EHUko zuzenketak: mailak eta motak
Iñaki Ugarteburu Gastañares

Sarrera

Zuzenketa-lana ez da gaurko zeregin edo ardura berria; aitzitik, aspalditik ageri da idazte-lanari lotua, baina are gehiago, argitalpenari eta itzulpenari.

“El carro Phebeo despues de auer dado mill y quinientas bueltas en rueda: ambos entonce los hijos de Leda a Phebo en su casa tienen posentado: quando este muy dulce: y breue tratado despues de reuisto y bien corregido con gran vigilancia: puntado y leydo fue en Toledo impresso & acabado”.

“Alonso de Proaza: corrector dela impression al lector” [La Celestina]

Hiztun arruntaren intuizioak harrigarri deritzo maiz zuzenketa-lanari. Izan ere, edonork pentsatuko du aski dela ongi idaztea, zuzendu beharrik ez izateko. Baina idazte-lana bere osotasunean ezagutzen duenak ongi daki ezinbestekoa dela zuzenketa-lana ere, zenbait egoera eta eragile gogoan hartuta. Alde batetik, ez da harrigarria idazleak era askotako hutsak egitea (ortografian, konbentzio grafikoetan edo usadio eta erabilera estandarretan), baita jardutezko hutsak egitea ere (tekleatze orduan gertatuak, adibidez). Horiek guztiak zuzentzeko baziren lehen ere katalogo edo eredu-zerrenda. Baina huts eta errakuntzez gain, idazleak sortu duena moldatu egin behar izaten da, irakurlearen beharretara egokitzeko (ikertzaile baten zabalkunde lana, esate baterako, adin edo berezitasun jakin batzuk dituen irakurleari zuzendua egotea komeni da), lan horren edo esparru bateko argitalpenen koherentzia eta estilo bateratasuna gordetzeko, eta abar.

Gainera, euskarazko lanetan arreta handia jarri behar da zuzenketa-lanetan beste zenbait arrazoirengatik. Argitaratze lanetan maiz izango ditugu batere euskararik ez dakiten arduradun eta langileak (lerro-jauzien arteko silaba-banaketa bera ere zaila da kontrolatzen, maiz eta sarri) eta, ondorioz, azken muturreraino eraman beharko dugu gainbegiratze lana. Bestalde, euskarazko argitalpenen merkatuaren berezitasunak ere kontuan hartu behar ditugu; izan ere, arlo batzuetan (oinarrizko irakaskuntza, unibertsitatea, administrazioa) ohi baino ugariagoa da itzulpena eta, jakina, halakoetan ugari dira hutsak eta errakuntzak, testuen berezitasunagatik, itzulpen lanak dakarren hizkuntza kodetze eta deskodetze prozesuen konplexutasunagatik, eta abar; hau da, idazle onak ez ezik, itzultzaile onak eta itzulpenak zuzentzeko prestatuak egongo diren zuzentzaile trebeak beharko ditugu egoera horretan. Kontu hori ere, ez da euskarari bakarrik dagokion arazoa, egoera horretan dauden hizkuntza eta egoera soziolinguistiko guztiena baizik.

“…procure que estos tratadicos Españoles, se imprimiessen con nuestros nueuos caracteres. Pero siendo la primera prueua que hazemos en esta lengua, no nos fue possible vsar de tanta diligentia, que el author no hallasse munchas faltas, asi en la orthografia, conjunction de letras, y separation de partes: como en la permutation de vocales. En los quales yerros suelen facilmente caer los que componen y corrigen libros en lenguas que no les son tan familiares, como la suya materna.

Reglas gramaticales. Antonio del Corro (1586)

Baina, agian, euskararen egoera bera dugu arazorik larriena. Izan ere, egilea edo itzultzailea ez ezik, irakurlea hartu behar dugu etengabe gogoan: euskararen egoera diglosikoan inoiz eta inon baino premia handiagokoa gertatzen da testu egokia osatzea. Hau da, testu zuzena behar dugu, baina baita testu ulergarria ere, edo, beste era batera esanda, euskal hiztun edo erabiltzaile estandarraren intuizio linguistikoarekin bat datorren testua osatu behar dugu. Eta, ziur aski, testu egokien beharra orduan eta handiagoa izango da, zenbat eta gaia edo gaia jorratzeko modua ezohikoagoa izan, edo erregistro neutro arruntetik urrunagokoa. Testu tekniko espezializatuak edo euskarri informatiko eta ikus-entzunezkoetara egokituak dira maiz lan handiena emango digutenak.

Hizkuntzaren inguruko arauak

Zuzentzailearen lehen zeregina hutsak zuzentzea da. Nahiz eta zuzentzaileak huts formalak eta hizkuntzaz kanpokoak ere zuzendu behar dituen, hizkuntzari dagokionaz arduratuko gara hemen batez ere. Baina, zer zuzendu behar du delako zuzentzaile horrek? Zuzentzeak epaitzea dakar lehenbizi, zer den zuzena eta zer den okerra bereiztea, edo zer den egokia eta zer den desegokia bereiztea, alegia. Eta horretarako neurketa moduko bat egingo dugu, testuaren kalitatea neurtuko dugu: beti egongo dira hutsak, baina onargarritasun maila jakin bat jarriko dugu, hutsen zenbatekoaren eta nolakotasunaren araberakoa. Zuzentze lanari ez ezik, itzulpenari, itzulpen automatikoaren errentagarritasunari edo testu batzuetan erabili beharreko zuzenketa modu edo prozedurari ere badagokio onargarritasunaren kontzeptua. Nekez onartuko dugu itzulpen automatikoa, baldin eta sortu den testua zuzentzeak dakarren kostua (gastua, azken batean) itzulpen lanaren kostura hurbiltzen bada; eta nekez onartuko dugu zuzenketa-lana zuzentzaile bakar baten esku uztea, urrats horren ondoren, beste zuzenketa bati ekin beharrean baldin bagaude. Hori dela eta, bat baino gehiagok pentsa dezake Xuxen eta haren antzeko zuzentzaile ortografikoekin konpon daitekeela arazoa, zuzenketaren lanik astunena zuzenketa formal grafiko eta ortografikoa delakoan (gaur egun beti dugu halako lanak automatizatzeko joera, kostuak murriztu eta denbora irabazteko). Eta alde batetik aitortu beharra dago orain arte baino diziplina handiagoa lortu beharko genukeela, idazle eta testu sortzaileek zuzenketa ortografikoaren alderdirik oinarrizkoena zuzentzaile ortografikoaren bidez beti egin dezaten (dena den, ezinbestekoa litzateke horretarako orain arte behar bezala bideratu ez den prestakuntza lana, hezkuntza sisteman bertan hasita: zuzentzaile ortografikoa zer den, nola erabili behar den, zertarako balio duen eta zertarako ez duen balio, zalantzazko kasuetan nola jokatu behar den edo tresnaren fidagarritasuna zenbaterainokoa den). Baina bestetik, argi adierazi behar dugu ez dela zuzenketa grafiko formala gaurko euskarazko testuetan lanik handiena ematen diguna. Izan ere, duela urte batzuk baino askoz zabalagoa den euskarazko testuen merkatuan ezin esan daiteke testu sortzaile guztien hizkuntza-gaitasuna (erabilerarik egokiena ezagutzeko eta hautatzeko gaitasuna) behar bezalakoa denik: maiz ditugu zalantzak, zuzentasunaren nahiz egokitasunaren ingurukoak eta ez da beti erraz esaten zein den testu zuzenaren edo testu egokiaren eredua.

Aipatu berri dugun onargarritasuna arauari lotua dago lehenbizi, baina ikuspuntu praktiko batetik ongi bereiztea komeni da hiru arau edo esparru: arau akademikoa, ereduzkoa eta hizkuntza araua. Hiru arau horien artean akademikoa da errazena aplikatzen edo zuzentzen: ortografia, euskara estandarrari dagozkion aditz edo deklinabide paradigmetako formak, euskara baturako egin den euskalkien arteko hautua, eta abar. Gaur egun ez da hori guztia lan handia, zuzentzaile ortografiko eta antzeko tresnez gain (hiztegi aplikatuak, itzulpen memoriak), estandarrari dagozkion azken arauak ere egunero azter eta irakur baitaitezke Interneti esker. Baina, jakina, euskara dagoen egoeran maiz hartu behar dira erabakiak, arautu gabe dauden egitura eta erabileren inguruan (Hiztegi Batuak oraindik erabaki ez dituen hitzak hiztegi orokorreko, esate baterako, hiztegi espezializatuetako hitz edo esapideak, baita beste erabaki arbitrario batzuk ere: ortotipografia, eta abar). Eta erabaki horiek hartzeko orduan ezinbestekoa da ereduren bat gogoan hartzea; horretarako, beste hizkuntza arauekin jokatu den bezala jokatzea komeni da: nagusiki, erabilerari begiratu behar zaio, nahiz eta badakigun ereduzko erabilera non den zehazteko orduan, nahitaezkoa dela erabilera horren deskribapen egokia.

Edonola ere, euskaraz idazteaz ari garela, ezinbestekoa dugu hizkuntza araua kontuan hartzea. Hau da, euskararen eta, batez ere, euskaldunen egoera soziolinguistikoaren ondorioz, maiz izan ohi du idazleak edo zuzentzaileak zalantza. Egoera idealean bat datoz hizkuntza araua, erabilera eta hizkuntza egoeren deskribapena (gramatikaren formalizazioa), baina hiztun komunitatea halako edo bestelako gaitasuna duten hiztunek osatzen dutenean, eta hiztun horietako askok inguruko hizkuntza batean dutenean hizkuntza gaitasunik sendoena, ez da harritzekoa maiz zalantza eta eztabaida sortzea idazle, itzultzaile edo zuzentzaileen artean.

La pérdida de la conciencia, por parte de los más puristas, del carácter de incorrección que aqueja a un giro sintáctico o una palabra, es un factor que contribuye a que se tomen por correctos usos que, desde el purismo estricto, se considerarían como incorrectos.

Emilio Lorenzo.
“El español en la encrucijada” (Espasa, 1999)

Baina araua eta erabilera ez daude kontrajarriak, bat datoz eta sistema osatzen dute. Izan ere, araua bera konbentzio soziala da eta hizkuntza gaitasunean (intuizio linguistikoan) du oinarri. Hizkuntza gertaeren deskribapen eta azalpenerako, erabilera deskribatu behar da, bai lexikoarena (hiztegia) bai morfosintaxiarena (gramatika). Eta deskribapen horren aplikazioetako bat izango da erabilera zuzena eta okerra bereiztea. Horretarako, erabilera onargarriak eta ez-onargarriak bereizteko, zenbait irizpide erabili ohi ditugu:

a) irizpide linguistikoak

-  kontzeptuarekiko egokitasuna (tasun semantikoak)

-  egokitasun fonetiko eta ortotipografikoak (tasun formalak)

-  egokitasun morfosintaktikoa (tasun morfosintaktikoak)

-  beste batzuk (etimologia, eufonia, ekonomia…)

b) irizpide ez-linguistikoak

-  maiztasuna (edo erabilera)

-  beharra (neologia)

-  erabilgarritasuna eta ezargarritasuna

-  beste batzuk (ohitura, gizarte egoera eta ikusmoldea, prestigioa)

Hau da, zuzen eta egokiak izango dira kontzeptura egokitzen diren erabilerak, idazkera egokia dutenak (euskara estandarrarenak, esate baterako, testua euskara estandarrean idazten ari bagara, edo testu horren jasotzaile eta inguruari idazkera estandarra egokitzen zaiola uste badugu), eta abar. Aldi berean, onargarriagoak izango dira ohiko erabilerara egokitzen diren formak, behar jakin bati erantzuten diotenak edo erabilgarri gertatzen direnak (forma berriez ari bagara).

Gaur egun, hiztun eta idazle gehienek onartzen dugun akademiaren araua ere konbentzioa da, baina beste era batekoa: konbentzio arbitrarioa da, erabakiak hartzeko eskumena onartzen zaion giza talde batek erabakia. Arau hori hitzarmenean oinarritua dago eta ez da, nahitaez, linguistikoki motibatua. Baina, bestalde, ez da nahierara ezarria, aitzitik oinarri sendoa du, hizkuntza egitasmo zabal baten barruan.

Erraz aurki daitezke aipatu berri ditugun kontu horiek aztertzeko adibideak ohiko testuetan. Gaur egun, intuizioak intuizio eta erabilerak erabilera, Euskaltzaindiak arautua du “merezi” aditzaren erregimena eta erraz ekingo dio zuzentzaileak *“Merezi zuen biltzar hartara joateak” eta antzeko esaldiak zuzentzeari (arauak hala agintzen duelako, nahiz eta, berez, hizkuntza araua den zuzenketaren oinarria, ez erabilera estandarrerako akademi arau arbitrarioa). Beste horrenbeste geratzen da erdal kutsuzko kalko nabarmenekin (Hiztegi Batuak halakoen aipamen espliziturik egin ez arren): *“Gai desberdinak ikasiko ditugu ikastaro honetan”, *“Arazoa ongi ikastea komeni da, erabakia hartu aurretik”. Baina beste batzuetan zailago gertatzen da aldaketa diakronikoaren eraginpeko formen artean bereizi eta mugak jartzea (“Eskolak erakusten / Eskolak ematen / *Klaseak ematen”), erabilera dialektal eta estandarren onargarritasun mugak zehazten (“Ez dakit etorriko bada”), aski aztertu gabeko formen erabilera-mugak ongi zehazten (“Mendira bihar joango gara, eguzkia egitekotan”), eta abar.

Horrela, ez dirudi honako esaldi hauek egokiak direnik:

“Ikaskuntzaren testuinguru berria ezaugarritu eta bereizten duen zerbait …”

[Ikaskuntza-testuinguru berriaren ezaugarri eta bereizgarri…]

“Sare gizartearen ikaskuntza testuinguru berri honetan…”

[Sare-gizartearen ikaskuntza-testuinguru berri honetan…]

Gainera, zail da testuinguru berezietako erabilerak ongi aztertzen eta erabakitzen: esate baterako, egiteko dago oraindik behar [du] aditza ergatiborik gabe erabili ohi den testuinguruen deskribapen zehatza.

“Gatazka gainditzea izan behar du bigarren trantsizioaren helburua”. (Berria egunkaria, 2004-03-31, 9. or.)

“Gauzak izendatzea oso garrantzitsua da, baina izen horien oinarriak agertzea ere ezinbestekoa dela jakitun, Azpeitikoak Urrestillari lilura kentzen saiatu ziren, eta hortik sortua izan behar du izenaren beste argibidea: herriaren erdian bi erreka batzen direla ikusirik, Urrestilla ur-istila adierazten duen izena dela”. (Urregilearen orduak; Pako Aristi; Erein, 1998).

“Errito bat izan behar du hilgaiari tabakoa eskaintzea. (Nik ere germinal egin gura nuen aldarri; Koldo Izagirre; Elkar, 1998)”.

“—Tira, Miss Flynn, nolanahi ere kontsolamendu handia izan behar du zuentzat ahalegin guztiak egin dizkiozuela jakitea”. (Dublindarrak; J. Joyce; Irene Aldasoro itz.; Alberdania, 1999).

“Gogorra izan behar du gero Vesubioren magalean bizitzea, jakinik lurraren erraiak noiznahi den kolera daitezkeela eta lehert…” (Lur bat haratago; Joan Mari Irigoien; Elkar, 2000).

Eta zail gertatuko zaio zuzentzaileari, besteak beste, akademiak erabaki gabeko alderdi formalen inguruko erabakiak hartzea eta haietan koherente agertzea. Nola idatz daiteke, esate baterako, “diru(-)laguntza” hitz elkartua? Pentsa daiteke, Euskaltzaindiaren gomendio eta erabakien arabera, banatuta edo marrarekin idatzi behar dugula, baina lexikalizatutzat hartuz gero, lotuta ere idatz genezake. Hain zuzen ere, erabilera aztertu besterik ez dugu, erabiltzaileek zalantza egiten dutela ikusteko (idazle batek berak bi edo hiru eratara ere idatzi ohi du):

ITXARO BORDA [dirulaguntza, diru-laguntza]; XABIER MENDIGUREN ELIZEGI [dirulaguntza]; PELLO SALABURU [dirulaguntza, diru laguntza]; IBAN ZALDUA [dirulaguntza]; XABIER MONTOIA [dirulaguntza]; JON ALONSO [dirulaguntza]; JAVI CILLERO [dirulaguntza]; JOSE MORALES [diru-laguntza]; JOXEMARI URTEAGA [diru-laguntza]; ANTTON OLANO [dirulaguntza]; JON ARRETXE [dirulaguntza]; GOTZON GARATE [diru laguntza]; UNAI ELORRIAGA [diru-laguntza, diru laguntza]; JANBATTITT DIRASSAR [diru-laguntza]; PAKO ARISTI [diru laguntza]; JOXE AUSTIN ARRIETA [diru-laguntza]; erakundeak INTERNETen (Euskadi.net, Bizkaia.net, Alava.net, Hezkuntza.net, Gipuzkoa.net, Eusko Ikaskuntza…) [diru laguntza, diru-laguntza, dirulaguntza]; egunkari-astekariak (Berria, Argia) [dirulaguntza, diru laguntza, diru-laguntza].

Lexikoari dagokionez, bi dira arazo-iturri nagusiak. Alde batetik euskara batu estandarraren finkatzea eta estandarizatzea. Neurririk handienean Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak betetzen du esparru hori, baina badirudi euskal letren merkatua hiztegi estandarra baino arinago doala eta nekez aurki daitezkeela Hiztegi Batuan (bigarren itzulia ia hasi berri den honetan) egunetik egunera sortzen diren zalantzei erantzuteko moduko argibideak. Edonola ere, aitortu behar dugu Hiztegi Batuak primeran erantzuten diola merkatuari, metodologiari, helburuari eta produktuaren ekoizpenari dagokionez; izan ere, Hiztegi Batuaren ezaugarri nagusien zerrenda laburra osatzen badugu, erraz ikusiko dugu euskararen inguruko hizkuntzen hiztegi akademikoek ez bezalako eredua aurkezten duela. Hona ezaugarri horiek:

- Akademiaren hiztegia da. Hau da, gizarteak, oro har, onartzen duen eskumena baliatuz akademiak eredutzat sortzen duen hiztegia; ondorioz esango dugu, salbuespenak salbuespen, hiztunek gogo onez onartzen dutela hiztegi horren epaia.

- Hitzen forma batuak erabakitzen eta biltzen dituen hiztegia da. Hain zuzen ere hori izan da urte askoan euskara estandarra erabili nahi zuten idazle, itzultzaile eta zuzentzailek behar zuten tresna edo eredua. Arazoa, jakina, bestelakoa dugu: erabaki beharra dago noiz eta non erabili behar den euskara estandarra eta noiz eta non aldaerak, erabaki beharra dago (literaturan, esate baterako) noiz eta nola hautsi daitezkeen arauak era koherentean, hizkuntza eralda eta eredu berri adierazkorrak sortzeko, eta abar.

- Hiztegi Batua arau-emailea da, eta izaera horren ondorioz erabili ohi diren markek (h., e.) buruhauste ugari sortuko diote zuzentzaileari, marka horien balioa (testuinguruaren araberakoa) eztabaidagai gertatzen baita maiz.

- Hiztegi Batua oinarrizkoa da, eta orain biltzen dituen 20.000 hitz inguru horretatik 40.000ra iritsita ere, laburra izango da idazle edo zuzentzailearentzat. Hain zuzen ere, zuzentzaileak arakatu beharko du hiztegia eta inplizituki adierazten diren irizpide orokorrak formalizatu eta aplikatu.

- Oro har, hitzen ezaugarri formalak biltzen ditu Hiztegi Batuak. Baina, nahiz eta batzuetan bestelako tasun edo ezaugarriak ere adierazten dituen, beste horiek dira (semantikoak eta sintaktikoak) euskarazko testuetan erabakitzen zailenak.

- Hiztegi estandarrak ez du definiziorik ematen: taxonomiako izen zientifikoak dira landare edo animalien izaera zehatzaren berri ematen diguten elementu metalinguistiko bakarrak (Quercus coccifera)

- Maiz erabiltzen dira euskalki eta soziolekto markak (Heg), baita erabilera markak ere (g.g.er.), informazio didaktikoa (* markak) edo beste jakingarri batzuk (Sin., etc.)

Hori guztia dela eta, erraz esan daiteke Hiztegi Batua, besteak beste, hiztegi didaktikoa dela eta aplikazio ezin zuzenagoa duela zuzentze-lanetan, baldin eta haren inguruan hartuko diren erabakiak era koherentean hartzen badira.

Baina testu askotan bestelako hitzak izan ohi dira arazo-iturri, espezializatuak, Hiztegi Batak jaso eta erabaki ohi ez dituenak, alegia. Hain zuzen ere, azken urteetako euskalgintzan beste esparru batzuek izan dute lehentasuna eta azken urteetan baino ez da gutxieneko adostasuna lortu hiztegi espezializatua erabakitzen hasteko (baita testu espezializatuetako arazo diskurtsibo, komunikatibo eta morfosintaktikoak ere). Gogora dezagun beste lan batzuk direla testu berezien estandarizazio-lanetarako oinarri, besteak beste, corpusgintza eta gramatika deskribatzailea osatzea. Beste era batera esanda, hiztegi deskribatzaileak (OEHk) eta corpusetan oinarri hartuta osatu den hiztegi estandarrak lexikoaren zuzenketa erraztu badute ere, lexiko espezializatua ez da oraindik integratu gaurko argitalpen estandarraren sisteman eta noraezean ibili dira maiz zuzentzaileak, halako arazo lexikoen aurrean.

Arazoa, jakina, lexikografoena izan da, zuzentzaileena baino lehenago eta arazoaren oinarrian egoera soziolinguistiko berezia dugu. Aspaldi azaldu zuen arazoa K. Mitxelenak euskalgintza aztoratu zuten adierazpen ezagun haietan.

Hay que atenderla [demanda de traducción al euskera] pero tenemos el derecho a esperar y el deber de exigir, que respuestas improvisadas no causen estragos en la lengua. La actual corriente de traducción del castellano (que es, creo, la lengua fuente en el 95% de los casos) al euskera es la prueba de la más obyecta dependencia lingüística.

Porque no son solamente los léxicos especializados los que están en relación unos con otros, sino que es la totalidad del léxico, incluida su parte esencial, las palabras de uso general y común, la que está interrelacionada. Va a resultar que el lenguaje menos cultivado, el de la matemática, el de la física, etc., va a dictar la ley allí donde la lengua está mejor trabajada.

Mitxelena, 1981

Gerora, Miren Azkaratek labur eta argi azaldu zituen lexikografia espezializatuaren oinarrizko irizpideak, hitzak hautatzeko orduan kontuan hartu beharrekoak:

- Hiztegi estandarrean erabili direnen antzekoak

- Kasu egin behar zaie maileguei:

  • Baldintza: gaztelaniaz eta frantsesez erabiliak
  • Nazioarteko erabilera aztertu
  • Nazioarteko arau eta estandarizazio mailak aztertu
    • Gaztelania, frantsesa, ingelesa
    • Europako beste hizkuntza batzuk

(Terminologia lanerako irizpideak
AZKARATE 1997: 249-272)

Zuzenketa-lana

Hitz gutxitan esan daiteke zertan den zuzentzailearen lana: testu jakin bat eredu jakin baten arabera egokitzea, halako edo bestelako inguru batean. Hiru alderdi horiek aztertu beharko ditugu, beraz: zuzentzaileak jasotzen duen testuaren nolakotasuna, zuzenketa garaian gogoan dugun eredua eta lan-ingurua.

Zuzentzailearen lana

Egia esan, ez da erraza zuzenketa-lanaz bere osotasunean hitz egitea, oso era desberdineko jardunak biltzen direlako zuzenketa deritzogun horren barruan. Horrela, ez da gauza bera jatorrizko lanak edo itzulpenak zuzentzea; literatura testuak, administraziokoak edo teknikoak; euskarri edo itxura bateko edo bestekoak zuzentzea (liburuak, aldizkariak, eskuliburuak, gutunak, txostenak, iragarkiak…).

Bestalde, zuzentzaileak maiz bete behar ditu era askotako lanak: hizkuntza-zuzenketa, estilo-zuzenketa, argitaratze-zuzenketa eta, beraz, idazkera eta estiloa ez ezik, beste erabaki eta lan batzuk ere hartu behar ditu bere gain (ortografia arazoen bateratzea, aurkibide tematikoak osatzea, inprenta probak zuzentzea…).

Horretarako, helburu bakoitzaren araberako neurriak hartuko ditu gogoan zuzentzaileak: akademiaren araua betetzen den aztertzea, ortotipografia arautegia erabakitzea, argitalpenaren edo eremuaren araberako estilo liburua osatzea, testuaren irakurgarritasuna aztertzea… Hona hemen, adibidez, Cordial frantses hizkuntzako zuzentzaileak testuen irakurgarritasun indizea kalkulatzeko kontuan hartzen dituen irizpideak:

-  testuan ageri diren hitz ezezagunen (ezohikoen) ugaritasuna

-  hiztegietan ageri ez diren hitzen ugaritasuna testuan

-  esaldiaren batez besteko luzera

-  oinarrizko hiztegietako hitzen kopurua (Cordial zuzentzaileak 3.500 hitz dituen G. Gougenheim-en “Dictionnaire fondamental” aipatzen du oinarrizkotzat)

-  juntagailuen ugaritasuna

-  aposizioen ugaritasuna

-  partizipiozkoen ugaritasuna

-  esaldi-egituraren konplexutasuna (mendekoen proportzioa, eta abar)

-  izen abstraktuen ugaritasuna (izen konkretuen, giza izenen eta animalia-izenen aldean)

-  hitz polisemikoen ugaritasuna (monosemikoen aldean)

Zuzenketa motak

-  Zuzenketa pragmatikoa. Testua irizpide jakin batzuen arabera zuzentzen du eta ez dago egilearen eta zuzentzailearen arteko harremanik. Testuinguruak berak agintzen du eta testuaren azken orrazketa egiten da halakoan, argitaratu aurretik. Ezinbestean, halako zuzenketa egin behar zaten da batzuetan baina egile edo itzultzailearekin batere harremanik ez izateak zenbait arazo eta oztopo jartzen ditu, batez ere hitz, esapide, egitura edo pasarte batzuk interpretatzen asmatu beharra.

-  Zuzenketa didaktikoa. Halakoetan, zuzenketak (betiko zuzentzaileak testuan gorriz markatu ohi dituen egiturak) eta proposamenak bereizten dira. Azken erabakia idazle edo itzultzailearen esku, edo zuzentzaile eta argitaratzailearen esku egon daiteke, bien artean erabaki dutenaren arabera. Oro har, badira erabaki batzuk egileak hartuko dituenak eta beste batzuk zuzentzaileak ezarriko dituenak. Egoera horretan, zuzentzaileak zuzenketen arrazoiak azalduko ditu (gramatika, hiztegia, erabilera estandarra…) eta, zenbaitetan, egilearekin negoziatuko du azken erabakia. Jarduera horrek egile nahiz zuzentzailearen jarrera konstruktiboa eskatzen du, bereziki, agramatikaltasunetik aparteko zuzenketak egitean, testuaren irakurgarritasuna eta egokitasun estilistikoa bilatzeko.

-  Zuzenketa automatikoa. Euskaraz dugun Xuxen zuzentzaile ortografikoa erabiltzea ia ezinbestekoa da testu-zuzenketan, baina beti ere bi kontu ahaztu gabe. Alde batetik, hutsa da Xuxenekin egingo dugun lana, benetan egin behar dugun lan osoaren aldean, eta ez dago pentsatzerik zuzentzaile ortografikoa erabili delako testua ongi dagoenik. Bestetik, ezin dugu ahaztu Xuxenek iradokizunak baino ez dizkigula eskaintzen gehienetan eta gure esku dagoela erabakia, batez ere, zuzentzaileak ezagutzen ez dituen hitzen inguruan. Bestalde, testu tekniko eta espezializatu batzuetan hitz asko izan daitezke zuzentzaileak ezagutuko ez dituenak eta, aldez aurretik, tresnaren errentagarritasuna aztertu beharko dugu, lan horri ekin baino lehen. Bi unetan gertatzen da bereziki gomendagarria zuzentzaile automatikoa: hasieran, idazle edo itzultzailearen auto-zuzenketarako, nahiz zuzentzailearen lehen orrazketa formala egiteko, eta amaieran, argitaratu aurretik, azken orduko hutsak ikusarazteko eta zuzentzeko.

Zuzenketa-lanaren atalak

Editore lana egiten duenak antolatuko ditu edizioaren atal hauek ere (nahiz eta ez den hori editorearen lan bakarra), besteak beste zuzenketa, begiraletza eta proben zuzenketa. Baliteke hiru atal horiek pertsona bakar baten esku uztea eta aldi berean-edo egitea baina bitan behintzat komeni da banatzea

a) Zuzentzea (correcting). Zuzenketa-lanaren oinarria irakurketa kritikoa da. Irakurtze lan horretan hiru kezka hauek izango ditugu gogoan:

- Ea testuak esan nahi duena esaten duen, hau da, ezer ez ote den faltan edo soberan.

- Ea testuak benetan esaten duen egileak adierazi nahi duena (itzulpenetan gertatzen da arazo hori nabarmenen)

- Ea irakurleak benetan testuak adierazi nahi duena ulertuko duen.

b) Begiratzea eta probak zuzentzea (proof-reading). Nahiz eta maiz zuzenketa eta begiraletza nahasten ditugun, ez dira gauza bera. Bietan berrirakurriko dugu testua arreta handiz, baina ez era berean. Honako honetan, testutik urrundu eta testua bere osotasunean irakurriko dugu, testuan dauden koherentzia arazoak, paragrafoen antolamenduen gorabeherak, kohesio hutsak eta abar. Lan hori gaiari nahiz moldeari dagokionez egingo dugu.

Edonola ere, maiz egiten dira batera zuzenketa eta begiraletza lanak. Hona hemen EBko Estilo Liburuak dioena:

(Work of the proof-readers) The Office’s proof-readers initially read and prepare manuscripts with a view to checking the consistency of annotations, grammar and typography throughout the text. They detect any errors, inconsistencies and unclear meanings in order to make the manuscript clear and comprehensible. However, proof-readers are not editors. They are independent regarding the views of the author, who retains control of the substance of the text.

(Preparation of manuscripts) The aim of the proof-readers is to facilitate composition and to eliminate unnecessary extra costs by checking the consistency of notations, grammar and typography throughout the text. They make a thorough and detailed examination of the text and ensure that the house rules have been applied as described throughout this vade-mecum.

Interinstitutional style guide (EB)
http://publications.eu.int/code/en/en-cover.htm

Idazketa (edo itzulpena), zuzenketa eta begiraletza bereizteak baditu bere alde onak. Esate baterako, idazte edo itzultze orduan ez dago exonimo baten idazkeraren gorabeherarengatik edo zalantzazko neologismo batengatik gehiegi kezkatu eta lana eten beharrik. Baina, bestalde, ez dago testua zuzendu gabe begiraleari ematerik ere, testuaren lehen idazketa eta idazketa landua nahasiz.

Deontologia arazoak

Berez, zuzenketa-lanak ez dakar —ez luke halakorik ekarri behar— testua berridaztea. Hutsak zuzenduko dira, esaldi bat edo beste berrantolatu, kohesioa hobetu, testuan dauden koherentzia arazoak konpondu. Baina zuzenketa-lanaz ari garenean ez gara lehen zirriborroaren gainean ezinbestean egin behar den berrirakurketa eta berridazketaz ari; aitzitik, lan hori idazle edo itzultzaileari berari dagokio. Horregatik, zuzendu behar dugun lana berridatzi egin beharko litzatekeela aurkitzea izan ohi da zuzentzailearen arazorik handienetako bat, besteak beste lan handiagoa izan ohi delako zuzenketa bera, berridaztea edo berriz hutsetik itzultzea baino —ordaina, berriz, askoz txikiagoa, gainera—.

Maiz ikusten dira era honetako testuak (itzulpenak):

Irteera kamioiak (Salida camiones)

Hurrengo eraikuntza (Próxima construcción)

Horrela itzuli duenak ez du oinarri-oinarrizko irakurketa egin eta ez du gaztelaniazko testua deskodifikatu ere. Alegia, ez ditu ulertu “salida (de) camiones” sintagma edo aditz-izenez osatutako esaldi osoa (“a construir próximamente” / “próximamente se construirán”) eta itzulpen mimetiko hutsa egin du, beste era batera behar bazuen ere (“Kamioien irteera”; “Laster eraikitzekoa”). Halakoetan errentagarritasunak aginduko du, testuaren zuzenketaren aurrean erabaki bat hartzeko, baina, edonola ere, egileari jakinaraztea komeni da ez dela haren testua zuzendu, berridatzi baizik.

Izan ere, zuzentze lanak badu epaiketa kutsua: zuzentzaileak testua eredu jakin batekin erkatu eta hura epaitu egiten du —inplizituki bada ere—. Eta idazle edo itzultzaileak estimatu egin behar du epai hori, egiten duen lanaren kalitatea hobetzeko neurri ezin eraginkorragoa delako. Epaiketa- eta lankidetza-jardueren artean oreka lortu beharra dago, hutsak eta iradokizunak ongi bereiziz, koherentzia bilatuko duen jarrera konstruktiboa erakutsiz eta izan litezkeen ergonomia eta errentagarritasun arazoak eta mugakizun pragmatikoak ahaztu gabe. Hona adibide pare bat:

The patriot filmaren itzulpena kritikatzen zuen Javier Mariasek (“Harán de mí un criminal”, J. Marías 2003, Alfaguara) hala ziotelako: “En nombre del Padre, y del Hijo y del Santo Fantasma [sic: Holy Ghost]”. Eta arrazoi du, jakina. Baina zuzenketa ez dagokio esaldi horri (ezta, ziur aski, itzultzailearen kultura jakintza eskasari), filmaren hasierako erabakiei baizik; izan ere, el fantasma erabaki zen Mel Gibson aktoreak antzezten duen the ghost goitizeneko pertsonaiari, eta erabaki harekiko koherente agertu behar izan du itzultzaileak harako esapide hartan: aski litzateke filmaren hasieratik el espíritu hautatzea pertsonaiaren goitizentzat, baldin eta horretarako aukera balego eta itzulpen kaskar bat presaka atera nahi izan ez balitz.

Edonola ere, ezinbestekoa da zuzentzailearen eta itzultzailearen arteko harremana, itzultzaileak eginiko hutsen azalpena aztertzeko; eta ezinbestekoa da zuzentzailearen eta egilearen arteko harremana, egileak nolabait osatutako testua interpretatzen, deskodifikatzen eta jatorrizko bertsioan ere txukuntzen elkarri laguntzeko.

Esta empresa fabrica un buen producto pero tiene un servicio de ventas que las hunde totalmente.

*Enpresa horrek produktu ona ekoizten du baina erabat alferrik galtzen dituen salmenta-zerbitzua.

(?)Figuras que ascienden al equipo a la división de honor

Jokalari hauei esker igo da taldea ohorezko mailara

Zuzenketa EHUko Euskara Zerbitzuan

Hizkuntza zerbitzuaren antolamendua

EHUko Euskara Zerbitzuak zenbait zeregin ditu, hemen zehaztuko ez ditugunak: eredugintza, testugintza, prestakuntza, zuzenketa, aholkularitza eta abar. Eta, oro har, hizkuntza zerbitzuen integrazioa bilatzen du; izan ere, lotura estua dago zeregin eta jarduera esparru horien artean eta batean egiten dena bestean ere baliagarri izan daiteke: zuzenketa-lana prestakuntzarako, aholkularitza lana zuzenketetarako, eta abar. Unibertsitateko hizkuntza zerbitzuen lehen bezeroa irakaslea da, hura delako irakaskuntza eta ikerkuntza lanen oinarri eta erantzule, baita argitaratze lanen sustatzaile ere. Irakasleei eskainitako zerbitzuak, gainera, eragin biderkatzailea izango du, ikasleenganaino iritsiko delako, eta lan horietan, prestakuntzaz gain, argitalpen lanek dute garrantzirik handiena.

Baina unibertsitateko testugintza era askotakoa da —baita beste erakunde batzuetakoa ere—. Unibertsitatean ikerketa lanak argitaratzen dira irakasle eta ikertzaileentzat, zabalkunde lanak ere argitaratzen dira jakintza zabaltzeko asmotan, ikasleentzako materialak prestatzen dira (ahikor eta aldi baterakoak: apunteak, praktiketako gidak…), administrazio testuak prestatzen eta itzultzen dira. Hori dela eta, ez dago jarduera, eremu eta egoera horiei guztiei era berean erantzuterik.

Testu-zuzenketa EHUn: helburuak

Aurreko ataletan esandakoaren arabera, zuzenketak berak dituen helburuak zerbitzuaren beste helburuetan txertatzen dira. Egileek eta itzultzaileek (unibertsitateko irakasleek nahiz bestek) lehen zuzenketa egitea izango da helburuetako bat, besteak beste, zuzentzaile ortografikoa erabiliz; horretarako, prestakuntza ikastaroetan eskainiko dira Xuxen erabiltzen denean agertzen diren arazoei aurre egiteko irizpideak eta bestelako jakingarriak. Edonola ere, testuaren barne koherentzia bilatuko dugu eta, horretarako, egileek estrategia egokiak erabiltzea jarriko dugu helburu. Koherentziak, bestalde, testukoa, egilearena eta jakintza arlo edo esparrukoa ere behar du izan, lexikoari, sintaxiari nahiz beste atalei dagokienez.

Zuzenketaren bidez bultzatuko dugun ereduak orekatua izan behar du, testu teknikoek duten zailtasun bereziari erantzuteko orduan arazoak aztertuko ditugu eta irtenbiderik egokiena bilatu, ez usadio partikular eta errotu gabeetara ezta hiperzuzenketa eta garbizalekeriara jo gabe. Aldi berean, testu teknikoen arazo ortotipografikoak (irudiak, formulak, eskemak…) aztertu eta erabakiko dira, ahalik eta era koherenteenean.

Zuzenketak datu-base batean bilduko dira, prestakuntza lanetan erabili ahal izateko eta zerbitzuaren beste jarduerekin erkatu eta integratzeko.

Testu-zuzenketaren antolamendua: eskuliburuak

Hasiera-hasieratik ekin behar zaio zuzenketen planifikazioari. Horregatik, ez dago banatzerik zuzenketa-lana eta sortze-itzultze nahiz editatze-argitaratze lana. Edozein irakasle edo egilek proposa diezaioke Argitalpen Zerbitzuari lanen bat argitaratzea baina euskarazko liburugintzan eta testugintzan planifikatua da lanik handiena. Eta planifikazio horrek aukera ematen du erabakiak lehen urratsetik hartzeko.

Alde batera utziko ditugu honako lerro hauetan unibertsitatean eskaintzen diren zenbait aukera (ikasmaterialen zuzenketa eta abar) eta ereduzkotzat hartu nahi ditugun itzulpenak hartuko ditugu aztergai. Euskara Batzordeak erabakia da urtero zenbait liburu itzultzea, eskuliburu tankerakoak edo. Asmoa da goi-mailako jakintzaren esparruan kalitatea erakutsi duten eta urtetan erabili ohi diren liburu klasikoak itzuli eta irakasle nahiz ikasleen eskura jartzea.

Horretarako, erabaki beharra dago nor den itzultzaile, liburu hauek zailtasun tekniko ugari baitute (arloko terminologia, gai eta arazoen kontzeptualizazio egitura konplexuak, konbentzio eta ortotipografia erabaki arbitrario ugari, eremukako usadio partikular finkatu samarrak eta abar). Baina ez dirudi zailtasun tekniko horiei itzultzeko orduan aurre egiteko gaitasun espezifikoa duenik espezialistak. Aitzitik, espezialista oso itzultzaile ona —arloko itzultzailerik onena, egia esateko— izan daiteke, baldin eta hizkuntza gaitasun handia badu eta itzultzen ongi ikasia eta trebatua bada. Baina ez da hori maiz gertatzen eta horregatik gertatzen da egokiena espezialista nahiz espezialista ez direnen artean aukera egitea lehiaketaren bidez. Lehiaketan, besteak beste —edo batez ere— lagin baten itzulpenaren azterketa egiten du Euskara Zerbitzuak eta testu hori itzultzeko gaitasun handiena erakusten duena hartzen da itzultzaile. Orain arteko esperientzian ikusi dugu, oro har, itzultzaileak direla lan horretan trebeenak, testua aztertu (nahiz eta gaiaren kontzeptualizazioari dagozkion arazoak eta interpretatzeko zailtasunak izan), deskodifikatu, berregin eta euskaraz emateko trebeenak, alegia. Baina aldez aurretik badakigu gaiari dagozkion gorabehera semantikoei-eta nolabait erantzun beharko zaiela. Horregatik izango du itzulpen proiektu bakoitzak bi begirale, itzultzaileak lehen lana egin ondoren jardungo direnak. Gogora dezagun, baina, itzultzailearen lehen lana ez dela lehen idazketa deritzona, lehen idazketa edo itzulpena ez ezik, zuzenketa ere hari dagokio, edo —hori da, jakina, egoerarik onena— itzultzailearekin elkarlanean ari den beste kide edo lankide bat. Beraz, lehen mailako zuzenketa (neurri batean, auto-zuzenketa) egile edo itzultzailearen esku dago (irakasle, egile, enpresa, itzultzaile).

Begirale teknikoak hartuko du orduan testua, atalka, aldez aurretik adostu den egutegiaren arabera. Begirale teknikoa espezialista izango da, gehienetan, gai hori euskaraz irakasten ari dena eta eremu horretako euskarazko testuetan dauden zailtasun eta arazoen jabe dena. Baina begirale teknikoaren lana ez da hizkuntza begiraletza edo zuzenketa. Espezialistak testua irakurri behar du eta ezagutu ea itzultzaileak zertan ez duen asmatu jatorrizkoak zioena jasotzen. Honako izen honetan, esate baterako, bi dira euskarazko aukerak eta espezialistak esan beharko du zein den adiera.

Ciencias y Técnicas de la Navegación, Máquinas y Construcciones Navales

(a) Itsasketa Zientzia eta Teknikak, Itsasontzi Makinak eta Itsasontzigintza

(b) Itsasketa, Makina eta Itsasontzigintza Zientzia eta Teknikak

Lan horrekin batera, lexiko espezializatua ere aztertuko du begirale teknikoak baina espezializazioko testuetan ez da lexiko unitateen alderdi formala arazo-iturririk handiena (nahiz eta maiz eztabaidatzen diren kalko edo maileguen egokitzapen bihurriak), kontzeptuak azaltzeko hizkuntza bat edo bestek dituen baliabide sintaktiko eta estilistikoen erabilera egokia baizik.

Hizkuntza begiralearen lana da, bestalde, testua bere osotasunean hartu eta aztertzea, ea ulergarria den, ea argia den, ea zuzena eta arauzkoa den, ea egokia den, ea tradizio eta usadioa urratzen duen edo ez. Begirale teknikoaren oharrak jaso eta aztertuko ditu: ondoren, ulergarritasuna eta zehaztasuna lortzeko estrategarik egokienak proposatuko dizkio egile edo itzultzaileari. Hizkuntza begiralea izango da testuaren zuzenketa-lanen azken erantzulea.

Itzultzaileak begiralearen oharrak jaso eta azken zuzenketak egingo ditu. Nahiz eta lanaren erantzulea egile edo itzultzailea den, gogoan hartu behar du argitalpenen (bildumaren, jakintza eremuaren…) koherentzia lortzeko erabakiak bere egin behar dituela. Aldi berean, zuzentzailearen iradokizun eta proposamenak aztertu eta zuzentzailearekin batera erabakiak hartuko ditu.

Testu-zuzenketak, testu motaren arabera

Testu guztietan bilatuko da gutxienez testuaren zuzentasuna eta ulergarritasuna. Testu motaren eta testugintza mailaren arabera erabakiko da hortik aurrerakoa, hau da, maila gorenekoetan egingo da azterketarik sakonena eta testu teknikoen edo itzulpenen arazo bereziei eman dakiekeen erantzuna edo arlo horietarako gomenda litekeen erabilera erabakiko da.

Honako maila hauek bereizi dira EHUko Euskara Zerbitzuaren testugintza-itzulpengintzan:

a) Testugintza eta itzulpengintza arloko goi mailako testuak: zientziaren zabalkunderakoak eta unibertsitateko eskuliburuak. “Zientzia Irakurle Ororentzat (ZIO)” testu-bilduman eta unibertsitate-mailako eskuliburuen itzulpenetan unibertsitaterako egokia era eraginkorra izango den euskara-eredua bilatu eta proposatu nahi da. Horretarako, aurreko atalean aipatu dugun begiraletza sistema bikoitza erabiliko dugu. Testu hauen bidez maila horretarako euskara eredua lortu nahi da eta hutsen zuzenketa gain, estilo aldetiko moldaketa ere egingo da, testuaren antolamendu osoari, fraseologiari, sintaxiari eta lexikoari begira. Bestalde, zuzenketak datu-base batean bilduko dira, itzultzaile, egile edo zuzentzaileen eskura jartzeko.

b) Unibertsitateko irakasleen materialak zuzentzeko orduan zuzenketa didaktikoa dugu gogoan. Hau da, testua zuzentzeaz gain, egileak zuzenketaren berri izatea dugu helburu eta trebatzaile baten bidez zuzenketaren arrazoiaz jabetzea eta testugintza horren kalitatea hobetzea.

c) Irakasleen “apunteak”: “Testu-orrazketa” zerbitzuak testu-zuzenketa arin eta praktikoa du helburu. Halakoetan, gutxieneko zuzentasuna eta ulergarritasuna bilatuko da. Horretarako, aldez aurretik adostuko dira ohiko huts eta hizkuntza arazoen aurreko zuzenketa-lanak eta zeregin horretaz arduratzen denak, zuzentzeaz gain, txostena helaraziko dio egileari eginiko zuzenketa eta proposamenen zerrendarekin. Zuzenketa-lan horren asmoa didaktikoa da, txukuntze lana egiteaz gain.

Zuzenketa-lan horietan lau kontu izango dira beti gogoan:

- Zuzenketak hizkuntza araua edo sistema bera gogoan hartuta egin behar dira (zuzentasuna eta adierazkortasuna lortzeko egitura egokienak).

- Zuzenketak testuaren eta egituren egokitasuna bilatu behar du (testuak bete nahi duen funtzioari ongien egokitzen den eredua)

- Zuzenketa egiteko orduan erabilerari kasu egin behar zaio: euskararen ohiko ereduari egingo zaio jaramon, beharrik gabeko berrikuntzak alde batera utzirik eta erabilera estandar zabalen eta errotuenetik aldentzen diren erabilera partikularregiak ere alde batera utzirik. Tresna egokia da horretarako Ereduzko Prosa Gaur testu-bilduma.

- Zuzenketa-lana ahalik eta integratuena izan behar du.

Testu-zuzenketa integratua

Testu-zuzenketak koherentea eta errentagarria behar du izan. Horretarako, ezin egokiagoa gertatzen da testu-zuzenketak beste hizkuntza jardunekin batera integratzea. Besteak beste, testu-zuzenketak aholkularitza zerbitzuko galdera-erantzunekin batera biltzen dira. Era berean, zuzenketekin batera biltzen dira zerbitzura iristen diren testu eta liburuen gainean emandako irizpenak, hiztegigintza eta testugintza lan-talde eta mintegietan sortzen diren hizkuntza zalantzei emandako erantzunak, EHUko izendegia normalizatzeko lanetan hartutako hizkuntza erabakiak. Bestalde, hizkuntza lanak hiru tresnatan biltzen dira: EHUko terminologiaren datu-bankua, itzulpenen corpus eleaniztuna eta testu-zuzenketen datu-basea.

EHU_irudia1.jpg

Testu-zuzenketen datu-basea orain arte aipatu ditugun iturrietatik elikatzen da (ZIO, itzulpenak, ikasmaterialak, apunteak) eta EHULKU aholkularitza zerbitzuko hizkuntza fitxekin batera aztertzen da. Aholkularitza zerbitzuan biltzen diren zuzenketa eta galdera-erantzunak zenbait iturritatik datoz: EHULKU zerbitzua, administrazioko lan eta itzulpenak, ikastaroetako materialak, edo beste batzuk. Horrela osaturiko datu base bikoitza integratzeko atal berezi bat osatu da mapa kontzeptualean aztergaiak biltzeko. Aztergai horiek dira zerbitzuak aztertuko dituenak, proposamen jakinen bat egiteko. Datu-basea zenbait esparrutan erabiliko da: era askotako testu eta itzulpenetako zuzenketa-lanetarako edo Intranet nahiz Internet bidez zabalduko diren gomendio edo erabilera-arauak. Hau da, estilo-liburu moduko bat osatu nahi du datu-baseak, trebakuntza lanetan eta zuzenketa-lanetan erabiltzeko, baina liburu horren ezaugarri nagusia dinamikotasuna da. Datu-basea egunero elikatzen da datu berriekin: horretarako fitxa erabiltzen da, datuak sartu, bildu eta elkarrekin erlazioan jartzeko. Fitxa bakoitzak kodea du eta hiru eratako datuak:

a) Zuzenketa datuak: zuzendu behar den testa, testu zuzendua (edo proposatzen dena), testuingurua (zuzenketa motaren arabera erabakia, ez baita testuinguru bera behar hiztegi, morfologia, sintaxia edo bestelako zuzenketetan), dokumentazioa (zuzenketa-erabakiaren oinarri, hala behar izanez gero) eta oharrak. Eremu horiekin batera, zuzenketa-mota ere adieraziko da; hain zuzen ere, honako aukera hauek dira aurreikusten direnak (ezinbestekoenetik hasita):

– hizkuntza araua

– Euskaltzaindiaren araua

– Euskaltzaindiaren gomendioa

– Terminologia Batzordearen gomendioa (Euskararen Aholku Batzordea)

– EHULKU zerbitzuaren aholkua (EHUko aholkularitza zerbitzuaren aholkua)

– norbaiten iritzia edo proposamena

b) Zuzenketaren identifikazio teknikorako datuak: iturria, zuzentzailea, eguna…

c) Zuzenketaren ezaugarriak: izenburua, gako-hitzak, sailkapena. Azken atal hori ezinbestekoa gertatzen da zuzenketen kudeaketarako, hau da, zuzenketak era antolatu eta arautuan sailkatzeko eta testugintzan lagungarri gertatuko den bilduma ahalik eta osatuena prestatzeko. Izenburuak, esate baterako, era honetakoak dira: anafora: bertan; anafora: erakusleak; anafora: halako; antolaketa eskasa, antolatzaileak; antolatzaileak: besteak, beste batzuetan; antolatzaileak testuan aurrera egitekoak, -(r)i dagokionez; antolatzaileak: aldetik; antolatzaileak: testuan aurrera egitekoak, amaitzekoak edo laburbiltzekoak; fraseologia: definizioa nola eman; fraseologia: desberdin; fraseologia: destinatiboa iritzia emateko; fraseologia: edukiera x-koa izan, edukiera x izan; eta abar. Baina zuzenketen izenburu edo definizio antzeko horiek sailkapen oso batean txertatzen dira: Idazkuntza, estiloa eta egiunezko erabakiak (Idazkuntza-irizpide orokorrak (Koherentzia: informazioaren egitura (Edukien egitura / Gaiaren garapena) / Kohesioa (Osagaien ordena eta esaldiaren antolamendua / Anaforak, kataforak / Lokailuak, testu-antolatzaileak / Puntuazioa) / Egoerarekiko egokitasuna (hizkuntza maila, igorlea, hartzailea…), eta abar. Zuzenketen emaitza antolatu eta sailkatu horrek emango digu aukera modurik ahalik eta koherenteenean jokatzeko eta erabakiak hartzeko.

EHU_irudia2.jpg

d) Zuzenketaren estatusa. Estatusari dagokionez, berdin jokatuko dugu zuzenketetan nahiz aholkularitza zerbitzuan. Eremu horretan darabiltzagun markak honako hauek dira: ezabatzekoa (behin eta berriz agertzen diren zuzenketek datu-basea puztu egiten baitute eta errepikapenez bete), behin behinekoa (aztertu beharrekoa eta ontzat eman beharrekoa), behin betikoa (zerbitzuak ontzat emandako zuzenketak, hizkuntza arau orokorrei edo akademi arauei dagozkielako, nahiz zerbitzuaren ardurapeko testuak estandarizatzeko hartutako erabakiei dagozkielako).

Zuzenketen kudeaketa

Modu horretan antolatutako zuzenketak maila eta esparruaren arabera erabiliko dira. Oro har, Intranet edo Internet bidez eskaintzen den kontsultagunean eskainiko dira, ongi bereiziz gutxieneko zuzenketa jaso duten ikasmaterialak (sareko argitalpenak, PDF formatuan ikasleentzat), ohiko argitalpenak eta eredutzat hartzen direnak nahiz EHUn erabiltzeko forma estandartzat erabaki direnak. Azken horiek zenbait bidetatik eskainiko dira: izendegia, EHULKU aholkularitza zerbitzuko datu-basea, testu-zuzenketen datu-basea, EHUko terminologia datu-bankua, itzulpenen corpus elebidun parekatua, eta abar. Horiekin batera, beste lan batzuk biltzen dituzten corpus ereduzkoak ere eskainiko dira (Ereduzko Prosa Gaur) eta EHUtik kanpoko kontsultaguneetarako sarrera (Jagonet, Duda-muda, Elhuyar, Euskalterm eta abar).

Zuzenketen datu-baseko behin betiko zuzenketa fitxak 2004an eskainiko dira Interneten bidez, EHUko Euskara Errektoreordetzaren orrian (Euskara Zerbitzuaren kontsultagunean).

Adibide batzuk

(1)    Zelularen makina-moduko eta kodetze-funtzioak.

         [Zelularen makina-moduko funtzioa eta kodetze-funtzioa].

(2)    Zelulak prokariotikoak ala eukariotikoak diren, egiturari erreparatuta ondoriozta badaiteke ere, egokia ote da egitura ahaidetasun ebolutiboa (filogenetikoa) antzemateko?

         [Egiturari erreparatuta, zelulak prokariotikoak ala eukariotikoak diren ondoriozta badaiteke ere, egokia ote da egiturari erreparatzea ahaidetasun ebolutiboa (filogenetikoa) antzemateko?]

(3)    x eta y x eta y-ren gehikuntzak dira.

         [x eta y balioak x eta y-ren gehikuntzak dira].

(4)    Geometria analitikoaren arabera, z = f(x,y) ekuazioa betetzen duten P(x,y,z) puntuen adierazpen grafikoa hiru dimentsioko espazioan gainazal bat dela dakigu.

         [Geometria analitikoaren arabera, badakigu z = f(x,y) ekuazioa betetzen duten P(x,y,z) puntuen adierazpen grafikoa gainazal bat dela hiru dimentsioko espazioan].

(6)    Ikaskuntzaz ari gara. Eta oinarrizko elkar eraginaz. Lehendarra —haurra eta amarena— non erritmoak zeregin azpimarratua du.

         [Ikaskuntzaz ari gara. Eta oinarrizko elkarreraginaz. Lehena haurra eta amarena da, non erritmoak zeregin nabarmena duen].

(7)    Zein ondorio izango ditu aste beterako zure herriko argi edo elektrizitate indarra kentzen badute?

         [Zer gertatuko da astebeterako zure herriko argi edo elektrizitate indarra kentzen badute?]

(8)    Modernoa, objektiboki adierazi beharreko garaiko espirituaren aktualitateari laguntzen diona da.

         [Modernoa da objektiboki adierazi beharreko garaiko espirituaren aktualitateari laguntzen diona].

(9)    Berarekin hasten baita garai berriaren dualismoa, alde batetik, klasikorantz begirako arte batekin eta, bestetik, natur zientzietan eta emantzipaziobideetan oinarritutako teknika berri batekin.

         [Izan ere, berarekin hasten da garai berriaren dualismoa: alde batetik, klasikorantz begirako arte batekin, eta, bestetik, natur zientzietan eta emantzipazio-bideetan oinarritutako teknika berri batekin].

(10) Petrolioaren prezioaren erorikoa, kasu batean, eta zorraren krisia, bestean, dira, lehen analisian, bi eskualde hauek zergatik geratu diren nazioarteko merkataritza- eta finantza-fluxuetatik zokoraturik agertzen duten eragile nagusiak.

            [Bi eragile nagusik —petrolioaren erorikoak, kasu batean, eta zorraren krisiak, bestean— esplikatzen dute zergatik geratu diren bi eskualde hauek nazioarteko merkataritza- eta finantza-fluxuetatik zokoraturik].