Berbelitzenak
Anjel Lertxundi

berbelitz.gif

Tximeleten bila balebil, lorez lore imajinatuko genuke bere landetan eta auzokoenetan, salabardo bat eskuan eta salakot bat buruan. Gure Berbelitz dontsuak ez du, ordea, salabardorik eskuan, salakotik ere ez buruan. Nekez esan daiteke tximeleten bila dabilenik ere, ez bere landetan ez auzokoenetan.

Hortik aterako dugu ez dela entomologoa?

André Maurois-ek Camus-i buruz esaten zuen hura -Il avait attrapé un style- itzuli nahi luke gure Berbelitz dontsuak. Esaldiak erraza dirudi. Ez da, behintzat, zuk geranio ingurura salabardoa botatzerako petunien artean dabilen tximeleta bat bezain esaldi iheskor horietako bat. Baina Berbelitzek ez daki nola adierazi, horra arazoa, zer egin zuen Camus-ek estiloarekin. Estiloa harrapatu zuela itzuliko du? Edo idazle frantsesak atzeman egin zuen estiloa? Atrapatu egingo zuen agian. Nola jakin atzitu egin zuen estiloa ala arpilatu? Ez zion ba oratuko estiloari?

Hitz bila darabilen lehia horretatik aterako dugu gure Berbelitz dontsua entomologoa dela?

Hark estilo bat lotu zuen itzultzea erabaki du gure Berbelitz dontsuak, irakurle abisaturen batek lotu eta lortu aditzen arteko hurbiltasunari erreparatuko diolakoan.



Berebiziko ezinegon batek hartu dio gaur barrena gure Berbelitz dontsuari. Hiztegiz hiztegi zebilela, hor non ohartu den euskal hiztegietan -ezagutzen dituen gainerako hiztegietan ez bezala- itzulpen hitza lehenago datorrela orijinal baino. Baita jatorrizko hitza baino lehenago ere.

Goizean goiz, sekulakoa iruditzen zitzaion aurkikundea: itzulpengintzari zor zaion ereinotza aitortzen duen justizia poetiko halako baten emaitza. Eguerdi aldera, gurdia idien aurretik jartzea bezalako eszena surrealista bat iruditu zaio itzulpena leheneste hori. Gauerdian, berezko ordena naturalaren biribilketa horri etekin filosofiko-linguistikoak ateratzen saiatu da: «orijinala eta itzulpena fenomeno beraren aurkia eta ifrentzua dituzu» hitzekin ekin dio Babel aldizkari espezialduak eskatutako artikuluari.

Berehala errenditu du, ordea, lolotxoak.



Argitu ezin diren, soluziorik ez duten kontuak gustatzen zaizkio gure Berbelitz dontsuari. Agian horregatik da itzultzaile. Edo agian itzultzailea delako gustatzen zaizkio argitu ezin diren kontuak.

Berak ere baleki...

Hona, argitu ezin diren kontuetan burua gehien nekatu izan dion galdera:

– Itzulpena posible da?

Aspaldi utzi zion, ordea, kezka horren harilketari. Berak dioena:

– Itzulpena ez da posible, baina itzulpenak bizi gaitu.

Etxe bat hipotekan hartu zuenetik, soluziorik ez duten beste kontu goratsuago batzuk izaten ditu kabutan, hilaren bukaeran egin beharreko ordainketekin zerikusia dutenak gehien-gehienak.

Aspaldikoa du gure Berbelitz dontsuak kezka horien harilketari ere utzi nahia. Baina berak dioena:

– Itzulpenak bizi gaitu?



Gure Berbelitz dontsuaren barrideko postariak txirrina jo du itzultzailearen atean, eta zain geratu da. Zorro bat darama bizkarretik zintzilik, gutun zertifikatu bat eskuan. Itzultzaileak atea zabaldu dionean, postariak tanpoi baten itxurako bere buruñoa luzatu du itzultzaileak eta atearen markoak uzten dioten zirritutik, eta nonahi pilatuta dauden liburu, aldizkari eta paperei begiratu die postariak, inbidiaz begiratu ere.

Banku bateko logotipoa daraman gutun zertifikatua luzatu dio itzultzaileari.

– Libretoiaren promozioak itzultzeko kontraturen bat? -jakin nahi izan du postariak.

Itzultzaileak gutuna itzuli dio. Ez duela izenpetuko. Baina atea ixtera zihoanean, postariak hanka jarri du markoaren eta atearen artean.

– Barkatu atrebentzia, baina galdera bat egin nahi nizuke. Euskalduna naiz, badakit gaztelania, elebidun petotzat daukat ene burua.

Eta, zorrotik fotokopia bat aterarik, itzultzaileari luzatu dio, zirrikitutik sarturik:

Musde Urrutia etzen lotzen
Bere tela mihisetan,
Araxe nahiago beitzen
Amuraren kapitetan.
El señor de Urruty no dormía
En sus sábanas de lienzo.
Prefería hacerlo
En las de lino de su amante.

– Zergatik irakurtzen dut aiseago itzulpena orijinala baino?

Orijinala baino aiseago! Gure Berbelitz dontsuak, halako gaiek adrenalina irabiatzen baitiote, atea zabaldu du berriro.

– Non dagoen zentzugabekeriaren desarrazoia? Bada, aratz bezain garden erantzungo dizut. Orain auskalo zenbat mende, erlojua gelditu zitzaion orijinalari. Itzulpen horrek, ordea, hamabost urte doi ditu. Itzulpena kaskarra balitz -eta da!- , beti dago beste bat moldatzeko aukera. Zahartuko balitz ere, beste itzulpen bat egin genezake. Gaztelaniazko beste editorialen batek euskal baladekin sosak irabaziko dituela amestuko balu, beste itzulpen bat enkargatuko luke. Eta abar. Orijinala, ordea, beti da bera, bere haste hartan segitzen du. Aldaezina da, finkoa, egonkorra.

– Ez dabilen harriari zaio goroldioa lotzen, hori esaten ari zara? -bota dio postariak.

Hirak begiak odoldu dizkio gure Berbelitz dontsuari:

– Ez duzu ezer ulertu! Altzari zaharrari hautsa nola, hala kendu behar zaio goroldioa testu orijinal bati ere. Eta orduan gertatzen den mirariak ez du parerik! Irakurketa huraxe bai itzulpena!

Eta danbatekoa eman dio ateari.



Traducción, traduction, traducció, traduzione, translation... Hizkuntza ezagunenetan «batetik bestera pasatzea» esan nahi du itzulpenak. Gure Berbelitz dontsuak ez du batean dagoena bestera pasatzea beste lanik?

Bada, ez!

Gure Berbelitz dontsuak nahiago dio euskarari erreparatu, konturatuta baitago itzuli aditzak dituen adiera ugariek ordain ezina (ordain ezina!) bihurtzen dutela itzultzaileen lana.

  1. Ondo itzuli nahi duenak, «atera zen edo lehenago zegoen tokira eraman» behar du testua. «Lehenago zuen itxura edo egoera berriro» bilatu behar dio testuari. Gure Berbelitz dontsuak ulertzen duenez, jatorrizko hizkuntzan duen egokipen bera aurkitu behar dio testuari hizkuntza berrian ere. Agian testu on guztiek badutelako hizkuntza bera baino lehenagoko eremu bat, non, Baudelaireren poeman bezala, entzuten baitira longs échos qui de loin se confondent dans une ténébreuse et profonde unité.
  2. Itzuli hitzak esan nahi du birak ematea ere. Gure Berbelitz dontsuak eskarmentuz du testu zailen eta ez hain zailen aurrean eman behar izaten dituen biren eta biren berri.
  3. Norbaiti hartu edo kendu zaiona berriro ematea ere itzultzea omen. Beste hizkuntza batetik hartu zuena jatorrian zegoen bezain txukun eta makularik gabe itzultzen saiatzen da gure Berbelitz dontsua, maitalearekin zimurtutako izarak kontuz-kontuz lisatzen direnean bezala.
  4. Itzultzea eta iraultzea, biak bat dira. Ongarria edo lurra nola, gure Berbelitz dontsuak halaxe iraultzen du testua, azpikoz gora jartzen, ezkutuan zeuden testuaren beheko zatiak gora ekartzen. Inoiz saririk ematen badiote (eta etsita dago ez diotela emango), erabakita dauka «Iraultzaile anonimook» hitzekin hasiko duela eskerroneko agurra.
  5. Itzuli eta itxuraldatu ere biak bat izaki -ekintza batek ezinbestekotzat baitakar bigarrena- , gure Berbelitz dontsuak nekeak eta bi izaten ditu hizkuntza batetik bestera itzultzerakoan jositako soineko berriak jatorrizko testuaren dotoretasuna izan dezan.

Ideiok ere garatu nahi lituzke gure Berbelitz dontsuak Babel aldizkari espezialduak eskatu zion artikuluan, iruditzen baitzaio itzulpen hitza traductio zentzuan lehendabizikoz erabili zuenak -Orixe izan zelakoan dago gure Berbelitz dontsua- bete-betean erantzun ziola bai kontzeptuari bai euskarari senari ere. Kontzeptuaren itzulpen bikaina egin zuela, alegia, Orixek edo dena delakoak.

(Orixe aipatzen badu, Orixe ez zela bertsolari bat argituko duen oin-oharren bat jarri beharko duela pentsatzen du gure Berbelitz dontsuak).



«Ezinezkoa da poesia itzultzea. Akaso itzuli daiteke musika?», esan dio adiskide batek gure Berbelitz dontsuari, ohartu gabe -edo ohartuta!- esaldia Voltaire-rena dela.

Etxera iritsi denean, gure Berbelitz dontsuak musika jarri du. Mozart-en Musika funebre masonikoa. Sofan erdi etzanda musika entzuten ari delarik, goranahi eta beherabehar kontrajarrien lehia berritu dio musikak; eta tristura eragin dio horrek guztiak, imajinaturik halako zerbait izango dela heriotza; eta arnasa bahitu dio konpas batek, begiak itxi dizkio beste batek, atximur egin hurrengoak, saihestezinaren aiduru jarri laugarrenak; eta Mozarten zerraldoa etorri zaiolarik burura, berehala nagusitu zaio berea Mozartenari; eta iritsi da argizariaren usaina aditzera ere; eta Sir Neville Marriner zuzendariak gidatutako Academy of St. Martin in the Fields orkestrak pieza amaitutakoan, itsasoa lisatu berria baino bareago sentitu du barrua.

Damu du «akaso itzuli daiteke musika?» galdetu dionari musika entzutea bera itzulpena dela ez erantzun izana.



Gure Berbelitz dontsuak ez du gustukoa duena bakarrik itzultzen. Egokitzen zaio gazi-gozorik gabeko testuak, testu astunak, testu alferrikakoak eta testu alferrak itzultzea ere.

Baina gure Berbelitz dontsua gehien akitzen duena inork inoiz irakurriko ez dituen testuak itzuli beharra da. Halakoetan, erratza ia zorurik ukitu gabe pasatzea izaten du tentaldi. «Baina inork irakurriko balu?» galdera nagusitzen zaio, ordea. Eta Shakespeare itzultzerakoan jarriko lukeen adorerik eskaintzen ez badio ere Topografoen Elkartekoen Batzar Nagusiko aktari, nekez esango luke inork gure Berbelitz dontsua saiatu ez denik.



Babelgo dorreari gertatua aurpegi askotariko bedeinkapen bat da gure Berbelitz dontsuarentzat.

Batetik, gizakion harrokeria bezatu zuen Yahvék. Bestetik, mundua desberdin ikusteko parada eman zigun. Eta, gainera, itzultzaileen gremioa bultzatu zuen.

Yahvé-ren zuhurtasuna txalotzeko arrazoi pisuzkoak dira hiruak ere gure Berbelitz dontsuaren agnostizismoarentzat.



Gure Berbelitz dontsuak Veneziako merkataria filmea ikusi zuenean, ondo iritzi zion Orson Welles-ek jokatzen zuen Shylock judu lukurraren paperari.

«Ederra itzulpena!», pentsatu zuen.

Justu kontrakoa, baina baldarrago, irten zitzaion Omar Sharif Zhivago doktorearena jokatzen ikusi zuenean:

– Popatik!

Sarreraren dirua itzultzeko eskatu zuen, hiraturik, Volker Schlšndorf-en Swan-en maitasuna filma ikusi zuenean.

– Zer ez zaizu gustatu? -galdetu zion leihatilako emakumeak- . Zuzendariaren lana? Proust-en testuaren egokipena? Alain Delon-en interpretazioa? Musika?

Emakumeak lana bukatutakoan elkarrekin kafe bat hartzekotan geratu ziren biak. Elkarrekin afaldu ondoren eta elkarrekin gaua pasatu aurretik hartu zuten kafea. Hitzari hitz, jakin zuen leihatilako emakumeak oso garbi zuela itzulpen on batek derrigorrezkoa duela jokoan jartzen diren elementu guztien analisia, eta hain begi-bistakoa dirudien horrek kafe soil batek baino denbora gehiago eskatzen duenez, ia urte erdi iraun zion ligeak gure Berbelitz dontsuari.

Alokatutako bideo bat -Clint Eastwood-en Mistic River- emakumearen etxean ikusten ari ziren gau batez egin zuen porrot harremanak. Singlea bezain mingarria da hausturaren zergatia: pelikula amaitu zenean, bukaerari buruzko eztabaida sutsuan hasi ziren biak, bati jeniala iruditzen zitzaiona, tranpa gaiztoa iruditzen baitzitzaion besteari.

Gure Berbelitz dontsua ez da gogoratzen zein zen defendatzen zuen postura. Baina ondo gogoratzen du kristalean behera doan euri-tanta baten moduko abaildura...



Honainokoak erakusten duenez, gure Berbelitz dontsuak itzulpenaren giltzarekin zabaldu nahi izaten ditu sarraila guztiak. Eta ez daki hori ona ala txarra den. Agian paranoia bat da. Agian ez luke hainbeste sutu behar bere lanbideari erakusten zaion begirune gutxirekin.



Milan Kunderak nahi duena esango du, baina ez dago amaren semerik sinetsiko duenik Europako Legebiltzarreko diputatuak baino mila aldiz garrantzitsuagoak direla itzultzaileak.

Gure Berbelitz dontsuari gehiago gustatzen zaio Joseph Brodskyk zioena: «Nire ustetan, gure zibilizazioak itzulpena du oinarri».

Baina gehien-gehien gustatzen zaion aipua (bi whisky hartu ondoren eta lagun seinalatuen aurrean soilik erabiltzen duena) K. Bertrand-ena da: «Itzulpenek emakumeen antza dute: fidelak badira, ez dira ederrak; eta ederrak badira, ez dira fidelak».



Amets gaiztoetan, hiztegi bihurtzen da. Azal gogorreko liburukote horietako bat, ordena jakin baten arabera sailkaturiko hitz-multzoarekin. Horra gizaki bat paperezko izen zerrenda soil bilakaturik. Baina ez du bere burua gutxiesteko motiborik ikusten, Bertrand Russellen araberako zorionaren lau osagaien jabe baita: osasuna du, noizean behin berritzen baitute; baita behar adina ondasun ere, bere orrialdeetan bildutako hitzen altxor apartak adierazten duenez; harreman egokiak ditu auzoekin, ez dira inoiz beren arteko ordena naturala iraultzera iritsi; eta, azkenik, lanbide arrakastatsua da berea...

Orain ere hatz batzuk ari zaizkio orri pasa. Urduri dago gure hiztegia, erantzukizun handiko lana baita zerbaiten izaera zehaztasunez azaltzea. Granada hitzari erlakaiztena hitzaren esanahia emango bagenio, laster irtengo litzateke norbait «granada bat daukat lepoan» esaldiaren goi-arnas poetikoa txalotzera. Bego. Gure hiztegiari, oso arrazionala baita, ez zaio paseo-klase hori gustatzen, baina onartzen du osasuntsua gerta dakiokeela haize pixka bat hartzea bere eguneroko esturari. Baina paseoak, neurriz: hitz bat noranahiko orbela balitz bezala erabiltzetik sortzen ez dira ba gaizki ulertuak, gaizki ulertuetatik haserreak, eta haserreetatik gerrak? Horri eransten bazaio batzuek bakea deitzen diotela gerra nabarmena denari, eta badirela arranoak baino harrapariago jokatzen duten usoak, dena esanda dago.

Dena esanda dago? Lepoan sentitu duen zerbait mingarriak esnatu du gure Berbelitz dontsua amesgaiztotik.

Telefonoa hartu du, baina zenbakia markatzerakoan medikuak ez dakiela euskaraz gogoratu zaio. Gure Berbelitz dontsuak, berriz, ezin du gogoratu erlakaiztenaren gaztelerazko ordaina.

Erantzungailu automatikoak atera du ataka gaiztotik:

«Ha llamado a la consulta del doctor Granada. En estos momentos, no podemos atenderle. Si desea dejar algœn mensaje...».



Gure Berbelitz donstuak auzoko emakume baten bisita izan zuen atzo.

– Zure auzoa nauzu -esan zion emakumeak.

– Badakit -erantzun zion gure Berbelitz dontsuak.

– Nire etxetik begira egoten natzaizu goizero.

– Badakit.

– Zure ordenagailuaren aurrean egoten zara beti.

– Badakit.

– Lan gehiegi egiten duzu.

– Badakit.

– Zergatik zara itzultzaile?

– Bitxia da. Egingo nuke galdera horixe bera egin zenidala zure azkeneko bisitan. Eta ondo gogoan dut zer erantzun nizun ere.

– Zer erantzun zenidan?

– Mila esker zure bisitagatik. Eta orain, barkatu, baina agur. Lan handia ematen dit zergatik naizen itzultzaile jakin nahiak.

Emazteak eskaileraburuaren beste aldera iritsi zenean, gure Berbelitz dontsuak erantsi zuen:

– Inork esan al dizu botoi parea falta zaiola bular parean zure bata higatu horri?



Itzultzaileen elkartekoek zuhurtasun klandestino halako batez hitz egiten dute beti editoreek, Administrazioak, publizistek, enpresek osatzen duten diktadurari buruz. «Granitozkoa da». «Altzairuzkoa, altzairuzkoa da». «Laster bukatzen ez bada, tragedia etorriko zaigu». «Eta laster bukatzen bada, are handiagoa izango da tragedia».

– Ez genioke diktaduren granitozko gogortasun horri halako errespeturik izango -esan zuen orain egun batzuk gure Berbelitz dontsuak itzultzaileen bilera batean- , baldin imajinatuko bagenu granitoak zer nolako hotsa aterako lukeen -barregarria, apatza, belaxka- basatzara botata.

Ordu txikitan eta pare bat kopa urdailetik burura bidean zituela iritsi zen etxera. Aspalditik itzultzen ari zen liburua zabaldu eta itzultzen hasi zen. Edanak eragindako euforia halako batek soilik argi dezake «Lo que hoy es bacía mañana será yelmo» esaldiari «Gaur gorotz dena bihar urre» baliokidea hain bizkor bilatu izanaren poza.



© Anjel Lertxundi