Euskara Justizia Administrazioan: ohar batzuk
Artikulua PDFn
Epailea. Tolosako Lehen Auzibide eta Argibideetarako Epaitegia.
Ezer baino lehen gauza bat argi utzi beharra dago: nire gogoetak hiru probintziak biltzen dituen Autonomia Erkidegoko auzitegi eta epaitegietara mugatzen dira. Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako egoera ezberdina da araudi motak eraginda: alde batetik konstituzio bi (espainola eta frantsesa), bestetik autonomia estatutu bi, eta azkenik Euskararen Normalkuntzari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Legeak eta Nafarroako abenduaren 15eko 18/1986 Euskararen Foru Legeak eduki dezaketen eragina.
Kontuan hartu beharreko arau eta lege erreferentziak
Ahalik eta laburren eta "arinen", euskara espresabide moduan erabiltzearen (zentzu zabalenean) lege-oinarriak adieraztean, honako hau daukagu:
Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluari begirada bat ematea ezinbestekoa da. Dakikezuenez, bertan argi azaltzen dira espainiera jakiteko obligazioa eta autonomia erkidego bakoitzean bertako hizkuntzan aritzeko eskubidea. Ezin genezake maila berdinean jar betebehar bat eta eskubidea, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean hainbat helegiteren ondoren emaniko ebazpenek garbi uzten duten bezala.
Dena den, Autonomia Erkidego honi dagokionez, Autonomia Estatutuaren 6. artikuluan eta Konstituzioan oinarriturik, euskararen eta gazteleraren ofizialkidetasuna aldarrikatzen da. Horren ondoren, hizkuntza batean zein bestean edozein arlotan mintzatu eta espresatzeko eskubide hori jasotzen da, bertako aginteek berme zabalak ezarri eta ahalbideratuko dituztela ere agertzen delarik.
Horren ondoren, Euskararen Normalkuntzarako Legea ere zentzu berean doa, hemengo hizkuntza euskara dela azaldurik (2. art.), eta asmo on, eskubide, etabar finkatuz.
Lege honen kontra emaniko helegitearen ondoren, Auzitegi Konstituzionalak 1986ko ekainaren 6an oso ezaguna den ebazpena eman zuen, ebatzi diren hainbat punturen azterketa eginaz. Bertan auzitegi horren interpretazioa zein den jakinerazten du, eta epai horren egilea zein den jakinik ezin dugu alde batera utzi bere garrantzia eta eragina, eta beste burutazio batzuen artean ondorengoak azaltzen ditu: hizkuntza bat eremu zehatz batean ofiziala izateaz zer ulertu beharko litzatekeen eta horren ondorioak (definizio horretara berriz ere itzuliko naiz); hizkuntzaren arazo honetan, Autonomia Erkidegoko Estatuaren organoei dagozkien arau mailak, tinko azaltzen duelarik horiek Estatuaren eskuduntzak direla eta ez autonomia erkidegoenak. Ezaguna den bezala, honen ondoren alde batetik 1986-XI-25ko Dekretua onartu zen lehen aipaturiko 10/1982 Legea gauzatzeko; eta Estatu mailan, eta lanpostu batzuetan autonomia erkidego bakoitzeko hizkuntza jakitearen garrantziaz jabetuta 1990-VII-20 Agindua argitaratu zen. Azken honen arabera, legedi guztia bermatzen saiatzen den eskubide horren barruan, eta Konstituzioaren 14. artikulua (berdintasunaren oinarria aldarrikatzen duena, edozein bereizketa mota debekatuz), eta 23. artikuluko aurrikuspenek errespetatuz, erkidego autonomo bakoitzean ofiziala den hizkuntzaren ezagutza bertan lan egiten duten funtzionarioei erraztea ezinbestekotzat jotzen da lanpostuaren arabera (jendaurrekoak batez ere, besteak ahaztu gabe).
Hiritarren hizkuntz eskubide horiek benetako edukina izan dezaten, funtzionarioek erkidego bakoitzean ofizialak diren bi hizkuntzen ezagutza eta erabilera ere arautu behar horrekin jarraituz, eta Juztizia Administrazioari begiratuz, Autonomia Estatutuko 34. eta 35. artikuluek erreferentzia zehatza dakarte. Bertan agertzen den iragarpen hori, aurrerago azalduko dizuedan bezala, ez da bete.
Justizia Administrazioan eskuduntza eta funtzionario-sail ezberdinak
Justizia Administrazioaz mintzatzerakoan, epailearen irudia datorkio edonori burura, bertako funtzionamendu osoa gure erantzunkizun, ardura eta eskuduntza balitz bezala, eta harridura sortzen da gure ahalmenak zein mugaturik dauden jakitean.
Auzitegi edo epaitegi batean, batetik epailea edo magistratua dago (edo daude); bestetik, idazkari judiziala, funtzionarioak, mediku forentsea... Ezin ditugu alde batera utzi, fiskalak, abokatuak eta prokuradoreak... eta zuzenean egitura honetan parte hartzen ez badute ere, ezta notario, errejistrariak etabar, azken hauen araudiak euskararen erabilera eta ezagutzaren obligazioa dela-eta (arlo honetan ezin dugu hauei buruz gehiegi hitz egin, bestela bukaezinak eta astunak bihurtuko liratekeelako ohar hauek).
Horrekin batera aldez aurretik idatziz datozen ereduak, informatika zerbitzuak, etabar aipatu beharko lirateke.
a) Estatuaren hirugarren boterea izanik, Aginte Judizialaren Kontseilu Orokorraren menpe (nolabait esateko) gaude epaileok, eta organu horren bidez sustatu eta onartutako araudiek oso gutxi aurreratu dute aztertzen ari garen gai honetan.
Guri dagokigun 1985/6 Lege Organikoko 341. artikuluan bi hizkuntza dauzkaten erkidegoetako plazak betetzeko elebiduna izan eta Zuzenbide Foralaren edo bertakoaren ezagutza kontutan hartuko direla esan ondoren, baldintza zehatzak araudi bidez arautuko direla zehazten da. Hori mamitu nahirik, Kontseilu Orokorrak akordio bat onartu zuen, zeinen arabera hizkuntza edota zuzenbide zehatz hori jakiteak erkidego bakoitzeko plaza-lehiaketarako sei puntuko aintzinatasunaren balioa edukiko baitzuen. Akordio honen aurka epaileen elkarteek helegin, eta 1994ko apirilaren 29an Auzitegi Goreneko 3. Sailak bertan behera utzi zuen ondokoa argudiatuz: epaileen eginkizunak kontuan harturik (arauak ezagutu, bete eta betearazi, batez ere), hizkuntza ezagutza "extrajuridiko" bat denez gero, ezin zaigu holako balorapenik eman lehiaketa horietan izanen lukeen ondorioagatik. Oso labur adierazita dagoen arren, benetan harrigarri eta (niretzat behintzat) mingarria ere bada hiritarren bizitzan eta ondareetan hainbeste eragin daukagunok geure hizkuntza ezagutzea "ezagutza extrajuridiko", eta testuinguru honetan balio gutxikotzat jotzea.
1994ko azaroaren 8an 16/1994 Aginte Judizialaren Lege Organikoaren bitartez indartutako legean ez da lehen aipaturiko 341. artikulu hori baino gehiago azaltzen, eta hauen ondoren onartu eta indarrean sartutako 1995eko ekainaren 7ko arautegietan ere ez da iragarpen eta betebehar hori arautzen.
Beraz, epaileak euskara jakitera behartzen dituen ezertxo ere ez dago (Estatutuko 34. eta 35. artikuluaren edukina hustuz), izan ere ezin baititut alde batetara utzi, B.J.L.O.ko 231. artikulua eta jarraian datozenak, non gazteleraren lehentasuna argi geratzen baita, ekitaldi judizialean dihardutenen artetik batek bakarrik euskaraz ez badaki gazteleraz egingo da itzultzailea erabiliz.
b) Idazkariekin gauza bera gertatu da: baldintza berdinetan erkidegoko hizkuntzaren ezagutza kontuan hartu nahi zen, baina helegitearen bidez hori ere indargabetu egin da.
Dena den, idazkariak Estatuko Justizia Ministerioaren menpe daude, eta epaileok hizkuntzaren arloan ezer gutxi egin dezakegu pertsona horiei dagokienez.
d) Orain arte funtzionarioak Estatuaren menpe egon dira, eta Estatuaren sail gisa jarraitu arren, aurtengo apirilean transferentzia onartu da: orain kudeaketa etabar Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailaren esku dago. Halere, ezin da ahaztu aurten otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren bidez, Ofizial, Laguntzaile eta Agenteen Sailen Arautegia onartu dela, eta gaztelera jakitea derrigorrezkoa den arren, ez da ezinbestekoa erkidegoetako hizkuntza jakitea. Oposaketak erkidegoetan antolatuz gero, euskara (edo galegoa, edo katalana) jakitea balora daiteke (20. artikulua - 54. art. Bigarren Arau Gehigarrian agertzen diren baldintzetan), eta behin Estatuaren Sail horren barruan egonez gero, lekualdaketarako lehiaketetan ere kontuan har daiteke, baina, kontuz, euskara (edo galegoa, edo katalana) ez jakitea ezin da inoiz norbait kanpoan uzteko arrazoibide izan.
Beste aukera batzuk ere kontuan hartu beharrekoak dira: funtzionario hauen betebeharrak oso zehaztuta daude, eta nik, epaile moduan, euskaraz dakien norbait jendaurrera eraman nahi badut, ezinezkoa gertatzen zait, horretarako denekin hitz egin ondoren oso baldintza zehatzak gertatzen ez badira. Jaurlaritzak ere mugak ditu lan banaketa horretan, baina hala ere zirrikituren bat bada (erregelamendu horretako 50. artikuluak eta jarraian datozenen edukinak uzten dituztenak...).
Dena den, aldaketa batzuk aurrera eramateko, funtzionarioekin eta horien ordezkariekin mintzatu beharko du, eta alor honetan aditu ditudanak gogor samarrak direlakoan nago, funtzionarioek pertsona bezala eskatzen dituzten eskubideak hiritarrenen aurretik jartzen baitituzte gehienetan.
Dena den, Justizia Sailak ezer baino lehen hau jakin beharko du: dagoeneko barruan daudenen artetik zenbat diren euskaldunak. Mila arrazoi direla medio (ez da inongo sekretua Euskal Herrian orokorrean eta orain arte jendea ez "zela funtzioario sartzen"), euskaldun kopurua oso murritza da. Tolosan, adibidez, ni nagoen epaitegian hiru epaileetatik ni bakarrik naiz euskalduna, eta nirekin lanean ditudan 11 funtzionarioetatik, batek bakarrik daki euskaraz. Hori Tolosan.
e) Mediku Forentseen betebeharrak, jendearekiko harremana, etabar aski ezagunak dira, eta Ofizial, Laguntzaile eta Agenteen Arautegia argitaratu den egun berean (1996-II-1) ezagutzera eman zen Forentseen Arautegian ere hizkuntzaren ezagutzarekiko antzerako baldintzak eta ondorioak zetozen.
f) Ministerio Fiskalaren eginkizunak eta betebeharrak Konstituzioaren 124. artikuluan jasota daude eta 50/1981 Legeak zehazten ditu. Ezkutuan bezala gorde arren, bere paperak eragin handia dauka: Kode Zibilaren hainbat artikuluk eta Prozedura Zibileko Legeak eginbide anitzetan parte hartzera deitzen du (adin txikikoen kasuetan, elbarri deklaratu diren pertsonen kasuan, familia arazoetan... etabar). Bestetik, Zigor Arloan, salatari moduan duten papera aski ezaguna da, eta ezin ukatuzkoa da hiritarren defentsan eduki beharko lukeen betebeharra, salatzaileari nahiz salatuari ulertzeko modua zuzenean eduki beharko lukeelako bitartekorik (itzultzailerik) gabe (gogoratu, arlo honetan ematen dela ahozko ekitaldi gehien, idatzizko bitartekorik gabe, eta Konstituzioaren 120. art. eta Aginte Judizialeko Lege Organikoaren 229.1 artikuluak Fiskalari eginbide hauetan parte hartu beharra ezartzen diote: "Ekitaldi judizialak, kriminal arlo edo sailekoak batez ere, hitzezkoak izanen dira..."). Baina, beraien eginkizuna hain zuzenekoa eta garrantzitsua izanik ere, ez da sail honen barruan inongo mugimendurik, legerik, prebisiorik ikusten edo entzuten; badirudi gai hau beraiei ez dagokiela. Eta aurrerago beste zehaztasun eta ondorioak eman behar baditut ere, nik epaitegian euskara erabiltzean, oztopo eta aurpegi txarrenak beti fiskalen artean topatu ditut.
g) Azkenik eta gehiegi luzatu baino lehen, prokuradoreak (zenbat dira gai euskaraz mintzatu eta idazteko?), eta abokatuak berdin... Zenbat notariok bidaltzen dituzte ahalmen edo botere-eskriturak euskaraz... bestelako eskritura publikoak... zenbat errejistrarik (jabetza zein merkataritza alorrean...) onartzen dute euskaraz ezer jasotzea? Eta zer diote Notarioen Erregelamenduko hainbat artikuluk profesional hauek "beste" hizkuntzak jakiteko obligazioaz, idazkien hizkuntzaz...?
Zenbat txosten bidaltzen digu Ertzaintzak eta zenbat euskaraz?
Datu eta zehaztasun gehiago beharko balira ere, hitzaldi honetarako denbora eta helburua gainditu egingo nuke hemendik jarraituko banu.
Izkribuak, ereduak...
Hainbat ahozko ekitaldi eta eginbide burutzen diren arren, epaitegietan lan asko idatziz egiten dira, eta idatzi horiek, gehienetan, aldez aurretik prestaturiko ereduak dira, prozedura mota bakoitzeko urratsak, eta gure Erkidego honetan aspalditik daude horiek informatizatuta: askotan, epaileak funtzionarioari ematen dizkio ekitaldi bakoitzaren datu bereziak, eredu horretan jaso ditzan; beste askotan, funtzionarioak zuzenean tramiteari dagokiona aukeratu eta aurrera doa.
Eginkizun honi dagozkion bitarteko guztiak aspaldiko urteetan Eusko Jaurlaritzaren esku daude, eta gaztelerazko ehundaka eredu dagoeneko informatika sarean sartuta daude, baina ez dago euskarazko batik ere.
Aurten, eta negar asko egin ondoren, gazteleraz dauden eredu horiek euskaratzeko batzorde bat antolatu zen: batzordekideak zeintzuek izan behar zuten Jaurlaritzak erabaki zuen, eta "konposaketari" zegokion erabaki guztiz zuzena izan zen: Saileko ordezkari bat, Deustuko eta Donostiako Zuzenbide Fakultateetako partaideak, Bizkaia eta Donostiako Abokatu Kolejioetako partaideak (Bizkaikoak behin bakarrik agertu badira ere), Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkariak, epaileak... Ezin dugu ahaztu euskara juridikoan lan asko egiteke dagoela, esate baterako terminologia finkatzea, "Lege Zaharrak" eta bestelako testu guztiak erdaraz egin baitziren (euskaraz dagoenaren berri Deustuko irakasle talde batek bildu bide du), ondoren ereduak finkatuko dira, (horretan "nagikeria" piska bat egon daiteke, ikusi egin behar baita zenbat eta noraino erabiliko diren...). Oso berandu hasi gara, poliki goaz, baina bidea egiten ari gara... Alor zibilekoak ia erabat euskaratuta daude, eta orain zigor alorrekoekin ari dira HAEEkoak, baita Errolda Zibilekoak, Administratibokoak etabar ere.
Praktikan sortzen diren arazoak
Goian azaldutako guztiak, gehiegi sakondu gabe eta adimena nekatu gabe, garbi erakusten du euskaldunen eskubideak, hots, Justizia Administrazioan euskara erabiltzeari dagozkionak alegia, ez direla inondik inora bermatzen, eskubidea "paperean" jasota egon arren, Autonomia Erkidegoan alor honetan lanean ari garen funtzionarioek euskara ezagutzeko baldintzak eta arauak ez dira betetzen eta gauzatzen ari. Legedia, horrela, borondate hutsezko zerbait bihurtzen da, eta jakina da "bihotz ona" ez dela nahikoa. Orokorrean aurreikusitakoak mamitzen hasteko garaia jadanik heldu da.
J. Palacio jaunak bere hitzaldian Heidegger-en zita bati helduz, zera esan du: hizkuntza ez dela besterik gabe espresatzeko modu bat, baizik errealitatea, mundua, harremanak ulertzeko pentsamolde eta "buru" egitura bat. Eta gure errealitatea sumatzeko, atzemateko modu hori nola helaraziko zaio bizitzetan eta ondareetan hainbeste ahalmen duen bati gure hizkuntza ez badaki?, nola uler daiteke hori "ezagutza extra-juridiko" bat bezala? Sentsibilitate izpitxo bat duen edonork hartu beharko luke kontuan hiritar bat epaitegi batera nola hurbiltzen den, eta berez dakarren beldur horri bere hizkuntzan adierazpenak egiteko beste tentsio bat, beste "borroka" bat gehitu behar badio, ez al da "plus" gehiegi? Izan ere, jakin badaki hainbeste ahalmen duen bati ezin zaiola "gaizki erori", ez al da hala? Eta auzitegi batera sartzean, aurkitzen duen lehenengoa ez da epailea izaten, atean dagoen funtzionario erdalduna baizik ("en castellano, por favor") eta hortik aurrera, esandakoak kontuan hartuta pentsatu...
Garbi dago egoera honetan konstituzioaren berdintasun printzipioa (14. art.) eta prozesuaren hainbat oinarri hautsi egiten direla (aurreraxeago hurrentasun oinarriari buruz arituko naiz), eta ezin da aitzakiatzat hartu nire kideek egiten dituzten hainbat baieztapen, besteak beste ondokoak:
a) "Jendeak ez du eskatzen". Justizia Administrazioa zerbitzu publikoa ere bada, ez da agintearen ezaugarri bat bakarrik, eta zerbitzua, hizkuntza bietan eskaini behar da (euskaldunoi zergetan ez zaigu beherapenik egiten). Lehen aipaturiko baldintzak kontuan hartuta, zer eskatuko da, bada? Nire epaitegian, normalean, jendeari ahozko ekitaldia zein hizkuntzatan nahi duen galdetzen diot, eta ez nintzateke urruti ibiliko, %70k euskaraz eskatzen dutela esango banu. Tolosako beste bi epaitegietan ez dago eskaintzarik, eta ia dena gazteleraz egiten da.
b) "Gutxiengo zaratatsu batek besterik ez du eskatzen". Lehen aipaturiko ebazpen horretan, Auzitegi Konstituzionalak 1986ko ekainaren 6ko epaian zera zioen: "Konstituzioak ofiziala den hizkuntza zer den definitu ez arren, honi buruz eman den araudiaren edukina aztertuz hauxe esan dezakegu: hizkuntza baten ofizialtasuna ez datorrela bere errealitatetik edo gizartearen fenomeno gisa duen eraginetik, aginte publikoek komunikazio modu batez onartzen dutenean baino, hala agintea eta subjetu pribatuen arteko harremana hizkuntza horren bitartez egiten denean, balio osoa eta ondorio guztiak emanez". Irakurketa honen arabera, berdin da milioi erdik zein hamabost pertsonek egin eskakizuna, hizkuntza ofiziala bada.
d) "Funtzionarioek ere edozein hizkuntzatan espresatzeko eskubidea daukate". Ez diet nik ukatuko eskubide hori hiritar moduan. Biztanle arrunt moduan ez duzu euskara jakiteko obligaziorik, ezta zuzenbidea jakiteko ere, noski, baina hemen beste kontu bat ere badago. Lanpostu borretan eman beharreko zerbitzua dela-eta, ezagutza berezi batzuk eskatzen bazaizkigu...
Dena den, aurrera egiteko, euskaldunok euskaraz egin behar ditugu gure eskakizunak... garbi dago goitik inoiz ez dela ezer erregalatu. Ez noa, dena den, gure hizkuntzaren atzerakada dela-eta, gure erru bakarraz hau baino askoz gehiago esatera: hizkuntza batek bizirik iraun dezan, ondoan, hurbilen eta maiteen duzunari hizkuntza horretan ez badiozu egiten... gureak egin du. "Eskaparateko hizkuntzak", eta are gutxiago dauden baldintzak kontuan hartuta, ez du asko iraungo.
Bitartean zer
Onartzen diren eskubide horiek bermatzeko, urrats asko eta denboran luze joanen dira, baina bihar goizean epaitegian lana dago, eta euskaldunak, eta funtzionario (epaile, fiskal, idazkari, forentse, ofizial, laguntzaile, agente ) erdaldunak gehienak... Eta hori hola dagoen bitartean, itzultzaileez baliatu baino ez da geratzen. Badakit ez dela soluzioa, badakit printzipio asko hausten direla, berdintasunarena hasteko: itzuli beharrak dena atzeratzen du, eta erdaraz egiten den epe berdinetan ez da egiten ezer. Urruntasunaren arazoa ere hor dago: epaile edo fiskalak ez dio zuzenean hiritarrari entzuten, eta hor hainbat ñabardura, berezitasun... galtzen dira, baina dagoen funtzionario euskaldun kopurua ikusita, denok bat-batean euskara ikasten hasiko bagina ere, epe batean itzultzaileen beharrean jarraituko genuke, gauetik goizera guk (euskaldunok batez ere) usteltzen utzi dugun egoera ez delako berpiztu eta euskaldunduko.
Dena den, bestelako urratsak ere eman beharrekoak dira, hau da, hemen lan egin behar dugunoi bi hizkuntzen ezagutza arautuko duten legeak aldatzea eta dagoena zentzu horretan mamitzea ezinbestekoa da.