Lau kantoiko ontzak: fideltasunaren arazoa itzulpengintzan
Gotzon Egia

(Artikulu hau Zehar aldizkariko 34. zenbakian argitaratu zen lehenengoz, 1997ko udan.)

Milan Kunderak 1965ean argitaratu zuen lehenengoz Zert obra. Egilea Pragan bizi zen, eta ez zen oraindik oso ezaguna Europako mendebaldeko herrietan.

Pragako udaberriko gertaerek, 1968an, arrasto sakona utzi zuten orduko Txekoslovakian, herria kalera irten zenean armada sobietarrari haserrez eta harriz erantzutera. Ondorio politiko larriak izan zituzten, hala ere, tanke arrotzei aurre egiteko ausardia azaldu zutenek. Beste askori bezala, Kunderari bere eginkizun guztiak debekatu zizkioten, eta utzi egin behar izan zuen ordura arte Pragako Zinema Eskolan irakasle gisa egiten zuen lana. Urte batzuren buruan, herstasun politiko itogarriaz etsiturik, Frantziaratzea deliberatu zen 1975ean, bertako herritartasuna harturik. Ordurako argitaratuak zituen, txekieraz jakina, bere obra ezagun asko, besteak beste aipatutako Zert eleberria (1). Parisen jakin zuen bere obrak itzulpen asko zituela jadanik. Berak honela kontatzen du:

1968 eta 1969 bitartean Zert mendebaldeko hizkuntza guztietara itzulia izan zen. Baina, ezusteko ederrak! Frantzian, itzultzaileak eleberria berridatzi egin zuen nire estiloa apaindurik. Ingalaterran, editoreak hausnarraldiak moztu, atal musikologikoak kendu, zatikien ordenamendua aldatu, eleberria eramoldatu egin zuen. Beste herri bat. Itzultzailea aurkitu dut: ez daki tutik txekieraz. «Nola itzuli zenuen?» Erantzuna: «Bihotzez» eta sakeletik aterata nire argazki bat erakusten dit. Horren atsegina zenez, ia sinesturik gelditu nintzen benetan itzulpenak bihotz telepatiaz egin zitezkeela. Jakina, errazagoa zen kontua: bere itzulpena frantses porrusalda hartatik abiatuta egin zuen, Argentinako itzultzaileak egin zuen bezala (...) Zert eleberriaren itzulpenen eraginak betiko arrastoa utzi zuen nigan. (2)

Geroztik, itzultzaile onak ere aurkitu izan dituela argitzen du Kunderak, baina gertakari horren eraginez ziur aski bera da gaur egun idazle europarren artean itzulpengintzaz hausnarketa eta dedikaziorik handiena egin duen autorea. Berak plazaratu ditu erarik gordinenean itzulpen literarioak Europan dituen egitura arazo larriak, baina aldi berean itzultzaileari egiten dizkion kritiketan lanbidearekiko maitasuna ageri du zalantzarik gabe. Ez da, beraz, beste askotan ikusi izan dugun bezala, ustez alor neutralean kokatzen den itzulpen kritikari kamutsen jarrera. Izan ere, zer dago errazagorik, beste inork egindako itzulpena "aztergailuz" ongi hornitutako laboratorio argumentalean xehe-xehe egin eta itzultzailea lotsagarri uztea baino? Egun txekierazko irakurlerik apenas izan arren, Kunderak aitor du itzulpenak eta itzultzaileak dena direla bere obran. Bere obren itzulpen hankazgoratuen artean pulamentu piska bat jartzera deliberaturik, urte luzeak eman zituen ulertu eta irakurtzen dituen hiruzpalau hizkuntzetan egindako edizio zahar nahiz berriak zuzentzen. Ofiziokoa da, nolabait ere.

Fideltasuna du arau itzulpengintzan: itzultzaile ona -dio- fidela da. Ikustekoa da, gainera, zer duen berak fideltasuntzat: Les testaments trahis entseguko laugarren atalean ("Une phrase") bere traduktologia partikularra egiten du Kunderak, Kafkaren Gaztelua obrako hirugarren ataleko esaldi batean oinarriturik. Esaldi horretan, K. eta Friedaren arteko larru jotzea deskribatzen du Kafkak.

Frantsesez Pierre Vialattek 1938an eta Bernard Lortholaryk 1984an egindako itzulpenak jartzen ditu fideltasun ezaren eredu, eta segidan, Kafkak berak alemanez idatzitakoaren ondoan Kunderak bere itzulpena egiten du, aurretik esanez fideltasunaren emaitza soila dela. Hitzak bana bana zaindu, behatu, arakatu, aztertu, neurtu, artatu, zenbatetsi...halakoa da bere traduktologia, ez bakarrik itzulpenari buruzko diskurtsoa, praktika ere bai. Garesti saltzen du, ondikotz, itzultzailearen larrua.

Zer da fideltasuna itzulpengintzan? Kontradikzio bat, ziur asko: itzultzaile lanbidearekin batera hasi zen galdekizun horrekiko eztabaida, eta itzultzaileari eskatu ohi zaion dohainik behinena izan arren, zail da fideltasunaren muinaz bat etortzea. Itzuli bezainbat idatzi izan da, ia, fideltasuna nozioaz, eta zalantzakor naiz iluntasun horretan honez gero argirik egiteko gauza ote garen.

Utz dezagun, baina, oraingoz eztabaida, fideltasunak izan behar ote duen jatortasun ala menpekotasun, eta ikus dezagun kontradikzioaren beste alderdi aurreragoko bat. Itzultzaileari bakarrik eskatzen zaio, fideltasunaren izenean, imitazioaren artea lantzea: egilearen nahierara testua orpoz orpo jarraitzea eskatu ohi zaio itzultzaileari, bere baratzekorik erantsi gabe, bere kolkorako gordeaz Kunderak salatzen zituen hornimenduak, eta egilearenak huts-hutsik utzita. Plagiarioa izatea du bertute itzultzaileak, eta obra berria ezik plagio txukun eta garbia preziatuko diote denek.

Literaturan ez bezala. Hobeki esanda: literatura modernoan ez bezala. Egilearen jabetasun intelektualaren kontzeptua sortuz geroz, eta batez ere kontzeptu horrek kultur merkatuaren esparrua monopolio hertsian hartu zuenez geroztik, plagioa gaitz larritzat hartu izan da, baina bistan da hori asmakizun guztiz modernoa dela. Lehenago, artearen kontzeptu klasikoari jarraiki, eredu guztizkoa kopiatzea zen artistaren (idazlearen) helburua. Klasizismoko Europa osoan, canon edo arau jakin baten imitaziozko fideltasuna eskatzen zitzaion idazleari.

Ilustrazio aurreko kontzeptu horrek agintzen du funtsean oraindik itzulpengintzan: eredua (jatorrizko obra edo testua) ahal duen trebezia handienaz (itzultzailearen jakituria eta jarrera) imitatzen, kopiatzen, orpoz orpo jarraitzen (itzulpen teknikak eta estiloak) ahalegindu beharra dauka itzultzaileak. Fideltasuna, baina nori zor dio fideltasuna itzultzaileak? Egileari, jatorrizko obrari, itzulpenari berari? Egilearen "izpirituari" ala letrari?

Kunderak, esate baterako, bi urrats egin ditu fideltasun hori zer ote den definitzen laguntzeko, eta bi urratsok itzultzaile (edo, hobeki esanda, itzulpen begiratzaile) gisa bere bizitzaren zati garrantzitsu batean egindako langintzaren emaitza direla esango nuke. Berak esaten duen bezala, bere itzulpenak gainbegiratu eta zaintzen ahalegintzen den idazlea artzain baten gisakoa da, menderaezinezko ardi galduen bila ari den artzain etsituaren gisakoa. Artzain lanaren emaitza direla esan genezake, beraz, Kunderak traduktologian egindako hausnarketak. Alde batetik, bere nobelen hiztegi partikularra egin zuen L'art du roman obran; bere gako-hitzak, arazo-hitzak, amodio-hitzak biltzen omen ditu bertan. Beste aldetik, Les testements trahis (3) obran Kafkaren Gaztelua-ren itzulpenen kritika egiten duenean, itzultzaileari eskatzen dion fideltasuna hezurmamitzeko proposamen bat egiten du: metafora. Bere hitzetan, ezerk ez dio metaforak bezainbateko zehaztasunik eskatzen itzultzaileari; metaforak gordetzen du egilearen jatortasun poetikoaren muina. Horri atxiki ezean, itzulpen fidagarririk ez dago, dio Kunderak.

Bere izatea halabeharrez bitan banatu eta itzultzailea eskizofrenia batean aurkitzen dela esango nuke. Izan ere, fideltasuna alde biko bektore gisa lanean ari zaio etengabe: alde batera, jatorrizko testuak eta egilearen letrak eskatzen dioten fideltasuna dauka gorde beharra, baina bestera, bere-berea duen hizkuntzan egindako itzulpena ere fideltasunaren eske izango du, eta egilearen "izpiritu" hura beste hizkuntza batean gordetzeko behartasuna gailenduko zaio.

Bat bera bitan banatu behar horrek sorrarazten du itzulpengintzaren berariazko dinamismoa eta elkarreragintza, horixe dela esan daiteke itzulpenaren motorra. Itzultzailearen erdibanatze erne, zoli horri zor dizkiogu ziur asko munduan diren eta izan diren itzulpen antologikoak, baina baita ere esan beharra dago oreka zail horretan tronpatzearen errazak ekarri dituela historian ezagutu diren zentzugabeko, zorigaiztoko itzulpen gehienak, itzultzailearen trebakuntza edo trebezia eskasak baino gehiago zalantzarik gabe. Izan ere, traizioz betetako lanbidea da itzultzailearena, eta ez dugu deus berririk asmatuko merkatu editoriala itzulpen txarrez eta itzulpen izena gogoz kontra baizik har ez dezaketen itzulpenez (traizioz) beterik dagoela esaten badugu. Urrutira gabe, merkatu espainola gaitz horren lekuko paregabea dela esango nuke (4). Ez ditut hemen luze-zabal eztabaidatu nahi itzulpen traizioaren arrazoi xeheak, baina oker ulertze larririk gertatu aurretik, esan dezadan behintzat itzulpen fidagarrien erantzukizuna itzultzaileari aitortzearen aldekoa naizen bezala, itzulpen zoritxarrekoen zama editoreen bizkar utzi beharrekoa ikusten dudala, beti edo ia beti.

Traizioaz ari gara, Kunderak ere hitz hori bera erabiltzen baitu bere azken entseguan. Bereziki, itzulpenak jatorrizko testuaz edota egileaz, edota haren izpirituaz, egin dezakeen transgresioaz. Fideltasun guztizkoaren eredutik aldentzen den neurrian izango litzateke itzulpena traizio, baina horretan ere kontradikzio da fideltasuna itzultzailearentzat: alde batetik, plagioa eskatzen zaio, jakinik gure kultur egitura eta jokamoldeetan traizioaren adierazlerik garbiena imitazioa dela. Interesgarri da, zentzu horretan, Guy Marchand-ek Kunderaren testuez egindako irakurketa:

Est-ce que l'Otello de Verdi est une trahison de Shakespeare? Est-ce que le Guépard et La Mort à Venise de Visconti sont des trahisons de Lampedusa et de Mann? Est-ce que la version cinématographique de Hamlet par Laurence Olivier dans laquelle il fait des coupures et déplace le fameux «To be or not to be» est une trahison de Shakespeare? Est-ce que la Tétralogie par Chéreau est une trahison de Wagner? Est-ce que Les Quatre Saisons par Nigel Kennedy sont une trahison de Vivaldi? Alors vivent les trahisons! (5)

Nola uler, beraz, itzulpena fideltasun gisa, fideltasuna plagio gisa, plagio traiziorik gabekoa? Nola gorde jatorrizko testuaren izpiritua, geure adierazpideak eta kultur moldea bortxatu gabe? Izan ere, Kunderaren iritzi literalisten (letrazaleen) aurka, berak hain zorrozki kritikatutako itzultzailearen ahotsa ere entzun behar dugu. Bernard Lortholaryk dio, Kafkaren itzulpen literalistez:

Si on se prétend fidèle à la langue de Kafka, en réalité on reste fidèle a la syntaxe allemande, ce qui donne un français «étrange», opaque, lors que l'allemand de Kafka n'a rien d'étrange. (6)

Zuhur jokatzeko gomendatzen dio Lortholaryk itzultzaileari, baina deusen bildurrik izan gabe. Askotan, hizkuntzen arteko urruntasun linguistiko eta kulturala handiegia omen da hitzez hitzeko itzulpena bide zuzenetik egin ahal izateko. Hikzuntza bataren eta bestearen erritmoa, jarioa, tolesdura, esaldien erabidea, ez dira berdinak, eta batarenak (sorburu hikuntzarenak) ezingo ditugu diren bezala gorde bestearenak (xede hizkuntzarenak) bortxatu gabe; eta alderantziz. Euskarari buruz ari garela, eta euskal itzultzaileari buruz, esaldi horren egiaz jabetu behar genuke geure itzulpenak (baita gure itzultzaileak) hestu hartu aurretik. Aldeak alde, txineratik frantsesera ari izaten den Miguel Mandarèsen hitzak harira datoz:

Moins les concepts se ressemblent, plus la tâche est ardue. En chinois, le plus facile à traduire, ce sont les textes politiques, parce qu'ils subissent l'influence du marxisme, donc la pensée occidentale. En général, le chinois n'ayant pas comme le français la religion de la non-répétition, on rencontre quantité de pléonasmes (...) En rémodelant le phrasé, en cassant le rythme, on trahit, mais il s'agit là d'une trahison fidèle, pour rependre un titre de Segalen. (7)

Arrazoi eman beharko lioke Kunderak, Kafkaren itzulpenen kritika egiterakoan hain mingoski leporatzen dienean itzultzaileei egilearen hatsa galdu izana. Jakina da Kafkak sukar literario baten menpe idatzi ohi zituela bere liburu ezagun gehienak, gau osoan luma paperetik jaso gabe, kolpe bakarrean ia. Erritmo jarraia, pausatu gabekoa, esaldi mugagaitzak, paragrafo amaigabeak, hori dena ez da harritzekoa Itxuraldeaketaren egileagan. Kunderak deitoratu egiten du erritmo hori frantsesezko itzulpenetan gorde ez izana; hasieran aipatu dugun Gazteluaren hirugarren ataleko perpaus ospetsu horren gainean ari dela, dio:

Vialatte-k egindako itzulpenean puntu eta koma erantsitako horrek ernegatzen nau gehien (...) Eten horrek (sintaxiaren arabera zuzena izanik ere) Kafkaren hatsa ito egiten du. (8)

Ondorio bat ateratzen du Lortholaryk, Kafkaren bost obra ez behin, baizik birritan itzuli ondoren: ez dago Kafkaren itzulpen "onik". Bata ez da bestea baino hobea izanen. Itzulpena bera hauts bihur daiteke, jatorrizkoaren aldean igeltsuzko nahaskaria baita; jatorrizkoa, berriz, sekula zahartzen ez den brontzea izaki (9). Itzulpenaren testualitateari dagokio izate iragankor hori... Inoiz ez bezala zuzen da, beraz, "iragankor" esatea itzulpenari: alde batetik, hizkuntza batetik besterako iraganbide da, eta bestetik jatorrizko testuaren aldean hauskorrago da.

Jakina, ez genuke bistatik galdu behar itzulpengintzaren testualitatearen inguruko fideltasun arazoen gainetik itzultzailearen jarrerak koloretuko duela azkenean itzulpena: idazleak jatorrizko testua bezala, itzultzaileak bere hatsaz zipriztinduko du itzulpena, azalean eta ohartezineko moduan batzutan, hezurmuinetaraino gehienetan. Kunderaren kexuak oso zentzuzkoak dira itzultzailearen jarreraz ari dela, aginbidearen arazoa planteatzen duenean. Itzultzaile ororen aginbide gorena egilearen estilo pertsonalak izan behar luke, dio. Alabaina, itzultzaile gehienek beste aginbide bat omen dute nahiago: hizkuntzaren erabilera zuzena ("le bon usage"), eskolan irakatsitakoa hain zuzen. Bere burua estilo on horren ordezkari izendatu ordez, itzultzaileari egilearen estilo transgresioaz jabetzeko ahalegina eskatzen dio.

Adibide asko dago, Kunderaren ustea bestelakoa bada ere, itzultzailearen jarrera fideltasun testualaren arazoez gaindi (nolakoa da itzuli behar dudan testua?), egilearen izpiritua eta, nolabait esateko, itzultzailearekiko fideltasuna gorde izandakokak. Albo hizkuntzetan ugariak izango dira noski, baina euskararen exenplu bat ekarri nahi dut gogora.

Eduardo Blanco Amor-ek argitaraturik, 1935ean Federico García Lorcaren Seis poemas galegos liburuska kaleratu zuen Galiziako Nos argitaletxeak. Aurretik poema horietakoren bat han edo hemen argitaratua bazen ere, ineditoak zirela esan daiteke. Jakina denez, Fuentevaqueros-eko poeta herririk herri eta bazterrik bazter ibili zen denbora luzean La Barraca antzerki taldearekin. Galizian askotan egon zen, baita maitemindu ere galego klasikoko cantiga zahar haien poesia moldeaz. Eragin horren mende sei poema idatzi zituen García Lorcak galegoz. Urte askoren buruan, Xesus Alonso Monterok ostera argitaratu zituen sei poemok (10), jatorrizko bertsioaren ondoan gaztelera, katalan eta euskarazko itzulpenez lagundurik. Euskaratzaile Gabriel Aresti izan zen, eta itzulpen horren karietarat euskal traduktologiaren gertakari handi bat jazo zen ene ustez, berehala argituko dudan bezala. Sei poemen euskarazko bertsioaren aurretik, Arestik ohar hau paratu zuen:

OHARRA: Lorcac poema intellectual batzuc scribatu zituen gailego intellectual batetan. Nic, eçagutzen dudan heuscararik intellectualenean jarri nahi ukan ditut, Leiçarragaren heuscaran (G.A.)

Arestik hautu garbia egin zuen, bere itzultzaile jarrera zorrotz definitu zuen García Lorcaren poemen aurrean, ez baitzuen ikusten bere itzulpen fideltasunaren egitekoa bete zezakeenik nolabaiteko traizio txiki bat egin gabe ("trahir pour demeurer fidèle"). Diodana teoria hutsa ez dena konturatzeko, ohar traduktologiko horren erakusle bat ikustea onena; horra sei poemetarik lehena:
 

Madrigal a cibdá de Santiago Jaundone Jacueco hiriari madrigala
Chove en Santiago,
meu doce amor.
Camelia branca do ar
brila entebrecida ó sol.
Chove en Santiago
na noite escura.
Herbas de prata e de sono
cobren a valeira lúa.
Olla a choiva pola rúa,
laio de pedra e cristal.
Olla no vento esvaído
soma e cinza de teu mar.
Soma e cinza do teu mar
Santiago, lonxe do sol;
ágoa da mañán anterga
trema no meu corazón.
Jondone Jacuen euria,
ene maite eztia.
Airearen camelia çuria
lanho-artean dirdiratzen da eguzquitara.
Jondone Jacuen euria,
gau ilhunean.
Cilharrezco eta ametsezco belarrec
ilhargui hutsa estaltzen dute.
Carrican ilharguiari beha ieçoc,
harrizco eta crystalezco auhena.
Haice galduan beha ieçoc,
heure itsasoaren itzala eta hautsa.
Heure itsasoaren itzala eta hautsa,
Jondone Jacue, eguzquitic urrun;
Goiçaren ur çaharra
ene bihotzean ikaratzen da.
Federico García Lorca Itzulpena: Gabriel Aresti


Gabriel Arestiren itzulpengintzak behar bezala aitortu ez zaion garrantzia dauka, Jon Juaristik zehaztasun handiz azaldu zuen bezala (11): alde batetik, literatur itzulpenen euskal historia laburrean alerik ederrenetakoak eman ditu; eta bestetik, Arestiren itzulpen lana ez zen beretzat azalekoa, erratu gabe esan daiteke "bihotzez" itzultzen zuela, Kunderaren miresleak egiten ez zuen bezalako bihozkadaz. Hain barruraino sartzen zen itzulgaietan, hain barruraino sartzen zituen itzulgaiak, ezen kutsaturik gelditzen baitzen itzulitakoaz, haren estiloaz eta hatsaz. Arestiren poemagintzan oso lurpera joan gabe atzeman daitezke garai bakoitzean itzulitako obrek bere poemetan utzitako arrasto sakonak. Alde biotatik Aresti itzultzailea oraindik deskubritu gabe daukagula iruditzen zait askotan.

Bere bizitzaren azken partekoak ditu Arestik galegotik egindako itzulpen guztiak, baita T.S. Elliot-en Four Quartets obraren itzulpena ere. Garai hartako bere eskuizkribuen artean gelditu zen, amaigabe, bere ABC HEVSCARAZ edo erranac scribatzê eta scribatuac iracurtzê ikastê ari direnei proposatzê çaiztê REGLAC (12), Leizarragaren araberako ortografia molde eguneratua alegia. Zuzen erantzun gabeko galdera gelditzen da: García Lorcaren edo T.S. Elliot-en poemak heuscara intellectual horretan eman zituen Arestik aurrez erabakia zeukan hizkuntz molde hori frogatzeko, ala hizkuntza iluneko eta eduki kontzeptual trinkoko itzulgai horiek eragin zioten, besteak beste, Leizarragaren eredura lerratzea... Zernahi gisaz, itzulpen fideltasunaren ardatzean, zein bere alde, etengabe lanean ari diren bi bektore (itzulgaiarekiko zintzo jokatzea / itzultzailea bere hizkuntzari eta kultur adierazmoldeari atxikitzea) horien arteko integrazio orekatua lortu zuen Arestik, euskal itzulpengintzan gutxitan lortu izan den bezalakoa gainera.

Lau kantoiko ontzak faltsia esan nahi omen du, benetakoa izan gabe zerbaiten itxurak egiten dituena. Hala azaltzen du Anjel Lertxundik (13). Plagiario izatea eskatzen zaion neurrian, halakoz beterik behar luke egon itzultzaile ofizioa, baina Arestiren gisako urre gorriko ontza bakan horiek erakusten digute fideltasunaren arazoa ez dela labur-zuhurrean ebaztekoa. Fideltasunaren arazoa ez da adar bakarreko enborra: anitza da, multibektoriala, norabide eta interes desberdinen bidean diren tipitasun askoren sintesia eskatzen duena. Ez luke itzultzaileak aise onartu behar, ez mundu zabaleko itzultzaileak, gutxiago euskal itzultzaileak, canon bakarreko plagiario izatea. Ator estu hori soinetik kentzen badu lana franko, ordea. Jacques Derridak ondo aski gogorarazten digun bezala (14), Europan itzulpengintzaren historia eta arazoak Izkribu Sakratuen gainean eratu dira orobat. Hizkuntza askoren izate literarioa bera Bibliaren itzulpengintzaren inguruan sortu zen; Luteroren adibide soilak erakusbide osoa eskaintzen digu Europan zer izan diren itzulpengintza eta itzulpenari buruzko diskurtsoa. "Itzulpenaren teologia" esaten dio horri Derridak, eta aro modernoan gertakari eta aldakuntza sakonak gaineratu bazaizkio ere, ziur asko itzulpengintzaren sustraietan bizirik dirau sakratutasunarekiko lotura aldagaitzak. Zoritxarrez, fideltasunaren eztabaidak ez dio erraz ihes egiten itzulpenaren kontzeptu teologiko horri.



Oharrak

1 - Gazteleraz La broma izenburuaz argitaratua, Bartzelona, Seix-Barral.
2 - Kundera, Milan (1986) L'art du roman. Paris, Gallimard. 135 or. (Euskarazko itzulpena artikulu honen egilearena).
3 - Kundera, Milan (1993) Les testaments trahis Paris, Gallimard.
4 - Ikus arazo horren inguruan Coy, Juan José /1974) "Fraude editorial español: las traducciones", Presencia literaria. La Paz, Bolivia. Dena dela, Espainiako merkatua ez bide da itzulpen txar ugarietan salbuespen, Kunderak Europan eta oro har mundu zabalean bere obraz egin izan diren itzulpenei buruz daukan iritzia aintzat hartzen badugu.
5 - Marchand, Guy (1997) Vive les trahisons! Notes de lecture de «Les testaments trahis» de Kundera, artikulu elektronikoa, http://www.lequebec.com/iledelatortue/marchand.htm
6 - di Natale, Isabelle (1991) "Les belles infidèles", La fidélité : un horizon, un échange, une memoire. Serie Morales nº 1 Paris, Editions Autrement.
7 - Ibidem, 101 or.
8 - Les testaments trahis, 126 or. (Euskarazko itzulpena artikulu honen egilearena).
9 - op. cit. 99 or.
10 - García Lorca, Federico (1974) Seis poemas galegos. Madril, Akal. Editore: Xesus Alonso Montero. Itzulpenak: gaztelerara, Anxel Fole; katalanera, Ricard Salvat; euskarara, Gabriel Aresti. Baita ere berriro argitaratuak Gabriel Arestiren literatur lanak bilduman, 1986, Donostia, Susa. Arestik galegotik egindako itzulpenen hitzaurrean, Joseba Sarrionaindiak dio bere ibileretan García Lorca ez bakarrik Galizian, Euskal Herrian ere ibili zela. Hemen ez zuen euskarazko poemarik idatzi, baina bere eragina utzi zuen, besteak beste Esteban Urkiaga Lauaxetaren obran.
11 - T.S. Eliot euskaraz (1983) Editore: Jon Juaristi. Donostia, Hordago. Itzulpenak: Gabriel Aresti "Lau Quarteto", Joseba Sarrionaindia "Lur eremua", Jon Juaristi "Gizon hutsak".
12 - Ibidem, 13-25 or.
13 - Lertxundi, Anjel (1996) Letrak kalekantoitik. Irun, Alberdania. 258 or.
14 - Derrida, Jacques (1990) Le langage et les institutions philosophiques. Paris, Éditions Galilée. Bereziki, "Théologie de la traduction" izeneko atala.