Jatorrizkoa aldatu... noraino?
Artikulua PDFn
Nicholas de Lange: Gaur egungo fikzioa itzultzen dut, hebreeratik. «Nire» autoreak bizirik daude; beraz, premia izanez gero haiekin hitz egitea badaukat. Egia esan, haiekin elkarlan oso estuan aritzeko joera dut. Amos Oz da itzuli dudan idazle ezagunena, nik esango nuke bion bizitza profesionalak nahiko interaktiboak izan direla. Hark bere bigarren eleberria eta istorio laburren bilduma bat argitaratu berria zuenean hasi ginen elkarlanean. Bi haiek itzuli nituen, eta ondoren, haren eleberriak Israelen argitaratu bezain laster itzultzen hasi nintzen. Eskuarki, hebreeraz argitaratu baino lehen hasten ginen lanean, artean gogoan zeuzkan bitartean. Luze ematen genuen elkarrekin lanean. Hebreera oso hizkuntza zaharra da, ingelesa baino zaharragoa, eta beste familia linguistiko batekoa. Beste aldetik, Israel herrialdea herrialde ingelesdunen familia berekoa da; beraz, pentsaera eta eguneroko bizitza ezagunak egiten zaizkigu. Ez duzu gauza asko esplikatu behar, hizkuntza erabat arrotzetik itzultzean gerta daitekeen bezala.
Ros Schwartz: Nik frantsesetik itzultzen dut, batez ere bizirik dauden autoreak, eta horietako asko ez dira horren ezagunak edo haien lehen eleberria da. Zailtasun batzuk ere topatu izan ditut, sumatzen dut autore horiek ez dutela beren editorearekin elkarlan esturik izan, eta jatorrizkoan dauden zenbait koska leundu egin zitezkeela. Eta nire ustez koska horiek areagotu egin daitezke itzulpen prozesuan.
Nik gutxitan itzuli dut autore beraren liburu bat baino gehiago. Batzuetan autoreek ez dute itzultzailearekin batera lan egin nahi izaten, harrotasun kontua, nonbait, arroparik gabe ikusten dituzula usteko balute bezala, eta ahul samar ikusten dute beren burua. Hori niri behintzat gertatu zait autore batekin. Ez didate asko lagundu nahi izan galderak egin dizkiedanean, kritika inplizitu gisa ikusten dutelako. Nolanahi ere, eztabaida fikziora mugatzea proposatuko nuke, zeren saiakerek-eta bestelako arazo batzuk sortzen dituzte.
NdL: Poesiaz ere ez gara mintzatuko, horrek beste auzi batzuk sortzen baititu. Hala ere, poesia itzultzean topatutako arazo asko fikzioa itzultzean ere topatzen dituzu: giro bat sortu behar duzu, emozio bat bideratu, irakurleari sentipen jakin batzuk biziarazi. Ni sinetsita nago orri batean dauden hitzak baino askoz gehiago dela prosa. Itzultzaileak ikasi egin behar du irakurleari barrea edo negarra eragiten, edo emozio jakin bat sentiarazten; alderdi hori dauka prosak komun poesiarekin. Eta poesiaz hitz egitera etorri ez garen arren, oso garrantzitsua da.
RS: Bai, nire ustez interesgarria da prosaren eta poesiaren artean lotura hori egitea. Niretzat, poesia itzultzea itzultzaile baten artearen destilazioa da: prosan bezalaxe egiten duzu, baina marko askoz estuago batean. Uste dut komeni dela lotura hori azpimarratzea, zenbaitek banandu egiten baitituzte bi jarduera horiek.
Nik itzultze prozesuari «ahots bat aurkitzea» esaten diot; prozesu horretan une bat iristen zait, neure buruaz oso seguru sentitzen naizena: badakit giroak nolakoa izan behar duen, pertsonaiek zer esan behar duten eta hizkuntz erregistroak zein izan behar duen. Batzuetan kostatu egiten zait maila horretara iristea. Eskuarki, noraezean-edo ibiltzen naiz liburuaren lehen erdian. Baina orduan zerbait abiarazten da, dena bere lekuan jartzen da eta zer egin behar dudan jakiten dut.
Hona nola egiten dudan lan: lehenik eta behin, liburua irakurri eta neureganatzen saiatzen naiz, erabiliko dudan hizkuntzaz, topatuko ditudan arazoez eta begirik kendu behar ez diedan gauzez ideia bat egiteko. Kezka horiek guztiak buruko bazter batean dauzkat gordeta. Ez diot pentsatzeari uzten igerilekuan berrogei luze egiten ari naizen bitartean, edo afaria prestatzen ari naizela. Orduan bete-betean sartzen naiz, eta lehen bertsioari ekiten diot. Lehen bertsioa lehenbailehen bukatzen saiatzen naiz —azkar lan egiteko joera dut—, eta albo batera uzten ditut arazoak. Une horretan ez dut erabaki tinkorik hartzen. Zati zail batera iristen naizenean, batzuetan frantsesez idazten dut, eta segidan lau alternatiba, edo ohar bat idazten dut sakonago aztertu behar dudala dioena. Baina abailan aritzen naiz, neure buruari egunero orri kopuru jakin bat itzuli beharra ezartzen diot, eta nahitaezkoa zait egitura hori, egunero neure bost orri, hamar orri edo dena delako orri kopurua egin behar dut.
Lehen bertsioa burututa dagoenean, inprimatu egiten dut, eta orraztu. Une horretan jatorrizkoa oraindik alboan daukat, eta bi testuak konparatzen ditut, ezer ahaztu ez zaidala eta itzulpenak jatorrizkoak dioena dioela segurtatzeko. Eta oraindik konpondu gabe dauden zalantzen kasuan, jatorrizkora itzultzen naiz, zerbaitek ihes ote didan jakiteko. Testua zuzendu eta berriro inprimatzen dut. Eta orduan testu osoa irakurtzen dut jatorriz ingelesezkoa balitz bezala, bermatu nahi dudalako dena hor dagoela eta itzulpen zintzoa dela, frantsesezko testuak zioena gutxi gorabehera hor dagoela. Eta orduan iristen naiz «ahots bat aurkitzea» esaten diodan fasera: testuak eutsi egin behar dio, ingelesez idatzia balitz bezalaxe, funtzionatu egin behar du, giroa egokia izan behar du. Fase horretan aldaketa errotiko eta ausartak egiten ditut, orain askoz konfiantza gehiago dudalako, neure testua iruditzen zaidalako. Gero berriz inprimatu eta beste irakurketa bat egiten dut agian, testu koherentea dela segurtatzeko. Proben garaian maiz egiten ditut aldaketa xumeak, gehiegizko hitzak murriztu edo akatsen bat zuzentzeko. Gutxi izaten da, baina itzulpena liburu formatuan inprimatuta ikusten dudanean hobeto ohartzen naiz xehetasun txikiez.
Nire ikuspuntu orokorrean, itzultzailea lehenengo eta behin irakurlea dela uste dut, eta ematen duena liburu horren bere irakurketa dela; ez dago itzulpen zuzen objektibo bakar bat: irakurle bat zara, beste edozein irakurle ez bezalakoa, eta munduari ematen diozuna autore horren zure irakurketa da. Eta hori onartu egin behar duzu. Zure erabakiak subjektiboak izango dira, zure hiztegia hiztegi pertsonala da, hitz horiek zeure baitako bazterretatik ateratzen dituzu. Eta lana ahal bezain txukun egiten saiatzen zara, autorearen hizkera, giroak eta abar islatzeko orduan, baina azken finean liburu baten zure irakurketa da. Ez du zertan bakarra edo onena izanik: zeure irakurketa da, eta itzultzaile batek ezin du hori baino gehiago egin.
NdL: Nik ere oso antzera egiten dut lan. Deskribatu duzuna zoragarria iruditu zait, ez baititut inoiz nire lanaren faseak aztertu. Itzultzen hasi nintzenean zorte handia izan nuen; ez nintzen inongo itzultzaile eskolatara joan, nire eskola autore batekin lan egitea izan zen, Amos Ozekin hain zuzen, autore gaztea eta arrakasta izaten hasia, baina ingelesa menderatzen ez zuena. Istorio bat idatzi berria zen, eta elkarrekin lan egiteko gai izango ote ginen jakiteko esperimentu bat egin genuen: istorioa ozen irakurri zidan, eta nik entzun egin nuen, oharrik idatzi gabe. Kontu egin garai hartan ez nuela hebreera modernoaren ezagutza handirik, eta esaten zituen zenbait gauza ez nituen ulertzen, baina arreta berezia jarri nien hitzen soinuari, musikari. Gero testua etxera eraman nuen, ezagutzen ez nituen hitzak hiztegian begiratu, zenbait lagunekin kontsultak egin eta lehen bertsioa egin nuen. Ondoren autoreari irakurri nion, eta orduan berak ez zuen dena ulertzen. Izan ere, istorioa Erdi Aroan gertatzen zen, hiztegi espezializatua zuen eta estiloa Erdi Aroko kroniketakoa zen: kronika hebrearrena harentzat, eta niretzat latinez idatzitakoak eta zalduntza istorioak, hala nola Mallory-renak. Literatur erreferentzia haietaz jardun genuen puska batean. Baina nik uste biok hitzen musikari erreparatzen geniola. Beraz, gauza asko gertatu ziren orri idatzitik kanpo, ahotsean. Eta sinetsita nago lehen esperientzia hark, berariazkoa izan ez bazen ere, eragin handia izan zuela nigan. Eta nik gogoan hartu nuen hura, beti hartzen dut kontuan soinua, doinua. Ahal dudan bakoitzean ozen irakurtzen ditut neure itzulpenak, hitzen doinua oso garrantzitsua delako.
Baina bai, deskribatu dituzun fase horiek berdinak dira nire lanean. Ez dakit itzultzaile guztiek berdin lan egiten ote duten: aurrena jatorrizko hizkuntzatik hurbilago dagoen testua sortzen duzu, baina amaieran testu autonomoa duzu esku artean, jatorrizko hizkuntzarekin zerikusirik ez duena. Horrek ez du esan nahi itzultzaileak batzuetan kutsu exotiko apur bat gorde ezin duenik helburu jakin bat iristeko.
Nik esaldiekin egiten dut lan, hitzekin baino areago. Norbaitek esaten badit ea nola itzuli dudan hitz bat edo beste, beti esaten dut nik ez dudala hitz hori itzuli, hitzek testuinguru batean bakarrik dutela esanahia, eta hitz askok askotariko esanahiak izan ditzaketela, esaldi batean nolako erabilera duten. Areago, esaldia paragrafo batean dago, paragrafoa atal batean, eta atala liburu batean: dena lotuta dago. Beraz, ez ditut hitzak itzultzen, testu bat baizik. Irakurlearen esperientzia liburuko pertsonaien esperientziatik oso urrun dagoenean sortzen da arazoa. Baina gorroto diet oharrei. Jatorrizkoan daudenean soilik idazten ditut. Niretzat, dena dago testuan, eta testuan nire irakurle idealarentzat ezezaguna den zerbait agertzen bada, orduan esplikazioren bat ematen dut.
RS: Nik ere ozen irakurtzen dut testua, batez ere pasarte gatazkatsuak. Zaila da eleberri oso bat ozen irakurtzea, baina beti irakurtzen diot lehen atala beste norbaiti, eta nola irakurtzen ari naizen entzunda, gehienetan jakiten dut ea funtzionatzen duen edo ez. Musika, ahotsa... belarriak garrantzi handia du gure lanbidean, eta nire ustez itzultzaileak espirituari gorde behar dio fideltasuna, letrari baino gehiago. Ez dituzu hitz guztiak hiztegiaren arabera itzultzen; autorearen asmoa jakinarazten saiatzen zara. Hona frantsesetik itzultzean sarri topatzen duzun arazo bat, hots, vous eta tu nola itzuli, garrantzi handia baitu tratamenduak pertsonen arteko harremanak definitzeko eta harremanetan gerta daitezkeen aldaketak markatzeko. Norbait vous forma erabiltzen ari bada eta bat-batean tu formara pasatzen bada, horrek frantses batentzat halako intimitate tonu bat adierazten du, ongi edo gaizki hartua izan daitekeena; edo erdeinua. Ingelesezko you hori ez da aski hori adierazteko, batez ere harremanean aldaketa bat adierazten badu. Eta aldaketa hori beste nolabait adierazi behar duzu.
NdL: Zer egiten duzu halakoetan?
RS: Jacqueline Harpman-en Orlanda liburuan pasarte bat dago gizon gazte baten eta emakume adinduago baten artean, betiere vous forman, zuka, alegia. Halako batean, emakumea tu erabiltzen hasten da, eta gaztea asaldatu egiten da konfiantza gehiegizko horien aurrean. Hori ingelesez emateko, emakumea makurtu eta eskua gaztearen belaunean jartzen duela esan dut. Zergatik? Keinu hori gehiegizko konfiantzaren baliokidea delako. Ingelesek harreman fisikoari ihes egiten diote, eta zurekin distantziak markatzen ari den norbaitek bat-batean eskua belaunean jartzen badizu, lotsagabe jarduten ari da, frantsesez hika hasiko balitz bezala. Orduan, norbaitek liburua hartu eta pasarte horren jatorrizkoa eta itzulpena erkatuko balitu, itzultzailea zertan ari den hasiko litzateke, jatorrizkoan eskua belaunean jartzen dionik ez baita esaten. Baina nire ustez guztiz egokia zen, harreman batean halako aldaketa bat adierazten zuen neurrian.
NdL: Izan ere, fideltasunaz ari gara, baina hitzekiko fideltasunetik haratago joan behar dugu. Zuk hitz bat keinu batez itzuli duzu, eta ausarkeria, are traizioa ere irudi lezake, baina horixe da fideltasuna: autorearen asmoa errespetatzea, eta orrian dauden hitzekiko fideltasuna ez gordetzeko ausardia izatea. Argi dago ezin zenuela ohar bat idatzi une jakin horretan hika hasi zaiola esateko.
RS: Eleberri batean ezin da oin oharrik egin. Nik batzuetan glosategi bat biltzen dut. Esate baterako, itzuli nuen aljeriar idazle baten eleberrian autoreak arabierazko hitzak erabiltzen zituen. Haietako batzuk ezagunak izango ziren frantziar irakurlearentzat, Frantziaren eta Aljeriaren arteko harremana dela eta, baina guztiz ulertezinak lirateke ingelesezko testuaren irakurlearentzat. Autoreak haiek erabiltzea erabaki zuen, ordea, testuari halako ukitu berezi bat ematen ziotelako, baina nik ezin nituen hitz haiek besterik gabe ingeleseratu. Orduan, arabierazko hitzak bere horretan utzi nituen, eta glosategi bat gaineratu. Nire ustez, guztiz bidezkoa da. Eta jakina, editorearekin borrokatu behar izan nuen, hark gauzak erraztea nahi baitzuen.
NdL: Editoreez ari zarela, galdera bat egin nahi nizun: esan duzunez, zure autore horrek ez zuen harreman nahikorik izan bere editorearekin, antza denez. Argi baitago editoreak funtzio garrantzitsu bat bete behar duela, zeren eta idazle horrek editore on bat izan balu, hark ez zukeen testua bere horretan argitaratuko. Beraz, editorearen funtzio garrantzitsu bat autorearen eta testuaren arteko bitartekaria izatea da, eta itzultzaileen kasuan ere hala da, ezta? Orduan, zer? Editoreak zer dira, santuak ala demonioak?
RS: Nire ustez, editore on bat... benetako santua da. Sinetsita nago itzultzen ikasi dudan guztia fase batean edo bestean editore onekin lan egin izanari zor diodala. Editore onak funtsezko gauzetan bakarrik sartzen du eskua: ez ditu gauzak aldatzen hitz egokiren bat aurki dezakeela uste duelako; puntu eztabaidagarriak aurkitzen ditu, galderak egiten dizkizu, inkoherentziak erakusten dizkizu eta zurekin dago etengabe. Eta halako editore bat topatzen duzunean, balio handiko zerbait topatu duzu. Baina halako editore gero eta gutxiago daude, neurri batean denboraren presioagatik. Uste dut argitaletxeetan gauza asko ez dituztela taxuz irakurtzen. Ni harrituta geratu izan naiz proba maketatuak bidali dizkidatenean akatsak zeudelako, editore batek hauteman egin behar zituen akatsak. Editore txarrek testuak gogoak ematen dien bezala aldatzen dituzte.
NdL: Zuri ezer kontsultatu gabe, gainera.
RS: Adibide zehatz bat jarriko dut, jatorrizko bertsioan behar bezala orraztua izan balitz asko irabaziko zukeen testu batena. Idazle algeriar horren eleberri berean, atal baten hasieran badago halako paragrafo bat, paragrafo laburra baina zazpi metafora desberdin elkarren gainean pilatzen direna. Iruditzen zitzaidan frantsesez ez zuela oso ongi funtzionatzen, eta ingelesez are okerrago. Autore horrek zentzumenen mundua deskribatzeko irudi abstraktuak erabiltzeko joera du, eta horren ondorioz bere prosa poesiaren esparruan sartzen da batzuetan. Halako zazpi irudi zazpi esalditan, bata bestearen gainean, ilunabarraren etorrera deskribatzeko miragarria geratzen da frantsesez irakurtzen baduzu, musikagatik, poesiagatik; baina horrek zer esan nahi ote duen pentsatzen hasten zarenean, hondamendia da. Hala ere, nire erreakzioa anglosaxoi tipiko batena izan zitekeelakoan, idazle frantses bati eskatu nion testuaz bere iritzia emateko. Eta haren ustetan frantsesez ere ez zuen funtzionatzen, metafora gehiegi nahasten zirelako. Eta gisa horretako egoeretan uste dut baliagarria izango zela editoreak autorearekin hitz egitea, pasarte hori gehiago lantzeko edo irudi poetikoak murrizteko.
NdL: Horra arazoaren muina: itzultzen ari zarenean, testu ideal bat ari zara itzultzen, orrian agertzen ez dena. Eta zuk honako hau diozu: jatorrizko hitzei erreparatu diet, baina horiek ez dira orri zurian jarri eta irakurle ingelesari irakurtzeko eman nahi dizkiodanak; ez nuen nahi irakurleak esaldi korapilatsuekin borrokan aritzea, eta hobetu egin dut. Izan ere, ez zenuen nahi norbaitek zure itzulpena hartu eta zaborra dela esatea. Ez horixe, irakurleak gure testua zoragarria dela pentsatzea nahi dugu.
Prozesuaren erdi-erdian gaude hor, eta konplexua da berez: zeure buruarenganako errespetua, irakurlearenganako erantzukizuna eta jatorrizkoarekiko fideltasuna daude hor tartean. Izan ere, editoreek ez dute beti ulertzen irakurtzen dutena, baina itzultzaileoi ere gertatzen zaigu. Batzuetan gerta dakiguke testu bat irakurtzen ari garelarik autorearen zenbait aukeraren zergatiak ez ulertzea. Arrazoiren bat egon liteke horretarako, guk harrapatzen ez duguna. Eta esaten dugu: nik honela egingo nukeen, esaldiak laburtu, bestelako hitz hauek erabili, eta abar. Beraz, editorearen lekuan ari gara jartzen. Eta zer gertatzen da hori egiten dugunean? Zilegia al da? Onuragarria al da? Eta norentzat? Irakurlearentzat? Itzultzailearentzat? Autorearentzat? Ez dugu ahaztu behar itzultzen ditugun autoreak ez direla nahitaez oso ezagunak ingelesez, eta guk irakurleek haiei tankera ona hartzea nahi dugu, autore beraren beste zerbait irakurtzera bultzatu nahi ditugu. Beraz, itzultzaileak bere ospe onari ere erreparatu behar dio.
Guk nahi genuke jendeak gutaz ere, itzultzaileez, pentsatzea, baina ez dugu nabarmendu nahi, itzultzaile trebetzat jo gaitzaten nahi dugu, besterik ez: geure buruarenganako erantzukizuna da hori, baina irakurlearenganako erantzukizuna ere badugu, hark gure itzulpenarekin ongi pasatzea nahi dugulako. Irakurketa leuna eskaini nahi izaten diogu, ez gorabeherez jositakoa. Eta beldur naiz ingelesezko editoreek, eta sarri askotan kritikariek ere, ez ote dieten pasarte gorabeheratsuei gehiegi erreparatzen. Maiz irakurri dugu jatorriko hizkuntza ezagutzen ez duen eta jatorrizko testua ikusi ez duen norbaiten kritika bat, «oso erraz irakurtzen da» dioena. Nik susmo txarrak izaten ditut hori irakurtzen dudan bakoitzean, uste dudalako itzultzaileek sarritan amore ematen dutela testua leuntzeko presio kontziente edo inkontzienteen aurrean. Editoreek beti nahi dute hori: gauzak leundu nahi dituzte, liburu zailak ez dituzte gogoko.
RS: Testua errazten dute, jende gehiagorengana iristeko.
NdL: Gauza bat da erraztea, adibidez, gauzak moztuz, baina maila estilistikoan eskua sartzea gauza zeharo bestelakoa da. Editoreek ez dute bitxikeriarik nahi itzulpen batean. Autorea ingelesa bada, preziatu ere egiten da bitxikeria, baina uste dut tolerantzia hori askoz txikiagoa dela itzulpen baten aurrean; itzulitako testua askoz errazago irakurri behar da, ez zaitu nahasi behar. Eta hortxe dago arriskua, ustekabean itzultzailea fideltasunik ezerantz lerra baitaiteke, munduko asmo onenarekin, noski. Baina halako esku hartzea ez da zilegia. Gainera, Erresuma Batuan itzulitako literatura gutxi argitaratzeak ez ditu gauzak errazten. Izan ere, Europa barruan, gurera literatura gutxien itzultzen den herrialdea gara.
RS: Irakurle britainiarra ez da itzulpenez fidatzen, eta horrek urduri jartzen gaitu. Beldur gara kritika ez ote zaigun oldartuko formulazio ohiz kanpoko baten aurrean, itzultzailearen okerra dela esanez. Eta horretan guk ere badugu erantzukizun parte bat, ez dugulako geure lanaz, itzulpen prozesuez edo etikaz hitz egiten; espero izaten dugu testua gardena izatea eta irakurleek ulertzea zergatik ebaki dugun alde batera edo bestera. Eta zailegiak direlakoan kritikak jasotzen dituzten itzulpen batzuetan agian itzultzaileak ikuspuntu berezi bat hartu du ardatz. Batek daki, beharbada jatorrizkoa izugarri bitxi, exotiko edo malkartsua zen. Baina inork ez dio bere buruari galdera hori egiten. Arazoaz jabetzen naiz, eta saiatzen naiz berridazteko tentazioaren aurrean ez amore ematen. Adibidez, atalaren hasieran zeuden metafora pilo haren kasuan, autoreak zer adierazi nahi zuen aurkitzen saiatu nintzen: argi zegoen atal haren hasieran efektu poetikoa, musikala lortu nahi zuela, halako giro magikoa, gero atalean agertzen diren izugarrikeriei kontrajartzeko. Maiz egiten du hori. Nik azkenean lehentasuna eman nien soinuari eta musikari. Irudiak gogoan nituen, baina arreta handia eman nion jarioari, irakurleak haria gal ez zezan, trabatu ez zedin. Gauza batzuk aldatu nituen, ingelesezko testuak ez du zehazki esaten jatorrizkoak zioena, baina lortutako efektua berdina izatea espero dut.
NdL: Hori autorearekin hitz eginez konpon daiteke: esplikatu dakioke irakurle frantsesek beste era batean erreakzionatuko luketela, baina ingelesez ez dela efektu bera lortzen. Iradokipenen bat egitea ere badago: apur bat moztu hemen, edo bizpahiru metafora kendu... horrelako zerbait. Negoziazio prozesu bat da. Eta oso lagungarria deritzot, itzultzailea nolabait jatorrizko autorearen eta xede hizkuntzako irakurleen arteko bitartekaria baita. Autorearekin kontsultatuz eta hari arazoak azalduz gauzak aurrera eramatea lortzen baduzu, hori aparta da, baina luxu bat bada.
RS: Autorearekin elkarlan estuan jardutea ideala da, ahal bada. Niri gutxitan gertatu zait. Batzuetan editoreek gauzak kenduz konpontzen dituzte arazoak. Autore bat itzuli dut nik testuan zehar erreferentzia funsgabeak sakabanatzen zituena, irakurtzeko orduan traba egiten zutenak. Erreferentziak nahiko ilunak suertatzen ziren irakurle frantses batentzat, baina guztiz ulertezinak irakurle ingeles gehienentzat. Nik itzuli egin nituen, baina editoreari ohar bat idatzi nion arazoa azalduz. Eta hark besterik gabe kendu egin zituen haietako batzuk, esanez ez zirela erabilgarriak, autoreak bere kultur maila nabarmentzeko idatzi zituela eta ez zuela ingelesez funtzionatuko.
NdL: Horra editorea bere lana egiten. Ongi dago, itzultzailea ere nolabait kontuan hartzen delako. Bere lana taxuz egiten duen editoreak itzultzailearekin kontsultatu behar du. Baina hainbat argitaletxe ezagutu ondoren eta neure buruarengan konfiantza areagotu ahala, gero eta gutxiago egiten dut haien lana. Batzuetan editoreek galdera pilo bat egiten diote itzultzaileari, eta batzuk itzulpenaren ingurukoak dira, baina hainbat eta hainbat zalantza editoreari dagozkion kontuak dira. Galde dezakete, esaterako, ea zergatik erabili duen hitz bera hiru aldiz paragrafo jakin batean. Baina nik asko erreparatzen diet errepikapenei, jarioari eta hitzen musikaltasunari erreparatzen diodalako, eta uste dut errepikapenek funtzio garrantzitsua betetzen dutela musikaltasun horretan. Orduan, editoreak errepikatzea aurpegiratzen baldin badit, hori editorearen arazoa dela esaten diot, eta autoreari galdetu behar diola, ez itzultzaileari. Ni ez naiz hasiko editorearen lana egiten. Ez dut neure burua halako erabakiak hartzeko gai ikusten. Editoreak argiago jokatu beharko luke horri dagokionez.
RS: Beste interbentzio baten adibidea emango dizut, honako hau liburu oso bati aplikatua. Eleberri futurista-edo itzuli behar nuen, zientzia fikziokoa, nolabait. Istorioa lehen pertsonan kontatzen zuen espetxean jaiotako emakume batek. Espetxean ez zuen inongo hezkuntzarik izan, inguruko emakumeek ozta-ozta irakatsi zioten hitz egiten. Autorea, berriz, emakume oso eruditua da, estilo oso literarioa du, ia handinahia. Harrapatzen zaituen istorioa zen, eta frantsesez zoragarri irakurtzen zen. Frantsesezko testuak erregistro guztiz sofistikatua zeukan, eta nik halaxe itzuli nuen. Laugarren bertsioan nenbilela, itzulpena ozen irakurtzen hasi naiz eta ez zuen funtzionatzen: narratzailearen ahotik irteten zen hitz-jarioa ez zen analfabeto bati zegokiona. Sinesgarritasun arazoa zegoen han. Ingelesezko bertsioak huts egiten zuen, eta azkenean muturreko erabakia hartu nuen. Liburu osoa orraztu nuen pertsonaia hari moldatzen zitzaion hizkera aurkitu arte, bera sinesgarriago egiteko. Hizkuntza eguneratu egin nuen, eta erro latineko hitzen ordez erro anglosaxoikoak ipini. Ingelesak duen bikoiztasun horri esker, nahiko erraz aurkitu nion ahots egokia. Autorearekin hitz egin nuen horretaz, eta ikusten nuen minduta zegoela bera jabetu ez zen akats batez konturatu nintzelako. Frantsesaren eta ingelesaren arteko desberdintasunei zor zitzaiela esplikatu nion arren, konturatu zen bera bezala ari zela idazten, ez pertsonaia bezala. Eta bai, ziur aski hartan egin nuena interbentzioa izan zen, eskua sartzea.
NdL: Halaxe da, eta agian beste itzultzaile batek ez zukeen gauza bera egingo. Lehen esan duzu itzultzea irakurketa pertsonal baten emaitza dela. Klasikoen artean gertatzen da zenbait bertsio izatea: Dostoievski edo Prousten kasuan, liburu dendan liburu beraren hainbat bertsio aurki ditzakezu, dezente desberdinak izan daitezkeenak.
RS: Eskua sartzen ari zaren irudipena izan al duzu inoiz?
NdL: Zaila gertatzen zait horri erantzutea, itzulpen oro interbentzioa delako. Aurrena, ahots bat aurkitzeaz mintzatu zara. Nik itzulitako lehen liburuan —Amos Ozen My Michael—, emakumezko narratzailea 50eko hamarkadako Jerusalemen bizi da, eta hebreeraz hitz egiten du eguneroko bizitzan. Eta oroitzen naiz gogor ahalegindu nintzela ahots bat aurkitzen garai hartako Jerusalemen bizi zen emazte gazte harentzat. Zer hitz erabiltzen zuen soineko esateko, frock ala dress? Halako gauza xumeei erreparatzen nien, irakurtzeko orduan diferentzia handia eragin dezaketelako.
RS: Klase desberdintasunak ere hortik doaz. Ez da berdin supper esatea eta dinner esatea afariaz ari garenean, eta horrelakoetan kontuz ibili behar da hitz horiek aukeratzeko orduan.
NdL: Bai, eta gure ahaleginak interbentzio mota bat dira, baina beharrezkoa, premiazkoa den esku hartzea. Uste dut jendeak iritzi zeharo okerra duela itzulpenaz, irudikatzen duelako itzultzeko modu ona eta txarra dagoela; baina ez dago itzultzeko modu bakarra, bakoitzak bere modura itzultzen du, egin nahi duenaren arabera.
RS: Bai, hori azpimarratu beharra dago, jendearen abiapuntua izaten delako itzulpen on bat dagoela, unibertsala. Argitaratuta baldin badago, orduan itzulpen ofizialtzat hartzen da. Hala ere, zerbait itzultzen ari naizela autore handi baten aipamenen bat badago, ez zait burutik pasatzen itzultzea, baina liburutegira joan eta lortzen dudanean, esate baterako, Baudelaireren itzulpen bat, konturatzen naiz nik ez nukeela hala itzuliko. Beharbada gehiago defendatu beharko genuke geure lana, geure irakurketa, testuaren geure interpretazioa. Ez da itzulpen bakarra izango, ezta nahitaez onena ere, baina nik egindakoa da eta defendatu egingo dut.
NdL: Duela gutxi galdetu zidaten ea nola definituko nukeen itzultzailearen funtzioa. Pentsatu nuen beste arte esparru bateko adibidea erabiltzea izango litzatekeela esplikatzeko modurik onena, eta musikari baten funtzioarekin parekatu nuen. Izan ere, ezin da esan Txaikovskiren sinfonia bat interpretatzeko modu zuzena eta okerra dagoenik. Interpretazio batzuk beste batzuk baino lortuagoak izan daitezke, baina oro har, orkestrek bertsio bikainak egiten dituzte, desberdinak izan arren. Har dezagun bakarlariaren kasua, ongi ilustratzen baitu itzultzailearen bakardadea: bakoitzak interpretatzeko bere modua du, eta «sinatu» egiten du bere interpretazioa. Disko denda batera sartu eta pieza baten bertsio desberdinak aurki ditzakezu: Rubinsteinena, Brendelena... Baina liburu denda batean ezin duzu hiruzpalau itzulpenen artean aukeratu, eta gaur egungo musikan antzera gertatzen da. Lanak ezagunak direnean bakarrik aukera daiteke, eta kasu horietan itzultzailearen funtzioa musikariarena bezalakoa da. Ongi esan duzun bezala, itzultzaileak testuaren bere interpretazioa ematen du, bere irakurketa. Jatorrizko testua partitura bezalakoa da, ingelesek ezin dute irakurri, partitura bat musika dakitenek bakarrik interpreta dezaketen bezala. Jo egin behar da musika hori, ordu arte musika bihur litekeena besterik ez zen hori. Eta interpretazioa berdingabea izango da.
RS: Analogia bikaina. Hara, ni lankide batekin, Steve Coxekin, elkarlanean aritu nintzenean konturatu nintzen itzultzea zein gauza pertsonala den. Itzulgaia eleberria izan arren, pentsatu genuen bi lagunen artean egin zitekeela, erronka estilistiko handia ez zelako. Gainera, presa zegoen. Liburua bitan banatu genuen, lana eraginkorragoa egite aldera. Elkarri irakurriko genion geure erdiaren bertsioa, eta itzulpena homogeneoago egitearren, besteak oharrak egingo zituen orri ertzean, halako pasarte bat berak nola itzuliko zuen idatziz. Gero bestearen iruzkinak kontuan hartu behar ziren, josturak desagerrarazteko. Tonu orokorraz ados jarri ginen. Tira, hura best-seller bat zen, eta ez dut uste hori literatur lan handi batekin egin daitekeenik. Baina biok harrituta geratu ginen idazkeren arteko desberdintasunak ikusi genituenean, bi erdiak arazo handirik gabe elkartuko genituela uste baikenuen.
NdL: Duo bat jotzea bezala.
RS: Bai. Asko ikasi nuen esperientzia hartatik. Harrigarria da hitzak nondik datozen ikustea. Gure iturri linguistikoak oso desberdinak ziren, ziur aski jatorri sozial desberdinekoak ginelako, eta adin aldea ere bazegoelako. Gauza xumeetan ikusten zen: esaterako, batak «hasi» esateko start erabiltzen zuen, eta besteak begin, edo txakur janariari batak dog's dinner eta besteak dog's breakfast esaten zion. Aberasgarria izan zen biontzat, eta nik hiztegia areagotu egin nuen hari esker.
Ni etengabe aritzen naiz neure buruarekin eztabaidan, hiztegian bila, zerbait esateko hitz hobea edo sinonimo egokiagoa aurki dezakedalakoan, baina esperientzia hartan konturatu nintzen norberaren hiztegi alorreko mugak pertsonalak direla, eta horregatik itzulpena kontu subjektiboa dela. Lehendik ere banekien, baina bizipen hark berretsi egin zidan iritzi hori.
1. Solasaldia ingelesez argitaratu zen The British Council erakundearen The Art of Translation web gunean. Hemen argitaratzen duguna, frantses bertsio batean argitaratutako laburtzapena da, Joan Mari Mendizabalek euskaratua.