Aurkezpena
Ospakizun baten bozkarioz datorkizu, irakurle, Senez aldizkariaren zenbaki hau: 1984ko urtean kaleratu zuen Martuteneko Itzultzaile Eskolaren inguruan bildutako itzultzaile talde aitzindariak aldizkari honen lehen zenbakia, geroago EIZIEk bere esku hartuko zuena. Hogei urte luze beteak ditugu, beraz. Ospakizunak izango du berariazko atal bat, aldizkariaren ale guztiz berezi baten bitartez, baina eskuartean duzun honek jaso nahi izan du, baita ere, urteotan egindako urrats esanguratsuenen azalpenik.
Poesiaren itzulpenak zabaltzen du, berriro eta azken urteotako bideari jarraiki, aldizkaria. Itzultzaile mordoxka baten lanak dira, debozioz baino gehiago, amodioz egindakoak, euskaratutako poesiaren webgune bat noizbait osatzeko xedez egindakoak, proiektu guztiz komunitario baten barne. Anton Garikano bazkideak lagundu digu, proiektu horretako euskarrietako bat den heinean, poemok biltzen, hautatzen eta argitaratzeko prestatzen. Berari bezainbatean lore-sorta hori ederreztatu duen itzultzaile bakoitzari eman behar dizkiogu eskerrak, noski.
Aldizkariaren oroimena berreskuratu nahi izan dugu elkarrizketaren atalean, orain arteko 20 urteren ibilbidean Senez-ek izan dituen zuzendariak solasera elkarretaraturik. Fernando Rey bazkideak egin du, ez dugu esango moderatzaile zeregina oraingoan, alderantzizkoa baizik, harrotzaile eginkizuna esan behar genuke, elkarrizketaren hezurra eta mamia ongi taxutzeko lana ederki kostata hartu baitu bere gain.
Ondoren, gure ohorezko bazkide Pedro Berrondoren Don Kixote Mantxa'ko lanaren iruzkin bat eman dugu argitara, hura hil zela urtea betetzen zenean Oiartzungo herriak antolatutako omenalditxoaren harira.
Zenbaki honi muin berezia ematen dion atala dator azkenik: EIZIEk 2004ko maiatzaren 5etik 7ra, HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialaren laguntzaz, Donostian egindako zuzenketen gaineko jardunaldietan entzun ziren mintzaldiak. Lehenengo aldiz heldu zion gure elkarteak zuzenketaren gaia modu zabal eta sakonean aztertzeari, eta garbi baino garbiago azaldu zen itzultzaileengan (baita editoreengan eta beste askorengan) jakin-min ikaragarria pizten duela. Horregatik erabaki dugu han emandako mintzaldiak orriotara ekartzea, jardunaldietan izandakoentzat oroigarri, eta beste guztiontzat jakingarri.
Horrela osatu dugu, beraz, aldizkariaren 20. urteurreneko zenbaki hau. Orain arteko ibilbidean, aise esan genezake Senez aldizkaria euskal itzulpengintzaren aitzindaritzan izan dela beti, hain zuzen ere itzulpengintzak eta itzultzaileek garabide galanta izan duten urteotan. Iraganaren ondareari etorkizunean eusteko adorea, horixe besterik ezin diogu opa elkarteari eta aldizkariari!