegi Batua. Zientzia eta teknologiako euskaran ere, behar-beharrezkoa da hiztegi batu bat izatea, eta garbi dago Hiztegi Batuak izan behar duela espezialitateetako euskararen muina. Garbi dago, halaber, espezialitateetako hizkuntzari dagozkion erabakiak hartzeko, behar-beharrezkoak direla sistematizazioa, erabilera-datuak eta adituen iritzia.
Oharra
* Testu hau Mendebalde Kultura Alkarteak 2005eko maiatzean Bilbon antolatu zituen jardunaldien barnean mahainguru baterako («Hiztegi Batua eta terminologia zientifiko-teknikoa») prestatua izan zen jatorriz. Geroztik, Erabili.com webgunean argitaratua izan da.