Aurkezpena
Zereginez beterik etorri zaigu aurtengoa Senez aldizkarian eta, oro har, EIZIEn. Europako Literatur Itzultzaileen Elkarteen Kontseiluak (CEATL) udazkenean Donostian bilera egin zuelarik, Senezen zenbaki berezia kaleratu genuen (24. zenbakia, hain zuzen) urrian, aldizkaria 1984an sortu zenez geroztik argitaratu izan diren artikuluen bilduma egin eta frantsesez edo ingelesez itzulita. Euskal itzulpengintzaren ikuspegi osoa eman nahi izan genuen ale berezi horretan, eta ahaleginak ustez emaitza egokia izan zuen.
Aurtengo ale arrunt hau, berriz, ohiko bidetik dator. Lehenik, itzulpenari eman nahi izan diogu lekua, aurreko urteetan egin izan dugun legez. A. Barquinek, G. Markuletak, I. Zalduak eta I. Zurutuzak «ipuin hiperlaburren» antologia moduko bat dakarkigute, zinez ederra, 22 ipuinez osatua, eta sarrera argigarri batez lagundua. Ipuina literatur generoa den aldetik ikusteko era berezia da, inondik ere, ipuin hiperlaburrena. Erdaretatik euskaratutako ipuinen ostean, euskaraz genero horren erakusgarri diren bi aleren itzulpena dator gazteleraz.
Itzulpena eta ordenagailua, horrela izenda genezake segidan diren bi artikuluen arteko ardatza. Lehenengoan, EHUn Donostiako Informatika Fakultatean sortutako IXA Taldeko A. Diaz de Ilarrazak, A. Mayorrek eta K. Sarasolak itzulpenaren automatizazioaren alderdi zehatz batean egindako lana azaltzen digute: adibideetan oinarritutako itzulpen automatikoa. Informatikariak diren aldetik, itzulpengintzaren ikuspen berezia dute, ez agian itzultzaileok bezain linguistikoa, noski, baina bai adierazgarria eta jakingarria guretzat. Biziki eskertzen diegu, gainera, artikulua idazterakoan jende ororen ulermenera egokitzeko egin duten ahalegina. Bestelakoa da, artez eta moldez, Karlos del Olmoren ekarpena: itzultzailearen ikuspegi estuan, itzulpen memoria sistema jakin bat (Wordfast) zertan izan daitekeen lagungarri azaltzera datorkigu. Didaktismoz beteriko hitzak dira bereak, itzulpen memoria tresnetan oraindik ausartu gabeko itzultzailearen zalantzak argitu eta kezkak uxatzeko aski baliagarri izan daitekeena.
Itzulpenaren automatizazio arazoak albo batera utzi, eta gramatika nahiz sintaxiaren eremuetan hurbiltzen dira segidan diren bi artikulu mamitsuak. Batetik, A. Bengoetxeak izen koordinazioan deklinabide markak sortzen dituen buruhausteen inguruan azalpen jori bezain ongi dokumentatua dakarkigu, gure literatura klasikoaren oinarriak ederki arakaturik. B. Hidalgo, bestetik, amaigabeko auzi batean argi pixka bat egitera ausartu da: hitzen ordena esaldian. Ur handitan murgilarazten gaitu auziak, zalantza gabe, baina itzultzailearen betaurrekoz aztertzen denean, Hidalgok egin duen bezala, eguneroko jokabiderako ikasgaiak atera ezinik ez dagoela ohartzen gara.
Amaitzeko, estereotipo eta aurreiritzi asko apurtzen dituen itzultzaile bat hartu dugu oraingoan solaserako: Bego Montorio. Bere gaztean, ibilbide profesional aski berezia egindakoa, itzultzailearen lanbidea luze-zabalean eta sakonean ongi ezagutzen duena, eta gaur egungo euskal itzulpengintza hobeki ulertzeko gako ugari ematen dituena. Harekin izan dugun elkarrizketa, itzultzaile zentzudunak bazter utzi behar ez lukeen irakurgai horietakoa dela esatera ausartuko ginateke.