Elizen Arteko Biblia, berriro
Artikulua PDFn
Ez da lehen aldia Senez aldizkariak Biblia itzulpenari arreta jartzen diona: 1988an, Testu sakratuen itzulpena izenburupean, hainbat artikulu eskaini zizkion Biblia itzulpenari. Bertan Jesus M. Zabaletak euskal Biblia itzulpengintzaren historia egiten du (51-89) eta beste bi komunikazio daude gaurko bi itzulpenez: Dionisio Amundarain-ena Elizen arteko Bibliaz (EAB) eta Eustasio Etxezarreta-rena Elizbarrutiko Itun Berriaz. EABri dagokionez, garai hartan Itun Berria (I.B.) baino ez zegoen argitaratua, eta hasi berriak ginen Itun Zaharra (I.Z.) itzultzen. Urteak igaro ziren Biblia osatu artean, I.B. aintzira koxkor bat baita, I.Z.ren itsaso zabalaz alderatuz gero. I.Z.ko itzultzaile-taldea I.B.koa baino mugatuagoa izan zen (10 lagunekoa) eta lan prozedura ere dezente aldatu zen, eraginkortasuna irabazteko. Itun Zaharra osatu ondoren, berrikusketa sakona egin zitzaion I.B.ri ere; I.Z. itzultzen eginiko ibilbide luzearen ondoren ikusi baikenuen egokitzapen sakona behar zuela, taldeak hobeto landu eta barneratuak zituen irizpide eta jardunbideen arabera. Azkenik, 1994an argitaratu ahal izan zen Biblia osoa. Geroztik, taldea bizirik mantendu da, baina ez ekinean. Eta orduko amets batzuk lotan daude oraindik, kideen bestelako zereginak direla eta. Une honetan, taldeko zenbait kide, Elizbarrutiko liturgia batzordearen ekimenez, Liturgian, eliz ospakizunetan, erabiltzen diren testu biblikoen berrikusketa egiten ari da. Berrikusketa horretatik sortuko den testuan nabarmena izango da EABren eragina.
Lehen argitalpenaren ondoren, zenbait produktu berri atera da: hala nola, Itun Berria eta Biblia osoa formatu txikiagoan, oharrik eta erreferentziarik gabe, eskoletan banatzeko pentsatua (laster aterako da bigarren edizioa). Bereziki azpimarratzekoa iruditzen zait Itun Berri hiru eleduna, grekozko testu kritikoa, latinezko Vulgata eta euskarazko testua zutabe paraleloetan dituena, ez baita normala gurea bezalako hizkuntza txiki batean era honetako obra edukitzea. Gainera, "Testamendu Berria" lapurtar-behe-nafarreraz ere argitaratu da, Belokeko Marcel Etchehandy-k dotore egokitua.
Itzultzaile-taldeak bost urte eman zituen (1978-1983) I.B. osatzen eta beste zazpi (1987-1994) I.Z.rekin. Tartean igaro ziren lau urteak kenduta, etengabe jardun zuen taldeak lanean. Bitartean lan-prozedurak aldatuz joan ziren, eta taldea esperientziaz janzten, irizpide eta jardunbideak finkatzen eta bateratzen. Urte luze horiek ematen digute aditzera lanaren proportzioa. Ahalegin handi baten eta talde zabal baten lan arretatsuaren emaitza da EAB.
Zertan da EAB, kalera atera zenetik zazpi urte igaro diren honetan? Lantxo honetan itzulpenaz jardungo dut eta Bibliaz. Itzulpena da Biblia bereganatzeko jende gehienak duen bide bakarra. Baina azken finean zerbitzari xumea baino ez da itzulpena, eta axola duena itzulpenak irakurleari eskura jartzen dion obra bera da, Biblia gure kasuan. Ubidea baino ez da itzulpena, ura iturburutik gure ahora ahalik eta garbien dakarkiguna.
Senez-en zuzendaritzak, bestalde, kezka hau azaldu zidan lanaren eskabidea egitean: EABk, lan eskerga baten emaitza izanik, eta emaitza aipagarria, izan al du espero zitekeen (eta merezi zuen?) harrera eta oihartzunik? Ez eliz munduan, fededunen artean bakarrik, gizartean baizik. Galdera honen aurrean, ziurrenik, arazoa ez da itzulpena, ezpada Biblia bera. Ba al du Bibliak gaurkotasunik, esangurarik, gure gizarte sekulartu eta teknifikatuan? Biblia, lehenik eta behin, liburu erlijiosoa da, baina baita monumentu literario izugarria ere eta lehen mailako gertakari kulturala, gure Mendebaldeko kultur tradizioan behintzat. Beraz, itzulpena izango da jorratuko dudan gaia, baina Biblia bera ere bai ezinbestean. Barkatuko ahal dit Senez-en irakurleak, Bibliaren apologia apur bat egiten badut! Horretarako aitzakiarik behar izango banu, hau bederen aipatuko nuke: Biblia arras ezezaguna dela gure gizarte-inguruan, baita kultur maila oneko jendearen artean ere, eta zuzenean gutxi erabilia. Eta beste hau: ez dela ohikoa Bibliaz jardutea gure foro publikoetan.
1. Biblia itzulia eta itzulgai
Biblia ez da nolanahiko obra. Alderdi askotatik da berezia. Baita itzulpengintzari begira ere. Itzultzailearentzat erronka gogorra da, zailtasunez eta aukera ederrez jantzia. Ez da gauza bera G. Grass-en nobela bat edo Hopkins-en poemak itzultzea eta Biblia itzultzea. Bibliak —liburu askoz osaturiko bilduma—, aniztasun izugarria duen arren, badu oinarrizko batasun orokor bat, bere funtsezko izaeratik datorkiona: liburu erlijiosoa da alderik alde. Ez da nolanahikoa Bibliaren pretentsioa: unibertsoaren eta gizadiaren historia osoa bere baitan biltzen duen salbazio-historia delako pretentsioa, alegia. Biblia hitz hauekin hasten da: Hasieran Jainkoak zeru-lurrak egin zituen (Has 1,1), eta bukaera aldera beste hauek aurkitzen ditugu: Zeru berria eta lur berria ikusi nituen, suntsituak baitziren lehenengo zerua eta lehenengo lurra... Hara, gauza guztiak berri egiten ditut (Ap 21,1.5). Zaharretik berrirako bidea biltzen du, beraz. Bide horretan hainbat zedarri aurki ditzakegu.
Erlijio monoteista handientzat utzi ezineko oinarri historiko eta iturri inspiratzailea da Biblia, erabateko balio normatiboko liburua (judaismo eta kristautasunarentzat bereziki, baina badu eragina islamagan ere, Korana dela medio, non presentzia handia baitu Bibliak, Itun Zaharrak zein Berriak). Ez da hau, ordea, lan honetan kontuan hartuko dudan alderdia. Itzulpen-jardunari zuzenkiago dagozkion alderdi literario eta kulturala nabarmenduko ditut bereziki, ukaezina baita Mendebaldeko kulturaren sustrai eta eragile nagusi izan dela Biblia, iragan mendeetan behintzat.
Israel herriak (Itun edo Testamentu Zaharra) eta lehen kristau komunitateak (Itun Berria) eman digute Biblia:
- Israel herri txiki eta ahula izan zen, lurralde kaskar istilutsuan kokatua —"lurraldetasunak" garrantzi izugarria du I.Z. guztian, gaur-gaurko Palestinan duen bezalaxe (eta nekez uler daiteke israeldar eta palestinarren arteko gatazka Bibliara jo gabe)—, bere existentzia etengabe mehatxupean bizi izan zuen herria. Bibliako herriaren oinordeko den judu herriak —diaspora guztietan sakabanaturik eta alde guztietan pertsekuzioa eta bazterketa jasan duen herriak— Liburua jo du bere benetako aberritzat (baita gaur ere, Israelgo estatuaz kritiko direnen artean): sufrimenduan indargarri eta itxaropenaren sendogarri. Herri honek ez zuen aparteko trebetasunik erakutsi bestelako artelanetan, baina literaturari dagokionez ez du parekotik antzinako Ekialdeko herrien artean. Oroitzapenaren herria da Israel, iragana bakarrik ez, etorkizuna ere gogoratzen duena.
- I.B., berriz, Nazareteko Jesusen —judu unibertsalenaren— inguruan bildua dago oso-osorik, haren ikasleen eta lehen kristau komunitatearen testigantza bilduz.
Biblia itzulpengintza
Ez da munduan Bibliak izan duen itzulpen-tradizio luze-zabaleko libururik. Antzinako eta gaur egungo hizkuntzetan, zahar eta berrietan, handi eta txikietan, Biblia da alde handiz munduan gehien itzuli den liburua.
Itzulpen-jardueraren lekukotasuna Biblian bertan aurkitzen dugu, Erbestealdi osteko komunitatearen baitan. Ik. Neh 8 (EAB, 1133 or.). Garai hartan pertsiar inperioaren menpe bizi ziren juduak, eta, arameera izanik hizkuntza ofiziala, hebreera galtzen hasiak ziren; beraz, Esdrasek Lege-liburua (Pentateukoa) irakurri bitartean, laguntzaileek azalpena egiten zioten herriari, arameerara itzuliz: "aldi bereko itzulpenaren" lehen adibide historikoa dugu hau.
Egiptoko diasporan bizi ziren juduek ere arazo berdintsua zuten K.a. III-II. mendeetan: ingurune helenistikoan bizi zirelarik, grekoa zuten beren eguneroko hizkuntza; premia horretatik sortzen da Hirurogeita Hamarrak (LXX) deituriko itzulpena (Grekozko antzinako Itzulpena). LXX itzulpenak, Hebreerazko Bibliaz (H.B.) aparte, beste 10 liburu jasotzen ditu, H.B.n onartu gabeak. Itzulpen honek itzal handia izango zuen geroztik, beronengandik hartuak baitira I.B.n aurkitzen ditugun I.Z.ko aipamen gehienak.Garai berean, targum-ak ditugu Palestinan: sinagogetan irakurgaia hebreeraz egiten zen, baina arameerara, jendeak erabiltzen zuen hizkuntzara, itzultzen zen berehala, haren azalpena parafrasi bidez eginez.
K.o. II. mendean hasten da gerora geldituko ez den itzulpen-prozesua: latinera, sirierara, koptora, armenierara...
Ezaguna da, bestalde, Martin Luterok 1534an alemanera eginiko itzulpenak historia eta literatura alemanean izan duen itzala eta eragina: Luterorena izan zen jatorrizko hizkuntzetatik hizkuntza moderno batera itzulitako lehen Biblia osoa. Gauza bera gertatzen da ingelesez James erregearen Bibliarekin (Authorized Version, 1611)[1].
Biblia Elkarte Batuek (BEB) argitaraturiko UBS Scripture Language Report 2000 txostenaren arabera, mende hasiera honetan, Biblia, osorik edo zatika (maiz I.B.), mundu zabaleko 2.261 hizkuntza edo dialektotara itzulia dago[2], eta hori, hein handi batean behintzat, UBS edo BEBren ekimenez gertatu da. EAB ere elkarte horrek bultzaturik egin ahal izan da, ondoren azalduko dudanez.
Itzulpen gehienak uste beretik sortuak dira: hau da, Biblia Jainkoaren hitzaren lekukotasun idatzia delako eta hitz horrek garai guztietako gizon-emakumeentzat balio iraunkorra duelako ustetik. Jakina, hitz horren unibertsaltasuna itzulpenaren bidez bakarrik lor daiteke. Jainkoaren Hitzaren zabalkuntza izan da, beraz, oro har, itzulpenen arrazoi eragilea, ahalik eta jende gehienak bere ama-hizkuntzan Jainkoaren hitza irakurri ahal izatea, alegia. Bibliaren zabalkundea kristautasunaren historiarekin eta zabalkundearekin loturik egon ohi da[3]. EAB, hala ere, irizpide zabalagoz pentsatua dago, gaur egun ikasiagoak baikaude Biblia lehen mailako gertakari literario eta kultural bezala ere hartzen.
Ezin da ahaztu, halaber, Biblia liburu bizia izan dela beti, bizi-komunitateetan sortua, komunitate horien bizitzarekin estu lotua, eta tradizio bizi baten barruan irakurria, aztertua, komentatua, gaurkotua. Biblia ez da irakurri eta onartu izan interes historiko hutsagatik (Mesopotamiako edo Egiptoko testu zaharrak har daitezkeen bezala), bizitzari loturikoa izan da interesa. Milaka eta milioika jenderentzat bizitzarako esanguratsu den liburu bezala. Datu honek eskabide bereziak sortzen ditu Biblia itzultzean, itzulpenaren hartzaileari eta ustezko irakurleari buruz.
Biblia monumentu literario bezala
Ez zait iruditzen testu sakratuek eskakizun bereziak dituztenik itzultzeko orduan, ezta Bibliak ere[4]. Fundamentalismo-kutsua du uste horrek. Biblia ez da Korana. Itzultzaileak fedea lagungarri izan dezake, baina ikerketa kritikoan eta zientzietan —linguistika, filologia, semantika, historia...— aurkitzen du bere oinarri nagusia. Hau, bestalde, bat dator teologiarekin berarekin ere. Ez dago jainkozko hizkuntzarik, Jainkoaren errebelazioa "gizakunde edo enkarnazio legeari" egokitzen baitzaio eta Jainkoaren Hitza giza hitzetan eman baitzaigu erabat. Antzinako beste testu erlijiosoen tratamendu hermeneutiko bera egiten dugu Bibliaz ere. Biblia giza gertakaria da oso-osorik, fededunok Bibliako hitza Jainkoarekin topo egiteko gune berezia dela sinesten badugu ere.
Eta giza gertakari bezala, liburu konplexua da Biblia. Izena bera, guk singular bezala hartzen duguna, jatorriz plurala da: "Liburuak", liburu askoren, tamainaz ere oso ezberdinak diren liburuen bilduma. Horietako askok toki propioa dute literatura unibertsalean: Hasiera liburuko istorioak edota Irteerako epopeia, profetak, salmoak edo Job, baita maitasun-poemak biltzen dituen Kantarik Ederrena ere, edo jakinduriazko literatura. Eta I.B.n, Ebanjelioak (sinoptikoak alde batetik eta Joan bestetik), Pauloren gutunak edo Apokalipsia. Itzulpen honetan, 76 idazki ezberdin dira (idazkien kopurua ez da bat bera izaten itzulpen guztietan: EABn 39 liburu H.B.koak dira, 10 LXXtik jasoak (deuterokanonikoak)[5] eta 27 I.B.koak. I.B.ko liburuen kopurua eta ordena beti da finkoa.
Mende askotan zehar eta egoera historiko ezberdinetan eratuz joan den idazki bilduma da Biblia. Pentsa euskal literaturak lau mende eta erdi pasatxo dituela, eta Bibliak 10-11 mendetan zehar eratzen joan diren idazkiak ematen dizkigula, liburu berean bilduak. Aniztasun izugarria sortzen da hortik. Mota guztietako liburuek osatzen dute bilduma, literatur molde ezberdinetakoek: historia eta fikzioa, narratiba eta poesia, literatura profetikoa, apokaliptikoa eta jakinduriazkoa (esaera zaharrak), lege eta kultu testuak, parenesia (exhortazio-testuak), gutunak, etab. Ebanjelioek genero berezia osatzen dute.
Iturriei edo jatorrizko testuei buruz ere berezia dugu Biblia. Jatorrizko testuak hiru hizkuntzatan aurkitzen ditugu: hebreeraz, arameeraz (atal gutxi batzuk) eta grekoz, eta hiru iturritatik jasotzen ditugu: H.B., LXX edo Grekozko antzinako itzulpena eta I.B. Hiru iturri horiek, ordea, lur berean dituzte sustraiak (sustrai hori semitikoa da, nahiz eta iturri horietako bi grekoz idatziak izan); baina testuinguru historiko eta kultural aski ezberdinetan jaioak dira. I.B. grekoz idatzia iritsi zaigu (aspaldikoa da zenbait testuren azpian arameerazko originalak egon daitezkeelako susmoa, baina ez dugu horren froga erabakigarririk). Hizkuntza, garaiko grekoa da, «koine» edo «arrunt» deitu ohi dena, greko klasikotik aski bereizia; baina kultura semitikoa da, unibertso mentala eta egitura linguistikoak ere bai neurri handi batean (eta horrek berezia egiten du I.B.ko hizkuntza). Ebanjelioak irakurtzen dituenak hebreerazko eta arameerazko hainbat hitz eta esaldirekin egiten du topo: batzuk oso ezagunak, gainerako hizkuntza guztietara pasatu direlako: Amen, alelluia nahiz hosanna; arameerazko Abba edo Effata (Mk 7,34), Talitha kum (Mk 5,41) edo gurutzeko Jesusen oihua (Mk 15,34). Gurutzeko kartela, "Jesus Nazaretarra, juduen erregea" hebreeraz, grekoz eta latinez omen zegoen idatzia (Jn 19,19-20), Jesusen garaiko Palestinako hizkuntz eta kultur aniztasunaren lekuko.
Bibliako testuen atzean pertsona ospetsuak (Moises, profetak, Nazareteko Jesus...) eta eskola literario-teologiko ezberdinak dauden arren, orokorki herriari loturiko literatura da Biblia, herri eta komunitate baten historia biziaren lekuko eta bizitzaren beraren mugimenduan murgilduta dagoen literatura. Egileak anonimoak dira neurri handian. Bibliaren sortze-prozesuak ez du zerikusirik gaur egungo literaturan gertatzen denarekin. Testu gehienak, I.Z.koak batik bat, eratze-prozesu luze eta korapilotsu baten emaitza dira. Eta hori, literaturaz ari garela, testuez alegia, azken emaitzaz, eta ez testu horien atzean dagoen ahozko tradizioaz, zeren testu asko eta asko, idatziz emanak izan aurretik, ahoz aho transmitituak izan baitira. Israel herriak garrantzi handia ematen zion oroitzeari eta kontatzeari (bere oinarrizko historia batik bat). Zuzeneko diskurtsoak ere toki handia du Biblia osoan; Pentateukoaren zati handia Jainkoaren edo Moisesen diskurtso bezala eratua dago, eta profetak oihulariak ziren, ez idazleak, Jesus bezala: predikari ibiltaria izan zen, eta ez dirudi ezer idatzi zuenik.
Hala ere, I.Z.ko literatura nahiko berandu eratu zen, K.a. VI. mendetik aurrera: Babiloniako erbestealdian eta haren ostean hartu zuten liburu gehienek beren behin betiko moldea. Krisi-garai gogorrak Israelen historian: independentzia behin betiko galdua; Jerusalem hiriburua, lurraldea eta bere nortasunaren euskarri ziren erakunde politiko-erlijiosoak suntsituak. Esan ohi da I.Z.ko literatura gehiena krisi literatura dela (ez batere triunfalista, beraz), krisiari erantzuteko eratua. Israel herria, bere historiako gorabeheren harian, bere herri-nortasuna birpentsatu eta berreraiki beharrean aurkitu zen behin eta berriro, Babiloniako erbestealdiaren inguruan jasan zuelarik astindurik gogorrena.
Literatur tradizio trinkoa sortzen eta garatzen da Biblia barruan. Gai, literatur formula eta egitura berak errepikatzen dira, liburu batetik bestera birmoldatuak eta egokituak. Biblia bere osotasunean, azaleko formari dagokionez bilduma izan arren, koherentzia handiko literatura da, barne-erlazio eta lotura handikoa. Autokomentarioa da neurri handian, barne-oihartzunez betea.
Aipatu ezaugarriek —Bibliaren izaera literarioa, liburuen aniztasuna eta hizkeraren koherentzia, alderdi komunikatiboa, bizi-dinamikari loturiko literatura izatea, bai jatorrian, bai transmisio-historian eta bai gaurko hartzaileari dagokionez ere...— eskakizun bereziak dituzte itzulpenari begira: itzulpen-irizpide eta -jardunbideak baldintzatzen dituzte.
2. Elizen Arteko Biblia
Informazioa da soilik atal honen xedea. EABren helburua modu aski sinplean adieraz daiteke: euskal herriari, kristau ala ez, Biblia eskaintzea, itzulpen berri batean, garantiazkoa jatorrizko testuarekiko leialtasunean —zientzia biblikoen aurrerapenak kontuan harturik—, eta gaur egungo hartzaileari egokitua —hizkuntza eta hizkera—. Edo oraindik: euskal kulturan oso nabarmena zen hutsune bat betetzea. Jende askok —euskal kulturaz eta kultura erlijiosoaz arduratuak— zuen horren kezka eta premiazkotzat jotzen zuen Bibliaren itzulpen gaurkotua. Proiektua gauzatzeko, ordea, ezinbestekoa izan zen Biblia Elkarte Batuek eskainitako laguntza eta lankidetza.
Argitara emaniko Biblia osoaren itzulpenak gutxi dira euskaraz[6], eta horietako bat bera ere ez zuzenean eta orokorki gaur egungo irakurlearentzat erabilgarria (Bizkaian, nolanahi ere, zabalkunde eta erabilera handia du Kerexetaren Euskal Biblia-k). Beldurrik gabe esan daiteke EAB dela lehen euskal Biblia modernoa, jatorrizko hizkuntzetatik euskara batura eta gaur egungo hizkerara egina.
Beste Biblia itzulpenekin alderatuz, EAB-k lau berezitasun ditu:
- Jatorri-hizkuntzei dagokienez, jatorrizko testuetatik egina, liburuaren buruan datorren "Irakurlearentzat argibide teknikoak" atalean argitzen denez.
- Lan-prozedurari dagokionez, talde-lanean egina. Talde-lana, garrantzizkoa izan da. Alde batetik, jatorrizkoaren pluraltasunaren isla delako, itzultzaileen estilo eta joerak ezberdinak izanik. Bestetik, testu bakoitza, esku askotatik pasatu ondoren, azkenean ongi galbahetua eta araztua ateratzen delako, "zazpitan birfindua", 12. salmoak Jainkoaren hitzari buruz esaten duen bezala.
- Elizen arteko Biblia, katoliko eta protestanteen artean landua.
- Xede-hizkuntzari dagokionez, euskara batura egina.
EABn, jakina, testu biblikoa da garrantzizkoena. 76 idazki biltzen ditu, hiru sail handitan banatuak: Hebreerazko Biblia, Deuterokanonikoak eta Itun Berria, liburuak testu kritikoetan datozen ordenan ezartzen direlarik. Baina EAB bestelako osagarri ugariz ere hornitua dago: maila ezberdinetako sarrerak, orrialde oineko ohar eta erreferentziak (bi sail bereizi), eta liburu bukaerako eranskinak: Biblia hiztegia (Bibliako izen edo kontzeptu nagusien azalpena), Aurkibide analitikoa, Euskalkien arteko hiztegia, Taula kronologikoa eta Mapa ederrak, berriki eginak, beren izen-aurkibidearekin, edozein leku mapetan erraz aurkitzeko moduan.
2.1. Itzulpen printzipioak
Biblia itzultzailea ez da bakarrik aurkitzen, ez eta bakarrean aritzen. Itzulpen tradizio luze baten barruan dago eta itzulpen komunitate zabal bateko kide da. Esan bezala, EAB jatorrizko testuetatik itzulia da. Horrek ez du esan nahi gainerako itzulpenak, antzinakoak eta gaurkoak, erdaraz emanak eta euskarazkoak, erabili ez ditugunik. Eta ez itzulpenak bakarrik, bestelako lagungarriak ere bai. Bibliaren inguruko ikerketa eta lan hermeneutikoa etengabea da, eta exegesi biblikoak ez du liburu edo atal bakar bat, esaldi edo hitz bakar bat ere aztertu gabe utzi. Eta nola itzulpenak interpretazio-premia berekin duen, ezinbestekoa du itzultzaileak exegesiaren laguntza.
Elizen arteko Biblia dugu, parte-hartze zuzena izan baitu bertan Espainiako Bibli Elkarteak[7]. Elkarteko ordezkari bat, itzulpen arazoetan aditua, taldearekin egon zen ibilbide osoan, kontseilari gisa. Gure kasuan, Europa mailako zenbait proiektutan parte hartu duen exegeta italiar bat[8] izan genuen lagun. Finantziazioa bere gain hartzeaz gain, beren itzulpen esperientzia baliatu ahal izan dugu. Hain zuzen, BEBk Bibliaren itzulpen munduan landu eta garatu dituzten printzipio eta teknikak erabili ditugu[9]. Itzulpen-taldea, hasieran (ikastaro bereziak eginez) eta lanaren aurrerabide osoan, asko saiatu zen itzulpen-arazoez, eta Biblia itzulpenaren arazoez zehazki, gogoeta egiten, BEBren baitan landuak izan diren itzulpen irizpideen markoan.
Testuinguru horretan, baliokidetasun dinamiko edo funtzionalaz hitz egin ohi da, baliokidetasun formalari kontrajarriaz. Hau estu lotzen zaio jatorrizkoaren formari, nahiz eta ilusio hutsa litzatekeen itzulpenak jatorrizko testua mimetikoki erreproduzi dezakeela pentsatzea; baliokidetasun funtzionalak libreago jokatzen du jatorrizkoaren hitzezko formulazioarekiko, esanahia, mezua, irakurleak ulertzeko eran ematea duelarik ardura nagusia. Itzulpen mota asko egin daitezke eta egiten dira. Mota bakoitzak ditu bere balio eta abantailak, oinarrizko aukera eta helburuen arabera.
Leialtasuna omen da itzulpen ororen legea. Baina leialtasunak bi aurpegi ditu: batak iturriari begiratzen dio eta besteak hartzaileari (hizkuntza eta irakurlea), eta ez da jatorrizko testuaren aldera bakarrik mugatzen. Itzultzailea bitartekari da bi errealitateren artean: alde batetik, jatorrizko testua dauka, zuzenean ezagutzen ez duten irakurleei ezagutarazi behar diena; bestetik, irakurlea, hartzaile berriak, beren hizkuntza, kultura, ulertzeko gaitasun bereziekin. Zenbat eta urrutiago egon elkarrengandik bi hizkuntza eta bi mundu kulturalak, orduan eta beharrezkoagoa izango da baliokidetasun semantiko edo funtzionalaz baliatzea. Hitzez hitzeko itzulpena motz geratzen da, ez du behar adina itzultzen (irakurleari maiz ulertzeko zaitasunak ez ezik, gaizki ulertuak ere sortuz); itzulpen funtzionalaren arriskua, berriz, kontrakoa izan daiteke: behar baino gehiago itzuli, gain-itzulpena esan ohi dena. Gehiegizko interpretazioa edo parafrasi moduko itzulpenak egitea. Gehiegikerietan ez erortzeko erne egon behar da; baina testua ez bazaio irakurleari ulerterraz bihurtzen, zer zentzu du itzulpenak?
Testu biblikoa, neurri handi batean, komunikazio-ekintza bizia da, non idazle (edo hizlari) batek komunitate jakin bati (entzule nahiz irakurle) mezu bat adierazten dion (maiz Jainkoaren partetik). Jatorrizko testuaren bidez aspaldi batean gertaturiko komunikazio-ekintza berritu behar du itzulpenak, mezu berbera beste hizkuntza batean, ingurune diferentean bizi den beste komunitate bati, irakurleari, emanez. Bibliaren kasuan argi dago ez dela zerbait (testua) hizkuntzaz aldatzea bakarrik, norbaiti mezua komunikatzea ere badela. EABko itzultzaileek argi eduki dugu, formaren imitazioak esanahiaren komunikazioa galarazten badu, jatorrizkoaren forma birmoldatu, egokitu, aldatu egin behar dela. Horretan xede-hizkuntza eta hartzaile berriaren berezitasunek agintzen dute.
Esplizitazioa. Maila honetan etengabe erabili izan den baliabidea esplizitazioarena izan da, kontuan hartuz itzulpena arazo linguistikoa adina kulturala dela. Jatorrizko komunikazio-egoeran mezu-emaileak eta hartzaileak inguru kultural bera konpartitzen dute; beraz, informazio asko ez dago diskurtsoan esplizitatu beharrik; zenbat eta konplizitate handiagoa bien artean, orduan eta zabalagoa inplizituen eremua. Baina gaur egungo irakurle-entzulearen harremanak testuarekiko ez du zerikusirik testu barruko komunikazioarekin. Egoera ezberdintasunak esplizitazio-ahalegin handia eta etengabea eskatzen du. Ez da zilegi testuan ez dagoen informaziorik itzulpenean sartzea; bai, ordea, testuan inplizitu utzia dagoen informazioa esplizitu bihurtzea, eta zilegi ez ezik, beharrezko ere bai, baldin eta bestela gaurko irakurleak informazio hori galduko badu. Joanen lehen gutuneko pasarte asko, adibidez, anaforiko hutsez eratuak daude, ez da subjektua esplizitatzen. Ez da beti erraza asmatzen Jainkoa ala Jesukristo den; hala ere, aukera egin beharra dago itzulpenean. Horrek interpretazioa eskatzen du, exegesiaren laguntza alegia.
Oro har, EABn esanahia argitzera jo dugu. Itzulpen formaletan, hitzez hitzeko bertsioa eman ohi da testuan, eta oharrak erabili ohi dira testuko iluntasunak edo esanahia argitzeko. EABren jokabidea alderantzizkoa da: esanahia testuan argitzen da eta hitzez hitzeko bertsioa oharrean ematen. Adib.: Jr 17,5ak hau dio h.h.: "Madarikatua gizakiaz fidatzen den eta bere indarra (besoa, irudi aski lexikalizatua) haragian jartzen duen gizona". EAB: "Madarikatua konfiantza gizakiagan duena, giza indar hutsean oinarritzen dena". Haragi-k, jakina, zentzu normalak ditu (bai hebreerazko basar hitzak, bai grekozko sarx-ek). Baina maiz, erregistro antropologikoan erabilia denean, konnotazio berezia du: gizakia adierazten du, bere osotasunean, baina ahul eta galkor den aldetik. Espirituari kontrajartzen zaio (ruah, pneuma: osagai bizigarri, animatzailea). Hori da Jeremiasen testuko adiera. Gauza bera gertatzen da Mk 14,38an, honela baitio h.h.: "Espiritua gartsua da, baina haragia ahula" (EABn oharrean emana). Testuan berriz hau jarri da: "gogoz gartsu izan arren, ahula baita gizakia". Basar oso hitz polisemikoa da, Bibliako beste hitz asko bezala. Is 58 Jainkoak atsegin duen barauaz ari da, eta besteren artean hau eskatzen du barauak: "zeure haragitik ez ezkutatzea" (58,7), hau da, "zeure gizakideari laguntza ez ukatzea", EABk dakarrenez. Bistan da, testua adierazgarria gertatuko bada, argitze lan handia egin behar dela. Adibideak nahi beste dira, itzulpen-ahalegin osagarria eskatzen dutenak; oso maiz, itzulpen literalak ez du egiaz itzultzen: hitzak, bai, aldatzen ditu hizkuntzaz, baina ez du esanahia ulergarri bihurtzen.
Hala ere, esan beharra dago aplikazio maila ezberdinak dituela baliokidetasun dinamikoaren printzipioak, eta ziur naiz ez dugula erabateko koherentziarik lortu liburu guztietan. Printzipio horri sistematikoki jarraitzeak itzulpen ahalegin handiagoa eskatzen du, erosoago da beti ere hitzez hitzeko itzulpena, itzulpen konbentzionala, tradizioko itzulpenek ere bide horretatik jo baitute. Itzulpen honetan, hala ere, joera nagusia hori den arren, ez dugu printzipioa azken muturrera eraman, eta erdibidean gelditu nahi izan dugu, eredu honetako beste zenbait itzulpen baino gehiago lotuz jatorrizkoaren formari. Arrazoi honek eragin digu horretara: gure inguruko hizkuntzetan modu askotako itzulpenak daude, eta irakurleak badu non aukeratu, edo itzulpen bat baino gehiago erabil dezake bere xede, premia edo interesen arabera; itzulpen batzuk, adibidez, egokiagoak dira azterketarako edo testuaren analisirako, beste batzuk jendaurrean irakurtzeko. Euskaraz ez dugu horrelako aukerarik, eta honek eraman gaitu askatasun gehiegizkorik ez hartzera. Ez da beti erraza mugak non dauden edo non jarri jakitea. Itzulpen mota honetan mezuarekiko leialtasunaren eta formarekiko askatasunaren arteko oreka egokia lortzea izaten da arazoa. Oro har lortu dugulakoan nago. Baina hori bestek esan behar! Nolanahi ere, hartzailea hartu da beti kontuan, testu ulergarria bilatuz, itzulpenak gorde behar duen leialtasun bikoitzean —jatorrizkoari eta hartzaileari— lehena bigarrenaren kaltetan gerta ez zedin.
2.2. Itzulpenaren erronkak
Era guztietakoak dira Biblia itzulpenaren zailtasunak, nahiz eta gogorrenak agian Bibliako munduaren (beronen barne-aniztasunarekin) eta gaur egungo munduaren arteko kultur ezberdintasunetik sortzen diren. Jakina da itzulpenak etengabeko interpretazioa eskatzen duela, are gehiago gure kultur mundutik urruti dauden testuez ari garenean.
Lehen zailtasunak testuari berari buruzkoak dira. Oinetako ohar asko testuari buruzkoak dira: jatorrizko testuan ilunak edo zalantzazkoak diren pasarteak eta itzulpena guztiz segurua ez edo hipotetikoa dela adieraziz, edota eskuizkribu ezberdinen eta antzinako itzulpenen aukerak nahiz itzulpen alternatiboak emanez. Testuan bestelako aukerarik egin denean, adibidez, ohiko itzulpenak ere ematen dira (batez ere, irakurle multzo batentzat oso ezagunak diren testuetan, Salmoak eta Ebanjelioak kasu). Entzuna diot norbaiti ohar asko oso teknikoak direla. Nire ustez, bere garrantzia du honelako oharrak emateak, antzinako, hizkuntza arrotzeko eta transmisio-prozesu luze eta zaila izan duten testuekin ari baikara jokatzen, eta Bibliako testua, antzinako beste edozein testuren aldean ongi finkatua dagoen arren, problematikoa baita kasu askotan[10].
Oharretan, beste askotan, literatur arloko arazoak hartzen dira kontuan: hitzez hitzeko itzulpenak emanez, adibidez (nahiz eta ez beti, normala baita tankera honetako itzulpenetan jatorrizkoaren forma eraldaketa; baina bai sarri, interesgarria gerta daitekeelako testuan emana jatorrizkoak nola adierazten duen jakitea, irudizko hizkerari dagokionean batez ere) edota hitz-jokoak eta esamolde idiomatikoak, itzulpenak zuzenean nekez jaso ditzakeenak, azalduz: Jeremiasen lehen ikuskariko xaked-xoked (Jr 1,11-12) adibidez, edota Mt 16,18ko Petros-petra.
Literatur molde ezberdinei dagokienez, narrazioa da jenerorik ugariena Biblian. Jende askok ditu gogoan Bibliako hainbat kontakizun, historikoak nahiz fikziozkoak (nork ez ditu gogoan Nazareteko Jesusen hainbat parabola zoragarri?). Baina orokorki testu narratiboak dira itzultzaileari arazo gutxien sortzen diotenak. Bibliako narrabita aski lineala baita.
Testu poetikoak. Proportzioan, poesiak toki handia du Biblian, I.Z.n bereziki. Eta hebreeran, poesiak gramatika berezia du —sintaxiari dagokionez adibidez—, testu narratiboena ez bezalakoa. Poesia biblikoa, alderdi formalari dagokionez, oso landua da, baliabide tekniko anitz erabiltzen ditu: sintagma mailan, esaldien mailan (paralelismoa, adibidez) eta konposizio mailan: errepikapena, inklusioa, egitura paraleloak, kontzentrikoak, etab. Hebrearren poesian doinuak ere garrantzi handia du. Errima erraz sortzen da hebreeraz, euskaraz bezala (artikulua kenduta, beste aldagai gramatikalak atzizkiak baitira). Baina erritmoa da errima baino adierazgarriagoa: azentu tonikoan oinarritzen da eta bertsoari halako musikaltasun bat ematen dio. Eta erritmoa landu daiteke itzulpenean ere. Hizkera poetikoa konkretua da (hizkuntza bera da lehenbizi konkretua, abstrakziora gutxi emana), irudiz josia (aski da hainbat salmo eta profeten idazkiak, Isaias edo Joel esateko, hartzea); eta irudizko hizkerarekin batera, era guztietako sinbolismoa aurkitzen dugu. Hor du poesia biblikoak bere indarra. Eta itzulpenak bere zailtasunik handiena, arriskua nabarmena baita: hizkera poetikoari bere alderdi konkretu-irudizkoa murriztea, alegia, bizitasuna, eta horrekin batera, espresibitatea, indar poetikoa.
Honen adibide, euskara aski ondo ezagutzen duen Galesko lagun batek duela urte batzuk egin zidan oharra (eta aurtengo udan gauza bera errepikatu dit) Koh 12,1-8 pasarteaz. Pasarte horretan, zahartzaroaren deskribapen aparta eta bitxia egiten da: irudi bidez zahartzaroaren ahultasuna eta ezinak agertzen dira. Itzulpenean, ordezko ez-figuratiboak jarri genituen testuan eta hitzez hitzekoa oharrerako utzi. Nire laguna ez zegoen jokabide horrekin ados, eta ez diot nik arrazoia ukatuko. Agian ez zen aukera hoberena izan.
Arazo kulturala. Gauza asko dira Biblian, ezberdintasun eta distantzia kulturala dela medio, gaurko irakurleari arrotz gertatzen zaizkionak. Hizkerari dagokionez, irudien mundua; baina baita errealitate kulturalak ere: historia, geografia, gizartea eta erlijioa. Biblia, hain kultur distantzia handitik datorkigun testua izanik, ez da beti ulerterraza (itzulpenaren aldetik zailtasunak leuntzen saiatu arren). Hurbilagokoa dugu zalantzarik gabe I.B.ko mundua. Baina ikusi zer dioen 2 P gutunaren egileak Pauloren gutunei buruz: "Egia da bere gutunetako zenbait pasarte ez dela ulerterraza, eta, horregatik, ezjakinek eta heldugabeek oker ulertzen dituzte, gainerako Liburu Santuak bezala..." (2 P 3,16). Egia da Pauloren hizkera erraztu daitekeela (periodo luzeak birmoldatuz eta laburtuz adibidez), baina arrazoi du gutunaren egileak: Pauloren pentsamendua bera da zaila askotan. Eta sinboloz josiriko Apokalipsi liburuko hizkera (sinbolo arketipikoak edo unibertsalak direnean, Bibliako asko diren bezala, gaitz erdi; baina Apokalipsiak erabiltzen duen sinbolismoa neurri on batean kulturala da, I.Z.n oinarriturikoa). Testuaz kanpoko argibiderik gabe, enigmaz (eta liluraz) beteriko liburua gertatuko zaio Apokalipsia irakurle arruntari (baina kontuan hartu behar da "sinbolismo ausart" hori genero apokaliptikoaren beraren ezaugarria dela). Oharretan hainbat informazio ematen da, eta itzulpen dinamikoak berak zenbait oztopo leun dezake, baina ezinezkoa da kultur leizea itzulpenaren bidez erabat gainditzea.
Beste gauza asko ez datoz bat gure gaur egungo sentiberatasunarekin. Adibide bat jarriko dut. Emakumea indarrez sartu da Bibliaren irakurketan eta exegesian, eta gero eta ugariagoak dira Bibliaren berrirakurketa feministak. Orain urte batzuk, Oxford University Press-ek Itun Berriaren eta Salmoen itzulpen berri bat argitaratu zuen; itzulpena New Revised Standard Version Bible-ren berrikusketa da eta azpititulu hau du: A new inclusive traslation. Ingelesak arazo berezia du pertsona izenordainekin, horiek genero biologikoa bakarrik adierazten baitute (he, his, him, maskulinoarentzat; she, her, femeninoarentzat). Jainkoak ez du sexurik, baina hizkuntzen izendapenek bai, eta hebreerak zein grekoak maskulinoa erabiltzen dute Jainkoaz ari direnean. Orduan, itzulpen horretan, erabat baztertu dute Jainkoari buruz izenordain maskulinoak erabiltzea. Bide beretik, I.B.ko liburu guztietan esateko, "aita" metafora erabiltzen da Jainko aipatzeko. Itzulpen inklusiboak "Aita-Ama" itzultzen du aldi bakoitzeko, bi metaforak ezarriz, edo Jainko hitzaz ordezkatzen du. Jokaera ausartegia zalantzarik gabe, gurea bezalako itzulpen orokor batean erabiltzeko. Euskarak, bestalde, ingelesak edo gaztelaniak baino arazo gutxiago du (ez izenordainek, ez artikuluak, ez dute generoa adierazten). Hala ere, «hizkera neutroa edo inklusiboa» erabiltzen ahalegindu gara: gizaki erabili da gizon hutsaren ordez, edo gizon-emakume, seme-alaba bezalako elkarketak, hizkera guztiz maskulinoa baztertuz.
2.3. Zer hizkera-mota eta zein irakurle?
EABko itzultzaile-taldeak irakurlea etengabe izan du gogoan bere itzulpen-jardunean. Baina zein irakurle? Ez da erraza Biblia irakurlearen soslaia marraztea. Esan dut lehen Bibliak bokazio unibertsala duela. Itzulpena ez dago, beraz, irakurle mota jakin bati zuzendua. Biblia ez da, izan ere, liburu elitista, herriarentzako liburua baizik, bai jatorrian eta baita harrera-historian ere. Ez da espezialistentzat, ezta intelektualentzat ere. Biblia herri xumearen mailan izan da beti ere onartuagoa, pobreen artean aberatsen artean baino gehiago, biktimen artean boteretsuen artean baino. Ez daiteke, beraz, zehaztu gizarte-multzo bat hartzaile berezi bezala.
Irakurlearekiko arreta eta testuaren ulergarritasunaren aldeko apustua korrelatiboak dira. Taldearen ardura nagusia itzulpen ulerterraza eta irakurterraza egitea izan da. Hemen itzulpenaz ari naiz, jakina, ez Bibliaz beraz, zeren Biblia ez baita beti liburu erraza. Ulergarritasunari dagokionez konstatazio pozgarria egin ahal izan dut: jende askok, bai Bibliari eta bai euskara batuari beldur apur bat zion jende xumeak, ezusteko pozgarria izan du, testua ulertzeko aparteko zailtasunik ez duela egiaztatzean. Jakina, Bibliak kontinente asko ditu, horietako batzuk gutxi esploratuak eta ia ezezagunak ditugunak; beste batzuk, etxekoagoak, ezagunagoak eta gehiago ibiliak. Azken hauetan, batez ere, ahalegin berezia egin da zailtasunak saihesten. Izan ere, gutxi dira Biblia sistematikoki, hasi eta buka, irakurtzen dutenak, gehienok irakurketa selektiboa egiten dugu ezinbestean (eta hainbeste idazki eta orrialdetan, ia 2000, bada non aukeratu). Izan ere, zati asko daude Biblian interes gutxikoak, zientzialarientzat ez bada: historia, etnografia, erlijioen fenomenologia... Hala ere, oheburuko liburu gisa erabili ohi da maiz Biblia.
Irakurle alfabetatuak eta erdi mailako kultura duenak erraz ulertzeko moduko hizkera erabili nahi izan da, hizkera herrikoa, irakurtzeko ohitura pixka bat duenari zailtasun berezirik jarriko ez diona. Horretarako, esaldi luzeak eta forma konplikatuak —aditz forma zailak adibidez— baztertu dira, ahalik eta hiztegi ezagunena eta hedatuena erabili da (ez da beti erraza, batez ere zenbait arlo semantikotan hebreera euskara baino aberatsagoa delako, eta hiztegia nolabait bereizi egin behar delako) eta, garrantzizkoa dena, idatzia hizketa mintzatuari ahalik eta gehien hurbildu. Ahozkotasunak, izan ere, toki handia du Biblian. Eta irakurrerraza ez ezik, entzute hutsez ulertzeko moduko testua ere eskaini nahi izan da.
Beste puntu bat: euskal itzulpenak, liturgiakoa ez besteak baino gutxiago, garbizaleak izan ohi dira, maileguak erabiltzen oso uzkurrak, edo lotsatiak. Horrek maiz kutsu arkaiko samarra ematen dio hizkerari, eta beste inon erabiltzen ez den jerga moduko bat sortzen: adulterio-ren ezkontza nahastu; dibortzio-ren ordez ezkontza hautsi, eta horrelakoak. Justizia, konfiantza, probidentzia, inspirazio, kontsolatu... eta beste hainbat hitz baztertuak ziren. Alde honetatik ere iruditzen zait normaltasun handiagoa eman zaiola hizkerari.
EABk ulergarri izan nahi du Biblia ezagutza berezirik ez duenarentzat ere. Hasieran prestatu zen arautegiak hau zioen besteren artean: «Itzulpenaren hizkerak ulertzeko modukoa izan behar du bai fededunentzat bai fedegabeentzat». Eta hori zertxobait zehaztuz, beste hau: «Itzulpenak eliz jendearen hizketa-modu itxia ebitatuko du». EAB ez dago bereziki eliz munduan pentsatuz egina, eliz mundutik aparte dauden pertsona eta gizarte-zati handiarengana ere iritsi nahi du. Askotan egin izan diogu galdera hau geure buruari: zer adieraz diezaioke hitz edo esamolde honek eliz girotik kanpo bizi denari?
Bistan da, ulergarritasuna helburu nagusitzat jotzen denean, itzulpen-eskakizuna handiagoa dela, eta interpretazio maila ere altuagoa. Itzulpen funtzionalaren irizpideak erabiltzean, itzultzailea jatorrizkoa sakonago ulertzera behartua dago, eta hizkera orok dituen anbiguotasunak argitzera. Sormenari ere toki handiagoa egin behar zaio, ohiko formula estereotipatuetan ez gelditzeko.
3. EAB hainbat urte geroago
Urte batzuk igaro dira EAB atera zenetik, mendez ere aldatu gara bitartean. Zein izan da haren zoria urte hauetan? Biblia bezalako liburu bat ez da modaren haizera mugitzen, ez dago koiunturari lotua ere. Epe luzeko arnasa duela esango nuke (bestelako produkzio literario gehienek ez bezala). LIBURUA, maiuskulaz, deitu izan zaio Bibliari, berak bakarrik aparteko kategoria bat osatuko balu bezala. Iraganari bezala, orainari eta geroari dagokio.
Zein da gure egoera Biblia ezagutzari eta erabilerari dagokienez? Ez dakit horri buruzko azterketarik egin den. Tankera guztietako jendea dago, noski: Biblia erabiltzen ohitua dagoen jendea (agian erdarazko itzulpenen bidez) edota Biblia arras ezezagun duena. Seguruenik, ez daiteke euskal inguruan Bibliaren ezagutza eta erabilera handi-zabalegia suposa. Ezta jende erlijiosoagan ere. Ez dugu Biblia irakurketa pertsonalerako erabiltzeko ohiturarik izan, urria zen horretarako aukera ere. Baina orokorki badugu harremanik Bibliarekin. Agian zeharkakoa, zatikakoa. Askok liturgiaren bidez. Nahiz eta gaur egun beste fenomeno hau ere hain arraroa ez izan: Biblia zer den ere ez dakien jendearekin topo egitea, alegia. Baina, dena dela ere egoera, EABren bidez Biblia osoa modu erosoan —eta ez garesti— eskura edukitzeak aukera berriak eskaintzen ditu. Alde horretatik esango nuke Biblia honen hutsik handiena hau dela: berandu iristea. Alegia, huts larria dela orain arte euskal gizarteak Biblia bere osotasunean modu erraz eta erabilgarrian eskura ez eduki izana. Hutsune hori betetzea bakarrik aski justifikazio da itzulpen honentzat. Ez inolako meritua, ordea.
Jende gehienak itzulpena behar du Bibliara hurbiltzeko, eta egia da gaur egun EAB dela euskaraz dugun Biblia osoaren itzulpen gaurkotu bakarra, euskara batura egina eta irizpide zabalez planteatua. Eta hala izaten jarraituko du, epe laburrean behintzat nekez egin ahal izango baita antzeko lanik. Ez EAB hobetu ezineko obra delako; besteak beste, ikerketa biblikoa etengabeko mugimenduan ari da, eta beraz ez dago itzulpen definitiborik, azken hitza beti dago esateko. Laster EAB handiaren bigarren argitalpena egingo da, ale gutxi geratzen baitira lehenengotik, baina momentuz ez ditu zuzenketa linguistikoak baino jasoko, ez oraindik sakoneko berrikusketarik.
3.1. Harrera
EABk abantaila nabarmena zuen zabalkundeari begira: ez zuen merkatuan konpetentziarik (I.B.ri dagokionez bai, EABkoa prestatua zegoenean, Elizbarrutikoa atera baitzen, baina ez Biblia osoa). Nahiz eta marketing kontuetan trebeegiak ez izan, salmenta-kopurua ez da txarra izan seguruenik[11]. Salmenta-kopuruarena datu objektiboa da, baina ez digu aditzera ematen gizartean izan duen harrera eta oihartzuna. Egia da ez dela komentatuegia izan, ez duela apenas kritikarik, ez onik ez txarrik, jaso. Baina honek ere ez gaitzake harritu, euskal liburuaren ekoizpenak hartu dituen proportzioak ikusita. Gainera, liburu mardulegia da Biblia, inor, barrutik ongi ezagutu ezean, kritika egitera ausartzeko.
Zabalkundea, batez ere, eliz munduan eta fede kristauari loturiko ingurunean gertatu dela esango nuke. Eta hori ere normaltzat hartu behar da. Bibliak garrantzi berezia du eliz munduan, liturgian, kristau heziketan, misio mailan... EAB, hala ere, ez dago zuzenean eliz munduan pentsatuz egina, ez bakarrik behintzat. Alde horretatik, EABk ez du inolako ofizialtasunik, nahiz eta E.H.ko gotzainen onarpena izan. EAB Elkarte ekumeniko baten eta euskal lan-talde baten elkarlanetik sortu zen, eta gizarte osoari begira eginiko lana da.
Zer gertatzen da, beraz, Elizarekin harremanik ez duen jendearekin? Gero eta gizarte sail handiagoa baita Eliz mundutik aparte bizi dena, eta erreferentzia kristauak (eta erlijiosoak) gero eta itzaliagoak dituena. Behin baino gehiagotan harritu nau Bibliaz dagoen ezjakintasun erabatekoak, gazte jendearen artean batik bat, baita unibertsitatetik igarotako jendearen artean ere. Praktika erlijiosoa baztertu izanak badu horretan zer ikusia, Bibliak presentzia handia baitu liturgian, eta hori izan da tradizioz Biblia ezagutzeko bide nagusia. Gure herrian, fenomeno guztiz marjinala bilakatu da Biblia "kultur munduko" inguru eta arlo handietan, eta gero eta marjinalagoa izateko zorian dagoela iruditzen zait.
Baina arazoa larriagoa eta sakonagoa da. Euskal literatura izugarri hazi den honetan, gai erlijiosoak ez du dagokion tokirik hartu (Elizaren eta gizartearen artean ere leize moduko bat sortu da denbora gutxian, gero eta handiagoa egiten ari dena). Kultura erlijiosoa osorik da azken hamarkadetan abiada izugarrian gainbehera etorri dena[12] (berriki, Deustuko unibertsitatearen babespean, "Erlijioa eta kultura" izeneko liburu bilduma jarri da abian, non Bibliaz ere hainbat liburu izango diren, hain zuzen defizit horri, neurri txikian bada ere, erantzuteko asmoz).
3.2. Bibliak ba al du gaurkotasunik eta etorkizunik?
Bibliako mundua izugarri aberatsa da, eta adierazgarria, ez maila erlijiosoan bakarrik, baita maila antropologikoan ere —edozein giza proiektu, pertsonal nahiz kolektibo, oinarritzeko orduan—; adierazgarria zientzientzat ere —giza eta gizarte zientzientzat natur zientzientzat baino gehiago—. Biblia, ordea, kristau fedeari eta eliz munduari loturik ikusi ohi dugu, eta ez dugu ikasi gure kultur tradizioari —Mendebaldeko tradizio handiaren partaide garenez— eta herri tradizioari loturiko gertakari bezala ikusten. Baina ez al da tradizioarekiko haustura, hain zuzen, gure egungo kulturaren ezaugarri handietako bat? (G. Steiner-ek salatzen duen kultura amnesikoa). Hain aldaketa itzela jo dugu hamarkada gutxitan, oreka galdu baitugu tradizioaren eta modernitatearen artean, eta errorik, ardatzik eta norabiderik gabeko egoera bizi dugu. Federik gabeko gizarteaz hitz egin ohi dugu, baina era berean hitz egin behar genuke kultura sendorik gabeko gizarteaz, erlatibismoaren eta fragmentazioaren kulturaz. Hortik sortzen diren hutsuneak (ideologikoa, existentziala, morala...) nekez bete ditzake gure zibilizazio zientifiko-teknologikoak. Ongi definitzea zaila den egoera honek eragin zuzena du Bibliaren harreran; izan ere, erreferentziazko liburua izan da Biblia, mendeetan zehar; haren presentzia nonahikoa zen gizartean eta kulturan; gaur egun, ordea, aginpidearen eta balio normatiboen krisiaren ondorioz, funtsezko erreferentzia ororen ukapena ari da nagusitzen edonon.
Gure azaleko eta presakako zibilizazioak, konkurrentziaren eta errentagarritasunaren zibilizazioak, bestalde, ez dio lur egokiena eskaintzen Bibliari sustraiak bota eta loratzeko. Bibliarekiko harremanak, giza bizitzako topaketa garrantzitsu guztiak bezala, ernetasuna eta patxada eskatzen du. Biblia ez da kontsumo liburua, eta beraren irakurketa ez da eskakizunik gabea. Biblia ez da haur literatura ere. Nolabaiteko giza heldutasuna, bizi esperientzia eta konpromiso sakona eskatzen du —konbertsioa da Bibliako gai nagusietako bat, buru-bihotzen berritzea—: traszendentzia gosea batetik, immanentismo hutsetik harago doan jarrera, eta justizia, anaitasuna eta solidaritate ahalegina bestetik. J.M. Irigoien-en nobela izugarriak hasierako poeman dioen libertatea bezala, Biblia ere beti dago lur bat haratago, eta lur bat harago nahi gaitu eraman. Promesa eta itxaropena dira Bibliako indar eragileak, hiri eta lur berriaren bilaketa nekaezina... Israel herriak, bazterketa eta pertsekuzio guztiak gorabehera, iraupen gaitasun izugarria erakutsi du historia osoan zehar: sekretua Liburuan dago gordea, hori izan baitu beti babes eta indar, benetako aberri. Eta zer esan I.B. betetzen duen Nazareteko Jesusi buruz? Ez da zorakeria esatea, hogei menderen ostean haren ebanjelioaren ahalmen berritzailea ez dugula estreinatu ere egin oraindik[13].
Eskaintza zoragarria gordetzen du bere baitan Bibliak, onartzeko prest jartzen den edonorentzat. Eta, oztopoak oztopo, beti izango du aukerarik, haren barne indarra isildu ezina delako. Jesusek ereilearen parabolan adierazi bezala (Mk 4,1-9): hainbat ale lur desegokian erori eta alferrik galdu zen; baina beti dago lur ona aurkitzen duen alerik ere.
Oharrak
1. G. Steiner: "No es posible separar el vigor de la cultura e historia inglesas de la ubicuidad en esa cultura e historia de la Biblia del rey Jaime, del libro de oraciones y de Shakespeare" (Pasión intacta, 34. or., Bartzelona, 1997).
2. Afrika: 632; Asia: 565; Australia, Zeelanda Berria, Pazifikoko uharteak: 397; Latinoamerika: 391; Europa: 200; Ipar Amerika: 73. Hizkuntza asko Bibliaren bidez igaro dira ahozkotik idatzira.
3. Bibliari bi alderdi aitortzen zaizkio: batetik, Bibliaren zehaztasun historikoa: garai, toki, kultur inguru eta hizkuntza jakinetan sortua, literatur baliabide zehatzez eratua, etab. Baina era berean, Biblia osoari balio berezia egozten zaio, destino unibertsala, nolabait mugagabea (XXI. mendean ere esanguratsua). Bada hor tirabira bat, jatorriaren zehaztasun historikoaren eta destinoaren hedadura mugagabearen artean.
4. Hala ere, ikus Julio Trebolle-k Salmoen itzulpen berri baten atarikoan dioena, Walter Benjamin-en ikuspuntua aipatuz:
«La evocación de lo extraño, de lo otro, de lo sagrado fascinante y tremendo, de lo divino oculto y revelado en textos que han de ser trasplantados de una lengua a otra y en todo caso interpretados, responde en filosofía hermenéutica al ser de toda comprensión que, a través de la fusión de horizontes del texto y del intérprete, trata de desvelar ese espacio desde donde habla lo "otro" que se manifiesta en el texto. La mejor traducción es, según Walter Benjamin, la que, escrita con caracteres invisibles, discurre de antemano entre las líneas del texto: el mejor traductor es el que sabe leer entre líneas y descifrar aquella primera traducción: "Todos los grandes escritos en un cierto grado y las Escrituras sagradas en uno sumo conservan entre líneas su traducción virtual. La traducción interlineal del texto sagrado es la imagen primigenia o el ideal de toda traducción". Aquí Benjamin está recogiendo la tradición mística judía que leía entre líneas y entre las letras de una línea, para tratar de descubrir las setenta caras y los cuarenta y nueve niveles de significación encerrados en la escritura del texto sagrado» (Libro de los Salmos, 13. or., Madril, 2001).
5. Tradizio katolikoan deuterokanoniko deituriko liburuoi protestanteek "apokrifo" deitzen diete: juduek ez zituzten H.B.ren kanonean onartu eta LXX deituriko antzinako grekozko itzulpenean iritsi zaizkigu.
6. Orain arte J. P. Duvoisin-ek —1859-65 urteetan argitaratua—, R. Olabide-k —1958an— eta J. Kerexeta-k —1976an argitaratua— eginak genituen. Hauei J. A. Uriarte-rena gehitu behar zaie orain, Bonaparte ondareko eskuizkribuak liburu-sailean argitaratua (Bilbo, 1993).
7. Espainiako Biblia Elkartea (SBE) Biblia Elkarte Batuen barruan dago; BEB Bibliaren zabalkuntza helburu duen nazioarteko erakundea da, jatorriz protestantea, gaur egun ekumenikoa. Joan den mendean egin diren eta une honetan bertan mundu zabalean abian diren itzulpen proiektu asko eta asko erakunde honek bultzatuak dira (katalanez eta bablez ere egin dituzte itzulpenak BEBren laguntzaz).
8. Bibliaren itzulpenaz hainbat lan argitaratuak dituen Carlo Buzzetti: Traducir la Palabra, Verbo Divino, Lizarra, 1976; La BIBBIA e la sua traduzione, Elle Di Ci, Torino, 1993.
9. Horien azpian E.A. Nida eta Ch.R. Taber linguisten lana dago: The Theory and Practice of Translation, Biblia Elkarte Batuek 1974an argitaratua. Gaztelaniara itzulia dago.
10. Jatorrizko testuaren ezagutza gero eta zehatzagoa da. Hori izan da Qumrango eskuizkribu ezagunek Bibliaren ikerketari egin dioten ekarpen handietako bat. Ben Sirak liburu deuterokanonikoaren kasua adierazgarria da: EABn, itzulpen gehienetan bezala, grekozko originalari jarraitzen zaio; baina gaur egun hebreerazko testu gehiena ezagutzen dugu (Qumrani eta beste zenbait aurkikuntzari esker). Hebreerazko testuaren irakurketa ezberdinak oharretan ematen dira EABn.
11. Hauek dira Biblia osoari buruzko 2001eko maiatzeko datuak: Biblia handitik, ia 14.000 ale saldu dira; formatu txikiko Bibliatik, 3.500. Lehen urte eta erdian izan zuen irteerarik handiena; geroztik, urteko 1.000 ale inguru zabaldu dira.
12. Honela dio L. Duch fenomeno erlijiosoaren ikertzaileak Espainiari buruz:
«En nuestro país, desde una perspectiva laica, la carencia casi total de investigación de los fenómenos religiosos hasta la década de los sesenta del s. XX constituye un indicador muy preciso de la lejanía en que nos hemos mantenido respecto a las corrientes de pensamiento que se imponían en el resto de Europa. A partir de 1975 hubiera sido posible remediar un tanto la situación, pero se eliminó el anacrónico e inefectivo estado confesional sin que (...) se llegara a concretar culturalmente, a nivel escolar y universitario, el estudio de los fenómenos religiosos. ... (la religión no llegó a tener) una adecuada presencia académica en la transmisión de los saberes que deben llevar a cabo la escuela (pública y privada) y la universidad. Por todo ello no puede extrañar el creciente analfabetismo religioso y cultural que padecemos y que, por lo que parece, continuará extendiéndose y afirmándose» (Antropología de la religión, 16 or., Bartzelona, 2001).
Egoerari buruzko diagnostikoak Euskal Herriarentzat ere balio duela esango nuke; badira, hala ere, bestelako ezaugarriak (helburu politikoen absolutizazioa adibidez, ia-ia erlijioen funtzioa betetzerainokoa), egoera are larriago egiten dutenak.
13. Aipatzekoa da Joxe Arregi frantziskotarrak berriki idatziriko kristologia ("Fededun zalantzatiei, fedegabe egartiei" dedikatua): Nazareteko Jesus. Zer gizaki? Zer Jainko?, Deustuko Unibertsitatea 2000.