Itzulpenaren teoria ludologiko baten oinarriak
Artikulua PDFn
(Itzulpena: PELLO ZABALETA)
Hasierako gogoetak
Ikus daiteke nola azaltzen diren esparru guztietan (eta hizkuntza guztietan) itzulpen kopuru handiak (egilearen kalkuluen arabera ehuneko 3'4tik 88'6ra artean, testua nolakoa den kontuan hartuta) molde berari jarraiki eginak diruditenak: ezin argitu daitezkeela gaur egun ditugun itzulpen eskola batzuen kontzeptuetan oinarrituz, ezta itzulpen komunikatzaile-funtzionalaren teoria baten kontzeptuetan (ez baitago asmatuko duenik zer komunikatu nahi duten egileek eta testuek ez dute logikarik batere), ezta traduktologia linguistiko batean (ez baitituzte betetzen hizkuntza horrek onartzen dituen arau morfosintaktikoak edo semantikoak). Ezin argitu daiteke egoera hau esanez itzultzaileek ez dakitela itzultzen: hipotesi berriak formulatu behar dira teorien mailan egunoroko itzulpengintzan ikusten den gertakari hau argitzeko. Modelo honek ez du izan nahi (oraingoz) itzulpengintzaren teoria orokor bat (ikus: W. Wilß, Übersetzungswissenschaft, 1997), bai aldiz teoria berezi bat "Text type-restricted, Partial, Theoretical and Pure Translation Studies"-en barruan, J. Holmesek definitzen dituen bezala bere The Nature of Translation Studies-en, in Translated, 1988.
Erreferentzia teorikoa: itzulpengintza eta testu moten arazoa
Katharina Reiß-i (Der operative Text, 1979) eta Roda P. Roberts-i ("The Concept of Function on Translation and Its Application on Literary Texts", Target 4:1, 1992, 1-16 or.) jarraiki, hiru testu mota daude itzulpenaren estrategia zertzen dutenak:
testu informatiboa (dokumentu, txosten, dibulgazioko liburu, komentario) itzultzailearen aldetik informazio mailan aldaketa-eza eta emozio aldetik urruntasuna eskatzen duena,
testu adierazlea (eleberri, biografia, antzerki, poesia) itzultzailearen aldetik arte mailan analogia eta identifikazioa eskatzen duena,
testu operatiboa —K. Reißen hitzetan— edo aginduzkoa —R. Robertsen arabera— (publizitate, hitzaldi politiko, satira) itzultzailearen aldetik mezuari dagokionez identitatea eta egokitze prozesuak eskatzen dituena.
Baina badira zeregin informatiboa luketela diruditen testuak (egiaz ezertaz informatzen ez badute ere) edo zeregin operatiboa (ezertarako balio ez badute ere) edo adierazlea (egileek beren buruak poetatzat hartu bai baina ezer esaten ez badute ere). Beste testu batzuk badirudi edozer gauza idazteko ezinbesteko premia duten buru nahastu batek idatzi dituela. Sailkapen berri bat eskatzen du gure artean oso ugari dabilen testu mota honek:
testu puztua: turismo, folklore, enpresa baten aurkezpen, biografia, publizitate, informe ofizial, e.a.), beren zeregina orrialdeak betetzea baita eta hitzen mailan aldaketarik eza (ehuneko 2 +/-) eta itzultzailearen aldetik zuhurtasuna eta teknologiaren erabilera eskatzen baitute.
Testu puztua: adibideak
1. adibidea: enpresa baten publizitatea
Principios de nuestra política de calidad — Nuestros clientes son nuestro objetivo. Nuestro equipo humano está comprometido en superar todas las cotas. Nuestra organización se adecúa a las situaciones futuras. La excelente calidad constituye una suma y no una diferencia...[1]
2. adibidea: Alkate jaun agurgarri baten hitzaurrea hiri-gidaliburu baterako
Els espais buits són molts, els moments "sense guia" o només-am-una-guia -o només-amb-una-guia-general-o-provincial-que-dedica-escasses-pagines-a-la-nostra-ciutat-són els més fréquents. Aquesta intermitència brutal i els buits enormes ens obliguen a recapacitar i a prendre el compromis que quan aquesta guia s'exhaurreixi se'n fa una nova[2]
3. adibidea: Bere lana deskribatzen du artista batek katalogo batean
La Banalidad adquiere escala humana y obliga a guardar distancias, a intentarlo como atracción del Paraíso, del viaje a Arcadia, una Ítaca soñada y deseada, de cantos de sirena que invitan con el canto del «bosque» a colmar en él los setindos... sabiendo que el crepúsculo anuncia la noche cerrada, las umbrías neblinosas, de lechuzas ancestrales[3]
4. adibidea: B.P.A. Nobela saria jaso duen idazle batek La Palma deskribatzen du.
La Caldera de Taburiente es el eje y el factor de la morfología palmera y es el recipiente de sus mejores leyendas; símbolo de la patria chica, y patrón particular del mundo; referente orgulloso, motivo folclórico, fusión de paisaje y paisanaje; sostén de tópicos, verdades de Juan Nadie, que penetran a los ámbitos del sentimiento; afirmación y escapada; el país de la infancia, la tierra posible para la utopía o la ilusión de vuelo raso[4]
Baina ez bakarrik berez orokorrak diren obretan, baita hizkuntza berezituetan, hala nola tekniko-instrumentaletan edo juridiko-administratiboetan, nahikoa sarri aurkitzen ditugu testu puztuak.
5. adibidea: Auzitegi Gorenaren epaia:
Establecido el usufructo universal a favor del cónyuge supérstite y acaecida la preterición no intencional de un heredero forzoso, la legítima de éste se ve perjudicada por el legado universal y vitalicio en favor de la viuda, de donde procede anular la institución de heredero hecha por el testador a favor de dos herederos forzosos, reducir por inoficioso el legado en favor del cónyuge viudo y abrir la sucesión intestada del haber hereditario restante[5]
6. adibidea: Ingurugiroaren arloko arazo terminologikoei buruzko txosten bat:
Buscando en el mar del medio ambiente se encuentra un apartado escrito en mayúsculas: el reciclaje que es la primera en dificultad con la que se tropieza. Hay dos vectores a tener cuenta: tipo y tema. La eterna batalla entre forma y contenido se unen. La ventaja es que ni la forma ni el contenido han de ser inéditos sino su combinación[6].
Itzulpenaren ibilbidea
Itzulpenaren kontzeptu funtzionalistetan, bihurketa bidea deskriba ohi da komunikazio eredu batetik, Reiß-enetik adibidez (K. Reiß eta H. J. Vermeer, Grundlegung einer Allgemeinen Übersetzungstheorie, 1992), abiatuz (ikus grafikoa); "itzultzaileaz" hitz egin ordez beste autore batzuek "kode konmutatzaileaz" hitz egiten dute (O. Kade) edo "lekualdaketa faseaz" (E. Nida) edo "black box-az" (H. P. Krings). Eredu guztietan berdin, hasten dira autore/bidaltzaile batekin, itzultzaile bat tartean (delako black box hori edo kutxa beltza) jartzen dute; itzultzaileak ezagutza prozesu bat egiten du zeinaren kontura hipotesiak formulatu baino egin ezin daitekeelarik: eta azkenean irakurle/azken hartzaile bat dago. Gure ustez, eredu hauek mugatuak dira oso eta ez dute argitzen lehenago aipaturiko errealitatea. Ezinbesteko da zenbait arazori erantzuna ematea: zergatik idazten du egile batek testu bat? Zer dago black box horren barruan? Zergatik irakurtzen du azken hartzaileak testu itzulia? Eta abar. Eta horiei erantzun nahi diegu ondorengo ereduaz.
Bihurketa egoera (BE)
Ez dago testuingururik gabeko itzulpen prozesurik, bihurketa egoerarik gabea, eta horregatik egoera hori aztertu behar da goian aipaturiko gertakariak argituko dituzten hipotesi egokiak formulatu ahal izateko. Lehenago aipatu den bezala, aurreko puntuan zerturiko testu puztuen itzulpenean oinarritzen da eredu hau (ikus marrazkia).
Irakur: Jatorrizko hizkuntzaren eragile edo abiarazle (Je) batek, adibidez, argitaldari batek, bapatean konturatzen delarik turistekin negozio on bat egiteko argitaratzera doan liburuak ez duela testurik batere eta ohiturak esaten duenez turismoko gida batek idatzitako zerbait eduki behar duela, hartzen du telefonoa, kasu honetan komunikazio baliapide dena (Marshall MacLuhanen zentzuan: "The medium is the message") eta Entzunezko Baliapide (EB) deitzen duguna, Testua jatorrizko hizkuntzan idazteko enkargu (TJi) deituko duguna egiteko, hauxe delarik honen edukia guri interesatzen zaizkigun kasurik gehinetan: "Egingo al dizkidazu azkar-azkar x folio y gaiari buruz?" (galdera erretoriko bezala ulertu behar da). Abia gaitezke emanez etorkizuneko Jatorrizko hizkuntza bidaltzaileak (JHb) onartzen duela TJi hori, ez bailitzake bestela gauzatuko Bihurketa Egoera (BE). Christiane Nordek Translating as a Purposeful Activity-n, 1997) esaten duenaz parekotasunak aurkitzen ditugu, esaten baitu (21. or.): The production of a source text may have been motivated by the need of a text (...) Or by other factors that have nothing to do with translation".
Bidaltzaile bihurtzeko JHb-k zerbait idazten saiatu behar du eta behin baino gehiagotan gertatzen zaio ez zaiola ezer bururatzen, hau da, Buruko Hustasun Sindromea (BHS) pairatzen duela. JHB guztiek BHS azpian badaude, beren izaeraren arabera jokatzen dute:
a) ideia batean kontzentratzen dira eta bira eta bira emanez katramilatzen dute harik eta, bapatean, x orri horiek betetzen dituzten arte (ikus 5. adibidea);
b) urduri jartzen dira eta eragilea = bezeroa goresten hasten dira, 1. adibideak erakusten duen bezala;
c) burura datorkien guztia idazten hasten dira (4. adibidea);
d) ez aurrera eta ez atzera geratzen dira eta psikologia freudiarretik, filosofia platonikotik eta literatura klasikotik gogoratzen duten apurra nahasten dute (3. adibidea);
e) Ez buru eta ez oinik ez duten gauzak idazten dituzte gure 2. adibidean ikusten dugun bezala, edo
f) zientifiko itxura izan lezakeen edozer asmatzen hasten dira, 6. adibideak erakusten digun bezala: emaitza beti da Testu Puztua Jatorrizko Hizkuntzan (TPj).
Hala gertatzen da jaun edo andere bati —Itzulpenaren eragile edo abiarazle (Ie) bihurtuko da horrela— orrialde batzuk betetzeko testu bat falta zaiola eta aipaturiko testua irakurri eta, nola honek ez dion ezer esaten, erabakitzen du itzultzera bidaliko duela, eta horretarako bidaltzen du Baliapide Elektroniko bat (BE, adibidez fax bat) erabiliz Itzulpena egiteko enkargua (Iee) emanez (C. Nordek erabiltzen duen zentzuan): "azkar-azkar".
"Machine Aided Human Translator" batek, hau da "Black box" batek etxeratu eta aurkitzen du enkargua, eta honek komunikazio matxurak eduki baititzake (ezin irakur daiteke faxa, itzultzaileak ezagutzen ez duen koadro edo argazki bati dagokio testua, e.a.) edo ez, baina itzultzaileak testu puztuen artean sartzen du. Orduan "Black box" horrek pizten ditu Itzulpeneko Jokamolde Ludologikoak (IJL), eta gisa horretan "Jack in the Box" bihurtzen da, ereduak erakusten duen bezala. IJLak desberdinak dira bihurketa testuinguruaren arabera.
1) Eragileak ordu erdi bat ematen du 20 orrialdeko itzulpena egiteko: itzultzaileak liburuki bereko bere itzulpen bateko fitxategia irekitzen du eta, "bilatu eta aldatu" funtzioaren bidez bi hitz giltza bilatzen ditu eta gai horrekin zerikusirik baduten edo ez duten beste batzuk jartzen ditu ordez; modem bidez bidaltzen dio testua bere bezeroari. Itzultzaileak lehen bazegoen testu bat ordezkatu edo aldatzen du,
aldaketa IJLa erabiltzen du, beraz.
2) Ezin irakur daiteke testua: Bere paperen artean bilatzen du itzultzaileak gaztetan idatzi zuen kontakizun surrealista-abstraktu ahalegin hura eta fax bidez bidaltzen dio bezeroari. Lehendik idatzita zegoen testu bat baliatzen du itzultzaileak,
birrerabilketako IJLa erabiltzen du, beraz.
3)Itzultzaileak ezagutzen ez duen koadro bati dagokio testua: bere bulegoko horman zintzilik daukan Tapiesen poster bat libroki deskribatzen du itzultzaileak Helburu hizkuntzaren arau morfosintaktikoak albo batera utziz. Itzultzaileak libroki inprobisatzen du edo bere inguruko zerbait hartzen du oinarritzat,
inspirazio edo inprobisazioko IJLa erabiltzen du, beraz.
4)Itzultzaileak premiazkoago zerbait dauka egiteko: helburu hizkuntzan idatzitako liburu bat hartzen du, Scanner-etik pasatu, inprimatu eta bidaltzen dio, dagokion disketeaz batera, mezulari bidez, bezeroari. Lehendik bazegoen testu bat kopiatu egiten du itzultzaileak,
erreprodukzioko IJLa erabili du, beraz.
5) Hitz tekniko giltza bat dauka testuak: itzultzaileak Interneten bilatzen du hitz giltza eta web-eko orrialde bat edozein hautatu eta zuzenean bidaltzen dio berezoari e-mail bidez. Itzultzaileak informazioa helarazi baino ez du egiten,
bere helarazpen IJLa erabiltzen du, beraz.
6) Itzultzaileak badu astia, baina umore txarrez dago: edozer gauza jotzen hasten da bere ordenadorean bere amorrua baretzeko eta, behin baretuago dagoenean, eskatu dizkioten orrialdeak betetzeko behar duen letra neurria hautatzen du, eta inprimatu eta berak eskura eramaten dizkio bezeroari ostera bat emateko. Bere nahikeriei askatasun osoa ematen die itzultzaileak,
nahikeriazko IJLa erabiltzen du, beraz.
Kasu guztietan, emaitza Testu puztu bat Helburu Hizkuntzan (TPh) izango da.
TPh-a erabiliko du Itzulpenaren Kritikak edo Itzulpenaren Teoriak (IK-IT) hipotesi berriak eta teoria zuhurrak lantzeko. Baina gerta liteke pertsona batek Buruko Hustasun Sindromea (BHS) izan dezakeela, adibidez: Mediterraneoko hondartza batean asper-asper eginda dagoen turista bat edo "komuneko irakurle" bat has daiteke Itzulitako Testua irakurtzen, horrela bilakatzen delarik Helburu Hizkuntzako Hartzaile (HHH) eta onartzen du, ez baitzaio inporta zer irakurtzen duen, horrela amaitzen delarik bihurketa egoera. Baldin itzulitako testua bihurketa egoerarekiko arrotz den pertsona baten eskuetan tokatuko balitz, orduan bakarrik azalduko dira itzultzailearen adimen osasunari buruzko zalantzak.
Laburpena
Itzulpenari buruzko ohiko teoriek ez dituzte argitzen lanbide honetan ikus daitezkeen hainbat gertakari. Bihurketa egoera bere lehen hasieratik aztertu dute autoreek eta kaxa beltza —itzultzailearen burua— ireki dute, era horretan bihurketa prozesuaren eredu ludologiko berri bat, testu puztuko motari mugatua, aurkezteko eta Itzulpenaren Jokamolde Ludologiko nagusiak zertu dituzte.
1997ko azaroaren 20an Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Itzulpen eta Interpretaritzako Fakultatean Wilhelm Neunzig fakultate horretako irakasleak eta Martin Kreutzer, Las Palmasko Unibertsitateko Itzulpen eta Interpretaritzako Fakultateko irakasleak irakurritako testua.
Oharrak
1. Gure kalitate politikaren printzipioak — Gure bezeroak ditugu helburu. Gure gizataldea maila guztiak gainditzera hitzemana dago. Etorkizuneko egoeratara egokiturik dago gure antolaketa. kalitate bikaina gaineraketa bat da eta ez diferentzia...
2. Hutsuneak ugariak dira, «gidalibururik gabeko» uneak edo gidaliburu bakarrekoak —gure hiriari oso orrialde gutxi eskaintzen dizkion gidaliburu orokor edo probintzial bakarrekoak— dira usuenak. Aldizkotasun basati hau eta izugarrizko hutsune horiek behartu egiten gaituzte gogoeta egitera eta konpromezua hartzera gidaliburu hau ahitzen denean beste berri bat egiteko.
3. Banalkeriak giza neurria hartzen du eta urruntasuna gordetzera behartzen du, Paradisuaren, Arkadiarako bidaiaren erakarpen bezala, Itaka amestu eta desiratu bat bezala saiatzera; "oihaneko" kantuaz han zentzuak asetzera gonbidatzen duten sirena kanta bezala... jakinik inularrak gau iluna iragartzen duela, aspaldiko hontzen itzalgune lainotsuak.
4. La Caldera de Taburiente da morfologia palmatarreko ardatza eta eragilea eta bere legenda onenen ontzia: aberri txikiaren sinbolo eta munduaren eredu; erreferentzi harro, folklore zio, paisai eta herkidego bateraketa: topikoen euskarri, deusez baten egiak, sentimenduaren barrutietara sartzen direnak; baieztapen eta ihes; haurtzaroaren lurraldea, utopiarako edo hegaldi laburreko ilusiorako lur posiblea.
5. Finkaturik gozamen orokorra bizirik geldituriko ezkontidearen alde eta gertatu delarik derrigorrezko oinordeko bat nahi gabe ahaztu izana, honen legeondorea kaltetu egin du alarguntsaren aldeko ondare orokor eta bizi osorakoak, hartaz testamentugileak derrigorrezko bi oinordekoen alde egindako oinordekotza finkatzea deuseztatzera, ezkontide alargunaren aldeko legeondorea gutxitzera jo behar da bidezko ez delako eta gainerako ondare edukinaren ondorego hilburuko gabea irekitzea.
6. Ingurugiroaren itsasoan murgilduz maiuskulaz idatziriko txatal bat aurkitzen da: erreziklaia, aurkitzen den lehen zailtasuna. Bi bektore badaude kontuan hartu beharrekoak: tipoa eta tema. Formaren eta edukiaren arteko betiko gatazka elkartzen da. Abantaila da ez formak eta ez edukiak ez dutela izan behar argitara gabeak, bai ordea haien konbinaketak.