Aurkezpena
Ohi ez bezala datorkizu, irakurle, Senez aldizkariaren zenbaki hau, zenbaki berezia baita alde guztietatik. Batetik, uzta zaharreko aleak bildu ditugu orriotara, gure aldizkarian joan den hamar-hamabi urteotan argitaratutakoak. Bestetik, frantsesera edo ingelesera itzulirik ageri dira artikuluok.
Bide luzea egina du Senez aldizkariak 1984an lehen alea kaleratu zuenetik, euskal itzulpengintzaren oinarri teorikoak sendotzen eta jardun pragmatikoa azterketa bidez onbideratu nahirik. Orain arteko hogei zenbaki eta gehiagotan, esan daiteke gure aldizkarian euskal itzulpengintza modernoaren kronika bat jasota dagoela, gure langintzaren garabideei, itzulpen esparruen zabalkundeari eta hizkuntza lanabesen eguneratzeari gagozkielarik. Luze eta zabal idatzi izan da orriotan, euskal itzulpengintzaren zoko-bazter guztiez, baina egia aitortzekotan, maizago saiatu izan gara erdal itzultzaileen ekarria geureganatzen, geure baratzekoak besterenganatzen baino.
Oraingoan, aldiz, saiakera alderantzizko norabidera nahi genuke eraman: euskararik ez dakienari, eta geure kultur esparrua hurbiletik ezagutzen ez duenari, euskal itzulpengintza zertan den aditzera eman nahi dio Senez aldizkariaren zenbaki berezi honek.
Aspaldi generabilen asmoa buruan, egokiera batek hartaratzera behartu gaitu, nolabait esateko: Europako Literatur Itzultzaileen Elkarteen Kontseiluak (CEATL) urteko batzar nagusia Donostian 2002ko urriaren 2tik 5era bitartean egitearekin bat argitaratu nahi izan dugu kanpora begira egina dagoen Senez aldizkariaren zenbaki berezi hau.
Artikulu guztiak aurrez gurean argitaratuak dira, eta halabeharrezko zuzenketa edo egokitzapen soilez gain, jatorrizko bertsioa izan da, oro har, hemen argitaratzen dugun itzulpenaren oinarri. Kasu bakarrean, A. Lertxundiren "Felix qui potuit rerum cognoscere causas" artikuluarenean alegia, geroztik beste liburu batean plazaratutako bertsioa hobetsi dugu, egileak berak hala eskatuta.
Hautapen bat den heinean, orotarik aurkituko duzu, irakurle, orriotan. Euskal itzulpengintzaren alderdi nagusien berri eman nahirik, baina, hari batez josi nahi izan ditugu artikuluok: X. Mendigurenen ikuspen orokor eta ongi jantziaren jarraian, azken urteotan hain jori gertatu zaigun literatur itzulpengintzari buruzko atala osatzen dute J. Zabaleta, G. Egia eta A. Lertxundiren artikuluek. Bigarren atalak (J. Garzia eta K. Biguri) bestearen edo arrotzaren kontzeptua aztertzen du. Segidan, kultura unibertsaleko altxorraren gainean euskal itzulpengintzak egindako ekarpena aztertzen dute X. Mendigurenek, J, Zabaletak eta M. Lopez Gasenik. Herri erakundeetan eta lege esparruan egindako lana jasotzen da laugarren ataleko bi artikuluetan (L. Auzmendi eta J. Barambones). Azkenik, J. Zabaletaren bi artikulu zorrotzek ixten dute bosgarren atala, itzulpengintzaren albo baldintzapen eta eraginen gainekoa.
Hamahiru artikulu, beraz, XXI. mendearen hastapenean euskal itzulpengintzak dituen oinarriak eta etorkizuneko eginbeharrak zein diren argitzen lagungarri.
Artikuluen hautapenean itzulpengintzaren eremu guztiak hartu nahi izan ditugun bezala, frantsesaren eta ingelesaren arteko oreka gordetzen ere saiatu gara. Artikulu bakoitza laguntzen duen laburpenak, uste dugu horretan laguntzen duela. Bide batez, itzultzaile izan diren Edurne Alegriari eta Ekaitz Bergaretxeri (frantsesera), eta Mikel Morris-i (ingelesera) egindako lana eskertu nahi diegu.