EIMAren nondik norakoak
Artikulua PDFn.
Sarrerakoa
EIMAren nondik norakoen berri azaltzeko mandatu-eskaintza egin zidatenean, galdera sorta etorri zitzaidan burura: zer forma eman txostenari?, nondik heldu gaiari?, nola saihestu beste txostengileekin egon litekeen errepikatzeko arriskua?...
Berehala ohartu nintzen, era berean, eskatzen zidatenak kolore erabat praktikoa behar zuela eduki, halakoak ziren-eta proposamen modura EIZIEkoek egiten zizkidaten iradokizunak, hots, zuzenketa-esperientziaren gainekoak nagusiki: testu-zuzenketan izandako esperientzia, EIMAko zuzenketa-irizpideak, zuzenketako arazo nagusiak, lanaren antolamendua, testugintzaren ezaugarriak... Definizio teorikoetan inor aspertzen ez ibiltzeko, beraz, saiatuko naiz antolatzaileen itxaropen horri ez huts egiten.
Jardunaldiak zabalak izango zirela ere gaztigatu zidaten, halere, hau da, ikasle-entzuleak eta abarrak ere izango zirela. Horrek kezkatu ninduen gehien: zer neurritan aritu behar dut nik?, norentzat?, zer motatako entzuleria batuko ote da han?, galdetzen nion neure buruari. Nairobitarra-ko Josu Iztuetari-eta gertatutako pasadizoa igaro zitzaidan burutik. Beren ibilaldi horietako batean, Ameriketako Estatu Batuetan gertatu zitzaiena, hain zuzen ere. Lehen aldia omen zuten han, eta iritsi berriak omen ziren. Gertatu behar eta, autobusak matxura txiki bat. Berehala bistaratu zuten telefono bat bide bazter batean. Bertaratu, eta kontxo, altu zegok hau!, pentsatu omen zuen Josuk; egon ere altu zegoen-eta telefono hori: ia bi metro altu! Makaleko mutil puskak amerikar hauek, denak ere bi metro luze badira. Eta euskaldunok handiak ginelakoan ni! Aitaren batean ohartu zen, haatik, telefono horiek ez zirela oinezkoentzat, amerikar kamioitzar haietako kabinatik zuzenean hitz egiteko baizik. Haren lasaitua! Nire kezka horixe da: altutik aritu behar ote dut amerikar erraldoientzat moduan, ala behetik, xehetik, euskaldun txikientzat bezala? Erdibidera jo beharko.
Eta gaiarekin hasi aurretik, ez nuke isildu nahi maiz samar ahanzten dugun gauza bat ere: zergatik onartu nuen gonbidapena, hain zuzen. Lehenik eta behin, EIZIEko antolatzaileei etsipenik ez sortzeagatik, hain egin zidaten-eta eskari adeitsua baina era berean saiatua! Baina baditut gogoan beste hiru arrazoi ere baietza emateko: gonbidapena onartzeak, alde batetik, hausnarketarako bidea emango zidan, behartu egingo ninduen eguneroko lanaren morrontzatik ihes egin eta ikuspegia zabaltzen eta zorrozten; beste alde batetik, gurearen lan bertsuan dabilen jendearekin gure arazo-premiak eta iritzi-usteak kontrastatzeak, are gehiago jende hori jende jantzia eta eskarmentu handikoa bada, on besterik ez zidan egingo; eta, azkenik, EIMAren berri jendaurrean emateak abantaila baino ekar ez ziezaiokeelako hari eta hark ikasmaterialgintzan dituen asmo-eginkizunei.
EIMA: helburuak eta egitekoak
EIMA izena akronimo bat da eta hau esan nahi du: euskal ikasmaterialgintza. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak 1982. urtetik hona abian duen lan-programa bat da. Honako bost helburu hauek ditu:
a) euskaraz behar adinbat ikasmaterial sor dadin bultzatzea;
b) euskal ikasmaterial horien salmenta-prezioa antzeko erdal materialena baino garestiago gerta ez dadin segurtatzea;
c) material horiek hizkuntza-trataera egokia izan dezaten zaintzea;
d) irakasleei, ikasleei eta irakasmunduan zuzeneko zeresana duten gainerako talde eta norbanakoei aldiro-aldiro aukeran dauden euskal ikasmaterial horien berri zehatza ematea;
e) ikasmaterial horien kalitatea (konposizioz, maketazioz eta irudi-argazkiez, inprimaketa eta enkoadernazio egokiz) bultzatzea.
Hona bildu gaituen arrazoiak —testuen gaineko zuzenketa— c) eta e) epigrafeei begira jartzen gaitu.
Euskarazko 400etik gora ikasmaterial argitaratzen dira, urtero, gure ikastetxeetan erabiltzeko. Testu-liburuak dira gehienak, baina bestelakoak ere asko dira tartean: ariketa-koadernoak, irakasleen gidaliburuak, gai monografikoak lantzen dituzten kontsulta-liburuak, entziklopediak, eskola-hiztegiak eta eskola-atlasak, besteak beste.
Liburu-formatuan argitaratzen dira gehienak. Gero eta ugariagoak dira, ordea, ikus-entzunezkoak ere, eskola-mundurako kaseteak, CD-ROMak eta Internet bidezkoak, hain zuzen ere.
Argitaldari eta produkzio-etxe asko dira, hartara, urtero-urtero egiten den EIMAko deialdira atxikitzen direnak eta, baldintzak betez gero, diru-laguntzak jasotzen dituztenak. Oso ezagunak dira lan-esparru horretan diharduten etxe batzuen izenak. Sei dira nagusiak (Elkar/GIE, Erein, Ibaizabal, Zubia/Santillana, Giltza/Edebé eta Anaya/Haritza), baina denera badira pare bat dozena.
Hezkuntza Sailak erabakimen zuzena du ikasmaterial horien onespen- eta autorizazio-arduran[1]. Berak eman ohi die, ondorioz, euskal ikasmaterialei, eskolan erabiliak izateko onespena. Hartarako, berriz, kasuan kasuko onespen-azterketa egin ohi da. Labur esanda hiru eratako azterketa egiten da:
a) Azterketa teknikoa: ikus-entzunezko eta software-ikasmaterialgintzak ea gaur egun mundu profesionalean ohikoak diren eskakizun-estandar teknikoak ongi errespetatzen diren ala ez aztertzen da atal honetan. Hizkuntzazko egokitasun-azterketak egiten ditugunon esparrutik kanpo dago ardura hori.
b) Eduki-azterketa: aztergai den materialak kasuan kasuko ikasketa-programa ofiziala behar den neurrian jarraitzen edo errespetatzen duen ikertzen da atal honetan. Bistakoa da, edukiak hizkuntzarekin duen loturagatik, era batera edo bestera, gure esparruarekin duen lotura erabatekoa, are gehiago herri moduan Euskal Herrian bizi dugun gatazka kontuan hartzen bada. Denok gara kontziente gai sozial eta kulturalen trataeran, lurraldetasunaren ikuspuntuaren jarreran, herriaren historia azaltzerakoan eta abarretan, kontzeptu bat edo beste erabiltzeak, hitz bat, ñabardura bat, iradokizun bat proposatzeak... errealitatearen interpretazio anizkoitzak erakusten dituela. Badira gai horretaz egindako hausnarketak eta liburuak[2], batzuk orain-oraintsukoak, gainera. Baina, gaurkoan, ez dugu hori aztergai. Bestelako kontu bat —hizkuntzaren zuzenketarena, alegia— dugu gaur hemen argitu beharrekoa. Zernahi dela ere, edukien esparru horretan ere ez gara sartzen hizkuntzazko onespen-aztertzaileok.
c) Hizkuntza-azterketa: Euskaltzaindiak emandako edota onartutako arauak eta gomendioak ondo betetzen dituzten eta, jakina, euskararen oinarrizko legeak behar den bezala errespetatzen dituzten ala ez ikertu ohi da atal honetan; eta, jakina, haurren adina eta hizkuntza-gaitasuna ere kontuan hartu nahi izaten da azterketa horri ekiterakoan. Alor hau dagokigu guri.
Aurrera baino lehen, hala ere, zehaztasun bat: EIMAren bidez, unibertsitate-mailako liburuentzako laguntza ere badago, baina hori ere ez da gure esparrua. Unibertsitateko ikasketez beherakoa hartzen du gureak.
EIMAko egungo egitura eta giza baliabideak
Hizkuntzazko onespen-azterketaz Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzua arduratzen da. Hezkuntza Administrazioak berak, horretarako, lehen ez bezalako baliabideak ezarriak ditu azken urteotan hizkuntzazko onespen-azterketa arrazoizko kalitate-mailara eramaten saiatzeko. Egindako saioen argi-itzalek eta azken urteetako eskarmentuak lehen ez bezalako aukera eskaintzen digute orain guztioi xede zehatzagoak finkatzeko eta egokitasun-estandar zentzuzkoagoak aplikatzeko.
Lan-talde homogeneoa lortzen ahalegindu da Saila eguneroko lan praktikoan sortzen diren problemei erantzun koherente eta bateratua eskaintzeko.
Hala, propio hizkuntzazko aztertze-lanari berari dagokionez, EIMAn, gaur egun, alde batetik, onespen-aztertzaileen taldea eta horien koordinatzailea dauzkagu; eta bestetik, Aholku-batzordea. Egitura hau 1999tik honakoa da, ordura bitarteko egitura, gero ere ikusiko dugunez, bestelakoa baitzen.
Onespen-aztertzaileak eta koordinatzailea. Gauza ezaguna da argitara ematen diren ikasmaterialak gero eta berezituagoak direla espezialitatez, ikasmailaz eta abarrez. Hori dela eta, onespen-azterketako aditu horiek jakintza-alor diferentekoak izatea komeni zen, eta halatan daude izendatuta. Zazpi dira gaur egun aditu horiek, eta honako espezialitate hauetakoak dira: gizarte-alorrekoa, hizkuntza-alorrekoa, natura-zientzien alorrekoa, teknologia-alorrekoa, musika-alorrekoa, fisika-kimika alorrekoa, enpresa-zientzien alorrekoa, eta informatika- eta matematika-alorrekoa. Aditu tekniko horien txosten-jardunek beharrezko barne-lotura izan dezaten, eta argitaldariek horren falta nozi ez dezaten, koordinazio-lana egingo zuen figura ere behar zen: koordinatzailea. Lan horixe da gaur-gaurkoz nirea. Lan-talde hau da hizkuntzaren kontrola egiten duena.
Aholku-batzordea. Langintza hori bide onetik eramateko, EIMAko zuzentasun-irizpideak finkatzeko besteak beste, ikasmaterialen Aholku-batzordea dago, bestetik. Batzorde horretako kideak, Euskara Zerbitzuaren buruaz eta EIMAko onespen-aztertzaileen koordinatzaileaz aparte, honako hauek dira: Joxe Ramon Zubimendi, Euskaltzaindiaren proposamenez izendatua; Xabier Mendiguren Bereziartu, Euskal Editoreen Elkarteak proposatua; eta Juan Gartzia, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak proposatua.
Eginkizun jakina izan du Aholku-batzordeak azken urteotan: ikasmaterialetarako estilo-liburua prestatzea, batez ere. Hori izan du urteotako langintza nagusia. Estilo-liburu horren beharra aspaldidanik aipatu izan da han-hemen. Hezkuntza munduak, oro har, eta eskola-liburuekin harreman zuzena duten profesionalek bereziki, behin baino gehiagotan adierazi izan dute hori: ikasmaterialgileak, hartan diharduten argitaletxeetako orrazketa-arduradunak eta material horien onespen-aztertzaileak ditugu, esaterako, diogunaren lekuko. Estilo-liburua ez da bide bakarra, jakina, ikasmaterialgintzan ari direnek esku artean dituzten korapiloak askatzeko eta konponbideak bilatzeko. Ezingo da ukatu, hala ere, urrats bat ez denik. Gero itzuliko naiz gai honetara berriz. Egin dezagun historia apur bat lehenago.
Historia apur bat. Hainbat fase
Guztiok dakigu denboraren joanean beharrak eta arazoak aldatu egiten direla. Hala dirudi gertatzen dela hemen ere, hala gertatu zaigu guri behintzat: testu-zuzenketan gaur arazotzat ditugun hainbat gorabehera lehen ez genituen arazotzat hartzen; aldiz, lehen arazo genituen batzuk ez dira jada arazo. Bilakaera nabaria sumatzen da gure lan modu eta lehentasunetan.
1991n kokatzen dut abiapuntua. Urte hori baino lehenago ere egiten ziren EIMAn ikasmaterialen hizkuntzazko azterketak, baina urte horretan eskaini ziguten batzuei lan horretan aritzeko berariazko jardunbidea edo dedikazioa, eta ordutik honakoaz arituko naiz ni.
Gogoratzen naiz hasiera hartan oso gramatizistak ginela, oso gramatikazale jokatzen genuela. Gaurkotik begiratuta, garbi daukat, neurri handi batean, defentsa-jarrera zela orduko gure hura, izan ere, euskararen idaztarauak berak ere, esate baterako, oraindik aski lauso zeuden garaia zen; eta ortotipografian, onomastikan, puntuazio-marketan eta abarretan joera eta molde diferente asko batu gabe zeuden artean. Geure ezjakintasuna ere ez zen txikia, bai eskarmentu faltaz eta bai formazio faltaz ere, eta arauak betez gero, dena listo zegoela uste genuen. Hala, gramatikazko zuzentasunari begiratzen genion batik bat. Hizkuntzaren barne-egitura sistematizatua osatzen duten atalak zaintzen genituen nagusiki (ortografia, hitz-eraketa edo morfologia, sintaxia, erdarakada nabarmenak...). Hizkuntzaren berezko egiturak eta arauak, legeak eta debekuak ongi betetzen ziren aztertzen genuen, beraz. Horixe zen gure lan-esparru nagusia hizkuntza zuzen neurtzeko orduan, horixe baitzen geure hutsuneak eta errakuntzak zuzentzerakoan ere aplikatzen genuena. Euskaltzaindiaren EGLU bildumako lehen hiru aleak eta gramatika batzuk ziren, Orotariko Euskal Hiztegiko lehen liburukiekin batera, gure bermaleku bakar eta ahulak.
Ibilian joan ginen ikasten. Sasoi onean etorri ziren, 1995eko bueltan, alde batetik, Zubimendiren eta Esnalen Idazkera-liburua[3], HAEE-IVAPen Hizkera argiaren bidetik[4], EGUNKARIAaren Estilo liburua[5] eta beste hainbat. Zorionez, euskara idatziaren eredu batua ere finkatuz zihoan (ARAUAK eta hiztegi batuko hitzen zerrendak orduan hasi zen argitaratzen Euskaltzaindia). Helduleku bikainak bihurtu ziren horretan geniharduenontzat. Gramatika-maila gainditu eta testuaren organikotasunaren zantzuak antzematen ere orduantxe hasi ginen, bestetik: orduantxe egin zitzaizkigun ezagun Teun A. Van Dijk eta Jean-Paul Bronckart, esate baterako; garai horretan ikasi genuen, testu-gramatikarekin batera, zer ziren erlazio anaforiko eta kataforikoak; zer, lokailuak eta antolatzaileak; zer, testu-egituren sekuentzien eta hezurduren garrantzia; zenbaterainoko garrantzia zuen modalizazioak; testuaren kohesioari eta koherentziari derrigorrean eutsi behar zitzaiela testuaren komunikazioak funtziona zezan, etab.
Urrats handia gertatu zen hor, orduan konturatu baikinen gramatikazko eta grafiazko zuzenketa guztiak urrats bat baino ez zirela (ez zela aski ergatiboa noiz falta edo sobera zen esatea, edo arazi guztiak lotuta joan behar zutela, edo hil(abete)en izenak letra xehez zirela, edo zenbakiak ordura artean ez bezala idatzi behar zirela...). Beste era batera esanik, gramatikazko legeak eta idaztarauak betetzearekin bakarrik ez dela zuzentasun beterik eskuratzen. Zeregin zabala irekitzen zuen horrek, zeren zuzentasunaren eta kalitatearen auzia, tipografiatik eta ortografiatik hasi eta lexikoa eta sintaxia gaindituz, testuaren koherentzia eta kohesioraino iristen den fenomenoa dela jabetu baikinen.
1999-2000. urteen bueltan eman zen beste urrats bat. Ordurako, Juan Gartziak Joskera lantegi[6] liburu trinkoa argitaratua zuen. HAEE-IVAPek ere bai Zalantza dantza[7] liburuki biziki praktikoa. Bittor Hidalgok ere hitzen ordenari buruzko bere tesia defenditua zuen[8]. Ibon Sarasolaren Euskara batuaren ajeak[9] izeneko liburuak ere hautsak harrotu zituen majo garai horretan. Bitarteko teknikoak ere eskuratu zitzaizkigun (EUSKALTERM, esate baterako). Testu-liburuetako hizkuntza-mailari buruzko kritika seriorik ere agertu zen publikaturik[10].
Garai horretan hartu zuen EIMAk gaur egun duen egitura eta moldea. Orduantxe hasi ziren lanean bai hizkuntzazko onespen-aztertzaileen eta koordinatzailearen taldea, bai Aholku-batzordea ere. Ezer baino lehen, norabide biko jardunbidea jarri zen martxan orduan: alde batetik, Aholku-batzordekideei, urte pare horretako ikasmaterial-ekoizpenaren lagin bat helarazi zitzaien material hori azter zezaten, eta aztertu, lorpenetatik akatsetaraino, hobekizunak seinalatuz eta hobebideak bilatuz, ikasmaterialen onespenerako irizpideak zehazten laguntzeko; eta beste aldetik, artxibaturik zeuden garai horretako hainbat azterketa-fitxaren eta txostenen ebaluazioa ere egin zen, haietan markaturiko akats, flakezia eta premiak ere ildo beretik zihoazen edo ez ikusteko. Kontraste-lana egin nahi zen, alegia. Aholku-batzordekideen iritzia aho batekoa izan zen: gehienetan, ikasmaterialetan lortzen zen egokitasun-maila aski ona zen, eta ez zegoen zer kritikatu handirik ortografia-, morfosintaxi- eta gainerako arau gramatikalei eta, oro har, zuzentasun gramatikalari zegokienez; baina, neurri berean, argi geratu ziren agerian berandu baino lehen aurre egin beharreko bestelako gabezia batzuk: hizkuntzaren halako gogorkeria moduko bat, lehorkeria, zurrunkeria, malgutasun-gabezia... aipatzen zen; atzerakargaren konstatazioa ere agerikoa zen; erdal interferentziek eragindako estilo bihurriaren zama ere nabarmena zen (nominalizazio-estiloari tamaina hartu ezina, horrek sortzen zuen konplementazio-arazoa, erdal adjektibo batzuen kalko-erabilera okerra, etab.). Fitxa eta txostenen ebaluazio-analisiak ere guztiz antzeko emaitza eman zuen: interferentzia-arazoak ziren haietan ere adituek markaturiko akatsik seinalatuenak (bat zenbatzailearen gehiegikeria, nominalizaziorako joera handiegia, ezberdin (desberdin) hitzari ematen zitzaion balio adjektibal ustela, esaldi luzeegietarako joera, aspektuaren trataera kalkatua, erdal gerundioaren moldaketa beti-berdina (-(e)z, -(e)larik, batik bat), bezala partikularen gehiegikeria...); gero, kohesio-arazoak, ortotipografikoak, etab. zetozen. Estilo-liburu baten beharra sumatu zen.
Garai berean, argitaletxeetako hizkuntza-zuzentzaileei inkesta-galdekizun bat egiteko aukera ere izan zuen Aholku-batzordeak. Haietan erantzunek klaru adierazten zituzten eskari batzuk: irizpide seguru baina malguak erabiltzeko; orobat, arau-gomendioak ongi bereizteko; teknikarien irizpideak bateratzeko; eta zalantzak argitzeko moduren bat eskaintzeko. Estilo-liburu baten beharra esplizituki aipatzen zuten haiek ere.
Esku artean ditugunak
Goiko datu horiek eskuan, zalantzarako tarte handirik ez zen. Bagenekien, gainera, euskal liburugintzaren erdia irakaskuntza inguruko liburua zela[11]. Estilo-liburu bat egiteko erabakia hartu zen orduan. Hasiera batean, liburu bat geneukan buruan, baina berehala konturatu ginen bat horrek, bere osotasunean, urte asko eramango zizkigula. Atalka jokatzea erabaki zen, beraz, eta erabaki horren ondorio dira orain esku artean darabiltzagun lanak: alegia, ortotipografiari buruzko txostena, interferentziei buruzkoa, morfosintaxiari buruzkoa eta onomastikari buruzkoa.
Ortotipografia
Noiz erabili letrakera arrunta? Noiz, etzana? Noiz, kakotxak? Nola idatzi siglak, sinboloak eta laburdurak? Nola lotu horiek hitzaren lexemari? Nola aipatu bibliografia? Baziren euskararen esparruan aurretiko ahalegin eta ohitura batzuk ortotipografiaren alorrean. Horien elkartze, formaberritze eta adoste zabal bat nahi zen lortu, eta denon eskura jarri han-hemenka sakabanaturik zeuden proposamen, gomendio eta ohitura eginak. Aholku-batzordeko kide den Joxe Ramon Zubimendik ekin zion alorrari, eta berak atondu du mintzagai dugun ortotipografia atala, baina ez da bakar-lana izan, lan horrek jende askoren ekarpenak jaso baititu bere ibilbide luzean: Aholku-batzordeko kideenak, esaterako, lehen eta azken faseetan; baina ez haienak bakarrik. Ibilbide kalkulatua eta irekia eman nahi izan zitzaion lanari hasieratik; irakasmaterialen esparrutik landa ere eragina izateko modukoa. Hartara, lehen eskualdiko testuaren gainean, kontsulta zabala egin zen, eta denbora hartu zen ekarpenak soseguz aztertzeko: urtebete pasa. Euskaltzain, idazle, onespen-aztertzaile, argitaletxeetako teknikari, itzultzaile, irakasle..., jende asko izan zen lehen idazkuntza hari bere ekarpen-erreparo-zuzenketak eta hobespen-oharrak egiteko aukera izan eta egin zuena. Emankorra gertatu zen esperientzia.
Zabalkundeari eta eraginkortasun horri begira, horrenbestez, Euskaltzaindiaren oniritzia ere behar zuen lanak, jakina. Eta horixe eskatu zitzaion Akademiari duela hilabete batzuk. Zorionez, «egoki eta taxuzko» iritzia eman dio hark Zubimendik egin, EIMAko Aholku-batzordeak atondu eta Hezkuntza Sailak aurkeztutako lanari. Euskaltzaindiaren berme horrekin, beraz, inprentara bidean jarrita dago dagoeneko lan hori.
Berri ona da, dudarik gabe, testu-zuzenketaren esparru honetan lanean ari garenontzat. Eguneroko buruko min praktiko frankoren erantzun zehatzak datoz bertan. Konpondu ez den arazo batek hor dirau, hala ere, eta arazoa ezin da ezkutatu: ortotipografiari buruzko lan handi hori eginda ere, «Hitz elkartuen idazkera» atala oraindik ere auzitan dago. Euskaltzaindiak ez du atal hori epaitu, eta ez du horretaz irizpenik eman. Atal horretan, Euskaltzaindiak berak bere arauetan (25.ean) «Hitz elkartuen osaera eta idazkera»z dioenaz baino haratago ez du oraingoz biderik urratu nahi izan.
Hezkuntza Sailak begirune eta errespetu osoz onartu du erabaki hori, eta ez dio muzin egiten. Hala ere, Euskaltzaindiak ematen dituen aukeren artean, gomendio modura, EIMAk uste du Zubimendiren liburuki horretan ageri den ortotipografia-araudia eskatzea komeni dela ikasmaterialetan eta hala egiteko asmoa du aurrerantzean.
Erdarazko egituren kalko okerrak
Txosten hau ere dagoeneko atondurik dago. Juan Gartziak egin du. Sarrera teoriko bat egin dio hasieran, eta bertan dio berezkoa eta etengabea duela edozein hizkuntzak bere baitako lehia eta tirabira, indar finkatzaileen (bateratzaile) eta aldatzaileen arteko dialektika; normala dela, era berean, aldez edo moldez, eta gehiago edo gutxiago, kontaktuan baitaude, hizkuntzek elkarri eragitea; eta hortxe sortzen direla interferentziak (ala itoferentziak deitu behar ote?) eta kalkoak; eta kalko batzuk okerrak direla. Zein? Premiarik gabe, abantaila baino kalte handiagoz, erdararen imitaziora jotzen dutenak. Hortik abiatuz, kalko arruntez baino gehiago, testugile trebatu batentzat zalantzagarri gerta daitezkeen gramatikaz gorako kontuak dakartza, gero, hurrengo ataletan:
a) alde batetik, perpausen baitako elementuen kalkoak: bat ala -a; erdaraz izenaren aurretik doazen adjektiboen euskal ordainak (berri, ezberdin); -egi atzizkiaren gehiegikeria; «presente historikoa» / orainaldi narratiboa, etab.
b) bestetik, perpausetik goragoko kalkoak: bezala konparazio-partikularen abusua; erakusleen testu-erabilerak: haren / beraren (berretua) / bere (bihurkaria); erakusleen lehen graduaren gehiegiko erabilera (hautismoa) [hizkuntza bakoitzak du bere anafora-sistema]; nominalizazio-estiloaren gehiegikeriak, etab.
Ortotipografiaren txostenarekin egin bezala jokatu da honekin ere: jende artera zabaldu da, jendearen iritzi-kritika-ekarpenak jasotzeko. Horiek Aholku-batzordean aztertu dira, eta orain, azken ukituak egiten ari da Juan Gartzia bera. Laster batean Euskaltzaindiari pasatuko zaio txosten hau ere, hark bere iritzia eman dezan.
Onomastika
Nori ez zaio gertatu? Aizu, nola idatzi behar da: Etxepare, Etchepare, D'Etxepare...?; Bernat, Bernardo, Beñat...?; nola, Almantzor, Almanzor ala Al Mansur?; nola, Napoles ala Napoli?; nola esan euskaraz, esaterako, Blanca de Navarra?; nola, Errenazimentu, Errenazimendu, Berpizkunde...?; Don Quijote de la Mancha ala On Kixote Mantxako?; nola, nazioarteko erakundeak: Nazioarteko Diru Funtsa ala Diruaren Nazioarteko Funtsa?
Zabala da onomastika, bihurgune ugarikoa eta adar are ugariagokoa. Zabala eta bizia, dinamikoa, bestalde, egunero sortzen eta agertzen baitira izen berriak, eta hiztunen joerak ere aldatuz baitoaz. Nekez bilduko da, beraz, onomastika izenaren azpian dagoen izen multzo erraldoi hori irizpideen uztarpera, eta salbuespenak ere, ezinbestean, ez dira gutxi izango. Alabaina, oinarri bat, aski zabala, ezartzeko asmotan, EIMAk Onomastika-batzorde bat sortu zuen duela urte eta erdi. Euskaltzaindiak, euskara batua eraikitzeko ahaleginean, onomastikari ere heldu dio, eta gutxieneko batzuk finkatu ditu dagoeneko. Hala ere, onomastikaren esparru zabalean oraindik arautu gabeko azpiarlo ugari zegoenez, gabezia horiei erantzuteko ekin zion lanari batzordeak.
Bederatzi lagunek osatu dute Batzordea, eta urtebetez jardun du lanean. Lan horien koordinazioa eta euskarri teknikoa Elhuyar Fundazioaren zeregina izan dira, Euskara Zerbitzuarekin sinatu zuen kontratuaren indarrez. Bertatik, Alfontso Mujika eta Ane Goenaga bildu izan dira teknikari, koordinatzaile eta material-hornitzaile gisa. Hedabide-esparruko euskara-adituak ere izan dira: Asier Larrinaga (EITB) eta Patxi Petrirena. Argitaletxe batzuetako ordezkariak ere bai: Manu Arregi (Elkarlanean), Iñigo Roque (Giltza/Edebé) eta Ainhoa Basterretxea (Zubia/Santillana). Eta Hezkuntza Sailak izendatutako ordezkari bi: UEUko Historia arloko kide den Irati Itziar eta EIMAko koordinatzailea.
Eskola-liburuetako onomastika finkatzeko egindako ahaleginaren emaitza esku artean dugu dagoeneko. Bertan, eskolako ikasgaietan agertzen diren izen bereziak —lekuak, pertsonak, gertaerak, erakundeak, artelanak...— idaztean maizen sortzen diren zalantzak konpontzeko argibideak eta irizpideak jaso dira, eta baita txostenak atxiki ere.
Lanaren hastapenetan, bi iturri erabili ziren hasierako corpus onomastikoa osatzeko:
- Elhuyar Fundazioaren datu-base onomastikoa (28.343 sarrera).
- Hainbat eskola-liburutatik egindako hustuketa (3.614 sarrera).
Abiapuntutzat hartutako hasierako corpus hori handiegia zen, eta hainbat irakasleri pasatu zitzaien iragazi eta beren eguneroko jardunean premiazko zituztenak hauta zitzaten. Irakasleek egindako galbahe lan horretatik, 2.994 toponimo (leku-izen), 3.805 antroponimo (pertsona-izen), 897 artelan eta 1.408 bestelako sarrera (gertaera historikoak, aro historiko eta geologikoen izenak...) ditu txostenak. Sarrera horiek guztiak multzoka antolatu eta landu ditu Batzordeak, eta multzo bakoitzeko irizpideak landu, eztabaidatu eta adostu ditu. Irizpide horiek aplikatuta osatu dira gero arloz arloko zerrendak, erdaretako formez eta oharrez horniturik.
Txostena, amaiturik, EIMAko Aholku-batzordearen eskuetan dago orain. Uda baino lehen Euskaltzaindiari aurkezteko asmoa dago.
Morfosintaxia
Jada abian den txostena da morfosintaxiari buruzkoa ere. Patxi Petrirena ari da hura atontzen. Bertan, ikasmaterialen hizkuntzazko egokitasunaren azterketetan onespen-aztertzaileok sumatutako akats, ondoez, ezin, zalantza, badaezpadako erabilera, ezbide, aldrebeskeria eta eskasia jakin batzuei erantzun zehatz eta doia ematen saiatuko da Petrirena. Nahiz gorabehera batzuk jada eztabaidatuak eta erabakiak dituen Aholku-batzordeak, azken txostenak luze joko duen errezeloa dago, hainbeste dira-eta auzi-mauziak. Besteak beste, honako hauek, esate baterako:
Lokailuen inguruko zalantzak: izan ere + bait- erredundantzia; ezen noiz erabili, etab.
Juntagailuen inguruko zalantzak: edo/ala; balio banakaria duten juntagailuen korrelazioa zaintzea (bai... bai, nahiz... nahiz), etab.
Menderagailuen inguruko zalantzak: ote modalizatzailearen erabilera, alferrikako erlatiboak saihestu beharraz, erlatiboa vs zehar-galdera, etab.
Aditzaren lekuaz, aditz-lokuzioak eta galdegaia, etab.
Mugatu/mugagabea, etab.
Saski-naski
Oraindik proiektu baino ez den balizko bosgarren txostenari eman diogu izen hori. Bertan, zalantza eta tirabira sortzen duten hainbat arazo ortografiko, gramatikal eta lexiko-semantiko sartzea aurreikusten da orain-oraingoz: aditz jakin batzuen erregimena zehaztu beharra (agindu: egitea/egiteko); hitzen balio semantikoa bereizi beharra: bateko/unitate, gehitu/batu, noski/jakina, kantitate/kopuru; hitzen forma estandarizatua zehaztu beharra: -aje/-aia: erreportaje/erreportaia, edo -gailu/-dore: alternagailu/alternadore; hitz jakin batzuen hobespena: ausazko, menturazko / aleatorio; gorabehera ortografikoak: aurre- aurrizkia nola lotu e bokalez hasten diren hitzekin (aurre- + elikadura, aurre- + erromantiko); -gune eta -une hitzen eratorpen-balioak duen arau-indarra, etab.
Zer hobetu da azken urteotan?
Ikasmaterialen hizkuntzazko egokitasunean asko aurreratu bada ere, ezaguna da, oraindik ere, ikasmaterialetako euskara dela-eta, hainbat jende kezkaturen galdera. «Laguntzen ari ote gara benetan ikasleei, beren hizkuntza-gaitasuna sendotzen eta zabaltzen, edota etxetik eta irakasle trebearen ahotik ondo samar zekitena zabartzen eta ahultzen ari gara?». Horrelako iritziak entzutea ez zaigu harritzekoa gertatzen. Arazoa, baina, muinaren muinera bagoaz, ez da eskola-materialena berena bakarrik: ez da testu horietan sortua, eta ez da horietan bakarrik ageri. Hizkuntza idatziaren batez besteko bilakaerak esplikatzen ditu, gure ustez, egungo prosa landu ustezkoaren argi-ilunak. Hor kokatu behar da, inon kokatzekotan, testu-liburuen kontua ere.
Kezka horiek gorabehera, hala ere, baikor dakusat nik testugintzako euskararen maila eta kalitatea, eraikuntza-tentsioan ikusten da-eta euskara. Gizarte-indar ahulak dakarzkigun oztopoak hortxe badiraute ere, uste dut urrats asko egin eta lorpen handiak erdietsi ditugula azken urteotan euskararen lanketan[12] eta testugintzaren kalitatean.
Iritziak iritzi, zortzi lorpen aipatuko ditut.
1. Izen bat eman behar eta, prosa didaktiko[13] izena baliatuko dut ikasmaterialen testu-tipologia definitzeko. Eta esan behar dut, nire ustez, prosa molde hori bere historia egiten hasia dela gurean.
Urte askoan, prosa didaktikoaren eredu bat aurkitu nahian ibili gara, eredu falta ikaragarria genuen eta: zein lexiko mota erabili eta noiz erabili; zein esamolde, klixe eta komodin; noiz esaldi luzeak, noiz laburrak; noiz jator, noiz mordoilo; nola jokatu anaforikoekin; zer egin menpekoak elkarrekin kateatzen direnean; Altuberi zenbateraino egin kasu; eta beste makina bat gauza.
Tradizioari begira jarrita, Axularren lana genuen, alde batetik. Baina haren prosa gaur egungo moldeetatik urrunxko geratzen zitzaigun, eta ez zigun balio. XIX. mende-bukaera eta XX. mende-hasierara etorrita, Sabin Aranaren axiomen inguruan, garbi ikusten da ahalegin berezia Euskal Herrian euskararen irakaskuntzaren inguruan. Ez ziren lan asko izan, baina zinez aipagarriak bai, eta, liburuekin batera, medikuntza, matematika, fisika eta kimikaren arloko autore batzuk: Jean Etxepare medikua, Ixaka Lopez Mendizabal, Jokin Zaitegi, Gabirel Jauregi, etab. Baina jarraipenik gabeko lanak izan ziren haienak ere.
1970eko urte inguruan kokatzen da prosa didaktikoa kontzienteki lantzeko nahia[14], Donostian eta Bilbon finkatutako talde batzuen ekimenean zehazki, 1960ko hamarkadako mugimendu politiko abertzale jaioberriaren bultzadaren fruitu modura. Gabezia izugarria zen, eta autore gehienak autodidaktak. Anaitasuna, Zeruko Argia, Elhuyar, UEU, UZEI... izan ziren plataformak. Mesfidantzak, erreparoak eta kritikak ere ez ziren falta izan («Leioako euskalkia» esamolde despektiboa, agian, arbuiagarriena). Agian ez ziren erabat kontziente gaur egun lantzen ari garen prosa didaktikoa sortzen ari zirela, baina ukaezinak dira euskara zehaztasunez eta erraztasunez erabiltzeko haiek egindako ahaleginak. Hasieran erabat teknikoak izan ziren —adierazpen matematikoak irakurtzeko eta adierazteko esamoldeak nolakoak izan behar zuten, etab.—, baina ezinbestean sortu ziren prosa zientifikoaren inguruko estilo-arazoak ere, eta horiei erantzun beharra.
Berriz diot: tradizio horren harian, ordutik hona, euskarazko prosa didaktikoaren (eta zientifikoaren) eredua nahiko gauzatuta dagoela uste dut. Egia da puntu batzuetan oraindik badela kontrako jarrerarik —bat aipatzearren, lexikoa aipatuko nuke adibidez, non babelizazio-aztarnak[15] oraindik ere hor dauden (portzentaje/portzentaia; portzentaje/ehuneko; oskoldun/krustazeo; belarjale/herbiboro; digestio edo txegoste/liseriketa...)—, baina urte gutxian egindako bidea oso luzea izan da.
2. Testu-gramatikaren ekarriak nabarmen jokatu du hobekuntza horretan.
Duela urte gutxi arte, hizkuntzaren ikasketan, perpausa izan da analisiko elementu nagusia. Soinuaren unitateak (fonemak), elementu gramatikalak eta haien deskripzioa (morfologia) eta erlazioak (sintaxia), hitzen eta esaldien esanahi-balioa (semantika) eta horiek guztiek osatzen duten multzoa ziren interesguneko elementu bakarrak. Esana dugu arestian. Hizkuntzaren kanpotiko faktoreek, hala nola intentzionalitateak, igorlearen eta hartzailearen ezaugarriek, komunikazio-egoerak eta bestek ez zuten aparteko garrantzirik.
Konturatzen joan gara hitzek eta perpausek ezin dezaketela komunikazio osoa eman; komunikazioko parte direla, bai, baina parte bakarrik. Komunikazioa hanka-motz geratzen da horiekin bakarrik. Hura lortzeko, hitz eta perpausez gaindi gertatzen den ideia edo gaien unitatea den testua behar da. Izan ere, errealitatean, komunikazio-egoeretako gertaerak eta berbaldiak testuak dira, ez perpausak.
Komunikazio-ekintzetan, testuez gain, hau da, hizkuntza-gertaerez gain (hitzak, perpausak, paragrafoak...), kontestu bat dago beti, testuekin erlazio estu-estuan baina testutik at dauden kanpoko faktoreen mundua, alegia (igorlea, hartzailea, komunikazio-asmoa, komunikazio-unea eta -tokia).
Azken urteotako ikasmaterialak asko ondu dira aspektu horretan. Gaur egungo ikasmaterialgileek badakite testu on batek ezaugarri batzuk bete behar dituela:
Egokitasuna: Hizkuntzak eskaintzen dituen aukera linguistiko guztietatik komunikazio-egoera bakoitzerako egokiena aukeratzen jakitea, alegia.
Koherentzia: Testuaren edukia modu argi, logiko eta lotuan ematea, alegia. Hots, testuko ideiak egitura, progresio eta ordena logikoan dauden emanak zaintzea, informazio garrantzizkoa ez denekotik bereiztea, ustekabeko errepikapenak saihestea, komunikazio-egoera bakoitzari dagozkion sarrerak, atalak, ondorioak, etab. tentuz neurtzea, etab.
Kohesioa: Testuko esaldiek eraman behar duten lotura sintaktikoa zaintzea. Testua osatzen duten elementuak (hitzak, esaldiak, paragrafoak...) ez dira unitate lokabeak, josirik doazenak baizik. Zenbat eta hobeto josi elementu horiek, kohesionatuagoa izango da testua. Juntagailuak, menderakuntzako erlazio-hizkiak, elipsiak, lokailuak, antolatzaileak, deklinabide-atzizkiak, puntuazio-markak, etab. dira kohesio-elementuak.
Zuzentasuna: gramatikaltasuna.
Aurkezpena: Hitz egiterakoan, ahotsaren kontrola, etenak, intonazioa, keinuak, begirada eta abar zaintzea. Idatzizkoan, formatua, marjinen jokoa, lerro kopurua, kaligrafia, txukuntasuna, etab. zaintzea.
3. Irakaskuntza-liburuak ezaugarri bere-bereak dituela ere konturatu gara, eta horietaz baliatzen ikasi dugu.
Nahiko mundu propioa da irakaskuntzako liburuarena. Ekoizpen-prozesuari begira ezaugarri nabarmen batzuk ditu. Torrealdaik lau ezaugarri atxikitzen dizkio[16]. Bistan da ezaugarri horietako bik, lehenengo biek, mesederako zein kalterako, bete-betean ukitzen dutela hizkuntzazko zuzentzaileon jarduna:
- Lan-taldea da gehienetan ikasmaterialaren egilea, ez autore bakarra. Argitaletxeak berak sustatu eta antolatutako lan-taldea gehienetan, eta ia beti gai jakin bateko espezialistek osatua. Zer esanik ez, hizkuntza-mailan oztopoa sortzen du sarritan horrek, hainbat esku aritzeak idaz-irizpideen sakabanatze-arriskua baitu beti berekin. Baina kontziente dira horretaz orrazketa-arduradunak.
- Erraz zaharkitzen da ikasmateriala. Irakaskuntza-plangintzaren aldaketa dela, pedagogia-metodologiaren aldaketak direla, edukia ere eguneratu egin behar dela, informazio estatistikoen berrikuntzak direla..., sarri berritzea komeni da ikasmateriala. Abantaila gertatzen da hori testuaren kalitateari begira, euskararen inguruko azken arauei eta joerei jarraitzeko aukera ematen du eta.
- Konposaketa-lanak teknikoki zailagoak dira, letra tipo desberdinak tarteko edo ilustrazio ugaria duelako (eskemak, kartografia, infografia, argazkiak, etab.). Koloreak, paperaren kalitate onak eta koadernatze sendoak garestitu egin ohi dute liburu modu hau.
- Berezi-bereziak ditu promozio-bideak eta salmenta-bideak. Merkatu eta zirkulazio bereziko materiala da. Ehuneko handi batean ikastetxeetan bertan saltzen da.
Prosa didaktikoaren funtzioak hartara behartuta, hauek dira kontuan hartzen diren ezaugarriak:
- Estrukturazio zorrotza behar dute, ikasmaterialen helburua, beren eginkizunean eta intentzioan, doitasuna, argitasuna, objektibotasuna, egiaztagarritasuna, unibertsaltasuna eta antzeko balioak izatea baita. Estrukturatze-behar horrek hartaraturik, normalean bi testu tipo nagusitzen dira: azalpen-testuen moldea eta argudio-testuen moldea.
- Koherentzia logikoa ere asko zaindu behar da. Kontraesanak, digresioak, zehaztu gabeko azalpenak eta antzeko gabeziak erabat saihestu behar dira, ulermen-zailtasuna eta doitasun-eza baino ez baitakarte horiek. Hala, antolatzaile diskurtsiboek erabateko protagonismoa hartzen dute ideien segida egokia markatzeko (Beraz,...; beste aldetik,....; ondorioz,...).
- Lexiko espezifikoa tentuz kalkulatu eta zaindu behar da.
4. Gaztelaniaren morrontzatik libratzen hasiak gara. Borroka etengabea bada ere, badakigu arriskuak non dauden.
Gogoratzen dut uste faltsu batzuen morroi izan garela urte askoan, pentsatuz —eta hainbatek oraindik hala jarraitzen du— gaztelaniaren (edota frantsesaren) moldea zela eredu, haiek hain maitea duten fraseologiaren ildotik. Uste gaizto hori gaindituta dagoelakoan nago.
Ez dago ezkutatzerik literaturan, pentsamenduan, irakaskuntzan, komunikabideetan... itzulpenak direla nagusi; erdal ereduak aurrean direla sortu (behar izan) dira euskarazkoak. Harritzekoa ez denez, lan horietan ari izan direnek ez dute beti behar adina ezagutu iraganeko euskal tradizioa, ezta itzulpengintza burutzeko ezinbestekoak diren teknika eta prozedurak ere, eta ondorioz ahozko zein idatzizko zenbait testuren ulergarritasunak arazoak sortu izan ditu.
Askotan komentatzen dugun kontu ezaguna da beste hau ere: eskoletan barrena euskarazko sorkuntza-lan gisa dabilen testu-liburu, irakurgai, bideo eta abar dezente ere, lehen begiratu batean dirudien baino gehiago, ez da euskarazko sorkuntza-lan hutsa. Aitortzen direnak baino gutxiago dira euskaraz idatzitakoak, eta are gutxiago euskaraz pentsatuak. Ofizioko irakurleak berehala igartzen du hori. Hor ere erdararen itzala, beraz.
Muga horiek guztiak tartean izanik ere, pauso nabarmena eman da azken urteotan. Hartara, gaur egun bistakoa eta agerikoa da ahalegina —ez dut esaten beti-beti asmatzen denik— albo-erdaren bide (pedante) bera egiten ibili gabe, egitura luze-geldotik aldentzeko; erdal egitura pasiboak albora uzteko; gehiegizko nominalizazioaren eragina zaintzeko; erdal gerundio okerrak saihesteko; aspektuaren erabilera okerrak gainditzeko; menderatu faltsuak antzemateko (eta asko eta asko, euskaraz, koordinazioaren bidez konpon daitezkeela onartzeko); erlatibo faltsuak ekiditeko; etab.
5. Euskararen baitako korapilo batzuk askatzen hasiak gara, eta estiloa arintzeko heldulekuak non dauden antzematen ikasten ari gara.
Egia da, alde batetik, inoiz ez bezala eta euskara osoa kontuan hartuta, Euskaltzaindia etorkizuneko gramatika arau-emailearen osagaiak prestatzen aurrera doan bitartean, erdaretatik gero eta gehiago itzuli eta moldatzen diren testuen eraginez batik bat, gure tradiziozko gramatikaren izaeraz eta mugez gero eta zalantza gehiago sortu ere sortzen zaizkigula. Hala, zenbaitetan, hizkuntza-premia eta gertakari berrien aurrean aurkitzen gara, eta iraganetik beti ezin izaten da erabilpen horien zuzentasuna eta egokitasuna erabaki: ezezkako esaldien joskera-gatazkak, fokalizazioaren arazoa aditz-lokuzio eta perifrasietan, aposizioaren erabilpenari buruzko zalantzak, zeinez baliaturiko egituren mugak, etab.
Baina, bestetik, etengabeko dialektikan, soluziobide askoren jabe egin gara eta kontzienteki jokatzen da hainbat kontu edo gaitan, hala nola galdegaiaren ezkerraldean elementu asko ez metatzen; aditza aurreratuz atzerakarga saihesten eta aditz deklaratiboak aurrera pasatzen[17]; subjektua eta aditza elkarrengana hurbiltzen; subjektua atzeratzeko aukerak baliatzen; definizioetan egitura analitikoak erabiltzen; erlazio anaforiko-kataforikoak doiki zehazten; galdegai faltsuak jartzen[18], etab.
6. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua eta ARAUAK erabakigarriak gertatu dira guztiz. Buruko min franko kendu digute. Esate baterako, hiztegi batua bera, bere murritzean, egundoko baliabidea gertatzen da, ez bakarrik hitzaren forma eta ortografia zehazteko, ezpada aditz-erregimena zehazteko, adiera espezifikatzeko, ageri ez diren hitzen eratze moduak asmatzeko, egokitasun dialektala markatzeko eta abarretarako.
7. XUXEN testu-zuzentzailea ezinbesteko bihurtu da. Zuzentasuna zaintzeko tresna dela jakinik, ikasmaterialetan erabili beharreko euskara zuzen eta estandarizaturako, bitarteko ezin baliotsuagoa da.
8. Kontziente gara euskararen kalitatearen arazoa arazo poliedrikoa dela, aurpegi askokoa, baina aitortu behar da argitaletxeetako orrazketa-arduradunak eta argitaletxeek kontratatutako itzultzaileak izan direla arestian aipatutako estiloaren sortzaileak; alegia, euskal prosa didaktikoa haiei esker ari dela aurrera egiten. Eredugarri bihurtzen ere ari da argitaletxe bat baino gehiago eginbehar horretan.
Zuzentasuna kalitatearen sinonimo da neurri on batean. Kalitate ona lortuko bada, berriz, gainerako baldintza guztien gainetik dedikazioa aipatu behar da. Lau errezeta merkerekin ez dago liburuen hizkuntza-trebetasuna hobetzerik. Bada, testugintzan gaur egun profesionalak ari dira. Horixe da, argitaletxeen apustu hori, beharbada, euskal ikasmaterialgintzan egon den urratsik seinalagarrienetako bat. Joria da, euskara txukunean, aldenik aldeko orrazketarik behar izan gabe, idazteko gai izan eta itzulpen-teknika ederki baino hobeto —zenbaitetan jatorrizko testua bera gaztelania zuzenaren eredu izan gabe— menderatzen duten profesionalen emana.
Hizkuntza-mailako gutxieneko exijentziatik arras gora jo dute beren lanean argitaletxeek (baina ez hor bakarrik: zuzentasun grafikoetan eta forma-kontuetan ere esfortzu handia egin da), eta datuek frogatzen dute ontasun-maila hori: hizkuntza-onespenaren bila EIMAra aurkezten diren ia lan guztiak onartzen dira beren lehen azterraldian; % 5 baino gutxiago dira atzera botatzen direnak[19].
Zer da testu ona, zuzena, egokia?
Testuinguru hori kontuan hartuz, egin dezagun orain beti-betiko galdera: zer da, baina, testu ona, zuzena, egokia? Zer da kalitatezko testu bat? Gustu-kontua ote da? Estetika ote da guztia?
Erraza da galdera; nekezagoa, ordea, gehienok aseko gaituen erantzun laburrik ematea, guztiok besterik gabe aho batez onartzeko moduko formularik aurkitzea.
Herriaren memorian erroak bota dituen esaera ezagun askoa dugu honako hau: «Euskara ona, Tolosakoa». Herri-esaerak ez du definitzen zertan datzan hizkuntzaren ontasun hori, baina bistakoa da hor badela edertasun-patroi bat. Horrenbestez, auzia beste galdera honetara biltzen da, orduan: gai al gara patroi horiek konkretatzeko? Edo beste modu batera esanda: EIMAn hizkuntzazko zuzentasun- eta egokitasun-azterketak egiten badihardugu, zer zuzentasun-eredu eta onargarritasun-listoi ditugu?
Hiru adjektiboren bueltan zehaztuko nuke gure jardunaren patroia: testu onak (onargarriak, beraz), gure ustez, zuzenak, egokiak eta komunikatiboak direnak dira. Ez dut uste inor harritu dudanik.
Zuzena. Ez dago inolako dudarik, eskola-liburuetako euskarak ezingo duela gramatika-akatsik izan, eta, erabilera estandar zainduari dagokion neurrian, Euskaltzaindiak batasunerako emandako arauak eta gomendioak bete beharko dituela. Hau da, zuzena izatekotan, tradizioaren araberakoa eta estandarraren arau-gomendioak betetzen dituena izan behar du. Alegia: arauzkoa, gramatikala, batua, ona, txukuna. Baina kontuz; ez hori bakarrik. Jendeak pentsatzen du Euskaltzaindiaren gomendioak beteta jada euskara ona egiten duela, eta ez da hala. Zuzentzaileok ere badugu jarrera (uste) hori bultzatzeko arriskua, izan ere, Euskaltzaindiaren gomendioak zuzentzea askoz errazagoa da euskara ona zuzentzea baino.
Egokia. Hizkuntzaren erabilera zuzena ez da balio absolutu bat. Bada besterik ere. Situazio bakoitzak bere beharrak ditu, bere rol-harremanak eta bere mintzagaiak. Hartara, erabilera egokia situazionala da. Situazio-egoerak markatzen du, hiztunaren beraren trebeziaz gainera, egokiaren eta desegokiaren arteko muga lausoa. Beraz, erabileremuak askotarikoak diren neurrian, euskara-ereduez hitz egin behar da egokitasunaz mintzo garelarik. Hartzailearen adina, gaiaren zailtasuna, perpausen luze-laburrak, zenbat termino tekniko sartu, etab., idazle trebeak tentuz neurtu beharreko eragile eta faktore garrantzitsuak dira, testu egokia lortu nahi badu, edo beste modu batera esanda, testu zehatza, aproposa, moduzkoa, gisakoa, baliagarria (edo gorago jo nahi bada: dotorea, landua, jasoa, aberatsa, noranahikoa) erdietsi nahi badu.
Komunikatiboa. Edo, nahi bada, erraza, argia, naturala, ulergarria, erosoa. Duela gutxi ARGIAko elkarrizketa batean Ibon Sarasolak zioen, «esaldi bat ulertzeko bi aldiz irakurri behar bada, kontu txarra»[20]. Zubimendiren eta Esnalen liburuan honela definitzen da euskara egokia: «lehenengo irakurketan ulertzen dena». Irakurlea eroso sentiarazten duen euskara da, hartara, euskara komunikatiboa. Ezin kalitatezko euskara izan, hartara, komunikazio aldetik funtzionatzen ez duena, argia ez dena, ulergarria ez dena. Hortxe dago testu on baten hirugarren giltzarria. Eta horixe da esaldi askoren arazoa: behin baino gehiagotan irakurri behar dugula esanahiari antzemateko eta anbiguotasunari aurre egiteko. Esaten errazagoa da, egiten baino. Ezin uka, hala ere, zuzen hitz egin eta idatzi nahi duenak era erraz eta atseginean jarduten saiatu behar duela.
Eta hiru adjektibo horien bueltan, ezin ahaztu ikasmaterialen funtzio eta ikur ezinbestekoa: eredugarritasuna. Eskolan erabiltzen den ikasmaterialak oso efektu biderkatzaile handia du —erabiltzeko egiten baitira testu-liburuak eta bestelakoak, eta ez zokoan uzteko—. Egundoko erantzukizuna eskoletako testugileena!
Bi irizpide nagusi hauetatik abiatzen gara, dena dela, gure lanean, inoiz bateraezin samarrak diruditen arren:
- Erabat zaindu behar den kulturagunea da eskola eta, beraz, (goi-)mailako hizkuntza-eredua eskaini behar dute eskola-materialek, guztiz eredugarriak izan behar dute, eta, ahal den neurrian, euskara zehatz eta jasoa erabili behar dute.
- Gaurko euskaldunen maila nolakoa den jakinda, euskara mordoiloak alde batera utzi, eta argi ulertzeko mezuak adierazten saiatu beharra dago. Ez gaitu kezkatzen ederzale mokofin batzuen dotoreziazko ardura elitistak, ez da hori gure asmoa. Eskolan hizkuntza duina eta eredugarria, alde batetik, baina benetako euskaldunen zerbitzutan dagoena lortu nahi dugu.
Idazle askoren ustea da euskarak azken urteotan hartua duen erronkarik handiena estiloarekin zerikusi zuzenagoa duten aukerak urratzean dagoela. Eta nik ere esango nuke, eskola-liburuez ari garela (eta argitaletxe handiei begira), gaur eguneko euskararen arazoa ez dela hainbeste Euskaltzaindiaren arauak betetzen diren ala ez; hori bigarren edo hirugarren arazoa da. Gaur euskararen arazoa da euskara komunikatiboa egiten asmatzea.
Zuzentze-irizpideak
Behin baino gehiagotan sartu izan zait halako egonezin txatxu bat gorputzean ikasmaterial bat goitik behera tinta gorriz betea ikusi izan dudanetan. Hala ere, beti pentsatu izan dut zuzenketak ez duela zertan lotsagarria izan. Ulertuko eta onartuko duzuelakoan nago, izan ere, benetako bizitzan eta, zer esanik ez, egunotan mintzagai dugun gorabeheraren aurrean, hizkuntzarekin lan egiten duen edonork, testuak zuzendu eta hobetzea behar-beharrezko langintza izanda, eskarmentuz dakiela hanka-sartzeetatik ez bada, zail dela ezer ikasterik. Esan behar dut saiatzen garela gizalegez eta on ustez jokatzen, eta, kexuak kexu (oso-oso gutxi), asmatzen dugulakoan nago. Helburua ere garbia eta konpartitua dugu: testu baten kalitatea hobetzen laguntzea.
Zer zuzentzen dugu?
Alde batetik, morfologia-, sintaxi- eta ortografia arloan, Euskaltzaindiaren arauak betetzen eta betearazten saiatzen gara. Euskaltzaindiak euskal ortografiaz, gramatikaz, lexikoaz[21] eta prosodiaz emandako aholku eta arauak kontuan hartu diren ala ez aztertzen da (zuzentasunaren irizpidea).
Bestetik, inguramen eta kontestuaren azterketan (egokitasunaren irizpidea), honako faktore hauek hartzen dira kontuan: batetik, testu-koherentzia eta -kohesioa, eta bestetik, elkarreraginezko inguramenarekin (hots, material hori nork, norekin, non eta zertan erabiltzekoa den) bat etortzea. Ikasleen adinerako, ikasgelaren eredurako (A, B, D) eta kasuan kasuko jakintza-alorrerako material hori baliagarria den ere argitzen da, besteak beste.
Eta, hirugarrenik, ulergarritasunaren eta komunikagarritasunaren irizpidearen euskarrirako -estilo arin eta erraza lortzeko dauden faktoreen inguruko baliabideak markatzeko orduan, alegia-, txosten honetako bosgarren puntuaren bosgarren epigrafean aipatutakoak dira: galdegaiaren ezkerraldean elementu asko ez metatzea, aditza aurreratuz atzerakarga saihestea, subjektua eta aditza elkarrengana hurbiltzea, etab.
Argi utzi behar da hizkuntzazko onespen-aztertzaileon lana ez dela orrazketa-lana egitea, lanaren balioespena egitea baizik (eta, zeharka, baina soilik zeharka, testua orrazteko arau eta gomendioak gogoratu-iradokitzea). Horretarako dugun prozedura honako hau da:
- Normalean, ez dugu esku artean izaten dugun material osoa irakurtzen. Laburra baldin bada (1-30 or.), bai, goitik behera irakurtzen edota ikusten/entzuten da; bestela, aurrez erabakita dauzkagun neurri-parametro eta moduetara jokatzen dugu, baina orrien kantitateak betiere aski lagin esanguratsua izan behar du.
- Materiala aztertu ondoren, kalifikazio-balioespen moduko aholkua ematen dugu. Lanaren balioaren arabera honela kalifikatzen ditugu: Dagoen-dagoenean onargarria; Gomendioak kontuan hartuz onartzekoa; Aldaketak eginaz onartzekoa; Aldaketak egin arte onartezina; (Inolaz ere) Ezin onartuzkoa. Kalifikazioak argi adierazten du bakoitzak zer esan nahi duen.
- Txosten bat egiten da argitaletxeari igortzeko. Bertan, balioespenaz gainera, testua zertan zuzendu edota hobetu daitekeen justifikatzen zaio argitaletxeari, argitara aurretik, guk proposatutako hobekuntzak edota zuzenketak egin ditzan. Lehen azterraldian onartu ez diren ikasmaterialek ere berdin egin behar dute —zuzenketak eta gomendioak kontuan hartu, alegia—, baina EIMAko beste azterraldi bat pasatu behar dute argitara baino lehen.
Hobekuntza-proposamen batzuk
Euskaltzaindiaren araugintzak aurrera dirau; idazleek ere badihardute bide eta molde berrien bila... Gramatika-mailako auziak, estilistikaren, erretorikaren eta pragmatikaren axiomak, diskurtsoaren eta komunikazioaren teorizazioak... gero eta ezagunagoak egiten zaizkigu, eta sartu gara mundu horretan, baina oraindik ere eginkizun luzea da esku artean duguna.
Bukatu egin beharko dut. Hiru egun hauetan hemen azalduko diren premiak asko eta anizkunak izango direla jakinik ere, ikasmaterialen mundura bildu nahi nituzke nik nireak. Eta, gehiago ere badirela jakinik ere, orain eta hemen bost premia hauek aipatuko nituzke gerora begira:
1. Prosodiaren inguruko hausnarketa baten beharra. Gero eta ugariagoak dira eskoletarako ikus-entzunezko materialak: batzuk oso egokiak (esatari eta bikoizle profesionalek egindakoak); beste batzuk, ordea, guztiz desegokiak (sinesgarritasun falta ikaragarriarekin). Jende asko da oraindik, ahoskerazko arauen ezean, benetako hizketa letraka, eta ez esaldika, gertatzen dela uste duena, ahoskera ortografia aurkitu berriak (letrak) gidatu behar duela uste duena. Euskaltzaindiak (87. araua) emana du euskara batu estandarraren ahoskera zaindua, baina motz gertatzen zaigu sarritan gure lanerako. Azentuaren inguruko arau estandarra, pausaldi prosodikoen inguruko orientabideak, perpaus moten araberako tonemen nondik norakoen ezaugarriak, euskara jatorraren enfasiaren indar-koloreak..., hutsune sumatzen ditugun aldetik, gure lanean guztiz mesedegarriak eta eskertzekoak liratekeela esan beharrik ez dago.
2. Testu zaharren transkripzioak egiteko irizpideak finkatu beharra. Bertsozale Elkarteak bat-bateko bertsoak transkribatzeko irizpideak markatuak dituen moduan, testu-liburuetara ekartzen diren tradizioko —literaturako, historiako, etab.— testu idatzien inguruan, zehaztu beharra dago nola jokatu eta zein irizpide grafiko eta ortografikori jarraitu, adinaren, programazioen eta helburuen arabera. Irizpide horiek laguntza handia emango ligukete.
3. Testu-kohesioaren inguruan dagoen hausnarketa-premia. Alde batetik, puntuazio-marken inguruan, orain-orain darabiltzagun arauak gaztelaniaren mundutik ekarriak baitira ia beti (batez ere komaren eta puntu eta komaren erabileran, aisa antzematen denez). Baina ez hor bakarrik. Erlazio anaforiko-kataforikoetan ere, askotan, erdararen mendeko izaten jarraitzen dute gure testu-aukerak, eta ondorio kaltegarriak nozitzen dituzte testu askok (bere/haren edutezkoak bereizten ez direlako, edota erakusleei eragiten diegun kohesio-jokoan euskararentzat desegokiak diren aukerak erabiltzen ditugulako). Ikasmaterialetan hain eguneroko diren esapide eta antolatzaile batzuen moldaketan ere (adibideak eta enumerazioak ematerakoan, esaterako) freskura eta eredu faltan sumatzen dira testu asko.
4. Erdal interferentzien inguruan gehiago hausnartu eta argitu beharra. Juan Gartziak EIMArako eginiko arestian aipatutako interferentziei buruzko lan ederraz gain, on egingo liguke oraindik ere erdal hitzontzikeriaren aztarnen aferan zabalago eta sakonago erreflexionatzeak. Esate baterako, nahi baino sarriago ikusten diren era honetako esapideetan, agerikoa da erdararen eragina: «sexu femeninoko izaki biziduna» idazten da lasai-lasai, «emea» hitz betearen ordez; edota «normalki ongi informatutako iturriek jakinarazi dutenez, Portugaleteko hiri bizkaitarrean bi kamioiren arteko istripua gertatu da» bezalakoak, «bi kamioiren artean istripua izan (omen) da Portugaleten» esan ordez; edota «ezagutaraztera eman», «sortarazten duen beldurra», eta «lortu ahal izateko» bezalakoak, «ezagutzera eman», «sortzen duen beldurra» eta «lortzeko» moduko sinple eta naturalen ordez. Zuzentasun-irizpideek era horretako sobrak alde batera botatzen lagundu behar ligukete, eta hartaraz gero, bai testuak hobeto orrazten ere.
5. Web gune bateratu bat izatea. Eduki, hor ditugu gure lanerako, besteak beste, UZEIk atondutako XX. mendeko euskararen corpusa, EHUren Ereduzko prosa gaur, Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzua, Itzul posta-zerrenda, etab. Baina datu-base jakin eta bateratu baten premia ezin ezkutatu. Artelanak direla, nazioarteko erakundeen izenak direla, EIMAk atontze-bidean duen onomastikako zerrendak direla..., hainbat kontsulta-iturritara jo behar izaten dugu informazioaren bila bai itzultzaileok, bai testu-egileok, bai onespen-aztertzaileok. Hori dela eta, interesgarria izango litzateke denak leku bakarrean zentralizatuta eta sistematikoki kontsultatzeko moduan egotea.
Oharrak:
1. 1998ko azaroaren 3ko 295/98 dekretuak arautzen du hori.
2. Esate baterako, Imanol Murua Uriaren Lehen Hezkuntzarako ikasmaterialari gainbegiratua (1996). Edo argitaratu berriak diren Karmele Perez Urrazaren Curriculuma eta testu-liburua Euskal Herrian, Utriusque Vasconiae, Donostia, 2004; eta Begoña Bilbao Bilbaoren Curriculuma eta kultura Euskal Herrian, 2004.
3. Gasteiz, 1993.
4. Gasteiz, 1994.
5. Donostia, 1995.
6. Donostia, 1997.
7. Gasteiz, 1999.
8. «Hitzen ordena euskaraz», EHU, 1994. Apunteak.
9. Alberdania, 1997.
10. Ormaetxea, I. eta Ziaurriz, M., «Testu-liburuetako hizkuntza-maila», in Senez 21, 1999.
11. Torrealdairen 1993ko datuak (Euskal Kultura Gaur).
12. Edozein modutan, eskoletan lan egiten duten profesionalengana nekez iristen dira hizkuntzaren inguruko berri akademikoak, eta garai bateko lausotasuna edo uste okerrak oraindik ere irakasleen artean dantzan dabiltzalako susmoa ezin ezkutatuko dugu.
13. Edukia eta funtzioa kontuan hartuz deitzen zaio horrela. Ezaugarri hauek ditu: erakustea, informazioa ematea du helburu; egilea, bere gaian, (oso) jantzia da; hartzailearen asmoa ikastea da; mezua egitura zehatzez eta sistematikoz eman beharra dago; mezuak ahalik eta objektiboena izan behar du; mezuak argia eta eraginkorra izan behar du.
14. Hegats 30 (1990). Iñaki Irazabalbeitia, Jose Ramon Etxeberria eta Kepa Altonagaren artikuluak.
15. Nozio berbera izendatzeko hainbat denominazio erabiltzetik datorren hutsunea.
16. Torrealdai, Euskal Kultura Gaur, 1997.
17. esan, adierazi, ukatu, erabaki, agindu, etab.
18. Alegia, aditza aurrean mantentzeko, galdegaia ordezkatzen duen osagai laburrago bat jartzen, normalean aditzondo bat.
19. 2004ko martxo-apiriletan EIMAra aurkeztutako 88 ikasmaterialek honako balioespen-kalifikazio hau jaso zuten:
- Dagoen-dagoenean onargarria: 17 (% 19,5)
- Gomendioak kontuan hartuz onartzekoa: 48 (% 54)
- Aldaketak eginda onartzekoa: 19 (% 21,5)
- Aldaketak egin arte onartu ezina: 4 (% 4,5).
21. Lexikoari dagokionez, hitz arrunten kasuan ez da problemarik izaten, are gutxiago Hiztegi Batuarekin; dena den, arazoak izan ditugunean, Elhuyar, Euskalterm, Orotariko Euskal Hiztegia, Sarasola... izan ditugu gidari.