Zuzenketa lana eguneroko prentsan: azken 13 urteotako esperientzia
Irene Arrarats


1- Sarrera

1990eko abenduaren 6an Euskaldunon Egunkaria argitaratu zenetik hona, eguneroko prentsan etengabe lan egin da testu zuzenketan. Hamahiru urte ez da ezer hizkuntza baten bizialdian, baina, bistan denez, hizkuntzak aldatuz doaz etengabe, bi indarren arteko lehian: bere hartan segitzeko indarraren eta aldatzeko indarraren arteko lehian. Dema horretan zuzentzaileok erdibidetik jo behar dugulakoan gaude; aldatu bai, baina tradiziotik ahal den gutxiena eta behar den guztia bereiziz. Aldaketarik handienak lexikoari lotuak izaten dira, noski, tresna, kontzeptu eta zer berri guztiak izendatu beharrak hartaraturik, baina joskeran izaniko aldaketa gehien-gehienak gure auzo hizkuntzen indar ikaragarriak ekarri dizkigu. Dena dela, gure egoera soziolinguistikoaren ondorioz, ez da harritzekoa hain urte gutxian hainbeste gorabehera gertatu izana, hainbeste atzera eta aurrera, hainbeste bide itsu eta hainbeste garabide... Horiek guztiak gorabehera, gure zaharrek ulertzeko moduko hizkuntza eta gazteen mundua adierazteko moduko hizkuntza erabiltzea izan dugu helburu.

Euskarazko egunkariak, Euskaldunon Egunkaria lehen eta Berria orain, euskararen egoeraren on-gaitzen erakusgarrietako bat izan dira eta dira. Hizkuntzaren kezka handia izan dugu hala batean nola bestean. Beti saiatu izan gara ahal den eredurik egokiena lortzen, gure eraginaren jakitun. Esan gabe doa kazetarien hizkuntz ereduak ikaragarrizko eragina duela hiztunen mintzoan. Kazetariek nola, halaxe hiztun askok, batez ere lagunarteko erregistroa baztertu eta dotore antzean mintzatu edo idatzi nahi dutenean. Halaxe gertatzen da, gutxi-asko, hizkuntza guztietan, baina euskara hizkuntza gutxitua denez, gurean oraindik ondorio latzagoak ditu edozerkeriak. Guztiok dakigu euskal testuak zer-nolako bide bihurri itsuetara eraman dituen ahozko hizkera naturaletik idatzirainoko pausoa eman beharrak. Izan ere, gutxik lortzen dute normal idaztea, eta asko tematzen dira normaltasunez idazten...

Egunkarietan, gainera, aitzakia ederra aurkituko du testu okerrak eta testuetako okerrak zuritu nahian dabilenak: presa. Badakizue: azkar eta ondo, usoak hegan... «Eta kazetariak eta zuzentzaileak lanean», gehitu beharko genuke Berria-ko euskara taldekook, horrela jokatu behar baitugu gure lana beteko badugu. Baina, jakina, egunkarietan mundua eta mundu guztiak agertzen dira: kultur mundua eta kirol mundua, politika eta gizartea, Txetxenia eta Txina, euskal herriak eta berbere herria...; gai bakoitzak, gai bakoitzaren alderdi bakoitzak lehendik eman gabeko terminoak, kontzeptuak, leku izenak dakartza; eta sekula bukatzen ez den soka horretan, lehenbailehen eman behar dira konponbideak eta ordainak, eta lehenbailehen txukundu lehenbailehen idatziriko testuak...

Ikus dezagun, bada, presakako mundu horretan, zer bilakaera izan dugun urteotan, zer arazo izan ditugun, irizpideak nola finkatu ditugun... azken batean, nola lan egin dugun.

2- Abiapuntua eta lan tresnak

Nondik abiatu ginen azaltzeko —edo, behintzat, hasierako urte haietan (1990-91) gu nola ibili ginen azaltzeko—, bidelagun ezin hobea aukeratu dudalakoan nago: aita Villasante. Gogora ekarri nahi dut Euskaldunon Egunkaria argitaratu baino hiru urte lehenago, 1988an, aita Villasantek zer zioen, euskal prosaz eta, Euskararen auziaz liburuan:

«Euskarak behar du prosa egiteko moldea ongi finkatua eta trenpatua izan. Hau da, segur aski, euskarak duen premia gogorrenetako bat. Hori duen egunean euskara bere bizkar-hezurraz horniturik izanen da. Eta hori ez duen bitartean, tresna alferra izango da, gai ez dena, zeregin askotarako balio ez duena.

Euskara bizia izan dadila: horra gure mintzairaren premietan lehenbizikoa; baina horren hurrengo, prosa egiteko tresna moldaturik edukitzea da, ene ustez, bigarrena.»

Beraz, aita Villasanteren ustez, euskal prosa ondo finkatu gabe zegoen Euskaldunon Egunkaria sortu zen garai hartan. Uste dut aipua adierazgarria dela eta ondo erakusten duela nolako zailtasunak izan genituen hasieratik bertatik.

Gainera, aurreneko urte haietan, hasiberrien hutsa egin genuen: Funes burutsuak dena oroitzen zuen bezala ibiltzen ginen gu ere den-dena zuzendu nahian, eta, jakina, ezin; eskarmentuak erakutsi zigun, zuzentzeko genuen denbora gutxian, lehentasunak zehaztu beharra geneukala eta haien arabera aukeratu zer zuzendu, testua goitik behera orrazteko denborarik ez genuenean behintzat. Esaterako, horregatik erabaki genuen orria hartu eta lehen-lehenik titulu, azpititulu, argazki oin eta leiho guztiak zuzenduko genituela eta gero, denbora izanez gero, testuen gainerakoa. Ez da lan egiteko modu ortodoxoa, jakina, baina prentsa nola irakurtzen den oso kontuan hartzekoa da lan larrialdietan...

Atzera begiratu, eta nabarmena da gaur egun, hutsuneak hutsune, askoz ere tresna gehiago, askoz ere tresna hobeak ditugula eskura, bai kazetariek, bai zuzentzaile-itzultzaileok, hizkuntzari dagokionez. Alde horretatik, kontuan izatekoa da Euskaldunon Egunkaria argitaratzen hasi zenean, esate baterako hiztegi aldetik-eta, urri samar genbiltzala: UZEIren gaikako hiztegiak, Ibon Sarasolaren Hauta-Lanerako Euskal Hiztegia (baina ale batzuk bakarrik, osatu gabe baitzegoen), Plazido Mujikaren hiztegiak, Xabier Kintanaren 2000 Hiztegia, Adorez taldearen hiztegiak... Askoz gehiago ez zegoen, eta horrek nora jo ez genuela uzten gintuen askotan.

Urte gutxian tresna berri asko sortu dira, guztion aberasgarri, eta horrek izugarri zelaitu du zuzenketa lana: hor ditugu Euskalterm datu basea, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua, entziklopediak... Azken batean, orotariko hiztegiak sortu dira eta Orotariko Euskal Hiztegia osatuz joan, eta euskal hitzei buruzko gogoeta sakona ekarri zigun Ibon Sarasolak Euskara batuaren ajeak liburuan (1997). Eta hiztegigintzari ez ezik, joskerari ere heldu dio batek baino gehiagok, sakon baino sakonago: Pello Esnal eta Joxe Ramon Zubimendiren Idazkera-liburua, Juan Garziaren Joskera lantegi... Hasierako umezurtz sentipena izugarri arindu zuten lan horiek guztiek eta beste hainbatek: gaur egun, askoz errazagoa da zuzenketa lana, arestian aipaturiko lan horiei guztiei esker. Ezinbesteko lan tresnak dira zuzentzaileontzat, idaztankeran bide samurragoak eta erosoagoak seinalatu eta zabaldu baitituzte.

Kazetari estiloa lantzeko bidean, Euskaldunon Egunkaria-k pauso handia eman zuen 1992- urtean: lehenbiziko Estilo Liburua argitaratu zuen urte hartan. Hari esker, oinarri sendoa eskuratu genuen eguneroko lanean aritzeko, oinarri xumea nahi baduzue, baina ezinbestekoa eta oso sendoa, abiapuntua izateko. Estilo Liburua-ren bigarren bertsioa, bertsio hobetua eta osatua, handik hiru urtera kaleratu zen, 1995- urtean, eta azkeneko bertsioa, osatuena, 2001- urtean. Esan gabe doa Estilo Liburua, lehenik eta behin, etxe barrura begira eginiko lana zela, kazetariek eta zuzentzaileok bete beharrekoa, irizpide batasuna segurtatzeko. Hasiera-hasieratik, garbi izan genuen premiazkoa zela irizpide sendoetan oinarriturik konpontzea gure testuen makurrak. Arazo nagusiak aztertzea zen aurreneko lana, jakina. Eman diezaiegun begiratu bat arazo nagusiei, gaingiroki bada ere.

3- Prentsako testuen arazo nagusiak

3-1- Prosa egiteko modua, ongi finkatu gabe

Gure testugintzari erasaten dion gaitzik latzena lehen ere aipatu dugu, aita Villasanteren laguntzaz: prosa egiteko moldea ongi finkatu gabe egotea. Horren ondorioz, gaur egun ere konta-modu berezkoak aurkitu ezinik dabiltza oraindik kazetariak. Jar dezagun adibide xume baina nabarmen bat, esan nahi dugunaren erakusgarri: Ertzaintzaren (erdarazko) parteei eta teletipoei jarraitzen diete —batzuek, behintzat— auto istripuen gorabeherak emateko orduan, gordin-gordinean, eta honelakoak ikusten dira gero:

Goizaldean jazo zen ezbeharra, auto bat bidetik atera zenean

Ondorioz, atzetik zetorren autoak talka egin zuen iraulitako ibilgailuaren kontra

«Eta gure tradizioa, zer?», pentsatuko du batek baino gehiagok. «Ez ote dugu, bada, batez ere Iparraldean, tradizio ederrik eta idazle gogoangarririk?». Badugu, jakina, eta nik neuk, behintzat, ez daukat ahazteko, baina alferrik ezkutatuko dugu tradizioan izaniko eten latza, bai ahozkoan eta bai idatzian. Tradizioa ez ezagutze horrek beti hutsetik hasten garelako irudipen etsigarria eragiten digu, gainera. Unibertsitatetik lanera etortzen diren bekadun gehienek huts berberak egiten dituzte urtero-urtero. Barkatuko didazue ironia, baina iduri luke atzo goizeko kalko gordin horiek tradizio handiagoa dutela gaur egungo euskal unibertsitarioen artean, gure literatura guztiak eta ahozko transmisio naturalak baino. Hona hemen Villasantek Euskararen auziaz idatzi eta hamalau urte geroago Anjel Lertxundik zer esan zuen Pedro Páramo-ren euskarazko itzulpena aurkezteko egindako hitzaldian:

«(...) Euskal idazleok, gauza egunerokoenetan eta arruntenetan behintzat, gure ordez pentsatuko lukeen hizkuntza bat nahi genuke. Horren premian gaude. Gehiegi pentsatu gabe, senez eta berez aterako litzaizkigukeen makulu estilistiko eginak behar ditugu esalditik esaldira. Ia dena gurekin hasten dela izaten dugun sentsazio hori baztertu behar genuke.

Ekonomia pixka bat ekarri beharrean gaude geure fraseologiara; anbiguotasun ez bilatuari egin beharreko borrokan; gaztelaniazko herdoil burokratikoaren emaitza erreenetan inspiratu den euskal herdoil burokratikoari eraso! eraso! egiteko trantzean; ditugun baliabideei —puntuazioari, adibidez— etekin gehiago ateratzeko obligazioan.»

Gure ustez, helburuan azkona hala Villasantek nola Lertxundik: prosa guztiz osatu gabe dugu, baita eguneroko gauzarik arruntenak kontatzeko ere. Eta euskal prentsan askotan oztopatu gara harri horretan. Lertxundiri hala gertatzen bazaio, zer ez ote zaie gertatuko kazetaritza fakultatetik atera berri diren neska-mutilei!

Juan Garziak dioen bezala, «Hizkuntza bakoitza da, oso-osorik, esapide berezi bat». Gurea, esapidea den aldetik, ahul dabil, batez ere gure auzo hizkuntzen aldean. Ezin ahaztu dugu euskal kazetariaren iturri gehien-gehienak erdarazkoak direla. Horra hor gure miseria askoren sorburuak: tradizioa erdi etenik daukagularik, zeri erreparatuko, zein hartuko jarraibidetzat, eta bi latin hizkuntza, gureaz guztiz bestelakoak. Erdarak imitatze horretan, bazter uzten dira egiazko jarraibideak: alde batetik, ahozko euskara, euskara bizia eta naturala, eta, bestetik, euskal idazle eredugarriak —eta idazle esaten dugunean, itzultzaileez ere ari gara, noski—.

Beraz, joskera eta fraseologia zaintzea eta lantzea dugu egitekorik behinena. Ortografian eta horrelako kontu xeheetan ezin dugu denbora alferrik galtzen segitu: ezinbestekoak izanagatik, munta gutxiko zertzeladak dira. Hitz ezinago ederrez adierazi zuen Joxerra Garziak Egonean doazen geziak liburuan:

«ORTOGRAFIA

Urliak ez zekien ortografiarik. Horregatik ez zen ausartzen idaztera.

Sandiak, berriz, lasai asko —lasai eta asko— idazten zuen, ortografia besterik ez bazekien ere.»

Ondo idaztea ez da gramatika arauak betetzea bakarrik; ez da ortografia zaintzea bakarrik, ezinbestekoa izanagatik. Euskara zuzena egitea ez da nahikoa; euskara ona egitea ere ez: biak batuz lortuko dugu euskara egokia, euskal irakurleak gozatzeko modukoa. Hoztu egingo duela adierazteko «eguraldiaren ezaugarri nagusietako bat hozberoaren jaitsiera» izango dela esaka bagabiltza, alferrik saiatuko gara irakurle gaixoa gureganatzen.

3-2- Kazetaritzako euskara, mugako hizkera

Mugako hizkera izaten da kazetaritzakoa: literatur kutsua, administrazioko hizkera eta ahozkoa nahasten dira kazetarien jardunean. Euskal prentsan, ordea, harroxko dabil politikarien sasi-hizkera hutsal handiustea —baita politika baino kontu xeheagoak darabiltzagunean ere—, erdal administraziotik datorren estilo gordin aberats ustekoa. Eta ahaztuxe dugu ahozko tradizioaren dotoretasuna —ez bedi nahas, arren, arrunkeriarekin eta txokokeriarekin—. Bistan dira horren ondorio ezinago kaltegarriak: nominalizaziorako joera, esaldi puztuak, alfer-alferrik luzatuak, kalkoak, mezu ilunduak eta erdaraz jakin ezean ezin ulertu diren erretolikak.

Gurea hizkuntza gutxitua denez, bere muga barrenetan ditu beste bi hizkuntza, zein baino zein indartsuagoa. Esan dugu lehen ere nolako kaltea egiten duen informazio iturri asko eta asko erdarazkoak izateak: informazioa biltzearekin konformatu ez, eta erdarazko estilo eta esamoldeak ekarri ditugu euskarara. Testuak ondo orraztea garrantzitsua da, jakina, baina joera hori iraultzea dugu zuzentzaileon egiteko printzipalena. Teletipoa itzultzea ezin da izan kazetariaren lana: teletipoan eta beste iturrietan informazioa bildurik, bere baitatik sortu behar du testua, beregain izanik, handik eta hemendik iritsi eta testuak itsusten dituzten interferentziak saihestuz.

3-3- Hiztegi kontuak

Ibon Sarasolak erabilitako hitza erabilita, esan dezakegu hitza aje sentitu dugula batzuetan. Zergatik? Bada, lehenik eta behin, lexiko aldetik-eta, euskararen batasuna eta txukuntasuna zaindu nahi izan ditugulako. Horregatik, beti saiatu izan gara hiztun guztiontzat, euskaldun guztiontzat balioko zuen bidea aukeratzen, Hegoaldeko izan zein Iparraldeko izan, auzo erdarek euskaran duten eraginaren gainetik. Beste biderik ez dagoelakoan gaude, euskarak bat bakarra iraungo badu.

Hori batzuetan ez da bide erosoa, eta forma bitasunak ezin saihestuko ditugu beti-beti (gasolina-ezantza eta abar); gainera, bide artifizialtzat ere joko dute batzuek, garbizalekeriatzat beharbada. Atzera begiratu beharko genuke pittin bat: Gaur egun nork esango luke irratia idaztea ez zaiola naturala iruditzen? Noiz zabaldu zen, ordea, hitz hori radioa esaten zutenen artean? Ez aspaldi, bistan da. Garbizalekeriaren eta etengabe maileguak hartzearen artean badago erdibide bat. Jar dezagun adibide bat. Orain dela gutxi istripu larria izan zuen kamioi batek Lizarran: zisterna kamioi horietakoa zen, edo tanga kamioi, edo eduki-ontzi kamioi... Azkenean, erregaitarako kamioi erabili genuen, gure ustez edozein euskaldunek erraz ulertzeko moduko ordain naturala eta erdarazko ordainen menpeko ez dena.

Prentsan beste inon baino gehiago, ihes egin behar dugu sasi-kultismoetatik eta klixe topikoetatik: pedantekeria kenduz gero, zer du problematika-k arazo-k ez duenik? Aspertzeraino luza dezakegu horrelakoen zerrenda: protagonistak, ekimenak —zernahitarako erabiltzearen poderioz, esanahiz gabetua da hitz hori—, kolektiboak, eszenatokiak, prozesuak, merkurioak gora egingo du bihar... Eta zer esan eufemismoei buruz? Badakizue: Halako fabrikak doitu egingo ditu giza baliabideak... hau da, hainbeste langile kaleratuko ditu... Eta gero eta pobreagoak diren herriei, garapen bidean diren herri deitzen diegu...

Eta lexiko kontuez ari garela, nahi gabe ere esapideen arloari heldu behar diogu. Izan ere, adibide bat jarrita, nola esango dugu euskaraz politikarien eta besteren berbajean oraintsu arte hain modako ibili den seguidismo zorionekoa? Bada, euskarazko omen den hitz bakar batean adierazten tematzen bagara, nahiko lan: jarraizaletasun/keria edo horrelako beste izugarrikeriaren bat? Mailegua bere gordinean hartuta, bestela? Belarriari eta euskara naturalari kasu handiagoa egitea da gure lana, erdaren morroi ibili gabe. Izan ere, Urliak zer egin, huraxe egiten du Sandiak ere idazten badugu, askoz ere samurragoa izango zaio irakurleari berri hori irakurtzea, inondik ere. Hau adibide xume bat besterik ez da, baina makina bat horrelako ageri da egunero egunkarietan.

Nahi gabe ere, hitzen eta lexikoaren hariari segika joskera eta fraseologiaren ehuna dugu berriro hizpide, eta ez da harritzekoa, hori baita testuetan gako nagusia.

4- Zuzentzeko irizpide nagusia

Zuzentzailea, beste ezeren gainetik, egunkariaren lehen irakurlea da; nolabait esateko, testuen probalekua. Alde horretatik, zuzentzaileak irakurlea izan behar dugu gogoan ororen gainetik, eta batez besteko irakurlearen larruan jarri behar du, bere lana beteko badu. Batez besteko irakurlea esan dugu, baina, jakina, ez dago egiaz horrelakorik; izan ere, euskal prentsaren irakurleek oso talde heterogeneoa osatzen dute: euskaldun osoak dira, eta alfabetatugabeak, eta euskara ikasten ari direnak, eta euskalki guztietakoak... Denentzako moduko egunkaria egitea ez da samurra, baina irizpide guztiak horren zerbitzuan jarri behar dira.

Irakurleena bezain heterogeneoa da egunkari batean idazten dutenen multzoa: kazetariak, iritzi artikuluak idazten dituztenak, idazleak, gutunak idazten dituzten irakurleak... Alde horretatik, iritzi artikuluak, esate baterako, askoz ere modu malguagoan zuzentzen dira etxe barruan sorturiko testuak baino: egilearen aukera estilistikoak errespetatu beharra baitago, nahiz eta bat ez etorri Berria-k bere buruari ezarririkoekin.

Oro har, testuen alderdi guztiei erreparatzen diegu: ortografiari, ortotipografiari, gramatikari, joskerari (esaldi antolamendua, izen estiloa/aditz estiloa), koherentziari, kohesioari, fraseologiari, testutasunari... Baina hori guztia, bizkor-bizkor: batez beste, 15-20 bat minutu orriko. Eta askotan, hori ere ez. Horrek esan nahi du lehentasunak jarri beharra dagoela. Behin baino gehiagotan leporatu izan zaio euskal prentsari asko saiatzen dela xuxena izaten; esaterako, partida erabili bai, baina kalko gordina den esaldi batean txertaturik. Bat gatoz kritika horrekin, eta autokritika ere bada, gu jabetuak baikara arazo horretaz. Testu bat zuzentzeko denbora gutxi duzunean, arrisku larria da hori. Lanaren antolamendua aldatu beste biderik ez dago.

5- Lanaren antolamendua

Zuzentzaile taldearen helburuetako bat testu guztiak goitik behera gainbegiratzea da, produktuaren txukuntasuna segurtatzeko, baina Berria-k gero eta orrialde gehiago ditu, eta bestelako produktuak ere etengabe ugaritzen ari dira: gehigarriak, urtekariak, gida komertziala... Horregatik, gutxitan bete ahal izan dugu helburu hori. Lehenik, ezinezkoa da orrialdeak gehitzen diren hein berean handitzea zuzentzaile taldea; bigarrenik, munduko zuzentzaile guztiak orrien zain edukiagatik, ezinezkoa da orri guztiak zuzentzea, batzuetan ez dagoelako denborarik batere —halaxe gertatzen da, esate baterako, Osasunak partida gaueko bederatzietan hasita jokatu badu—; eta, hirugarrenik, eskarmentuak erakutsi digu horrek ezer gutxitarako balio duela: gehienez ere, ezinak nola edo hala mozorrotzen ditu, eta ez da gutxi, irakurleari produktu duina emateko balio duen heinean, baina sekula ez dakar egiazko aurrerapenik, hau da, beti-beti huts berberak zuzentzera kondenatzen gaitu.

Gurpil zoro horretatik onik aterako bagara, premiazkoa da, testuak orrazteaz gain, kazetariekin zuzenean lan egitea, trebatzeko eta idazkuntzaren alderdi guztiak lantzeko. Beraz, esan dezakegu bi zuzenketa modu egiten dituela gaur egun Berria-ko euskara taldeak: batetik, testu zuzenketa normala —hau da, kazetariak albistea idatzi, eta zuzentzaileen esku uzten du, orraztu dezaten—; eta, bestetik, idatzi aurreko zuzenketa —zoritxarrez boladan dabilen moldean esateko, zuzenketa prebentiboa: gerratik ere badu, eta ez gutxi-gutxi ere, ez baita batere samurra kazetariei urteetan harturiko aje mota guztietakoak bazterraraztea, eta zehar kalteak ere badakartza, argitaratu aurreko kontrola ahuldu egiten baita—.

Bi zuzenketa modu horiek batean erabilita, luzera begira emaitza hobeak lortzen dira: zuzenketa prebentiboari esker, kazetariek txukunago idazteko bidea jartzen da eta, beraz, testu zuzenketa ohikoa arindu egiten da. Gainera, estutu egiten da kazetarien eta zuzentzaileen arteko elkarlana, eta horrek modua ematen digu zuzentzaileoi hizkuntz aholkulari jarduteko, askoz ere modu aberasgarriagoan. Luzera begirako lana da, ondo planifikaturik egin beharrekoa, baina fruitu sendoagoak ematen ditu.

Paperezko prentsari buruz aritu gara orain arte, baina ezin ahaztu dugu kazetaritza digitala, Interneteko prentsa. Komunikazio euskarri bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta lantzeko dugu Interneterako hizkera eta testugintza; bide horretan ari gara, Berria digitala internauten nahietara egokitzeko.

Alor guztiotan segituko dugu lanean, irakurleak lanik hartu gabe euskal prentsa irakur dezan. Hutsuneak eta arazoak aipatu ditugu orain arte, baina, horiek guztiak gorabehera, urte gutxian sekulako bidea egin dugulakoan gaude. Bukatzeko, barkatuko didazue Euskaldunon Egunkaria-ri omenaldi txiki bat egiten badiot, Ibon Sarasolak Egunkaria Endavant-en idatzirikoa gogora ekarriz:

«(...) EGUNKARIA no era un mitjà de comunicació més. I no em refereixo pas al fet que era l'unic diari en llengua basca. Em refereixo al model de llengua que ha potenciat. Entre nosaltres no hi ha hagut cap més mitjà que fes una reflexiò tan explícita sobre la importáncia del model de llengua que cal fer servir en un mitjà de comunicació.

(...) EUSKALDUNON EGUNKARIA des d'un bon començament va fer una aposta per un model de llengua coherent, digne, que no acceptava perque sí un calc servil del castellá. I aquesta aposta va ser tan teórica —el seu magnífic Llibre d'estil— com práctica —l'exemple quotidiá de la utilització d'aquest model de llengua.»