Testu zuzenketa Bizkaiko Foru Aldundian
Joseba Urzelai

Sarrera

Jardunaldi hauetan parte hartzeko kontuaz hitz egin genuenean, argi esan nion Karlos del Olmori ez nintzela gauza testu zuzenketaren gaineko teorizazio sakonik egiteko. Argi adierazi nion hori baino xumeagoa izango beharko zuela nire ekarpenak: berak interesgarri iritziz gero, Bizkaiko Foru Aldundian testu zuzenketa zertan den edo ez den azalduko nuen, eta batez ere nire esperientziaren berri emango nuen.

Azken hilabete eta erdian miraririk gertatu ez denez, eta teorizazio sakonik egiteko gauza izan gabe jarraitzen dudanez, orduan agindutakoari eutsiko diot, gutxien-gutxienik egoeraren irudi errealista eta benetakoa osatzen lagunduko duelakoan.

Ezer baino lehen, esan behar nuke hutsune handi bat dagoela arlo honetan, edo gurean behintzat hala dela oraingoz. Ez daukagu zuzentzailerik —ezta itzultzaile-zuzentzailerik ere—, ez dugu erabat zehaztu zer nolako lekua hartu behar duen zuzenketak gure lan prozesuaren barruan, eta, garai batean itzulpenarekin gertatzen zen bezala, ez daukagu zuzenketaren praktika bideratu eta sistematizatzeko irizpide argiegirik. Azken batean, itzultzaileok arduratzen gara zuzendu behar diren testuak zuzentzeaz. Nola? Ahalik ondoen.

Dena dela, eta aurreko hitzaldiaren izenburuak aditzera ematen duen moduan, gurean ere itzulpenarekin eta dokumentuen kudeaketarekin loturik dago zuzenketa. Alde batetik, gehienbat edo ia bakarrik testu itzuliak zuzentzen ditugulako, eta, bestetik, dokumentuak kudeatzeko katearen azken edo azkenurreneko begia delako (edo izan beharko lukeelako) testuen zuzenketa.

Hortaz, zer, zenbat eta nola itzultzen den esan beharko nuke hasteko.

Zer, zenbat, nola itzultzen den

Zer eta zenbat itzultzen den, ez baita gauza bera mota bateko edo besteko testuak itzultzea, asko edo gutxi itzultzea ere gauza bera ez den bezala.

Bizkaiko Foru Aldundian, bada, testu asko eta askotarikoak itzultzen ditugu. Ez naiz luzatuko testuen tipologia zehatza egiten, edo dokumentu mota bakoitzaren ezaugarriak aipatzen. Esan dezagun, bakar-bakarrik, aldundia Administrazio erakundea izanik, gehienbat testu administratiboak edo arauemaileak tratatzen ditugula, baina tartean badirela beste era batzuetako dokumentuak ere, hala nola zabalkundekoak, publizitate kanpainetako leloak, egunkari edo aldizkarietarako artikuluak eta abar. Azken horietako batzuek badute antzik testu literario edo konnotatiboagoekin, baina oro har komunikatzeko gaitasuna, eraginkortasuna eta zuzentasuna izango dira dokumentu administratibo estandarrak itzuli nahiz zuzentzeko irizpide nagusiak. Ez dut uste inor harritzeko gauzarik esaten ari naizenik.

Eta lehen esan dudan moduan, bestetik, testu asko itzultzen dira aldundian, edo itzultzaileoi behintzat hala iruditzen zaigu. Zifra bat ematearren, iaz, gutxi gorabehera, 50.000.000 karaktere itzuli ziren, itzulpen lanak kudeatzeko erabiltzen dugun postontzi elektronikoaren arabera. Beste modu batera esanda, 25.000 orrialde inguru itzuli ziren.

Kopuru horretatik, 20.000.000 karaktere aldundiko itzultzaileok itzuli genituen, eta 30.000.000 karaktere kanpoan itzuli ziren. Hau da, %40 aldundian, eta % 60 kanpoan. Eta horrek badu ondoriorik. Gogora datorkit orain José Palacio González Europako Erkidegoko Auzitegiko legelari-hizkuntzalari ohiak Europako Batasuneko itzulpenaz esandakoa (Senez aldizkariaren 19. aletik hartu dut; 1997ko aipua da, beraz):

«Cabe señalar, por último, que junto a la labor desarrollada por los traductores y juristas-lingüistas al servicio de las instituciones, éstas confían a personal exterior una carga de trabajo que fluctúa entre el 14% y el 20% aproximadamente de los textos a traducir. Por lo general, los documentos confiados a la traducción exterior son los menos urgentes, o aquellos que sólo inciden de manera indirecta en el funcionamiento interno de la institución. Las modalidades de contratación del personal exterior varían según la práctica administrativa de las distintas instituciones. Ahora bien, la relativa lejanía de los traductores externos, tanto de los apoyos informáticos y documentales puestos a disposición de los servicios internos de traducción, como de los usos y prácticas consolidados dentro de dichos servicios, hace que la traducción procedente del exterior presente con frecuencia discordancias con estos usos o prácticas, cuando no serios problemas de calidad. Este hecho incide negativamente en la carga de trabajo de los traductores funcionarios, que deben reservar parte de su tiempo a la revisión de sus colegas del exterior.»

Hori horrela bada —eta horrela da, Administrazioko itzulpen zerbitzuetan ari zaretenok ondo dakizuen legez— kanpoan testuen %14 edo %20 itzultzen denean, zer ez da gertatuko itzulpenen %60 erakundetik kanpo egiten bada. Begi-bistakoa denez, kalitatearena bene-benetako arazoa da, eta, beraz, testu zuzenketa guztiz funtsezkoa da, batez ere erakundearen barruko kontsumorako ez diren dokumentuen kasuan. Gainera, gure kopuruak ikusita, erabat ezinezkoa da kanpoan itzultzen den guztia kontrolatu edo zuzentzea, eta horrek esan nahi du ondo aukeratu behar dela zer eta nola zuzendu behar den.

Geroago emango dut horren berri modu zehatzago batean, lehen esandako «ahalik ondoen» hori baino pixka bat harago, alegia. Baina gatozen orain aldundiaren barruan egiten den %40az hitz egitera, barruko antolamendu horrek ba du-eta zerikusirik testu zuzenketarekin.

Zer eta nola itzultzen den aldundiaren barruan

Lehenengo eta behin, esan behar da Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusia sortu zela aurreko legegintzaldian, eta horren ondorioz itzulpen eta euskara zerbitzuak berregituratzen hasi zirela. Berregituraketa horren barruan, besteak beste, itzultzaile taldea handitzea eta terminologo bat eta hizkuntza-ingeniaritzako teknikari bat hartzea aurreikusi da, baina halako prozesuek luze jotzen dute, eta oraindik bidean gabiltza. Hortaz, dagoenarekin moldatu beharra dugu.

Aurreko legegintzaldi osoan lau itzultzaile izan ginen zerbitzuan, eta aurtengo urtarrilaz geroztik bost. Gainera, aldian-aldian behin-behineko kontratazio batzuk egiten izan dira lan pilaketagatik-edo. Hori da gure armada.

Gauzazko baliabideei dagokienez, guztion antzera ibiliko garela pentsatzen dut: itzulpen memoriak erabiltzen ditugu, hiztegi edo glosario terminologiko bat daukagu —itzulpen memorien sistemaren barruan txertaturik, eduki ere—, zuzentzaile ortografikoa erabiltzen dugu, eta gaur egun ezinbesteko informazio iturriak direnak ere baliatzen ditugu (Internet, Itzulist.).

Zehaztasun handiagoaz esateko, duela lau bat urte hasi ginen itzulpen memoriak erabiltzen, guztiok ezagutzen duzuen Trados etxearen programa-multzoa, alegia. Iraultza txiki edo handi bat ekarri du horrek, eta neurri batean lan egiteko modua ere aldatu du. Ezagun denez, itzulpen memoriek izugarri laguntzen dute testu administratiboak itzultzen, lehenago itzulitakoa berriz ez itzultzeko aukera ematen duten neurrian. Izan ere, testu administratiboen unibertsoan asko dira lehenago itzuli eta errepikatzen diren esaldi, paragrafo edo dokumentu zatiak. Hala dio teoriak.

Gero, kontua da itzulpen memoriek eskaintzen duten abantaila benetan baliatu ahal izateko, ezinbestekoa dela gure memoriak ematen digun itzulpena ona izatea, hau da, itzulpen horrek zuzendu edo ukitu behar handirik ez izatea. Zeren, bestela, ez baitugu hainbeste aurreratzen. Eta hori kasurik onenean, arriskutsuagoa bailitzateke memoriak emandakoa itsu-itsuan onartzea —itsua itsu-gidari jartzearen parekoa litzateke hori, eta, Bibliak dioenez, itsuaren gidaria itsua bada, biak errekara—.

Horrek esan nahi du, beraz, testu edo dokumentuen gainean ez ezik, itzulpen memorien gainean ere egin behar dela zuzenketa- edo orrazketa-lana. Nire esperientziaren arabera, behintzat, zaila eta astuna da zuzenketa-modu hau. Batetik, itzulpen memoria ondo etiketaturik eta antolaturik eduki behar delako, eta, bestetik, Tradosek (3. bertsioak bederen) memoria mantentzeko eskaintzen dituen tresnak nahiko trakets eta nekagarriak direlako. Zuetariko askok dakizuenez, gainera, memoriaren tamaina handia bada, edo memoria sarean jarri eta hainbat itzultzailek aldi berean memoria beraren kontra lan egiten badute, arazoak sortzen dira, eta behin baino gehiagotan memoria osoa hondatzen da.

Gurean, esate baterako, memoria elikatzeko karga masibo bat egin zen hasieran, memoriaren beraren diseinu egoki bat egin gabe, eta ondorioak ordaintzen ari gara oraindik ere. Baten batek Intenetetik gure memoria deskargatu badu, jakingo du zertaz ari naizen: 300.000 itzulpen unitatetik gorako memoria erraldoia daukagu, batere sailkatu eta antolatu gabe, eta horrek ezinezko bihurtzen du memoria behar bezala mantentzeko lana. Horren ondorioz, memoriak proposatzen duen itzulpena nahi baino gehiagotan izaten da desegokia, eta nahi baino gehiagotan zuzendu behar izaten dugu (egia da memoria etengabe hobetzeko modua dela hori, baina egia da, era berean, ehuneko hainbeste lehenago itzulita dagoela-eta, itzultzaileari arinago lan egiteko eskatzen bazaio, garrantzi handikoa dela memoriak erantzun egokiak ematea).

Ez da hori arazo bakarra. Lehentxoago esan dudan bezala, guri behin baino gehiagotan hondatu zaigu memoria, eta horrek burua hautsi eta denbora galdu beharra ekarri digu. Ezinbestekoa zaigu, beraz, itzulpen memoria ondo antolatzea eta oinarri informatiko egonkor eta, aldi berean, malgu batera aldatzea.

Bada itzulpen memorien erabilerarekin eta testuak prozesatzeko moduarekin zerikusia duen beste kontu bat. Sistema hauekin segmentuka edo esaldika egin eta gordetzen dira itzulpenak. Itzulpengintzaren teoriak dioenaren arabera, ordea, testua edo dokumentua da itzultzaileak kontuan hartu beharreko gutxieneko unitatea —testu edo dokumentu hori hitz bakarrekoa izan badaiteke ere—. Bestela esateko, esaldi edo segmentu baten itzulpenak (itzulpen egokiak, esan nahi dut) ez du zertan bat eta bakarra izan dokumentu posible guztietan, erreferentzia anaforikoren bat aldatzen delako, dokumentu jakin batean ohikoa ez den termino edo adierazpide bat hobesten delako edo bestelako arrazoiren batengatik.

Itziar Bernaolak, Ana Moralesek eta Irune Payrosek, Senez aldizkariaren 26. alean, ederki adierazten dute zeintzuk diren segmentazioaren arriskuak. Hona hemen aipu laburra:

«Hala ere, segmentatzailearekin lan egiteak badauzka bere arriskuak itzulpenaren beraren kalitaterako, eta post-edizio lan arduratsua eskatzen du, gure itzulpenak zenbait arriskutatik babestu gura baditugu. Hiru mailatan bereiztu ahal dira arriskuok:

  1. koherentzian,
  2. kohesioan,
  3. erretorika testualean.

Itzulpengintzak testua dauka langai, ez hitzak edo esaldiak, eta, beraz, Diskurtsoaren Analisiaren barruan aztertu behar dira haren produktuak.»

Horrez gain, dokumentu eredu batzuk finkatu eta normalizatzeari begira, guztiz komenigarria da halakoak oso-osorik eta ondo antolaturik gordetzea. Hori guztia gogoan izanik, beharrezko ikusten dugu itzulpen memoriak datu base dokumental batekin edo itzulpen-ereduen biltegi egituratu batekin osatzea.

Geroago azalduko dut zer nola erantzungo diegun arazo horiei. Has gaitezen, orain, zer zuzentzen dugun esaten, hots, zein testu zuzentzen dugun eta zein ez.

Zer zuzentzen dugun

Lehen aipatu dudan legez, kanpoan itzulitako dokumentuak zuzentzen dira —zuzentzen direnean—. Horrek ez du esan nahi, jakina, aldundiaren barruan egindakoak zuzendu behar ez liratekeenik. Horrek esan nahi du normalean edo sistematikoki behintzat ez direla zuzentzen, horretarako denborarik edo giza baliabiderik ez dugulako, nondik begiratzen zaion.

Badira, ordea, testu jakin batzuk modu berezian tratatzen direnak, berez duten zailtasunagatik, erakundetik kanpo izango duten eragin edo oihartzunagatik, edo etorkizunean beste dokumentu askotarako erreferentzia izango direlako. Halakoak zuzendu ez dira zuzentzen, baina taldeka edo bi edo hiruren artean (askoz gehiagoren artean ezin izan daiteke eta) aztertu eta lantzen dira, edo batek itzuli eta beste baten batek gainbegiratzen ditu.

Hortaz, kanpoko itzulpenak zuzentzen dira gehienbat. Lehenago emandako datua gogora ekartzen badugu —gure produkzioaren %60 kanpoan egiten dela, alegia—, erraz ulertuko da ez daukagula hori guztia zuzentzeko modurik, ezta gau eta egun lan eginda ere. Aukeratu beharra dago, ezinbestean, zer zuzendu eta zer ez.

Gutxi zuzentzen dela aitorturik, esan dezagun hiru direla, eskuarki, zuzentzen diren testu multzoak:

Lehenengo eta behin, garrantzi berezia eta kanpo-eragin nabarmena duten testuak. Halako dokumentuak barruan itzultzen ahalegintzen garen arren, batzuetan ezinezkoa gertatzen zaigu eta kanpora atera behar izaten ditugu. Hala denean, argitara eman aurretik zuzentzen ahalegintzen gara. Helburu zaila da, ordea, eta badakigu zuzendu beharreko testu garrantzitsu batek baino gehiagok ihes egiten digula. Lehen aipatu dudan berregituraketa gauzatzen den neurrian, egoerak hobera egitea espero dugu. Orduan errazagoa izango da testu hauek barruan egitea edo behintzat hurbilagotik kontrolatzea, eta, José Palaciok esaten zuen moduan, presarik gutxien duten agiriak edota erakundearen barne funtzionamenduan zeharkako eragina baino ez dutenak uztea kanpoko itzultzaileen eskuetan.

Bigarrenik, zoriz aukeratutako testu batzuk ere zuzentzen ditugu. Gutxitan egiten dugu, egia esan, baina inoiz bai. Halakoetan, ausazko lagin bat hartzen dugu, eta suertatzen diren testuak zuzendu edo gainbegiratzen ditugu. Gutxitan egiten dugula ikusita, eta laginen tamainak kontuan hartuta, esan dezakegu kanpoan egiten diguten itzulpen estandarraren kalitatea neurtzeko balio digutela, gehienbat, zuzenketa hauek.

Eta, azkenik, a posteriori zuzentzen direnak aipatuko nituzke, hau da, argitara eman ondoren, arazoak sortu, eta nahitaez zuzendu behar diren testuak. Egia esan, halakoak gertatzen direnean, zuzendu barik, berriro itzultzen dira gehienetan. Adibide modura, 2002ko foru arau bat aipa dezaket, Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-sistema Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilaren berezitasunetara egokitzen duena, hain zuzen ere. Batzar Nagusietan onartu eta gero, baten batek (ahaldun batek, oker ez banago) euskarazko testuaren kalitatea salatu zuen, eta berriro itzuli behar izan genuen, zerotik hasita, arrazoi osoa baitzuen salatariak. Esan beharrik ez dago, neurri profilaktiko guztiak hartu genituela bigarren itzulpena egiteko: behar adinako arretaz eta denboraz egin zen itzulpena, eta egin ondoren Batzar Nagusietako itzultzaileei eta Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko bi irakasleri —haietariko bat Foru Zuzenbidean aditua— eman genien testua, gainbegira zezaten.

Kontuak kontu, aipatutako hiru testu multzo horiek zuzentzen ditugu normalean. Jarraian, nola zuzentzen ditugun azalduko dut laburki, baina, agindu bezala, hasierako «ahalik ondoen» baino apur bat zehatzago.

Nola zuzentzen dugun. Zuzenketa-mailak

Testu motaren araberakoa izaten da zuzenketa, neurri batean behintzat, eta ez da harritzekoa, itzulpenarekin ere gauza bera gertatzen da eta. Hasieran esan dudan bezala, komunikatzeko gaitasuna, eraginkortasuna eta zuzentasuna izaten dira dokumentu administratibo estandarrak itzuli nahiz zuzentzeko irizpide orokorrak. Irizpide horiek ezartzen duten helburua lortzeko, zuzenketa-maila edo -mota hauek bereiziko nituzke:

Zuzenketa ortotipografikoa

Testu guztiei egiten zaien zuzenketarik oinarrizkoena da.

Zuzenketa ortografiko hutsa, gainera, automatizatzen errazena dugu, zuzentzaile ortografikoa daukagunetik. Hiztegi Batua da gure dotrina-liburua, eta XUXEN gure erreminta. Horiekin argitzen ez ditugun zalantzetarako, gainerako hiztegiak, corpusak eta Itzulist erabiltzen ditugu.

Esan dezadan, bide batez, batuaz idatzitako testuetarako balio duela esandakoak, bizkaieraz egiten direnak eskuz-edo zuzendu beharra baitugu oraingoz.

Tipografiari dagokionez, gure testuak nahiko lau eta errazak izaten dira normalean, baina badira argitalpen batzuk (kartelak, triptikoak, liburu eta liburuxkak, eta abar) kontu tipografikoetan arreta berezia jartzeko eskatzen digutenak. Hitzak nola moztu, laburtzapenak nola eman, orduak eta datak nola adierazi, zenbakiak nola idatzi eta, batez ere, letra larriak eta xeheak noiz idatzi erabakitzea izaten da kontua. Ez naiz luzatuko honetaz, beste arlo batzuetako jendeak (komunikabideetakoek edo zientzia arlokoek) zer esan gehiago izango dutela pentsatzen dudalako. Esango dut, hala ere, zuzenketa-modu hau ez daukagula automatizaturik. Areago dena, zuzenketak euskarri informatikoaren gainean egiten ahalegintzen garen arren, behin baino gehiagotan gertatzen zaigu moldiztegiko azken probak paperaren gainean, eskuz eta banan-banan zuzendu behar izatea. Euskaltzaindiaren arauak eta Laburtzapenen gidaliburua izaten dira gure ohiko bidelagunak.

Oro har, esan daiteke, moldiztegietan euskarazko zuzentzailerik ez egotea izaten dela arazo iturri garrantzitsuenetako bat. Izan ere, euskarazko zuzentzailerik ezean, gaztelaniarekiko mimetismoa izaten da irizpidea, eta sarritan ikusten dugu euskaraz ondo dagoena «zuzendu» eta txarto jartzen dela (zientzia-unitateen ikurrei puntua eransten zaiela, esate baterako).

Itzulpen akats materialen zuzenketa

Zuzenketa-mota honek ez du, agian, aparteko garrantzi teorikorik, eta egiten erraza da (akats material horiei erreparatuz gero), baina aipatu behintzat egingo dut, halako akatsak ezin baitira alde batera utzi. Informazio galera edo distortsio txikiez ari naiz, gehienbat.

Askotan, gainera, baliabide teknologikoen erabileraren ondorio dira, edo hobeto esanda, testu prozesadoreen eta itzulpen memorien erabilera arinegiaren ondorio. Honezkero, denok dakigu testu prozesadoreetako «ebaki» eta «itsatsi» aginduekin zer pasatzen den, ebaki behar ez direnak ebakitzen direla eta itsatsi behar ez direnak itsasten direla behin baino gehiagotan. Esperientziak esaten dit itzulpen memoriekin ere antzeko zerbait gertatzen hasi dela: itzultzaileak presaka egiten du lan (hori enuntziatu tautologikoa da, eta hitzeko edo takadako kobratzen badu, are tautologikoagoa), eta batzuetan gure itzulpen memoriaren arabera %90eko edo horren bueltako kointzidentzia duen esaldia %100ekotzat hartu eta ontzat ematen da.

Esan dudanez, ez du aparteko garrantzi teorikorik, baina uste baino gehiagotan gertatzen da. Edozelan ere, zuzentzaileak arreta pixka bat jarriz gero, eta itzultzaileak izan ez duen patxada izanez gero, erraz konpontzen dira gisa honetakoak.

Zuzenketa terminologikoa

Hirugarren mailako zuzenketa dugu hau, eta aurrekoak baino askoz ere zailagoa. Egokitasun, zehaztasun eta koherentzia terminologikoak zaintzen ditugu arlo honetan. Bestela esateko, adierazi beharreko kontzeptuak adierazteko termino egokiak erabiltzen ote diren eta termino horiek modu koherentean erabiltzen ote diren begiratzen dugu. Gogoan izan behar dugu, edonola ere, zuzenketa terminologikoaz argi garenean, gutxieneko espezializazio maila bat duten testuez ari garela, eta ez testu «arruntagoez», halakoetan egokitasun lexikoa neurtzeko irizpideak ez baitira han zurrunak.

Egokitasun terminologikoa neurtzeko, bada, hiztegi orokorrak, hiztegi terminologikoak, EUSKALTERM eta gure hiztegi edo glosario terminologiko propioa erabiltzen ditugu. Adibidez, lehen aipatu dugun foru arauaren itzulpenean (Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-sistema Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilaren berezitasunetara egokitu zuen foru arauaren kasuan, alegia), garrantzi handikoa zen hainbat termino ondo finkatzea, arauaren funtsa eta ardatza baitziren. Adibide batzuk aipatuko ditut:

  • 'Poder testatorio' esateko (eta beharbada berau zen kontzepturik garrantzitsuena dokumentu osoan), 'ordenatzaile ahal' eman ziguten hasierako itzulpenean, 'testamentua egiteko ahalorde' edo 'testamentu ahalorde' behar zuen lekuan.
  • 'Sucesor' itzultzeko, 'oinorde' erabili zuten, 'oinordeko' barik.
  • 'Bien mueble' adierazteko, 'ondasun higikor', 'ondasun higigarri' behar zuen lekuan.
  • 'Bien troncal' eta 'pariente troncal' 'oinetxeko ondasun' eta 'enborreko ahaide' itzuli ziren, hurrenez hurren. Foru Zuzenbideko irakasleek 'tronkal' erabili behar zela esan ziguten.
  • 'Tercero' esateko (adiera juridiko petoan, hau da, harreman juridiko baten alderdi ez dena adierazteko), 'gainontzeko' erabili zen, ordurako aski finkaturik zegoen 'hirugarren'en partez.
  • 'Transmisiones lucrativas' esateko, 'irabazizko eskualdaketak' erabili zuten, 'dohaineko eskualdaketak' barik.

Adibide batzuk besterik ez dira, batzuk besteak baino nabarmenago edo adierazgarriagoak, baina garbi erakusten digute zehaztasun terminologikoa ondo zaindu beharreko arloa dugula testuak zuzentzerakoan, testu seguru eta eraginkorrak sortuko baditugu.

Dena dela, ez dira hor amaitzen gure kezkak, terminologiari dagokionez. Egokitasunaz gain, koherentzia aipatu dugu lehen, eta horrek ere badu pisurik, zeren gauza bera adierazteko orain termino bat eta orain beste bat erabiltzen baditugu, zehaztasunean galduko baitugu ezinbestean. Koherentzia hori dokumentuaren baitan (edo intra texto) zaindu behar da lehenengo eta behin, hartzaileari alperreko zalantza eta nekerik ez eragiteko. Bizkaiko beste zerga-arau batean, esate baterako, batzuetan 'dohaineko eskualdaketak' erabiltzen da 'transmisiones lucrativas' adierazteko, eta beste zenbaitetan 'musu trukeko eskualdaketak'. Ziur nago irakurleak, gutxien-gutxienez, biak gauza bera ote diren galdetuko diola bere buruari.

Baina koherentzia horrek testu artekoa ere izan behar du, hau da, dokumentu jakin batean erabiltzen den terminologiak bat etorri behar luke arlo bereko gainerako dokumentuetan erabilitakoarekin, batez ere dokumentu horien artean hierarkiazko harremanik badago, zuzenbide edo Administrazioaren alorrean hainbatetan gertatzen den moduan.

Hizkuntza normalizatuagoetan, lege, dekretu eta gainerakoen balio arauemailea terminologiara ere hedatzen da, eta goragoko arauan erabilitako terminologia berbera erabili ohi da bera garatzen duten gainerako guztietan ere (teorian bederen, zeren behin baino gehiagotan ikusten baitugu hizkuntza guztietan txakurrak ortozik ibiltzen direla).

Euskaraz, ordea, bereziki korapilatsua da arazo hau, kontuan hartu beharreko erreferentzia asko eta asko aspaldikoak direlako, eta halakoetan erabiltzen diren hainbat termino (eta esamolde) zaharkiturik geratu direlako, edo delako erreferentzia hori berri samarra izan arren, bertan erabiltzen diren termino batzuk desegokitzat jo eta baztertu direlako. Ez hori bakarrik, nire esperientziaren arabera, esango nuke euskaraz salbuespena dela edozein arlo edo jarduera arautzen duten xedapen guztiek (dekretu, agindu edo erabakiek, esan nahi dut) terminologia bera erabiltzea.

Ez da kontu erraza, bistan denez, baina nola edo hala testu arteko koherentzia terminologiko hori zaintzen saiatu behar dugu, ezadostasunak eta kontraesanak ahalik eta gutxien izan daitezen behintzat.

Espezializazio maila bateko testuez aritu naiz azken minutuetan, baina esan dezadan labur-labur testu guztietan lortu behar dela gutxieneko egokitasuna, lexikoari dagokionez. Zehaztasuna baztertu barik, testuaren hizkuntza-maila, hartzailea, funtzioa eta beste faktore batzuk ere hartu behar ditugu kontuan hitzak aukeratzerakoan.

Burura datorkit kanpaina batean erabilitako eslogan edo lelo bat: «utzi umeei jokatzen». Eskola-umeentzako kirolaren ingurukoa zen, «jokatu» aditzak besterik iradokitzen badu ere.

Hona beste adibide xume bat: bazen behin, Lakuako komunetan, palankatxo bati eraginik eskuak lehortzeko papera ematen zuen makinatxo bat. Makinaren albo batean, ohar bat zegoen, makina erabiltzeko jarraibideak ematen zituena: «EXTRACCIÓN DE PAPEL» zioen gaztelaniaz; eta euskaraz, «PAPER ERAUZKETA». Hau da, gaztelaniaz «PARA SACAR PAPEL» jarri izan balu, euskaraz «PAPERA ATERATZEKO» jarriko zuen, seguru asko.

Idazkeraren zuzenketa: testu egokiaren bila

Hau da testu zuzenketaren benetako muina, eta sarritan gordiar korapiloa, puntu honetan idazketa edo testugintzarekin zerikusia duten faktore guztiak batzen baitira.

Une honetan harira dator Ibon Sarasolak Argia aldizkarian euskara onaz, euskara zuzenaz eta euskara egokiaz esandakoa, alegia, ez direla gauza bera euskara zuzena eta euskara ona, euskara zuzena eta txarra izan daitekeela, eta askoz errazagoa dela Euskaltzaindiaren arauak eta abar zuzentzea, euskara ona zuzentzea baino. Euskara ona zer den jakiteko, sena behar da, eta sena neurtzea ez da kontu erraza.

Oinarrizko filosofian gehien-gehienok bat etorriko garela uste dut: denok onartuko dugu Administrazioko idazle, itzultzaile zein zuzentzaileek testu zuzen, argi eta adierazkorrak sortu behar ditugula, hartzaileak nekerik gabe ulertzeko moduko mezuak eman behar ditugula. Esango nuke, gainera, Administrazioan dihardugun guztiok idatzi nahiz zuzentzeko inspirazio iturri berak baliatzen ditugula: Hizkera argiaren bidetik, Argiro, Idazkera-liburua, Joskera lantegi, garai bateko Egunkaria-ren Estilo liburua, Euskal estilo libururantz, Euskara batuaren ajeak... Areago, irizpide orokor horiez gain, zenbait arau edo gomendio praktikoago batzuk ere onartuko genituzke gehienok zalantza handirik gabe:

  • Ahozko euskara oinarritzat hartzea (belarria epaile, Joxe Ramon Zubimendik eta Pello Esnalek dioten moduan).
  • Esaldi luzeegirik ez egitea.
  • Aditza aurreratzea.
  • Aukeran hitzik hurbilena edo ezagunena erabiltzea, batez ere hartzailea herritar arrunta bada.
  • Testua beharrik gabe ez hanpatzea.
  • Gaztelaniaren nominalizazio joera gehiegizkoa saihestea.
  • Euskararen adierazpiderik naturalena aukeratzea gaztelaniazkoari itsu-itsuan jarraitu barik. Bilboko zinema-areto batzuetan, adibidez, filma hasi baino lehen «halako zinema-konpainiak edo taldeak zuen etortzea eskertzen dizue» esaten zaie bertaratutakoei, «eskerrik asko etortzeagatik» esan beharrean. Zergatik? Gaztelaniaz «los cines XXX les agradecen su asistencia» esaten delako.
  • Ideiak ondo antolatzea. Horretarako, jakina, ezinbestekoa da puntuazio markak (marka guztiak) eta esaldiak josteko gainerako baliabideak ondo erabiltzea.
  • Mezua argi eta garbi identifikatzea, gaztelaniazko formulazioaren labirintoan galdu gabe. Bilboko metroko geltokietan, esate baterako, marra bat dago nasa guztietan, lurrean. Marra horretan, «rebasar sólo con tren parado» dago idatzita, eta euskaraz «trena geldi dagoenean sartu». Agian egokiagoa litzateke «ez sartu (edo ez saiatu sartzen) trena geldi egon arte», batez ere tren guztiak leku berera ez doazela kontuan hartuta.

Antzeko dekalogoa osatuko genuke gehienok, eta antzeko ideiak ditugu buruan testuak zuzentzerakoan. Hala ere, zaila gertatzen zaigu testuak zuzentzea, puntuazioaz eta gramatika-zuzentasunaz harago goazenean (Sarasolak zioen moduan). Sarritan egoten gara zalantzan, zer egin edo noraino zuzendu ondo ez dakigula. Aurreko astean bertan, «esanez batera» egitura posiblea ote zen galdetzen zuen batek Itzulisten, eta «azken honi ez diot inoiz usain onik hartu» esaten zuen, «esan zuenarekin batera» egitura zela eta. Usaimen ona eta eskarmentu handia izan arren (eta Itzulisteko galdera egin zuenak halakorik baduela uste dut), zalantzan geratzen gara sarritan halako egitura askoren aurrean.

Agian, testuak zuzentzen eskarmentu handirik ez dudalako izango da, baina niretzat edo oso testu onak edo oso txarrak izaten dira zuzentzeko errazenak. Lehenengoak, zer orraztu gutxi izaten dutelako; eta bigarrenak, alde batera utzi eta berriz itzultzen ditudalako, zerotik hasita.

Puntuazioaren kontura itzuli nahi nuke honekin amaitu baino lehen. Gramatika-arauak eta puntuazioa zuzentzea euskara ona zuzentzea baino errazagoa dela esan dut. Horrekin ez dut esan nahi, baina, garrantzirik ez duenik, sarritan puntuazio-markak txukun eta egoki jartzea baita zuzenketa-lanaren parterik handiena. Izan ere, askotan puntuazioak berak eragozten du mezua behar bezala ulertzea.

Bada, gainera, fenomeno bitxi bat horren inguruan gertatzen dena: hainbat eta hainbatetan gaztelaniazko testutik abiatu behar da euskarazko puntuazioaren zuzenketa. Hau da, lehenengo eta behin gaztelaniazko testua zuzendu behar izaten da, birtualki baino ez bada ere (puntu honetan gogoratu beharra dago orain arte zuzentzeko eman dizkidaten testu guztiak gaztelaniatik itzulitakoak izan direla). Terminologiari buruz esan dudan moduan, puntuazioari dagokionez ere gaztelaniazko txakurrak ortozik. Hona hemen adibide bat:

«Teniendo en cuenta que las alegaciones expuestas por el interesado no desvirtúan el contenido de la Resolución impugnada, en tanto en cuanto, atendiendo a lo dispuesto en el artículo 13 de la precitada Orden, al sobrepasarse el factor de densidad de 2 UGM/Ha. hay que deducir animales, aplicando la fórmula al efecto de la siguiente manera: N¼ U.G.M.s disponibles para pagos de carne vacuno = (Superficie forrajera determinada x 2) - (V.L. x 1 + O.C. x 0,15) = 8,16 x 2 -14,05 = 2,27 U.G.M.s. Así, el exceso de U.G.M.s solicitadas (4,8 terneros) menos las disponibles (2,27) = 2,53 U.G.M.s a descontar, que implica 2,53/0,6 = 5 terneros T-1 a descontar, pagándosele 3 terneros (T-1) reducidos (3 x 0,73335903 = 2,1). Siendo la nueva densidad ganadera 1,94 U.G.M.s/HA, por tanto, cobró correctamente. Por lo dicho, procede desestimar el recurso en función de la cuota láctea».

Beizamako abeltzain bati bidalitako gutun edo jakinarazpen batetik hartuta dago. Eskualdeko nekazarien bulegoko exegetarengana joko zuela pentsatzen dut. Muturreko kasua da, eta ez du puntuazioa arazo bakarra. Baina gauza bat segurua da: horrela puntuaturik, ezinezkoa da ulertzea. Alferrik ematen dira azalpen guztiak, seguru asko nahikoa zatekeen «cobró correctamente, recurso desestimado» jartzea.

Puntuazioari buruzko kontuekin amaitzeko, hiru erreferentzia hauek aipatu nahi nituzke, ondo lagungarriak baitira: Joskera lantegi, Espainiako Akademiak argitaratutako Ortografía de la lengua española, eta orain dela aste batzuk Itzulisteko mezu batean aipatutako The Penguin guide to punctuation.

Azken gogoetatxo bat gehitu nahi nuke, geroko asmoez hitz egin baino lehen. Mailak edo motak aipatu ditugu, testu zuzenketan parte hartzen duten faktoreak deskribatu guran. Ez da ahaztu behar, ordea, jarduera integrala dela zuzenketa (idazketa bera den bezala), eta aipaturiko alderdi guztiok elkarri lotuta egoten direla normalean. Xehetasun materialenak alde batera itxita (ortografia hutsezkoak, agian), gainerako kontu guztiak elkarri josirik daude: tipografia bera dokumentuaren diseinuarekin eta ideien antolamenduarekin loturik egon daiteke; arazo terminologikoa dirudiena fraseologia-kontua izan daiteke; puntuazio arazoak estiloaren ondorio hutsa izaten dira askotan...

Horrek ondorio garbia du: azaldutako mailakatzea birtuala baino ez da, zuzenketa ezin baita atalka egin; aitzitik, dokumentua bere osotasunean hartu behar da (lehenago aipaturiko testu-artekotasuna ahaztu gabe), eta bere osotasunean tratatu. Hortik datoz zailtasunak, kasu askotan. Baina bera izan behar da, nire ustez, zuzenketaren abiapuntua, arazo pragmatiko askoren soluziobidea dokumentuari buruzko hasierako hausnarketa integral horretatik baitatoz.

Orain arte esandakoaren arabera, bistan da badugula zer hausnartu eta zer hobetu testu zuzenketaren inguruan. Horretan gabiltza. Hasieratik aitortu dudanez, gutxi jorratu dugu alor hau, baina badugu horretarako asmorik.

Gerora begirako asmoak

Esan dugunaren ildotik, beraz, itzulpenaren kalitatearekin lotuta dago testu zuzenketa. Hala bada, ez dirudi abiaburu txarra denik ahalik eta itzulpen kalitate mailarik onena ziurtatzea. Horrek esan nahi du, itzultzaile taldea handitzeaz gain (azken finean horrek emango baitigu produkzio osoaren zati handiagoa barruan egin ahal izateko aukera), baliabiderik eraginkorrenak jarri behar direla testugintzaren edo itzulpengintzaren zerbitzuan. Eta horretan ari gara.

Lehen esan dugun moduan, gure itzulpen memoriak ondo antolatzea eta oinarri informatiko egonkor eta malgu batera aldatzea da gure lehenengo asmoa. Hau da, gure itzulpen memoriak eraginkortasunez kudeatzeko datu basea ezarriko dugu (ezarriko digute, egia esan, kanpoko enpresa bat ari baita horretan lanean —Eleka, hain zuzen ere—). Ez naiz xehetasun teknikoetan luzatuko. Esan dezadan, bakar-bakarrik, datu base hori gure zerbitzuaren premien arabera diseinatuko dela, eta hari esker informazio guztia —itzulpen segmentu guztiak— behar bezala sailkaturik eta etiketaturik izango dugula. Batetik, gure memoria osoa egonkorragoa izango da, eta, bestetik, erosoago egin ahal izango ditugu bera mantendu eta kudeatzeko lanak: errazagoa izango da era guztietako kontsulta eta bilaketak eta -nahi izanez gero- aldaketak —txikiak nahiz orokorrak— egitea memorian, errazagoa izango da neurrira egindako memoria partzialak sortzea, edota memoriak eguneratzea eta informazio guztia itzultzaile guztien artean partekatzea ere.

Itzulpen memoriak kudeatzeko datu base horrez gain, datu base dokumental bat jartzea pentsatu dugu, dokumentu pare elebidunak (dokumentu eredugarriak direnak, nolabait esateko) oso-osorik eta lerrokaturik gordetzeko aukera emango digun datu base dokumentala, alegia. Kasu honetan ere, kanpoko enpresa bat arduratuko da datu basea diseinatu eta instalatzeaz (CodeSyntax).

Helburua ez da, jakina, Trados edo itzulpen memorien erabilera baztertzea, bera osatzea baizik. Izan ere, sistema bien helburuetako bat berbera bada ere (lehendik itzulitakoa berriz ez itzultzea), datu base dokumental honek badu ezaugarri propio eta garrantzitsu bat guretzat: dokumentuaren erreferentzia ez galtzea, hau da, dokumentu osoak erraz eta eroso sailkatu, artxibatu eta berreskuratu ahal izatea (gogora dezagun Tradoseko itzulpen-memoriak segmentuka edo «esaldika» antolatzen direla). Zalantzarik ez dago horrek ikaragarri lagun dezakeela zenbait dokumentu-eredu finkatzen eta normalizatzen. Horien artean, urte batetik bestera egitura komun edo ia berdina duten dokumentuak aipatuko nituzke, edota haien erabilera publikoarengatik edo haien izaera eredugarriarengatik normalizatu eta finkatzeko premiarik handiena dutenak: kontratazioko iragarkiak, erabilera publikoko iragarkiak, erakundearen barruko izapideak egitekoak eta abar. Gainera, dokumentu pareak lerrokaturik gordetzen direnez, sistemak aukera ematen du TMX dokumentuak sortu eta, beraz, itzulpen memoriak elikatzeko.

Horiez gain, testu zuzenketa bera antolatzea izango da hurrengo urratsa. Aitortu dudan legez, oraingoz gutxi landu dugu zuzenketaren alorra. Espero dezagun jardunaldi hauek argibide onik ematea.