Zenbait gogoeta 'Literatura Unibertsala' bildumaz
Iñaki Aldekoa, Mari Jose Olaziregi

EIZIEko lagunek eskatuta gatoz orriotara. Duela urte batzuk hartutako konpromisoari erantzunez, "Literatura Unibertsala" bildumak bere ehungarren titulua ere iragarrita duen honetan, bildumari halako gainbegiratu bat eskaintzea zen gure eginbeharra. Jakina, bi aldiz eman genion ezetza gonbitari; izan ere, lotsak hartzen gintuen inori Tolstoi-ren Ana Karenina eleberria itzultzea ondo legokeela esan behar geniola pentsatze hutsaz. Itzultzaile profesional onak eta literaturzaleak genituen aurrean eta ez genuen, noski, edonork ezagutzen dituen liburu kanoniko errepikatuen liluran erori nahi. Are gehiago, itzultzaile ez garen aldetik, harrokeria itzela iruditzen zitzaigun inoren lanaren kalitateari buruzko juzkuak egiten hastea. Irakasle eta kritikari garen aldetik bakarrik onartu genuen EIZIEko lagunen gonbitari baietz esatea. Beraz, ondoren datozenek batxilergorako prestatutako Literatura Unibertsala liburua egituratu genuenean ikusi genituen zenbait hutsuneren gaineko gogoeta xumeak izan nahiko lukete, besterik ez.

Luze eramango liguke erabakitzen zergatik aukeratu liburu batzuk eta ez beste batzuk; aurreragoko galderarik ere burura dakiguke: zergatik irakurri, zertarako edo zergatik eta norentzat itzuli. Galdera horien guztien erantzun bila abiatuko bagina aurkituko genuke, seguru asko, guztiek partekatuko luketen gogo, irizpide eta asmorik. Irakurtzea ona dela esatea, esate baterako, pellokeriatzat hartuko litzateke gurea bezalako gizarte batean. Egia da gure Mendebaldean (gurean ez hainbeste) aspalditik estimatua den jarduera zela irakurtzea. Hala ere, galdetuko baligute zergatik den, bada, ona irakurtzea, ordu arteko erabateko adostasunean lehen gorabeherak agertuko lirateke: gustura pasatzen delako, ezaupidea delako, edertasuna ezagutu eta sentitzeko modua delako, gure mundua zabaldu eta aberasteko, edo irakurtzeak gizakiagoak (moralagoak) egiten gaituelako erantzun harroa ematen duenik ere egon daiteke. Gauza jakina da erantzun onartu horiek guztiak ere eztabaidagarriak suertatu direla merkatuak eta irizpide komertzialak soilik agintzen duten garaiotan. Behiala lotsagarritzat hartu ohi ziren erantzunak gaur egungo azterketa soziologikoetan barra-barra aurkitzen baitira. Finean, gazte edo heldu batek "ez dut irakurtzen, eta zer?" probokatzailea botatzen digunean irakurketaren inguruan etengabe errepikatu ditugun onura jakinen inguruko topikoak irauli behar ditugula datorkigu gogora. Beste hitzekin esateko, egia da pertsona irakurri batek mundua ulertzeko modu zabalagoa, gizatiarragoa eduki dezakeela, baina egia da, halaber, euren emazteak zigortzen dituzten senarren artean Proust-en irakurle bat baino gehiago egon daitekeela. Irizpide eta hurbilpen desberdinak erabili behar dira gaur egun irakurketa kontuei aurre egiteko, irakurketa-politika desberdinak eztabaidatzeko. Dagoeneko ez digu balio 60-70eko hamarkadetan liburuaren kulturari egiten zitzaion gorazarrea errepikatzeak, urteak aurrera joan ahala ezer argi geratu bada irakurri gabe primeran bizi daitekeela baita. Eta halaxe bizi da, esaterako, espainiarren erdia, urtean liburu bakar bat irakurri gabe.

Demagun, kultura bezalako kontzeptu batek beregana ditzakeela, neurri handi batean, gorago aipatutako irakurtzearen inguruko ikuspegi desberdinak. Jakin badakigu, kulturak ez gaituela beti barbarietik salbu eutsi (ikus G. Steinerren Mintzaira eta isiltasuna liburua); halere, beti atezuan egotera kondenatuta egonik ere, kultura dugu gure gizartean ondarerik bikainena. Matthew Arnold-ekin batera, "esan eta idatzi den onena" hartuko bagenu kulturatzat, orduan ere ez genuke osorik askatuko korapiloa. Izan ere, norbaitek erabaki egin beharko bailuke zeintzuk diren ondoen idatzi eta esandakoen artetik, eta zergatik, eta gainera ontasun hori zertan den ere argitu beharko liguke, eta abar, eta abar. Harold Bloom-en Mendebaldeko Kanona liburu ezagunari azken urteotan egin zaizkion kritiketan ezer argi geratu bada horixe izan da: historian zehar "ezinbesteko" kontsideratu diren izenburuak boterean zegoen instituzio literarioak bermatutakoak izan direla eta hori onartuz, marjinetako literaturagileek (emakumezkoek, haur eta gazteentzat idazten dutenek, mendebaldeko inperio handien hizkuntzetan idazten ez dutenek,...) presentzia urria izan dutela urtetan eztabaidaezina kontsideratu izan den Kanon horretan.

Gaur egunean, zaila da "itzuli beharreko" zerrenda kanoniko bat defendatzea, eta are zailagoa, norberaren irakurle esperientzian gune funtsezkoa gorde duten liburuen lilurari ihes egitea. Baina EIZIE bezalako erakunde batek inoiz ezin du saihestu adostasun zabala erdietsi duten izenburuak kontuan ez hartzea. Irizpide desberdinak izan daitezke aukera horretan sartzen direnak: testuaren kalitate onartua, interesa, irakurtzeko erraztasuna, itzultzeko erraztasuna, irakurzaletasuna sustatzeko egokitasuna, luzera/erraztasuna,... Irizpideen dantza honetan, lehentasuna zeri ematen diogun, arras alda daiteke itzulgarriak diren izenburuen zerrenda. Esate baterako, bati izugarri gusta dakioke Eça de Queiroz-en Basilio nire lehengusua (euskarara itzuli gabea eta eleberri zoragarria), baina egokia da G. Flaubert-en Madame Bovary lehenago euskaratu izana.

"Literatura Unibertsala" bildumak, salbuespenak salbuespen, XIX. eta XX. mendeetako egile eta lanak itzultzea izan du helburu. Oro har, modernitatea da, beraz, bere ibilbidearen bizkarrezurra.

Modernitate hori gureganaino heldu den mugimendua eta garaia da, sentsibilitate berriaren ezaugarri nagusien artean dago erlijio tradizionalaren ordez espiritualtasun eraberritu bat (artistikoa eta utopikoa) eraiki izana. Erromantizismoa dugu, bide honetan, lehenengo gertaera eta joera artistiko nagusia, eta Erromantizismoaren genero kuttunen artean poesia, ipuinak eta prosa poetikoak zeuden. Errealismoa litzateke bigarren gertaera eta joera artistiko esanguratsua. Esan dezagun, mugimendu historikoaz haratago, Modernitatean zehar sasoi gehientsuenetan agertu ohi diren joera edo "konstante" gisako balioak hartu ditugula hemen: batetik, Erromantizismoan sortutako poesia, narrazio fantastiko eta ipuingintzarako joerak geroago ere agertuko direlako; eta Errealismoa helburu duten eleberrigintzak ere bai, bestetik.

Erromantizismoaren ondarerik apenas dagoen gurean. Gaingiroki botatako begiratu batean, berehala ohartuko da bat oso poesia gutxi jaso duela "Literatura unibertsala" deritzan bildumak. Egia da poesia itzuliaren gabezia hori arintzeko baditugula han-hemen Sarrionandiak itzulitako poema solte batzuk edo egile berak Pamielarako itzulitako Coleridge-ren Marinel zaharraren balada poema ezagun eta ospetsua. Egilez egileko bidea baztertu gabe ere, erdibide bat aukeratzea oso praktikoa izan daitekeelakoan gaude: antologiak argitaratu behar dira (frantsesak, alemanak, ingelesak edo mugimendu osoa aintzat hartuko luketenak). Urrats bat aurrera emanez, barkaezina da, esate baterako, Modernitatearen poeta esanguratsu eta handienaren poesia liburu ospetsua —Baudelaire-ren Gaizkiaren loreak-ez ari gara— itzuli gabe egotea. Liburu horretatik abiatu eta elikatu baita haren ondorengo poesia moderno guztia, esate baterako, P. Verlaine-ren Poeta malditoak edo T. S. Eliot-en Lur eremua. XIX. mendera aldatuko bagina, gauza bera gomendatuko genuke: antologiak landu, antologiek, gehienetan, aurrez egindako galbahe zorrotza eskaintzen baitiote irakurleari.

Dena dela, Poe-k eta Hoffman-ek, biak ere funtsezko idazleak, izugarri itxuratzen dute Erromantizismoaren garaia. Eleberriei dagokienez, hiru mailatan pilatzeko moduko hutsuneak daude: W. Scott-en Ivanhoe (eleberri historikoa), Goethe-ren Werther (eleberri sentibera), Ch. Brönte-ren Jane Eyre (eleberri sentibera) eta Melville-ren Moby Dick (abenturazko eleberria). Horiei gehituko genizkieke, batzuentzat hain "kanoniko" ez izan arren irakurle asko erakarriko lituzketen beldurrezko eleberriak: M. Shelley-ren Frankenstein edo B. Stoker-en Drakula, edo haur eta gazteentzat argitara eman ziren Barrie-ren Peter Pan bezalako lan ezagunak.

Mende amaierako ipuingintza, imajinaziozko prosa eta abenturazko eleberrigintza ondo beteta gelditzen da Maupassant, Txekhov, Stevenson, Wilde, Verne, Schwob bezalako idazleen lanekin. Iruditzen zaigu, aipatutako horien artean arreta gehixeago eskaini beharko litzaiokeela Conrad-i (Itsas lerroa, Lord Jim euskaratu gabe daude).

Errealismoaren pausoa emanez gero, gauzak beste tamaina batean neurtu beharrean aurkituko ginateke. Izan ere, eleberri luzeak dira. Jainko txikiak bailiran, eraldaketa bizian zegoen mundua kontatu eta eleberrietan errenditu nahi zituzten XIX. mendeko nobelagileek. Ingalaterratik Dickens-en David Copperfieldek bere lekua eskatzen du. Frantzian gehiago dira: Sthendal-en Gorria eta Beltza eta Parmako kartusia eleberri handiak (tamainez harago) dira. Balzac-en Goriot zaharra oso ondo hautatutako eleberria da; gertatzen dena zera da, hain dela ugaria Balzac-en "Komedia Humanoa": haren Ilusio galduak eta Gortesauen ospeak eta miseriak gogoan hartzekoak dira. Flaubert-en Heziketa sentimentala. Zolaren Nana eta naturalismoaren ukazio den Huysmans-en Á rebours eleberriak. Portugaletik Eça de Queiroz-en Basilio nire lehengusua nabarmenduko genuke. Errusiak ere asko ekarri zion eleberrigintzari: Tolstoi-ren Gerra eta Pakea eta Ana Karenina izenburu bazterrezinak dira; Dostoievski-ren Krimena eta kastigua, Idiota eta Karamazov anaiak beste hainbeste. Eskandinavia aldera begiratuz gero, berriz, hiru egileren lanak faltan ikusten dira: Ibsen eta Strindgbe-ren antzerki ospetsuenak eta Jacobsen daniarraren Niels Lyhne lana.

Jakina, gero Henry James-en eleberri luzeak daude (Borgesek esaten zuen bezala, mundu guztiak maisutzat eduki arren inork irakurtzen ez zuen nobelagilearenak): Emakume baten erretratua edo Bostondarrak.

XX. mendera aldatuko bagina ia-ia gauza bertsuak esan beharko genituzke poesiaz eta antzerkiaz. Gutxi itzuli da, ez dago orekarik, ez eta gutxiagorik ere. Ez gara, baina, horretan luzatuko. Horretaz gain, mundu guztiak ikusteko moduko mendi batzuk daude eleberrigintzan, inor ez da horiekin ausartu: Joyce-ren Ulysses, Proust-en Denbora galduaren bila, Kafka-ren Metamorfosia, Mann-en Mendi magikoa, Musil-en Tasunik gabeko gizona, Broch, Canetti, J. Rothe-n Radetzkyren martxa, Frisch-en Ez naiz Stiller, Jünger-en Altzairuzko ekaitzak edo Diarioak... Horiekin batera, eta itzulgarria litzatekeen kritika lan ezagun bat aipatuz, hortxe geneukake V. Woolf-en Norberaren gela liburu ezaguna, gurean itzuli diren saiakeren urritasuna apur bat orekatuko lukeena.

Sasoi gogor horien testimonio ederrak daude, gehienak diarioetan: ezin du literatura itzulpenak halako genero bat baztertu. Pavese-ren Bizitza lanbide itzuli da; baina gogora ditzagun beste izenburu batzuk: Zweig-en Atzoko mundua, Victor Klempere-ren Diarioak (gazteleraz ere ez dira oraindik ezagunak), aipatutako Jünger-enak...

Alemanera utzi eta beste hizkuntzetara pasatuko bagina, han eta hemen agertzen dira hutsuneak, baina arinagoak dira. XX. mendeko narratiba oso ondo aukeratu eta jasoa dago bilduman. Italiatik Primo Levi-renak falta dira (Auswichzen testimoniotik elikatzen den trilogia), Calvino-ren Si une notte... ospetsua eta Moravia-ren zerbait gehiago ere ondo egongo litzateke (El amor conyugal...). Estatu Batuetako eta ingelesetik oro har dagoen hutsunerik handienetakoa Nabokov-ena da, Nabokov-en Lolita eleberriarena. Harekin batera, Jean Rhys (Wide Sargasso Sea), Flannery O'Connor (A Good Man is Hard to Find and Other Stories), Philip Roth, John Updike, T. Morrison (Beloved) eta Auster Ameriketan eta Malcom Löwryrena, Ingalaterrako bat soilik aipatzekotan, egongo lirateke, besteak beste. Frantziatik begiratuta hiru izen klasiko aipatu behar dira: Gide-ren Dirugile faltsuak, Malraux-en zerbait, esate baterako Giza izatea edo Esperantza, eta Sartre-ren Goragalea.

Beste kontu bat litzateke azken urteotan ospetsu bihurtu direnera eta aurrerago klasiko izan daitezkeenera. Beste kontu bat, eta hau zailagoa konpontzen, Mendebaldeko kanpoko idazleen lekua (Afrikakoak, Asiakoak edo, guregandik hurbilago egon arren, erabat ezezagun ditugun erdi Europa ekialdekoak, Polonian hasi eta Albania artekoak, esate baterako. Jakin dugunez, laster itzuliko diren izenburuen artean badira Gordimer, Kundera, Kemal, Achebe bezalako egileenak.

Azkena. Gure itzulpengintzaren egoera hauxe da: badugu irakurlerik (gutxi, egia esateko), baina ez publiko eroslerik. J. M. Castellet-ek 1955ean argitaratutako Irakurlearen ordua liburuan esan zituen hitzak dira horiek. Aipatzen diren salmenta kopuruei erreparatuz gero, badirudi gazteleraren esparruan publikoa bai ugaldu dela, Castellet-ek nahi zuen irakurle kastaren kalterako gertatu bada ere. Non gaude gu? Itzultzaile, ikertzaile eta beste gremioren bat albora utziz gero, ba al dugu etorkizunerako baikor agertzeko daturik? Guztion baitan dauden galderak, erantzunik gabekoak.

Asko dago oraindik egiteko, irakurle asko seduzitu eta hezteko. Irakaskuntzan, esaterako, oraindik kosta egiten da itzulitako testuak irakurraraztea, esku artean daukagun ondare unibertsalera jendea hurbiltzea. Baina eztabaida hori hurrengo baterako utziko dugu. Orain-oraingoz, egin dezakegun gauzarik garrantzitsuena, orain artean bezala, seriotasunez eta ilusioz lan egiten jarraitzea da. Irakasleon eta bitartekari guztien ardura izango da itzulitako lan bikainak ikasleen eskakizun desberdinetara egokitzen asmatzea. Itzultzaileona, berriz, literaturazale garen guztion barne mundua aberasten jarraitzea.