Medikuntzako testuetako zenbait okerbide eta balizko aje
Roberto Manjón

Artikulu honek hiru helburu ditu: lehenengoz, ahaleginduko naiz ingelesetik erdaratutako testuetatik euskarara itzultzeak sortzen dituen okerbide batzuk agertzen eta, ahal dudan neurrian, konponbideak proposatzen; bigarrenez, iruzkinak egingo ditut gaiarekin zerikusi duten eta boladan dauden iritzi eta "aje" batzuei buruz, eratzen ari garen euskal hizkera berri samar honen kalterako edo mesederako gertatzen direlako; azkenik, perpaus barruko osagaien ordenari buruzko arazoa aztertuko dut, nire ustez, eragozpenen gunea zein den erakustearren, eta, halaber, oztopoak gainditzeko hartu behar den jarrera egoki bat defendatzeko asmoarekin. Azken gai horri loturik, lagungarri batzuk azalduko ditut, ezagunak izan arren, adibide praktikoak baitira, aukeratu ditugunak prestatzen ari garen oinarrizko hiztegirako.

Beti ere kontuan har bedi medikuntzako edo Administrazio Sanitarioko hizkera maila formalaren gainean ari naizela, teknolektoa edo Administrazio barrukoa hizpide hartuta beraz, ezen medikuntzari buruz inguru desberdinetan jardun dezakegu, hala familian nola lagunartean, alegia, medikuen bilera klinikoetatik landa[1]. Nolanahi ere, gauza jakina da eremuon artean loturak, bideak, erlazioak eta trukeak daudena.

1. Medikuntzaren nazioarteko hizkuntza eta itzultzailearen katramilak: gaztelaniazko testuetako okerrak

1.1. Medikuntzaren nazioarteko hizkuntzen eragina

Aldizkari honetan lehengo batean nioenez[2], grekoa izan zen antzinatean medikuntzaren lehenengo hizkuntza, Mendebalean bederen. Erdi Aroan, latinak hartu zuen lema mendebaleko Europan eta arabierak islamiar munduan. Gure esparruan, latina izan zen medikuntzaren guztiontzako hizkuntza XIX. mendea arte. Ondoren, hizkuntza nazionalek ordezkatu zuten.

Ordezkapen hori, ordea, ez da inoiz askotarikoa izan, zeren, nahiz eta tokian tokiko hizkuntzetan aritu, beti egon baita nazioarteko hizkuntza bat, medikuen bigarren lan-mintzamolde izan dena, lehenengoa izan ez denean.

Frantsesak hartu zuen lehendabizi latinaren leku hori[3]. Ondoren, alemaniera egin zen nagusi[4], eta, gaur egun, ingelesa da duda barik.

Frantsesak Espainiako medikuen gaztelanian galizismo ugari sartu badu ere, batez ere -aje amaieradun elkarketan gailentzen da haren eragina, galizismo asko ingelesaren bidez ailegatu dira eta.

Alemanieratiko interferentziak gutxiago dira. Gaztelaniaren eta hizkuntza germanikoaren arteko aldea handiagoa izateak lagundu du horretan, eta, gainera, hizkuntza bien arteko harremana txikiagoa eta laburragoa izan da beti. Azkenik, bada funtsezko beste arrazoi bat: itzultzaileen kalitatea. Izan ere, alemanieratik itzuli izan dutenek prestakuntza linguistiko sendoagoa izan dute.

Hori horrela, gogoan izan behar dugu badagoela alemanieraren zeharkako eragina, biziki garrantzitsua baina hautemateko gaitza, ez baita alemaniar hitzekin gorpuzten: germaniar zientifikoek neologismoak latin eta grekozko hitzekin eratzeko jokabide nabarmena izan zuten («alergia» kasurako), Alemanian latina unibertsitateko hizkuntza izan baitzen XIX. mendea ondo aurreratua egon arte. Horren ondorioz, medikuntzako termino askok hizkuntza klasikoen itxura badute ere, ez daude hizkuntza horien lege morfologikoekin eraturik, alemanieraren ahotik baino.

Begi bistan da gaztelaniak ez duela eginkizun nabarmenik izan medikuntzako nazioarteko kontzeptuen erabidean; aitzitik, hizkuntza hartzailea izan da beti, eta hortik etorri zaizkio ohiko hizkuntz eta itzulpen-arazoak, hartzaile hutsak garenok ederto ezagutzen ditugunak.

Baina gaztelaniaren gorabeherak okerbide izaten dira Administrazio Sanitarioan edo, oro har, gai horietaz euskarara itzultzen duten guztientzat, zeren, gehiena ingelesetik itzulpen bidez eskuratzen dugularik, ia beti gaztelanian zehar heltzen baita gurera.

Bekatu larria egingo nuke, ordea, salbuespen aipagarririk ez dela falta ostenduko banu, ezinbestez azpimarratu behar baitut gaurkoz medikuntzan dugun lan nagusietariko bat, Gaixotasunen eta horiekin lotutako osasun-arazoen nazioarteko sailkapen estistikoa, GNS-10 (aurrerantzean, GNS-10)[5], UZEIk, Osasun Sailaren aginduz, ez duela gaztelaniatik ekarri euskarara ezin egin zezakeena bestalde ingelesetik baizik. Esan behar da gaztelaniaz bederatzigarren berrikuspena baino ez dela ezagutzen.

1.1.1. Ingelesaren eraginez, gaztelaniako testuetan euskal itzultzaileek aurki dezaketen zenbait arazo eta okerbide

Esan bezala, ingelesa da Espainiako eta bertoko medikuen nazioarteko hizkuntza, eta hainbestean non, gaztelaniaz idazten diren medikuntzako testu gehienen jatorrian, aldez edo moldez, ingeleseko testuak baitaude. Bestela esanda: ingelesaren bitarteko testu-artekotasun baten barruan dihardugu, konturatu gabe sarritan.

Itxaron daitekeenez, asko dira horrela sortutako itzulpen gaiztoak, sasilagunak, alfer-kalkoak eta kontzeptu okerrak. Bestalde, gaztelaniako hizkuntz zaindarientzat onartezina den kalkoa, batzuetan, onargarria edo hobestekoa izan daiteke guretzat.

Esan gabe doa zaindari horiek, ahaleginak ahalegin, galduta dutela gudua[6], medikuek halako anglizismoren bat bereganatu ondoren, hizkuntz erabiltzaileena baita eta ez zaindariena, eta erabiltzaileak medikuak, kasurako funtzionarioak izan zein ez izan, ez dira errege-akademia batetik letorkeen larderiagatik erraz kikilduko, soldata galtzeko arrisku guztiak gorabehera. Aitzitik, halako zaindariak, tematuz gero, barregarri geratzeko arriskuan daude. Azken batez, egoera hori aski normala da, gizarte normal batean bederen.

Hurrengo lerroetan gaztelaniazko testuetan azaltzen diren interferentzia izan daitezkeen batzuk azalduko ditut, Fernando A. Navarrori jarraiki[7]. Ez ditut autore horrek erakusten dituen kasu guztiak ekarriko orri hauetara, neure esperientziaren arabera maiztasun gehienekotzat jotzen ditudunak baino.

Euskarazko baliokideen arloan gehien erabiltzen direnak aipatuko ditut.

Admisión (admission).- Ingelesez eta frantsesez hitz bera erabiltzen dute, Espainiar Sanitateko ingreso-ren balioarekin. Horrekin zerikusia du, ziur aski, gure ospitaleetako eta zenbait osasun-zentrotako Admisión/Onarpena errotulu ohikoak.

Osakidetzan eta Osasun Sailean ingresu eta ingresatu erabiltzen ditugu ingreso eta ingresar adierazteko, ez, bada, onartu/onarpena. Ez dakit nolako ñabardurak eta konnotazioak dituen ingeles-frantses hitzak, ez eta herri horietan sanitateari nola begiratzen dioten ere, baina, gurean, behintzat, admitir/onartu ez datoz bat gure kultura sanitarioarekin, are gutxiago erakundeek bultzatu nahi omen dutenarekin.

Dena dela, errotuluek beren arazoak dituzte. Osakidetzako ospitale guztietan agertzen da admisión hori, baita zenbait osasun-zentrotan ere. Hala da; testu okerra bada ere, ospitaleetako agintariek pozik daude egin duten aukerarekin, pazienteak onartu edo ez onartzeko ahalbideak liluraturik nonbait.

Autólogo (autologous).- Geuk autotransplante eta autotransfusioa erabiltzen ditugu, baina transplante autologo eta transfusio autologo ere bai, nahiz eta autologo hori, arrazoi etimologikoengatik, gaztelanian gaitzesten duten.

Bimensual (bimonthly).- Gaztelaniaz bimensual eta bimestral izan daitekeenez, sarritan ez dute ingelesez kasu bakoitzean har dezakeen balorearekin ematen. Erne, beraz: euskaraz, kasuan kasuko, "hilean bitan" edo "bi hiletik behin" izan liteke.

Canal, canal respiratorio... (channel).- Gaztelaniaz, "kanal" okerraz itzultzen dute batzuetan. Zuzena conducto, tubo, tracto da. Euskaraz ohiko baliokidea bide da, ez kanal: gernubide, arnasbide. Hala ere, GNS-10ean traktu darabilte gaztelaniaren tracto adierazteko, eta aukera hori sistematikoa da OEren Anatomia hiztegian[8]. Hor badago, bada, bateratu beharreko beste puntu bat.

Cerviz (cervix).- Cancer cervical euskaraz umontziaren lepoko minbizia da. Lepoko minbizia itzultzen da askotan; ondo da, baina itzultzaile berriak ulertu behar du "umontziaren" elipsian dagoela.

Desorden (disorder).- Euskaraz, alterazio, nahasketa, nahaste, asaldura, zenbaitetan gaixotasun besterik gabe.

Discapacidad (disability).- Dirudienez, discapacidad berri samar hori ingelesaren kalkoa da. Zer alde hartzen dio minusvalía-ri? Dena dela, susmoa dut, hitzaren konnotazioagatik (gutxiago balio?), azpian ez ote dagoen minusvalía-ren ordezko txukun bat bilatzeko xedea. Txukunago nahi izanez gero, desgaitu ere eskueran daukagu.

Estandar (standard).- Kasuen arabera, eredu, mota, erreferentzia, araua.

Evidencia (evidence).- Ingelesez sarritan ez da nabaria, begi bistakoa, nabarmena, hauek baino: zantzuak, frogak edo zerbait adierazten duten datuak.

Eyección (ejection).- Euskaraz, jaurtiki/-tze, bota/-tze erabil daitezke, baina ejekzio ere erabili izan da.

Emergencia (emergency).- Gaztelaniaz, normalean, urgencia behar luke (Servicio de urgencias). Euskaraz, emergentzia, urgentzia eta larrialdi erabili izan dira, azkena batez ere jendaurreko errotuluetan. Dena den, urgentziako eta emergentziako zerbitzuak bereizi behar ditugu ezinbestean, Osakidetzan desberdinak direlako. Lehenengoak zeinahi kasu atenditzen du, normalean larriak[9] ez direnak, baina orduagatik edo kasu motagatik edo presaka asistitu behar direlako zerbitzu arruntetan hartzerik ez dagoenean. Bigarrenak ustegabeko kasu larriak asistitzen ditu, medikua, erizaina eta tresneria bertara eramanda, larri daudenek ezin baitute, normalean, urgentziako zerbitzuetara joan. Horregatik, bizi-euskarri aurreratuez[10] hornituta egoten dira emergentzietako zerbitzuak.

Kontutan harturik urgentzia euskaldun gehienok erabiltzen dugula, Bizkaian hasi eta Zuberoaraino, horixe erabil dezakegu gaztelaniaren urgencia eta frantsesaren urgence hitzen baliokide legez. Gainera, mailegu horrek, denontzat ohikoa izanik, ez gaitu Iparraldekoak eta Hegoaldekoak bereizten.

Osasun Sailean eta Osakidetzan ere horixe erabiltzen dugu barruko dokumentuetan nahiz eta jendearentzako errotuluetan ohikoa den Larrialdiak aldatzen ez dugun eta Emergentziak eta Emergentzietako lurralde-unitateak baliatzen ditugu unitate berezi horietarako.

Agian, benetako larrialdiak asistitzen dituenez gero, Larrialdiak har genezake Servicio de emergencia adierazteko, baina herritarrek larrialdiak umeak hanka apurtu eta atenditzen duen ospitaleko zerbitzuarekin identifikatzen dutelarik, ez dirudi konponbide ona. Jakina, medikuek abenikoz erabaki lezakete larrialdi esatea gaztelaniaren eta frantsesaren urgencia-urgence adierazteko, eta, orobat, abenikoz xedatu lezakete larri (hots, bizitza arriskuan egotea) ez lotzea larrialdi hitzari, urgencia esangura duenean. Baina, zertarako sartu nahasbide hori?

Gauza jakina da hizkuntzan ez dagoena sortzetiko bekaturik, alegia, zeinahi arrazoi dela kausa txarto eratutako edo txarto hautatutako hitzik, dabilen errekarriak ez baitu batzen goroldiorik. Ordea, nola sortu hitza okerreko bidetik dihardugula ohartuki?

Espiración (expiration).- Kontu handiz ibili behar dugu erdal hitz hori agertzen denean, sarriegi nahasten baitituzte espiración (arnasa botatzea) eta expiración (hiltzea). Testuinguruak ez du beti aldea argitzen.

Gabinete (cabinet, frantsesez).- Sanitatean, kontsultategi edo kontsulta da. Bulego izan daiteke beste arlo batzuetan. Ezin da erdeinatu gaztelaniaz hartu duen beste esangura bat: talde-lanean diharduten profesionalen multzoa, edo agintari baten aholkulari-taldea. Kasu horietarako kabinete mailegua balia dezakegu.

Global (global).- Eskuarki, mundu- edo munduko izaten da.

Gripe (gripe).- Batzuetan koliko izaten da, ez gripe.

Huesped (host).- Mikrobiologian bizkarroiari ostatu ematen diona, pairatzen duena alegia. Gaztelaniaz, ingelesaren antzera, huesped ostatu ematen eta hartzen duena izan daiteke, eta, halaber, baita euskaraz ere, ostalari hitza esangura horrekin gutxi erabiltzen bada ere. Nolanahi ere den, arretaz ibili halako testu batean huesped agertzen denean, txarto ulerturik egon ez dadin.

Infante (infant ingelesez, enfant frantsesez).- Ingelesez "bularretako umeak" izaten dira, alegia, urte bitik beherakoak. Frantsesez enfant nerabezarora heldu ez den umea da. Espainiako infantil/pediátrico hurbilago dago frantsesen ikuspegitik anglosaxoniarretik baino; hala ere, bereizketa hori ez da finkoa eta ez bakarra. Erne ibili, baina ez itzuli infantil hitza Pediatriako emanez.

Medicina comunitaria (community medicine).- Bikote honekin badaezpadako anabasa dago. Ingelesaren Community Medicine erdaraz Medicina Familiar-en parekoa omen da. Baina gure osasun-sisteman biak erabiltzen dira, eta argitzen saiatu naizen arren, ohartu naiz medikuek neuk galdetutakoek ez dituztela argi bereizten. Familiako medikua eta Komunitate medikuntzakoa bat bera izaten da. Familiako medikuak bere zerrendako pazienteak atenditzen ditu, eta medikuntza prebentiboa ere egiten ei du. Hori horrela izanik, famili eta komunitate medikuntza dugu Osakidetzan. Desberdinak ote? Ez dakit. Errotuluak alde batera utzirik, erne ibili beharko da termino irristagarri honekin testuetan topo egiten dugunean.

Soplo (murmur).- Erderaz murmullo gaitzestzen dutenez, soplo aurkituko dugu askotan. Geuk, ordea, murmurio baliatzen dugu, ingelesari jarraiki.

Randomización (randomization).- Ausazko banaketa, banaketa aleatorioa.

Ranking.- Euskaraz ere ranking, edo, bestela, sailkapena, zerrenda, kategoria, mota, maila...

Scanner.- Kontuz ibili behar da hitz honekin, zeren eskaner hitza OTA (TAC), ekografia eta gammagrafia ere izan baitaiteke.

Screening.- Esangura desberdinak izan ditzake: detekzio sistematikoa, diagnostiko goiztiarra, aurrekariak aztertzea, azterketa. Dena den, haren frantses baliokidea usuago aurkituko dugu: despistaje (dépistage).

Severo (severe).- Hau da, "gaixotasun edo egoera larria" (bizitza arriskuan baitago), "min handia, zorrotza"...

Stress.- Kasuen arabera, estresa, tentsio psikikoa denean, baina urduritasun, larritasun, esfortzu edo ahalegin, eraso... bestelakoetan.

Tableta (tablet).- Medikuak hartzeko agintzen duen konprimatua da.

1.1.2. Frantsesak eragindakoak

Bigarren idazpuru honetakoak frantsesetik datoz eta, komeni da gure testuetan maiz agertzen direnak aipatzea:

Enervar (énerver).- Gaztelaniaren berezko esanguran, ahuldu, makaldu da, baina frantsesaren eraginez, urduritu izaten da.

Ganglión (ganglion).- Gaztelaniaz ganglión eta ganglio linfático edo nervioso nahasten dituzte. Hortaz, ez da ganglioi, gongoil linfatiko edo gongoil nerbioso baino.

Garrote (garrot).- Tornikete, konprimagarri, konprimagailu.

2. Ajeak. Eztabaidan jarri dituzten hitz batzuen gaineko iruzkinak

Badirudi azken bolada honetan berritu direla euskararen zuzentasunaren eta Iparraldeko euskaldunekiko batasunaren gaineko kezkak, halako moldez non irudi baitu ezen, zenbait tokitan eta mundutan hil hurran dagoelarik ere, euskararen eritasunik handiena horixe dela eta eleen aferetan iritzi batendako baizik ez dela tokirik egokitu eta geratu.

Bide murrizketen aldeko oldarrak, Aitorren hizkuntza zaharra Babelgo Dorretik irten zenean bezain garbi utzi beharrez, ezagun zaharrak ditugu Euskal Herrian, aldizka jotzen gaituztelarik, eta, halaber, egiaztatuak haien pentsamolde antzuaren fruitu erkinak.

Gure gaiari gagozkiolarik, uste dut Ibon Sarasolak bere azken saioan[11] egiten dituen proposamen batzuek gogoeta txiki bat eskatzen dutela, batzuetan, ohar egokiak egiten baditu ere.

Zain edo odol-zain (bena ordezkatzeko).- Medikuntzaren euskal hizkeran ez dago seguru eta finkatutzat jo dezakegun hitz eta esamolde asko, bena, ordea, hedaturik dago, eta ez dago, nik dakidanez, kontrakarra nabarmenik.

Ezin gaitezke egunero oinarri bila hasi, Sarasolak dakienez, ez eta erabiltzen dena, testu jasoetan noski, arrazoi sendo-sendorik gabe bazterrera bota, egingo genukeen balizko aurrerapenak nekez berdindu bailezake pairatuko genukeen kaltearen handia.

Gogora ekarri nahi dut arlo honetan dihardugunok badugula arau-emailetzat hartu behar genukeen oinarri bat, lehen aipatu dudan gaixotasunen nazioarteko sailkapena, aurrera egin nahi badugu, behintzat.

Bestalde, oker dabil Sarasola vena-aek alemanieran seinik ez duela uste badu: vene, blutader[12]. Erabilera teknikoan vene da nagusi, hohlvene (kaba bena) terminoak erakusten digunez.

Litekeena da, nazioartekotasuna erabakitzean bakoitzak nahi duen tokira begiratzen duen bezala, kasu honetan ere hiztegi desberdinak erabiltzea. Neuk behintzat, alemanieraren adiskidetasunarekin, ondo beterik sentitzen dut hitz bati eskatzen diodan nazioartekotasunaren bide-saria.

Gauza jakina da zain, vena ez ezik, nervio, tendón, eta gure interesgunetik at dauden raíz, fundamento, principio, veta... ere badena. Testuinguru askotan ez dagoke esangura bereizteko arazorik, baina baliteke batzuetan egotea, eta perifrasietara jotzea ez da bide luze baterako lagun ona, ezin baita ahaztu hitzek, sintagmak osatzen dituztenez, elkarri lotzeko malguak behar dutela izan, eta medikuntzan sintagma luze eta erreferentziez beteak eraikitzeko joera dagoela.

Agian Sarasolak ez dio zehaztasunari beste batzuek ematen dioten garrantzia aitortzen. Arrazoia dauka dioenean ezen zientzien eta tekniken munduan uste dugun baino zehaztugabetasun handiagoa dagoela. Hala ere, horrek ez du esan nahi teknolektoak egiten dituzten adituak ez zaizkionik zehaztasunaren idealari lotu behar, hutsak eta ezinak gorabehera, eta zer esanik ez medikuntzan; beharrik!

Normala denez, anatomiako hiztegi bat egin behar duenak zehaztasuna bilatzen du.

Hitzak hizpidea ekarri dit, darabilgun arazoari lotutako beste gogoeta batzuk egiteko. Bena terminoaren nazioartekotasuna eztabaida daiteke, noski, zeinahi ikuspegi bezala, beti ere gizabidez. Izan ere, araudietan ez dago jasota hitz baten haurrideak zenbat hizkuntzatan erabili behar diren nazioarteko umetzat jotzeko. Besterik ezean, bat etorriko gara meritu hori aitortzeko ez diegula munduko hizkuntza guztietan agertzea eskatuko, ezta Europako mintzaira orotan ere.

Gauzak horrela, aitor dezagun, ezen, irizpide neurgaitz baten aurrean gaudenez, bakoitzak baduela bere neurriarekin jokatzeko modurik, muturretara jotzen ez badu behinik behin..

Neuk nahikoa deritzat hitz jakin bat erromantzeetan eta ingelesean erabiltzeari, inguratzen eta zeharkatzen gaituen nazioartekotasuna horixe delako. Eta nazioartekotasun hori bete-betea hautematen dut alemanieraraino hedatzen denean, ingelesa, alemaniera eta, neurri apalago batean, frantsesa, eurak izan baitira gure inguruan zientzia-teknikak landu dituzten hizkuntzak[13].

Azpimarratu nahi dut ez nabilela zain baztertzearen alde, bulgarismoa edo lagunartekoa delakoan, Iñaki Ugarteburuk dioenez[14], erregistroak baitaude jokoan, baita Administrazio honetan ere.

Ospitaleratu (ingresatu ordezkatzeko).- Arazo honetaz mintzatu gara Osasun errotulazioa. Testuen zerrenda liburuaren sarreran[15] baita aldizkari honetan bertan ere[16].

Osasun Sailan eta Osakidetzan egin dugun aukerak ingresu eta ingresatu ez omen die Iparraldeko euskaltzale batzuei graziarik egiten. Bestalde, pentsa liteke ospitaleratu horrek gure ingreso eta haien admission hitzen arazoa saihesten duela. Saihestu baino ihesi dabil.

Nolanahi ere den, geuk jarri behar ditugu euskaraz, behin eta berriz jarri ere, makina bat txosten, estatistika, inprimaki, errotulu... ez Iparraldekoek tamalez noski, ez baitute administrazio frantsesa baino. Halabeharrez, gure antolamenduari begiratzen diogu, espainolaren eredura hezurmamitua bada ere.

Ospitaleratu (da/dute), elizaratu, etxeratu eta horien senitartekoa da, noski, eta, horrela, ingreso, ingresar, nire irudiko, ez dira ospitaleratu hitzaren baliokideak, administrazio-egintza arautu bat den aldetik: norbait ospitale-asistentzia jasotzeko administrazio-egoeran jartzea. Administrazio-egintzak, hain zuzen, hasiera, izapidetza eta burutzapena arautuak ditu, orobat, bere xedeak, baita bere sujetuak eta objetuak ere. Objetua ez dira ospitaleratzen direnak, ez norbait ospitaleratzen dutenak ez eta ospitaleratzen dituztenak ere.

Apika, hedapen semantikoaz joka genezake, baina uste dut ezen, irabazi baino, galdu egingo genukeela.

Gauza jakina da Osakidetzak, gaur egun, etxean ospitalizatzen dituela gaixo asko, ez ospitalean, hau da, ingresatutako asko etxeratu egiten dituela.

Gainerakoan, urte batzuk barru Iparraldekoek administrazio autonomikoa badute, pozik hartuko dute geuk neke handiz finkatzen ari garena, zeren, eredu bat izango dute, eta geure katramilak eta eragozpenak pairatu behar barik.

Operazio-gela (kirofano ordezkatzeko).- Sarasolak honetan arrazoi osoa dauka, quirofano ez baita espainolaz baizik erabiltzen. Geuk operazio nazioarteko hitzaren alde aspaldi egin dugunez, eta proposatzen duen operazio-gela argi-argia eta naturala denez, ez dut oztoporik aldaketa onartu eta gure lankideei nahiz mediku euskaldunei proposatzeko.

Gihar (muskulu ordezkatzeko).- Sarasolak dioenez, muscle esaten dute frantsesez. Hori horrela, nekez sinestuko dut Iparraldekoek ez dutela muskulu haurridea ulertzen, jakina, etxeko eta lagunarteko hizkeraz besteko erregistro formalago batez baliatu behar direnek behinik behin.

Gainerakoan, Sarasolak ez du esaten, berriro ere, ingelesez muscle esaten dutela, eta alemanieraz muskel (eta musculös erreferentziala, gaztelaniaren musculoso esateko). Nazioartekotasun horri nahikoa deritzat, berriki esan dudanez.

Nolanahi ere den, pentsa liteke euskaraz nahikoa dugula gihar hitzarekin, erregistro bereizketarik gabe. Aukera bat da. Ez da, ordea, gure mediku eta erizainek egiten dutena, eskuarki, bereiztea hobetsi dute eta, GNS-10ean[17] ikus dezakegun bezala, baita Anatomia hiztegian[18] eta Ihardunaldi medikoetako hiztegian[19] ere, nahiz eta testu horien kalitatea eta balio arau-emailea desberdina izan. 

Gazur (suero ordezkatzeko).- Arrazoia dauka Ibon Sarasolak dioelarik inguruko hizkuntzetan serum erabiltzen dutela, goi medikuntzan, odolekoa adierazteko. Izan ere, gaztelaniak suero latin arrunteko sorum-dik jaso du serum klasikotik hartu ordez.

Dena dela, kontutan hartu behar da serum-ek grafia antifonologikoa duela euskararako: Seru litzateke errazena, eta ez dugu ahaztu behar gure tradizio eskasak libre egiten gaituela gauzak ahalik eta errazen egiteko. Hala ere, gauzak bere neurritik ateratzen ez baditugu, onartu beharko dugu ezen, serum idatzi arren, [m]ren ordez [n] ahoskatuko dugunez, ez dugula arazo handirik izango. Dena dela, zenbat eta grafia antifonologiko gutxiago hobe: maileguak horrexegatik ere egokitzen ditugu.

Bestelako arazoa da ebatzi behar dugunentz gure medikuek eta erizainek baliatzen duten suero espainola aienaraztea. Hizkuntzaren jabe bakarra sentitzen ez naizenez, eta, zinez, medikuntzaren kasuan laguntzaile gonbidatua soilki, argi daukat ekimena eta hitza ez direla nireak, ez eta ni bezalakoentzat[20] gordeak ere.

Normalean, medikuak, erizainak..., jende pragmatiko samarra izaki, alegia, filologo, euskara-zaintzaile eta abarrei jarraitzera ez oso emanak, goganbehartzen naiz ez ote duten orain arteko ildotik jarraituko.

Erregistroaren arazoaz den bezanbatean, espainolaren antzera jo dezakegu, gaztagintza eta goi medikuntza estekatuz, gazur hitzari bide berriak emanez. Sarasolak espainolaren bidea proposatzen digu oraingoan. Hala da; ingelesez whey da esnearena, petit lait frantsesez, serum de lait ere, beste erregistro batean, esan arren, eta molke da alemaneraz.

Gazur bakarrik erabiltzeko eskatzen digu. Zertarako ordea? Iparraldekoak eta Hegoaldekoak elkarrengana hurbiltzeko ez noski, batasuna ez baita zelai honetan jokatzen. Nazioarteko familiatik (serum, suero) urruntzeko apika?

Banako (unitate ordezkatzeko).- Unitate hitzak nazioartekotasun nahikoa duela iruditzen zait, ingelesaren intensive care unit horren erakusgarri (frantsesez unité).

Ez dirudi hitz horrek Iparraldekoen eta Hegoaldekoen arteko komunikazioa galaraziko duenik.

Ezin uka dezakegu, abenikoz, anatomia patologikoko banakoa esatea badaukagula, eta, orobat, erabaki horrek gehienoi sortuko ligukeen bihotzerrea jasatea ere bai. Baina hizkuntza ez dago sufriarazteko, ez eta apetak asetzeko ere.

Garuntxo (zerebelo ordezkatzeko) eta burmuin (zerebro-ren ordez).- Sarasolarentzat ingelesaren cerebellum ez da aski, dakigunez, ez eta alemanieraren zerebellum ere[21]. Bestalde, tradizioa, literatura, garaia eta autorea bere gogara aukeratzen dituenez, J. Etxepareren lekukotasun xumea garuntxo ederresten du, medikuntzako literaturan gehienek darabilten aukeraren kaltetan. Zergatik? Frantsesek cervelet erabiltzen dutelako.

Dena dela, begi bistakoa da, garuntxo gorabehera, cerebellum, cervelet, cerebelo... hitzak, eta inguruko hizkuntza gehienetan baliatzen dituztenak, erro berekoak direla. Hor, beraz, badugu nazioarteko aukera nabarmen bat. Bestalde, ezin ukatu dezakegu euskararen sistema foniko eta fonologikoa Zuberoko /ÿ/ gorabehera gaztelaniatik hurbilago dagoela frantsesetik baino. Iparraldeko artzain askori entzutea baino ez dago hori belarriaz ere egiaztatzeko. Hori horrela, zein da zerebelo onartzeko benetako eragozpena? Euskararen literatura ezin txiroagoan erabili ez izana?

Ez dirudi bekatu larria oraingo gure erabilera teknikoari eusteak, aitzitik, hobena da oinarri bila musu truk berriro hasteak, dakarkigukeen abantaila bakarra espainoletik eta ingurutik urruntzea izanik.

Harrigarri deritzat hitzak aukeratzeko arrazoi horrek hain indartsu irauteari, beste garai batekotzat jotzen bainuen, uste izanez gaurko euskaltzaleak, euskararen benetako larriaz jabeturik eta zentzu hobeaz jantzirik, erabilera sortu Hegoaldean jakina, ahal dugun tokian eta dagoen apurra sendotzeari lehentasuna eman nahi ziotela, arazo hutsalak asmatzen eta filologiakerietan ibili beharrean.

Zerebro hitzari bagagozkio, ematen dit ez dagoela eragozpen handirik burmuin/entzefalo, kasuan kasukoa, bultzatzeko, ez, noski, Sarasolak proposatu duelako, medikuntzako euskal testu espezializatuetan ohiko aukerak direlako baino. Hala ere, baliteke zerebro hitz elkarketan, eta izen horretatik eratorritako adjetibo erreferentzialak ezin baztertuzkoak izatea. Izan ere, horrelakoak erabiltzen dituzte inguruko hizkuntzetan, tradizio zientifiko-tekniko sendoa dituztenetan bederen, nahiz eta alemanierak germaniar sorburuko hitzez ere baliatzen den burmuin esateko. Horra hor

-Ingelesaren cerebrum, cerebral, cerebritis, cerebrohepatorenal syndrome, cerebromalacia, cerebroside lipidosis, cerebropasticity congenital, cerebrospinal[22],

-edo alemaneraren zerebral eta zerebrospinal[23].

Zesartar (zesarea-ren ordez)

Ez dut eragozpenik ikusten proposamen hori onartzeko, ez eta aldaketa bultzatzeko ere. Azken epaia, ordea, ez da nirea ez Sarasolarena, erabiltzaileena baino.

Jakintza (zientzia ordezkatzeko)

Lehengo guztiak esanak esanda, ez dut uste iruzkin gehiago merezi duenik: bakoitzaren gustuak eta grinak begirune guztia merezi dute, edo, bestela esanda, bakoitza bere zoroak bizi du.

3. Euskara idatzia, kultur komunikaziorako gaitu gabeko hizkuntza

Oraindik ez dugu lortu oztopo handirik gabe irakur daitekeen literatura. Bestela esanda, gure artean ez dago, baldintza beretan ondo idatzitako testua eta dagokion irakurlea izanik, testua gaztelaniaz bezain erraz edo errazago irakur dezakeenik, umeentzakoa ez bada, behintzat.

Izan ere, ia testu guztietan edozein mota izan arren aurkitzen ditugu bi edo hiru bider irakurri behar ditugun esaldiak; gehiegitan eten behar izaten dugu irakurketaren haria; ondoren, aurrera egiten dugu kasurik onenean, baina atzera gehienetan. Zorioneko salbuespena izateko bidean datoz Euskaldunon Egunkaria, Elhuyar eta herriko zenbait aldizkari; halere, onartu behar dugu ezen testu horiek ez dituztela munduan diren mota guztiak besarkatzen ezta urrik eman ere, eta testu bakoitzak bere idaztankera eskatzen duela.

Horregatik, ez dute funtsezko ezer konpontzen Pello Esnalen eta Zubimendiren proposamenek eta arauek, zenbait aholku on eman arren. Euskal arimaren bila ibiltzeak, XIX. mendeko erromantikoek eta mende honen hasierako espaniar "regeneracionistek" egiten zuten erara, ez du ezertan laguntzen, zeren irtenbideak nekez aurkituko baititugu bertsolaritzan edo Oteizaren jentilbaratzetan eta huts-zuloetan; Mitxelenaren estilo sarritan korapilotsu, ilun eta bitxizalea ere ez da eredugarria, euskaltasun guztien santutegi bihurtu bazaigu ere.

Errua ezin diegu beti leporatu irakurlearen antze-faltari eta idazlearen trebetasun eskasari. Agian, bestelako arrazoiak ere egon litezke hor: funtzionatzen ez duten arauak, noizbait, hizkuntzan eta komunikazio-premietan oinarritu gabe, garai bateko euskaltzale handiren batek aberria salbatzeko emandakoak; gure euskara txikiaren egiturazko korapiloak.

Zeinahi gisaz, onartu beharko dugu ezen, euskarak testuetan behar bezain ondo funtzionatzen ez badu, alor horretan ibiltzeko moduko hizkuntza sortu ez dugulako dela.

Korapilo eta oztoparri horiek agertzen dira landako euskara bere ohiko bizi-lekutik kalera ateratzen dugunean, eta horrexek erakusten du euskararen idazketa heldu gabea dela, euskara bera txikia dela, jaioberria, atzo arratsaldekoa, koxkorra, hazi eta lumatu gabeko txoria. Euskara ez dago oraindik kultur hizkuntza izateko prestaturik.

Hizkuntzak, zeinahi izaki bezala, ez dira betiko ez betirako, ez daude eginak: erabiliz egiten ari dira. Aitzitik, erabiltzen ez direnean egin gabe geratzen dira. Euskarak erabilera jakin batzuk izan ditu, beste batzuk oso gutxitan, hobeto esanda, maiztasun eskasaz. Baserritar eta arrantzaleen euskara komunikazio mota batek sortu zuen, eta erabilpen horrek ekarri ditu mundura euskara horren lexikoa, morfologia eta sintaxia, baita estilo-ezaugarri batzuk ere.

Hortik landa ia ez da deus izan. Landako euskara handia izan zen euskaldun gehienentzat, baina txikia beste premia batzuk zituztenentzat. Arazoa ez du konpontzen sistema batean funtzionatzen duten arauak eta joerak (galdegaia-mintzagaia, perpaus arteko lotura pospositiboak) besterik gabe eremu berrian txertatzeak, zeren esparru bakoitzean funtzionatu behar duen sistemak bere betekizunak baititu: batean komunikazioa bideratzeko dena komunikazioaren kontrakoa izan daiteke beste batean.

Euskarak ez ditu garatu kultur hizkuntza izateko behar dituen tresnak, besteak beste, joskerakoak eta estilokoak, zailenak azken batez, bide luzea jorratu ondoren gorpuzten direlako[24].

Villasantek esan duenez, XVIII. eta XIX. mendeko literaturak euskara kultur hizkuntza bihurtzeko lehenengo ahalegin sendoa egin zuen, baina ahaleginak huts egin zuen XX. mendearen hasierako purismoak literatura harekiko leizea zabaldun zuenean[25]. Horren ondorioz, mende honetako testu gehienak haien maila berekoak behintzat nekezago irakurtzen dira.

Batasun handia egon zen gainera, Iparraldekoek eta Hegoaldekoek prosa sistema bera erabiltzen zuten-eta, mendebaleko hizkuntza landu guztiek erabili dutena, bakoitzak, zenbait xehetasunetan, bere berezitasunetara ekarririk.

Idaztankera komun hori Grezian sortu zen, eta latinak hedatu zuen. Ondoren, Mendebaleko hizkuntza guztiek, nazio eta, hortaz, kultur hizkuntza bihurtzeko jauzian, imitatu eta bereganatu zuten. Ahalegin berean saiatu ziren gure idazle zaharrak, eta aurrerapauso handiak egin zituzten komunikazioan.

Latinetik ez datozen hizkuntzek ere ingelesak eta alemanierak esate baterako latin eta grekoaren subordinazio eta koordinazio-sistemak onartu dituzte, bakoitzak bere berezitasunekin. Idazketa garatzeko modu horrek eraman zituen lotura prepositiboen sistema sortzera eta indartzer[26].

Izatez, ez da batere errentagarria esanguraren ardatzak aditza eta esaldien arteko loturak, subordinaziokoak edo koordinaziokoak direla atzera botatzea, zeren ezin baita horiek gabe aurrekoa ulertu, eta, habeak heltzen direnerako, aurrekoa joaten baitzaigu, buruan itsatsirik geratzeko euskarrien faltaz. Egia esan, sarritan, benetako irakurketa aditzetik, lokailutik, atzizkitik (-nean...) edo urruneko sustantibotik egiten dugu, bigarren bueltan noski, lehenengoan ez baitugu haien aurreko ia ezer ulertu eta gorde.

Iruditzen zait eragile nagusi bi izan direla euskaran behaztopa-harri horiek ez gainditzeko, eta elkar elikatzen dutela:

-gutxi idaztea, erabilpen falta, eta

-euskararekin antihizkuntza bat egiten lehiatzea, alegia, hizkuntza negatibo bat, ingurukoak ez bezalakoa, komunikatzeko asmoari odol-garbitasunari eusteko edo diferente izateko helburua erabat nagusiturik.

Baina landako euskararen bide batzuk komunikazioaren ekonomiaren kontrakoak badira, zer esan, bada, antihizkuntzak sustatuei buruz.

Ez da harritzeko modukoa XX. mendearen aurreko literatura klasikoak bide horiek jorratzea, ez eta literatura horretan Sebero Altuberen legeek hain euskarri gutxi aurkitzea. Orobat, ez da txiripaz gertatzen ezagutzen dugun euskara mintzatuan lege horiek neurri apal batean baino ez betetzea, eta euskaraz bideratzen den ahozko komunikazioa zenbat eta konplexuagoa den hainbat eta gutxiago betetzea, harik eta erabat betezin gertatu arte.

Sebero Altubek ez zuen frogatu bere legeak euskararenak zirenik. Egin zuen lanak ez luke gaur eguneko tesina baterako ere balioko. Toki batzuetako ahozko euskararen joera batzuk hartu eta, haien testuingurutik kanpo, euskararen arau orokor bihurtu zituen, Altubek berak eta haren garaikideek bultzatu nahi zuten antierdera hezurmamitzeko egitasmoarekin bat zetozelako.

Handik, interferentzia horrek baldintzatu du euskal idazketa, gaur arte gainera, euskara kultur hizkuntza bilakatzea oztopatzen duten beste eragile batzuen buruan. Eta, nahi izanez gero, nekeak hartu behar ditugu Altuberen legeak ez betetzeko, ia automatikoki betetzen baititugu gehienok.

Badira, jakina, frantsesetik eta gaztelaniatik datozen interferentziak, ezin baitugu ukatu euskara hizkuntza menderatua eta pitzatua dena. Baina euskara eraberritzera eta antzetsu egitera daroaten indar guztiak menperatzailetzat joz gero, balizko Aitorren hizkuntz zaharrarekin geratuko gara, alegia, ezerezarekin.

Identitateari ikuspegi dinamiko batetik begiratzen ez badiogu, pentsatuko dugu inguruko hizkuntzen eragin gehienak kalterako direla, eta ez batzuk bederen ezinbestekoak eta onuragarriak. Hizkuntzaren autonomia zaindu beharretik hizkuntzaren ukaziora limurtuko gara, zeren hizkuntza komunikazioaren bitartekaria baita. Azken batez, antihizkuntzak ez du autonomiarik; ezin da bere kasa bizi, ukatzen duen hizkuntzaren espainolaren negatibo barregarria baino ez da.

Horregatik guztiagatik, mende honetako testuak gutxitan dira eredugarriak idazketaren oinarrizko arauak emateko. Alternatibek izen eta aditz sintagmen ardatzak aurreratzera eta elkarretaratzera jo behar dute, kontuan hartuta inguruko hizkuntzetan funtzionatzen duten bide orokorrek euskaran ere funtzionatzen dutela, nola baitira tema (galdegaia) ez dela beti hanpatzen eta hanpatzeko bide nagusietariko bat intonazioa dela eta ez kokapena.

Gauza jakina da intonazioa ez dela erraz islatzen idazketan, eta adierazi gabe ere geratzen dena gehienetan. Gaztelanian egoera beretsua dago, eta, guztiagatik ere, ez da enbarazu handirik egoten testuaren mezua antzemateko, irakurleak testu eta testuinguru osoan interpretatzen baitu perpausa.

Idazle trebearen lana ideiak argi adieraztea da. Baliabide eskasekin gauzatu behar du ekintza, zeren idazketak, ahozko jardunak ez bezala, gogoeta antolatzeko aukera hobea ematen badu ere, adierazkortasunean galtzen baitu, hitzez kanpoko komunikazioaren lanabes gehienak galtzearen poderioz.

Diskurtsoaren mezua ulertzeko gune ezinbestekoak aurreratzeko bideak aurkitu behar ditugu beraz, trikimailuak asmatzen ibili gabe, idazketak bide sendoak behar ditu eta. Komunikazioa erraz bideratzeko aurrean jarri beharrekoa aurrean jarri behar dugu, besterik gabe.

Hala ere, tolesgabeak izan ez gaitezen, kontuz ibili behar dugu, gaztelaniak edo frantsesak bakarrik eta ez komunikazioak aurreratzeko eskatzen digutena aitzinean ez jartzeko, behar komunikatibo batzuk faltsu samarrak izan daitezkeelako.

Osakidetza eta Osasun Saileko lexiko-batzordean[27] bideak aurkitzen saiatu gara izen-sintagmen ardatzak ahalik eta gehien aurreratzeko. Horretaz arituko naiz hurrengo atalean.

4. Proposatutako aukera batzuk administrazio sanitarioaren oinarrizko hiztegia lantzeko

Hiztegi batean muga handiak ditugu ordenaren arazoari heltzeko. Gauza jakina da estilo-liburuak askoz emankorragoak direna eginkizun horretarako, beraiek aukera ematen baitigute osagarrien eta perpaus-loturen kokapenarekin jokatzeko.

Halarik ere, arazoari bide guztietatik heldu behar diogu, hain da gaitza. Eta hiztegia prestatzeko abagunea baliatu nahi izan dugu hitz andana eta termino konplexuetan egin daitekeena egiteko, helburu jakin batekin: izen-sintagmen ardatzak aurrera ekartzea.

Irizpideak eta egin ditugun aukerak azalduko ditut ondoren, ezagunak izan arren, jorratu nahi dugun bidearen lekukotasuna izan dadin.

a) Hitz elkarketa

Hitz elkarketa ez da lehenengo aukera izan. Lehenengo eta behin, adjetiboaren bidez ematen ahalegindu gara izen-lagunarekin batera bera delako izenen hedadura semantikoa murrizteko biderik usuena.

Hitz elkarketaren muina elipsia denez, testu anbiguo samarrak sortzen dira eta ez oso naturalak, ugaria denean, eta arras ugariak izan daitezke medikuntzako testu teknikoetan.

Beraz, azpiko lotura agerian uzten saiatu gara, hitzen arteko erlazioak (-ko, -entzako, -en, eta...) emanez.

Bikoteak (aurpegi-masailetako) argiak direnean bakarrik erabili ditugu: Aurpegi-masailetako kirurgia, baina, alderantziz jarri behar badugu, masail eta aurpegiko kirurgia hobesten dugu.

Izen-lagunen kasuan, -ko erlazio-atzizkia bultzatu lotura horietarako: Kanpoko pazientea, errehabilitazioko zerbitzua, hezurmuineko transplantea...

Sarritan, ostera, -ren atzizkia baliatu dugu: Asmaren, minaren unitatea, hezurmuinaren emailea, larruazalaren bankua.

Dena den, izen-sintagmetan ardatza aurreratu beharrez, izen-lagunak adjetibo bihurtzeko aukera present izan dugu beti, eta, horren ondorioz, -ko duten izen-sintagmetan malgutasunez jokatu behar dela uste izanez, hiztegiaren hitzaurrean ohartarazi nahi duzu ezen, idazleak, gehienetan, aukera bat baino gehiago duela eskueran, izen-lagunen kateak ahalik eta gehien murrizteko. Gainera, tradizio literarioan nahiz ahozko euskeran maiz erabili da. Ikus ditzagun adibide batzuk:

(Bizkaiko barrutiko) haurrentzako ospitale egunekoa nahiz Haurrentzako eguneko ospitalea baztertu gabe.

Ospitalez kanpoko atentzio espezializatua nahiz atentzio espezializatu ospitalez kanpokoa

Era berean, -tako atzizkiez eratutako izen-lagunekin; baina tentuz ibili behar da, zenbaitetan esangura desberdina izan dezakeelako:

Protokolizatutako atentzio nahiz Atentzio protokolizatua

Erlazionatutako diagnostiko taldeak nahiz Diagnostiko-talde erlazionatuak

Hitzartutako ospitalea eta Ospitale hitzartua

Hitzartutako asistentzia eta Asistentzia hitzartua

b) Adjetibo erreferentzialak

Adjetibo erreferentzialak arazoen erdigunean daude, hizkera teknikoak eratzen ari direnen kezkagarri, UZEIk eta IVAPek antolatu zuten Terminologia Biltzarrean aurkeztutako komunikazioek erakutsi dutenez. Guztiak izan dira azterketa zorrotzak eta onuragarriak.

Kontua, ordea, komunikazioaren pragmatikari lotuago dago morfologiari baino, funtsean ez baita euskarak hitz elkartuak sortzeko biderik duenentz eta nolakoak diren, edo itzultzaileek nolako maiztasunez baliatzen dituzten, baizik eta irakurgarritasunari zertan eta nola laguntzen dioten, lehenago esan dudanez, euskaldunok ez baitugu artean lortu kultur hizkuntza batek behar duen heldutasun komunikatiboa.

Badago uste duenik (eta ez dira gutxi) euskaraz adjetibo erreferentzialak, salbuespen bakanetan izan ezik, ez direla erabili behar. Esan beharrik ez: iritzi horrek ez du adiskide askorik medikuntzaren arloan. Erreferentzialen aldeko joerak, aldiz, adiskide ugari du, literaturak erakusten duenez, medikuntzaz idazten duten gehienek adjetibo haien premia handia sentitzen baitute.

Ez da txiripaz gertatzen: medikuntza erreferentziaz jositako hizkera da; termino konplexu ugari sortzen dira gainera, eta kateamendu luzeak eraiki. Horrelako testuetan elkarketa eta izen-lagunak baliatzeak biziki oztopa lezake irakurketa, esangura oker asko eragiteaz gainera. Bestalde, terminologiaren mugak agitz murrizten du testuinguruaren arabera termino bera batean erreferentzialaz eta beste batean elkarketaz ematea, nahiz eta, finkotasun terminologikoari kalte egiten ez dionetan aldakortasun hori ere onartu dugun.

Ingelesa, esate baterako, euskararen antzera, oso malgua eta emana da hitz-elkarketarako. Hala ere, ingeleseko testu medikoak adjetibo erreferentzialez beteta daude errepara diezaiogun kasuari. Jaidura bikoitza du ingelesak, larridura handirik gabe.

Bestela jokatu dugu renal, hepático, abdominal erreferentzialak euskaraz ematerakoan, eta arrazoi bategatik: egiaztatu dugunez, medikuntzako testu gehienetan, eta, batez ere, GNS-10ean, sabel-, gibel-, giltzurrun- erabiltzen dituztelako.

Izan ere, ahalegin guztiak egiten ditugu euskararen gaineko jarrera patrimonialistak baztertzeko, hizkuntza erabiltzaileena baita.

Gainerakoan, zehatzak dirudite kasu gehienetan. Dena den, ez dirudi hepatiko bezalako adjetiboak kasu guztietan ordeztu ditzaketenik, eta GNS-10k ez du beti egiten.

Geuk, GNS-10eko joera nagusiari jarraiki[28],

* -ko erabili dugu errefentzia tokia denean: garuneko, bihotzeko, gibeleko, obulutegiko.

* Erreferentzia tokia ez bada, (neurosis cardiaca) adjetibo erreferentzialaz baliatu gara.

* Abdominal eta abdomeneko[29] biak hartu ditugu.

* Adjetibo erreferentzial bi daudenean, askotan, bata toki gisa eta bestea erreferentzia zehaztugabe gisa itzuli ditugu beti: garuneko gaixotasun baskularra

* Izenlagunen pilaketak eta sintagma ulergaitzak ebitatzeko, batzuetan ez dugu -ko izenlaguna erabili, erreferentziala baizik. Adjetibo erreferentzialaren aukera eskueran izan dugu: renal adjetibo erreferentzialaren baliokidea giltzurrun(eko) ez denean, renal esan dugu

5. Azken hitza

Artikulu honetan gure inguruan dabilen zenbait okerbide argitzen ahalegindu gara; batzuk itzulpenen bidez heltzen zaizkigu gurera, eta arretaz jarduteko eskatzen digute; besteak, etxean bertan sortuak dira, euskararen gaineko aukerak murrizteko asmoak eranginda, bide batzuetara hedatzen hasi denean hain zuzen.

Euskaldunok eremu berriak aurkitu ditugunean, ondikotz!, gehitu omen dira gure ajeak, deslai-edo gabiltza, eta errieta egin behar digute, zintzotu gaitezen. Gure benetako ajea, ordea, euskara-euskaldunen desegituraketa soziala da, bazterrekoak izatea, geure kalean ere lekurik ez edukitzea, eta supazterrean ere gero eta bakanago...

Hori dela kausa, euskararen sustatzaile-arautzaileen munduak eliza txikien hazpegiak edo halako antz edo kutsua izan ditu beti. Aberriaren balizko jatorri garbia salbatzeko gotorlekua, baina gazteluko jaun-andreek ez diete benetako euskaldunen beharrei buruz buru begiratu, azken batez, beren gatazkez, nahiez eta asmoez arduratu baitira. Agian ezin zitekeen bestela gertatu; alabaina, ezin dugu ez dugu jada astirik horma historiko hori gainditu gabe jarraitu.

Gizarterik gabe hizkuntza ez da ezer, horrexegatik, hain zuzen, euskara ezerez bihurtzeko bidean dabil aspalditik. Deus ez den hizkuntza zaletu eta filosofo-filologoen jostagarri da, nork bere grinez, mundu-ikuskeraz eta sentipenez moldeatu dezakeen buztina, eta eztabaida antzuetan atzera eta aurrera atergabe ibiltzeko denbora-pasa, edo lau gixajoren agintari hizkuntz agintari bihurtzeko aukera paregabea.

Euskaldunok bideak behar ditugu, denetarikoak, eta gizarte-bideak, estiloak nahiz hizkuntz aukerak berez ugarituko dira, funtsean, gauza bera direlako. Hala da; erabilera-eremu zenbat, euskaldun motak hainbat, eta euskarak ere anitz.

Hizkuntza dabilenean, euskaldunek ez bestek esango dute euskaraz bizitzeko zein aukera diren on eta zein malkartsu, entseiu elkorra bazterrean utziz. 

Gora bihotzak! Bozkarioz har ditzakegu azken aldian omen ditugun ajeak, gizartea aurkitu eta berarekin berriro elkartzen hasi garela erakusten badigute.

Bestela ere, ez legoke arrenkuraz egoteko arrazoirik, euskara berbideratzeko egin diren azken saiakerek erakutsiko bailukete euskara honezkero heldua dela hizkuntza batek bere bizitzan ezagutzen duen aldirik ederrenera, poesia bihurtzen den horretara hain justu.


Oharrak

1. Ugarteburu, Iñaki, "Medikuntzako euskara ereduak" I, II, UZEI, Berba, 21 (1996) eta 22 (1997).

2. Manjon, Roberto, «Administrazio sanitarioko euskara: egoera, itzulpena eta arazo terminologikoak», Senez, 17, 1996

3. FRANTSESA: XVIII. mendearen amaieran antzematen du frantsesak hizkuntz zientifiko nagusiaren maila. medikuntzaren alorrean, ekarpen handiak egin ziren frantsesez, batez ere Fisiologian (BIchat-ek eta Magendie-k, Claude Bernard-ek), Neurologian (Charcot-ek, Brocak, Pierre Mariek, Brouchard-ek, Babinskik) Mikrobiologian (Pasteurrek, Calmettet-ek, Metchnikoff-ek, Nicolle-k, Roux-ek, Yersin-ek), Anatomian (Testut-ek eta Rouvière-k).

4. Alemanera da Europan hiztuen gehien duen hizkuntza (ama-hizkuntza 85.000 herritarrentzat), eta, erdian kokaturik, giltzarri gertatzen da Europa erdiko eta ekialdeko estatuekiko harremanetarako. Bestalde, germaniarrak dira nederlandera, flandesera, daniera eta Eskandinaviako hizkuntzak, Finlandiako suomiera izan ezik.

XIX. mendearen amaiera nazioarteko hizkuntza nagusia zen Filosofian, Linguistikan, Kimikan eta medikuntzan. 1850.etik Lehenengo Mundu Gerrara bitartean medikuntzaren hiru atal nagusietan egin ziren funtsezko ekarpenak alemamieraz adierazi ziren, alegia, zientzia morfologikoetan (Anatomia, Enbriologia, Histologia eta Anatomia Patologikoa), Fisiologian eta Biokimikan, eta, azkenik, Mikrobiologian. Eta nola ahaztu Psikologiari alemanieraz egindako ekarpenaz, Freuden psikoanalsia eta haren oinordekoak, berebiziko eragina izan dutenak gaur egungo psikoterapian.

5. World Health Organization, Geneva, 1992-Osasun Saila, Vitoria-Gasteiz, 1996

6. Ikusi bestela medikuntzan jaun eta jabe den "detectar" egunerokoarekin, gehienetan "txarto" edo erabilia, "observar", "percibir", "encontrar", "localizar"... eta beste aditz batzuen hondamendia.

7. NAVARRO, A. Fernando, Traducción y lenguaje en Medicina, Fundación Dr. Antonio Esteve, Barcelona 1996

8. OE-Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Anatomia Hiztegia, Erein, Donostia, 1995

9. "larri" adjetiboak bizitza galtzeko arriskua mailakatzen duela onartuz gero.

10. "soporte vital avanzado", heriotzatik hurrean daudenei bizirik iraunarazteko.

11. Sarasola, I., Euskara batuaren ajeak, Alberdania, Donostia, 1997

12. Muller, Heinz, Haensch, Günter, Langenscheidts handwörterbuch spanish, Langenscheidt kg, Berlin und München Druck: C.H. Beck´sche Buchdruckerei, Nördlingen, 1978

13. Hasieran esan dudan bezala, ingelesa da medikuntzaren nazioarteko hizkuntza bakarra, eta, iruditzen zait egoera berdin samarra ezagutzen dutela gainerako jakintzetan ere.

Arrenkuraz ikusten dut alemanieraren baztertze hori, arrazoi batzuengatik. Ez dut aipatu gabe utzi nahi alemaniar jakintsuek nolako eragina izan duten, erabakiorra guztiz, euskaltasunari buruzko kontzientziaren sorreran, Euskal Herria munduan ezagutararazteko eta balioesteko lanean eta euskal kulturaren bultzadan.

Funtsezkoagoa da alemaniar kulturak, Erromantizismotik hasita, nazio eta hizkuntza txikiei bizirauteko eman dien sostengua, frantsez eredutik urrun kokatzen baitu modernitatearen bidea, bestela, Jakobinismoaren malkarretan amilduko bailirateke eta betirako galdu.

Baina horrelaxe dago mundua, Internetek bere lehiotik erakusten duen legez. Badute tokirik eslabiar hizkuntzek nazioartekotasunean?Iruditzen zait, denok berdinak ez garen bezala, hizkuntzak ere diferente direla indar, onespen, hedadura eta bizitasunari bagagozkio.

14. "medikuntzako euskara ereduak" op. cit.

Murrizketa gaizto hori dela eta, Iñaki Ugarteburuk berak egin didan oharra azalduko dut, haren hitzak argibiderik onena dira eta:

"...ados nago hiztun arruntak zain esan arren zilegi dela esparru jakin batzuetan bena esan daitekeela (uste dut oso ongi esaten duzula: hiztunak dira beren lexikoa erabaki behar dutenak, ez beste inor), baina guk medikuntzan (ez dakit medikuntzan esan behar dudan, horixe da nire zalantza; anatomian bai behintzat, klinikan? bezeroei eskaintzen zaizkien dibulgazio-tankerako orrialde xumeetan?) bena erabiltzeak ez dut uste bidea eman behar lukeenik Eusenorrek zain hitza «bulgarismoa» eta baztertzeko modukoa dela esateko. Azken hori da Segurolak salatzen zuena eta ni horretan bai nator haiekin bat, bena: jasoa eta zain: arrunta onar badezaket ere, nekez onartuko nukeelako bena: arrunta eta zain: baztertzeko «bulgarismoa» edo lagunartekoa, hizkera zainduan lekurik ez duena (horixe da Eusenorrek Herri. laburdurarekin adierazten omen duena ikusi bertan laburduren azalpena)."

15.Osakidetza-Osasun Sailak, Gasteiz, 1996

16.op. cit.

17.op.cit. 74 or.

18. op.cit.

19. OE-Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Ihardunaldi medikoetako hiztegia, 1995

20. Itzultzaileak, normalizazioko-teknikariak, Unibertsitateko irakasleak, euskaltzainak, filogologoak, euskaltzaileak, politikoak...

21. "kleinhirn" ere badute, lehenengo aukeratzat ziur aski. Langenscheidts handwörterbuch spanish, op.cit.

22.ICD-10, International statistical classification of diseases and related health problems, Worth Health Organization, Geneva, 1994.

23. Langenscheidts handwörterbuch spanish, op.cit., eta Vox, Bibliograf, Barcelona, 1995

24. Oraingoan ere ezin dut jaso gabe utzi I-aki Ugarteburuk egin didan oharra, arazoaren funtsezko alderdi bat erakusten baitigu:

"Baserritar eta arrantzaleen euskara komunikazio mota batek sortu zuen». Beraz, beste komunikazio mota batek, beste erreferente eta, batez ere, beste erabiltzaile batzuek sortuko lukete gaurko osasun arloko euskara eredua. Primeran, baina badira batetik bestera alde nabarmenak:

a) baserritar eta arrantzaleen hizkuntz sistema hura egituratua zen, gaurkoan begien bistakoa da «desegituraketa soziala». Han ez zen zaila esaten zer zegoen eta zer ez zegoen hizkuntz sistemaren barruan; gaur, ordea, hainbat «maila»tako hiztun edo erabiltzaileak ditugu eta horrek erabat aldatzen ditu gauzak. Abiapuntu modura hizkuntzaren aldaketen aurrean batere aurreiritzirik jokatu behar badugu ere (edozer baita zilegi, erabiltzaileek hala onartuz gero), ulertzekoa da hiztun batzuek aurre egitea inguru soziolinguistiko jakin batetik etor litekeen oldarrari. Maila eta arlo guztietan nabari den hizkuntz gatazkaren adierazlea baino ez dugu hori.

b) baserritar eta arrantzale haien artean sisteman zeuden elementu guztiak ziren edo izan zitezkeen sortzaile; gaurkoan ostera, gutxiren eskuetan dago hori: argitaletxeak, komunikabideak, gizartean eredu-gisa joka dezaketen hizkuntz sortzaileak (idazle eta itzultzaileak, hauek ere maiz argitaletxearen esanetan), hizkuntz eredua inposa dezaketen gizarte-erakundeak (dela akademia, dela administrazioa)... Eta gerta daiteke, esparru jakin batean osasun zientzietan, kasurako horien guztien artetik bat edo bi izatea eragile nagusi. Hortaz, horrena horrena bakarrik den on eta makur guztia jasoko du eredu berriak. Hori arazo gerta daiteke inoiz; badakit hau hobeki zehaztu beharko nukeela baina bego gaurkoz horretan."

25. Euskararen auziaz, 1988, 46 or.

26. Gogoeta hemen baino osoago egiten du Luis Villasantek lehenago aipatu dudan liburuan, 149tik 154ra bitarteko orrialdeetan.

27. Batzordeko kideak: Alfredo Hurtado de Saratxo, Ixabel Zubeltzu, Rafa Egiguren, Jesús Atorragasti, Roberto Manjón

28. Alberto Ugarrizaren txostenak erakutsi duena oinarri hartuta.

29. Euskaltermen jasotakoetan, "abdomeneko" da gailentzen dena.