Aurkezpena
Gotzon Egia

Euskal itzulpengintzaren mugarri batekin bateratsu dator, hala nahi izan gabe, hogeita bigarren zenbakia daraman Senez hau: aurten abiatuko dira, mende berriaren atari, itzulpen eta interpretazio ikasketa ofizialak Euskal Herriko Unibertsitatean. Berantetsirik datoz, batzuen aburuz, ikasketok, zalantzaz josirik, besteen iritziz, euskal itzultzaile gehienen lan iturriari (gaztelera eta euskararen arteko itzulpengintzari, alegia) gibel egindako ikasprograma dirudielakoan... Bego, behingoz, geure lanbidea «jakite hegoek igoa», maila akademikoraino igoa alajaina, eta geroak esan beza badugun kemenik aski gaizkia hobetzeko, okerra zuzentzeko, bideari bide emanez, bidea urratsez urrats eginez.

Itzulpenak zabaltzen du, aurrekoan bezala, gure aldizkaria. Anje Duhalde kantaria jalgi da oraingoan itzultzaileon plazara, ausarki jalgi ere: George Brassens poeta eta kantari frantsesari poema sorta hartu dio maileguan, une batez bederen poemok zuzenean geureganatzeko. Haien hautapena egin dugu, poema samurtasunez beterikoak, irri sakon eta gaiztoak, koblakari zaharraren begirada zorrotzaren hariaz josiak.

Azterketa luze-sakonago baten laburpena dakarkigu Manu Lopez Gaseni gasteiztar irakasleak, erdaretatik euskarara aldatutako haur eta gazte literaturan itzulpengintzaren zeregina eta xedea argitzeko lagungarri. Ikuspegia da, besteak beste, irakasbide: haur literatura sorkari modernoa ez den bezala, euskal itzulpengintza aspaldidanik saiatu izan da gazteentzako literaturaren ura geure errotara biltzen. Zaharragoek nola jokatu zuten, egungoen aldean izan zituzten gabezia eta hutsuneak ikertzea, horra hor langintza mesedegarria garaiotako itzultzailearentzat.

Kalitate arauak erabili zaharrak dira produkzioaren eta zerbitzuen esparru askotan, berrikiago sartuak dira itzulpengintza bezalako jarduera intelektualetan. Karlos del Olmok gogoz ekin dio bide horri, lehendabizi 1999an Udako Euskal Unibertsitatean egindako ikastaroa gai horri oso-osorik emanik, eta orain kalitate arauen azterketa luze bezain sakona eginik.

Itzulpen munduko berri, iritzi eta hausnarketa saila dator gero, hiru ataletan bildurik: Koldo Bigurik 1998an Verines-eko idazleen bilkuran irakurritako hitzaldia (Mari Jose Kerejetak euskaratuta); Antton Garikano itzultzailearekin izandako elkarrizketa; eta José Saramagoren Lisboako setioaren historia liburuaren aurkezpenaren kronika laburra, Jon Alonso itzultzailearen hausnarraldiarekin batera.

Azkenik, Senez aldizkariak omen egin nahi izan dio joan den udan zendutako Jose Luis Etxeberria «Txigua» itzultzaileari. Administrazioan eta esparru ofizialetan itzultzaile aitzindari izandakoa, Eusko Legebiltzarrean ari zen lanean azken urteotan. Haren lankideei esker argitaratzen dugu hemen Jose Luis Etxeberriak idatzitako artikulua.