Hitzen ordena esaldian
Bittor Hidalgo

Sarrera

Bi ideia nagusi garatu nahi ditut hitzaldian[1].

Bat, itzultzaileei, eta oro har idazleei, zuzendutako gomendioa, aditza inoiz ez gehiegi atzeratzeko esaldian, eta hain gutxi itzulpenean, testu argiak nahi baditugu euskaraz. Zorionez, aditza esaldian aurreratzeko gomendioa nahikoa zabaldua da jada gure artean, baina 1993ra arte (Zubimendi eta Esnal) ez da inor ausartu hau inprimaturik ematen[2]. Areago, oraindik da arrunta euskaraz aditza esaldi atzealdean eman behar delako ustea, edota esaldi amaieran, hori balitz bezala euskal joskeraren arima. Eta ez da hala, ikusiko dugun bezala.

Bigarren ideia are heterodoxoagoa da. "Galdegai" lege berri bat proposatuko da hemen, eta esan, ezagutzen dugun galdegai legea, Azkue-Altubek asmatua XIX-XX. mendeen mugan, galdegaia derrigorrez(-edo) aditzaren aurreko gunera daramana, gezurra dela lege bezala, eta honek gaitzetsitako ordenamendu aukera asko ere on askoak direla euskaraz (eta are hobeak).

Eta badira proposamen hauek egiteko pisuzko arrazoiak:

1. Aditza esaldi aurrealdean ematea delako, esaldi luzeetan, hauen ulergarritasuna bideratzeko modu bakarra testuan, psikolinguistikaren ekarriek argitzen bide diguten eran.

2. Euskarazko tradizio idatziak ez du inoiz bete Azkue-Altuberen galdegai legea, XX. mendean legea apropos bete nahian sortutako testuak arte. Tradizio idatzi honek ez du ere aditza inoiz atzeratuko esaldian, salbu Kardaberazen eskolako autoreen joskera artifizialean (Kardaberaz, Lardizabal, Arrue, ...; ik. Hidalgo, 1993). Kurioski, tradizioko testuok ez ohi dute eragin gaur egunekoek bezalako ulergarritasun arazorik. Bi arrazoi horiexengatik ote da?

3. Euskarazko aho erabilera guztia ere, oraingoa eta lehengoa —ezagutzen dugun neurrian—, aho batez da aditz aurrera zale, eta idatziak bezain gutxi errespetatzen du galdegai lege kanonikoa.

4. Azken arrazoia da' aditz atzeratzeek eta galdegai lege betetzeek erabat murrizten dutela euskararen adierazkortasuna. Nik defendatu nahi dut, esateko, ni elena naiz bezalako esaldi baten aldean (enfasia izenean), ni naiz elena ere ondo esaldi jatorra dela euskaraz ideia bertsua adierazteko, are adierazkortasun handiagokoa, [ni naiz↓↑] [elena] ahoskatua[3].

1. Esaldien ulergarritasun arazoak aditz atzeratzeei lotuak

Begira diezaiogun egun hauetan lanerako erabili dugun segidako esaldiari:

(1) Ljudskanov traduktologo bulgariarraren eskutik, euskal itzulpengintza ere, beste herrialdeetako itzulpen asko bezala, Jainkoaren hitza galdu edo bestelakotzeko beldurraren menpean eta hitzez hitzeko joera batean sortu zela aitortu behar dugu.

Aditz nagusia eta mendekoa esaldi luzearen amaieran ematen dira, eta horrek zaildu egiten du ulergarritasuna. Zergatik? Mezu hartzaileak ez daki amaierara iritsi arte esaldia zertaz ari den, eta aurretik ezin iragarri du zer aurkituko duen esaldiaren amaieran. Kasuan, aitortu behar dugu aditzak, baieztatu egiten du aurretik emana. Baina mezu hartzaileak ezin aurretik jakin zezakeen, jasotzen ari zen hura, gero baieztatuko zen, edo ukatu, zalantzan jarri, edo beste. Eta amaierako aditz hori jaso arte saiatu beharko du bere lan memoria laburrean bere hartan gordetzen aurreko atal guztiak, batere ezabatu gabe. Irakurri dezagun esaldia berriro:

(2) Ljudskanov traduktologo bulgariarraren eskutik, euskal itzulpengintza ere, beste herrialdeetako itzulpen asko bezala, Jainkoaren hitza galdu edo bestelakotzeko beldurraren menpean eta hitzez hitzeko joera batean sortu zela ukatu beharra dago.

Ukazioak hankaz gora jartzen du aurretik modu positiboan-edo jasoa. Eta amaieran berdin aurki zitezkeen beste aditzok ere, esaldiaren predikazio unibertsoa zeharo aldatzen dutenak:

• aitortu behar dugu

• ez dugu sinetsi behar

• ukatu beharra dago

• ezkutatu behar dugu

• sinetsi behar al dugu?

Arazoa badirudi fisikoa dela. Gure burmuinak lan memoria laburrean nahasketa gabe gorde dezakeen osagai kopurua oso mugatua bide da (zazpi digitu solte esperimentuetan —7 hitz labur, 8/10 silaba—). Eta badirudi gaitasun mugatu honek baduela zerikusirik hiztunak eta irakurleak duen joerarekin esaldiak banatzeko, hain zuzen, tamaina horretsutako intonazio/informazio unitateetan (IU)[4]. Ohiko intonazio unitatea, mezu emailearen eta hartzailearen kodetze eta deskodetze informazio unitate bihurtzen dena, ez da inoiz 15 silaba baino luzeagoa. Gehienak 10era iristen ez direnak, 5/8 artekoak maizenik, eta are laburragoak hizkera edo hizkuntzen arabera. Laburragoak ere bat-bateko ahozko kodean, irakurrian baino.

Lan memoria laburrak ez du arazorik halako IUak bere osotasunean gordetzeko. IUak loturarik baldin badu anarteko diskurtsoarekin, unibertso predikatibo horretan integratuko du, beste memoria mota batera iragan, eta lan memoria laburra libre utzi IU berriak jasotzeko. IUak loturarik ez badu aurrekoekin, gure memoria IUa bere osotasunean gordetzen saiatuko da ondoko IUekin (eta aditzarekin) integratu ahal izan arte unibertso predikatibo zabalagoan[5]. Zer gertatzen da gure esaldian? Eman dezagun IU banatze posible bat (ez bakarra), hauen ondoko azpindizeetan emanez bakoitzaren silaba kopurua:

(3) Ljudskanov3 // traduktologo bulgariarraren eskutik14 // euskal itzulpengintza ere9 // beste herrialdeetako9 // itzulpen asko bezala8 // Jainkoaren hitza galdu8 // edo bestelakotzeko8 // beldurraren menpean7 // eta hitzez hitzeko joera batean13 // sortu zela4 // aitortu behar dugu7.

Amaierako 7 silabako aditzera iristeko, 10 bat IU puztu irakurri behar dira, 83 silaba. Amaiera irakurri arte, irakurleak ezin ditu aurreko IUak integratu inongo predikazio unibertso orokorretan, eta ezingo ditu lan memoria laburretik atera beste memoria mota batera. Baina irakurlea, inongo hizkuntzatan ere, ez da gauza 10 IUtako informazioa bere horretan gordetzeko lan memoria laburrean. Zatiak ahaztuko ditu eta nahastuko. Eta amaierako aditza irakurri bezain agudo, berriro irakurri beharko ditu aurreko IU guztiak hauen mamiaz jabetzeko, orain, amaierako aditzak sortu predikazio unibertsoaren argitara.

Hain zuzen, horixe da euskal irakurle sufrituon esperientzia gaur eguneko testu aditz atzera zaleak irakurtzean. Ez, ordea, aurrekoak, aditz aurrera zaleak. Eta hori, ez gu euskaldun txarrak garelako, denok behin baino gehiagotan hausnartu dugun legean, edo beste hizkuntzetako irakurleak baino motzagoak. Arazo bera izanen luke zeinahi hizkuntzatan irakurleak, esaldia gurearen ordena berean irakurtzean. Hala, esateko, gaztelaniaz:

(4) De la mano del traductólogo búlgaro Ljudskanov, también la traducción vasca, así como muchas traducciones de otros pueblos, bajo el miedo a perder o a desfigurar la palabra de Dios, y en una tendencia a la traducción palabra por palabra, que fue creada hemos de confesar (/hemos de negar).

Bitxia gertatzen da joskera gaztelaniaz. Baina ez imajina ezina, Góngora edo Quevedoren zenbait pasarteren aldean. Ulergarritasun arazo bera erakusten dute latinez Julio Zesarren testuek, artifizialki aditz atzera zaleak, joskera naturalagoko autoreen aldean. Edo XIX. mendeko hungarierazko hainbat testuk, han ere gramatikariek zeharo artifizialki aldarrikatzen dutenean aditzak esaldi amaieran-edo joan behar duela. Alemana ere ez da arazootatik salbu mendeko esaldietan, aditza amaieran ematera behartuta, hauek batere luzeak diren orduko, edo barnean mendeko esaldi gehiago dituztenean. Beren ulergaiztasunean gaur egun barre egin ohi diete autore aditz atzera zaleenei.

Eta izan ere, zer arazo du euskarak goiko esaldia emateko segidako edo antzeko aditz aurreratu(ago)ko ordenamendu batean, beti askoz arinagoa prozesatzen:

(5) Ljudskanov traduktologo bulgariarraren eskutik(,) aitortu behar dugu(,) euskal itzulpengintza ere beste herrialdeetako itzulpen asko bezala sortu zela Jainkoaren hitza galdu edo bestelakotzeko beldurraren menpean eta hitzez hitzeko joera batean.

Ulergarritasuna errazteko, egungo euskal prosak berrikasi beharra dauka aditza artifizialki ez atzeratzen, gure prosa klasikoak eta ahozkoak agindu bidetik. Nahiz horrek ez duen esan nahi euskarak eta gaztelaniak hitz hurrenkera bera garatu dutenik.

2. Ulergarritasun arazoak lotura duten osagaien arteko etenek eraginak

(6) Udal honetako museo batzordeari,14 1995ean museoa antolatzeko, zaintzeko eta bideratzeko sortu eta ordutik orain arte diru baliabide urriz baina giza baliabide aberatsez, arazoak sortu ahala gainditu ez ezik, arazoetatik bide berriak urratzeko eta aurrera egiteko gaitasunez eta kemenez hornitu eta bere motako batzordeen eredu bilakatu denari,141 ondo merezitako omenaldia, hala ere, ez merezimenduen parekoa, ezina baita, egitea37 erabaki dute zinegotzi guztiek aho batez.17

Halako esaldi luze baten irakurketan ulergarritasun arazoa eragiten du, noski, aditz nagusiaren atzerapen sinesgaitzak. Esaldiaren predikazio unibertsoa borobildu lezaketen egitea erabaki dute aditzetara iristeko, 192 silaba irakurri behar dira (20 bat IU puztu). Nola gorde hauek lan memoria laburrean aditz nagusiko unitatera iritsi arte? Euskarak, nolanahi, ez du arazorik esaldia aditz aurreratuko joskera ulerterrazago batean emateko, segidako moduan:

(7) Zinegotzi guztiek aho batez erabaki dute ondo merezitako omenaldia egitea udal honetako museo batzordeari ...

11 silaba erabaki dute aditzeko 6en aurretik. Beste 12, mendeko esaldiko egitea aditz nagusiaren 4 silaben aurretik. Ondorengo informazio guztia irakurleak jaso ahala integratuko luke bi aditz horiek sortutako predikazio unibertso orokorrean.

(7) esaldiak badu, ordea, beste arazo handi bat. Dislokazio deituko diogu. Hasierako batzordeari osagaiaren eta honekin aposizioan lotutako bilakatu denari aditzaren artean, 141 silabako tartea dago (15 bat IU puztu). Bitarte guztian, irakurleak ez daki zerikusirik duten lehen 14ek ondoko 141ekin, eta hauek hasierako unitatearekin lotzeko aukera duenerako, nahastu/ahaztuak izanen ditu, berriro irakurri beharrean amaierako bilakatu denari aditzaren argitara. Halako dislokazioek, funtzioz edo esanahiz elkarrekin zerikusia duten osagaien artean, erabat zailtzen dute esaldien ulergarritasuna. Eta maiz eragiten dira gaur eguneko euskara estandarrean[6].

2.1. Definizioen arazoa[7]

(8) Zer da itzulpena? Askotan, nahiz beti ez, testu baten esanahia, autoreak nahi izan duen zentzuan, beste hizkuntza batean ematea da.

Galderan itzulpenaren definizioa eskatzen da. Definizioan, ordea, ez da itzulpena-ren aipamenik, amaierako da aditzaren 3. pertsona bitarte. Ordea, mezu hartzaileak 42 silaba jaso behar izan ditu aditz horretara iristeko, 4/5 bat IU puztu, esaldia zertaz ari den jakiteko, honek ez baitaki bitarte guztian zein zentzutan ulertu behar dituen 42 silaba horiek. 43.eko da aditzak esaten dio definizio moduan jaso behar dituela (kasuan puntu batek ere berdintsu esango lioke). Ordurako, ordea, ez ditu jada 42 silaba horiek ongi gogoratuko, eta berrirakurri beharko ditu amaierako aditzaren argitara. Izan ere, da aditzaren ordez berdin jaso zezakeen:

(9) Zer da itzulpena? Askotan, nahiz beti ez, testu baten esanahia, autoreak nahi izan duen zentzuan, beste hizkuntza batean ematea txorakeria hutsa da.

Edota beste hauek:

• estimatzen al dugu?

• ezinezkoa da.

• besterik ez dugu nahi.

• ez da itzultzailearen egitekoa.

Amaiera hori jaso arte ezin dira zuzen interpretatu aurreko 42 silabak, eta hauek lan memoria laburrean zuzen gordetzeko ezintasun fisikoan, derrigortuak gaude 42 silaba horiek berrirakurtzera. Arazoa saihesteko, nahikoa da, noski, aditzak aurreratzea ohiko moduetan:

(10) (Zer da itzulpena?) Askotan, nahiz beti ez, (itzulpena) da testu baten esanahia, autoreak nahi izan duen zentzuan ematea beste hizkuntza batean.

3. Intonazio unitateak (IU) izan' badira

(11) Zer da itzulpena?

Zenbat IU ohi ditu euskaraz halako galdera batek? Hau da, zenbat aho kolpetan eman ohi da? Arruntki, bakarrean, [zer da itzulpena] itxuran, tartean inolako eten edo isilunerik gabe (hori adierazi nahi da parentesi zuzenen bidez, []), eta intonazio-azentuazio-predikazio gailur prosodiko bakarraren pean antolatua (zer galdegilea kasuan; nondik honen maiuskula txikiak). Intonazioa, hasieratik gailur horretara igoko da (↑ geziak adierazia), eta gailurraren ondorengo silaba/osagaietan beheranzko isats intonatiboa emango da hauen bigarren mailako predikatibotasuna adieraziz (↓ geziak adierazia)[8].

¿Qué es la traducción? galderaren itzulpen, ordea, Zer da itzulpena? segidaren parean, batek baino gehiagok eman du Itzulpena zer da? segida. Hau ere, aurrekoa bezain ona euskaraz; eta hura bezain egokia ere bai kasu gehienetan segur aski. Baina, zenbat IUtan, aho kolpetan, emango genuke bigarren galdera hau? Bakarrean? Ezetz dirudi[9].

Halako galderan, itzulpena hitzaren ondoren, isilunerik egin ezta ere, ez ohi dira ondoko silaba/osagai guztiak eman beheranzko isats intonatiboan. zer galdegileak bereganatuko du bigarren intonazio gailur bat, eta beraz, bi IUren aurrean geundeke: [itzulpena(↓↑)] [zer da], lehen IUaren amaieran goiko edo goranzko intonazioa aurkituz predikazioaren jarraipena iragarriz. Bi esaldiak, beraz, euskaraz onak izan arren, ez dira berdinak. Batak IU bakarra luke eta besteak bi. Eta horrek, garrantzi handia du, intonazio unitate bakoitzak informazio unitate independente bat osatuko baitu, eta mezu hartzaileak beste unitateetatik aparte prozesatuko baitu (ik. 4. atala)[10].

4. IUak informazio unitate baitira, mezuak deskodetzeko garaian[11]

Eman dezagun segidako baieztapena, 11 silabakoa (ahoskera erlaxatuan 8/9/10 bat silaba dituena), pentsatuz osagaiak testuaurrean aipatu gabeak direla, berriak, zentzu horretan:

(12) Lanera joango gara amarekin.

Esaldia IU bakarrean ahoskatua, nahiko unitate puztua izaki ere, seguru asko denok ados geundeke esaten aditzaren aurreko lanera-k jasoko lukeela esaldiko gailur predikatiboa, eta hori adierazten, baita intonazio eta azentuazio gailur prosodikoa. Ondorengo osagaiak, aldiz, beheranzko isats prosodiko-predikatiboan emango lirateke, hauen gailentasun eza adieraziz hasierako osagaiaren aldean. Mezu hartzaileak ere, IUa unitate bakar bezala jasoko du, hierarkikoki ordenatutako sekuentzia bakar bezala, bere gailur eta osagai subordinatuekin, eta hala deskodetu eta ulertuko du IUa intonazioak adierazi bezala. Horrela adieraz genezake:

(13) [↑Lanera joango gara amarekin↓]PG

Badirudi unitateak, bere horretan ere, baduela osotasun predikatiboa edo informatiboa. Hau da, beste inolako osagairen beharrik gabe ere, mezu hartzaileak osoa senti lezakeela ezeren falta gabe. Horregatik esango dugu, halako intonazio/informazio unitate batek, diskurtsoan dagoen gunean egonda, predikazio gunea osatzen duela (PG azpindizean adierazia).

Eman dezagun orain, unitate hori ez dela bakarra esaldian. Aldamenean duela (14a)koa bezalako beste atal nahiko puztu bat, 11 silabakoa (ahoskera erlaxatuan ere 9 bat silaba izango lituzkeena), eta berau ere intonazio unitate bakarrean emana ohiko euskal eran (14b):

(14) a. Eguraldi ona egiten badu
b. [↑eguraldi ona egiten badu↓][12]

Unitate hau esaldi osoaren buruan aurki genezake, nola beste unitatearen ondorenean:

(15) a. Eguraldi ona egiten badu(,) lanera joango gara amarekin.
b. Lanera joango gara amarekin(,) eguraldi ona egiten badu.

Esaldiak ez dira berdinak. Baina zertan dira desberdin? Zein da bakoitzaren informazio egitura? Ze, ikuspuntu logiko edo ontologiko batetik, esaldi biek ere, amaieran, gauza bera predikatzen dute. Lanera joango garela amarekin eguraldi ona egiten badu, eta hala suposatuko dugu gehienok, eguraldi ona egiten ez badu ez garela lanera joango amarekin.

Eta hori hala litzateke, zalantza gabe, baldin eta mezu hartzaileak esaldiaren amaierari itxarongo balio mezua deskodetzen hasteko. Badakigu, ordea, mezua jasotzen haste beretik hasten dela deskodetzea. Lehendabizi soinuak fonema bezala ulertzen (zeinuak letra bezala); hauek lotuaz silabak osatzen; silabak elkarrekin trabatuz hitzak osatzen; eta hauek lotuaz, funtzio sintagmak osatzen, esaldi edo perpausa osatu arte, eta abar.

Eta badakigu mezu hartzaileak beti darabilela prosodia, intonazioa eta batez ere aipatzen gatozen IUen arteko banaketa, esaldien informazio egitura deskodetzeko[13]. Esan nahi da, intonazio unitate baten amaierara iristean[14], mezu hartzaileak hori seinaletzat duela, jakiteko, unitatean jasoak informazio unitate oso eta independente bat osatzen duela, mezu emaileak berak hala kodetu duena hasieratik, eta horregatik eman duena IU independente bat bezala. IU amaierarekin mezu hartzaileak bi hausnarketa egiteko parada hartuko du. Bat, jaso berri duen IUa aurreko diskurtso, egoera, unibertso predikatiboarekin lotzeko ahal badu. Eta bi, unibertso predikatibo berri bat osatzeko, zeinetan integratu hurrengo IUak, esaldi berekoak edo berrietakoak. Horrela itxura genezake (15)eko esaldien prosodia eta informazio egitura:

(16) a. [↑Eguraldi ona egiten badu(↓↑)]PM [↑lanera joango gara amarekin↓]PG
b. [↑Lanera joango gara amarekin(↓↑)]PG [↑eguraldi ona egiten badu↓]PG

Galdera da zer predikatzen duten (15-16)ko esaldiek, hain zuzen, bi IUen arteko mugan? Hain zuzen, mezu hartzaileak zer mezu duen jada jasoa bi IUen arteko mugan, eta beraz zer mezu jasoko duen bigarren IUarekin?

(15-16a)ko lehen unitatea jasota (Eguraldi ona egiten badu), mezu hartzaileak ez du jaso baldintza bat baino. Beste testuarrerik gabe, berez nahiko ez dena predikazio/esaldi/perpaus osoa izateko. Mezu hartzailea ezin ase senti da IU hori jasota; eta beraz, ez du predikazio gunerik osatuko. Halako unitateei predikazio marko deitu diegu (PM)[15]. Bigarren unitateak kontatuko dio mezu hartzaileari, hain zuzen, baldintza hori betetzen bada zer gertatuko den. Bitartean lan memoria laburrean gordeko da lehen IUa.

(15-16b) esaldietan, aldiz, lehen unitatea jasota (Lanera joango gara amarekin) mezu hartzailea ase senti liteke, besteren beharrik gabe; mezua ulertuta, esaldia bertan bukatuta ere (unitateak predikazio gunea osatzen du —PG—). Baina mezuak jarraitzen duenez (eta hori, ahozkoan, amaierako goranzko/goiko muga intonazio bereziak adierazi liezaioke; eta idatzian, esaldiaren erabateko eten ezak), (15-16b)ko lehen IUa jaso eta deskodetu ondoren, bigarrenak mezu hartzaileari ez dio jada kontatuko zer gertatuko den, (15-16a)k egiten zuen bezala; baizik eta lehen IUan aditzera eman zaion mezu hura zein baldintzatan beteko den.

Beraz, (15-16)ko esaldien mezua amaieran bere bat izango bada ere, esaldiaren joanean (15-16a)k (17a, b) predikatuko du, eta (15-16b)k, aldiz, (18a, b):

(17) a. Eguraldi ona egiten badu → zer gertatuko den (edo hala nahi izanez gero:)
b. zer gertatuko den eguraldi ona egiten badu.

(18) a. Lanera joango garela amarekin → zein baldintzatan (edo hala nahi izanez gero:)
b. zein baldintzatan joango garen amarekin lanera.

Beraz, maiz bestela jokatu dugun arren, mintzagai-edo deitu ohi ditugun atalen ordenazio ezberdinek oso esaldi desberdinak ematen dizkigute, nahiz denek ustez galdegai bere bat mantendu Azkue-Altuberen arauetara. Eta hori oso kontuan hartzekoa da hizkuntza guztietan, ez euskaraz bakarrik. Zer esanik ez, hizkuntzen arteko itzulpenean. Aipatu ezberdintasun berak aurkituko ditugu segidako esaldi pareen artean gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez:

(19) a. [S'il fait beau] [nous irons à travailler avec maman.]
b. [Nous irons à travailler avec maman] [s'il fait beau.]

(20) a. [If the weather is good] [we'll go to work with mom.]
b. [We'll go to work with mam] [if the weather is good.]

(21) a. [Si hace buen tiempo] [iremos a trabajar con madre.]
b. [Iremos a trabajar con madre] [si hace buen tiempo.]

Eta (19-20-21a)en parean, ezin eman liteke euskaraz edo beste hizkuntzetan, esaldiaren predikazio zentzua aldatu gabe, b aldakiei legokiekeen Lanera joango gara amarekin eguraldi ona egiten badu. Ez eta ere, b esaldien ordez, a-koei legokiekeen Eguraldi ona egiten badu lanera joango gara amarekin. Uste dut, ikuspegi hau maiz ez dela kontuan hartzen itzulpengintzan, eta ez gurean bakarrik.

Eta (15-16-19-20-21b)ko esaldiek badituzte garrantzizko berezitasunak. Ze a-koen aldean, bina predikazio gune osatzen dituzte. Ez bakarra. Orain arteko hizkera ohikoago batean esanda, lehen IUak galdegai bat edo izanen luke (lanera joango garela eta ez beste norabait), eta bigarren IUak bigarren galdegai bat-edo emanen luke (eguraldi ona egiten badu joango garela, eta ez beste baldintza batzuetan edo). Eta mezu hartzaileak sentituko du bi predikazio jaso dituela, a-ko esaldiekin ez bezala, segidako bi esaldi independente jaso balitu bezalatsu[16]. Bestetik, (15-16-19-20-21b)ko esaldiekin mezu hartzaileak lehenengo unitatea jaso orduko, hau jada mezu oso bezala ulertu dezakeelako, hau ezabatu ahal izango du lan memoria laburretik beste memoria mota batera iraganez, eta lan memoria laburra erabat arinduz, a-ko ordenamenduekin ezingo lukeen bezala.

5. Eta zer gertatzen da "galdegaiarekin"?

Gure bigarren helburua da galdegai lege berri bat azaltzea, behin Azkue-Altuberena, galdegaia derrigorrez aditzaren aurrean kokatzen duena, apokrifo eta asmakuntzatzat eman dugunez gero. Begira diezaiogun aurreko ataleko esaldian aditz nagusia daraman IUari: Lanera joango gara amarekin. Eta eman dezagun orain hau dela esaldi osoa. Aditza osagai bakartzat emanik, 3 osagai ditu esaldian: lanera, amarekin eta joango gara. Eta 3 osagaien ordenaren 6 permutazio aukera ematen ditu (2 aditza tartean, 2 amaieran eta 2 hasieran):

(22). a. Lanera joango gara amarekin.
b. Amarekin joango gara lanera.
c. Lanera amarekin joango gara.
d. Amarekin lanera joango gara.
e. Joango gara lanera amarekin.
f. Joango gara amarekin lanera.

Euskaltzaindiak gogorarazi bezala (1987, 22-3), ordenamendu guztiok dira zilegizko eta ohiko euskaraz. Azkue-Altuberen galdegai legeen arabera, ordea (eta EGLUk ere hala moduz, 23 eta hurr.), ordenamendu bakoitzak omen du berari derrigorrez lotua esaldiaren informazio egitura jakin bat, esanahi pragmatiko edo informatibo bakar bat, besteetatik desberdina. Eta hori da hain garbi ez dagoena. Lege kanonikoak dio aditzaren aurreko osagaia indartzen dela beti besteen gainetik, edo aditza bera, hau denean lehen osagai. Hau, ordea, ez da horrela. Eta aho eta idatzizko tradizioak aratz erakusten du, nola (22a) esaldiaren ordenamenduak, esateko, testuinguru eta intonazio modu desberdinetan, hiru osagaietako zeinahi indartu dezakeen: lanera, amarekin, edo joango gara aditza, segidan itxuratzen saiatu garen moduan:

(23) a. Lanera joango gara amarekin. → [↑Lanera joango gara amarekin↓]PG
b. Lanera joango gara amarekin. → [↑Lanera(↓↑)]PM [↑joango gara amarekin↓]PG
c. Lanera joango gara amarekin. → [↑Lanera joango gara(↓↑)]PM [↑amarekin↓]PG

(23a)n lanera osagaia indartzeko, derrigorrez eman beharko da hau IU bakarrean, gailur prosodiko (azentuatibo, intonatibo) eta, beraz, predikatiboa unitate hasieran emana, euskaraz ohikoa den moduan. Ondoko osagaiak, berriz, beheranzko isats prosodiko-predikatiboan, etenik gabe bere artean. Eta unitateak predikazio gunea osatuko du. Hain zuzen, horixe da galdegai lege kanonikoak zilegitzen duen irakurketa bakarra.

(23b) esaldiak, ordea, aditza indartu ahal izateko, esaldia derrigorrez bi IUtan banatua emango du. Bigarrenaren gailurra aditzak berak izanen du, eta ondoko osagaia honen isats prosodiko-predikatiboan. Unitateak predikazio gunea osatzen du bigarren gunean. Lehen osagaia, berriz, bakarrik emango da IU propio batean, eta berez gertatuko da indartua. IUa, ordea, ez da predikatiboki beregaina izango gune horretan, eta predikazio markoa baino ez du osatuko. Hori eman ohi da aditzera amaierako goranzko (edo goiko) muga tonuz.

(23c)k ere, aditz ondorengo osagaia azpimarratzeko, derrigor emango du esaldia bi IUtan banatua. Lehenean aditz aurreko osagaiak izango du gailurra, eta aditza arrastatuko du isats prosodiko-predikatiboan. IUaren amaierako goranzko (goiko) muga tonuak emango du aditzera etortzekoa den IUaren garrantzi predikatiboa, eta ez du osatuko predikazio markoa baino[17]. Bigarren IUak, berriz, amarekin osagai bakarrez osatuko du predikazio gunea, berez indartua bere bakardadean[18]. Eta ahoskera hau ere jator askoa da euskaraz, ahozko eta idatzizko tradizioak ezin hobeto erakusten duten legean (ik. zenbait datu I. eranskinean), nahiz Azkue-Altuberen arauak gaitzetsi duen XX. mende guztian barrena.

Gauza bera egin liteke (22b, c, d)ko segidekin, (24), (25) eta (26)n erakutsi bezala:

(24) a. amarekin joango gara lanera. → [↑amarekin joango gara lanera↓]PG
b. Amarekin joango gara lanera. → [↑amarekin(↓↑)]PM [↑joango gara lanera↓]PG
c. Amarekin joango gara lanera. → [↑amarekin joango gara(↓↑)]PM [↑lanera↓]PG

(25) a. Joango gara lanera amarekin. → [↑joango gara lanera amarekin↓]PG
b. Joango gara lanera amarekin. → [↑Joango gara(↓↑)]PM [↑lanera amarekin↓]PG
c. Joango gara lanera amarekin. → [↑Joango gara lanera(↓↑)]PM [↑amarekin↓]PG

(26) a. Joango gara amarekin Lanera. → [↑Joango gara amarekin lanera↓]PG
b. Joango gara amarekin lanera. → [↑Joango gara(↓↑)]PM [↑amarekin lanera↓]PG
c. Joango gara amarekin lanera. → [↑Joango gara amarekin(↓↑)]PM [↑lanera↓]PG

Kurioski, ez da gauza bera gertatzen aditza amaieran daramaten (22e, f) ordenamenduekin. Hauetan gaitz gertatzen da aditzaren urruneneko osagaia indartzea, ondore justuan arrastatzen ez badu aditz nagusia IU bereko isats intonatibo gisa, bien artean beste osagairen bat(zuk) tartekatuz. Hala, (27a, b), (28a, b) arrunten ondoan, arrotz dira (27c), (28c) aukerak[19]:

(27) a. Amarekin lanera joango gara. → [↑amarekin(↓↑)]PM [↑lanera joango gara↓]PG
b. Amarekin lanera joango gara. → [↑amarekin lanera(↓↑)]PM [↑joango gara↓]PG
c. (*?) AMAREKIN lanera joango gara. → (*?)[amarekin] [lanera joango gara]

(28) a. Lanera amarekin joango gara. → [↑Lanera(↓↑)]PM [↑amarekin joango gara↓]PG
b. Lanera amarekin joango gara. → [↑Lanera amarekin(↓↑)]PM [↑joango gara↓]PG
c. (*?) LANERA amarekin joango gara. → (*?)[lanera] [amarekin joango gara]

Euskarak zorrotz betetzen du halakoetan aditza bigarren emateko joera, osagai toniko indartsu baten atzetiko osagai klitiko eta atono bezala (ik. 6. atala).

5.1. "Galdegai" lege berria

Formulatu genezake Azkue-Altuberenaren aurrean "galdegai" lege zentzuzkoago bat, esanez, galdegaia euskaraz, baiezko esaldi deklaratzaileetan, hala joan litekeela:

1. Esaldiko aditz nagusiaren aurre justuan; esaldien heren batean edo gertatu ohi den eran, batez ere esaldi laburretan; edo hobeto esan, galdegai laburreko esaldietan; eta beti, ia salbuespenik gabe, hiztunak bategatik edo besteagatik aditza esaldi amaierarako uzten den guztian.

Edo 2. Esaldiko aditz nagusiaren ondorean nonahi, euskarazko esaldien beste bi herenetan edo gertatu ohi den gisan; eta batez ere esaldi luzexeagoetan edo galdegai luzexeagokoetan; eta oso bereziki, aditza esaldi amaieratik kanpo erakutsi ohi duten haietan (10etik 7 baino gehixeago ohi direnak euskaraz). (Ik. I. eranskineko datuak).

5.2. Galdegai lege kanonikoaren adierazkortasun murrizteak

Azkue-Altuberen sistemak ikaragarri murrizten ditu euskal prosaren adierazkortasun aukerak. Ikusten gatozen 3 elementuko esaldian (aditza eta bi osagai), 6 permutazio aukeren 18 enfasi aukera teorikoetatik, euskarak 16 erabili ohi ditu, testuinguru eta intonazio aukera desberdinetan. Azkue-Altuberen sistemak horietako 6 baino ez. Hau da, aukeren %37,5. Bestela esanda, sistema horrek adierazkortasun aukeren %62,5 lapurtzen dizkio hiztunari aditza eta 2 osagaietako esaldi laburretan. Proportzio hori oraindik doa goraka esaldiek osagaiak irabazi ahala. Kuriositatez, segidako taulan ikus litezke proportzio horiek:

Esaldi elementuen enfasi aukerak (aditza barne)

Teorikoak

Euskaraz erabiliak

Altubek baimenduak

Altubek baimenduak %etan

Elem. 1

1

1

1

100

2 elem.

4

4

2

50,0

3 elem.

18

16

6

37,5

4 elem.

96

78

24

30,8

5 elem.

600

456

120

26,3

6 elem.

4.320

3.120

720

23,1

7 elem.

35.280

24.480

5.040

20,6

8 elem.

322.560

216.720

40.320

18,6

9 elem.

3.265.920

2.136.960

362.880

17,0

10 elem.

36.288.000

23.224.320

3.628.800

15,6

Ba ote du adierazkortasun aukeren murrizketa honek zerikusirik gaurko euskal prosa estandarrak erakusten duen adierazkortasun murritzarekin? Nola ez?!

5.3. Nola adierazi ortografikoki aukera ugaritasun hori

Azkue-Altuberen galdegai sisteman heziak izan garen guztioi arazo zaigu sistemaz kanpoko esaldien bi heren horien errepresentazio grafikoa eta irakurketa. Lanera joango gara amarekin esaldia ez dakigu irakurtzen modu kanonikoan baino: [Lanera joango gara amarekin]. Aditza azpimarratu nahi izanez gero, koma arruntak lagundu ohi digu, eta Lanera, joango gara amarekin irakurriko dugu: [Lanera(↓↑)] [joango gara amarekin]. Komak, kasuan, goranzko intonazioa eragiten du lanera osagairen amaieran, ohiko beheranzkoaren ordez. Aditz ondorengo amarekin osagaia azpimarratzeko, ordea, ez dugu modurik. Komarik gabe, aipatu IU bakarreko irakurketa egin ohi dugu. Eta aditz ondoko komak, berriz (Lanera joango gara, amarekin), nahi ezta ere ohi garamatza aditza beheranzko intonazioz ematera aurreko osagaia azpimarratuz berriro ([Lanera joango gara]), eta zer egin, nola intonatu jakin gabe uzten gaituela aditz ondoko amarekin bezalako osagai bat.

Nolanahi, arazoa ez da' den baino larriagoa. Esaldiak ez ohi dira eman testuaurrerik gabe, eta honek aginduko du irakurketa bat edo beste. Nor zara zu? galdera idatziari, Ni naiz Elena erantzuna, nekez intonatuko da IU bakarrean [ni naiz Elena] moduan. Nahiz gu lakoek, Azkue-Altuberen sistemaren ikasle on, problema bat izanen dugun, jakinik, sistemak debekatzen digula [Ni naiz(↓↑)] [Elena] irakurketa. Arazoa konpondua da halako irakurketak onartuz sistema barnean (eta ikasleak aukera idatzi horietan ere ohituz, ahozkoan jada ohituak dauden bezala)[20]. Gure esaldira itzuliz, testuaurreak galdetzen badu Nora joango zarete amarekin? (edota modu batera edo bestera testuaurre honek jada Amarekin joango garela eman badigu aditzera), ze arazo izanen du irakurleak segidako zeinahi ordenatan ere, lanera osagaia jasotzeko informazio berri, pertinente, bilatu, indartu edo enfatizatu bezala?

(29) Nora joango zarete amarekin?

(Edota testuaurre baliokidea)

a. Lanera joango gara amarekin. →

b. Joango gara lanera amarekin. →

c. Joango gara amarekin lanera. →

d. Amarekin lanera joango gara. →

e. Amarekin joango gara lanera. →

f. (?*) Lanera amarekin joango gara.→

[↑Lanera joango gara amarekin↓]PG

[↑Joango gara(↓↑)]PM [↑lanera amarekin↓]PG

[↑Joango gara amarekin(↓↑)]PM [↑lanera↓]PG

[↑Amarekin(↓↑)]PM [↑lanera joango gara↓]PG

[↑Amarekin joango gara(↓↑)]PM [↑lanera↓]PG

(?*) [↑Lanera↓]PG [amarekin joango gara↓](PG)

Bestela esan, ze arazo izanen du irakurleak Lanera joango gara amarekin esaldia, modu batera edo bestera interpretatzeko, segidako testuaurreetako bakoitzaren ondoren?

(30)

a. Nora joango zarete amarekin?

b. Norekin joango zarete lanera? (Bada, ...) →

c. Joango zarete lanera amarekin? (Bai) →

 

Lanera joango gara amarekin

Lanera joango gara amarekin

Lanera joango gara amarekin

 

[↑Lanera joango gara amarekin↓]PG

[↑Lanera joango gara(↓↑)]PM [↑amarekin↓]PG

[↑Lanera(↓↑)]PM [↑joango gara amarekin↓]PG

Nolanahi ere, zenbaitetan irakurketarako mesedegarri izan liteke prosodiaren banaketa desberdin horietako batzuk ortografikoki adierazi ahal izatea; edo testuaurrea berez nahiko ez delako irakurketa desanbiguatzeko (hasierako esaldiak, ...), edota, beste gabe, desanbiguazio horretan laguntzeko. Eta hori egin da orain baino lehenago ere euskal tradizioan, jada koma bidez (edo bestela) adierazia gertatzen ez denean, modu erraz batean, apostrofo bat emanez (goiko marra, goiko arrasta/arrastoa, ...) komeni den IUen artean; amaitzen den IUaren goiko edo goranzko intonazioa adieraziz, eta berriaren gailurra markatuz. Komaren aldean, goiko arrastak beti adierazten du predikazioaren segida, eta bultzatzen IUa goiko tonuz amaitzera:

(31)

a. Lanera joango gara amarekin. →

b. Lanera' joango gara amarekin. →

c. Lanera joango gara' amarekin. →

 

Lanera joango gara amarekin.

Lanera joango gara amarekin.

Lanera joango gara amarekin.

 

[↑Lanera joango gara amarekin↓]PG

[↑Lanera(↓↑)]PM [↑joango gara amarekin↓]PG

[↑Lanera joango gara(↓↑)]PM [↑amarekin↓]PG

(32) a. Ni naiz Elena. →

b. Ni naiz' Elena. →

ni naiz elena.

ni naiz Elena.

[↑ni naiz elena↓]

[↑ni naiz(↓↑) [↑Elena↓]

Altubek defendatzen du maiz apostrofo honen beharra (1932, 102-3; 117; 195-201; 228-9):

Este signo, con el que señalamos el final del miembro ante-inquirido (Au' ... Ori' ... Gizona' ...), indica que ese final se pronuncia en tono recto o tenso, sosteniendo la última sílaba por lo menos a la misma altura que las anteriores; indica además que ese miembro forma ordinariamente un tonema separado e independiente del que diseña el miembro subsiguiente, el inquirido. (117).

Eta bere azken urteetako idatzietan praktikatuko. Trikimailuaren asmakuntza, nolanahi, ez dagokio, betiko lez, Azkueri baino. Honek praktikatzen du goiko arrasta bere lehen garaiko idatzi guztietan[21], eta hala predikatzen du (1891, 27; 35-6):

Lenengo Araua. Esaldiak ondo oguzteko' alkar mendetuta dagozan itzak' arnasa baten oguzi bear daue. / ... / Noiz arnasa artu leiken' edo zeintzuk daizan itz alkar mendetuak' itzen goiko marratxoak dinoskue. (27 or.) / ... / 89. Goiko arrasta. Marra au barria dai; bear bearra dailako sortu daut. Euskal itzak' euren berarizko Irizpidea gaitik' erdaldunak marrarik ipinten ez dauen lekuan bere' marraren bat bear daue' euren agerkizuna ilundu nai izan ezik. / ... / 90. ¿Noiz, bada, oitu bear izango dai goiko arasta? / Arnasa artuteko peremiñaa' ta itzen agerkizuna nastuteko arrizkua dagoenean, bezte marrarik onetarako oitu al izan ezik. (35-6 orr.)

Azkuek gerora ez du erabiliko bere lanetan. Baina Mokoroa (1990)k, esateko, erruz eta argi darabil. Eta izan ere, Azkuek eta Altubek argi ikusi bezala, euskaraz irakurketa arazoa ez da bakarrik gertatzen esaldiko "galdegaia" aditzaren ondoretik duten esaldietan. Arazoa beti gertatzen da beste intonazio unitate independente bat (edo gehiago) eman nahi denean esaldiko lehen predikazio gunearen aurretik. Eta joera hau erruz puztu da XX. mendeko estilo aditz atzera zalean, testuen irakurketa arazoak areagotuz. Maiz ez dakigu unitate bat non bukatzen den, non hasten bestea. Eta hau (gure inguruko AO —Aditza-Objektua— itxurako hizkuntzetan ez bezala, hauetan IUaren predikazio gailurra amaieran eman ohi baita), garrantzi handiko kontua da euskaldunontzako, guk aurretik jakin behar baitugu unitatea non amaitzen den, honi goi edo goranzko tonua erantsi ahal izateko, eta garrantzi gehiagokoa dena, unitate berria non hasten den, honi derrigorrez hasieran emateko gailur prosodikoa (AO hizkuntzetan ez bezala)[22]. IUen arteko muga markatu gabea baldin bada, irakurketan maiz gertatzen gara atzera itzuli beharrean unitateen arteko muga intonazioak egoki emateko.

6. «Aditza bigarren»erako joera euskaraz

Hizkuntza askok darakutsate «aditza bigarren» deitu fenomenorako joera. Hauek dira, euskarak bezala, OA (Objektua-Aditza) ordenamendurako joera dutenak, edota oraindik ere historian inoiz halakoak izan direlako arrastoak erakusten dituztenak. Halakoa da latina, esateko, eta halako zantzuak dituzte gaur eguneko hizkuntza germaniarrek (alemana, ...). Eta halako joeren ondorio besterik ez dira, esateko, ingelesaren edo frantsesaren derrigorrak subjektua beti aditzaren aurretik emateko (inoiz beste adberbioren bat). Baina OA hizkuntzetan, zenbait osagai bigarren emateko joera, orokorragoa da; ez aditzena bakarrik. Hauetan, esaldiko osagai gramatikalek, aditzak barne (posposizioek, deklinazio kasuek, aditz laguntzaileek, ...), oro har dute joera esaldiko beste osagai lexiko tonikoagoen ondoretik agertzeko klitiko eta atono bezala; hauen ondoretik arrastatuak edo. Eta fenomenoak badirudi zerikusia duela OA hizkuntzok duten joerarekin intonazio unitateetako gailur predikatiboak unitate hasieran emateko (eta ez amaiera aldera AO hizkuntzetan legez). Euskaraz ez da zalantzarik halako joerak ditugunez: aditz laguntzailea beti eman ohi da baiezko esaldian aditz partizipio nagusiaren eskuinean klitiko bezala (ezezkoetan ez partikula berari eskuinetik erantsia klitikoki); posposizio-deklinazio sistema orokorra darabilgu; partikula askok dute bigarren osagai bezala agertzeko joera beste osagai ez oso luzeen ondoren[23],...

Eta horixe gertatu ohi da euskaraz aditzarekin, esanguratsuki, gaztelaniaren iruntzietara. Gaztelaniazko Es tarde bezalako bi osagai soileko esaldia, euskaraz Berandu da eman ohi da, eta ez, ohituraz , *Da berandu segidan[24]. Hori da euskarak duen joera aditza bigarren emateko (IUaren hasieran osagai lexiko toniko garrantzitsua, eta honen isatsean, klitikoki, osagai gramatikal atonoa), gaztelaniak, aldiz, aditza, osagai gramatikala, lehenago ematen duen bezala, osagai lexiko toniko garrantzitsuak IUaren amaierarako utziaz. Horregatik, maizenik, gaztelaniazko aditza + osagaia (AO) bikoteak eman ohi dira euskaraz osagaia + aditza (OA) segidan, eta ez gaztelaniazko ordenan, jada Altubek garbi azaltzen duen bezala (1929, 13; 1919, 12) gaztelaniazko AO bikoteak OA emanez euskaraz, atzekoz aurrera ordenatuak:

(33) a. Ser bueno / Estar quieto / Venir hoy / Andar bien / Ir a casa / Morir por la patria / Comer pan / Ver a la madre
b. Ona izan / Geldi egon / Gaur etorri / Ondo ibili / Etxera joan / Aberriarren il / Ogia jan / Ama ikusi

Baina Altubek eta jarraitzaileek halako adibideetatik eratorri dugun printzipioa, gaztelaniaz aditza esaldi hasieran ematen den bezala, euskaraz amaieran-edo eman behar dela, ez da zuzena. Ze, gauza bat da esatea aditza euskaraz gaztelaniaz baino postu bat atzerago-edo eman ohi dela, egia dena, eta beste bat, arrazoi honetan oinarrituta, aditza euskaraz esaldi amaierara bidali nahi izatea. Berandu da da euskaraz Es tarde, baina nola da (34), 35a ala b?

(34) Es tarde para poder hacer ahora con ganas todas las cosas que quisiéramos hacer.

(35) a. Berandu da orain gogoz egin ahal izateko egin nahi genituzkeen gauza guztiak[25].
b. Egin nahi genituzkeen gauza guztiak orain gogoz egin ahal izateko berandu da.

Biak euskaraz onak izanda ere, biak dira desberdinak, 4. atalean hausnartuaren bidetik. (35a) bakarrik litzateke gaztelaniazko (34)ren pareko. (35b), aldiz, (36)ren parekoago:

(36) Para poder hacer ahora con ganas todas las cosas que quisiéramos hacer es tarde.

(34, 35a) esaldien bigarren atalak kontatzen digu zertarako den berandu. Aldiz, (35b) eta (36)ren bigarren atalak kontatzen digu berandu dela aipatu kontuetarako.

«Aditza bigarren» fenomenoak maiz ematen digu aukera euskaraz aditz hori nahikoa aurreratzeko esaldian, hau emanez hitz toniko baten ondoretik (maiz adberbio, baina baita ere besterik). Eta horixe da hainbatek jada gomendatu duen teknika galdegai faltsuak-edo erabiltzeko esaldian aditz nagusia aurreratzeko modu bezala, nahiz esaldiko pisu predikatiboa nabarmen segi ematen galdegai faltsu + aditza bikotearen ondoretik. Mitxelenaren segidako testuan kontura gaitezke nola darabilen «aditza bigarren» teknika, hau batere atzeratu gabe esaldian (beltzaxketan aditz aurreratuak eta letra etzanetan aurreko elementu tonikoak)[26]:

Gogoz abiatu naiz, bestetan ez bezala, euskal hiztegi honen atalaurrean hitz batzu moldatzen. ... Beldur nintzen eta beldur naiz, beste modura esango dut luzeegi jardungo dudala[27] neure jardunean, edozeinek luzesteko bezain luze. Erraz sor daitezke horrelako bidegabekeriak hiztegiak, eta euskal hiztegiak batipat, gogora orduko. / Bada eztabaida franko, borroka ere bai, euskal hitz altxorrari buruz: hor dabiltza, izan ere, gureak, gureganatuak (hauek ere gure-gure dira, gureganatze hori zinetan eta benetan burutua dagoen heinean), eta gureganatzekoak batipat, gureganatzeko bidean direnak eta omen direnak, horietan baitago, bestetan baino areago, sesiobidea. / Zoritxarrez, eta hau da uste dudanez auzi honek duen alderik okerrena, proposatu egiten dira hitzak zein hitz mordoak -sartzen eta sarrarazten saiatu, alegia-, baiezko nahiz ezezko arrazoibideak garbiroegi azaltzen ez direlarik, haatik. Nik behintzat, gauzen berri ikasi ez dudalako edo, maizago jakiten ditut zeharka zuzenean baino. ... / Gogora datorkit ustez irakurri berria dudan zerbait. Demagun, eta gustora emango nuke, hitz baten jatortasunak -antzinatasuna eta hedadura hartzen ditugularik neurri, hauek ere errietan maiz dabiltzala jakinik- eta nazioartekotasunak pisu larria dutela berorren "euskaltasuna" mugatzeko. Bistan da, ordea, ez dela usu aski "hau eta hori" nahiz "hau edo hori" atera behar den kontua, "hau ala hori" baino. Zer erabaki orduan? Hor daukagu beti pisagarritzat asko eta gehiegi den nahia; gogoak ematen diguna, nolazpait esan. Horrela gerta daiteke eta gertatzen da nazioartekotasuna gailen irtetea, nazioartekotasun hori "nazio bakar baten artekotasuna" besterik ez bada ere.

Ez da esaldi nagusi bakar bat aditzaz amaitzen (ezta ere mendekorik ia), nahiz guztietan garbi dagoen esaldiko pisu predikatibo nagusia, aditz nagusi horren ondoretik doala[28].

6.1. Itzulpengintza eta idazkuntzarako aholkuak

Laburbiltzeko, bi aholku euskararako itzulpengintza eta idatz tekniken inguru:

1. Aditza ez gehiegi atzeratu esaldian.

a. Nahiz oro har komeniko den aditz hau gure inguruko AO hizkuntzetan baino postu bat atzerago edo ematea, intonazio/informazio unitatearen barneko egitura aldatuz.

b. Hala ere, saiatu beharko dugu ahalen neurrian informazio unitate desberdinen ordena bertsua mantentzen hizkuntzen artean.

2. Dislokazioak uxatu elkarren artean funtzioz edo esanahiz zerikusia duten osagaien artean.

a. Bai esaldi barnean, kontuz ibiliz,

  • Ezezko esaldietan osagai luzeegiak sartu gabe aditz laguntzailea eta nagusiaren artean.
  • Aposizio luzeek eragin etenekin (hauek hautsiz edo/eta esaldi amaierara eramanez).
  • Erlatiboek eragindako etenekin (hauek ere eman bailitezke aposizioan edo hautsirik).
  • Mendeko esaldietan ez gehiegi atzeratzen aditza eta honi erantsitako menderagailua (esaldiok ere hautsirik emanez behar denean).
  • Oro har, kontuz ibiliz osagai luzeekin, hauek maiz eman bailitezke esaldi amaieran eta, hala ere, beren buruak amaierarako utzi gabe.

b. Bai esaldien artean, gehiegi atzeratu gabe esaldiko aditz nagusia. Eta oro har, esaldi:

  • Hasiera aldera emanez, aurreko esaldiekin zerikusia eta lotura egiten duten osagaiak:
  • Lokailu eta juntagailuak.
  • Aditza (aberastasun semantiko eta morfologikoez egiten baitu lotura aurrekoekin).
  • Eta esaldi amaiera aldera emanez:
  • Osagai berrienak eta
  • Arruntki ondoko esaldi(et)an berriro gogoratu (behar)ko ditugunak.

I. ERANSKINA: Euskal joskeraren zenbait datu

1994an burutu nituen zenbait estatistika, euskal esaldien ordenamenduaren inguru, Axular, J.A. Mogel, J.B. Agirre, Duvoisin eta J. Etxepareren zenbait testu aztertuz (corpusaren laurden bat inguru), eta beste hiru laurdenak-edo, aztertuz, XIX eta XX. mendeetako ahozko testigantzak (Webster eta Cerquanden ipuin bildumak, R.M. Pagolaren Euskalkiz euskalki bilduma, ETB1eko zuzeneko Ados? eztabaida programako hiru saio, eta bi euskaltzainen mintzo libreak). Denera 4.500 bat baiezko esaldi deklaratzaile nagusi, 2.500 mendeko esaldi jokatu, beste 600 bat erlatibo, eta 2.000 mendeko esaldi jokatugabe inguru. Eta corpus honen parean aztertu nituen, konparaziorako, Mendibururen itzulpenak, eta gaur egungo euskara idatzi estandarreko A. Lertxundi, Argia eta Euskaldunon Egunkariko zenbait testu[29].

1. Aditzaren gunea esaldian

Corpusetako baiezko esaldi nagusi deklaratzaileen %28,1ek du aditza esaldi amaieran[30] —gaur egungo testuetan esaldien %39,2k—. Aditza esaldi hasieran, berriz, corpuseko esaldien %14,3k[31] (hauetako %5,9 —hau da, guztien %0,85— aditz trinko esaldi hasieran) —gaur egungo prosan, aldiz, ia desagertu egin dira: %1,4—. Corpuseko esaldi gehienek, %57,6k, dute aditza esaldi barrenean —baita gaur eguneko prosan ere: %59,4—. Ikus taula eta grafikoa[32]:

Aditzaren gunea esaldian:

Hidalgo_1.jpg

2. Aditza tartean eta esaldiaren pisu predikatiboa aditz aurrean edo atzean

Aditza tartean daramaten esaldien distribuzioa, ordea, zeharo desberdina da tradizioko corpusean eta gaur egunekoan. Corpusean, galdegaia aditzaren ondoretik ematen du 10 esalditik 8k (%79,0)[33]. Gaur egungo testuetan, ordea, proportzio hori %20,1era erortzen da. Aldiz, corpusean galdegaia aditzaren aurre justuan erakusten du esaldien %10,8k bakarrik, Azkue-Altuberen galdegai legea betez[34]. Gaur eguneko testuetan, ordea, legea %51,2tan betetzen da. Badira gainera hainbat esaldi bategatik edo besteagatik (batez ere galdegaia-edo aditzaren aurre eta ondorenean agertzen delako, bietan). Halakoak dira corpusean %10,2. Gaur egun, berriz, atal hau ere erabat puzten da %28,7taraino. Ikus taula eta grafikoa:

Galdegaia aditzaren aurrean edo atzean aditza tartean duten esaldietan:

HIdalgo_2.jpg

3. Aditzaren gunea eta esaldien luzera

Aditzaren guneak esaldian zerikusi estua du nondinahi esaldien luzerarekin. Hala ikus liteke segidako taula eta grafikoan esaldiak osagaika sailkatuta (1, 2, 3, 4 eta 5 edo osagarri gehiagoko esaldiak). Lehen zutabean esaldion pisua corpusean ehunekoetan (aztertu 4.500 esaldien artean). Bigarren zutabean, aditza hasieran erakusten duten esaldien %a (guztiek-edo ematen dutelarik esaldiko pisu predikatiboa ("galdegaia") aditz horren ondoretik). Hirugarrenean, aditza tartean izaki, "galdegaia" aditzaren ondoren erakusten duten esaldien %a. Laugarrenean, aditza tartean izaki ere, galdegaia aditzaren aurretik, modu kanonikoan edo, erakusten duten esaldien %a. Eta azkenekoan, aditza amaieran erakusten duten esaldien %a (hauetako ia guztiek dutelarik esaldiko pisu predikatiboa aditzaren aurre justuan).

Hidalgo_3.jpg

Ohartzekoa da nola esaldien luzatzearekin, alde batetik, pentsatzekoa den bezala erabat murrizten diren aditza amaieran duten esaldiak. Bestetik, ia proportzio berean hazten da pisu predikatiboa aditzaren ondoretik daraman esaldien kopurua. Bitartean aldaera handirik gabe geratzen dira pisu predikatiboa aditzaren aurre justuan daramaten esaldiak, edota aditzaz hasten den esaldi kopurua (nahiz hauek %26,8 ere badiren osagai bakarreko esaldien artean).

4. Aditza esaldi aurrealdean ala atzealdean?

Goiko taulen esanahia laburbilduz jaso dugu hurrena esaldiek duten joera Azkue-Altuberen galdegai legea betetzeko, edo ez betetzeko. Legea betetzen dutenak bildu ditugu Aditza esaldi atzealdean zutabean. Legea bete gabe, esaldiko pisu predikatiboa aditzaren ondoretik ematen dutenen %a Aditza esaldi aurrealdean zutabean. Denera, heren batek baino ez du betetzen galdegai lege kanonikoa (%35,4), eta bi herenek ematen dute esaldiko pisu predikatiboa aditzaren ondoretik (%64,6). Gaur egungo prosa estandarrean ez bezala. Honetan aditza ez da esaldi aurrealdean ematen, esaldien %18,2tan baino, eta aldiz atzealdean %81,8tan. Ba ote du horrek zerikusirik gaur eguneko prosaren ulergaiztasunarekin? Segur.

Nolanahi, galdegai lege kanonikoa ez betetzeko joera hainbat nabarmenagoa da esaldiak luzatzearekin batera, baina ohartu behar dugu gure corpusean ere, ahozkoa bere 3/4etan, 5 edo osagai gehiagoko esaldiak direla erdiak baino gehiago: %51. Kontuan hartzekoa da, nolanahi, are esaldi "luze" hauen artean ere %18,1ek artean betetzen duela galdegai lege kanonikoa (%39,1ek 4 osagaikoen artean, ...). Baina esaldi laburrenen artean ere oso ugariak dira lege kanonikoa betetzen ez dutenak: %26,8 osagai batekoen artean, %38,5 2koen artean —Lanera joango gara amarekin itxurakoak—. Oreka hiru osagaiko esaldien artean. Beraz, argi, luzera ez da hiztunak duen arrazoi bakarra esaldiak modu batera edo bestera josteko. Testuinguruak, hiztunaren borondate subjektiboak, eta honek esaldiari, bategatik edo besteagatik ezarriko dion segmentazio prosodikoak izanen dute zerikusi nagusia. Segidan datuak[35]:

Hidalgo_4.jpg

5. Mendeko esaldi jokatuak

Jakingarriak dira gure corpusean mendeko esaldien inguruko datuak. Aditz jokatuko baiezko mendekoen artean (erlatiboak kanpo)[36] %52,1ek erakusten du aditza esaldi amaieran modu kanonikoan (esaldi hautsigabeak), eta %47,9k aditz hau esaldi barrenean (hautsiak edo), artean zenbait osagai erakutsiz aditzaren (eta atzizki menderagailuen ondoretik). Ezezko esaldien artean, berriz, hautsiak dira %81,7 eta hautsigabe kanonikoak %18,3 baino ez. Gaur egungo prosa estandarrean, aldiz, soilik baiezko esaldien %16,8k ematen du aditza esaldi barrenean. Nahiz ezezkoetan %54,1ek ere bai. Bestalde, zenbat eta esaldi luzeagoak, hautsiak agertzeko joera handiagoa. Hala ikus liteke segidako taula eta grafikoan (lehen zutabean osagai kopuru horretako esaldi proportzioa corpusean; bigarrenean esaldi hautsiena, hirugarrenean hautsigabeena):

Hidalgo_5.jpg

5.1. Mendeko esaldi jokatugabeak

Aditz jokatugabe bidezko mendeko esaldietan, oro har, %21,3 baino ez da hautsirik ematen corpusean (%78,7 hautsigabe). Proportzio desberdin horrek, mendeko esaldi jokatuen aldean, badu zerikusia, nolanahi, halako esaldiak, oro har, laburragoak ohi izanarekin, segidako taulan ikus litekeen bezala (nahiz ez den hori izanen desberdintasun arrazoi bakarra). Gaur eguneko prosa estandarrean ia desagertzen dira esaldi hautsiak (%3,2 hautsi).

HIdalgo_6.jpg

II. ERANSKINA: Zenbait testu aztergarri (eredugarri?)

Segidan darakutsagu zenbait testu labur, ahozko (1-6) nola idatzizko (7-11), zalantza gabe aztergarri direnak hitzen ordenaren ikuspuntutik, eta euskal erabilera benetakoen isla izan litezkeenak, irakurtzera ohituta gauden euskara estandarraren aldean. Beltzaxketan nolabait aurreratutako aditzak. Etzanetan, kanonikoki emanak edo. Eta etzan beltzaxketan, kanonikoak izaki ere, esaldiko pisu predikatiboaren atalen bat bederen ondoretik daramatenak.

1. Espainia eta pakea (J.F. Cerquand, Ipar Euskal Herriko legenda eta ipuinak, 1874-1884, Txertoa, 1985, A. Arana, 19).

Jesus Kristo gure Jauna eta Jondoni Petri zabiltzan Espainian ebanjelioaren predikatzen. Herri batean paratzen zirelarik, heienganat heldu ziren lekhu hartako handietarik zenbait, behar zutela okasioneaz baliatu beren erresumaren sekulako zorionaren egiteko. Mintzatzen direlarik Jondoni Petriri erraiten diote:

—Jauna, fagore eske heldu gare. Othoizten zaitugu, ardiets dauzkigutzun lau gauza gu guzien nagusiarenganik, amorekatik eta izan dadin gure erresuma bethikotz uros. Nahi ginuke ogi, arno eta haragi ausarki, eta laugarrenekorik bakea.

Hekien galdea entzun eta Jesus Kristok erraiten diote:

Ez da posible lau gauza horiek izan diten elgarekin. Emaiten dauzkitzuet ogia, arnoa eta haragia, bainan horiekin ez duzue ukhanen bakerik.

Orduz geroztik Espainian bada abondanteia, bainan falta dute bakea.

2. Dotorra bere burubaren kontra (Frantxon Belzaigi; W. Webster, Ipuinak, 1877; X. Arbelbide, Ipuinak - II, EEE, Klasikoak, 1993, 101)

Baziren asko munduan bezala, aita seme batzuek. Fortuna bazuten. Aitak egorri zuen semea dotorre iterat. Bere estudigoak finitu eta ethorri zen etxerat. Bañian ez zen herrietan ibiltzen. Aita hura konbidatua izan zen bazkari handi baterat eta arrain jaten ari zelarik iresten du ezhur bat eta han zagoen ito ordian.

Badoazi bazter guzietara dotorketarat. Heldu dire bañian nihork ez du bonurrik hari kentzeko ezhur hura. Bethi jaun harek iten zuen keinu bat eskuz, erran nahi beitzuen ekhar arazteko haren semea. Noizpeit konprenitu zuten. Ethortzen denian, egortzen du mundu guzia kanporat. Erraten dio bere aitari:

—Zer aita! Ez dakizu bada nik ez dakitala sendatzen ardi pikorrekin bertzerik nere eriak?

Aita hura ematen da hala irriz non ezhur hura botatzen du. Mundu guzia harritzen da, zer jaun habilla eta jakiña zen hura. Eta gehoztik haren fama hala gan zen non mundu guziak hura nahi beitzuen miriku; eta sendatzen zituen geroztik bere eriak ardi pikorrak iriñian pasatu eta hekiek emanez erieri.

Lehen aberatsa beitzen, pusanta iñ zen. Ungi bizi izan bazen ungi hil zen.

3. Amerika'ra diruak irabazten (I. Gallastegi; A. Arejita, Joskera: Esaldi Bakuna. Ikasgaiak eta Ariketak, 1, Labayru, Bilbo, 1989, 203)

Gizon bat joan zan Amerika'ra diruak irabazten. Eta topa zeuen lagun bat bera(re)na. Eta egon ziran despeditu ezinik. Eta lagunak esan eutson emoten eutso(za)la iru kontseju. Lelengo esan eutson ba: inoren gauzetan ez sartzeako; bigarrena: atajutik ez joateko; irugarrena: jakin barik gauzea ez berotuteko. Despeditu zirean eta joan zan etxe batera eskatuten ostatua.

Topa zeuen gizon argal bat eta ikaratu egin zan eta urten zeuenean etxe aretatik segidu egin eutson eta preguntau egin eutson zer deritzen bera(re)n bizimoduari. Eta lenengoz akorda zan Amerika'ko lagunagaz, emon eutson kontsejuagaz, eta erantzun eutson: —Ez naz inoren gauzetan ni sartzean. Orduan gizon argalak kontestau eutson: —Eskerrik asko. Gero joan zan aurrera bera(re)n etxerantza eta topa zeuen atajoa da pentsau zeuen andik joatea, ikusi zeuelako gizon bat andik joaten astoaren ganean. Baina geiago pentsa(d)u-ta joan zan beraren bidean. Ailega zanean atajora topa zeuen medikoa ta abadea. Egin eutsoean segidu eta topa zeudean ia ilean astoaren ganean joan zan gizona. An akorda zan bera(re)n lagunaren bigarren kontsejuagaz.

4. Astoa, txakurra, katua eta oillarra ("Gernika inguruetako euskera, Nabarniz-en ahoz batutako ipuiña, Josune Unamunok Digna Arriolari jasorikoa"; Idazkera ariketak, J.G. Gorostiza, Udako Euskal Ikastaroa, Derio, Labayru, 1981, 89-91).

Egon san etze baten asto bat, asto sarra, esetako be balijo estaben astue. Da esateben: «Asto sarra, estau esetako be balijjo-ta, ill ein bikou, ia laster negue be badator da, ill de kitxu, kendu enbarasutik. Jan se besterik esteu eitxen-da.»

Astuek entzun'ban ori. Da esaeban: «Neu ill seuek? Es ba, eskapau eimgot ba!». Da eskapau'ban andik. Jun sen, jun de jun, da topau'ban txakurre. Txakurrek esan'tzon: «Nora soies?» Da bestiek: «Ba, estotela balijjo ta, etzien laster ilteko kontue esan dabe ta eskapeu ein dot etzetik».

«Neu be olantxik noie» —esan'tzon txakurrek—. «Bueno, ba aitxik goisan bijjok alkarras. Neu be sarra nasela ta, estotela saunkerik be eitxen da ... banoie».

Badoies bijjek alkarras. Jun de jun, topeu dabe katue. Da esan'tzen katueri: «Ser ba? suri be se paseten jjatzu ba?»

Ba, ni be ia oin sagurik be estotela atrapetan etzien, da esa'este ba, sarra nasela-ta; beti eurrien nabille eskobiegas joten, da eskapeu dot!». «Bueno, ba geu be olantxik goies, etorri geuas». Junteu sien iru. Jun sien aurrerau ta topeu eben oillar bat, oillarra kukurrukuke, ta esan'ban: «Laster Gabonak be badiesela-ta, ia estekola serik, eta ill ein bi'nabela neu esa'este ta ...». Ba planteu sien, astoa aspijjen, astun ganien txakurre, txakurren ganien katue, ta katuen ganien oillarra. Jun sien da gero gaba aillegau san, da illundu san da nora jun bes.

Ta ikusi'ben urrunien antxe argitxu bet dauela. Da esa'ben «Araxe jun biou gaba pasetako, araxe etzera; etzie edo ia ser dauen ikusi biou antxe-ta». Jun sien, jo'eben atie, da argi orregas egon sien lapurrek, lapurretan einde, euren diruek kontetan. Da atie jo ebenien pentzau eben badoiasela goardiasebillak-edo eurek topetan, da eskapatieri emon'tzen; da bestiek, astue-ta, sartu sien barrure, ta planteu sien astue kortan, txakurre ate onduen, katue suen ondotxuen, da oillarra be kortan. Planteu sien lo eitxen, epeletan dausela-ta, posik! Da lapurrek jun sien atzera, ikusten ia se ixen dan árek ikeratu'txusena. Da bat sartu san barrure illunien, argirik ixotu barik, da jun san su ondora, da sueri erein'tzonien pentseu'ban txingerra dala, ta ixen san katuen begijje. Da katuek erpeka ekin'tzon, purrustada batzuk ein'tzosan; asi san lapurre eskapan, atera juten, da atien asi jjakon txakurre saunkaka; asi san kortatik eskapetakun, da kortan aste'jjako astue ostikoka, da gero ureteébanien kanpora aren posa. Ta gero ondiño kukurruku eitte'tzon oillarrak. Jun san bestiegana ta esan'tzon: «Ser ikusi dot ba! Nik etxakijjet ser ixen dan a! Batak ainkeka, bestiek makilleka, bestiek ostikoka, nik esebe etxoat ikusi baia txarto ibilli nok, txarto be txarto. Ara esi'leikek jun».

Da gero axe ixen san eurentzako etzie, ta eurek manejete'sien antxe.

5. Zugarramurdiko sorgiñak ("Jose Luis El Busto Etxegarai 12 urteko haurrak kontatua. Irunen sortua da baina zortzi urtez bizi izan da Urdazubin. Ama lesakarra du; aitak ez daki euskaraz." In N. Alzola, Euskaraz, Irunen barrena, 1994, 20.)

Baziren sorgiñak Zugarramurdiñ. Ibiltzen ziren etxez-etxe galdetzen ya bazien eriak. Alletu zien etxe batera eta galdetu zuten ya bazien eriak. Etxekoak erranzioten bayetz, bazutela mutill bat emezortzi urtekoa. Ordun sorgiñak erran zioten atratzeko etxeko denak kanpora. Eta ordun gelditu ziren sorgiñak eriakin barnian. Eriaren anaya yuan zen gottira baldimetan sorgiñak iten baldinbazuten gauza gaixtuak eriekin. Sorgiñak lotu zioten arpegi dena mokanesakin eta erran zioten ez solas eiteko sorgiñak erran bittartian. Ordun sorgin batek in zun zilo bat koltxoian eta ateri zuten sakeletikan musker bat eta sartu zuten koltxoian barnian. Orduan itxi zuten koltxoian ziloa. Kendu zioten eriari mokanesa eta erran zioten yende denari eriak ez zula bertze gauza musker bat sartua koltxoian eta muskerrak pozoina botatzen zuela. Orduan etorri zen gottitikan eriaren anaya eta ixiltu zen. Sorgiñak ordun emanzioten kontua eta eriaren anayak erran zuen ez emateko dirua zertaz berak bota barzuela tiro bat sorgiñeikeri. Ordun sorgiñak eskapatu ziren.

6. Atxagarekin obabakoaken itzulpenaz (elkarrizketa; Juan Garzia Garmendia, Senez, 9, 1990, 18-9).

- (JGG) Eta hori ikusten da adjetibazioan, nominalizazioetan ... lexikoaren maila guztietan ...

- (Atxaga) Eta horrek, nik uste, badu beste ondorio niretzat oso garbia, eta da hemen inon baino garrantzi gehiago duela komunitate literarioak, edo irakurle, idazle ... horien arteko harremanak. Esan nahi dut: behin Arestik erabili bazuen "bilau" hitza, adibidez, halako zehaztasun batekin, hurrengo idazleak hartu eta erabili behar du zehaztasun berdinarekin, eta zentzu berdinean, eta abar. Eta hor, nolabait, hogei urtetan, lortuko genuke finkapen bat ... Alegia, ni hasten banaiz "abandonar" horren inguruan "lagazio" eta halako gauzak esaten, nik bakarrik erabiltzen badut, inora ez doa. Lortu beharra dago halako -ez dakit ba nola esan- akordio bat, eta elkarrenak aintzat hartzeko konpromezu bat. Horren ondorioa da talde lana ikaragarria behar dela.

- Horrek esan nahi du, hala ere, berez hau nolabaiteko estrategia probisional bat dela ... eta pentsatzen dut mistoa ere izan beharko duela, (...)

- Dudarik gabe. Nik uste dut hau dela, nolabait, pasarte moduko bat. Mende erdi bat eduki dugu, nire eritzirako, egokitzeko, beste kulturetako hizkuntzen maila hori hartzeko, berrogeitamar urte, gutxi gora-behera. Hori da gure Damaskoko bidea, bide hori egin beharra dago nola edo hala, eta, ondo egiten bada, gero ez da prolemarik egongo. Nik uste dut prolema hau soluzio xamurrekoa dela, ez da hain zaila hau soluzionatzea, baina behar du komunitate bat, eta behar du kontzientzia bat, oso -bide batez esana- gutxi ikusten dena. Zera gertatzen ari zaigu: hau gure arteko itzultzaile, idazle eta abarren arteko entente bat izango balitz, nik uste dut horrek oso ondo funtzionatuko lukeela. Baina idazle eta itzultzaileen artean joera dexente daude euskararen aldetik, igoal bost edo sei joera hizkuntzari buruz. Elkarri hartzen badiogu beretik ... hor guk sortuko genuke entente bat. Baina guk, gizarte guztietan bezala, oso pisu gutxi dugu. Zeren pisu gehiena dutenak dira —gaizki esanda— gazte muturzikin batzuk, karrera batzuk erdizka, titulu errax bat lortu, eta hortxe mass-medietan daudenak. Eta euskara espantagarri bat erabiltzen duen jendea ... jeneralean behintzat. Hitzak lanean jartzeko, egin beharra dago halako planifikazio errusiar baten arauera. Ba ... kinkenioz, ezta? Nik hala uste dut.

(...) - (JGG) Jarri duzu adibide bat oso modernoa den hizkera batena; ...

7. Axular, Gero (1643) (Jakin, Villasante, 1976, 95)

Likurgok, erakusteko Lazedemoniakoei, zein indar handia zuen usantzak, hartu zituen bi xakur gazte, bi orkume ama batenak, eta sabelaldi batetakoak: eta hetarik bata, usatu zuen bethi ere etxean barrena, kuzinako eta sukhaldeko eltze-plateren artean: eta berriz bertzea hazi zuen kanpoan ihiziko orekin batean. Eta gero handitu zirenean eraman zituen biak treilla batetan Lazedemoniako iende heken aitzinera eta han laxatu eta largatu zituen, eta largatzearekin batean, egotzi zerauzten bere aitzinera, erbi bat eta haragi puska bat. Eta ihizian usatua, abiatu zen berehala erbiaren ondotik, eta berriz bertzea, kuzinan hazia, lothu zeikan haragi puskari. Eta gero erran zerauen: Ikhusazue, iaunak, zer egiten duen usantzak, zein indar handia duen hazkuntzak, lehenbiziko segientzak, eta ohikundeak: nola or hautarik bata, bere hazkuntzaren arauaz, lothu zaikan haragiari, eta berriz bertzea, iarraiki zaikan ihiziari.

8. J.A. Mogel, Peru Abarka (1802) (1881, Gerediaga, 1981, 92-3)

— (Peru) ... Ipiñi gura zaitut gauza ascoren jaquitun echian sartu orduco. Daucat Jangoicuak emonda emazte otzan, baquetsu, euli bati bere gachic eguingo ez leusquiona. Azten ditu umiac lotsa onian, mancau baga, ondo esanaz, ta Jangoicuaren bildurra iracatsijaz. ... Daucadaz seme bi ta beste aimbeste alaba. Gari ta artuac daucadaz giltz baga gambara zabalian; bada daucaguzan otseinac bere, aci ditugu gueure umiac baguenduz leguez, alcar maite dogula. ... Orregaitiño Jangoicuac emoten deuscu gaucia ugari; topin ona beti izaten da; ilten dogu lauoñeco guizena, idi lodi cecin ederra dabena. Euren demporetan izaten da jan al baño gueijago castaña ta sagar. Urte guztian, esateraco, daukagu eznia ta aurreratuten ditugu dirubac lagunduteco guero umiai, aututen dabeen vicieran. Dacustaz nic iru ta lau echaguntzaren jaube dirianac, zoorrez beteta, bururic jaso ecinda, gosia emote deutseela euren ume ta oguitucuai.

9. J.B. Aguirre, Eracusaldiac, III (1808) (1850, Hordago, 1978, 330-1)

José, Jacob Patriarcaren seme guztiz eder, eta maitea, bere senideen embidiac saldu zuan. Erosi zuen aurrena Ismaelita mercatari batzuec, eta guero Egiptoco Erregueren ejercituen buru, ta aguintari Futibar ceritzanac. Eguiten cituan Josec bere nagusiaren aguinduac leyalqui, ta bere contura utzi ciozqueen gauza gucia(c), irteten citzaizcan nagusiac nai zuan bezala. Ecusiric onec Joseren leyaltasuna, ta doay ederrac, bere contura eman ciozcan echea, ta gauza guztiac; ta bereala ugaritu ciran Joseren escuetan. Onela vici zan José bere nagusiaren borondatearen, eta viotzaren jabe, ta bere Jaun jaungoicoac beguiratzen ciola gauza guztietan Aita onaren beguiaquin. Baña prestatu cion etsayac lazo icaragarri bat, Joseren icen ona, ta anima galerazteco chit perill andicoa, eta limuria. Jarri citzayon egun batean echeco andrea beguira, ta Joseren edertasunarequin llilluraturic, equin cion bear ez diran gaucetaraco bidea ematen. Equin cion ez beiñ bacarric, baicic ascotan, baña beti alferric. Egun batean sartzen da José echera, ta asitzen da bere bacarrean lanen bat eguiten. Sartzen zayo echeco andre ez garbia, ta caparen ercetic elduta equiten dio José tentatzeari. Cer eguin zuan onec? Cer? utziric capa irten zan echetic.

10. J.P. Duvoisin, Laborantzako liburua (1858) (EEE, 1986, 90)

AITAK. — (...) Askotan bero gaitz batek iraganarazten du kenka gaixtoan den belharra eta bere baliotik hainitz khentzen dio. Belharrak nahi du ongi idortu. Idortzean, ibiliago eta hobego.

Iguzki bero batek harrapatzen badu belharra, iduri du batzuetan idorra, hala ez delarik oraino. Sartzen bada barnerat itxurak enganaturik, belhartegian bihurtzen da, berotasuna hartzen du eta gozoa galtzen. Zenbait aldiz ere ikhusi izatu da su hartzen eta etxeak erretzen.

Behinere gerthatzen bazare belharra hezeegirik sartzera uri beldurrez edo bertzela, xuhurra baduzu, ez duzu hala utziko; atherako duzu aphur bat ondoko egunetan. Artha horren eskasez hainitz gal dezakezu.

SEMEAK. — Ongi hartzen dut hori; ikhusten dut ez dela zuhurtzia barnean idukitzea idorra ez den belharra, zeren hutsalduko baita segurki eta etxea erreko baitu menturaz. Sinhesten ere dut asko etxe, nola ez dakitelarik erre direnak, belhar berotutik egin izan direla. Bainan aro onik ez badu egiten belharra kanporat emateko, zer egin?

AITAK. — Begiratuko diozu maiz eta ohartzen zarenean berotzen hari dela, barnean berean harrotuko duzu arras hoztu den arteo. Hori bera aski da.

11. Erriko jendeentzat osasun legeak medikantzako argibideak (Euskalerritarrai eskeñiak Debako eta Itziarko mediku jaun D. Martin Aranburu eta D. Manuel Bago Agirrek ipiñiak. Bergaran: J.F. Lopez-en moldiztegian 1899garren urtean; I. Arrigain, EEE, Klasikoak, 1994, 16-19).

...; eta azkenik esango ditugu itz batzuek bukaera emateko orain eskuartean dakargun oni, euskal-erriko jende eta arrazaren antziñako izaeraren eta bere itzkuntza eta usariyoen gañean, zeñak lenago aitortu degun bezela, izan diran denbora guztietan eta paraje guztietako jakintsuengandik txit izkiratuak eta begiramentu asko beren gaiñ ipiñi azi izan dituztenak.

Guztiak aitortzen dute euskaldunen jatorria dala txit antziñakoa, eta iberoak zeñak izan ziran Españiako lurrean aurrenengo bizi izatera etorri ziran jendeak, gelditu zirala bizi izaten batzuek Ebroko erriyoz aruzko aldean gaur erdaldunen lurtzat ezagutzen degun artan eta besteak esandako erriyo ortzaz unuztik, iñolaz ere zergatik uste zuten bertan eta mendi artean errazago kontu egingo ziotela beren libertadeari. Gu gaur bizi geran parajeetan gelditu ziranak ez zituzten izan aiñbeste gora bera nola beren beste anai Ebroz aruztik gelditu ziranak, bada oek denbora aurreratuaz joan zanean, izan ziran menderatuak Cartagoko eta Erromatarren jendeak gandik, eta galdu zituzten beren usariyoak ere, artuaz kanpotar jende aek bertara ekarri zituztenak, eta gañera oek itzegiten zuten itzegite modu ura bera. Bañan esan degun bezela gure parajeetan gelditu ziranak ez zituan iñork menderatu izan, eta bizi izan ziran beren mendi artean gordeaz libertadea, usariyoak, eta baita ere beren itzkuntza zeña allegatu dan gaurko egunean gure arteraño.

Esan degun jende aei deitzen zioten Karistioak, gaurko Arabarrak daukaten parajekoai; Barduluak, Gipuzkoatarrak daukaguna zeukatenai; Autrogoiak gure probintzi onetako leku batzuen eta Bizkaiko lurraren jabe ziranai; eta Baskoiak berriz, gaurko Naparroako lurrean Aragoiko mugetaraño bizi ziranai.

Euskaldunak dira bada gizon kondairale jakintsu eta errespetagarri askok diotenez, arako antziñako jakintsu sonatu Seneca zeritzaion arren denboretan gorderik zeuzkatenak Españiako lenengo bizi lagun edo iberoak izendatzen ziran aen beren izkuntza, usariyoak, eta jantzi modu ura bera; eta au da argibiderik itxurazko eta egizkoena adierazotzeko gure euskal-itzkera izan zala Españiako lurrean aurreneko itzegin zan itzkuntza. Euskera da bada kanpotar naziorik iñortxo ere Españian sartu baño len itzegin zan itzkera, eta onetatik datorkigu guri esan al izatea euskaldunak zirala lendabizi Españiako lurrean bizitu ziranak, zeñaren jatorri garbia gorde izan duten gure paraje oetakoak nastu gabe ezertan egon ziralako kanpotik etorri ziran nazioakin, eta oek menderatu ez zituztelako gure guraso zarrak.

Gauza au onela dala eta egiazkoa dala argitaratzen du ikusteak gaurko egunean ikusten degun bezela, euskal erriko lurrean ez dirala billatzen eta ez eta ere azaltzen beste zenbait Españiako leku askotan bezela erromatar eta beste kanpotar nazioetako jendeak egin eta utzi zituzten eliza eta berak adoratzen zituzten Jaungoiko gezurrezko aen itxurarik, zeñak beiñ ere ez zituzten ezagutu beren bizi lekuetan gure aurreko guraso zar aek; eta egia baldin bada ere Cartagoko agintari aundi eta gerrari sonatu Anibal zeritzaion arren mendean ibilli izan zirala euskaldunak soldadu erromatarraren kontra, ez da egi txikiagoa ibillera au izan zala batak besteakin egindako tratu batzuen bidez eta adiskide berarekin ziralako; alako moduan non erromatarren agintari Eszipion zeritzaionak igerririk beraren kontrarioetan zijoazen euskaldun jende aek zirala medio galtzen zituala berak atakerik geienak, egin zuan modua jende aek bereganatzeko diruz edo beste al zuan bezelako bidez, eta au egin zuan bezin laister ikusi zuan ere andikan aurrera erraz asko menderatu zituala Anibalen soldaduak esan duten bezela utzi dituzten liburu zarretan denbora antziñako aetako gizon kondairaleak nola diran Estrabon, Plinio, eta Silio Italiko izendatzen ziran aek.

Gizon jakintsu oek berak itzegiten dutenean zer nolakoak ziran euskaldun aen izaera moduak esaten dute zirala alperkeriaren etsaiak, nekea zer zan ez zekitenak, jan eranean kontuzkoak, gorputzeko indarraren gordetzalleak, arrokeriarik gabekoak, beren libertadearen maiteak, eta au ez galtzeagatik edozein gauza egitera jarriko ziranak, illtzeak bildurtzen ez zituanak, beren naitasunetan leialak, kontrariyo bildulgarriak, biyotz onekoak, azkarrak eta indartsuak, dantzari ariñak, (onetan asitzen ziranean zeukaten iru zuloko txistu bat joaz zeña dan gure gaurko danboliña); ibiltzen nekatzen ez ziranak, atakeetan korajetsuak, eta azkenik beste iñor ez bezelakoak beren kontrarioak uste gabe, edozeiñ lekutan sartu eta aek arrapatzeko.

Zenbateraño gorde ditugun gaurko egunean gure lenagoko guraso zar aen doai eder aetatik, ez dagokigu guri emen esatea; bañan alaz guziaz ere ez degu konturatu gabe utziko, oraindik gure denboretan ere euskaldunak beste iñongo jendeak ez bezela dauzkatela beren gaiñ izate modu jakiñ batzuek, eta bai eta ere paraje askotan lenagoko gure guraso zar aen itzkuntza ura bera.

Euskal-erriko jendea da elizkoia, agintariari bear dan errespetoaren gordetzallea, leiala, eta bai eta ere setotsua, zerbait buruan jarkitzen zaionean naiz eta ez beti arrazoizko gauza izan. Beraren usariyoak dira ere biziro berakikoak, eta oen ondasuna argitaratzen du ongi egunero ikusten degun gauza batek zeña dan, iru probintzi oetan eginkizunik gutxiena edukitzen dutela beti justiziko gizonak beren lanetan, eta bai eta ere gure nagusitza edo aginpidea daukatenak, beti azaltzen dituztela zuzen eta garbi berai dagozkioten kontu eta artu emanak.

Beste gañerakoan beti dauzka euskaldun jendeak berekin antziñako guraso zarren izaera moduak; eta ala, pelota jokua, balanketa jokua, aizkora jokua, belar ebaite jokua, saltaka jokua, txalupa jokua, eta bai eta ere azkenik bertako dantzan egitea, guziak adierazotzen dute dirala jende indartsu eta pizkorraren usariyoak, jakiñ izan ditugunak gordetzen gauza gogoragarritzat bezela gure aurreko guraso eta aitona zar aetatik.

Bibliografia aipatua

Altube, S. (1919) De sintaxis euskérica. Donostia, 1920.

__, (1929) Erderismos. Euskera, 1929; Euskaltzaindia, 1975 (A. Villasanteren hitzaurrea).

__, (1932) El acento vasco en la prosa y en el verso. Euskera 1932.

Azkue, R.M. (1891) Euskal-Izkindea. Gramática Eúskara. Bilbao, 1891.

Azurmendi, J. (1977) Orixeren frasekera: ritmoa. In Zer dugu Orixeren alde, Jakin, 1977, 325-345.

Baddeley, A.D. (1999) Essentials of Human Memory. Psychology Press, UK, 1999.

Balota, D.A.; Flores d'arcais, G.B.; Rayner, K. (eds.) (1990) Comprehension Processes in Reading. L. Erlbaum, Hillsdale, N.J., 1990.

Boomer, D.S. (1965) «Hesitation and grammatical encoding». Language and Speech, 8, 1965, 148-158.

Boomer, D.S. & Dittman, A.T. (1962) «Hesitation pauses and juncture pauses in speech». Language and Speech, 5, 1962, 215-20.

Boomer, D.S. & Laver, J. (1968) «Slips of the tongue». British Journal of Disorders of Communication, 8, 1968, 2-12 (reprinted in Fromkin, V.A. (ed.), 1973, Speech Errors as Linguistic Evidence, Mouton, The Hague, 120-31; eta J. Laver, 1991, The Gift of Speech, Edinbourgh Univ. Press, 1991, 23-35).

Chafe, W. (1994) Discourse consciousness, and time: The flow and displacement of conscious experience in speaking and writing. Chicago, The University of Chicago Press, 1994.

Clark, H. (1996) Using language. Cambridge Univ. Press, Cambridge, U.K.

Clark, H.H.; E.V. Clark (1977) Psychology and Language. An Introduction to psycholinguistics. Harcourt Brace, New York, 1977.

Coltheart, M. (1987) The Psychology of Reading. Attention and Performance XII. L. Erlbaum, 1987.

de Vega, M.; F. Cuetos (coord.) (1999) Psicolingüística del español. Trotta, Madrid, 1999.

Dittman a.t.; Llewellyn, L.G. (1967) «The phonemic clause as a unit of speech decoding». Journal of Personality and Social Psychology, 6, 1967, 341-9.

Euskaltzaindia (1987) «Hitz ordena». Euskal Gramatika lehen urratsak - 1 (Eraskina), 19-46.

Eysenck, M.W.; Keane, M.T. (1995) Cognitive Psychology. Psychology Press

Fayol, M. (et al.) (1992) Psychologie cognitive de la lecture. PUF, 1992, Paris.

Garret, M.F. (1980) «Levels of processing in sentence production». In B. Butterworth (ed.), Language production (vol. I), London, Academic Press, 1980.

__, (1990) «Sentence Processing». In Osherson, D.N. y Lasnik, H.(eds.), 1990, Language: an invitation to cognitive science, Vol. 1, Cambridge. Massachusetts, MIT Press.

__, (1992a) «The Structure of Language Processing: Neuropsychological Evidence». In Gazzaniga (ed.) Cognitive Neuroscience, 881-899.

__, (1992b) «Errors and their Relevance for Models of Language Production». In G. Blanken (et al.) (eds.) Linguistic Disorders and Pathologies, Walter de Gruyter, 1993, 72-92.

Gathercole, S.E.; A.D. Baddeley (1993) Working Memory and Language. L. Erlbaum, 1995.

Gernsbacher, M.A. (ed.) (1994) Handbook of Psycholinguistics. Academic Press, 1994.

Haberlandt, K. (1997) Cognitive Psychology. Allyn and Bacon (1st ed. 1994).

Halliday, M.A.K., (1967) «Notes on transitivity and theme in English», II, Journal of Linguistics, 3, 1967, 199-244.

Hidalgo, V. (1991) Altuberen azterketan. (Lan argitaragabea, doktoretza tesian aurkeztua).

__, (1993) Hitzen ordena euskaraz. Euskal gramatikalarien testigantza: iritziak eta, praktika idatziak. (Lan argitaragabea, doktoretza tesian aurkeztua).

__, (1994a) «Euskal joskeraren mito kaltegarriak (I). Nola idatzi euskaraz modu arin, ulergarri eta aberats batean.» Hizpide, 35, 1996, 39-51.

__, (1994b) «Euskararen hitz ordena librea. Euskal joskeraren mito kaltegarriak (II)» Hizpide, 36, 1996, 21-27.

__, (1994c) «Aditza maiz euskaraz esaldi hasieran. Euskal joskeraren mito kaltegarriak (III)» Hizpide 37, 1996, 23-31.

__, (1994d) Hitz ordenaren estatistikak euskaraz. (Lan argitaragabea, doktoretza tesian aurkeztua).

__, (1994e) «Zenbait ohar R.P.G. de Rijk-en "Is basque an S.O.V. language?" lanaren inguruan». In Hitz ordenaren estatistikak euskaraz, lehen atala (Lan argitaragabea, doktoretza tesirako prestatua).

__, (1995) «Ohar estatistiko garrantzitsuak euskararen hitz ordenaren inguru. Euskara, SVO?». FLV, 70, 1995, 401-420.

__, (1996) «Hurbiltze bat euskal hitz ordenaren tradizioari». FLV, 71, 1996, 21-43.

__, J. Garzia (1997) «Hidalgo vs Altube». El Correo, Territorios, 10, 1997-XI-5.

__, J. Garzia (1998) «Ikastea pentsatzen euskaraz». In Administrazioa euskaraz, 19, 1998 Urtarrila, 19.

__, (1998) «Baina, zer da euskal joskera?». In Administrazioa euskaraz, 21, 1998ko uztaila, 18-9.

__, (1999a) «Hitzen ordena eta esaldiaren egitura informatiboa. Gogoeta historiko zenbaiten berri labur. Antzinatea». FLV 82, 1999, 431-457.

__, (1999b) «Axular euskal hitzen ordenaren historian». Lapurdum IV, Numéro Spécial 1, Les lettres basques au temps d'Axular (1600-1650). Euskal literatura Axularren aroan. Actes du colloque de Bayonne (12-13 avril 1999), 1999, 143-170.

__, (1999c) «Hitz ordenaren estatistikak euskaraz». Anuario del Seminario Julio de Urquijo, 1999-2, 393-451.

__, (2000a) «"Galdegai" bat baino gehiago erakutsi ohi duten esaldiez. Hitzen ordena esaldian: bereizi beharreko eztabaida arlo bi. Galdegaiaren inguruko ikuspegi berri bila (I)». Uztaro 33, 2000, 43-85.

__, (2000b) «Informazio unitate baten tamainako esaldi laburraren ordenamendu eta informazio-egituraren aukerak eta eraginak. Hitzen ordena esaldian: bereizi beharreko eztabaida arlo bi. Galdegaiaren inguruko ikuspegi berri bila (II)». Uztaro 34, 2000, 39-85.

__, (2000c) «Gogoetak' hitzen ordena eta esaldien egitura informatiboaz' prosodiaren laguntzaz. Begiratu bat nork bere buruaren aurkezpen esaldiei.». Lapurdum, V, 2000, 113-166.

__, (2002a) «Erlatibo hautsiak. Izen ardatzaren eskuin hedatzen diren erlatiboak euskaraz (I)». FLV 89, 27-80.

__, (2002b, bidalia) «-(e)n... erlatibo aposatuak. Izen ardatzaren eskuin hedatzen diren erlatiboak euskaraz (II)».

__, (2002c, prestatzen) «ZEIN erlatiboak. Izen ardatzaren eskuin hedatzen diren erlatiboak euskaraz (III)».

__, (2002d, prestatzen) «Izen multzo soilaren ondoretiko erlatiboak. Izen ardatzaren eskuin hedatzen diren erlatiboak euskaraz (IV)».

__, (2002e, prestatzen) «Izen ardatzaren eskuin hedatzen diren erlatiboak euskaraz. Ikuspegi orokorra (eta V)».

Kaltzakorta, M. (1997) «Definizioak ematen». In Administrazioa euskaraz, 16, 1997, 9.

Laver, J. (1970) «The production of speech». In. J. Lyons (ed.), New Horizons in Linguistics. Penguin, New York, 1970; Nuevos horizontes de la lingüística, Alianza, Madrid, 1975, 55-77.

Levelt, W.J. (1989) Speaking: From Intention to Articulation. Cambridge, Mass., MIT Press, 1989.

Medin, D.L.; Ross, B.H. (1997) Cognitive Psychology. Harcourt Brace Coll. Publ. (1st ed. 1992).

Meyer, A.S. (1996) «Lexical Access in Phrase and Sentence Production: results from Picture-Word Interference Experiments». Journal of memory and Language, 35, 1996, 477-496.

Mitxelena, L. (1953) Arnaut Oihenart. BRSVAP, 1953, 445-463 orr. Bereziki, 459-462 orr. (Orain Mitxelenaren Euskal Idazlan Guztiak -MEIG- bilduman.)

Mokoroa, J. (1990) Ortik eta hemendik. Repertorio de locuciones del habala popular vasca. Labayru, Etor, Eusko Jaurlaritza, 1990. (2 liburuki).

Rayner, K.; A. Pollatsek (1989) The Psychology of Reading. Prentice-Hall, New Jersey, 1989.

Singer, M. (1990) Psychologie of Language. An introduction to Sentence and Discourse Processes. L. Erlbaum Ass. Publishers, Hillsdale, New Jersey, 1990.

Sternberg, R.J. (1996) Cognitive Psychology. Harcourt Brace, Fort Worth ..., 1996.

Villasante, L. (1956) Comunicación del P. Villasante sobre la réplica del Sr. Altube al Sr. Michelena acerca de sintaxis vasca. - Estudios de sintaxis vasca., Euskera, 1956, 14-18 orr.

__, (1966) (Hitzaurrea). In Garoa (Txomin Agirre), EFA (berrargitalpena), 3-16 orr.

__, (1970) Sintaxis. In Hacia la Lengua Literaria Común. EFA, Serie Eleizalde (2. arg.), 89-93 orr.

__, (1974) Euskara idatziaren joskera. Euskal idazle zaharren gaitzestea XX. mendean. FLV, 1974, 325-342 orr.

__, (1975) Hitzaurre gisa. In Erderismos (S. Altube), Euskaltzaindia (berrargitalpena), V-XII orr.

__, (1976) Sintaxis de la oración compuesta. EFA. Serie Eleizalde. Bereziki, Orden entre la oración principal y la subordinada, eta Orden de colocación entre las subordinadas de un mismo período, 58-60 orr.

__, (1979) Historia de la literatura vasca (2. arg.). Aranzazu. (Autore desberdinen azalpenetan barreiatutako iruzkinak, bereziki Azkue, Altube eta XX mende honetako hegoaldekoen artean).

__, (1980) Sintaxis de la oración simple. EFA. Serie Eleizalde. Bereziki, Ordenación de los elementos en la frase vasca atala, 227-260 orr.

__, (1982) Sarrera. In Kredo edo sinhesten dut esplikatua (Lapeyre). Euskaltzaindia (berrargitalpena), 5-27 orr.

__, (1988) Hitzaurrea. In Latsibi (Azkue), Labayru (berragitalpena), IX-XIV orr.

__, (1988) Prosazko tradizio sendo bat osatu beharra. In Euskararen auziaz, EFA, Serie Eleizalde, 141-154 orr.

__, (1989) Aita Ubillos-en "Christau doctriñ berri-ecarlea". Liburu honen berezitasun batzuez oharrak, Euskera, XXXIV, 1989, 517-531 orr.

Zagar, D. (1992) «L'approche cognitive de la lecture: de l'accès au lexique au calcul syntaxique». In Fayol, M. (et al.), Psychologie cognitive de la lecture. PUF, 1992, Paris, 15-72.

Zubimendi J.R.; Esnal, P. (1993) «Joskera». In Idazkera-liburua, Eusko-Jaurlaritza, 1993, 133-235.


Oharrak

1. Artikuluaren oinarrian dago 2001eko azaroan Bilboko Hizkuntza Eskola Ofizialean EAEko HEOetako zenbait irakasleri emaniko hitzaldia hitzen ordenaren inguruan C. del Olmok itzulpengintzaz eskaini ikastaroaren barne.

2. 1993 aurretik ere badira nolanahi Azkue-Altuberen sistemaren kontrako ahots kualifikatuak (ik. bibliografian Mitxelena, Villasante eta Azurmendiren lanak), baina hauetan ez da idazketa proposamen positibo zehatzik egiten, eta ez dute arrakastarik berenganatzen XX.mende hondarrera arte, eta ezta ere orduan handirik.

3. 3. atalaren hasieran argitzen da gezi eta parentesion irakurketa.

4. Halliday (1967) da lehena intonazio unitate eta informazio unitateen arteko identifikazioa agerian postulatzen. Baina badira aurretik edo garai bertsuan ere beste zenbait lan psikolinguistikaren inguruan antzeko bideak jorratzen dituztenak (ik. Boomer, Dittman eta Llewellyn edota Laver-enak esateko).

5. Esaldien sortze eta ulertze (irakurtze) prozesu psikolinguistiko/kognitiboen inguruan ikus litezke: Clark & Clark 1977; Levelt 1989 (1995); Singer 1990; Gathercole & Baddeley 1994; Chafe 1994; Gernsbacher 1994; Clark 1996; eta berrikiago Baddeley 1999. Baita ere, Meyer 1996, edota Garrett-en lanak. Gaztelaniaz, maila batean, De Vega-Cuetos 1999. Psikologia kogntiboaren inguruan, berriz: Eysenk-Keane 1995; Sternberg 1996; Haberlandt 1997; Medin-Ross 1997. Irakurketaren ulertze eta deskodetze prozesuen inguruan: Coltheart 1987; Rayner & Pollatsek 1989; Balota (eta beste) 1990; Fayol (eta beste) 1992; edota Zagar 1992.

6. Hala, ezezko esaldietan osagai luzeak tartekatzen direnean aditz laguntzailea eta nagusiaren artean; erlatibo kanoniko luzeak ematen direnean eten ikaragarriak eraginez hauen buruekiko (nondik izen-ardatzaren eskuinetik hedaturiko erlatibo ez-kanonikoen maiztasuna ahozko eta idatzizko tradizioan —ik. Hidalgo 2002a-e—); mendeko esaldi luzeak ematen direnean aditzaz amaiturik (nondik hauek hautsita emateko joera euskal tradizioan —ik. I. eranskineko datuak—); eta, oro har, aditz nagusia batere atzeratzen den esaldi luzexketan, aditz hau delarik maiz aurreko esaldietako unibertso predikatiboarekiko lotura elementu nagusi(etako)a.

7. Ik. besteak beste, Kaltzakorta (1997) eta España (1998).

8. Gehienok onartuko genuke galderaren intonazio unitate bakarreko ahoskatze hau, nahiz zilegi izan litezkeen beste batzuk ere, kontrastiboak edo. Hala, bereziki itzulpena zer den galdetu nahi bada, eta ez, esateko, idazketa, eman liteke galdera bi intonazio unitatetan: [zer da(↓↑)] [itzulpena]; non, seguru asko, lehen unitatearen amaieran, goiko edo goranzko intonazioa aurkituko dugun da-ren amaieran, adieraziz, artean, predikazioa amaitu gabe dagoela (hori adierazi nahi izan dugu (↓↑) gezi bikoitzen bidez).

9. Bederen, berriro kontrastiboak edo ez diren testuinguruetan, aurreko oharrean jasotako bidetik.

10. Gaztelaniaz ere antzeko gauza bat gertatuko litzateke ¿Qué es la traducción? IU bakarreko galderaren ordez, bi unitateko (Pero) La traducción ¿qué es? galderarekin.

11. Atal hau garatuago ematen da Hidalgo (2000a)n —Uztaro 33—.

12. Eguraldi ona izen sintagma osoa markatu dugu IUaren gailurrean, nahiz hau izenean joango litzatekeen soilik. Gailurra adjektiboan emateak (aukera arrunta euskaraz) seguru asko eskatuko luke IU berri bat hastea adjektiboarekin, izena aurreko IU independente batean emanez: [eguraldi(↓↑)] [ona egiten badu].

13. Baita irakurtzen ari garenean ere. Frogatua baitirudi irakurtzean ere esaldiak intonatu-edo egiten ditugula garunean (zenbaitetan aho mugimenduak ere eginez), eta batez ere, irakurritakoa informazio unitateka sailkatu, balizko intonazio unitate optimo (baina aipatu bezala, inoiz ez luzeegi) batzuen luzeraren arabera.

14. Eta hori beti da adierazia unitate amaierako goiko edo beheko muga tonu berezien bidez, amaierako silabaren luzatzeaz, edota beti, intonazio unitate berriaren gailur prosodiko berria markatuz.

15. Hauek ere bere barne hierarkia prosodiko (beraz, predikatibo) jakina gordetzen dutelarik. Antzeko unitateei mintzagai hanpatu ere deitzen ohi zaie EGLU-I-Eranskinetik aurrera.

16. Lanera joango gara amarekin, baina bakarrik, eguraldi ona egiten badu joango gara, emanda bezalatsu.

17. Nahiz bere horretan ere osa lezakeen predikazio gunea, arruntki amaierako beheranzko intonazioz: [Lanera joango gara]. Kasuan bigarren IUak bigarren predikazio gunea osatuko luke. Esaldiak, berriro, bi "galdegai" edo izango lituzke, 4. atalean ikusten etorri garenekoen pare.

18. Are, maiz, aurreko IUaren gailur prosodikoaren intentsitate (energia) edo intonazio (f0, oinarrizko maiztasun) mailak erdietsiko ez baditu ere.

19. Nahiz halako segidak ere inoizka aurkitzen diren ahozko edo idatzizko jardun jator askoetan, baina kopuru estatistikoki baztergarrian. Halakoen intonazioak, uste dugu, bi IUtara eraman ohi duela hiztuna. Lehenengoa, soilik azpimarratu nahi den osagaiaz osatua; eta bigarrena, isilune nabarmen baten ondoren emana, nahiz eta prosodikoki artean lehenengoaren beheranzko isatsa besterik ez izan.

20. Denok horretara jarrita ez genituzke ehun urte beharko euskaldunak puntu honetan ere bere ahozko eta idatzizko tradizioarekin errekontziliatzeko. Baina badu lan gu desprogramatzeak, ehun urtez bestela ikasita.

21. Baita Bein da betiko narrazioan ere, nahiz hauek ez diren errespetatu EEEko 1986ko edizioan.

22. Gure hizkuntza (OA —Objektua-Aditza—) eta inguruko AO itxurakoen arteko desberdintasun oinarrizko honek, eman liezaguke baimena hizkuntza hauetan erabili beharrik ez duten zeinu bat erabiltzen hasteko. Mesedeek handiak dirudite. Aipatuez gain: izen sintagma konposatuen arteko gailur desberdintasunak bereizteko (Gizon ona etorri da gizon ona etorri da; Gizon' ona etorri da Gizon ona etorri da. // Tolosako frontoian izango dira partidak Tolosako frontoian ...; Tolosako' frontoian izango dira partidak Tolosako frontoian ...); edota erlatibozko aditzen eta lehen aldiko aditz arrunten arteko aldea bereizteko (Gurekin etorri zen gizona [Gurekin etorri zen gizona]; Gurekin etorri zen gizona' [Gurekin etorri zen gizona↓↑]); ...

23. Ordea, baizik, ere, ... itxurakoek; nahiz halakoak ere maiz eman ohi diren -ez ere lokailua- intonazio unitate beregainetan, lotu nahi duten osagaiaren aurretik, bereziki, hauek batere luzeak diren orduko.

24. Nahiz halakoak maiz entzuten ditugun gaur egun, gaztelaniaren eragin zuzenagatik seguru asko, hegoaldeko gazteen artean, batez ere inguru ez euskaldunegietan. Horrek ez du esanahi, nolanahi, aditz trinkoak aurkitu ezin litezkeenik buruzuri zeinahi garaitako euskaraz esaldien hasieran ere. Daturen bat aipatzen da I. eranskinean.

25. Era berean, Azkue-Altuberen joskera lege garrantzitsua da, guk denok ongi bezain kaltegarriki ikasia geroztiko gramatiketan, mendeko esaldia beti aditzak amaituko duela (egin ahal izateko aditza amaieran). Lege hau ere, ordea, galdegaiarena bezain apokrifo eta asmakizun da, eta hainbat eta kaltegarriagoa zenbat eta esaldi luzeagoan erabat artifizialki zailtzen duelako hauen ulergarritasuna. Hauei buruzko zenbait datu I. eranskinean.

26. Sarrera kriptikoa Sarasolaren Euskal Hiztegia-ren 1. argitalpenari (orduan Hauta-lanerako Euskal Hiztegia).

27. Aditza ez atzeratzearen teknika, ez da soilik esaldi nagusietako fenomenoa, mendeko esaldi hautsi honetan sumatu litekeen bezala. Hurrengo lerroetan ere badira halako gehiago.

28. Testua, hala ere, ez da batere erraza, eta ondoriozta liteke ordenamendua ez dela argitasunaren giltza bakarra.

29. Datu hauen ikuspegi zabalagoa ematen da Hidalgo (1999d)n, eta areago (1994d)ko tesi argitaratugabean.

30. Idazle klasikoek batez beste %18,6. Axularrek, %39,4. Mogelek %10,6. Eta Agirrek %3,8.

31. Idazleek batez beste %18,1. Axularrek %6,9. Mogelek %32,8 (%5 aditz trinko). Agirrek %27,2.

32. Euskara estatistikoki ere ez da SOA hizkuntza, SAO baino (ik. Hidalgo, 1995).

33. Idazleen batez bestekoa %73,7koa da. Axularrek %81,9. Mogelek %83,3. Agirrek %84,7.

34. Idazleen batez bestekoa %12,9koa da. Axularrek %4,3 baino ez. Mogelek %5,9. Agirrek %3,8.

35. Idazleek, batez beste, %72 aurreratzen dute aditza. Axularrek %56. Mogelek %85,3. J.B. Agirrek %93. Atzeratu, berriz, idazleek, batez beste, %28. Axularrek %44. Mogelek %14,7. J.B. Agirrek %7.

36. Erlatiboei buruzko datuetarako jo Hidalgo (2002a-e)ra.